51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 2019an aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko. DDBN identifikazioa: 440494.

Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, bere estatutuen arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.

Tokiko esparrua da herritarrengatik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak Toki Administrazioarekin batera sustatzea. Horretarako, modu egituratu, koordinatu eta sistematikoan lan egin beharra dago, lurraldeko errealitate ezberdinen premiei eta berezitasunei erantzunez.

Toki entitateetako errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du, bai toki entitateentzat banan-banan, bai toki entitateen batasunentzat, foru agindu honen ondorioetarako akordioak eginez gero.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak ematea da Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatzea funtsezko tresna da gizon eta emakumeen arteko berdintasun helburuak tokian-tokian eman eta bultza daitezen. Berdintasuneko agenteen kontratazioa bultzatu eta babesteak, lanbide profil hori finkatzea eragin beharko luke tokiko administrazioetan. Horregatik, ulertu behar da dirulaguntzen deialdi hau finantzaketa prozesu baten parte dela, betiere aurrekontuan horretarako krediturik badago.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, onesten den dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2019an aukera berdintasuneko agenteen lanpostuak sortu eta finkatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B40001-B4100-4609-232200: (E) Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun-politikak sustatzeko

2019

165.000

Salbuespen gisa, deialdi honetarako zenbatekoa handitzen ahalko da, guztira 10.000 euro izan arte, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak foru agindu bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, betiere Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

4. Foru agindu honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, aukera berdintasuneko agentearen lanbide profila sortu eta finkatze aldera.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

Deialdira aurkezten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera izaera hori aitortua duten Nafarroako toki entitateak, baldin oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. Toki entitateek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

1. Biztanle kopurua:

a) 6.000 biztanletik gorako toki entitateak edo beharkizun hori betetzeko asmoz akordioak sinatzen dituzten toki entitateen batasunak. Kasu horretan, batasunak akordio bat sinatuko du parteen artean eta, hartan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan adierazitako puntuak jasoko dira.

b) 6.000 biztanletik gorako mankomunitateak eta gizarte zerbitzuen kudeaketarako sortzen direnak, maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuan zehazten den gizarte zerbitzuen lurralde egiturari jarraituz. Foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen eskualdeak ezartzen ditu.

2. B mailako berdintasuneko agente bat lanaldi osoan kontratatua izatea eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza 2018. urtean jaso izana (salbu eta zazpigarren urteko kontratazioak) edo diruz lagungarria den epean kontratazio bat hastea.

Betiere, kontratazioa lanaldi osokoa dela ulertuko da, baita laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen denean ere, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea antzera biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Kontratazio bat diruz lagungarria den epean hasten bada, dirulaguntza emateari begira beharkizun hori betetzat joko da toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuz gero, non frogatzen baita toki entitateak konpromisoa hartu duela berdintasuneko agente bat kontratatzeko; geroago, diruz lagundutako kontratazioa egin izana egiaztatu beharko da.

3. Aurreko deialdietan diruz lagundu den kontrataziorik eten ez izana, ohiz kanpoko kasuak gertatu gabe; halakorik bada, behar bezala frogatu beharko da Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

4. Diruz laguntzen den aldian, berdintasun gaietako edo emakumeen alorreko zinegotzigo, batzorde edo berdintasun alorra izatea bere egitura organikoan edo haietan funtzioak dituena.

5. Aurrekontuko partidak edo aurrekontu esleipenak izatea kontratazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko.

6. Aukera berdintasunerako plana edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako plan estrategikoa edo genero berdintasunerako lan egitasmoa izatea, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentuan oinarrituta.

Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da toki entitateko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero, non egiaztatzen baita toki entitateak asmoa duela berdintasun plana edo urteko lan plana deialdi honek aintzat hartzen duen aldian prestatzeko, “Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea” izeneko dokumentua oinarri hartuta.

7. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada, deialdi honek aintzat hartzen duen aldian.

3.2. Toki entitateek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin biztanle kopuruaren beharkizuna eta lanaldi osoarena betetzeko.

Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuarekin bat, akordioko testuan espresuki agertu beharko dira batasuneko toki entitate bakoitzak hartutako egiteko konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Horiek, orobat, entitate onuradun izanen dira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe.

Horrez gain, entitate sinatzaileen artean zein toki entitatek egiten duen kontratazioa adierazi beharko da.

