53. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, herriko talde eta elkarteendako dirulaguntzak emateari buruzkoa, kultura, hezkuntza, berdintasun, euskara eta gazteria arloetan jarduerak eta proiektuak antolatzeko.
Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2018ko martxoaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza, Uharteko talde eta elkarteei dirulaguntzak ematea arautzen duena, kultura, hezkuntza, berdintasun, euskara eta gazteria arloetan jarduerak antola ditzaten.

2018ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 15ean, baita Udalaren iragarki-taulan ere, eta, legezko epea iraganik, haren testua argitara ematen da.

Uharten, 2019ko otsailaren 19an.–Alkate udalburua, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

UDAL ORDENANTZA, HERRIKO TALDE ETA ELKARTEENDAKO DIRULAGUNTZAK EMATEARI BURUZKOA, KULTURA, HEZKUNTZA, BERDINTASUN, EUSKARA ETA GAZTERIA ARLOETAN JARDUERAK ETA PROIEKTUAK ANTOLATZEKO

1. Xedea eta helburua.

Uharteko Udalak uste du herriko gizarteak elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen bitartez egiten dituen ekimen, jarduera eta proiektuei laguntza ematea dela kultura, hezkuntza, berdintasun, euskara eta gazteria arloetan hobekuntzak sustatzeko modu bat.

Deialdi honen xedea da diruz laguntzea herriko talde eta/edo elkarteen proiektuak, talde horiek kultura, hezkuntza, berdintasun, euskara edo gazteria arloan jarduerak egiten badituzte, Uharten, era egonkorrean. Arlo horietan Udalak egiten dituen egintzen osagarri izan daitezen lortu nahi da.

2. Aurrekontu-egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa. Aurrekontu-kontsignazioa.

2.1. “Kultura arloko talde eta jarduerendako dirulaguntzak” izeneko aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko dira laguntza hauek, eta partzialki edo osorik erabiltzen ahalko dira xederako.

2.2. Laguntzaren zenbatekoa izanen da proiektu kopuruaren, haien ezaugarrien eta aurrekontuaren araberakoa. Emandako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa jardueraren benetako aurrekontuaren portzentaje bat izanen da, eta ez du gaindituko egindako gastuak ken lortutako diru-sarreren kalkuluaren %75. Ekipamenduen kasuan, portzentaje hori ez da izanen %60 baino handiagoa. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen diruaren eta eskatzaile kopuruaren arabera, beharrezkoa bada, onuradun bakoitzari dagokion ekarpena proportzioan murriztuko zaio.

2.3. Dirulaguntza horiek elkarteendako laguntza moduan ulertu behar dira, eta oinarri izanen dituzte jardueren egitarau itxi bat eta dagokien finantzazio plana.

2.4. Hasiera batean onetsitako zenbatekoak handitu ahalko dira, batzordeak hala erabaki ondoan, laugarren kapituluko beste partida batzuetako gerakinekin edo Udalak onesten dituen kreditu-gehigarriekin. Deialdi honetan aipaturiko partidaren bateko dirua agortzen ez bada, aurrekontuko beste partidaren bati eransten ahalko zaio, Udaleko Kultura Batzordearen balorazio irizpideei jarraikiz.

2.5. Udalak jardueren eta/edo proiektuen benetako aurrekontuaren %100 arte ordaintzen ahalko du, batzordeak hala erabaki ondoan, baldin eta udalerrirako interes berezia dutela iruditzen bazaio eta teknikarien aldeko txostena badute.

3. Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso ahalko dituzte aipatu arloetan lan egiten duten elkarteek, baldintza hauek betetzen badituzte:

3.1. Legez eratuta egotea edo, bestela, hori eskatzeko tramitazioa hasia izatea, deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik. Ziurtagiri bidez justifikatu beharko da.

3.2. Uharteko Udaleko elkarteen erregistroan izena emanda eta eguneratuta egotea.

3.3. Egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra Uharten edukitzea, eta jarduera udalerri horretan garatzea gehienbat.

