73. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

150E/2019 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera batean onesten baita xehetasun-azterketa, “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 8-1 unitate morfologikoan, Planiger SAk sustatua.

Nafarroako Gobernuak 2017ko urriaren 25ean emandako Erabakiaren bidez, “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungi zen, baina iraungitzea eraginkorra izateko, hirigintza tresna horretan jasotako determinazioak hirigintzako udal planeamenduan sartu behar ziren. Erabaki hori 2017ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 7koan.

Beraz, “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala da esparru horretarako araua (Nafarroako Gobernuak 2000ko urriaren 16an hartutako Erabakiaren bidez onetsia), aipatu determinazioak hirigintzako udal planeamenduan sartzen ez diren bitartean.

Tramitera aurkezturiko xehetasun-azterketak 8-1 unitate morfologikoari eragiten dio, eta plan sektorialaren antolamendu xehatuko determinazioak aldatzen ditu. Zehazki, espedientearen xedea da barneko antolamendua eta erabilerak ezartzea EP-2 lurzatian, indarreko araudiarekin bat, eta, horretarako, egungo lerrokadurak aldatzea, eraikinaren gehieneko garaiera ezartzea eta lurzatiaren erabilera xehatu gisa zahar-etxe erabilera ezartzea.

Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuari dagokio Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko plan bereziak tramitatzea eta onestea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1.d) artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2019ko otsailaren 7ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batean onestea “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 8-1 unitate morfologikoaren xehetasun-azterketa, Planiger SAk sustatua.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan editatzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 1ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1902966