51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

11/2019 FORU LEGEA, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOARI ETA FORU-SEKTORE PUBLIKO INSTITUZIONALARI BURUZKOA.

HITZAURREA

1

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 49.1 artikuluko c) eta e) letretan eskumen osoa esleitzen dio Foru Komunitateari, bere foru araubidea dela eta, Nafarroako zuzenbide substantiboaren espezialitateetatik edo antolaketa propiotik eratorritako prozedura administratiboko edo, kasua bada, ekonomiko-administratiboko arauei dagokienez eta, orobat, Foru Diputazioaren, haren administrazioaren eta haren menpe dauden entitate publikoen araubide juridikoari dagokionez. Betiere, administrazio publikoetan herritar guztiak berdin tratatuak izatea bermatu behar du.

Eskumen hori erabiliz onetsi ziren Foru Komunitateko Gobernuaren eta Administrazioaren araubide juridikoari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea onetsi zenetik, Administrazio Publikoa aldatu, eta bere funtzionamendua errealitate sozial berriari egokitu behar izan dio herritarrei zerbitzu egokiagoak eman ahal izateko; izan ere, gaur egun Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak ezin dira jada ez ulertu ez eta garatu ere bilakaera teknologikoari bizkarra emanda. Zerbitzuak ematen dituzten erakundeek diharduten testuinguruaren eraldaketa eta hartako aldaketa sozialak ikusirik, behar-beharrezkoa da administrazioa berritzea. Aldaketa hori azaleratzen hasi zen Nafarroako Foru Komunitatean administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea onestearekin batera.

Bestalde, ordenamendu juridikoa ere nabarmen aldatu da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea onestearekin batera. Oinarrizkoak direnez, lege horiek gure Administrazioaren antolamenduari eta funtzionamenduari eta hark herritarrekin dituen harremanei eragiten diete.

Beraz, bidezkoa da lehenengo pausoa ematea gure araudia oinarrizko legediari egokitzeko eta gure garaietara egokituagoa den administrazio berria ezartzeko. Horretarako, ezinbestekoa da foru lege hau prestatu eta onestea, honako hauek arautze aldera:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Foru-sektore Publiko Instituzionalaren antolaketa, funtzionamendua eta araubide juridikoa.

b) Foru Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko harremanak, indarreko araudiaren esparruaren barnekoak.

c) Herritarren laguntzarekin, kalitateko arau esparru bat prestatu eta horri eustea.

Alde batetik, foru lege honek honako hauek arautzen ditu: Foru Administrazio Publikoaren barne funtzionamenduaren ad intra harremanen eta Foru Komunitatean aritzen diren administrazio ezberdinen arteko harremanen antolamendua, eta gure Administrazioaren (instituzionala barne) berariazko araubide juridikoa.

Alde horretatik, araudi berriak gure antolaketa administratiboaren berezitasunei eusten die, eta antolaketa hori egokitzen die administrazio elektronikoak eta urriaren 1eko 40/2015 Lege berriak ezarritako eskakizun berriei (urriaren 1eko 40/2015 Lege horrek administrazio egitura berri bat jasotzen du, sektore publikoaren eremuan entitate berriak sartzea ahalbidetzen duena).

Hori helburu, eta herritarrentzako arreta eta zerbitzuak hobetzeko eta administrazioaren jarduera eraginkorragoa izateko asmoz, foru lege hau onetsi da. Legearen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta sektore publiko instituzionala osatzen duten erakundeen antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

Beste aldetik, foru legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Foru-sektore Publiko Instituzionalak herritarrekin eta enpresekin dituzten ad extra harremanak arautzen ditu.

Harreman horien esparruan, foru lege honen helburu nagusietako bat da administrazio elektroniko orokortua ezartzea eta teknologia berriak administrazio prozedurari aplikatzea, oinarrizko legediak eskatzen duenari jarraikiz.

Zehatz-mehatz, urriaren 1eko 39/2015 Legearen zioen azalpenean honako hau xedatzen da: “Azaroaren 26ko 30/1992 Legea jada ohartu zen teknologia berriek administrazio-harremanetan duten garrantziaz, baina legezko aitortza ekainaren 22ko 11/2007 Legeak eman zien, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoak, herritarrek administrazio publikoekin elektronikoki harremanetan jartzeko duten eskubidea ezarri baitzuen, eta orobat administrazioen betebeharra zela beren buruak hornitzea eskubide hori baliatzeko behar diren bitarteko eta sistemez. Hala ere, gaur egungo ingurumarian, izapidetze elektronikoa ezin da oraindik izan prozedurak kudeatzeko modu berezi bat; administrazioen ohiko jarduketa-modua izan behar du. Izan ere, paperik gabeko administrazio batek, funtzionamendu erabat elektronikoan oinarriturik, efikazia- eta efizientzia-printzipioak egokiago zerbitzatzeaz gain, kostuak aurrezten baitizkie herritar eta enpresei, interesdunen bermeak indartu ere egiten ditu. Hain zuzen ere, dokumentazioa eta jarduketak artxibo elektroniko batean izateak erraztu egiten du gardentasunerako betebeharra konplitzea, aukera ematen baitu interesdunei unean uneko informazio bizkorra eta eguneratua eskaintzeko”.

Testuinguru horretan, ezin da ahaztu herritarrei zerbitzua ematea dela Administrazioaren beraren existentzia justifikatzen duen oinarrizko printzipioa, haren jardueraren goiargi nagusia. Hortaz, araudi berri honek apustu egiten du administrazio elektronikoa errealitate bat izan dadin, zertarako eta Administrazioaren funtzionamendu eraginkorragoa eta arinagoa lortzeko eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko.

Horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Foru-sektore Publiko Instituzionalaren ad intra eta ad extra harremanen antolamendua arau multzo bateratu batean sistematizatzen da.

Amaitzeko, foru lege berriak herritarren laguntzarekin kalitateko arau esparrua prestatu eta horri eusteko araubidea ezartzeari ekin dio. Horrela, araugintza-prozedura oinarritu behar duten printzipio berriak ezartzen ditu, baina, batez ere, araudi horren erdi-erdian kokatzen ditu ordenamendu juridiko horren hartzaileak.

Foru legeak zazpi titulutan bildutako 133 artikulu ditu, hamar xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat, hiru azken xedapen eta bi eranskin.

2

I. tituluak xedapen orokorrak biltzen ditu, foru legearen aplikazio-eremua zehazten du, eta Administrazioaren ahalak eta prerrogatibak jasotzen ditu.

Aplikazio-eremu subjektiboari dagokionez, foru lege honek Administrazio Erroa arautzen du, bai eta Foru-sektore Publiko Instituzionala izenekoa osatzen duen antolaketa-egitura ere. Oinarrizko legediarekin bat, araudi integral bat proposatzen da, baina xehekiago jorratzen da administrazio publikotzat jotzen diren entitateei (“Foru Administrazio Publiko” deitutakoak) aplikatu beharreko araubide juridikoa garatzearen lana, entitate horiek baitituzte herritarrak dauden mailan nagusiki eragiten duten administrazio-eskumenak.

Xedapen orokorrei dagokienez, honako printzipio honen gainean eratzen dira: administrazio elektronikoak administrazioaren ohiko jarduketa-modua izan behar du. Horrela argi geratzen da teknologia berrietan oinarritzen den sistema bat ezarri nahi duela beste administrazio batzuekin eta herritarrekin harremanak izateko.

3

II. tituluak Foru Administrazio Publikoaren araubide orokorra ezartzen du, eta honako hauek jasotzen ditu: haren antolaketaren eta funtzionamenduaren printzipio orokorrak, organoak, eskumenen erabilera, eta kide anitzeko organoen arau zehatzak.

Printzipioen eremuan, foru legea saiatzen da behar eta eskakizun sozial berrietatik datozen printzipioak ezartzen, bai eta ezarri nahi den Administrazio berriaren ondorioz beharrezko gertatzen direnak ere. Berria izateagatik, nabarmendu behar da oso garrantzitsua dela tresna informatikoak erabiltzea, eraginkorrak baitira pertsona guztiek irisgarritasuna dutela eta herritar guztiek administrazioarekiko harremanetan tratu-berdintasuna jasotzen dutela bermatzeko.

Eskumenen erabileraren araubide juridikoari dagokionez, foru legeak araudi berri bat jasotzen du, oinarrizko legediak ezarritako betebehar berrien ondoriozkoa.

Kide anitzeko organoen araubideak berritasun garrantzitsuak ditu, funtsean lotuta daudenak izapide elektronikoen ezarpenarekin eta oinarrizko araudiak ezartzen dituen eskakizun berriekin.

4

III. tituluak Foru Komunitateko Administrazioaren eta Foru-sektore Publiko Instituzionalaren antolaketa arautzen du. Eremu horretan ez dago berritasun handirik, oinarrizko legedia bete beharretik eratorritakoak izan ezik. Hona hemen arrazoia: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako egiturak erakutsi du egokiena dela kudeaketa eta zerbitzu eraginkor eta efizientea gauzatzen jarraitu ahal izateko. Baina, oinarrizko araudiak eskatzen duen bezala, Foru-sektore Publiko Instituzionalean sortzen diren entitateak edo horien aldaketa, bat-egitea edo azkentzea Estatuko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatu behar direla jasotzen da. Halaber, sektore publiko hori osatzen duten entitate guztien gaineko eraginkortasun-kontrola eta etengabeko ikuskapena indartzen dira, legedi hori oinarri hartuta.

Berritasun hau nabarmendu behar da: oinarrizko legediak jasotzen duen bezala, aukera dago gure eremuan administrazio agintaritza independenteak eta partzuergoak sortzeko; lehenengoek kanpoko ikuskapen edo erregulazio eginkizunak gauzatuko dituzte sektore ekonomiko eta jarduera zehatz batzuen gainean, eta bigarrenek, berriz, interes komuneko jarduera batzuk garatuko dituzte, administrazioen edo sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateen eskumenekoak. Orain arte figura hori Toki Administrazioaren gure legedian baino ez zen jasotzen.

5

IV. tituluak Administrazioaren funtzionamendu elektronikoari buruzko aurreikuspenak biltzen ditu. Zehatz-mehatz, bai barne eremuan bai herritarrekiko harremanetan administrazio elektronikoa errealitate bat izatea ahalbidetuko duten edo horretan lagunduko duten tresna edo aplikazio guztiak jasotzen dira, berriak nahiz gure eremuan jada oso garatuak. Izan ere, herritarrak dira administrazioaren beraren existentziarako arrazoia.

Foru legean eguneratu egiten da Nafarroako Gobernuaren web atariari eta egoitza elektronikoari buruz dagoen araudia. Egoitza elektronikoarekin oso estu lotuta, oinarrizko legediak “sarbide-puntu nagusi elektronikoa” deitu duenaren araudia jasotzen du, pertsonen eskubide gisa. Puntu horren bidez, herritarrek Foru Administrazio Publikoaren eta gainerako administrazio publikoen zerbitzu eta prozedura guztiak atzitzen ahalko dituzte, baita beraiei egindako prozedura, komunikazio eta jakinarazpenen izapidetze egoera zein den jakin ere.

Izapidetzeko modu berriari egokitzeko asmoz eta oinarrizko legediarekin bat, foru legeak Foru Administrazio Publikoaren identifikazio-sistemaren araudia ere jasotzen du, eta horren administrazio jarduketa automatizatua ere bai. Halaber, bestela ezin izan, Administrazioaren zerbitzuko langileen identifikazio- eta sinadura- sistema orokortu bat ezartzen du.

Era berean, eta legedi berriari egokitu beharra dela eta, Erregistro Orokor Elektronikoaren araubide berri bat jasotzen da, erregistro hori beste administrazio publiko batzuen erregistroekin guztiz elkarreragingarri eta elkarkonektatuta egon dadin, baldintza horiek funtsezko ardatzak baitira administrazio elektronikoa lortzeko.

Artxibo Elektroniko Bakarraren araubideak tresna horren definizio argia eta zehatza biltzen du. Ez da ahaztu behar ezen, paperik gabeko Administrazioa ezartzean, erregistro hori funtsezkoa dela administrazio agiriak legez ezartzen den aldian gorde eta zaintzen direla bermatzeko.

Amaitzeko, berritasun hau nabarmendu behar da: erregistro arloan laguntza emateko bulegoak egotea aurreikusten da, non Gaitutako Funtzionarioen Erregistroan inskribatutako langileak arituko diren. Bulego horiek sortzea titulu honetan jasotzen da. Gainera, Ahalordetzeen Erregistro bat izan beharra ezartzen da.

Erregistro arloan laguntza emateko bulegoek eginkizun berri bat dute; hain zuzen, izapide elektronikoak egitera behartuta ez dauden pertsonei laguntzea. Horrez gain, erregistroaren berezko funtzioez eta dokumentazioaren digitalizazioaz arduratuko dira besteak beste, eta pertsona guztiei informazioa, laguntza eta orientazioa emanen dizkiete Foru Administrazio Publikoaren berezko prozedurak izapidetu ahal izateko behar diren betekizunen gainean.

Gaitutako Funtzionarioen Erregistroan langile funtzionarioak inskribatuko dira, baldin eta esleituta badituzte elektronikoki erlazionatzera behartuta ez dauden pertsonen izenean egin beharreko identifikazio eta sinadura elektronikoko eginkizunak eta dokumentuen jatorrizko kopien jaulkipena, kopia-jaulkipen hori ez denean posible edo galdagarria administrazio jarduketa automatizatuaren bidez.

Azkenik, Ahalordetzeen Erregistroa sortzea aurreikusten da. Bertan inskribatuko dira pertsona fisikoek edo juridikoek Foru Administrazio Publikoaren aurrean jardute aldera hirugarrenen alde baimentzen dituzten ordezkaritzak. Erregistro horrek beste administrazio publiko batzuen erregistroekin guztiz elkarreragingarri izan eta elkarkonektatuta egon behar du.

6

V. tituluak administrazioarteko harremanak arautzen ditu, eta administrazioen koordinazioa, elkarlana eta lankidetza gidatu behar dituzten premisa berriak gehitzen ditu; horiek guztiak gehienbat hitzarmenen eta baterako jarduketako planen bidez gauzatzen dira. Bestalde, beste administrazio publiko batzuekiko harreman gatazkatsuei dagokienez orain indargabetzen den araudian jasotako araudiari eusten dio, eta lehen aldiz administrazio publikoen arteko harreman elektronikoei buruzko araubidea ezartzen da.

Administrazioen koordinazioari, elkarlanari, lankidetzari, hitzarmenei eta planei dagokienez, foru legeak arlo horren araubide askoz xeheagoa eta zehatzagoa taxutzen du, kontuan hartuta eskumenak erabiltzeari begira administrazio ezberdinen artean ezartzen diren harremanak gero eta garrantzitsuagoak direla.

Administrazio publikoen arteko harreman elektronikoei dagokienez, foru legeak informazioaren eta jakintzen trukea, datuen kontsulta eta igorpena, eta sinadura elektronikoko sistemen elkarreragingarritasuna sustatzearen aldeko apustua egiten du. Gainera, herritarrentzako arreta hobetze aldera, administrazioek sistema eta aplikazio informatikoen berrerabilera eta transferentzia lehenetsiko dituzte, oinarrizko legediak zehazten duen moduan.

7

Aurreko araudiaren ildotik, baina ezartzen den Administrazio berriari egokituta, herritarrekiko harremanetan Administrazioak izan behar dituen jarduketa-arau orokorrei buruzko VI. tituluak pertsonen eskubideak eta administrazio prozedurari buruzko antolaketa-berezitasunak jasotzen ditu. Halaber, izapidetze elektronikoa errealitate bat izan dadin Administrazioak bere gain hartzen dituen betebeharrak arautzen ditu.

Alde horretatik, bai izapidetze elektronikoa bai modu horretan izapideak egitera behartuta ez dauden pertsonentzako arreta bermatzen dira, oinarrizko legedian zehazten den moduan. Izapidetze hori bermatze aldera, onartutako identifikazio- eta sinadura-sistemak gure eremuan nola arautu ezartzen da. Era berean jasotzen du izapide elektronikoak egitera behartuta dauden pertsonei gaitutako helbide elektroniko bat, izapidetze hori bermatzen duena, esleitzeko aukera.

8

Azkenik, VII. titulua arau esparruaren hobekuntzari eta arauak prestatzeko prozedurari buruzkoa da. Erregulazioak prozeduraren oinarrizko printzipioak eta tramiteak jasotzen ditu. Helburu argia lortu nahi da: arau esparru egonkorra, kalitatekoa eta une bakoitzean aplikatzen den errealitateari egokitzen zaiona izatea. Egokitzapen hori ez litzateke posible izanen, baldin eta prozesu horretan herritarren parte-hartzea jasoko ez balitz.

9

Azken zatiko xedapenei dagokienez, nabarmendu behar da indargabetu egiten dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea. Arau hura mugarri izan zen Administrazioan, eta horri esker gaur egun modua dago azken urteotan egondako bilakaera teknologiko eta sozialaren ondorioz Administrazioarentzat aurreikusten diren erronka berriei aurre egiteko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Esparru objektiboa.

Foru lege honek ondokoak arautzen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Foru-sektore Publiko Instituzionalaren antolaketa, funtzionamendua eta araubide juridikoa.

b) Foru Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko harremanak, indarreko araudiaren esparruaren barnean.

c) Herritarren laguntzarekin, kalitateko arau esparru bat prestatu eta horri eustea.

2. artikulua. Esparru subjektiboa.

1. Foru lege hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari aplikatzen zaie. Azken hori honako hauek osatzen dute:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko edozein erakunde publiko eta entitate.

b) Zuzenbide pribatuko entitateak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, haren erakunde publikoei eta harekin lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko entitateekin lotuta edo haien menpe daudenak. Entitate horiei aplikatuko zaizkie beroriei buruzko aipamen zehatza egiten duten foru lege honetako arauak; eta, betiere, administrazio-ahalak erabiltzen dituztenean.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoa, haren berariazko araudiak eraenduko duena eta, modu osagarrian, foru lege honen xedapenek.

2. Foru lege honen ondorioetarako, foru administrazio publikotzat jotzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta aurreko apartatuko a) letran aipatzen diren erakundeak eta entitateak.

3. artikulua. Foru Administrazio Publikoaren nortasun juridikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hierarkikoki ordenatutako hainbat organoz osaturik, nortasun juridiko bakarrarekin dihardu bere helburuak betetzeko.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin lotutakoak edo haren menpekoak diren zuzenbide publikoko erakunde publikoek eta entitateek nortasun juridiko osoa dute hirugarrenekiko harremanetan.

4. artikulua. Foru Administrazio Publikoaren ahalak eta prerrogatibak.

Foru Administrazio Publikoak, bere eskumenak erabiltzen dituenean, ordenamendu juridikoak aitortzen dizkion ahalak eta prerrogatibak izanen ditu, eta betiere, honako hauek:

a) Bere burua antolatzeko ahala.

b) Bere egintzak zuzenbidearen araberakoak izatearen presuntzioa.

c) Bere egintzak bete beharrekoak izatea.

d) Bere egintzak ofizioz berrikusteko ahala.

e) Nahitaezko betearazpenerako ahala.

f) Desjabetze-ahala.

g) Zehatze-ahala.

h) Erregelamendu-ahala.

i) Ziurtatze-ahala.

j) Tributu-ahala.

k) Autotutoretza-ahala.

l) Kalifikaziorako edo ebaluazio teknikorako ahala.