3.4. Irabazteko asmorik gabe eratuak izatea. Alde horretatik, irabazi asmorik gabeko entitatetzat jotzen dira elkartearen xedearekin bat egiten duten jarduerak garatzen dituzten entitateak, onurak haien sortzetiko helburuetarako bideratzen badituzte.

3.5. Haien helburu sozialak harreman zuzena izatea dirulaguntzaren xedearekin.

3.6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik izatea dirulaguntza eskatzeko egunean.

3.7. Jarduerak Uharten eginen dira, eta jende guztiari zuzendurik, esan nahi baita ez dela bereizkeriarik eginen sexu, arraza, erlijio eta/edo ideologia kontuengatik.

3.8. Deialdia urtero eginen da, eta jarduerak urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eginen dira.

3.9. Aurkezten den proiektua bideragarria izanen da ekonomia aldetik, eta aurrekontu orekatua edukiko du, hau da, gastuetako eta diru-sarreretako zenbatekoak berdinak izanen dira.

3.10. Entitateek ez dute inola ere Uharteko Udalaren dirulaguntzarik jasoko, beren xedeek, harrera sistemak, funtzionamenduak, ibilbideak edo jarduketak emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioari kontra egiten badiote.

3.11. Orobat, inork ez du dirulaguntzarik jasoko, baldin eta administrazio ebazpen edo epai judizial irmoen bidez soldata-bereizkeriagatik, jazarpen moralagatik edo sexu arrazoiek ekarritako edozein tratu ezberdintasunagatik zehatuak edo kondenatuak izan badira, edo urratzen badituzte Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legean edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipio eta betebeharrak.

3.12. Programatzen diren jarduerek publikoak behar dute izan.

3.13. Elkarteak kontratupean langilerik badu, deialdira aurkezten ahalko da baldin eta betetzen baditu pertsona juridikoek kaudimenaz eta eraginkortasunaz den bezainbatean behar dituzten baldintzak. Eguneraturik izan beharko ditu bere zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Udalaren tributuei dagozkienak.

4. Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

4.1. Dantzarekin, musikarekin, antzerkiarekin, arte plastikoekin, historia, gizarte eta kultur ondarearen zabalkuntzarekin eta hemengo kultura ezagutaraztearekin ikusteko duten jarduerak, edo berdintasuna, aniztasuna, gazteendako jardueren sustapena, gizartearen eta herritarren parte-hartzea bultzatzen dutenak, bai eta aurrekoen antzekoak diren bestelako jarduerak ere, izaera artistikoa edo soziokulturala dutenak. Bestetan antolatutako jarduerak onartuko dira, baldin eta herri osoari irekiak badira eta ez badituzte oztopatzen Udaleko kultur arloak antolaturikoak.

4.2. Barne prestakuntzako jarduerak, taldeek berek antolatuak, eta xede dutenak beren kideen edo kanpokoen trebakuntza.

4.3. Ekipamendua hobetzeko eta inbertsioak egiteko gastuak. Altzariak, jantziak, tresnak...

4.4. Jarduerak antolatzean sortutako gastuak: kontratazioak, kolaborazioak, SGAE, publizitatea, eta kanpoko hizlarien edo beste talde batzuetako kideen bidaiak, ostatua, aseguruak eta dietak.

4.5. Deialdi honetatik kanpora gelditzen dira kirol arloko jarduera eta ekipamenduak, eta ikastetxeek aurkezten dituzten eskaerak.

4.6. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira honako gastu hauek:

a) Taldearen barne arrazoiengatik egiten diren bidaietako gastuak (emanaldiak, irteerak...). Salbuespena: diruz lagungarriak izanen dira herritar guztiei irekitako bidaiak; adibidez, kultura irteerak.

b) Jarduera gastronomikoak. Salbuespena: kultura aldetik interesa duten jarduera gastronomikoak, edonori irekita eskaintzen badira.

c) Ordezkaritza gastuak, protokolokoak, oturuntzak...

