51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema arautzen duen ordenantzaren bosgarren tituluaren aplikazioa etetea

Lizarrako Udalak, 2019ko otsailaren 7an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

“Onestea, bidezko bada, eta gai-zerrendan sartzea berretsi ondoan, Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema, eta sartzea eta aparkatzea kamera bidez kontrolatzea arautzen dituen ordenantzaren bosgarren tituluaren aplikazioa eteteko proposamena. Titulu horretan, ordenantzaren gainerako ataletan ezarritako xedapenak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen-araubidea ezartzen da”.

2019ko otsailaren 3an, eremu urdinaren emakidaren kontratua adjudikaturik duen enpresak zerbitzua emateari utzi zion, Udalak 2018ko uztailaren 5eko osoko bilkuran erabakitakoa betez. Izan ere, Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema, eta sartzea eta aparkatzea kamera bidez kontrolatzea arautzen dituen ordenantzako xedapenak indarrean sartu ziren.

Hala ere, oraindik ez da gaitu kamera bidezko kontrol sistema, onetsitako ordenantzako xedapenak aplikatzeko aurreikusi zena, eta ordenantza horren indarra eta hura betetzeko betebeharra deusetan ukatu gabe, nekeza da aplikatzea Udalaren zerbitzuek azterturiko bestelako aukerak, xedapen zehatzaileak aplikatu daitezen eta ordenantza egiazki bete dadin. Hori horrela da giza baliabide eta baliabide material nahikorik ez dagoelako, eta baita ikuspegi juridikotik behaztopak daudelako ere.

Horrenbestez, ordenantzaren edukia eta berriki onetsitako araudia jakitera emateko jarduketak egin behar dira, kamera bidez sartzea eta aparkatzea kontrolatzeko sistema ezartzen ez den artean, eta zehapen bidea baliatu gabe, hura aplikatzea ezinezkoa baita, materialki nahiz arlo juridikoan. Jarduketa horien bidez lortu behar da herritarrek ezagutzea eta errespetatzea ordenantzan mugaturiko sarreren kontrola eta aparkatzeko denbora mugak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako printzipioekin bat, zeinek administrazio publikoen erregelamendu-ahala arautzen baitute, eta bereziki segurtasun juridikoaren eta efizientziaren printzipioekin bat; eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 82.3 eta 97. artikuluetan ezarritakoaren babesean,

ERABAKITZEN DA:

1. Etetea honako ordenantza honen bosgarren tituluaren aplikazioa: Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema, eta sartzea eta aparkatzea kamera bidez kontrolatzea arautzen dituena. Titulu horretan, ordenantzaren gainerako ataletan ezarritako xedapenak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen-araubidea ezartzen da.

2. Titulu hori indarrik gabe egonen da, harik eta martxan jartzen den arte sartzea eta aparkatzea kamera bidez kontrolatzeko sistema, trafikoa era egokian kontrolatzea eta zehapen-espedienteak behar bezala abiaraztea baimenduko duena, ordenantzan araututakoaren ildotik. Alkateari ahalmena ematen zaio titulu hori berriz aplikatzen hasteko ebazpena eman dezan. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

3. Bizikidetza eta Iraunkortasun arloa eta Lizarrako Udaltzaingoa premiatzea, erabakitako etenaldiak dirauen bitartean, beharrezko baliabideak bidera ditzaten Lizarrako bizilagunen artean ezagutarazteko onetsiriko araudiaren edukia, hartan xedatutakoa bete dadin. Horren barne da ordenantzan ezarririko eremuetako bakoitzean seinale horizontalak eta bertikalak jartzea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Lizarrako Udaltzaingoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizarran, 2019ko otsailaren 13an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

Iragarkiaren kodea: L1902147