66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

56/2019 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira laguntzak emateko oinarri arautzaileak, modu jasangarrian kudea daitezen Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren 7.6.1 neurrian jasotako naturaguneak, eta, orobat, 2019. urterako laguntzen deialdia onesten da. DDBN identifikazioa: 441877.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programan jaso dira naturagune babestuak edo natura aldetik balio handikoak direnak modu jasangarrian kudeatzeko laguntzak. Laguntza horien xedea da sare hori osatzen duten guneak kontserbatzea, eta, horretarako, gune horiek zer udalerritan dauden, bertako biztanleek eta bisitariek parte hartzea (7.06.01 neurria).

Laguntzen deialdi hau 2018an onetsi zenaren antzekoa da, eta aisialdiko erabilera ordenatua sustatzen du, bateragarria izan dadin naturaguneen sareko balio naturalak kontserbatzearekin. Halaber, segurtasuna sustatzen du erabilera horretan. Gastu diruz lagungarri gisa jaso dira honako hauek: naturaguneko balio naturalei buruzko informazioa hobetzeko jarduketak, baita naturaguneko seinalizazioa hobetzeko ere; azpiegituren mantentze-lanak, hala nola aparkalekuena eta bidexkena; erabilera soziala errazteko instalazioen garbiketa eta mantentze-lanak; eta altzariak jartzea, erabiltzaileen segurtasuna handitzeko elementuak bereziki. Horretarako, baso-kudeaketa jasangarriko zur ziurtatua erabiliko da batez ere.

Norgehiagokako prozeduraren bidez tramitatuko dira espedienteak, eta Nafarroako Landa Garapenerako Programaren Jarraipen Batzordeak 2018ko otsailaren 27an onetsitako lehentasun ordena aplikatuko da.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren kudeaketa agintaritzak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, modu jasangarrian kudea daitezen Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren 7.6.1 neurrian jasotako naturaguneak, ebazpen honen I. eranskinean jaso den moduan.

2. Deialdia onestea.

Naturaguneak modu jasangarrian kudeatzeko laguntzen deialdia onestea, 2019rako, eta ebazpen honen II., III., IV., V. eta VI. eranskinak onestea.

3. Aurrekontuko kreditua.

80.000 euroko gastua baimentzea laguntza hauen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2019rako Gastuen Aurrekontuko “LGP LGENF 2014-2020. Gune babestuen erabilera publikoaren kudeaketa” izeneko 740002 74200 4609 456310 partidaren kargura.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Ebazpena jakinaraztea.

Ebazpen hau jakinaraztea Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 26an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak, naturagune babestuen edo balio natural handikoen erabilera publikoa kudeatzeko,
2019ko kanpainan

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da naturagune baten jabe diren toki entitateei zuzendutako laguntzak arautzea, baldin naturagune horiek ingurumeneko babes kategoriaren bat badute, edo balio natural handia, eta toki entitateek jarduketak edo programak gauzatzen badituzte gune horiek hobetzeko eta kontserbatzeko. Neurri hau jasorik dago Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 20.1 artikuluaren f) apartatuaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du landa garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

2. Oinarri hauek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren 7. neurrian kokatzen dira, oinarrizko zerbitzuak eta landa eremuetako populazioak berritzeari buruzkoan.

2. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko baldintza orokorrak.

Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu badira, toki entitateek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta toki entitate horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak.

3. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programan zehaztutakoarekin bat, laguntza hauen xedea da toki entitateen artean bultzatzea erabilera publikoko kudeaketarako jarduketak eta programak, naturagune babestuetarako edo balio natural handikoetarako, halako moduz non ahalbidetuko baita gune horiek kontserbatzea eta hobetzea.

2. Lortu nahi den helburua estrategikotzat hartzen da, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunen alde egiten baitu argi eta garbi, batez ere biodibertsitatea lehengoratzeari, zaintzeari eta hobetzeari dagokienez.

4. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honetako laguntzen onuradun izaten ahalko dira naturagune baten titularrak diren toki entitateak, baldin eta gune horrek ingurumeneko babesen bat badauka, edo balio natural handia, eta toki entitateek jarduketak edo programak gauzatzen badituzte jendearentzako arreta eta aisialdiko erabilerak hobetzeko, hurrengo oinarriko irizpideak beteta, eta oinarri arautzaile hauetako konpromisoei eusteko konpromisoa hartzen badute. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira parke natural, natura-erreserba edo lekune natural gisa katalogaturiko guneak, horien kudeaketa (inbertsioak) Nafarroako Gobernuari baitagokio, Nafarroako legeek gai horri dagokionez ezarri bezala.

5. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke 6. oinarrian agertzen diren jarduerak egiten dituzten toki entitateak, aurreko oinarrian ezarritakoa betez gero.

2. Espedienteek dirulaguntza jasotzeko, gainera, onartze irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Naturagune baten jabe izatea, baldin naturagune babestua bada, edo balio natural handikoa, eta erabilera sozial aitortua badu (4. oinarrian jasotako salbuespenak izan ezik).

b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

d) Eskatutakoaren ingurumen eta oihan arloko baimena. Laguntzak emateko jarduketek ingurumen baimena izan behar dute.

6. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

1. Publikoarentzako arretarekin eta aisialdiko erabilerekin loturik, honako obra lan hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak:

–Naturagunearen barnean, harrera egiteko, argibideak emateko edo erabilera publikoko jarduerak egiteko erabiltzen diren instalazioen eta ekipamenduen garbiketa eta mantentze-lanak. Instalazio horietarako ekipamendu berriak edo azpiegituretarako inbertsioak ez dira diruz lagungarriak.

–Edateko ureko iturriak, bidexkak eta aparkalekuak hobetzea. Kanpoan gelditzen da naturagunearen barnean bidexka edo aparkaleku berriak egitea. Bidexken mantentze-lanen eta hobekuntzen barnean hauek daude: zorua hobetzea, bazterretako sasiak garbitzea eta landaredia inaustea, eta arekak eta ura husteko sistemak hobetzea.

–Eremuaren barnean erabilera publikorako azpiegitura berriak sortzea, kategoria hauetako batean: naturagunearen erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko elementuak; esaterako, pasarelak, balizak edo disuasiorako hesi fisikoak, harmailak, hesiak, etab.; kanpoko altzariak, argibideetarako panelen euskarriak, naturagunearen barneko seinalizazio-elementuak, baldin eta seinalizaziorako eskuliburu homogeneorik badago gune horretan, toki entitateak onartua. Nolanahi ere, horretarako, baso-kudeaketa jasangarriko zur ziurtatua erabiliko da batez ere.

2. Ez dira diruz lagungarriak auzolanak, hots, herriko auzotarrek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe; aldiz, diruz lagungarriak izanen dira lan horietarako erabiltzen diren materialen kostuak. Norberaren bitartekoekin egin direla justifikatzen diren lanak ere ez, erabilitako materialen kostua izan ezik (kostu horrek dirulaguntza jaso dezake).

3. BEZa ez da diruz lagungarria.

4. Gastu mota bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

–Baimendutako gastuen %40 (BEZa kanpo).

4.1. Kostuen neurritasun printzipioa bermatzeko, aurkeztutako aurrekontu eta gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm.

Aurkeztutako memorian edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horien araberakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du, eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du, hori guztia oinarri honetako 2. puntuan adierazitako kostuen neurritasuna aplikatuz.

4.2. Inbertsio diruz lagungarriak gutxieneko eta gehieneko muga hauek izanen ditu:

–Gehieneko muga 15.000 (hamabost mila) eurokoa da, eta gutxieneko muga, 5.000 (bost mila) eurokoa.

Inbertsioaren gehieneko eta gutxieneko mugatzat hartuko da kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onesten duena, hala laguntza onartzean nola ordaintzean.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako araubidean emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko. Laguntza ekonomikoak emateko baldintzak dira baliabide ekonomikoak eta aurrekontuetan behar den adinako kreditua izatea.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren Jarraipen Batzordeak 2018ko otsailaren 27an onetsitako hautaketa-irizpideen arabera, eskaerak lehenesteko hurrenkera eginen da, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuta.

DESKRIBAPENA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

Naturagunea sailkatuta dago aisiarako natura-eremu edo paisaia babestu gisa

20

Toki entitatearen mugartean badira kontserbazio bereziko eremuak (1)

25

Bisitariak urteko (2)

30

Plangintzarako dauden tresnen egokitasuna

15

Naturagunean egindako jarduerak

10

(1) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

Toki entitateak kontserbazio bereziko eremu gisa deklaratutako naturagune bat dauka, eta eskabidean txertatu dira erabilera publikorako ekintzak, kudeaketa planetik eratorritakoak: 25 puntu.