5. artikulua. Ad intra eta ad extra harremanak.

1. Administrazioarteko harremanak baliabide elektronikoen bidez garatuko dira. Baliabide horiek elkarreragingarritasuna eta segurtasuna bermatu beharko dituzte, eta lagungarri beharko dute izan zerbitzu publikoen ematea baterakoa izan dadin.

2. Indarreko araudiaren esparruan, ahal dela, herritarrekiko harremanak baliabide elektronikoen bidez gauzatuko dira, administrazio prozeduren izapidetzea hobetu eta sinplifikatzeko asmoz, eta oreka egokia bermatuko da administrazio jardueraren eraginkortasunaren eta herritarren eskubideen zaintzaren artean.

II. TITULUA

Foru Administrazio Publikoaren araubide orokorra

I. KAPITULUA

Foru Administrazio Publikoa

6. artikulua. Antolaketa eta funtzionamenduari buruzko printzipio orokorrak.

1. Foru Administrazio Publikoak interes orokorrei objektibotasunez erantzuten die, administrazio-izaerako eginkizun betearazleak gauzatuz, betiere osoro men eginez Konstituzioari, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoari, ordenamendu juridikoaren gainerakoari eta zuzenbideari.

2. Legezkotasun printzipioaz gainera, Foru Administrazio Publikoak honako printzipio hauek beteko ditu bere antolaketan eta funtzionamenduan:

a) Zer organok osatua den, organo horien hierarkia.

b) Araudian ezarritako eskumen-banaketako ordenari egokitzea.

c) Deskontzentrazio, deszentralizazio eta banaketa funtzionala, beharrezkoa bada, kudeaketa edo exekuzio lanak egiteko.

d) Ekonomia, eta baliabideak egoki esleitzea helburu instituzionalei.

e) Bere helburuak eraginkortasunez betetzea.

f) Efizientziaz esleitu eta erabiltzea baliabide publikoak.

g) Plangintza, helburuen araberako zuzendaritza, eta politika publikoen emaitzen kudeaketa eta ebaluazioa kontrolatzea.

h) Kudeaketa publikoarekiko ardura.

i) Fede ona, konfiantza legitimoa eta leialtasun instituzionala.

j) Administrazio prozeduren eta kudeatze-jarduera materialen arrazionalizazioa eta arintasuna.

k) Herritarrentzako zerbitzu eraginkorra.

l) Sinpletasuna, argitasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna.

m) Administrazioaren jarduketaren gardentasuna, parte-hartzea eta objektibotasuna.

n) Subsidiariotasun eta proportzionaltasuna bere eskumenak erabiltzean.

o) Administrazioko organoen eta erakunde publikoen arteko koordinazioa.

p) Gainerako administrazio publikoekiko lankidetza, koordinazioa eta elkarlana, eta lurraldearteko elkartasuna.

q) Baliabide elektronikoetako sistemen eta soluzioen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna.

r) Herritar guztien irispidea eta tratu-berdintasuna bermatzea, batez ere emakumeen eta gizonen artekoa, administrazioarekiko harremanetan.

II. KAPITULUA

Foru Administrazio Publikoaren antolaketa

7. artikulua. Administrazio antolaketa.

1. Foru Administrazio Publikoak, bere burua antolatzeko ahala baliatuz, bere eskumenak erabiltzeko beharrezkotzat jotzen dituen administrazio-organoak sortzen ahalko ditu.

2. Unitate organiko bakoitza osatuko dute esleiturik dituzten eginkizunengatiko elkarlotura duten lanpostuek eta burutza amankomun batek.

3. Foru Administrazio Publikoaren organo gorenak dira Nafarroako Gobernua, haren lehendakaria, lehendakariordeak, kasua bada, eta kontseilariak. Foru Administrazio Publikoaren gainerako organo guztiak organo goren baten zuzendaritzapean daude.

4. Foru Administrazio Publikoaren organoak sortu, aldatu edo kentzeko, foru lege honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa bete beharko da.

5. Administrazio-organo bat sortzeko, haren eginkizunak eta eskumenak zedarritu beharko dira, haren menpekotasun organiko eta funtzionala zehaztu beharko da, eta haren abiarazpen eta funtzionamendurako beharrezkoak diren kreditu-zuzkidura egin beharko da. Inola ere ezin dira sortu jadanik badauden beste organo batzuen bikoizketa diren organo administratiboak, baldin eta aldi berean ez bada ezabatzen edo behar bezala mugatzen lehenagotiko organo horien eskumena. Horretarako, organo berria ez da sortuko harik eta egiaztatzen den arte Foru Administrazio Publikoan ez dagoela beste organorik lurralde eta populazio beraren gainean eginkizun bera betetzen duenik.

6. Foru Administrazio Publikoaren antolaketa ezartzen duten arauetan dagozkion eskumenak egoki erabiltzeko ezinbestekotzat jotzen den egitura finkatuko da. Orobat, eskumen horiek organoen artean banatuko ditu, unitateak eta lanpostuak uneoro esleitzen zaizkien helburuetara malgutasunez egokitu ahal izateko moduan.

7. Organoen titularrek dute organo horien funtzionamendu egokiaren erantzukizuna, bai eta organoari esleituriko eginkizunak behar bezala egitearen erantzukizuna ere; titularrek, egokitasun hori helburu, organoetako giza baliabideak eta baliabide materialak antolatu beharko dituzte, bidezko jarraibideen eta zerbitzu-aginduen bitartez.

8. Administrazio-organoei esleituriko eskumenak erabiltzeko beharrezkoak diren eragin juridikodun egintzak organo horien titularrek egiten dituzte, nahiz eta hori ez den eragozpen izanen eskuordetzan emateko sinadura, foru lege honetan ezarritakoaren arabera.

9. Foru Administrazio Publikoari dagozkion eskumenak erabiltzeko, zilegi izanen da funtzionalki Nafarroako lurraldetik kanpo arituko diren organoak sortzea.

8. artikulua. Administrazio-egituren egokitzapena.

1. Administrazio-organoen titularren ardura da Nafarroako Gobernuak finkatutako helburuak hobekien betetzeko egokitzapenak egin edo sustatzea, nork bere eskumenen arabera, bere menpe dituzten administrazio-egituretan eta langilerian.

2. Administrazioaren antolaketaren eta funtzio publikoaren gaineko eskumen berariazkoak dituzten organoek, alor horietako beren eginkizunak Foru Administrazio Publiko osoaren gainekoak direnean, behar diren neurriak hartuko dituzte egitura foru lege honen printzipioei eta Nafarroako Gobernuak ezarritako irizpide eta helburuei egokitzeko, legez esleitutako baliabideen arabera.

9. artikulua. Jarraibideak eta zerbitzu-aginduak.

1. Foru Administrazio Publikoko organoek hierarkiaz beren menpe daudenen jardueren zuzendaritza gauzatu ahalko dute jarraibideak eta zerbitzu-aginduak emanez.

2. Jarraibideak eta zerbitzu-aginduak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, berariazko xedapen batek hori ezartzen duenean edo komenigarritzat jotzen bada hartzaile diren pertsonengatik edo sor daitezkeen ondorioengatik.

3. Jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ez betetzeak ez du, bere horretan, eraginik administrazio-organoek emandako egintzen baliozkotasunean, kasua bada egon daitekeen diziplinazko erantzukizuna gorabehera.

III. KAPITULUA

Eskumenen erabileraren araubide juridikoa

10. artikulua. Eskumenari uko egin ezina eta eskumen-esleipena.

1. Administrazio-eskumenen erabilera dagokie eskumen horiek propio gisa esleituak dituzten Foru Administrazio Publikoko organoei, eta eskumen horiei ezin izanen diete uko egin, kapitulu honetan arautzen diren kasuak deusetan galarazi gabe.

2. Eskumen bat orokortasunez esleitzen denean, eskumen hori zer departamentuk erabili behar duen aipatu gabe, arloaren arabera zehaztuko da zeini dagokion. Ezin bada ulertu departamentu jakin bati egin zaionik esleipena, Lehendakaritzako eskumena duen departamentuak hartuko du bere gain.

3. Eskumen bat departamentu bati orokortasunez esleitzen zaionean baina zein organok erabili behar duen zehaztu gabe, departamentuaren egitura organikoaren barnean zehaztuko da organo hori. Ezin bada ulertu organo zehatz bati esleitu zaionik, ulertuko da gaiaren eskumena duen zerbitzuko titularrari edo maila bereko organoari dagokiola.

4. Arloagatik eta eskualdeagatik organo eskudun bat baino gehiago daudenean, goragoko organo hierarkiko amankomunak zehazten duen organoak egikarituko du eskumen hori.

5. Foru Administrazio Publikoa osatzen duten organo eta entitateen eskumenak Foru Komunitatearen lurralde osoa hartzen du, aplikatzekoak zaizkien arauetan kontrakoa adierazi ezean.

6. Administrazio-organoei esleitzen zaizkien eskumenen titulartasuna eta erabilera hierarkikoki haien menpekoak diren beste batzuetan deskontzentratu ahalko dira, eskumen-esleipeneko arauetan bertan ezartzen den moduan eta baldintzetan.

11. artikulua. Eskumenak organoen artean eskuordetzea.

1. Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dute esleituta dituzten eskumenen erabiltzea kasuko administrazioko maila bereko edo txikiagoko beste organo batzuei eskuordetzea, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Elkarlotura hierarkikorik gabeko organoak badira, beharrezkoa izanen da goragoko organo hierarkiko komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea.

2. Honako eskumen hauek ezin dira eskuordetzan eman:

a) Nafarroako Gobernuaren onespena behar duten gaiak.

b) Izaera orokorreko xedapenak onestea.

c) Erakundeekiko edo beste administrazio publiko batzuekiko harremane dagozkien gaiak.

d) Egintza deusezak ofizioz berrikustea eta egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea, egintza horiek eman dituzten organoetan.

e) Kargak ezartzen dituzten egintzak edo kalterako diren egintzak errebokatzea.

f) Errekurtsoak ebaztea errekurritutako egintzak eman zituzten organoetan.

g) Prozedura bat ebaztea, baldin eta aurretik kasuko organo aholku-emaileak aginduzko irizpena edo txostena eman badu.

h) Foru lege mailako arau batek dena delako gaiari buruz hala ezartzen duenean.

3. Beste organo batek eskuordetzan emanda erabilitako eskumenak ezin dira eskuordetzan eman, legezko baimen berariazkoa izan ezik.

4. Eskumen-eskuordetzea eta horren errebokatzea noiznahi egin daitezke. Organo eskuordetzaileak onetsiko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

5. Baldin eta kide anitzeko organo bati esleituriko eskumen baten erabilera arrunterako quorum berezi bat beharrezkoa bada, eskumen hori eskuordetzan emateko erabakia betiere quorum hori errespetatuz hartu beharko da.

6. Eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio-egintza eta -ebazpenetan berariaz adierazi beharko da zirkunstantzia hori, eta organo eskuordetzaileak egindakotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

12. artikulua. Erakunde publikoen eta zuzenbide publikoko entitateen eskuordetzea.

1. Aurreko artikuluan ezarritako nondik norakoekin, Foru Administrazio Publikoko organo gorenek zilegi izanen dute beren eskumen propioen erabilera eskuordetzea beren erakunde publikoei eta menpeko edo lotutako entitateei, hori komeni baldin bada esleiturik dituzten helburuak lortzeko eta beren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko.

2. Eskuordetze hori eraginkorra izateko, beharrezkoa izanen da eskumenak eskuordetu behar zaizkion erakunde edo entitateak eskuordetza aldez aurretik onartzea. Horrelakorik ezean, beharrezkoa izanen da hierarkian goragokoa den organo amankomunak aldez aurreko onespena ematea.

13. artikulua. Goragokoak eskumenak bereganatzea.

1. Foru Administrazio Publikoko organoek edonoiz berenganatu dezakete beren menpeko administrazio-organoek ohiz edo eskuordetzaz ebatzi beharreko gai baten edo batzuen gaineko ardura, zirkunstantzia tekniko, ekonomiko, sozial, juridiko edo lurraldeari dagozkionek hori komenigarri egiten dutenean, oinarrizko legediak ezarritako zertzeladekin.

2. Hierarkikoki menpeko ez diren organoei eskumenak eskuordetzan emanez gero, organo eskuordetzaileak bakarrik bereganatu ahalko du gairen baten gaineko ebazte-ardura.

3. Goragokoak eskumenak bereganatzeko erabakia arrazoitua izan beharko da, eta prozedurako interesdunei jakinarazi beharko zaie, halakorik izanez gero, emanen den azken ebazpenaren aurretik edo haren aldi berean.

4. Goragokoak eskumenak bereganatzeko erabakiaren aurkaratzea egin ahalko da prozeduraren ebazpenari jarritako errekurtsoan bakarrik.

14. artikulua. Kudeatze-esleipena.

1. Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi izanen dute beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuei –lotutakoak edo haien menpekoak– eskuordetzea beren eskumeneko jarduera materialak eta teknikoak egitea, dela eraginkortasun-arrazoiengatik, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Horretarako, hurrengo apartatuetan xedatutakoari jarraituz jokatuko dute.

2. Organo esleitzailea atxikia dagoen departamentu bereko beste organo bati kudeatze-esleipena egiteko, edo haren menpeko erakunde edo entitate publiko bati, beharrezkoa izanen da departamentuaren titularra den pertsonak emandako baimena.

3. Organo esleitzailea atxikia dagoenaz bestelako departamentu bateko administrazio-organo bati kudeatze-esleipena egiteko, edo beste departamentu baten menpeko erakunde edo entitate publiko bati egiteko, bi departamentuen titularren baimen bateratua beharko da.

4. Kudeatze-esleipena beste administrazio publiko bati egitea, eta beste administrazio publiko batek Foru Administrazio Publikoari egitea, hitzarmen bat sinatuz formalizatuko da, behar beste aurrekontu-kreditu dagoela egiaztatu ondoren.

5. Kudeatze-esleipena egiteko baimenean edo, kasua bada, esleipen hori formalizatzen den hitzarmenean, honako hauek aipatu beharko dira: aginduaren araubide juridikoa, zer jardueratan eragina duen espresuki adierazita, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta hedadura, eta kudeatze-esleipenaren hartzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

6. Kudeatze-esleipenaren baimena edo esleipen hori formalizatzen duen hitzarmena eraginkorra izan dadin, osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

7. Ezin izanen dira kudeatze-esleipenen xede izan indarreko kontratu-legedian arautzen diren kontratuek dituzten berezko prestazioak.

15. artikulua. Sinatzearen eskuordetzea.

1. Foru lege honen 11. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako mugen barnean, departamentu bakoitzaren titularrak, bere eskumeneko arloetan, zilegi izanen du bere ebazpenen eta administrazio-egintzen sinatzea atribuzioz nahiz eskuordetzaz delegatzea bere menpeko administrazio-organoen titularrei.

2. Gainerako organoetako pertsonek ere zilegi izanen dute, aurreko artikuluan adierazitako muga beren barnean, beren menpeko organoei beren sinatzea eskuordetzea, nagusi hierarkikoak baimena emanez gero.

3. Sinatzearen eskuordetzea baliozkoa izateko, ez da derrigorrezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izatea.

4. Eskuordeturiko sinaketa bidez sinatzen diren ebazpen eta egintzetan, zirkunstantzia hori eta jatorrizko agintaritza zehaztuko dira.

16. artikulua. Ordezkotza.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren, lehendakariordeen eta kontseilarien ordezkotzak eta ordezkapenak egiteko, Nafarroako Gobernua eta Lehendakaria arautzen dituen Foru Legean eta hori garatzeko arauetan xedatzen denari jarraikiko zaio.

2. Departamentu bakoitzaren titularrak foru agindu bidez izendatuko ditu zuzendari nagusi eta idazkari tekniko nagusien ordezkoak, bai eta zuzenean haien menpekoak diren beste administrazio-organoen titularren ordezkoak ere, kargua hutsik edo titularra kanpoan edo eri dagoenean edo arrazoi pertsonalengatik aritzerik ez duenean, bai eta haien abstenitzea edo errefusatzea deklaratuta dagoen kasuetan ere.

3. Foru Administrazio Publikoko gainerako buruak hierarkikoki zer organoren menpe dauden, horri egokituko zaio haien ordezkoak hautatzea, salbu eta kasu horri buruz berariazko arau-aurreikuspena dagoenean.

4. Ordezkotzak arlo orokor baterako edo arlo espezifiko baterako egin daitezke, eta kasu jakin batzuetarako.

5. Ordezko bat baino gehiago izan daitezke aldi berean. Kasu horretan, arlo espezifikorako ordezkoak lehentasuna izanen du arlo orokorrerako ordezkoaren gainetik, eta bien jarduna eten egin daiteke kasu zehatz baterako ordezkotza ezartzen baldin bada.

6. Ordezkotza baliozkoa izateko, ez da derrigorrezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izatea, kasu jakin batzuetarako horrela ezarri ezean.

7. Ordezkotza bidez ematen diren ebazpenetan eta administrazio-egintzetan, zirkunstantzia horren berri eman beharko da, eta zehaztuko da zein den organoaren titularra eta nor den titular horren ordezkotzan diharduen pertsona.

17. artikulua. Eskumenei eta eskudantzia-gatazkei buruzko erabakiak.

1. Bere burua gai bat ebazteko eskuduntzarik gabekotzat jotzen duen administrazio-organoak jarduketak zuzenean igorriko dizkio eskuduntzat jotzen duen organoari, eta zirkunstantzia horren berri eman beharko die interesdunei.

2. Prozedurako alderdi diren interesdunak gai bat aztertzen ari den organoari zuzentzen ahalko zaizkio, hark bere eskumena ukatu eta jarduketak organo eskudunari igor diezazkion. Halaber, eskuduntzat jotzen duten organoarengana jo ahalko dute, inhibizio-eskaera egin diezaion gaia aztertzen ari den organoari.

3. Eskudantzia-gatazkak administrazio beraren barnean elkarlotura hierarkikorik gabekoak diren organoen artean baino ezin izanen dira sortu, halako aferetan non administrazio prozedura amaitu gabe dagoen.

4. Departamentuen artean sortzen diren eskudantzia-gatazkak Nafarroako Gobernuko lehendakariak ebatziko ditu.

5. Elkarren arteko erlazio hierarkikorik gabeko organoen artean sortzen diren eskudantzia-gatazkak goragoko organo hierarkiko amankomunaren titularrak ebatziko ditu.

IV. KAPITULUA

Kide anitzeko organoak

18. artikulua. Kontzeptua eta araubide juridikoa.

1. Foru Administrazio Publikoko kide anitzeko organoak dira erabaki, aholkularitza, proposamen, erabaki eta segimendu edo kontroleko administrazio-zereginekin administrazioaren barrenean sortzen direnak, hartan integraturik jarduten badute eta hiru kide edo gehiago baldin badituzte.

2. Kide anitzeko organoak eraenduko dira haien barne funtzionamendurako arauetan, haien eratze-xedapen edo -hitzarmenetan, kapitulu honek biltzen dituen xedapenetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan.

3. Nafarroako Gobernua, berriz, eraenduko da Nafarroako Gobernua eta lehendakaria arautzen dituen foru legearen eta horren garapen-arauen bitartez, eta ez zaizkio aplikatuko kapitulu honetan bildutako aginduak.

