51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

82/2019 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia 2018-2019 ikasturterako. DDBN (identifikazioa): 442272.

Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu du 2018-2019 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdia Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2018-2019 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien deialdia onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Gehienez, 260.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko aurrekontuko “Atzerriko Unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta beste batzuk” izeneko 411001-41210-4800-322300 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Unibertsitateen Atalari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko otsailaren 20an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

ERANSKINA: 2018-2019 IKASTURTEKO NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNERAKO UNIBERTSITATE PROGRAMEN
LAGUNTZA OSAGARRIEN DEIALDIA

Oinarriak

1.–Xedea.

Gaur egun, nazioarteko dimentsioaren garapena da unibertsitateko ikasketen gakoetako bat. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarriak Nafarroako Gobernuak egiten duen ekarpen zuzena dira, Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2.–Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradunei ordainduko zaizkie zuzenean.

3.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Eman beharreko zenbatekoa zehazteko, kontabilizatuko da egonaldiaren iraupena, hasieraren datatik bukaerakora. 100 euroko modulu bat aplikatuko da hilabete oso bakoitzeko, eta 25 eurokoa egonaldia bukatzeko falta diren aste bakoitzeko.

Laguntza gehienez ere bederatzi hilabeterako emanen da, lehenbiziko aldiz ematen denean. Laguntza ematen den bigarren aldia bada, izanen da bi emateen artean gehienez ere 12 hilabete betetzeko falta diren hilabete kopuruari dagokiona.

Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzeko, beranduenez 2019ko azaroaren 30a hartuko da bukatzeko azkeneko eguntzat.

b) Deialdiari esleitutako aurrekontua 260.000 eurokoa da. 240.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 20.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako.

4.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako unibertsitate batean gradu edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako ikasketak ez daude sarturik, euren deialdia baitute.

b) Unibertsitateek sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Nafarroan erroldaturik egon izana eskaera egunaren aurreko azken bi urteetan, gutxienez.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko erregistroko edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko erregistro orokor elektronikoan.

Hezkuntzaren Atarian, 17. oinarrian agertzen den web helbidean, dagoen inprimakia erabiliz ere aurkezten ahalko da eskaera.

Aipatutako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

Deialdiaren 17. oinarrian agertzen den helbide elektronikoaren bidez ere egiten ahalko da zuzenketa.

6.–Dokumentazioa.

a) Laguntza eskabidea, deialdiaren eranskineko ereduaren araberakoa. Eskabide hori “nafarroa.eus” atariko tramiteen katalogotik jaisten ahalko da, idatziz aurkezteko edo inprimaki elektronikoaren bidez osatzeko.

b) Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen zenbakia. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da onuraduna kontuaren titular gisa agertzea, eta kontu hori irekita eduki behar da laguntza jaso arte.

c) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldeetatik egina.

d) Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztuko dute, azken bi urteotan Nafarroan bizi izan direla frogatzeko.

e) Betebeharren a) eta b) atalak frogatzeko agiria:

1. Nafarroako unibertsitate batean matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, unibertsitateak berak ofizioz aurkeztuko du ziurtagiria.

2. Beste unibertsitate batzuetan matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, eskatzailea partaide duen truke programaren edo hitzarmenaren datuen ziurtagiria aurkeztuko dute: destinoko unibertsitatea eta egonaldiaren hasiera eta bukaera egunak.

f) Ikasketen ziurtagiria:

1. Graduko ikasleentzat: 2017-2018 ikasturteko notak frogatzen dituen agiria, ondoko datu hauekin: egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta erabilitako deialdietan eskuraturiko kalifikazioa. Baliozko agiri gisa onartuko da ikasleak espedientea web bidez kontsultatzea, baldin eta bertan agertzen badira bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak.

2. Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen agiria.

g) Hizkuntza maila frogatzen duen ziurtagiria; hizkuntza meritu gisa baloratuko da laguntza emateko ordena zehazteko, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera. Onartuko dira soilik Hezkuntzako kontseilariaren 30/2018 Foru Aginduaren eranskinean jasotako ziurtagiriak, zeinek frogatzen baitute hizkuntzen ezagutza Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezarritako mailen arabera.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

i) Nafarroatik kanpo dauden unibertsitateen ikasleen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena, dioena bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoan ez duela beste laguntza osagarri bat hartu nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

j) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaierako agiria” ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

Eskatutako dokumentazioa aurkezten ahal da edo bulegoan bertan, edo deialdiaren 17. oinarrian agertzen den helbide elektronikoaren bidez.

7.–Laguntzak emateko irizpideak.

a) Laguntzak emateko ordena honako hau izanen da:

Aurrena, laguntzak emanen zaizkie, 3.b klausulan adierazitako aurrekontua agortu arte, laguntza lehen aldiz eskatzen duten ikasleei, gradukoak nahiz masterrekoak izan.

Modalitate batean emandako laguntzen zenbatekoa modalitate horretarako aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

Behin lehen aldiz eskatutako laguntzak eman ondoren aurrekontuan diru aski izanez gero, laguntza bigarren aldiz eskatzen duten masterreko ikasleei emanen zaizkie laguntzak, eta, azkenik, laguntza bigarren aldiz eskatzen duten graduko ikasleei.

b) Izangaien lehentasun ordena, modalitate bakoitzean, ikasketa espedienteen batez besteko notaren arabera ezarriko da. Graduko ikasleentzat, 2017-2018 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da batez besteko nota. Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.