5. Eskabideen aurkezpena eta aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Eskaera egiteko eta gastuak justifikatzeko epeak alkatetzaren ebazpen bidez ezarriko dira urtero, eta argitara emanen dira Uharteko Udalaren web-orrian, kultura agendan eta elkarteetako ordezkariei posta elektronikoak bidalita.

5.2. Laguntzen eskabideak aurkeztuko dira oinarri hauetako I. eranskinean jasotako ereduari jarraituz, Udaleko erregistroan aurkeztuko ere, dokumentazio honekin batera:

a) Deialdi honetara aurkezteko eskabidea, elkarteko buruak edo haren eskuordetze behar bezala egiaztatua duenak betea eta sinatua.

b) Uharteko Udaleko elkarteen erregistroan inskribatzeko edo datuak eguneratzeko eskabidea.

c) Zein proiektu edo/eta jardueratarako eskatu den dirulaguntza, hura deskribatzen duten eskaera fitxak eta aurrekontu xehatua. Aurreikusitako egutegia, jarduerak egiteko tokia, egunak eta orduak eta gutxienez deialdiaren balorazio irizpideak betetzeari buruzko aipamenak jasoko dira. Proposaturiko programa finantzatzeko plana, hartan zehaztuta zein gastu eta diru-sarrera aurreikusi diren.

d) Eskabidearen baloraziorako aurkeztu nahi den dokumentazio osagarri oro.

e) Ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko dituzte, beren zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Udalaren tributuei dagozkienak beteak dituztela frogatzen dutenak.

f) Entitatearen kontu zenbakia adierazten duen dokumentua, hartan sartzeko dirulaguntza.

g) Eskatzaileak sinatutako zinpeko aitorpena, ziurtatzen duena entitatea ez dagoela administrazio edo zigor bidean zehatua dirulaguntzak edo laguntzak lortzeko ezintasunarekin eta, orobat, ez duela horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik, sexu bereizkeriagatik izan daitezkeenak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraituz.

6. Dokumentazioaren berrikuspena eta akatsen zuzenketa.

Kultura arloko udal zerbitzuak akatsak daudela edo agiriren bat falta dela antzematen badu, eskabidea eta oinarri hauetako I. eranskinean eskatutako dokumentazioa aztertu ondoan, hala jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea emanen zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, okerrak zuzen ditzan. Epea iragaten bada akatsak zuzendu gabe, eskaerari uko egin diola ulertuko da, aitzinetik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68.1 artikuluetan xedatuarekin bat.

7. Eskaeren balorazioa.

7.1. Kulturako, bestetako eta elkarteak koordinatzeko batzordeak eginen du balorazioa eta dirulaguntzak emateko proposamena. Alor bakoitzeko teknikariak ere egonen dira, hizpidearekin baina botorik gabe. Balorazioan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Proposamenaren koherentzia, haren helburuei, jarduerei eta aurrekontuari dagokienez.

b) Proiektua zenbateraino egokitzen zaion deialdiaren helburuari.

c) Jardueren interesa eta gizartean izanen duen oihartzuna.

d) Euskararen normalizazioa sustatzen eta hobetzen ote duen.

e) Sexuen arteko berdintasuna zein mailatan txertatu den proiektuan.

f) Kulturek elkar ezagutzea eta elkarren artean harremanak izatea bultzatzen duen.

g) Ingurumen iraunkortasuna.

h) Desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioa eta haiekiko sentsibilizazioa.

i) Sormena eta jardueren izaera berritzailea.

j) Parte-hartze maila eta proiektuan elkarte batek baino gehiagok parte hartzea.

k) Jardueren hartzaile kopurua eta jende mota.

l) Entitateak izandako bilakabidea, haren egonkortasuna eta eskuratu nahi duen ekipamenduaz duen beharra; ulertu behar da hura dela taldeak bere jarduera egiteko edo abiatzeko behar dena.