–Toki entitateak kontserbazio bereziko eremu bat dauka: 15 puntu.

(2) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

–300 bisitaritik behera = 0 puntu.

–300 eta 6.000 bisitari artean = 5 puntu.

–6.001 eta 20.000 bisitari artean = 15 puntu.

–20.001 eta 50.000 bisitari artean = 20 puntu.

–50.000 bisitaritik gora = 30 puntu.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, aurreko oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe, betiere Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren Jarraipen Batzordeak 2018ko otsailaren 27an onetsitako gutxieneko puntuazioa lortzen bada.

2. Berdinketa gertatuz gero, hirugarren irizpidean urteko bisitari gehien dituen espedientea hautatuko da, eta, berdinketa hausten ez bada, berdin jokatuko da lehenbiziko, bigarren, laugarren eta bosgarren hautaketa-irizpideekin.

3. Laguntza jaso duen ekintzaren bat gauzatzen ez bada, onuradunak horren berri eman beharko du, hurrengo oinarri arautzailean ezarritako gisan, eta askatutako zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontu-kontsignazio eskasagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko, aitzinetik aldaketak eginik laguntzak emateko ebazpenetan. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

4. 30 puntura iristen ez diren proposamenak besterik gabe ezetsiko dira.

5. Oinarri honen 3. puntua aplikatzearen ondorioz, deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ukatu eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbeharrak bete beharko dituzte.

2. Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea, eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

3. Kontratu publikoei buruzko apirilaren 14ko 2/2018 Foru Legean ezarritako kontratazio arauak betetzea, eta, hala, 809/2014 (EB) Erregelamenduaren 48. artikuluko 2. puntuan ezarritakoa ere betetzea.

4. Eskaera zehazten, justifikatzen eta baloratzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztea.

5. Eskaerako jarduketak bateragarriak izanen dira naturagunearekin eta naturaguneei eta mendiei buruzko Nafarroako legeekin.

6. Landa eremuko ondarea errespetatzea, sustatzen dituzten jarduketetan.

7. Toki entitateak deialdian ezartzen den epearen barnean eginen ditu inbertsioak, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz. Zilegi da jarduketa berean aldaketa partzialak egitea hasieran eskatutakoaren gainean, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak onesten baditu.

8. Ordainketa onetsi arte, 5. oinarrian ezarritako betebeharrei eustea, baita 7. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

9. Behar diren argibideak ematea inbertsioen alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz, baita neurri honen esparruan jasotako laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

10. Laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartu behar dira.

11. Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri eman beharko zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, nolanahi ere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kargura ematen direnekin edo Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ematen dituenekin.

12. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

13. Ordainketan 50.000 eurotik gorako laguntza jasotzen duten inbertsioetarako, onuradunak informazio panel bat (gutxienez ere A3 tamainakoa) edo plaka bat ezarri beharko du gutxienez, proiektuari buruzkoa, non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean. Gainera, Europako ikurra agertuko da, orri honetan dauden arau grafikoen araberakoa: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Harekin batera, irakurgarri hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

14. Toki entitatearen betebeharra da behar bezala mantentzea laguntzari esker hobetutako azpiegiturak, instalazioak, ekipamenduak edo lurrak. Laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteko epean gauzatu behar dira inbertsioak.

Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak horren berri eman beharko dio Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, zerbitzuak inbertsioei eusteko konpromisoari buruz behar diren neurriak har ditzan.

15. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

10. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 16. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika zein aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

2. Eskaerek ingurumen baimena ere eskatzeko balioko dute, eta haiekin batera honako dokumentazio hau erantsiko da:

–Eskaera orria, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

–Memoria baloratua, teknikari eskudun batek sinatua, eskaerako jarduketa guztiak jaso eta justifikatzen dituena, eta horien aurrekontua egiten duena.

–Seinalizazio-elementurik eskatuz gero, ziurtatu behar da ezen modelo guztiak bat datozela toki entitateak gune horretarako onetsitako seinalizazio-eskuliburu batekin. Eskaerari eskuliburu hori erantsiko zaio.

3. Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

4. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak diruz lagungarriak izanen dira, baldin 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko urriaren 15era egin badira, eragiketa honek eragin pizgarria izan nahi duelako, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Eskaerako jarduketak ez baldin badaude Nafarroako Oihan Jardueraren Prezioen Tarifetan, hornitzailearen aukeraketa justifikatu egin beharko da, gutxienez ere proformako hiru fakturen bidez, hirurak alderatu ahal izateko.

11. oinarria.–Instrukzio organoa.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuak bideratuko ditu neurri honetan jasotako laguntzak emateko prozedurak, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren eskualdeko hiru atalen bidez, eskaera bakoitza haietako bati esleituz, espediente bakoitzak ukitutako eremuaren arabera. Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari dagokio laguntza emateko eta urteko ordainketa egiteko proposamena egitea.

12. oinarria.–Balorazio Batzordea eta dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako balorazioaren emaitza zehazteko. Txostena gehienez ere bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta laguntzak txosten horretan oinarrituz emanen dira.

2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Plangintza Estrategikorako Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Pirinioaldea Kudeatzeko Ataleko burua.

Hirugarren batzordekidea: Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Ataleko burua.

Laugarren batzordekidea: Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Ataleko burua.

Idazkaria: Plan eta Programen Bulegoko burua.

3. Batzordeko kide bakoitzak Ingurune Naturalaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

4. Ingurune Naturalaren Zerbitzuko langileek landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten jarduketak eginen dituzte Balorazio Batzordearen txostena eman aurretik, Batzordeak eskabideen ebaluazio osoa eduki dezan eskura.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik beharrezkoak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere, eta behin betiko baloratuko du aurkeztutako proiektu edo memoriaren egokitasunari dagokion irizpidea.

13. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Hartan agertuko da dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak, deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditu delako. Balorazio irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen eskatzaileari ematea, beste deialdi bat egin behar izan gabe, baldin eta onuradunaren ukoarekin batera kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuko emaitzarekin batera.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, dirulaguntzen foru legean ezarritako epea bukatu baino lehen, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz daiteke, eskatzaileak laguntzak eskatzeko inprimakian emandako helbide elektronikoen bitartez.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauek ebazpena emateko ezartzen duten epean.

6. Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da laguntzen esleipena, baita Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean ere.

7. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

14. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Aurkeztutako eskaerak aldatzea onartuko da, eskaerak aurkezteko epearen barnean soilik. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da laguntza eskaeran aldaketak onestea. Horrez gain:

–Ez da onartuko eskaeretan funtsezko aldaketarik egitea, hala nola ekintzen esparru geografikoa aldatzea horretarako arrazoirik gabe; jarduketak aldatzea edo aurrekontua handitzea, eskaerako akats materialak zuzentzeko ez bada; edo hasieran eskatu gabeko neurriak sartzea.

–Ez da aldaketarik onartuko, baldin eta hautaketa-irizpideen aplikazioa aldarazten badute.

–Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutako baso-kudeaketako planaren helburuari eta izaerari kalte egiten ez dietenak.

2. Onartutako aldaketak eskaeraren titularrari jakinaraziko zaizkio, eta, edozein kasutan, laguntza ematen duen ebazpena baino lehen tramitatuko dira.

15. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2019ko urriaren 15a izanen da, deialdi honetako laguntza eskaeretarako.

2. Laguntza jasotzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2019ko urriaren 18a baino lehen:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia (III. eranskina): toki entitateko idazkariak bete beharko du, eta gastuen frogagirien (fakturen) eta ordainagirien (bankuko transferentzien) jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak erantsiko zaizkio.

b) Inprimakiak, behar bezala justifikaturik, erakusten dutenak toki entitateak zer nolako kontratazio prozedurak erabili dituen onartutako ekintzetarako (IV. eranskina).

c) Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, datu hauek agertuko dituztenak: transferentzia jaulki duenaren izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Gauzatan edo norberaren baliabideak erabiliz egindako ordainketak ez dira onartuko.