19. artikulua. Eratze-baldintzak.

1. Kide anitzeko organo bat eratzeko, aldez aurretik honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:

a) Haren xede eta helburuak.

b) Haren ebazte-gaitasuna; kasu honetan, haren erabakiek ebazpen-forma hartuko dute.

c) Esleitzen zaizkion eginkizunak.

d) Nola integratzen den egitura organikoan eta, hala bada, haren mendekotasun hierarkikoa.

e) Haren osaera, eta haren kideak hautatzeko irizpideak.

f) Kasuaren arabera bere funtzionamendurako beharrezkoak dituen aurrekontu-kredituen zuzkidura.

2. Erabakiak hartu edo proposamenak egiteko eskumenak, administrazio-erabakiak hartzeko oinarri diren aginduzko txostenak egiteko eskumenak eta beste organo batzuen jardueren segimendu edo kontrola egiteko eskumenak dituzten kide anitzeko organoak sortu, aldatu edo kentzea, bai eta horiek funtzionatzeko gutxieneko arauak ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den berariazko arau baten bidez eginen da.

3. Aurreko apartatuan zerrendatutako eginkizunak garatzen ez dituzten kide anitzeko organoak lan-batzorde edo lantaldetzat joko dira, eta horiek sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez eginen da, edo arloaren arabera eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez. Kasu horietan, erabaki horiek ez dute zuzeneko ondoriorik sortuko hirugarrenen aurrean.

20. artikulua. Kide anitzeko organoen osaera.

1. Kide anitzeko organo guztietan lehendakaria eta idazkaria egon beharko dira, eta, gainera, lehendakariorde batek edo batzuek eta beharrezkotzat jotzen diren kideek edo berariazko beste kargudun batzuek ere osatzen ahalko dituzte.

2. Idazkaritza-eginkizunak bere gain hartzen dituen pertsona organoko kidea izaten ahalko da zein ez. Organoko kidea ez bada, idazkaritza bere gain hartuko du Foru Administrazio Publikoaren zerbitzuko pertsona batek. Kide nahiz ez-kide izaera zehaztuko da kide anitzeko organo bakoitza sortzeko tresnan.

3. Organoen osaeran, ahaleginak eginen dira orekatua izan dadin emakumeen eta gizonen presentzia.

21. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

1. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Organoaren ordezkaria izatea.

b) Bilkura arrunten eta berezien deialdia egitea eta eguneko gai-zerrenda finkatzea.

c) Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, bilkurak bertan behera uztea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Legeak betetzen direla bermatzea.

g) Organoaren lehendakari izateak berez dituen gainerako eginkizun guztiak betetzea.

2. Kargua hutsik edo karguduna kanpoan edo eri dagoenean edo beste arrazoi justifikatu bat dagoenean, dagokion lehendakariordeak eginen du haren ordezpena; eta, lehendakariorderik ez bada, kide anitzeko organoan hierarkia-maila, antzinatasun eta adinik handiena duen kideak ordeztuko du, betiere hurrenkera horretan.

22. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

1. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bilkuretara joatea, hitza eta boto eskubidea dituela, organoko kidea bada, eta hitza bai baina boto eskubiderik gabe, organoko kidea ez bada.

b) Bilkuretarako deia egitea, organoko lehendakariak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Kideak eta organoa elkarrekin komunikatzeko egintzak jasotzea; beraz, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu beharrekoa den beste edozein idazki.

d) Arazoak ebazteko bidea prestatzea, eta bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

e) Onetsi diren ebazpen, kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Kide anitzeko organoko kidea baldin bada, halakotzat dagozkion eskubideak erabiltzea.

g) Kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, eta eratze- nahiz erabaki-hartze prozedurak eta erregelak errespetatzen direla bermatzea.

h) Idazkari izaerari berez dagozkion gainerako eginkizun guztiak.

2. Kargua hutsik edo karguduna kanpoan edo eri dagoenean edo beste arrazoi justifikatu bat dagoenean, organo bakoitzaren funtzionamendurako berariazko arauek xedatu bezala ordeztuko da; halakorik ezean, organo horrek hartutako erabakiak ezarri bezala. Idazkaria kide ez bada, kide anitzeko organoko kide batek ordeztuko du, zeinak kide den aldetik dituen eskubide guztiei eutsiko baitie.

23. artikulua. Kideen eginkizunak.

1. Interes-gatazkarik ez badago, kideek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Behar besteko aurrerapenaz jasotzea bilkuretako gai-zerrenda biltzen duen deialdia.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra adieraztea, bai eta bere botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Foru Administrazio Publikoaren zerbitzuko langile edo agintari izateagatik kide anitzeko organoetako kide diren pertsonak ezin izanen zaizkio itzuri beren boto-eskubidea egikaritzeari.

d) Galderak eta eskariak egitea.

e) Behar den aurrerapenez eskuratzea esleituta dituzten eginkizunak betetzeko behar den informazioa, gai-zerrendako aferei buruzkoa barne.

f) Beren izaerari berez dagozkion gainerako eginkizun guztiak.

2. Kide anitzeko organo bateko kideek ezin izanen dituzte beretako hartu organoari aitortutako ordezkaritza-eginkizunak, non ez zaizkien berariaz esleitzen arau baten bidez edo organoak berak kasu zehatz bakoitzerako modu baliozkoan hartutako erabaki baten ondorioz.

3. Kideak kanpoan edo eri daudenean eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez, horrelakorik baldin badago.

4. Beste kargu espezifiko batzuk badaude, haien araubidea eraketa- edo funtzionamendu-arauetan zehaztuko da.

24. artikulua. Deialdiak.

1. Kide anitzeko organoek ezarriko dute deialdiak egiteko araubidea, baldin eta araubide hori ez badago jasota haien funtzionamendu-arauetan. Araubide horretan bigarren deialdi bat aurreikus daiteke, eta kasu horretarako zehaztu zenbat kide behar diren organoa behar bezala eratzeko.

2. Posible ez denean salbu, deialdiak gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kideei, baliabide elektronikoen bidez, eta deialdiari gai-zerrenda gehituko zaio, eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioarekin batera ahal denean; bilkura zein baldintzatan eginen den adieraziko da halaber, baita konexio-sistema ere, eta, halakorik balitz, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak zein tokitan dauden ere adieraziko da.

25. artikulua. Kide anitzeko organoaren eraketa.

1. Organoa behar bezala eratu eta batzarrak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria bertaraturik egotea -edo, kasua denean, haien ordezkoak-, bai eta organoko kide kopuruaren erdiak gutxienez ere, aurrez aurre edo urrutitik. Funtzionamendu-arauek zehazten ahalko dute zer kide kopuru behar den bigarren deialdian organoa behar bezala eratzeko.

2. Kide anitzeko organoko kide guztiak edo horien ordezko pertsonak aurrez aurre edo urrutitik bildurik daudenean, modu baliodunean era daitezke kide anitzeko organo gisa, bilkurak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin gabe, kide guztiek hori erabakitzen badute.

3. Kide anitzeko organoek urrutitik egindako bilkuretan, kideak toki desberdinetan egoten ahalko dira, betiere baliabide elektronikoen bidez bermatzen bada (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak ere) kideen edo haien ordezko pertsonen identitatea, haien adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz haien arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak dirauen bitartean bitartekoak eskuragarri egotea. Besteak beste, baliabide elektroniko baliodunak izanen dira, konparaziorako, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

26. artikulua. Erabakiak nola hartu.

1. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartuta agertzen ez den deus, salbu, kide anitzeko organoko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanez.

2. Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira.

3. Organoko kideek kontrako botoa eman edo abstenituz gero, ez dute erabakien ondorioz suerta litekeen erantzukizunik izanen.

4. Interes legitimo baten titulartasuna frogatzen dutenek kide anitzeko organoarengana jotzen ahal dute hark bere erabakien ziurtagiria eman diezaien. Ziurtagiria elektronikoki jaulkiko da, salbu interesdunak berariaz kontrakoa azaltzen badu, Administrazioarekin modu horretan erlazionatzera behartuta egon gabe.

5. Gehiengoaren erabakiarekin bat etortzen ez diren kideek zilegi izanen dute idatzizko boto partikularra egitea, lehendakariak ezartzen duen zuhurtasunezko epe baten barrenean. Boto hori testu onetsiari erantsiko zaio.

27. artikulua. Aktak.

1. Kide anitzeko organoak egindako bilkura bakoitzaren aktan honako hauek jaso behar dira: bildutako pertsonak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukiak; eta, kasua bada, eta kide zehatz batek eskatuta, honako hauek ere bai: hartutako erabakiaren kontrako botoak, abstentzioak eta horiek justifikatzen dituzten arrazoiak, edo aldeko botoaren azalpena.

2. Kide anitzeko organoak egindako bilkurak grabatzen ahalko dira. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilkura-aktarekin batera jartzen ahalko dira, aeztabaiden puntu nagusiak aktan jaso behar izan gabe.

3. Edozein kidek zilegi izanen du, halaber, bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta, aktari erantsitako bilkuraren grabaziorik ezean, une horretan bertan edo organoko lehendakariak jartzen duen zuhurtasunezko epean aurkezten badu bere mintzaldia fidelki islatzen duen testua; hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.

4. Aktak bilkura berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, eta zilegi izanen da, hala ere, idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean, ezertan galarazi gabe akta ondoren onestea. Horrelako ziurtagirietan zirkunstantzia horren berri eman beharko da. Bilkuraren ondoren kideen artean banatzen den akta bilkuran bertan onetsitzat joko da, baldin eta kideen onespena jasotzen badu, adierazita eta jasota geratzeko aukera ematen duen edozein baliabideren bitartez.

5. Posible den orotan, kide anitzeko organoko kideei baliabide elektronikoen bitartez bidaliko zaie akta. Kide horiek bide horiexen bidez adierazten ahalko dute testuarekiko adostasuna edo eragozpenak, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.

28. artikulua. Osaera mistoko kide anitzeko organoak.

1. Osaera mistoko kide anitzeko organo dira halakoak non eratze-tresnak zehazten duen ezen, Foru Administrazio Publikoko kideek ez ezik, honako hauek ere parte hartuko dutela, haien eginkizunak kontuan hartuta:

a) Beste administrazio publiko batzuen ordezkariek.

b) Interes kolektiboen ordezkaritasuna duten erakundeen ordezkariek.

c) Eskarmentu edo jakintza bereziko baldintzak dituzten beste kide batzuek, nork bere izenean.

2. Kasua bada, organo horiek Foru Administrazio Publikoan txertatuko dira, baina ez administrazio horren egitura hierarkikoan, salbu eta organoaren sortze-arauek hala ezartzen dutenean, edo eginkizunetatik edo kide anitzeko organoaren izaeratik beretik hala ondorioztatzen denean.

3. Osaera mistoko kide anitzeko organoetan parte hartzeko, beharrezkoa izanen da Foru Administrazio Publikokoak ez diren kideek beren borondatez onartzea parte-hartze hori, edo, bestela, administrazio edo erakunde horiei aplikatu beharreko arau batek hori zehaztea, edo hitzarmen batek hori ezartzea.

4. Bilkurak egitearen ondorioetarako, organoko lehendakariak modu baliozkoan eratutzat jotzen ahalko du, baldin eta bozeramaile izendatuta dauden organoko kideak bertaratzen badira, bai administrazio publikoen ordezkari direnak bai interes sozialen ordezkaritasuna duten antolakundeen ordezkari direnak.

5. Osaera mistoko organoek erabakiak hartzearen ondorioetarako, lehendakariaren botoa ez da ebazlea izanen, salbu eta organoaren funtzionamendu-arauek beraiek horrela ezartzen dutenean.

III. TITULUA

Foru Administrazio Publikoaren eta Foru-sektore publiko instituzionalaren antolaketa

I. KAPITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa

29. artikulua. Departamentu-egitura.

1. Banaketa funtzionalaren printzipioari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa departamentutan egituratzen da. Departamentu bakoitzak bere baitan hartzen ditu jarduera administratiboko sektore funtzionalki homogeneo bat edo gehiago, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak.

2. Departamentuak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea eta departamentu bakoitzaren eskumena jarduera administratiboaren zein sektoretara iritsiko den finkatzea Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, eta foru dekretu bidez egin beharko du.

30. artikulua. Departamentuak.

1. Departamentu bakoitzean kontseilari bat izanen da buru, eta haren menpe egonen dira departamentuari atxikirik edo haren barrenean dauden organo guztiak.

2. Departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta Idazkaritza Tekniko Nagusi bat izanen dira. Azken horiek departamentuko titularraren menpe daude zuzenean.

3. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe dauden beste organo batzuk ere egoten ahalko dira departamentu bakoitzean.

31. artikulua. Zuzendaritza nagusiak.

1. Zuzendaritza nagusien eginkizuna da arlo funtzionalki homogeneo baten edo batzuen zuzendaritza, kudeaketa eta koordinazioa egitea.

2. Zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokio. Foru dekretu bidez eginen du, departamentu bakoitzeko titularrak proposaturik.

32. artikulua. Zuzendari nagusiak.

1. Zuzendaritza nagusi bakoitzak pertsona titular bat izanen du, honako ahalmen hauek izanen dituena:

a) Atxikita dagoen departamentuan bere zuzendaritza nagusiaren proiektu, plan eta programak proposatzea eta horien exekuzioa gidatu eta egoki betetzen direla kontrolatzea.

b) Bere zuzendaritza nagusian dauden zerbitzuen zuzendaritza, kudeaketa eta koordinazioa, eta funtzionamendu ona daukatela begiratzea.

c) Ardurapean dituen baliabide finantzario eta materialak kudeatzea.

d) Beharrezkoak diren ebazpenak ematea bere departamentuaren eskumenekoak izanik egitura organikoan zuzendaritza nagusiari esleituta dauden gaietan, baldin eta, betiere, foru lege honek ez badizkio gai horiek beste organo bati esleitu.

e) Zuzendaritza nagusia ukitzen duten arloetan hartu beharreko foru aginduen proposamenak igortzea.

f) Bere zuzendaritza nagusiari dagozkion arloetako arau-proposamenak sustatzea.

g) Eskuordetzen edo deskontzentratzen zaizkion eskumenak egikaritzea.

h) Departamentua eskuordetzaz ordezkatzea.

i) Legeek eta erregelamenduzko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako ahalmenak egikaritzea.

2. Haren izendapena eta kargutik kentzea libreki eginen dira Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez, departamentu eskudunetako titularrek proposatuta. Haren kargu-aldia halaber amaituko da Nafarroako Gobernuarena amaitzearekin batera, baina jardunean segituko du karguaz jabetuko den pertsona berria izendatzen den arte.

3. Zuzendari nagusien administrazio-erabakiak ebazpen izanen dira formalki, eta zuzendaritza nagusietako titularrek sinatuko dituzte.

4. Haien ordainsariak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan finkatuko dira.

33. artikulua. Idazkaritza tekniko nagusiak.

1. Idazkaritza tekniko nagusiak departamentu bakoitzean dauden unitate organiko horizontalak dira, eta erregelamenduz esleitzen zaizkien eskumenak egikaritzen dituzte, departamentuaren titularraren menpean zuzenki, arlo teknikoko, zuzenbide-arloko, giza baliabideen arloko eta aurrekontu-kudeaketaren arloko gai amankomunetan.

2. Idazkari tekniko nagusiek Zerbitzuko Zuzendari maila izanen dute, eta Nafarroako Gobernuak izendapen askez eta foru dekretu bidez izendatu eta kargutik kenduko ditu, departamentu eskudunen titular diren pertsonek proposaturik, Foru Komunitateko Administrazioaren langile funtzionarioen artetik.

3. Idazkaritza tekniko nagusiek aurretiazko irizpen juridikoa emanen dute departamentuan izapidetzen diren errekurtso administratiboak ebazteaz.

4. Idazkari tekniko nagusien administrazio-erabakiak ebazpen izanen dira formalki, eta idazkaritza tekniko nagusietako titularrek sinatuko dituzte.

34. artikulua. Zuzendaritza nagusien eta idazkaritza tekniko nagusien egitura organikoa.

1. Zuzendaritza nagusiek ondoko unitate organikoen bitartezko egitura izan ahalko dute:

a) Zerbitzuak.

b) Atalak.

c) Bulegoak eta ataletatik beherako beste unitate batzuk.

2. Idazkaritza tekniko nagusiek ondoko unitate organikoen bitartezko egitura izan ahalko dute:

a) Atalak.

b) Bulegoak eta ataletatik beherako beste unitate batzuk.

3. Nafarroako Gobernuak onetsitako foru dekretu bidez sortu, aldatu eta kenduko dira zerbitzuak, zerbitzu maila duten unitate teknikoak eta atalak, kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.

4. Bulegoak eta ataletatik beherako beste unitate batzuk, unitate horiek zein departamentutan sartu behar diren, haren titularraren foru agindu bidez sortu, aldatu eta kenduko dira.

35. artikulua. Zerbitzuak.

1. Zerbitzuak departamentuetako zuzendaritza arloko unitate organikoak dira. Esleiturik dituzten eskumen berariazkoez gainera, menpean dituzten atal edo unitate organikoen plangintza, koordinazioa, zuzendaritza eta kontrol lana ere egin beharko dute.

2. Zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuen titular diren pertsonen menpe egon ahal daitezke.

3. Zerbitzuak egituratu ahalko dira ataletan, bulegoetan eta atala baino maila baxuagoko beste unitate batzuetan.

36. artikulua. Zerbitzuko zuzendariak.

1. Zerbitzuko zuzendarien izendapena eta kargutik kentzea Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez eginen ditu, departamentu eskudunetako titularrek proposaturik. Foru Administrazio Publikokoak diren edo hari atxikirik dauden funtzionarioen artetik eginen da izendapena, hautapen askez.

2. Ardurapean ipintzen zaizkien eginkizunetan arintasun, arrazionalizazio eta sinplifikazio printzipioen aplikazioa sustatu eta bultzatuko dute.

3. Aurreko apartatuan aipatutako eginkizunez gain, eskumeneko dituzten gaietan eskuordetu edo deskontzentratu zaizkienak ere beteko dituzte.

4. Haien administrazio-erabakiak ebazpen izanen dira formalki, eta zerbitzuetako titularrek sinatu beharko dituzte haiek.

37. artikulua. Atalak, bulegoak eta beste unitate batzuk.

1. Atalak zerbitzuen edo Idazkaritza tekniko nagusien unitate organikoak dira. Esleiturik daukaten eskumen-arlokoak diren lanak betearaztea eta nagusi hierarkikoarentzako txostenak eta proposamenak egitea dagokie, bai eta haien menpeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten jarduerak koordinatu, zuzendaritzapean izan eta kontrolatzea ere. Alabaina, zuzenean departamentuko edo zuzendaritza nagusi bateko titularraren menpe dauden atalak ere egoten ahalko dira.

2. Bulegoak eta atalez beherako beste unitate batzuk ere egoten ahalko dira, esleiturik dituzten gaiekin zerikusia duten izapidetze, inbentario, erregistro, artxibo eta bestelako tramite-zeregin batzuk esleiturik izanen dituztenak.

3. Atal, bulegon eta atalez beherako unitate bakoitzak pertsona bat izanen du burutzaz arduraturik, Foru Komunitateko funtzio publikoaren arloko legerian ezarritakoaren arabera izendatu eta kargutik kenduko dena.