Orobat, toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu diruz lagungarria den gehieneko kontratazio-epea, deialdi honetan baterako parte-hartzea onartuko da, baina gehieneko kontratazio-epea gainditzen ez duen toki entitateari dagokion kontratazioak bakarrik jasoko du dirulaguntza.

4. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

4.1. Toki entitate bakoitzak edo toki entitateen batasun bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du dirulaguntzen deialdi honetan.

Berdintasuneko agente baten 2018ko abenduaren 1etik 2019ko azaroaren 30a bitarteko kontratazioa finantzatzeko emanen da dirulaguntza, baldintza hauei jarraikiz:

a) B maila.

b) Lanaldi osoa.

Dena dela, agente titularraren lanaldia murriztuz gero, kontratazioak dirulaguntza izanen du bi lagunek lanaldi osoa betetzen badute.

Agente titularrak laurden bateko, seiren bateko edo zortziren bateko lanaldi murrizketa hartzen duenean, lanaldi osoa dela ulertuko da, eta ez da eskatuko beste agente baten kontratazioa lanaldia osatzeko, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo antzeko baldintzetan langileek lanaldia murrizteko duten eskubidea biltzen duen edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, 3. oinarrian ezarri bezala, toki entitateek beste entitate batzuekin egiten ahalko dituzte behar diren akordioak, baldintza hori betetzearren. Kasu horretan, ulertuko da lanaldi osoa batasuneko entitateen guztirako lanorduek osatzen dutela, nahiz batek bakarrik kontratua formalizatu, eta aurreko paragrafoan xedatutakoa ere aplikatuko da.

c) Dirulaguntzaren bidez kontratatzen den berdintasuneko agenteak altan egon beharko du, berdintasuna sustatu eta bultzatzeko jarduera eginez.

Berdintasuneko agentea altan dagoela joko da baldin eta egoera hauetako batean badago: soldatarik gabeko baimena, lizentzia, eszedentzia edo/eta ezintasuna, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen beste antzeko egoera batean, betiere agentea laurogeita hamar egun igaro baino lehen ordezten bada.

90 egunak zenbatzeko, diruz laguntzen den aldian altan eman ez diren aldi guztiak batuko dira.

d) Kontratua urtebetekoa izanen da, kontratua lehen aldiz egiten denean izan ezik, kasu horretan ez baita 2019ko abenduaren 31 baino lehen bukatuko.

Hasieran kontratatutako pertsona aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, kontratua bukatzeko beharkizun hori ez da aplikatuko, baldin eta hasieran kontratatutakoa bere lanpostura itzultzen bada, eta orduan beteko da atal honen hasieran adierazitako beharkizuna.

4.2. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2018ko abenduaren 31ko zenbatekoan) finantzatzeko izanen da, bai eta Gizarte Segurantzako kuota enpresariala ere, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

4.3. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Kontratatutakoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide ekonomiko hauen arabera ezarriko da:

a) Erreferentzia gisa hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko B mailako langileen hasierako soldata (2018ko abenduaren 31ko zenbatekoan) eta Gizarte Segurantzako kuota enpresariala, berdintasuneko agente baten lanaldi osoari dagokiona.

b) Dirulaguntza zehazteko, portzentaje hauek aplikatuko dira aurreko atalean zehaztutako soldatatik abiatuta, kontratazio urtea eta hasierako kontratazioaren aldean egiten diren hobekuntzak kontuan hartuta:

–Diruz lagundutako kontratazioko lehen eta bigarren urteak, ehuneko 75.

–Diruz lagundutako kontratazioko hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteak, ehuneko 60.

–Diruz lagundutako kontratazioko zazpigarren urtea, ehuneko 50, bakar-bakarrik toki entitateak plantilla organikoan sartu baldin badu lanpostua, hobekuntza gisa, lanpostua finkatze aldera.

c) Toki entitate batek, kontratazioari eusteko, beste toki entitate batekin hitzarmena egiten badu, entitate bakoitzari dagokion dirulaguntzaren portzentajea aplikatuko zaio eskaerari, oinarri honen beraren b) atalaren arabera. Batasuneko entitateek eskatuz gero, proportzionaltasuna aplikatuko da, entitate bakoitzean ematen den lan denboraren arabera.

