73. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 15a

5. HAUTESKUNDE PROZEDURA

-

52/2019 FORU DEKRETUA, apirilaren 10ekoa, Nafarroako kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia egiten duen martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen manu batzuk aldatu zituen; zehazki, 38. artikuluaren 3. apartatuta, orain honela dioena:

“Kontzeju irekia eratuko da 50 biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuetan, edo bizilagun gehiago izanik beren borondatez hala eratzea erabakitzen dutenetan, Batzarrak legezko bere kideen erabateko gehiengoz kontzejuetarako hauteskundeen deialdia baino lehen hartutako erabakiaren bidez. Horren berri eman beharko diote Foru Komunitateko Administrazioari.

Kontzeju irekiak lehendakaria izan beharko du, eta, lehendakariaz gain, hauteskundeak egiten diren unean bertako udal erroldan inskribatuta dauden kontzejuko egoiliar guztiek osatuta egonen da.

Kontzejuko lehendakariak kontzeju irekiko kide bat izendatuko du, kanpoan edo gaixorik egotearen kasuan bere ordezko izan dadin.”

Artikulu horretako 4. apartatuak honela dio:

“4. Batzarra osatuko dute, 1.000 biztanle baino gutxiagoko kontzejuetan, lehendakariak eta lau kidek; eta, 1.000 biztanleko edo gehiagoko kontzejuetan, lehendakariak eta sei kidek.

Lehendakariak Batzarreko kide bat izendatuko du, kanpoan edo gaixorik egotearen kasuan bere ordezko izan dadin.”

Azkenik, 5. apartatua gehitu dio 38. artikuluari, honela dioena:

“Batzarra eduki ahalko dute, halaber, kontzeju irekiaren araubideko kontzejuek, baldin eta hala erabakitzen badute legezko beren kideen erabateko gehiengoz, kontzejuetarako hauteskundeen deialdia baino lehenago hartutako erabakiaren bidez. Horren berri eman beharko diote Foru Komunitateko Administrazioari”.

Beraz, otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legea indarrean jarri ondoren, posible da 50 biztanle edo gehiago dituzten kontzejuek kontzeju irekia eratzea (beren borondatez hala eratzea erabakitzen badute), eta ez bakarrik 50 biztanle baino gutxiago dituztenek.

Halaber, biztanleen kopuruagatik kontzeju irekia izan behar duten kontzejuek erabakitzen ahal dute kontzeju-batzarra izatea.

Bi kasuetan, gobernu-organo gorenak dagokion akordioa hartu behar du; gainera, akordioak baldintza hauek bete behar ditu:

–Kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia baino lehen hartzea.

–Organoko legezko kideen gehiengo osoz hartzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari jakinaraztea.

Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 27ko bilkuran onetsi zuen 35/2019 Foru Dekretua, kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia egiteko; Geroago, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian honako jakinarazpen hauek jaso dira:

–Toki entitateko idazkariak egindako ziurtagiriaren arabera, Irurreko Kontzejuak, 2019ko martxoaren 24ko bilkuran, legez eskatutako gehiengoa izanik, erabaki zuen batzarra izatea, eta ez kontzeju irekia; akordioa 2019ko martxoaren 28an jakinarazi zitzaion Foru Komunitateko Administrazioari.

–Satrustegiko Kontzejuak, 2019ko martxoaren 29ko bilkuran, legez eskatutako gehiengoa izanik, erabaki zuen kontzeju irekia izatea, eta ez kontzeju-batzarra; akordioa 2019ko martxoaren 29an jakinarazi zitzaion Foru Komunitateko Administrazioari.

–Toki entitateko idazkariak egindako ziurtagiriaren arabera, Etxabarriko Kontzejuak, 2019ko martxoaren 31ko bilkuran, legez eskatutako gehiengoa izanik, erabaki zuen kontzeju irekia izatea, eta ez batzarra; akordioa 2019ko apirilaren 1ean jakinarazi zitzaion Foru Komunitateko Administrazioari.

Aipatu hiru kontzejuek legez eskatutako baldintza guztiak bete dituzte funtzionamendu-araubidea aldatzeko kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen (martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretua 2019ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 2an).

Aipatu kontzejuei lotuta, bidezko da, beraz, Nafarroako kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia egiten duen martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretua aldatzea, foru dekretuaren 4. artikuluan onesten den eranskinean toki entitate horiek erabakitako aldaketak sartzeko.

Bestetik, bidezko da Nafarroako kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia egiten duen martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretuaren 2. artikuluko a) eta b) apartatuak aldatzea, atzemandako akats materialak zuzentzeko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 38.3 artikuluak honako hau ezartzen baitu: “kontzeju irekia eratuko da 50 biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuetan, edo bizilagun gehiago izanik beren borondatez hala eratzea erabakitzen dutenetan”.

Beraz, 35/2019 Foru Dekretuaren 2. artikuluko a) apartatuan, “50 biztanle edo gutxiago” dioen tokian, “50 biztanle baino gutxiago” esan behar du.

Halaber, b) apartatuan, “50 biztanle baino gehiago eta 1.000 baino gutxiago” dioen tokian, “50 biztanle edo gehiago eta 1.000 baino gutxiago” esan behar du.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 10eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia egiten duen martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretua aldatzen da, honela:

Bat.–2. artikuluaren a) apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“a) Kontzejuko lehendakaria, 50 biztanle baino gutxiago izateagatik kontzeju irekiko araubidea duten kontzejuetan eta, 50 biztanle edo gehiago izanik, borondatez kontzeju irekitzat eratzea erabakitzen duten kontzejuetan, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari horren berri eman badiote eta Batzarrak, bere legezko kideen gehiengo osoz, kontzejuetarako hauteskundeen deialdia baino lehen hartu badute erabaki hori.”

Bi.–2. artikuluaren b) apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“b) Kontzejuko batzarreko lehendakaria eta bokalak, 50 biztanle edo gehiago eta 1.000 baino gutxiago izateagatik kontzejua gobernatu eta administratzeko batzarra (lehendakaria eta lau bokal izanen dituena) eratu behar duten kontzejuetan eta, kontzeju irekiko araubideko kontzejuak izanik, borondatez batzarra eratzea erabakitzen duten kontzejuetan, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari horren berri eman badiote eta legezko kideen gehiengo osoz kontzejuetarako hauteskundeen deialdia baino lehen hartu badute erabaki hori.”

Hiru.–Nafarroako kontzejuetako hauteskundeetarako deialdia egiten duen martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretuaren eranskina aldatzea, Etxabarri, Irurre eta Satrustegiko kontzejuei dagokienez. Hona testu berria:

UDALA

KONTZEJUA

BIZTANLEAK 2018-1-1ean

HAUTATU BEHARREKO POSTUAK

Allin

Etxabarri

60

Kontzeju irekiko lehendakaria

Gesalatz

Irurre

42

Batzordeko lehendakaria eta lau bokal

Arakil

Satrustegi

52

Kontzeju irekiko lehendakaria

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1905046