II. KAPITULUA

Foru-sektore publiko instituzionala

38. artikulua. Osaera eta sailkapena.

Honako entitate hauek osatzen dute Foru-sektore Publiko Instituzionala:

a) Honela sailkatzen diren erakunde publikoek:

1. Erakunde autonomoak.

2. Enpresa-entitate publikoak.

b) Zuzenbide publikoko entitate lotuek edo mendekoek. Honela sailkatzen dira:

1. Administrazio agintaritza independenteak.

2. Partzuergoak.

c) Zuzenbide pribatuko entitate lotuek edo mendekoek. Honela sailkatzen dira:

1. Sozietate publikoak.

2. Fundazio publikoak.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

39. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Foru-sektore Publiko Instituzionala osatzen duten entitateen jarduna legezkotasunaren, efizientziaren, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioen araberakoa izanen da, bai eta kudeaketa-gardentasunaren printzipioaren araberakoa ere.

2. Langileria-arloko aferei dagokienez, lan-kontratudunei buruzkoak barne, bete beharrekoak izanen dituzte aurrekontu-araudian ezarritako mugak, bai eta aurrekontu orokorretako urtealdirako aurreikuspenetakoak ere.

3. Foru-sektore Publiko Instituzionala osatzen duten erakundeei eraginkortasun-kontroleko eta etengabeko ikuskapeneko sistemak aplikatuko zaizkie.

40. artikulua. Sektore publikoaren inbentarioa.

Foru-sektore Publiko Instituzionala osatzen duen edozein entitateren eraketa, aldaketa, bat-egitea edo azkentzea Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatuko da. Horretarako, dena delako entitateko zuzendaritza organo gorenaren jakinarazpena igorriko da.

41. artikulua. Eraginkortasun-kontrola.

Foru-sektore Publiko Instituzionala osatzen duten entitateen eraginkortasun-kontrola entitatea atxikita duen departamentuak eginen du, erregelamenduz horretarako gaitutako langileen bidez, eta horren xedea izanen da entitatearen berariazko jardueraren berezko helburuen betetze-maila eta baliabideen erabilera egokia ebaluatzea, beste organo batzuei legokiekeen kontrola ezertan galarazi gabe.

42. artikulua. Etengabeko ikuskapena.

Ogasun arloan eskudun den departamentuak eginen du Foru-sektore Publiko Instituzionala osatzen duten entitateen etengabeko ikuskapena, erregelamenduz horretarako gaitutako langileen bitartez, eta xedetzat izanen du egiaztatzea beren horretan dirautela haien sorkuntza justifikatu zuten arrazoiek, eta finantzarioki jasangarriak direla, haien jardunaren bitartez erdietsitako lorpenak kontuan hartuz gero. Halaber, ikuskapenak zenbait mantentze-, eraldatze- edo azkentze-proposamen jaso beharko ditu adierazita. Herritarren iritzia ere jasoko du, kanpoko zerbitzuen ematearen kasuetan.

1. ATALA

Erakunde publikoak

43. artikulua. Xedapen orokorrak.

Erakunde publiko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere menpean edo berari lotuta sortutakoak, egite aldera administrazio jarduerak, zerbitzu publikoak sustatu edo emateko jarduerak, kontraprestazioa izan dezaketen interes publikoko ondasunak sortzeko jarduerak, administrazio publikoei erreserbatutako jarduera ekonomikoak, bai eta sektore ekonomikoak ikuskatu edo arautzeko jarduerak ere, horien ezaugarriek deszentralizazio funtzionaleko araubidean edo lokabetasunekoan antolatuak eta garatuak izatea justifikatzen dutenean.

44. artikulua. Nortasun juridikoa eta ahalak.

1. Erakunde publikoek nortasun juridiko berezitua eta kudeatze-autonomia dituzte, foru lege honetan xedatuaren araberakoak.

2. Beren eskumenen esparruan, beren xedeak erdiesteko beharrezkoak diren ahal administratiboak dagozkie, beren estatutuetan ezarritakoaren araberakoak, desjabetze-ahala izan ezik.

45. artikulua. Araubide juridiko orokorra.

1. Erakunde publikoak tresnatasun printzipioari lotuko zaizkio berariaz esleitu zaizkien xede eta helburuei dagokienez.

2. Antolatu eta funtzionatzeko, erakunde publikoek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat foru lege honetan eta bere garapen-arautegian ezarritako irizpideei ere men eginen diete, deusetan galarazi gabe kapitulu honen 3. azpiatalean enpresa-entitate publikoentzat ezarritako berezitasunak.

46. artikulua. Sailkapena eta atxikipena.

1. Erakunde publikoak honela sailkatzen dira:

a) Erakunde autonomoak.

b) Enpresa-entitate publikoak.

2. Erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkio.

3. Enpresa-entitate publikoak departamentu bati, zuzendaritza nagusi bati edo erakunde autonomo bati atxikiko zaizkio.

47. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1. Erakunde publikoek ondoko baliabideak izanen dituzte finantza-iturri:

a) Eskueran jartzen zaizkien ondasun eta eskubideak.

b) Ondasun eta eskubide horien produktu eta errentak.

c) Haien araubidea ezartzen duten xedapenek baimentzen dizkieten ohiko nahiz ezohiko diru-sarrerak.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleiturik dituzten transferentzia arruntak edo kapitalekoak.

e) Administrazio batengandik edo entitate publikoengandik heldutako diru-laguntzak, arruntak nahiz kapitalekoak.

f) Dohaintzak, legatuak eta entitate pribatuen nahiz partikularren bestelako ekarpenak.

g) Esleitzen zaien beste edozein baliabide.

2. Gainera, enpresa-entitate publikoek euren eragiketetatik ateratzen diren diru-sarrerak izanen dituzte finantzabide.

48. artikulua. Erakunde publikoen sorkuntza.

1. Erakunde publikoak foru dekretu bidez sortuko dira. Bertan, ondoko datuak zehaztuko dira gutxienez:

a) Zer erakunde publiko mota sortzen den.

b) Haren helburu orokorrak.

c) Zein departamenturi edo zuzendaritza nagusiri edo, kasua bada, zein erakunde autonomori atxikitzen zaion.

d) Haren estatutuak.

2. Foru dekretu proiektuarekin batera jarduketa plan baterako proposamena aurkeztuko da, eta funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta aurrekontuen arloetan eskumenak dituzten departamentuek espediente osoari buruz txostena egin beharko dute.

49. artikulua. Estatutuen edukia.

1. Erakunde publikoen estatutuek ondoko hauek arautuko dituzte:

a) Erakundearen eginkizunak eta eskumenak, hark baliatzen ahal dituen ahal administratibo orokorrak adierazita, eta haren organoen artean eskumen-banaketa nola egiten den.

b) Erakundearen egitura organikoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat foru lege honetan arautuaz bestelakoa izan daitekeena. Ebazteko gaitasuna zer organok duten aipatu behar da eta, baita ere, egitura hori aldatzeko prozedura zein den.

c) Zuzendaritza organoak zein diren, kide bakarrekoak edo anitzekoak diren eta kideak nola izendatzen diren. Kasua bada, administrazio-bidea agortzen duten egintzak eta ebazpenak nork ematen dituen ere aipatuko da.

d) Kide anitzeko organoen osaera.

e) Xedeak erdiesteko esleituko zaizkien ondasun eta eskubideak eta erakundea finantzatuko duten baliabide ekonomikoak.

f) Giza baliabideen, ondarearen eta kontratazioaren gaineko araubidea.

g) Aurrekontuen gaineko araubidea, ekonomia eta finantza arlokoa, kontu-hartzailetzakoa, finantza kontrolarena eta kontabilitatearena.

h) Merkataritzako sozietateak osatzeko edo horietan parte hartzeko gaitasuna, horrek helburu esleituak lortzen laguntzen duenean.

i) Erakunde publikoaren funtzionamendu eta antolamendu egokirako beharrezkotzat jotzen den beste edozein gai.

2. Erakunde publikoen estatutuen aldaketa Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez eginen da, erakunde publikoa atxikirik dagoen departamentuaren titular den pertsonak proposaturik, eta aurretiaz txostena emanda funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek.

50. artikulua. Hasierako jarduketa plana.

1. Erakunde publikoaren hasierako jarduketa plana agiri bat da, xedetzat duena sortu nahi den erakundearen misioa zehaztea, orotariko helmugak eta haiek lortzeko behar diren helburuak ezartzea, bai eta haiek lortzeko egokiak diren jarduketa ildoak ere.

2. Hasierako jarduketarako planak, gutxienez ere, erakunde publikoaren alderdi hauek bilduko ditu:

a) Erakundearen misioari buruzko adierazpen espresa.

b) Hura sortzea komenigarria dela frogatzen duen oroitidazkia.

c) Plan estrategikoa.

d) Plan ekonomiko-finantzarioa.

e) Haren funtzionamendurako behar diren giza baliabideei buruzko aurreikuspenak.

f) Funtzionatzeko behar dituen informazioaren teknologiako baliabideei buruzko aurreikuspenak.

3. Jarduketa planean aipatuko da zein epetan garatu nahi den jarduketa-plan hori. Aipatu epea ez da ezein kasutan lau urte baino gutxiagokoa izanen.

4. Nafarroako Gobernuari dagokio, atxikipen-departamentuaren titularrak proposaturik, erakundearen hasierako jarduketarako plana onesteko erabakia hartzea.

51. artikulua. Erakunde publikoetako zuzendaritza organoak.

1. Hona hemen erakunde publikoetako zuzendaritza organoak: zuzendari kudeatzailea edo lehendakari diharduen kargudun baliokidea, Gobernu edo Administrazio Kontseilua, eta sorkuntzako foru dekretuan espresuki aipatzen den beste edozein, erakundearen ordezkaritza gorena duena.

2. Nafarroako Gobernuari dagokio erakundeko zuzendaritza organo goreneko titularra izendatu eta kargutik kentzea, foru dekretu baten bidez. Izendapena eta kargutik kentzea eginen dira erakundea zein departamenturi atxikirik dagoen, departamentu horren titular den pertsonak proposaturik.

3. Erakunde publikoetako zuzendaritza-kargudunak eta behin-behineko beste langileek beren lanpostuetan iraunen dute izendatu zituen agintariak berea uztean, espresuki kargugabetzen ez direino.

4. Haien administrazio-erabakiek ebazpen forma izanen dute, eta haiek sinatuak izanen dira.

52. artikulua. Zuzendaritza-langileen ordainsariak.

1. Erakunde publikoetako zuzendaritza-langileen ordainsariek Nafarroako Aurrekontuei buruzko foru legeetan agertu beharko dute.

2. Erakunde publikoetako zuzendaritza-langileek ez dute inolako ordainik hartuko beren karguak uztean, legeek ezartzen dituztenak izan ezik. Horretarako, ezin itundu edo sinatuko da diru ordainak aitortzea xede duen kontratu-klausularik, edozein izanik ere haien izaera nahiz zenbatekoa.

53. artikulua. Araubide ekonomikoa eta aurrekontuei eta kontratazioei buruzkoa.

Erakunde publikoen ondareari, kontratuei, aurrekontuei, kontabilitate publikoari eta finantzen kontrolari buruzko araubideak arlo horiei buruzko berariazko legerian ezartzen direnak dira.

54. artikulua. Erakunde publikoen azkentzea eta likidazioa.

1. Erakunde publikoen azkentzea Nafarroako Gobernuaren foru dekretu baten bidez gertatuko da, atxikirik dagoeneko departamentuko titularrak proposaturik, funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.

2. Erakunde publikoak ondoko arrazoiengatik azkenduko dira:

a) Sorkuntzako foru dekretuan aipatzen zen aldia iragateagatik.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuek erakunde publikoaren helburu eta xede guztiak beren gain hartzeagatik.

c) Helburu eta xedeak erabat lortu badira, halako moldez non erakunde publikoak irauteko justifikaziorik ez dagoen.

d) Eraginkortasun-kontrolaren eta etengabeko ikuskapenaren ondorioz Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzeagatik.

e) Estatutuetan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

f) Nafarroako Gobernuak hori erabakitzeagatik, arrazoiak azalduta.

3. Azkentzeari buruzko foru dekretuak erakunde ukituko langileei dagozkien neurriak ezarriko ditu, langile horiei buruzko legediaren barruan. Halaber xedatuko du erakunde publikoaren likidaziotik datozen aktibo eta pasibo guztiak Nafarroako Foru Komunitatearen ondarean sartzea. Kasua denean, halaber xedatuko da ondasunak eta eskubideak Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuei lotzea edo bidezko erakunde publikoei atxikitzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ondarea arautzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

4. Azkentzeari buruzko foru dekretua sinatzen den egunean erakunde publikoak bere zordunekin dituen harreman juridiko guztietan automatikoki subrogatuko da Foru Komunitateko Administrazioa; hots, nagusi direnetan nahiz osagarri direnetan. Subrogazio horrek ez ditu aldatuko onartutako betebeharren baldintza finantzarioak, eta ezin izanen da ulertu harreman juridikoak suntsiarazteko arrazoitzat.

1. AZPIATALA

Erakunde autonomoak

55. artikulua. Definizioa eta araubide juridikoa.

1. Erakunde autonomo dira departamentu baten berezko jarduera gauzatzeko eta zerbitzu publikoak sustatu, eman edo kudeatzeko jarduerak egiteko agindua jasotzen duten erakunde publikoak.

2. Erakunde autonomoen araubidea osatzen du foru lege honetan, haien sorkuntzako foru dekretuan, haien estatutuetan eta aplikatzekoak zaizkien Administrazio Zuzenbide orokorreko nahiz bereziko arauetan xedatutakoak. Administrazio araurik ez badago, zuzenbide erkidea aplikatuko da.

56. artikulua. Langileen araubidea.

1. Erakunde autonomoetako langileak funtzionarioak, estatutupekoak edo administrazio-kontratudun edo lan-kontratudunak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko administraziorako ezarritako zertzelada berberekin.

2. Langile-hautaketaren kudeaketa eginen da langileen arloko eskudantziei buruzko berariazko foru dekretu batean ezartzen denarekin bat.

3. Giza baliabideen kudeaketaren arloko eskumenak eta langileen burutza dagozkio kasuan kasuko estatutuetan ezarritakoa den harako erakunde autonomoaren zuzendaritza organo hari.

4. Erakunde autonomoa beharturik dago funtzio publikoaren arloan eskumenak dituen departamentuak giza baliabideei buruz ezartzen dituen jarraibideak betetzera.

57. artikulua. Erakunde autonomoen egintzen kontrako aurkaratzea eta erreklamazioak.

1. Erakunde autonomoetako organoek emaniko egintza administratiboak foru lege honetako VI. tituluan errekurtso administratiboei buruz ezarririko araubidearen menpe egonen dira.

2. Erakundeko zuzendaritza-organo gorenak egintza deusezak ofizioz berrikusi, eta egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzeko deklarazioak eginen ditu, haren mendeko organoek emandako egintzei eta xedapenei dagokienez.

3. Langileriaren arloko erreklamazioak funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuaren titularrak ebatziko ditu. Horrelako kasuetan, erreklamazioa zein lantokiri dagokion, horren gaineko ardura duen organoak txostena egin beharko du nahitaez.

58. artikulua. Ondare-erantzukizuna.

Ondarearen gaineko erantzukizuneko prozedurez ebazpena ematea kasuan kasuko erakunde autonomoetako kudeatzaileari edo lehendakariari dagokio.

2. AZPIATALA

Enpresa-entitate publikoak

59. artikulua. Definizioa eta araubide orokorra.

1. Enpresa-entitate publikoak erakunde publikoak dira, zeinen esku uzten baita prestazio jarduerak egitea, zerbitzuak kudeatzea edo kontraprestazioa izateko modukoak diren interes publikoko ondasunak ekoiztea.

2. Zuzenbide pribatuak arautzen ditu enpresa-entitate publikoak, honako gai hauetan izan ezik: haien organoen borondate-taxuketari dagokiona, esleiturik dauzkaten administrazio-ahalen egikaritzeari dagokiona eta haientzat foru lege honen, beste administrazio arau batzuen eta haien berariazko arauen bidez -foru lege honen xedapenak urratzen ez diren neurrian- arautzen denari dagokiona.

60. artikulua. Administrazio-ahalen erabilera.

Enpresa-entitate publikoei esleituriko administrazio-ahalak estatutuen arabera eskumen hori espresuki atxikirik daukaten organoek bakarrik erabiltzen ahal dituzte.

61. artikulua. Langileen araubidea.

1. Enpresa-entitate publikoetako langileak lan zuzenbidearen arabera antolatzen dira, artikulu honetan aipatzen diren zehaztapenekin eta enpresa-entitate publikoari atxikiriko Foru Administrazio Publikoko funtzionarioei dagozkien salbuespenekin, horiek Nafarroako Foru Komunitateko funtzio publikoari buruzko legeen arabera antolatuko baitira.

2. Entitate hauetako lan-kontratudunak arau hauei jarraituz hautatuko dira:

a) Zuzendaritzako langileak ikasketa, lanbide, teknika edo zientziaren aldetik behar diren betebeharrak dituztenen artetik izendatuko dira, kasuan kasuko estatutuetan xedatzen denarekin bat eginkizunak burutzeko behar direnak.

b) Gainerako langileak berdintasun, merezimendu eta gaitasun irizpideetan oinarrituriko deialdi publikoetan hautatuko dira, proba objektiboen bidez.

3. Enpresa-entitate publiko bakoitza sortzeko foru dekretuak zehaztu beharko du zer baldintzatan bete ahalko dituzten entitate horretan destinoak Foru Administrazio Publikoko funtzionarioek eta, kasua bada, beste administrazio publiko batzuetakoak; eta halaber ezarriko du zer eskumen dagozkion entitate horri langile horien gain. Eskumen horiek, betiere, erakunde autonomoek legez esleituak dauzkatenak izanen dira.

62. artikulua. Enpresa-entitate publikoen egintzen kontrako aurkaratzea eta erreklamazioa.

Enpresa-entitate publikoen egintza eta ebazpenak, ahal administratiboak erabiliz ematen direnak, foru lege honetako VI. tituluan xedaturikoarekin bat aurkaratzen ahalko dira.

2. ATALA

Zuzenbide publikoko entitateak, lotuak edo mendekoak

63. artikulua. Administrazio agintaritza independenteak.

1. Administrazio agintaritza independente dira zuzenbide publikoko halako entitateak zeinek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotuta egonda eta nortasun juridiko propioa izanda, kanpoko ikuskapen edo erregulazio eginkizunak esleiturik baitituzte sektore ekonomiko eta jarduera zehatz batzuen gainean, eginkizun horiek gauzatzeak independentzia funtzionala edo autonomia berezi bat beharrezko egiteagatik. Hori foru lege mailako arau baten bidez zehaztu beharko da.

2. Administrazio agintaritza independenteak horiek sortzeko foru legeak, haien estatutuek eta haien ikuskapenpean dauden sektore ekonomikoen lege bereziek eraenduko dituzte, eta, modu osagarrian -eta haien izaerarekin eta autonomiarekin bateragarria den heinean-, foru lege honetan xedatutakoak (bereziki, erakunde autonomoetarako xedatutakoak) eta aplikatu beharreko Administrazio Zuzenbide orokor nahiz bereziko arauek.

64. artikulua. Partzuergoak.