d) Toki entitateen batasunen kasuan, entitateren batek agortua badu diruz lagungarria den gehieneko kontratazio-epea, diruz lagungarria den epea agortua ez duen toki entitateari dagokion kontratazioa hartuko da kontuan.

e) Hasieran kontratatutako pertsona bat aldi baterako ordezteko egiten diren kontratazioetan, dirulaguntzaren kalkulua egiteko aplikatzen diren ehunekoak ordeztutako hasierako kontratazioari dagozkion berberak izanen dira.

f) Entitateak aurreko deialdietan diruz lagundutako kontratazioa eten badu, dirulaguntzaren ehunekoak kalkulatzeko kontuan hartuko da aurreko deialdietan diruz lagundutako denbora.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera, nahitaez horretarako berariaz diseinatu den eskaera-ereduan aurkeztu behar dena. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren interneteko atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), baita beste helbide honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/.

Baturik aurkezten diren toki entitateen kasuan, kontratazioa egiten duen toki entitatearen ordezkariak sinatu beharko du eskaera.

Eskabidea aurkezteko unean hasi gabe dagoen kontratazio berri baten kasuan, kontratazioa hasteko aurreikusitako eguna adierazi beharko da; data hori eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko erabiliko da.

b) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzen duena

c) Kontratazioa bi toki entitatek edo gehiagok sinatutako akordio baten bidez gauzatzen bada, haien artean ezarritako akordioaren kopia.

d) Toki entitatearen eta berdintasuneko agente gisa kontratatzen den/diren pertson(ar)en artean izenpetutako kontratuaren kopia. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

e) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela frogatzen duena. Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko unean egin gabe dauden kontratazioen kasuan, aipatu ziurtagiria kontratua sinatzeko momentuan igorriko da.

f) Kontratazio bat diruz lagungarria den epean hasten bada, toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, non biltzen baita toki entitatearen konpromisoa berdintasuneko agente bat kontratatzeko.

g) Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, non biltzen baita toki entitatearen konpromisoa 2019an berdintasun plana edo urteko lan-plana prestatzen hasteko.

h) Aurreko kontratazio bat eten bada, egoera azaltzeko txostena.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala. Azken kasu horretan, agiria zein espedientetan jasotzen den zehaztu beharko da, eta hala egin dadila eskatzen ahalko da.

Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, baldin eta interesduna haiek kontsultatzearen aurka agertu ez bada.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

7.1. Dirulaguntzarako eskabideak eta gainerako agiriak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari zuzenduta. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazio bide nagusia.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskatzaileek Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko dute. Hauxe da GHE (gaitutako helbide elektronikoa) eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetzako Programen eta Genero Zeharkakotasunaren Atalak baloratuko ditu eskaerak, eta, horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

Eskaeren lehentasun hurrenkera:

–Lehenik, deialdi honen aurretik egindako eta 2018. urtean NABIk diruz lagundutako kontratazioei emanen zaie lehentasuna, eta horien artean antzinatasun handiena dutenei, hau da: kontratazioko zazpigarren, seigarren, bosgarren, laugarren, hirugarren, bigarren eta lehenbiziko urtea.

–Bigarrenik, diruz lagungarria den epean hasitako kontratazioen artean, beren toki entitateetan berdintasuneko agenterik aurretik izan ez duten toki entitateek egindakoak, aurretik dirulaguntza hau jaso ez dutenak.

–Hirugarrenik, diruz lagungarria den epean toki entitateek hasten dituzten kontratazioak, epe horretan berdintasuneko beste agente bat ez badago.

–Azkenik, deialdi honen babesean diruz lagungarriak diren gainerako kontratazioak.

Kasu guztietan, talde bakoitzean berdinketa gertatuz gero, biztanleria handieneko toki entitateen eskaerak lehenetsiko dira.

8.4. Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du dirulaguntzarako ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak; hura entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatuta ebazpen espresik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora (GHE) eginen da jakinarazpen hori.

9.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/ web-orriaren bidez eta laguntzen fitxaren bidez jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako baldintzetan.