Fakturen ordainagiriek frogatuko dute inbertsio osoa ordaindu dela, eta 2019ko urriaren 18a baino lehenagokoak izanen dira.

d) Azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko kasurako: obra-liburu osoa, ziurtapen guztiak jasoko dituena, obraren exekuzioan parte hartzen duen kontratista bakoitzeko ziurtapen bat, hain zuzen. Ingurune Naturalaren Zerbitzuari aurkeztutako ziurtapen bakoitza proiektuko obra unitateei lotua egonen da (edo, zein den kasua, dagozkien aldaketei, baldin eta horiek aurretik onartuak izan badira eta haien gaineko akta baldin bada). Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egonen da.

e) Azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko kasurako, lanak bukatutakoan aurkeztu beharreko inprimakia (V. eranskina), obraren zuzendariak behar bezala betea, toki entitatearen adostasuna duena (zigilatua eta sinatua), “Lanak bukatutakoan obraren zuzendariak aurkeztu beharreko inprimakia” ereduari jarraikiz.

f) Instalazioen mantentze-lanen edo garbiketaren kasuan: gastuak justifikatzen dituzten kontratuak edo fakturak.

3. Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, luzapenak eskatzen ahalko dira kanpaina batean baimendutako lanak egiteko. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak espresuki baimendu beharko ditu luzapen horiek, ofizio bidez; horrela, lanak egiteko beste epe bat emanen da, hilabetekoa gehienez ere. Agiri horiek luzapenean emandako epean aurkezten ez badira, dirulaguntza galduko da.

16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaera eta interesdunak aurkeztu beharreko agiri guztiak modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Telematika bidez eginen dira administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak, entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

3. Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

17. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak betetzen dituela hartutako konpromisoak, eta bat datorrela inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin edo memoria teknikoarekin. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal dira lanak egin diren tokietara eta onuradunentzako laguntzei buruzko dokumentazioa gordetzen den tokietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

3. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatuta esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta haren bukaeraren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

4. Laguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira. Ebazpena posta elektronikoaren bidez jakinaraz dakieke interesdunei, eskatzaileak laguntzak eskatzeko inprimakian emandako helbide elektronikoen bitartez.

18. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Inbertsioa bukatzeko konpromisoa 15. oinarriko 1. puntuari jarraikiz ez betetzeak berarekin ekarriko du dirulaguntzari %1 kentzea justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.

2. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua onetsitako inbertsioaren %70etik beherakoa bada, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, baldin eta inbertsioak eusten badie bere funtsezko ezaugarriei, eta laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko teknikarien iritziz.

3. Inbertsioa bukaturik, onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (6. oinarrian adierazia), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetzen duena.

b) Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Ingurune Naturalaren Zerbitzuari.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldarazi direla eskaeren hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio irizpideak, onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko du.

7. Diruz lagundutako inbertsioen iraupenerako konpromisoa indarrean izanen da laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteko aldian. Aldi horretan ikusten baldin bada ez dutela beren helburua betetzen, jarduketa horretarako jasotako dirulaguntza osoa itzuliko da, baldin lehenbiziko bi urteetan gertatzen bada erabileraren galera. Hirugarren eta bosgarren urteen artean gertatzen bada, berriz, erdia itzuliko da. Aparkalekuak dira salbuespena; kasu horretan, ordaindu eta bost urteko aldian izanen dira funtzionalak, eta, bestela, hura sortzeko emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

8. Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, Batzordearen abenduaren 19ko 9527 C Erabakiaren (2013) eranskinean ezarritako portzentajeak aplikatuko dira. Erabaki horren bidez ezartzen eta onesten dira zer jarraibide bete behar diren Batzordeak, kudeaketa partekatuaren markoan, Batasunak finantzatutako gastuei zuzenketa finantzarioak aplikatu behar izanez gero, kontratazio publikoaren arloan arauak betetzen ez diren kasuetan (ikus XIV. eranskina).

19. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berbererako beste edozein laguntzarekin.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

2. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabili ahal izanen dituzte, administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin zerikusia izanez gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 117. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ondorio horietarako, onuradunek balia ditzakete datuen tratamenduari buruzko arauetan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezartzen diren eskubideak. Aipatu erregelamenduaren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra). Era berean, balia dezakete Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

II. ERANSKINA

Naturaguneak modu jasangarrian kudeatzeko laguntza eskaera.

III. ERANSKINA

Ordainketa eskatzeko inprimakia.

IV. ERANSKINA

Kontratazio prozesua.

V. ERANSKINA

Obra zuzendaritzaren ziurtagiria.

VI. ERANSKINA

Ziurtagiria, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1902847