1. Partzuergoak zuzenbide publikoko entitateak dira, nortasun juridiko propio eta bereizia dutenak. Hainbat administrazio publikok edo sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateek sortuak dira, beren artean edo entitate pribatuen partaidetzarekin, beren eskumenen esparruan horien guztien interes amankomunekoak diren jarduerak garatzeko.

2. Partzuergoak oinarrizko legedian eta, hori garatzeko, Nafarroako Foru Komunitateak onesten duen araudian ezarritakoak eraenduko ditu.

3. Partzuergoak sortuko dira Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek eta lotutako edo haren mendeko entitateek eta beste administrazioek, erakunde publikoek edo entitate parte-hartzaileek sinatzen duten hitzarmenaren bidez. Horiek sortzeko, aldez aurretik Nafarroako Gobernuak baimena eman beharko du foru dekretu bidez.

3. ATALA

Zuzenbide pribatuko entitateak

1. AZPIATALA

Sozietate publikoak

65. artikulua. Definizioa.

1. Sozietate publikoak Nafarroako ondarea arautzen duen foru legean aipatu eta arautzen direnak dira.

2. Sozietate publikoek ez dute behin ere ahalmenik izanen, agintaritza publikoa erabiltzea dakarrenik.

66. artikulua. Araubide juridikoa.

Sozietate publikoak departamentu eskudunaren tutoretzapean egonen dira, eta ordenamendu juridiko pribatuaren araubidea izanen dute, deusetan galarazi gabe Nafarroako ondarea arautzen duen foru legean eta aurrekontuei, kontabilitateari eta finantzen eta kontratuen kontrolari buruz aplikatzekoa den araudi administratiboan ezarririko berezitasunak.

2. AZPIATALA

Fundazio publikoak

67. artikulua. Definizioa eta araubide juridikoa.

1. Fundazio publikoak Foru Administrazio Publikoaren eremuan haren eskumeneko helburuak egiteko sortzen direnak dira, Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumarekin bat. Entitate sortzailearen eskumen esparruari loturiko jarduerak bakarrik egiten ahalko dituzte.

2. Sortzen direnean, fundazioaren ondarea gehienbat osatuko dute fundatzailearen zuzeneko edo zeharkako diru-ekarpenek.

3. Fundazio publikoak arloa dela eta eskumena duen departamentuaren tutoretzapean egonen dira, eta ordenamendu juridiko pribatuaren bidezko eraentza izanen dute, deusetan galarazi gabe foru lege honetan eta kontratazioari, aurrekontuei, kontabilitateari eta finantzen eta kontratuen kontrolari buruz aplikatzekoa den araudi administratiboan ezarririko berezitasunak.

4. Fundazio publikoek ez dute behin ere ahalmenik izanen, agintaritza publikoa erabiltzea dakarrenik.

68. artikulua. Sorkuntza eta estatutuak.

1. Nafarroako Gobernuak sortuko ditu fundazio publikoak, erabaki baten bidez, interesa duen departamentuak proposaturik, eta funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumenak dituzten departamentuek txostena eman ondoren.

2. Erabaki horren bidez onetsiko dira fundazio publikoa arautuko duten estatutuak. Horiek adierazi beharko dituzte, Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduman jasotako gaiez gain, zer departamenturi atxikitzen zaizkion, fundatzaile den administrazioak beretzat eta patronatuaren kaltetan gorde dituen ahalmenak eta bertan parte hartzeko modua.

3. Zehazki, fundazio publikoa aldatu eta azkentzeko ahalmena beretzat gorde beharko du fundatzaile den administrazioak. Egintza horiek artikulu honetako 1. apartatuan zehazten den moduan onetsi beharko dira.

4. Estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

IV. TITULUA

Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa

69. artikulua. Nafarroako Gobernuaren web ataria.

1. Nafarroako Gobernuaren web ataria Foru Administrazio Publiko osorako sarbide elektronikorako webgunea da. Horren bidez, herritarrek legez edo erregelamenduz zehaztutako informazioa atzitzen ahalko dute etengabe eta doan, Internet bidez.

2. Nafarroako Gobernuaren web atariak antolaketa administratiboaren eta informazio sistemen gaietako eskumenak dituzten departamentua edo departamentuak izanen ditu arduradun eta kudeatzaile tekniko; sarbide bateratua izanen du.

3. Nafarroako Gobernuaren web ataria Foru Administrazio Publikoaren sarbide-puntu nagusi elektronikoan aipatuko da.

4. Nafarroako Gobernuaren web ataria gaztelaniaz eta euskaraz egonen da. Era berean, interes orokorrekoa dela jotzen bada, beste hizkuntza batzuetan ere emanen da informazioa.

5. Nafarroako Gobernuaren web ataria pertsona guztientzat irisgarria izateko moduan diseinatuko da; bereziki, desgaitasuna duten pertsonei begira.

6. Nafarroako Gobernuaren web atariak genero-ikuspegia txertatuko du bere edukietan, hizkeran eta irudietan.

7. Bertan jasotako informazio orokor guztiek beren data nahiz azken gaurkotzearen data eramanen dute.

70. artikulua. Nafarroako Gobernuaren web atariaren edukia.

Nafarroako Gobernuaren web atarian, herritarrek honako informazio hau atzitzen ahalko dute gutxienez:

a) Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

b) Nafarroako Foru Komunitateak emandako lege eta erregelamendu xedapenak, behar bezala gaurkotuak, herritarrentzat interes handiena duten gaietakoak.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Foru-sektore Publiko Instituzionalaren antolaketa-egitura. Foru Administrazio Publikoaren egituran, bulego mailaraino edo baliokideraino dauden arduradunak identifikatuko dira, eta posta elektronikoko haien helbidea adierazi.

d) Foru Administrazio Publikoko kide anitzeko organoen inbentarioa.

e) Nafarroako aurrekontu orokorrak eta Nafarroako kontu orokorrak, Nafarroako Parlamentuak onetsiak.

f) Herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta haren eskumeneko prozeduren zerrenda, honako hauek adierazita, gutxienez: ebazteko organo eskuduna, prozedura erregulatzeko arau zehatzak, ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epeak, eta isiltasun administratiboaren efektuak.

g) Funtzio publikoarekin zerikusia duten deialdiak, eta horien izapide-egintza nagusiak eta emaitzak.

h) Diru-laguntza publikoak ematearekin zerikusia duten deialdiak.

i) Kontratuei buruzko legeek aipatzen duten Nafarroako Kontratazio Ataria.

j) Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian aipatzen den hirigintza planeamenduko erregistroa, zeinaren barruan egonen den hirigintza planei buruzko araudia, gaurkoturik.

k) Nafarroako errepideei buruzko legediak aipatzen duen Nafarroako errepideen mapa ofiziala.

l) Iradokizun, erreklamazio eta kexetarako buzoia atzitzea.

m) Lege edo erregelamenduz aginduta inskribatzea nahitaezkoa den erregistro administratiboetarako estekak.

n) Foru Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa eta sarbide-puntu nagusi elektronikoa atzitzea.

ñ) Agiriak elektronikoki aurkezteko erregistroen arloko laguntza ematen duten bulegoen zerrenda eguneratua, adierazita zer egun eta ordutan egonen diren zabalik.

o) Egun baliogabeen egutegia epeak zenbatzeko ondorioetarako, toki entitateena barnean hartuko duena.

p) Erantzukizunpeko jakinarazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren eredu eguneratuak.

q) Aplikazioen direktorioa, zeina Foru Administrazio Publikoak eguneratuta izan beharko baitu, libreki berrerabiltzeko, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean xedatuarekin bat.

r) Berrerabilera, irisgarritasun eta gardentasunari buruzko araudian webguneetarako derrigorrezkotzat jotzen diren edukiak eta funtzionaltasunak.

s) Interes orokorrekotzat jo edo legez edo erregelamenduz exigitzen diren bestelako informazioak.

71. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Egoitza elektronikoa telekomunikazio sareen bidez herritarren eskura dagoen helbide elektronikoa da, betiere titularra Foru Administrazio Publikoa bada. Helbide elektroniko bat egoitza elektronikotzat jotzen bada, hori modu nabarian agerrarazi beharko da.

2. Hala bada, egoitza elektronikoa ezartzeak berekin dakar Administrazioak ardura izatea egoitza elektroniko horren bidez eskuratzen ahal diren informazio eta zerbitzuen osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzeko. Baldin eta egoitzak administrazio titularra ez den beste organo, erakunde edo entitate baten erantzukizunpeko informazioa, lotura edo esteka badu, administrazio titularra ez da informazio, lotura edo esteka horren osotasunaren, egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzule izanen.

3. Foru Administrazio Publikoa identifikatzea eta, hala denean, interesdunak identifikatzea edo elektronikoki sinatzea eskatzen duten jarduketa eta izapide guztiak egoitza elektronikoaren bidez eginen dira.

4. Erregelamendu bidez zehaztuko dira, oinarrizko legediarekin bat, Foru Administrazio Publikoaren eremuan sor daitekeen egoitza elektronikoa (edo egoitza elektroniko elkartuak) sortzeko baldintzak eta tresnak, honako printzipio hauei jarraikiz: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

5. Honako hauek identifikatzen direla ziurtatu beharko da beti: egoitzaren organo titularra, iradokizunak, erreklamazioak eta kexak egiteko eskueran dauden baliabideak, komunikazio seguruen sistemaren ezarpena -beharrezkoa denean-, eta egiaztapen-kode seguruen edo antzeko sistemen argitalpena, kopia elektronikoak baliozkoak direla egiaztatzea ahalbidetzen duena.

6. Egoitzan, interesdunek eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dituzten aurkezpen orokorreko ereduak eta sistemak agertuko dira, baita direktorio geografiko bat ere, zeinak interesdunei lagunduko baitie identifikatzen beren etxetik gertuen dagoen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoa.

7. Gainera, egoitzan oinarrizko araudian eta egoitza ezartzeko erregelamenduan aurreikusten diren gutxieneko edukiak eta herritarren eskurako zerbitzuak egonen dira.

8. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenak ere.

9. Egoitza elektronikoek, beren burua identifikatzeko eta beraiekin komunikazio segurua bermatzeko, webgune-autentifikazioko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak edo horien baliokidea den bitartekoa erabiliko dituzte.

72. artikulua. Sarbide-puntu nagusi elektronikoa.

1. Sarbide-puntu nagusi elektronikoa pertsonen eskubide bat da, pertsonei aukera ematen diena, sarbide-puntu horren bidez, administrazio guztien zerbitzu eta prozedura guztiak eskuratzeko eta horien izapideen egoera eta horiei egindako jakinarazpen eta komunikazioak jakiteko.

2. Sarbide-puntu nagusi elektroniko bat ezarriko da foru lege honen aplikazio-eremurako. Foru legeari egoitza elektroniko bat lotuko zaio, eta pertsona bakoitzak Foru Administrazio Publikoarekin dituen harremanei buruzko arlo pertsonalizatua gehituko du. Horretarako, Estatuko sektore publikoaren sarbide-puntu nagusi elektronikoari eta arlo pertsonalizatuari (“herritarren karpeta” izenekoa) atxikitzea hautatzen ahalko da, oinarrizko araudian ezartzen den moduan.

3. Pertsonen arlo pertsonalizatuaren barnean, administrazio prozedura batean interesdunak direnek honako aukera hauek izanen dituzte eskura, harremanak baliabide elektronikoen bidez baldin badituzte:

a) Administrazio izapideei jarrapena egin.

b) Komunikazioak efektu juridiko osoekin jaso, eta jakinarazpenak eskuratzeko agertu.

c) Haiei egindako komunikazio eta jakinarazpenak atzitu efektu juridiko osoekin, baztertuak eta iraungitakoak barne.

d) Administrazioak dituen datuak atzitzen lagundu, zenbait daturen izaera erreserbatua deusetan galarazi gabe.

e) Ziurtagiriak lortzen lagundu, eta prozeduran eta lotutako izapideetan sartzea.

73. artikulua. Foru Administrazio Publikoaren identifikazio-sistemak.

1. Foru Administrazio Publikoak bere burua identifikatzeko zigilu elektroniko bat erabiltzen ahalko du, oinarriturik egonen dena ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatu batean zeinak betetzen dituen sinadura elektronikoaren oinarrizko legeriak eskatutako baldintzak.

2. Foru Administrazio Publikoa identifikatutzat joko da Interneten duen atarian bere informazio gisa argitaratzen duen informazioari dagokionez.

3. Zigilu elektronikoa administrazio elektronikoaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak emandako foru agindu baten bidez ezarriko da, eta egoitza elektronikoan edo web atarian argitaratuko da.

4. Administrazio jarduketen benetakotasuna bermatzeko, zigilu elektronikoaren sistema edo egiaztapen-kode seguruen sistemak erabiltzen ahalko dira. Egiaztapen-kode seguruen sistemek oinarrizko araudian ezarritako baldintzak beteko dituzte, eta zuzeneko eta doako egiaztapen-prozedura ezarri beharko da interesdunentzat.

74. artikulua. Administrazio jarduketa automatizatua.

1. Administrazioaren jarduketa automatizatutzat ulertzen da baliabide elektronikoak bakarrik erabiliz egindako edozein egintza edo jarduketa, baldin eta hartan zuzenean esku hartu ez badu Foru Administrazio Publikoaren zerbitzuko pertsona batek. Jarduketa horietan adieraziko da zer organo jo behar den erantzuletzat aurkaratzearen ondorioetarako.

2. Administrazio elektronikoaren arloan eskuduna den departamentuari dagozkio zehaztapenak, programazioa, mantentzea, gainbegiratzeak eta kontrol kalitatea definitzea eta, hala behar badu, informazio sistemaren eta haren iturri kodearen ikuskaritza.

3. Administrazio jarduketa automatizatuen benetakotasuna bermatzeko, aurreko artikuluan aurreikusitako sistemak erabiltzen ahalko dira.

75. artikulua. Administrazioaren zerbitzuko langileen identifikazioa eta sinadura elektronikoa.

1. Funtzio publikoaren eta administrazio elektronikoaren arloan eskudunak diren organoek Foru Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileek erabili behar dituzten identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak zehaztuko dituzte. Segurtasun publikoagatik sinadura elektronikoko sistemak langileen identifikazio-zenbaki profesional bakar bati lotuta egoten ahalko dira, nahiz eta kasu horretan hura emateko segurtasun publikoari lotutako jarduketetara mugatuko den horien erabilera.

2. Identifikazio eta sinadura elektronikoko sistema horiek ezberdinak izan daitezke segun eta zein den Segurtasun Eskema Nazionalaren arabera eskatzen den segurtasun maila eta egindako dokumentu publikoen izaera. Informaziorako baino ez diren dokumentuek eta administrazio espediente baten zati ez direnek ez dute sinadura elektronikorik beharko.

3. Foru Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileei berariaz emandako ziurtagirietan oinarritzen diren sinadura elektronikoko sistemak bakarrik erabiltzen ahalko dira langileen lanpostuen berezko eginkizunak gauzatzeko edo beste administrazio publiko batzuekin harremanak izateko -onartzen badituzte-.

4. Aurretik aipatu diren organoak eta langileak berak sistema horiek mantendu eta eguneratzeaz arduratuko dira, baita haien segurtasunari eusteaz ere.

76. artikulua. Artxibo elektronikoa.

1. Euskarri elektronikoan gorde beharko dira administrazio espediente baten zati diren dokumentu elektroniko guztiak eta interesdunen eta Administrazioaren arteko harremanen froga balioa dutenak. Dokumentu elektronikoak gordetzeko gutxieneko aldia kultur ondarearen eta artxiboen eta agirien arloko foru araudiaren arabera zehaztuko da.

2. Dokumentu elektronikoak artxibo elektroniko bakar batean gordeko dira; artxibo hori osatuko dute prozedurak amaitu ondoren dokumentu eta espediente elektronikoak biltegiratzea eta kudeatzea ahalbidetzen duten azpiegiturek, sistemek eta zerbitzuek. Haien antolaketa eta araubide juridikoa oinarrizko legedian eta berariazko foru araudian ezarritakoaren arabera zehaztuko da erregelamendu bidez.

77. artikulua. Erregistro Orokor Elektronikoa.

1. Foru Administrazio Publikoak erregistro elektroniko orokor bat izanen du, eta bertan jasota geldituko da edozein administrazio organo, erakunde publiko edo haiei loturiko edo haien mendeko entitatetan aurkeztu edo jasotzen den agiri oro. Halaber, hartan idatziko da agiri ofizialen irteera. Gainera, erregistroaren bidez dokumentuak aurkezten ahalko dira beste administrazio publiko batzuei Internet bidez igortzeko.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari loturiko edo haren mendeko erakunde publikoek beren erregistro elektronikoa izaten ahalko dute, Foru Administrazio Publikoaren erregistro orokor elektronikoarekin guztiz elkarreragingarri eta interkonektatuta.

3. Erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoek emanen dute arreta erregistro elektroniko horietan.

4. Erregistro Orokor Elektronikoak eta 2. apartatuan aurreikusitako erregistroek guztiz elkarreragingarriak izan beharko dute beste administrazio publiko batzuen erregistroekin, halako moduan non bermatzen den erregistroko idazpenen eta edozein erregistrotan aurkezten diren dokumentuen transmisio telematikoa.

5. Erregistro elektronikoetan sartzeko egoitza elektronikoetan agertuko dira izapidetze elektronikoari begira epe-kontaketarako baliogabeak diren egunak, bai eta horietan abiaraz daitezkeen izapideak ere.

6. Oinarrizko araudian eta foru arlokoan xedatutakoak eta horretarako onesten den erregelamendu-araudiak eraenduko dituzte erregistro elektroniko horiek.

7. Erregistro elektronikoei euskarria ematen dieten aplikazioek edo informazio-sistemek ahalbidetu beharko dute izapide unitateen espediente-kudeaketako sistemekiko elkarreragingarritasuna.

78. artikulua. Erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoak.

1. Foru Administrazio Publikoak erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoen sare bat izanen du.

2. Oinarrizko legediarekin eta foru lege honekin bat, bulego horiek honako eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Izapide elektronikoak egitera behartuta ez daudenek administrazio publikoetako edozein organori zuzenduta aurkezten dituzten dokumentuak erregistratzea.

b) Izapide elektronikoak egitera behartuta ez daudenek paperean aurkezten dituzten dokumentuak digitalizatzea.

c) Pertsonek aurkezten dituzten eskabide, komunikazio eta dokumentuak zer egunetan eta ordutan aurkezten diren frogatzen duen ordainagiria egitea, horiek aurkeztuz gero.

d) Interesdunek aurkezten dituzten eta administrazio espediente bati gehituko zaizkion euskarri elektronikoko edo paperezko kopia ziurtatu elektronikoak egitea.

e) Baliabide elektronikoak erabiltzen laguntzea oro har, hau da, laguntza eta informazioa ematea honako hauekin loturik: identifikazioa eta sinadura elektronikoa, horretarako dauden baliabideak eta erabilera moduak.

f) Izapide elektronikoak egitera behartuta ez dauden interesdunei berariazko laguntza ematea, halako moduan non bulegoan dauden eta gaituta dauden funtzionarioek behar bezala eginen duten identifikazioa edo sinadura elektronikoa administrazio prozeduran, baldin eta interesdunek baliabide horiek ez badituzte eta adostasun espresua adierazten badute.

g) Hala bada, administrazio prozedurako interesdunen identitatea egiaztatzea.

h) Hartzaile izanen den organoaren, lantokiaren edo administrazio unitatearen identifikazio-kodea jakitera ematea interesdunei, horiek horren berri ez badute.

i) Jakinarazpenak egitea, interesduna bulegoan bat-batean agertu eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala egitea eskatzen duenean.

j) Bulego horietan agertuz apud acta ahalordea egin ahal izatea.

k) Indarreko xedapenen arabera jendeak egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruzko informazioa, laguntza eta orientabidea ematea, Foru Administrazio Publikoaren eskumeneko prozedurei dagokienez.

l) Ziurtagiri elektronikoak edo identifikazioko edo sinadura elektronikoko beste sistema batzuk egitea.

m) Horretarako onesten den erregelamendu araudiak esleitzen dion beste edozein.