9.3. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek gardentasunaren adierazpena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, ekainaren 21eko Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriarekin eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak), baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz ere. Onuradunak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

10. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Emandako dirulaguntza berdintasuneko agente bat 2018ko abenduaren 1etik 2019ko azaroaren 30era kontratatzearen kostuei dagokien ordainketa bakarrean ordainduko da. Aldez aurretik, toki entitatearen idazkaritzak horretarako ezarri duen ereduaren araberako ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita 10.2 apartatuan ezartzen den dokumentazio guztia ere. Lehen ordainketaren frogagiriak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 30ean bukatuko da.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Berdintasuneko agenteak diruz lagundu den epean zein funtzio eta jarduketatan parte hartu duen, horiek biltzen dituen memoria, ereduaren arabera prestatua; eredu hori laguntzaren fitxaren bidez jasotzen ahalko da, edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuan, Interneten bidez, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Igualdad+de+genero/Politicas+de+igualdad/.

–Izenpetutako kontratuaren edo kontratuen kopia, baldin eta aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutura igorri ez bada/badira.

–Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, agentearen kontratazioa indarreko legediaren arabera egin dela adierazten duena, baldin eta aldez aurretik igorri ez bada.

–Kontratazio kostuaren eta ordura arte benetan ordaindutako gastuaren justifikazioa. Horretarako, Idazkaritzak luzatutako egiaztagiria aurkeztuko da, gastua diruz lagundutako jardueran egoki aplikatu dela ere frogatzen duena.

Oro har, egindako gastutzat hartuko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoa, salbu eta finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako kontratazioan daukaten parte-hartzearen berri emateko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako kontratazioari buruzko dokumentazio guztian Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta honako testu hau txertatuz: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

–Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntzaren xederako hartutako diru-sarrera, laguntza, baliabide eta dirulaguntzak jasoko dituena. Hori guztia 12. oinarriaren e) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak erants ditzan hamar egun balioduneko epean, gehienez. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora eginen da errekerimendu hori.

10.4. Kontratazioaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari. Nolanahi ere, deialdi honen 5. oinarrian ezarritako portzentajeak errespetatuko dira.

10.5. Aurrekoa galarazi gabe, dirulaguntza ordaintzeko ezintasun, eszedentzia, lan lizentzia edo/eta soldatarik gabeko baimen egoeretan, edo lan arloko legeriak aintzat hartzen duen antzeko beste egoera batean, ondokoa hartuko da kontuan:

a) Ordezkapena egiten bada:

–Ordezkapenerako kontratazioa 90 egun iragan aurretik egiten bada, bajan dagoena langilearen egiazko kostuak hartuko dira aintzat, gehi hura ordezten duen langilearen kostua.

–Ordezkapena 90 egun iragan eta gero egiten denean, agente titularraren kostuak bakarrik altan egon den artean ordainduko dira, eta ordezkapenik gabeko aldiaren lan-kostuen 90 egun, gehienez. Ordezkapena egiten duen agentearen kostuak ez dira zenbatuko.

b) Ordezkapenik egiten ez denean, ordeztu ez den langile kontratatuaren kostuak altan egon den artean ordainduko dira bakarrik, eta gehienez ere 90 egun.

c) Lanaldiaren murrizketaren kasuan, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxiagotuko da.

d) Eszedentzia, lizentzia, baimen edo ordainsaririk ez duten egoeretan, iraupena 90 egun baino gutxiago denean, ordaindu beharreko kopurua proportzionalki gutxiagotuko da.

90 egunak zenbatzeko, diruz lagungarria den epean altan eman ez diren aldi guztiak batuko dira.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak xede eta helburu bererako ematen dituen beste batzuekin, betiere horiek, guztira, ez badira oinarri hauetan ezarritako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honen xede den kontratazioaren kostuaren %100 baino handiagoa.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrez gain, toki entitate onuradunek beharkizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioa egitea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Prestakuntza saioan parte hartzea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestakuntza saiorik antolatuz gero dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateetako teknikarientzat, foru agindu honen babesean.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dirulaguntzaren xedeko kontratazioan sortzen den edozein aldaketaren edo gorabeheraren berri ematea, eta aldez aurreko baimena eskatzea edozein aldaketa egiteko.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak onartzea.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Idatziz edo ahoz eta bidea edozein dela ere egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea agertzea, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, eta testu hau jartzea: “Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta / Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad”.

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritako betebeharrak betetzea, bai eta 5/2018 Foru Legeak dirulaguntzen onuradunei ezartzen dizkien betebeharrak ere.

13. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak. Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta toki entitateak, bere erabakiz eta bidezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean.

Ildo horretan, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarri arautzaileen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

16. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezarri gabeko orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1902641