7.2. Proposatzen diren jarduerak partez edo osoki onartzen ahalko dira, eta betiere jarduerarako aurkeztu den egiazko aurrekontutik abiatuta: gastu aurreikusiak ken diru-sarrera aurreikusiak.

8. Ebaztea.

8.1. Kulturako, bestetako eta elkarteak koordinatzeko batzordeak baloratuko ditu eskaerak, eta dirulaguntza emateko proposamena aurkeztuko du; hura alkatetzaren ebazpen bidez onetsiko da, non ez duen Osoko Bilkurak onetsi behar, emandako dirulaguntzen zenbatekoa dela eta.

8.2. Ebazpen horrek amaiera emanen dio administrazio bideari, eta haren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat paratu ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

8.3. Onespena jendaurrean jarriko da, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

9. Ordainketa, justifikatzeko modua eta epea.

9.1. Emandako laguntzen zenbatekoa, oro har eta ezertan ukatu gabe kasu bakoitzean hartzen den erabakia, bi epetan ordainduko da: %75 aurrerakin gisa, laguntza ebazteko erabakia sinatu ondotik, eta gainerako %25a, justifikazio memoriak behar bezala beterik aurkeztu ondoan, aurreikusitako moduan eta epean.

9.2. Udalak ordainketa bakarraren bidez eman ahalko du dirulaguntza, beharrezkoa baldin bada, jardueraren izaera dela eta. Horretarako, taldeak edo elkarteak eskaera egin beharko du idatziz, eta kasuan kasuko alorreko teknikarien oniritzi txostena izan.

9.3. Diruz lagundutako proiektu edo jardueraren gastu eta diru-sarrerak justifikatu ondoan, ondoriozko aurrekontua aurrekontu onartua baino txikiagoa bada, ordaintzeko dagoen dirulaguntza zatitik diferentzia deskontatuko du Udalak.

a) Zenbateko hori 2. pagamenduari dagokion %25 baino handiagoa bada, taldeak edo elkarteak itzuli beharko du ondoriozko zenbatekoa, eta 15 eguneko epea izanen du, jakinarazpenaz geroztik, ordainketa egiteko.

b) Aipatu epean dirua itzultzen ez badu, Udalak betearazpen-bidez kobratuko du, legez bidezko diren beste neurri batzuk hartzeaz aparte. Gainera, betoa jartzen ahalko dio talde edo elkarte horrek hurrengo deialdietan parte hartzeari.

9.4. Ekitaldi ekonomiko zehatz baten kontura dirulaguntza bat jasotzeak ez dakar inolako eskubiderik hurrengo urteetan dirulaguntzak jasotzeko.

9.5. Dirulaguntza emanda, onartutzat joko da, espresuki uko egiten ez bazaio. Bestela, ulertuko da onartu dela emandako zenbatekoa eta eskatzaileak konpromisoa hartuko du proiektatutako jarduera gauzatzeko.

9.6. Entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Udalaren erregistroan, alkatetzaren ebazpen bidez ezarritako epean:

a) Diruz lagundutako jardueren eskabidea eta justifikazioaren fitxak, jardueraren balantze ekonomikoa barne, horretarako prestatutako ereduaren arabera; hura oinarriekin batera eskuratuko da, aurkezteko epearen barnean.

b) Urte bakoitzean diruz lagundutako jardueren gaineko liburuxka, afixa edo bestelako publizitate euskarri bakoitzaren kopia bat.

c) Gastuen fakturen fotokopiak: dirua jasotzen duen elkartearen izena eta IFK agertzen dutenak, baita kontzeptua, zenbatekoa eta faktura luzatzen duen entitatearen datuak ere. Onartutako aurrekontu guztia fakturen bidez justifikatu beharko da. Ez dira onartuko justifikazio gisa 125 eurotik gorako ordainagiriak, salbu eta legezko faktura baten gainekoak badira.