3. Indarreko araudiaren esparruan, erregelamendu batek arautuko ditu haien egitura eta antolaketa, haien zerbitzura dauden pertsonak, pertsona horien eginkizunak eta funtzionamendua.

79. artikulua. Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa.

1. Foru Administrazio Publikoak Ahalordetzeen Erregistro Elektroniko bat izanen du, eta bertan agerraraziko dira Foru Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko asmoz pertsona fisikoek edo juridikoek hirugarrenen alde egiten dituzten ordezkaritzak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoek ahalordetzeen erregistro elektroniko propioak izaten ahalko dituzte horien aurrean berariazko izapideak egiteko.

2. Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa eta, hala bada, erakundeen erregistro bereziak elkarreragingarriak izanen dira haien artean, beste administrazio publikoen erregistroekin, merkataritza erregistroekin, jabetzaren erregistroekin eta notario protokoloekin.

3. Oinarrizko legedian xedatutakoak eta horretarako onesten den erregelamendu araudiak gidatuko dituzte Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa eta, behar denean, erakundeen erregistro bereziak.

4. Honako hauek eginen dira erregelamendu bidez: inskripzio baldintzak arautu, apud acta ahalordea egoitza elektronikoan agertuz ematen denean onartzen diren sinadura-sistemak zehaztu, eta, erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoetan emandako apud acta ahalordetzea izanez gero, gaitutako funtzionarioek edo administrazio-kontratudunek aurrez aurreko izapidea egiteko aukera izatea. Horretarako, izaera juridikoko organoek bulego horietako langileei laguntzeko sistema koordinatu bat ezarriko dute beharrezkotzat jotzen denerako. Legez ezarritako kategoriekin bat, erregelamenduak erregistroan inskriba daitezkeen ahalordeen ereduak onetsiko ditu, horiek Foru Administrazio Publikoaren aurrean egin beharreko jarduketetara mugatzen direnean.

80. artikulua. Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa.

1. Gaitutako Funtzionarioen Erregistro bat edo beste sistema baliokide bat izanen du Foru Administrazio Publikoak, eta gaitutako funtzionarioak agertuko dira bertan, beren eginkizunen artean honako hauek derrigor dituztenak:

a) Harreman elektronikoak egitera behartuta ez dauden pertsonen izenean egin beharreko identifikazio eta sinadura elektronikoa.

b) Dokumentuen jatorrizko kopiak egitea, kopia horiek administrazio jarduketa automatizatuaren bidez egin ezin direnean edo horrelakorik eskatzen ez denean.

2. Erregistro hori gainerako administrazio publikoen gaitutako funtzionarioen erregistroekin guztiz elkarreragingarri eta interkonektatuta egonen da.

3. Erregistro horretan inskribatuko dira, gutxienez, erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoak.

4. Oinarrizko legedian xedatutakoak eta horretarako onesten den erregelamendu araudiak gidatuko dute Gaitutako Funtzionarioen Erregistroa.

V. TITULUA

Administrazioen arteko harremanak

81. artikulua. Araubide orokorra.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen arteko harremanak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta foru lege honetan ezarritakoaz gainera, honako hauek ere arautuko dituzte:

a) Estatuaren oinarrizko araudia eta Europar Batasuneko zuzenbidea.

b) Toki araubidearen legedia, toki administrazioaren entitateekiko harremanetan.

2. Ondorio horietarako, araudian ezarritako elkarlan, koordinazio eta lankidetza tresnak eta teknikak erabiliko dira, erakundeen lankidetza eta leialtasun printzipioei eta administrazio publikoen artean elkarlanean aritu beharrari jarraikiz.

I. KAPITULUA

Elkarlana, lankidetza eta koordinazioa

82. artikulua. Elkarlanaren kontzeptua.

1. Elkarlantzat hartzen da helburu komunak lortzeko gainerako administrazio publikoekin aritzeko betebeharra.

2. Foru Administrazio Publikoak honakoak bete beharko ditu:

a) Errespetatzea gainerako administrazioek beren eskumenak erabiltzeko duten eskubide legitimoa.

b) Haztatzea, norberaren eskumenak erabiltzerakoan, ukitutako interes publiko guztiak, eta, zehazki, gainerako administrazioek kudeatu behar dituztenak.

c) Behar duten informazioa ematea gainerako administrazioei, beren eskumenak erabiliz egiten ari diren jarduerari buruz, edo pertsonei, gai baten gaineko informazioa osorik eskura izan dezaten.

d) Laguntza ematea, norberaren eremuan, gainerako administrazioei, beren eskumenak modu eraginkorrean erabiltzeko hala eskatzen dutenean.

e) Betetzea elkarlanean aritzeko betebeharraren ondoriozko eginbeharrak eta arau bidez ezarritako gainerakoak.

3. Errekeritutako laguntza eta elkarlana kasu hauetan bakarrik ukatzen ahal da: ez badu hori emateko ahalmenik berariazko araudian ezarritakoaren arabera; ez badu horretarako baliabide nahikorik, edo, emanez gero zaintzeko esleitu zaizkion interesak asko kaltetuko balitu, edo bere funtzioak ez betetzea eraginen balio; edo eskatutako informazioa konfidentziala edo isilpekoa denean. Laguntza emateko ukoa arrazoituta jakinaraziko zaio eskaera egin duen administrazioari.

4. Elkarlanaren barnean sartzen da beste administrazio publikoen egintzak edo horien ondorioak nork bere lurralde esparrutik kanpo gauzatzea ere. Elkarlanean aritzeko betebeharraren ondorioz sor litezkeen kostuak jasanarazten ahal dira hala erabakitzen bada.

83. artikulua. Elkarlanerako teknikak.

Elkarlanean aritzeko betebeharraren ondoriozko eginbeharrak teknika hauen bidez gauzatuko dira:

a) Eskaera jaso duen organoak dituen informazioa, datuak, dokumentuak edo frogabideak ematea bere eskumenak erabiltzeko horiek behar dituela eskaera egin duen administrazioari.

b) Informazio administratiboko sistema integratuak sortzea eta mantentzea, datuak eguneraturik, osorik eta modu iraunkorrean izateko, Espainia osoko administrazioaren jarduera eremuekin loturik.

c) Laguntza emateko betebeharra, gainerako administrazioek beren eskumenak hobeki erabiltzeko egindako eskaerei erantzuteko, batez ere administrazio jardueren ondorioak haien lurralde esparrutik kanpo gauzatzen direnean.

d) Hitzarmenak formalizatzea.

e) Araudian aurreikusitako beste edozein.

84. artikulua. Lankidetzaren kontzeptua.

1. Lankidetzatzat hartzen da Foru Administrazio Publikoak, borondatez eta bere eskumenak erabiliz, berariazko konpromisoak hartzea, egintza bateratuak egiteko gainerako administrazio publikoekin.

2. Foru Administrazio Publikoa lankidetzan ariko da beste administrazio publikoekin, interes orokorraren mesedetan, eta borondatez erabakitzen ahal du nola erabili bere eskumenak printzipio hau ahalik eta hobekien betetzeko.

85. artikulua. Lankidetzarako teknikak.

Lankidetzan aritzeko betebeharraren ondoriozko eginbeharrak teknika hauen bidez gauzatuko dira:

a) Lankidetzarako organo pertsonifikatuak sortzea edo horietan parte hartzea.

b) Parte hartzea beste administrazio publiko batzuen kontsulta-organoetan.

c) Parte hartzea erakunde publikoetan edo beste administrazio bati lotutako edo horren menpeko entitateetan.

d) Beste administrazio publiko batzuei uztea bitarteko materialak, ekonomikoak edo pertsonalak.

e) Administrazioen arteko lankidetza, gai jakin bat arautzen duen araudia modu koordinatuan aplikatzeko.

f) Derrigorrezkoak ez diren txostenak egitea, administrazioek beren eskumenak ukitzen dituzten proposamenen edo jarduketen gaineko irizpidea adierazteko.

g) Ondarearen arloko lankidetza jarduketak -titulartasun aldaketak eta ondasunak lagatzea barne- ondarearen arloko legerian aurreikusitakoak.

h) Araudian aurreikusitako beste edozein.

86. artikulua. Koordinazioaren kontzeptua.

Koordinaziotzat hartzen da Foru Administrazio Publikoak duen betebeharra bermatzeko gai berberak ukitutako administrazio publikoen jarduketen koherentzia, emaitza komuna lortzeko, araudiak hala aurreikusten duenean.

87. artikulua. Koordinaziorako teknikak.

Koordinatzeko betebeharraren ondoriozko eginbeharrak teknika hauen bidez gauzatuko dira:

a) Koordinaziorako organo pertsonifikatuak sortzea edo horietan parte hartzea.

b) Plangintzarako tresnak garatzea.

c) Hitzarmenak formalizatzea.

d) Araudian aurreikusitako beste edozein.

II. KAPITULUA

Hitzarmenak eta plangintzarako tresnak

88. artikulua. Hitzarmenak.

1. Oinarrizko legediarekin bat, hitzarmenak dira ondorio juridikoak dituzten akordioak, helburu amankomun bat lortzeko egiten dituztenak honako hauek: administrazio publikoek, haiei lotutako edo haien menpeko erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek edo unibertsitate publikoek, beren artean edo zuzenbide pribatuko subjektuekin.

2. Interes komuneko aferetan administrazio publiko bakoitzaren jardunari buruzko orientazio jarraibideak ezarri edo guztien eskumeneko edo guztien intereseko esparru batean lankidetza garatzeko marko orokorra eta metodologia finkatu baizik egiten ez duten hitzarmenei protokolo orokorrak esanen zaie.

3. Hitzarmenek ezin dituzte xedetzat eduki kontratuei dagozkien prestazioak.

89. artikulua. Hitzarmenen edukia.

Hitzarmenak formalizatzeko tresnek honako zehaztapenak izanen dituzte gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten organoak edo pertsonak eta alderdietako bakoitzak jarduteko duen gaitasun juridikoa.

b) Administrazio bakoitzak, kasua bada, duen eskumena.

c) Hitzarmenaren xedea eta egin nahi diren jarduketak.

d) Finantzaketa.

e) Alderdiek hartutako obligazioak eta konpromisoak ez betetzearen ondorioak, eta hala badagokio, ez betetze horrek izan lezakeen kalte-ordaina zehazteko irizpideak.

f) Hitzarmena eta hartutako konpromisoak betetzearen jarraipen, zaintza eta kontrol mekanismoak.

g) Hitzarmena aldatzeko araubidea. Berariazko araudirik ez bada, hitzarmenaren edukia aldatzeko hura sinatu duten alderdien adostasuna beharko da.

h) Aurreikusitako indarraldia, araudiaren arabera, eta luzatzeko aukera, alderdiek hala adosten badute. Berariazko araudirik ez bada, hitzarmenak iraupen mugatua izanen du, gehienez ere lau urtekoa.

i) Araudian aurreikusi gabeko iraungitzeko arrazoiak.

90. artikulua. Onesteko tramiteak.

1. Deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta berariazko araudian ezarritakoa, hitzarmen bat onesteko beharrezkoa izanen da justifikazio-oroitidazki bat egitea, arlo ekonomikoa eta arauena jorratuko dituena, zeinak, besteak beste, haren hitzarmen-izaeraren justifikazioa jasoko baitu.

2. Xedeari, esku hartzen duten pertsonei, eta, hala dagokionean, finantzaketari erreparatuz, hitzarmenak honakoen bidez onetsiko dira:

a) Nafarroako Gobernuaren erabakia, gaiari dagokion arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik, eta sinatu beharko du Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo proposamena egin duenak.

b) Gaiari dagokion arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindua.

c) Egitura organikoen arabera, ebazpenak emateko ahalmena duenaren ebazpena.

91. artikulua. Iraungipena eta likidazioa.

1. Hitzarmenak iraungitzen dira xede dituen jarduketak burutu direlako, eta hitzarmenean bertan, oinarrizko araudian, eta, hala dagokionean, berariazkoan, aurreikusitako arrazoiengatik.

2. Hitzarmenen likidazioa, alderdi bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak zehazteko, oinarrizko araudian xedatutakoaren arabera arautuko da.

92. artikulua. Hitzarmenak Kontuen Ganberara igortzea.

1. 600.000 eurotik gorako konpromiso ekonomikoak dituzten hitzarmenak sinatzen direnetik hasita hiru hilabeteko epean igorriko dira Kontuen Ganberara.

2. Halaber, Ganbera horretara igorriko dira aldaketak, luzapenak, epeen aldaketak, hartutako konpromiso ekonomikoen aldaketak, eta aipaturiko hitzarmenen iraungipena.

93. artikulua. Elkarrekin jarduteko planak.

1. Foru Administrazio Publikoak gainerako administrazio publikoekin adostu ditzake elkarrekin jarduteko planak, administrazioaren sektoreren batean interes komunak daudenean.

2. Elkarrekin jarduteko planek, urteko programen bitartez, proposatutako helburuak lortze aldera administrazio bakoitzak bere esparruan egin beharrekoak finkatuko dituzte, bai eta konpromisoak eta konpromiso horiek eskatzen dituzten baliabideak ere.

3. Elkarrekin jarduteko planak, hitzartzen dituzten administrazioetako organo eskudunek onetsi ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

4. Foru Administrazio Publikoan, beste administrazioren batekin prestatutako elkarrekin jarduteko planak onesteko ahalmena Nafarroako Gobernuak izanen du, erabaki bidez, edo haren kideetako edozeinek.

94. artikulua. Elkarrekin Jarduteko Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa.

1. Elkarrekin Jarduteko Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa izanen da Foru Administrazio Publikoak hitzarmenaren gainean duen jardueraren publizitate, gardentasun eta kontrol tresna.

2. Erregistro honetan inskribatuko dira, gutxienez, foru lege honetan aurreikusitako hitzarmenak, akordioak eta planak.

III. KAPITULUA

Foru Administrazio Publikoaren harreman elektronikoak
gainerako administrazio publikoekin

95. artikulua. Administrazioen arteko harreman elektronikoetarako irizpideak.

1. Foru lege honetan xedatutakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoak informazio sistemak ezarriko ditu eta prozedurak eta zerbitzuak antolatuko ditu, halako moduan non posible izanen den gainerako administrazio publikoekin:

a) Informazioaren eta jakintzen trukea.

b) Datuak kontsultatzea eta igortzea.

c) Sinadura elektronikoko sistemen elkarreragingarritasuna.

d) Sistema eta aplikazio informatikoak berrerabiltzea eta transferitzea.

2. Elkarreragingarritasun eta segurtasun eskema nazionalak kontuan hartu beharko ditu Foru Administrazio Publikoak erabaki teknologikoak hartzerakoan.

96. artikulua. Datuak kontsultatzea eta igortzea.

1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin bat, Foru Administrazio Publikoak eskura dituen interesdunen datuetan sartzeko aukera emanen die gainerako administrazio publikoei, betiere zehaztuz datu horietan ahalik eta segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun handienaz sartzeko baldintzak, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak.

2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da; izan ere, gainerako administrazio publikoek bakar-bakarrik eskuratuko dituzte beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez egoki den araudiaren arabera interesdunei eskatzen dizkietenak. Ondorio horietarako, interesdunak baimena eman duela ulertuko da, oinarrizko legediak ezarritako baldintzen arabera.

3. Foru Administrazio Publikoak beharrezko neurriak hartuko ditu eta behar dituen teknologiak sartuko, bere sareen interkonexioa ahalbidetzeko, eta, hala, komunikazio sare bat sortzeko, zeinaren bidez informazio sistemak elkarrekin lotuko baitira eta administrazio publikoen eta bestelako erakundeen artean trukatu ahal izanen baitira informazioa eta zerbitzuak.

4. Horretarako, komunikazio-ingurune itxiak sortzen ahalko dira Foru Administrazio Publikoaren barrenean edo horren eta beste administrazio publiko batzuen artean, komunikazioetarako, datuen truke elektronikorako eta dokumentu elektronikoak igortzeko. Lehenbiziko kasuan, zehaztuko dira komunikazioa arautuko duten baldintzak eta bermeak, eta jasoko dira igorle eta hartzaile baimenduen zerrenda eta trukatuko diren datuen nolakotasuna; bigarrenean, administrazio publikoen artean beharrezko hitzarmena sinatuko da.

97. artikulua. Sinadura elektronikoa segurtatzea.

Foru Administrazio Publikoak, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak ez diren beste sistema batzuk erabiltzen dituenean beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei igortzeko edo haien esku jartzeko elektronikoki sinatutako dokumentazioa, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektronikoa gainjartzen ahalko du, elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko.

98. artikulua. Sistemak eta aplikazioak berrerabiltzea eta transferitzea.

1. Hala eskatzen dion beste edozein administrazio publikoren esku jarriko ditu Foru Administrazio Publikoak bere zerbitzuek garatutako aplikazioak edo kontratatuak dituenak (horien jabetza intelektualeko eskubideen titular bada), salbu eta lotzen zaien informazioa arau baten babes bereziaren xede bada. Era berean eta baldintza beretan, Foru Administrazio Publikoak halako aplikazioak lortzen ahalko ditu beste edozein administrazio publikorengandik. Lagatzailea Foru Administrazio Publikoa bada, lagapen-hartzailearekin adostuko da lagatako aplikazioen erosketaren edo fabrikazio kostuaren jasanarazpena.

2. Aurreko apartatuan aipatutako aplikazioak iturri ireki deklaratzen ahal ditu Foru Administrazio Publikoak, baldin eta horrek administrazioaren funtzionamenduan gardentasun handiagoa badakar, edo herritarrak informazioaren gizartean txertatzea sustatzen badu.

3. Foru Administrazio Publikoak, aplikazio bat erosi, garatu edo haren bizi-ziklo osoan mantendu baino lehen, bai bere bitartekoen bidez bai dagokion zerbitzuak kontratatuz, Estatuko Administrazio Orokorraren aplikazioen direktorio orokorrean ikusi beharko du eskura ote den hura berrerabiltzeko irtenbiderik, gauzatu nahi diren premiak, hobekuntzak edo eguneratzeak osorik edo hein batean estaltzen ahal dituenik, baldin eta elkarreragingarritasuneko eta segurtasuneko baldintza teknologikoek horretarako bidea ematen badute. Hura osorik edo partez berrerabiltzeko irtenbiderik bada, Foru Administrazio Publikoak justifikatu egin beharko du hura ez berrerabiltzeko erabakia, efizientziari dagokionez.

4. Estatuaren zerbitzu elektronikoak, erregistroak edo plataformak erabiltzea erabakiko da, oinarrizko araudian aurreikusitako moduan, Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez, baina horrek ez du ekarriko aldaketarik egindako administrazio jarduketen gaineko arduran, zeina administrazio prozedura kudeatzeko eskumena duen organoari dagokion.