Lortutako batez besteko nota igo daiteke baldin eskatzaileak frogatzen badu hizkuntzak badakizkiela, 6.g oinarriak ezarritakoarekin bat, honako irizpide hauen arabera:

FROGATUTAKO MAILA

BATU BEHARREKO
PUNTUAZIOA

Ingeleseko C2

1,00 puntu

Frantseseko, alemaneko eta italierako C2

0,50 puntu

Ingeleseko C1

0,50 puntu

Frantseseko, alemaneko eta italierako C1

0,25 puntu

c) Batez besteko nota Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat kalkulatuko da, kontuan hartu beharreko ohar hauekin:

1. Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira:

–Ohorezko matrikula = 10 puntu.

–Bikain = 9 puntu.

–Oso Ongi = 7,5 puntu.

–Nahikoa: 5,5 puntu.

“Gai” kalifikazioa duten irakasgaiak nahikoa batekin baloratuko dira.

2. Kredituen arabera antolatutako ikasketa planak baldin badira, irakasgai bakoitza osatzen duten kreditu kopuruaren arabera emanen da puntuazioa. Batez besteko nota honela kalkulatuko da: kalifikaturiko kredituen batura, horietako bakoitza kasuko kalifikazioen balioarekin biderkatuta, zati kalifikatutako kredituen kopuru osoa.

3. Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulak hartuko dira kontuan; hala ere berdinketa hausten ez bada, bikain notak eta, hala, hurrenez hurren.

d) Deialdiko baldintzak bete bai baina aurrekontu faltagatik laguntzarik jasotzen ez dutenekin itxaron zerrenda bat eratuko da, honela ordenatua:

Lehenik, laguntza lehen aldiz eskatzen duten graduko ikasleak, gero laguntza lehen aldiz eskatzen duten masterreko ikasleak, gero laguntza bigarren aldiz eskatzen duten masterreko ikasleak, eta, azkenik, laguntza bigarren aldiz eskatzen duten graduko ikasleak. Talde bakoitzean, espedienteko batez besteko notaren arabera ezarriko da ordena.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Ebazpen horretan bi zerrenda ezarriko dira:

Lehenbiziko zerrendan egonen dira laguntza jasoko duten eskatzaileak (behin beren egoitza justifikatu ondoren, deialdiaren 9. oinarrian ezarri bezala). Bigarren zerrendan, hots, itxaron zerrendan, egonen dira baldintzak bete arren hasiera batean diru-laguntzarik izanen ez duten eskatzaileak, deialdirako aurrekontua ahitu izateagatik. Hamahirugarren oinarrian ezarritako baldintzetan jaso dezakete laguntza itxaron zerrenda horretako eskatzaileek.

Laguntza onartzeko edo ukatzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “nafarroa.eus” atarian argitaratuko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei. Helbide elektronikoa eman duten interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie laguntza.

9.–Onuradunek bete beharrekoak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiria aurkeztu behar dute (deialdiaren II. eranskina), behar bezala beteta eta destinoko unibertsitateak zigilatuta. Agiri hori “nafarroa.eus” atariko zerbitzuen katalogoan ere eskuratzen ahal da.

Azaroaren 30etik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

Agiria, laguntzak ordaintzeko ezinbesteko baldintza, Unibertsitateen Atalari zuzenduko zaio, eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko da, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean. Orobat, deialdiaren 17. oinarrian agertzen den helbide elektronikoaren bidez aurkezten ahalko da.

10.–Uko egiteak.

Laguntzen ukoak Unibertsitateen Atalari komunikatu beharko zaizkio. Aipatutako helbide elektronikoa erabiltzen ahalko da komunikazio bide gisa.

11.–Ez-betetzeak.

Onartutako laguntza ez da honako kasu hauetan ordainduko:

a) Egonaldia ez egitea edo egin dela frogatzen duen “Egonaldiaren amaiera” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, ez da ordainduko laguntzaren zenbatekoa.

b) Eskatu eta onartutako egonaldia baino laburragoa egitea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaiera” agirian agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela azaroaren 30etik haratago joan.

12.–Diru-laguntza ordaintzea.

Laguntzen onuradunek zenbateko osoa jasoko dute egonaldia amaitu ondoren.

Hiru epe ezartzen dira laguntzak ordaintzeko: 2019ko ekaina, iraila eta abendua. Data bakoitzean laguntza ordainduko zaie egonaldia hilabete hori baino lehen amaitu duten eta egonaldia gauzatu dela frogatzeko agiria aurkeztu duten onuradunei.

Egonaldia azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa.

13.–Itxaron zerrenda.

Behin bi lehenbiziko ordainketaldietan onartutako laguntzak pagaturik, baldin aurrekontuan diru kopuru aski badago (izan onuradunek uko egiteagatik edo izan justifikatutako aldia murriztu dela eta ordaindutako kopuruan egindako doiketengatik), proposatuko da hirugarren epean laguntza ordain dakiela itxaron zerrendako onuradunei, laguntzetarako aurrekontua agortu arte. Onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiriaren bidez justifikatuko dute egonaldia.

14.–Laguntza hauen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

15.–Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen-prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

16.–Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

17.–Argibideak eta harremanak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

–Unibertsitateen Atala:

Hezkuntza Departamentua.

San Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa).

Telefonoak: 848 426078, 848 426064.

Helbide elektronikoa: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es.

Eskabide-orria eta “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta Unibertsitateen Atalean eskuratzen ahalko dira, baita atari hauetan ere:

–“nafarroa.eus”.

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/3673/Nazioarteko-mugikortasuneko-unibertsitate-programetarako-laguntza-osagarriak

–“educacion.navarra.es”.

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/estudios-universitarios/beca

ERANSKINA

Eskabide-orria. Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak(PDFa).

II. ERANSKINA

Certificate of attendance - Egonaldiaren ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1902594