d) Ez dira onartuko elkartearena den materiala erabiltzeagatik edo alokatzeagatik eragindako gasturik. Ez taldearen beraren baitan, ezta Uharteko gainerako elkarteen artean ere. Elkarteek behar baldin badituzte beste taldeek daukaten material edo ekipamendua, eta Udalak dirulaguntza eman bazuen material hori erosteko, haren jabeek ahal den guztia eginen dute, materiala behar duen taldeak erabil dezan. Uharteko Udalak diruz lagunduta eskuratu den material oro doan mailegatzeko beharra ezarri ahalko da, hasierako egoera berean itzultzeko baldintzapean. Udalak bere baliabideak eskaintzen ditu, hala eskatuz gero, material horiek lagatzean bitartekari gisa aritzeko eta zuzen itzultzen direla bermatzeko.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiteagatik elkarteko kideei eskersariak ematea ere ez da onartuko. Taldeko kide batek eginiko lanen truke ordainsariak ematea onartuko da, baldin eta araututako faktura bidez justifikaturiko gastuak badira.

10. Onuradunen beste betebehar batzuk.

10.1. Onartutako jarduerak eta jarduketak egitea.

10.2. Kasuan kasuko alorrari jardueren berri emanen zaio, tenorez eta behar diren datuekin, haiek argitaratu eta zabaldu ahal izateko.

10.3. Diruz lagundutako jarduera gauzatzean izaten den edozein gorabeheraren berri ematea.

10.4. Publizitatean, dokumentazioan eta propaganda inprimatuan Uharteko Udalaren lankidetza aipatzea, eta Udalaren logotipoa paratzea, horretarako emanen baitzaie.

10.5. Dirulaguntza eskaera izan duen jarduera edo proiektuaren zabalkuntza egiteko erabilitako publizitate euskarriek euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzirik egon beharko dute, eta hizkera eta irudi inklusiboak erabili beharko dituzte. Baldintza hori betetzeko, talde eta elkarteen eskura jarriko da kasuan kasuko alorreko teknikarien aholkularitza.

10.6. Uharteko Udalari edozein gorabeheraren berri ematea, dokumentazioan eskatutako eta deskribatutako ekipamenduaren ezaugarriak aldatzea badakar.

10.7. Elkarte bakoitzak bere gain hartu beharko ditu Egile eta Editoreen Elkartearekin (SGAE) sorturiko gastuak, entitate horrek antolatutako jarduerei dagokienez.

10.8. Erositako ekipamendua Uharteko Udalaren eskutan jartzeko konpromisoa, entitatea jardutetik gelditzen bada edo desegiten bada, Udalak hori diruz lagundu badu, baloratu ondoan gastuaren zein portzentaje estali den dirulaguntzarekin.

11. Deialdi honen ondoriozko betebeharrak ez betetzea.

Udalak ezeztatzen ahalko du emandako dirulaguntza, eta hasieran jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatu, baita jardueraren zati proportzionala itzultzeko edo onetsitako ekipamendua erosteko eskatu ere, kasu hauetan:

–Ez bada betetzen oinarri hauetako baldintzaren bat.

–Onetsitako jarduerak ez badira behar den gisan justifikatzen, oinarri hauek agintzen duten bezala.

–Ez bada egiten aurreikusitako jardueraren bat edo onetsitako erosketaren bat.

12. Araudia.

Deialdi hau dokumentu honetan biltzen diren arauek eta Dirulaguntzen gaineko udal ordenantza orokorrak gobernatuko dute.

Ordezko gisa, aurreikusia ez dagoen orotan, araudi honi jarraituko zaio:

–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena.

–Uharteko Udalaren indarreko aurrekontua eta hurrengo ekitaldietakoa betearazteko oinarriak.

–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

–13/2007 Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa eta, ordezko gisa, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra.

–87/2006 Errege Dekretua (Erregelamendua).

Iragarkiaren kodea: L1902438