5. Erregelamendu bidez arautuko da aplikazioen direktorioa eta Foru Administrazio Publikoak egunean izan beharko du, libreki berrerabiltzeko, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean xedatuarekin bat. Direktorio horrek erabat elkarreragingarria izan behar du Estatuko Administrazio Orokorraren aplikazioen direktorio orokorrarekin, zeinean egonen baitira jasoak gainerako administrazioen aplikazioak.

IV. KAPITULUA

Harreman gatazkatsuak beste administrazio publiko batzuekin

99. artikulua. Harreman gatazkatsuak.

Foru Administrazio Publikoak beste administrazio publiko baten kontra administrazioarekiko errekurtsoa jarri behar duenean eta aginduzkoa edo aukerakoa bada aurrez errekerimendua egitea, horretarako eskumena Nafarroako Gobernuarena izanen da, ukitutako departamentuak edo departamentuek proposaturik, salbu eta toki entitateen egintzak legezkotasun kontrolaren ondorioz aurkatzen direnean Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako moduan, kasu horretan eskumena foru lege horrek adierazten duen organoarena izanen baita.

100. artikulua. Eskumena.

Nafarroako Gobernua izanen da organo eskuduna beste administrazioek Foru Administrazio Publikoari egiten dizkioten errekerimenduak bere gain hartzeko. Gai honen gaineko erabakiak Nafarroako Gobernuak hartuko ditu ukitutako departamentuak edo departamentuek aurretik proposaturik.

VI. TITULUA

Administrazio jarduketaren arau orokorrak herritarrekiko harremanetan

I. KAPITULUA

Pertsonen eskubideak

101. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Pertsonek, Foru Administrazio Publikoarekiko harremanetan, titulu honetan jasotako eskubideak dituzte, bai eta legedi hauetan aitortutakoak ere: estatuaren oinarrizko legedian, Europar Batasuneko zuzenbidean, gardentasunaren arloko berariazko legedian eta sektoreko beste arau batzuetan.

2. Foru Administrazio Publikoak, bere jardunbidean, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu herritarrek eskubide horiek baliatu ahal izateko.

102. artikulua. Pertsonek Foru Administrazio Publikoarekiko harremanetan dituzten eskubideak.

Pertsonek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, eskubide hauek dituzte:

a) Arreta egokia jasotzekoa.

b) Administrazio egokia izatekoa.

c) Fede ona eta konfiantza legitimoa babestua izatekoa.

d) Zerbitzu publikoak jasotzekoa.

e) Eskaerak egitekoa.

f) Idazkiak eta dokumentuak aurkeztekoa.

g) Iradokizunak, erreklamazioak eta kexak aurkeztekoa.

103. artikulua. Arreta egokia jasotzeko eskubidea.

1. Foru Administrazio Publikoarekin harremanetan jartzen den pertsona orok eskubidea du adeitasunez, arduraz eta konfidentzialtasunez arreta eman diezaioten, bereizkeriarik gabe jaiotza, sexu, arraza, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta.

2. Era berean, Foru Administrazio Publikoarekiko harremanetan edozein pertsonak gaztelania nahiz euskara erabiltzeko eskubidea du, euskararen erabilera arautzen duen foru legedian ezarritakoari jarraikiz.

104. artikulua. Administrazio egokia izateko eskubidea.

Pertsona guztiek eskubidea dute Foru Administrazio Publikoaren organoek haren aferak inpartzialtasunez eta berdintasunez tratatzeko eta, gainera, arrazoizko epe batean.

105. artikulua. Fede ona eta konfiantza legitimoa babestuak izateko eskubidea.

Foru Administrazio Publikoak betiere babestuko du pertsonek hartan jarritako fede ona eta konfiantza legitimoa, bai eta ordura arte erakutsitako ohiko jokabide zintzoa ere. Dena dela, eskubide hau erabiltzeak ezin du ordenamendu juridikoaren kontrako ondoriorik ekarri.

106. artikulua. Zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea.

1. Pertsonek eskubidea dute zerbitzu publikoak berdintasunez jasotzeko, bai eta tratu pertsonalizatua eta egokia izateko ere.

2. Pertsonek eskubidea dute zerbitzu publikoak behar adinako kalitate mailaz eman daitezen; horien etengabeko hobetzea eta kalitatearen ebaluazioa helburu duten kudeaketa ereduak ezarriko dira.

107. artikulua. Eskaerak egiteko eskubidea.

Edozein pertsonak du Foru Administrazio Publikoari eskaerak egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren eta eskubide hori arautzen duen Lege Organikoaren arabera.

108. artikulua. Idazkiak eta dokumentuak aurkezteko eskubidea.

Erregistroen arloan laguntza emateko bulegoetako arduradunek ezin izanen dute dokumentuak aurkezteko mugarik edo debekurik jarri, ez formazko arrazoiengatik, ez dokumentuaren edukiagatik. Aurkeztutako agiritik behar bezala izapidetzeko behar den gutxieneko informazioa ateratzerik ez badago, interesdunari jakinaraziko zaio eta, zuzentzen ez badu, agiria atzera bota dezakete. Horrelakoetan, kasuko agirian horren berri jaso beharko dute.

109. artikulua. Iradokizunak, erreklamazioak eta kexak aurkezteko eskubidea.

1. Edozein pertsonak du Foru Administrazio Publikoaren zerbitzu publikoen jarduera edo funtzionamenduaren gaineko iradokizunak, erreklamazioak eta kexak aurkezteko eskubidea.

2. Berariazko arloetan ezarritako prozedurak galarazi gabe, Nafarroako Gobernuak, erregelamendu bidez, horiei arreta eman edo erantzuteko prozedura berezia ezarriko du.

3. Betiere, prozedura horiek ezarriko dute erantzun bat, berariazkoa eta arrazoitua.

II. KAPITULUA

Foru Administrazio Publikoaren betebeharrak izapidetze
elektronikoaren arloan

110. artikulua. Jarduera administratibo elektronikoa.

1. Foru Administrazio Publikoak, oinarrizko legediarekin bat, bitarteko elektronikoak erabiliko ditu jarduketa guztietan, posible ez den kasuetan izan ezik.

2. Ondorio horietarako, oinarrizko legediak eta Foru Lege honek zehazten dituzte Foru Administrazio Publikoak bere gain hartzen dituen betebeharrak, izapidetze elektronikoaren arloan pertsonei aitortutako eskubideei dagokienez.

111. artikulua. Prozedura elektronikoa.

1. Foru Administrazio Publikoak bermatuko du bitarteko elektronikoen bidez edozein administrazio prozedura hasi eta izapidetu daitekeela, teknologiak ezarritakoez beste mugarik gabe.

2. Foru Administrazio Publikoak bultzatuko du prozedura horiek tarteka arrazionalizatu, sinplifikatu eta eguneratu daitezela.

3. Prozedura guztiak espediente administratibo elektroniko baten bidez formalizatuko dira, oinarrizko legedian ezarritako baldintzen arabera.

112. artikulua. Interesdunei laguntzea bitarteko elektronikoak erabiltzen.

1. Foru Administrazio Publikoak interesdunei bermatuko die bitarteko elektronikoen bidez izan dezaketela harremana berarekin. Horretarako, haien esku jarriko ditu beharrezko diren irispide-kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistema eta aplikazioak. Ildo horretan, beharrezko neurriak ezarriko dira bermatzeko emakumeek eta gizonek aukera berak dituztela bitarteko elektroniko horiek eskuratu eta erabiltzeko.

2. Administrazio elektronikoaren arloan eskumenak dituzten organoen ebazpen baten bidez balidatuko dira sistema eta aplikazio horiek.

3. Foru Administrazio Publikoak bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emanen die administrazioarekin elektronikoki erlazionatzeko betebeharrik ez duten interesdunei, hala eskatzen badute. Halaber, interesdun horietakoren batek ez baldin baditu behar diren bitarteko elektronikoak, Foru Lege honen 80. artikuluan adierazitako erregistroan inskribatutako langile batek egin dezake, balio osoz, hura administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, langileak berak erabil dezakeen sinadura elektronikoko sistemaren bitartez.

113. artikulua. Identifikazio elektronikoko sistemak.

1. Foru Administrazio Publikoak oinarrizko araudian ezarritako interesdunen identifikazio sistemak erabiliko ditu, araudian aurreikusitako moduan, eta beste edozein sistema, zeina, oinarrizko araudian aurreikusitako betekizunak beteta, Nafarroako Gobernuaren erabakiz onetsiko den, administrazio elektronikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak proposaturik.

2. Departamentu bakoitzean foru agindu bidez zehaztuko da zer identifikazio sistema dauden onartuta tramite eta prozedura jakin batzuetarako; edonola ere, ziurtagiri elektronikoetan oinarritutako sistemak beti izanen dira onartuak.

3. Identifikazio sistemak erabiltzen ahalko dira sinadura sistema gisa baldin eta aukera ematen badute interesdunen borondate eta baimen adierazpena benetakoa dela frogatzeko, aplikagarri den araudian hala ezarrita badago.

114. artikulua. Sinadura elektronikoko sistemak.

1. Foru Administrazio Publikoak oinarrizko araudian ezarritako sinadura elektronikoko sistemak erabiltzen ahalko ditu, araudian aurreikusitako moduan, eta beste edozein sistema, zeina, oinarrizko araudian aurreikusitako betekizunak beteta, Nafarroako Gobernuaren erabakiz onetsiko den, administrazio elektronikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik. Foru Administrazio Publikoaren eremuan onetsitako sinadura sistema horiek ezin zaizkie gainerako administrazio publikoei inposatu.

2. Departamentu bakoitzean foru agindu bidez zehaztuko da zer sinadura sistema dauden onartuta tramite eta/edo prozedura jakin batzuetarako; edonola ere, ziurtagiri elektronikoetan oinarritutako sistemak beti izanen dira onartuak.

115. artikulua. Jakinarazpenetarako sarbidea.

1. Foru Administrazio Publikoaren eremuan bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak eginen dira, oinarrizko araudian aurreikusitako baldintzetan, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bitartez, edo zehaztutako egoitza elektronikoan agertzearen bidez. Egoitza horretan bertan pertsonen esku jarriko dira paperean idatzitako jakinarazpenak, oinarrizko araudian aurreikusitako moduan.

2. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez jasotzera behartuak daudenei, Foru Administrazio Publikoak ofizioz esleitzen ahal die gaitutako helbide elektronikoa.

3. Nolanahi ere, elkarreragingarritasuna bermatu behar da, edozeinek aukera izan dezan puntu bakar batetik sartzeko haren jakinarazpen guztietara.

III. KAPITULUA

Administrazio prozeduraren berezitasunak

116. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Foru Administrazio Publikoaren eremuan, administrazio prozedurak, barnean direla zehapen prozedura eta Administrazioari ondare erantzukizuna eskatzekoa, oinarrizko legedian xedatutakoari jarraikiz arautuko dira.

2. Foru lege bidez sartzen ahalko dira, arrazoituta eta oinarrizko legediaren printzipio orokorrak errespetatuta, izapide gehiago edo aipatutako legedian aurreikusi ez direnak.

3. Foru dekretu bidez ezartzen ahalko dira, oinarrizko legediaren printzipio orokorrak errespetatuta, organo eskudunei dagozkien prozeduraren berezitasunak, epeak, hasteko eta bukatzeko moduak, argitaratzea eta eskuratu beharreko txostenak.

117. artikulua. Prozeduren iraupena.

1. Foru Administrazio Publikoaren eskumeneko prozeduretan espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea izanen da kasuan kasuko prozedurari buruzko arautegian finkatzen dena. Epe hori betiere sei hilabetetik beherakoa izanen da, non eta lege edo foru lege batek epe luzeagoa ezartzen ez duen edo Europako Batasunaren arauetan hala ezartzen ez den.

2. Prozedurari buruzko arauek ez badute eperik ezartzen espresuki ebatzi eta jakinarazpena egiteko, epea hiru hilabetekoa izanen da.

118. artikulua. Espedienteak izapidetu eta gordetzeko eskumena.

Prozedurak izapidetzea eta espedienteak gordetzea prozeduraren ardura duen organoari dagokio.

119. artikulua. Administrazio bidearen amaiera.

1. Foru Administrazio Publikoan administrazio bideari amaiera ematen diote oinarrizko legedian ezarritako egintzek, bai eta honako egintzek ere:

a) Nafarroako Gobernuak eta bere lehendakariak emanak.

b) Kontseilariek emanak, legezko edo erregelamenduzko arau batek hala ezartzen duenean.

c) Erakunde eta entitate publikoetako zuzendaritza organoen egintzek, foru lege batek edo kasuko erakundea sortzeko arauak hala ezartzen badu.

2. Errekurtsoen ondorioetarako, kide anitzeko organoek ematen dituzten egintza eta ebazpenak, Nafarroako Gobernuarenak izan ezik, organoko buruak emanak bailiran hartuko dira.

120. artikulua. Zehapen arloan eskumenak dituzten organoak.

1. Foru Administrazio Publikoari dagokionez, zehatzeko ahala erabiltzea legezko edo erregelamenduzko xedapenen bidez berariaz esleitua duten organoei dagokie. Berariazko eskudantziarik ez badago, zehapen prozedura hasteko eta ebazteko eskumena kasuan kasuko gaian eskuduna den departamentuko kontseilari titularrari egokituko zaio.

2. Egintza bakar batek arau-hauste bat baino gehiago ekar baditzake, eta arau-hauste horiek bateragarriak badira eta bidezkoa bada zehapen bat baino gehiago jartzea, arau-hauste larriena zehatzeko eskumena duen organoari egokituko zaio denak zehatzeko eskumena, betiere kasuko gaiaren arabera arau-hauste txikia ere zigortzeko ahalmena badu. Horretarako ahalmenik ez badu, berriz, hierarkiako nagusi komunari egokituko zaio eskumena.

3. Zehatzeko eskumenak esleitzeko arauak deskontzentratzea aurreikusten ez bada, zilegi izanen da, izaera orokorreko administrazio-xedapen baten bitartez, zehatzeko eskumenak eta haien gaineko titulartasuna dekontzentratzea, eskumen hori duten organoen menpe dauden beste organo batzuei uzteko. Deskontzentratzeko araua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. Deskontzentrazio baten bitartez eskudantziak jaso dituzten organoek ezin izanen dituzte gero beste baten esku deskontzentratu.

121. artikulua. Zehapena murriztea.

1. Prozedura ebazteko eskumena duen organoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 85. artikuluak xedatuari jarraikiz, diru-zehapenak murrizteko portzentaje hauek aplikatuko ditu:

a) Zehapenaren zenbatekoaren %30, erantzukizun-aitorpena borondatezko ordainketarik gabe egiten bada prozedura hasteko egintzan emandako epea baino lehen.

b) %20 ebazpena baino lehen borondatezko ordainketa eginez gero.

Bi murriztapen horiek metagarriak izanen dira soilik a) letran erantzukizun-aitorpena egiteko emandako epean ordainduz gero.

2. Borondatezko ordainketak, erantzukizun-aitorpenarekin edo gabe, berekin ekarriko du ordainketa egiten den egunetik bukatzea prozedura, ebazpena emateko beharrik gabe.

3. Erantzukizun-aitorpenak edo borondatezko ordainketak berekin ekarriko du zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egitea.

4. Artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan prozedura bukatzeak ez du eraginik izanen hondatutako egoera berrezartzeari edo arau-hausteak eragindako kalte-galeren ordaina zehazteari dagokienez.

5. Zilegi izanen da murriztapen horiek erregelamenduz handitzea.

122. artikulua. Ondare-erantzukizunaren arloko organo eskudunak.

1. Foru Administrazio Publikoan, ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak ebazteko organo eskuduna izanen da ustezko erantzukizuna sortu duen jarduketa egin duen departamentuko kontseilari titularra, erakunde autonomoen kasuan izan ezik, zeinetan Foru Lege honen 58. artikuluan xedatutakoa hartuko den kontuan.

2. Dena dela, ustez kaltea eragin duen unitate organikoari txostena egitea eskatuko zaio.

123. artikulua. Egintza eta xedapen deusezak berraztertzea.

1. Foru Administrazio Publikoaren egintza eta xedapen deusezak berraztertzeko prozedurak jarduketa deuseza egin zuen organoak hasiko ditu eta, organo hori zein departamentutakoa den edo zeini dagoen atxikia, hango kontseilari titularrak ebatziko ditu, salbu eta Nafarroako Gobernutik baldin badator, kasu horretan gobernuak berak ebatziko baitu.

2. Erakunde publikoetako zuzendaritza organoek ematen dituzten xedapen eta egintzak ofizioz berraztertzeko prozedurak ebazteko eskumena, erakunde horiek zein departamenturi atxikita dauden, hango kontseilari titularrek izanen dute.

3. Egintza bat deuseza dela deklaratzeko Nafarroako Kontseiluaren adostasun irizpena beharko da.

124. artikulua. Egintza deuseztagarrien kaltegarritasun deklarazioa.

1. Foru Administrazio Publikoaren egintza deuseztagarrien kaltegarritasun aitorpena egiteko prozedurak egintzaren egilea izan den organoak hasiko ditu.

2. Egintza deuseztagarrien kaltegarritasuna aitortzeko eskumena, egintza zein organok eman duen, hango departamentuko kontseilari titularrari dagokio, salbu eta Nafarroako Gobernuak eman badu, kasu horretan aitorpena egitea Gobernuari berari egokituko baitzaio.

3. Erakunde publikoetako zuzendaritza organoek emandako egintza deuseztagarrien aitorpena egitea, erakunde horiek zein departamenturi atxikita dauden, hango kontseilari titularrei dagokie.

125. artikulua. Administrazio-egintzak errebokatzea eta akats material edo aritmetikoak zuzentzea.

1. Egintza edo xedapena eman duen organoari egokituko zaio errebokatzea kargak ezartzen dituzten egintzak edo pertsonen kalterako diren egintzak, eta zuzentzea administrazio-egintza eta xedapenenetan egiten diren akats material, aritmetiko eta egitatezkoak.

2. Akatsen zuzenketan, horrek dakartzan ondorio juridikoak zehaztu beharko dira, horrelakorik baldin badago. Jakinarazi edo argitaratu diren egintzak izanez gero, zuzenketak ere nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko dira.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den testuan, jasotako testuarekin alderatuz egiten diren akatsak Aldizkariaren ardura duen organoak zuzentzen ahalko ditu, zuzendu beharreko egintza edo xedapena eman duen organoari aldez aurretik komunikatuta.

126. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa.

1. Gora jotzeko errekurtsoen ondorioetarako, organo goren hierarkikotzat honako hauek hartuko dira:

a) Nafarroako Gobernua, kontseilarien egintzei dagokienez.

b) Departamentuko kontseilari titularra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaien eta zuzenean haren menpe dauden departamentuko organoen egintzei dagokienez, salbu eta c) letran xedatutako kasuetan.

c) Funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularra, Foru Administrazio Publikoaren kontseilarietatik beherako edozein organok arlo horren gainean emandako egintzei dagokienez.

d) Zuzendari nagusiak, haien menpe dauden unitate organikoen egintzei dagokienez.

e) Egitura organikoak finkatzen dituzten xedapenetan ezartzen direnak, Foru Administrazio Publikoaren gainerako administrazio-organoei dagokienez.

f) Lehendakaritza arloko eskumena duen departamentuko kontseilari titularra, Foru Administrazio Publikoaren kontseilarien mailatik beherako edozein organok parte-hartze eta elkarlan publikoen arloan emandako egintza guztiei dagokienez, baldin eta egintza horiek Gardentasuna eta Gobernu Irekia arautzen dituen Foru Legean araututa baldin badaude.

2. Foru Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileak hautatzeko mahai eta organoek ematen dituzten egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, mahaiburua izendatu duen agintariari edo organoari zuzendua, errekurtsoaren izapidearen ondorioetarako, hura izanen baita organo goren hierarkikoa.

3. Foru Administrazio Publikoaren menpeko erakunde publikoetako zuzendaritza organoen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, zein departamenturi edo zuzendaritza nagusiri atxikita dauden, hango titularrari zuzendua, errekurtsoaren ondorioetarako hura izanen baita organo goren hierarkikoa, betiere administrazio-bidea amaituta ez badago. Artikulu honen 1. ataleko c) letran adierazia salbuespena da.

127. artikulua. Administrazio-errekurtsoen ordezko bideak.

1. Foru Administrazio Publikoan gora jotzeko eta berraztertzeko errekurtsoen ordez aurkaratze, erreklamazio, adiskidetze, bitartekotza edo arbitrajerako beste prozedura batzuk erabil daitezke, jarraibide hierarkikoen menpe ez dauden kide anitzeko organoen edo batzorde berezien aurrean.

2. Ordezko bide hori foru lege bitartez baimenduriko kasuetan onartuko da bakar-bakarrik, kasu edo eremu sektorial jakin batzuetarako, gaia berezia izanik horrela jokatzea justifikatuta dagoenean.

3. Administrazio-errekurtsoak ordezkatzeko prozeduren ebazpenak bidea libre uzten du administrazioarekiko auzien jurisdikziora jotzeko.

VII. TITULUA

Foru lege mailako arauak eta erregelamenduak prestatzea

I. KAPITULUA

Arau-esparrua planifikatu eta hobetzea

128. artikulua. Arau plangintza.

1. Nafarroako Gobernuak arau plan bat onetsiko du urtero, hurrengo urtean onesteko aurkeztuko diren lege edo erregelamendu ekimenak jasoko dituena.

2. Onetsi ondoren, urteko arau plana Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da.

3. Arau plana zein epetarako egin zen, epe hori igaro ondoren, azalpen publikoa emanen da haren betetze-mailari buruz.

129. artikulua. Erregulazio onaren printzipioak.

1. Nafarroako Gobernuak legegintza ekimena gauzatuko du, eta erregelamendu-ahalaren titularra da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera.

2. Erregelamendu-ahala eta legegintza ekimena gauzatuta, Gobernuak arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipioen arabera jokatuko du. Arau proposamenen zioen azalpenean, behar adina justifikatu beharko da printzipio horien arabera jokatzen dela.

3. Erregulazio onaren printzipioak honako hauek dira:

a) Behar eta eraginkortasun printzipioak: arau ekimena interes orokorreko arrazoi batek justifikatu behar du, lortu nahi diren helburuak garbi identifikatzen duen oinarria izan behar du, eta helburu horiek lortzeko egokiena den tresna izan behar du.

b) Proportzionaltasun printzipioa: ekimenak arauaren bidez ase nahi den beharrari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa bilduko du, egiaztatu eta gero ez dagoela eskubideak gutxiago murrizten dituen beste neurririk edo betebehar gehiago dakartzanik.

c) Segurtasun juridikoaren printzipioa: arau ekimena ordenamendu juridikoaren gainerako alderdiekin koherentea den moduan gauzatuko da, arau-esparru egonkor, ezagun, integratua, argia eta seguru bat sortzeko, zeinak bere jakintza eta ulermena erraztuko baitu eta, horren ondorioz, pertsonen eta enpresen jarduketa eta beren erabakiak hartzeko bidea ere bai.

d) Gardentasun printzipioa: indarreko araudirako eta horren prestatze-prozesuaren berezko dokumentuetarako sarbide erraza, unibertsala eta eguneratua ahalbidetuko da, eta zioen azalpenean argi eta garbi zehaztuko dira arau ekimenen helburuak eta horien justifikazioa. Horrez gain, ahalbidetuko da balizko hartzaileek aktiboki parte hartzea arauak prestatzeko prozesuan.

e) Sinpletasun eta efizientzia printzipioa: arau ekimenak beharrezkoak ez diren administrazio kargak edo osagarriak direnak saihestu behar ditu, eta, bere aplikazioan, baliabide publikoen kudeaketa arrazionalizatu behar du.

f) Irisgarritasunaren printzipioa: Arau ekimenak barnean hartuko ditu zenbait neurri, beharrezko direnak pertsona guztiek administrazio publikoaren aurrean beren eskubideak gauzatzeko aukera izan dezaten eta zerbitzuak benetan eta eraginkortasunez eskuratu ditzaten, pertsona horien gaitasun teknikoak, kognitiboak edo fisikoak edozein direla ere.

130. artikulua. Arau-esparruaren egonkortasuna eta sinplifikazioa.

Nafarroako Gobernuak ahaleginak eginen ditu arau-esparru egonkor eta ahalik eta sinplifikatuena edukitzen, herritarrek aise eskuratzeko modukoa, indarreko araudi aplikagarria azkar eta modu ulergarri batean ezagutzeko balio duena, eta administrazio kargarik gabekoa, interes orokorra asetzeko behar-beharrezkoak direnak baizik ez.

131. artikulua. Arau-esparruaren kalitatea hobetzeko tresnak.

Arauen kalitatearen printzipioa betetzeko, Nafarroako Gobernuak jarduketa hauek eginen ditu:

a) Arau ekimenak aldez aurretik aztertzeko tresnak sustatuko ditu, eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartzen direla bermatzeko; hori guztia herritarrei ez sortzeko beharrezkoak ez diren edo neurrigabekoak diren desparekotasunak, kostu edo beharkizunak, lortu nahi den interes orokorreko helburuarekin lotuta.

b) Arau-xedapenak prestatzeko orduan, arretarik handiena jarriko du herritarrek parte hartu eta laguntzeko prozesuetan, eta, hori helburu, behar den informazioa eskainiko du arau ekimenetatik espero diren ondorioak hobeki ulertu eta baloratzeko.

c) Bere arau jarduketa ondoren ebaluatzeko prozedurak sustatuko ditu, bere ordenamendua bilakatzen dela eta aplikatu beharreko errealitate politiko, ekonomiko eta sozialera egokitzen dela bermatzeko.

d) Araugintzaren teknikarako jarraibideak prestatzea sustatuko du. Arau juridikoen balioa izanen ez badute ere, irizpide teknikoak edo jarduketa-ildoak emanen dizkiete arauak erredaktatzen dituztenei, arauen kalitatea etengabe hobetzeko prozesuan laguntzeko.

II. KAPITULUA

Arauak prestatzeko prozedura, eta herritarrek arauak
prestatzeko prozeduran parte hartzea

132. artikulua. Foru lege aurreproiektuak eta foru dekretu proiektuak prestatzeko prozedura.

1. Prestatze-prozedura arloaren arabera eskuduna den departamentuan abiaraziko da, xedapen proposamenaren testua idatziz.

2. Departamentu eskudunak bi edo gehiago baldin badira, Nafarroako Gobernuak erabakiko du zer den egokiena arau testuaren idazketari dagokionez.

3. Arauaren zioen azalpenean agertu behar den derrigorrezko justifikazioa ezertan eragotzi gabe, honako hauek frogatzen dituzten dokumentuak aurkeztuko dira proiektuarekin batera: arauaren egokitasuna, zuzenean ukitzen diren departamentuei egindako kontsulta, lehentasuneko eskumen tituluaren identifikazioa, arauaren arau-esparrua, ordenamendu juridikorako egokitzapena, indargabetutako arauen zerrenda, egitura organikoarekiko lotura, generoaren araberako eragina, irisgarritasunaren eta desgaitasunaren araberako eragina, atzemandako beste eragin garrantzitsu batzuk, gauzatutako izapideen eta egindako kontsulten, entzunaldien eta jendaurreko informazioaren deskribapena, eta kontseiluen edo beste organo batzuen derrigorrezko txosten guztiak.

4. Arau proposamenarekin batera, sortuko duen kostuaren gaineko kalkulua zehaztuko da. Oraingo edo etorkizuneko gastu edo diru-sarrera publikoak ukitzen baditu, haren ondorioak eta efektuak kuantifikatu eta baloratu beharko dira, eta aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren printzipioak betetzearen baldintzapean jarri. Halaber, jarduera ekonomikoaren gaineko murrizketa bidegabeak edo neurrigabeak sartzea eragotziko da.

5. Betiere, arau proposamenak departamentu eskuduneko idazkaritza orokor teknikoaren txostena jaso beharko du, eta txosten horrek, gutxienez, aditzera emanen du egindako prozedura zuzena ote den eta proposatutako araua ordenamendu juridikoarekin bat ote datorren.

6. Onetsi baino lehen, Nafarroako Gobernuko departamentu guztiei igorriko zaizkie, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 18. artikuluan adierazitako Koordinazio Batzordeak aztertuko ditu.

7. Nafarroako Gobernuak edo lehendakariak larrialdi kasua dela uste baldin badu, ezabatu egin daiteke aurreko apartatuan aipatutako tramitea.

8. Foru lege mailako xedapenak prestatzeko, aurreko apartatuetan aurreikusitako izapideei jarraituko zaie gutxienez.

9. Nafarroako Gobernuko lehendakariak onetsi beharreko erregelamenduei ez zaie aplikatuko artikulu honetan araututako prozedura.

133. artikulua. Herritarren parte-hartzea foru lege mailako arauak eta erregelamenduak prestatzeko prozeduran.

1. Lege aurreproiektu bat edo erregelamendu proiektu bat prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat sustatzen ahalko da lege aurreproiektuetarako, eta hori sustatu beharko da erregelamendu proiektuetarako, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atariaren bitartez; eta bertan jasoko da zer iritzi duten datorren arauaren eraginpean gerta litezkeen subjektu eta ordezkaritasun handieneko erakundeek puntu hauei buruz:

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.

b) Araua onestea beharrezkoa eta egokia den.

c) Arauaren helburuak.

d) Aukeran dauden beste alternatiba batzuk (arauemaileak eta arauemaile ez direnak).

2. Arau ekimenak pertsonen eskubide eta interes legitimoak ukitzen baditu, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko da, ukitutako pertsonei entzunaldia emateko eta beste pertsona edo entitate batzuek egiten ahal dituzten ekarpen osagarri guztiak jasotzeko asmoz.

3. Halaber, arau ekimenak ukitzen dituen eskubide edo interes legitimoen jabeak diren pertsonak taldekatzeko edo ordezkatzeko legeak aitortuak dauden erakundeen edo elkarteen iritzia zuzenean jasotzen ahalko da, elkarte horien helburua zuzenean loturik dagoenean xedearekin.

4. Artikulu honetan arautzen diren entzunaldia eta jendaurreko informazioa halako moduan egin beharko dira non arau ekimenaren balizko hartzaileek eta horri buruzko ekarpenak egiten dituztenek aukera izanen baitute beren iritzia adierazteko. Horretarako, haien eskura jarri beharko da 15 egun balioduneko aldian arau ekimenaren zirriborroa, baita txosten bat ere, ekimena onestea beharrezkoa eta egokia dela justifikatzen duena.

5. Artikulu honetan aurreikusitako kontsulta, entzunaldi eta jendaurreko informaziorako izapideak alde batera uzten ahalko dira baldin aurrekontu edo antolaketa arauak badira edo interes publikoko arrazoi larriek hori justifikatzen badute.

6. Erregelamendu proiektuei dagokienez, posible da aldez aurreko kontsultarik ez egitea, horrek jarduera ekonomikoan eragin nabarmenik ez badu, hartzaileei betebehar garrantzitsurik ezartzen ez badie, arlo baten alderdi partzialak arautzen baditu, edo erregelamendu-ahala arautzen duen araudiak presazko tramitatzea aurreikusten badu; azken kasu horretan, araudi horretan ezarritakoari jarraituko zaio.

Lehen xedapen gehigarria.–Antolamendu ekonomiko-finantzarioa.

Foru lege honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko foru legeriari jarraikiz arautuko da Foru Administrazio Publikoaren eta haren erakunde publikoen antolamendu ekonomiko-finantzarioa.

Bigarren xedapen gehigarria.–Zerga arloko administrazio-prozedurak.

Zergen arloko prozedurak, zergen aplikazioa, zehapen ahalmena, arlo horretako prozedura eta zergei buruzko egintzen administrazio-bideko berrikuspena Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari jarraikiz arautuko dira, bertan ezarritako iturri-sistemarekin bat.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Zerbitzuen katalogoa eta administrazio-prozedurak.

Foru Administrazio Publikoak eguneraturik izanen ditu bere zerbitzuen katalogoa eta bere eskumeneko prozeduren zerrenda. Horrez gain, honako alderdi hauek adieraziko ditu prozedura horietarako, gutxienez:

a) Ebazteko organo eskuduna.

b) Prozedura erregulatzeko arau zehatzak.

c) Ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak.

Laugarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

1. Nafarroako Aldizkari Ofiziala da Nafarroako Foru Komunitateko aldizkari ofiziala.

2. Argitaratu beharreko araudia, administrazio xedapenak eta administrazio egintzak argitaratzen dira baliabide ofizial horretan, indarrean den ordenamendu juridikoarekin bat.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Atalburuak, bulegoburuak eta ataletik beherako unitateetako buruak bitarte baterako izendatzea.

1. Dagokion unitate organikoa zein departamenturi atxikirik dagoen, haren titularrak eginen du atalburu, bulegoburu eta ataletik beherako unitateetako buruen bitarte baterako izendapena, behin funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak haren aldeko txostena eman ondoren.

2. Izendapena beste departamentu bateko langile bati egiten baldin bazaio, departamentu horretako titularraren adostasuna beharko da.

Seigarren xedapen gehigarria.–Zuzendaritzako langile funtzionarioen ordainsariak.

Administrazio publikoetako funtzionarioak eta bestelako langile finkoak izendatzen badira Foru Administrazio Publikoko erakunde publikoetako zuzendari nagusi izateko edo bitarte baterako zuzendaritza kargu batean aritzeko, Nafarroako aurrekontu orokorretan haientzat finkatuta dauden urteko ordainsariak handitu eginen dira, harik eta izendapenaren aurretik jasotzen zituzten ordainsarien zenbateko osoa berdindu arte, barnean dela ordainsari aldakorren urteko batezbestekoa barne.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Genero-berdintasuna hizkeran.

Pertsona, lanpostu edo karguei buruz ari denean foru lege honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko hitzak erabiltzen dituen kasuetan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, aipatutako pertsonen edo kargu edo lanpostu horien titularren sexua edozein dela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan ondorio juridikoen ikuspegitik.

Zortzigarren xedapen gehigarria.–Prozeduren gehieneko iraupena.

Lege mailako beste edozein arautan ezarritakoa gorabehera, foru lege honetako I. eranskinean aipatzen diren administrazio-prozedurak espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea eranskin horretan prozedura bakoitzarentzat ezarritakoa izanen da.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.–Isiltasunez ezesteko prozedurak.

1. Foru lege honetako II. eranskinean aipatzen diren prozeduretan, eta espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko beharra gorabehera, interesdunek eskabideak administrazioaren isiltasunez ezetsitzat hartu ahalko dituzte.

2. Diru-laguntzen edo bestelako laguntzen eskabideak administrazioaren isiltasunez ezetsitzat hartzen ahalko dira baldin eta, gehieneko epea bukatuta, ez badira espresuki ebatzi eta jakinarazi, eta hori guztia ezertan galarazi gabe ebazpena eman eta jakinarazteko betebeharra.

Hamargarren xedapen gehigarria.–Hauteskunde prozesuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aparteko orduak sorrarazten ahalko dituzte, horien lansari araubidea eta eginkizunak zeinahi diren ere, baldin eta egiten diren hauteskundeak antolatzen eta garatzen parte hartzen badute, nork bere lanpostuko zeregin berekiak betetzeaz haratago sartzen duen denbora dela kausa, Nafarroako Gobernuak hartutako erabaki bidez ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Xedapen iragankor bakarra.–Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa.

Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroak, zeina sortu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez, “Elkarrekin Jarduteko Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa” izena hartuko du, foru lege honek indarra hartu ondoren.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak oro har indargabetzea.

1. Indargabetuta geratzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea.

2. Indargabetuta geratzen da Nafarroako Foru Komunitatean administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea.

3. Indargabetuta geratzen da Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 28. artikulua.

4. Indargabetuta geratzen dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena.–Kontseilarien eskumen bereziak.

2005eko martxoaren 1a baino lehenagoko foru araudian kontseilariei esleitzen zitzaizkien ebazpen-eskumenak zuzendari nagusiek izanen dituzte, 32.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat; ez dira zuzendari nagusien esku geldituko, hala ere, gehiengo osoko foru legeen bitartez edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen kontratuei buruzko foru legeriaren bitartez kontseilariei esleituriko eskumenak, ez eta zehatzeko ahala erabiltzeari dagozkionak ere, horiek lege edo erregelamendu mailako xedapen batean espresuki esleituak dituzten organoenak izanen baitira.

Azken xedapenetan bigarrena.–Nafarroako Gobernuari gaikuntza ematea.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamendu-xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

1. Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Hala ere, Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoari, Erregistro Orokor Elektronikoari, Gaitutako Funtzionarioen Erregistroari, Administrazioaren Sarbide-puntu Nagusi Elektronikoari eta Artxibo Elektroniko Bakarrari buruzko aurreikuspenek efektuak sortuko dituzte 2020ko urriaren 2tik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarreneko bigarren paragrafoarekin bat.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko martxoaren 11n.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

I. ERANSKINA

Espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazteko epea
sei hilabetetik gorakoa duten prozeduren zerrenda

1. Udal-mugarteak mugatzeari buruzko kontuak, Nafarroako udalen artean: 12 hilabete.

2. Udal-mugarteen aldaketak: 12 hilabete.

3. Kontzejuak eratzea: 12 hilabete.

4. Kontzejuak aldatzea: 12 hilabete.

5. Kontzejuak ofizioz iraungitzea: 12 hilabete.

6. Udaletako muga jurisdikzionaletako marrak leheneratzea eta geometria aldetik hobetzea: 12 hilabete.

7. Hirigintzako legezkotasunaren babesa eta hautsitako ordena lehengoratzea: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

8. Zehapen prozedurak:

–Industriaren arlokoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Eraikinen efizientzia energetikoaren ziurtapenaren arlokoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Gizarte mailan, laneko arriskuen prebentzioaren eta lan-harremanen arloetakoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Kontsumoaren arlokoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Gizarte zerbitzuen arlokoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Etxebizitzaren arlokoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Osasunaren arlokoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Artxibo eta dokumentu, museo eta bilduma museografiko iraunkor, eta kultur ondarearen arloetakoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Kirolaren eta gazteriaren arlokoetakoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Landa garapenaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetakoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren arloetakoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Toki administrazioaren arlokoak: 6 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arlokoak: 12 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

–Jokoaren arlokoak: 12 hilabete, aplikatzekoa den araudi sektorialak epe luzeagoa aurreikusi ezean.

II. ERANSKINA

Ezarritako epean espresuki ebatzi eta ebazpena jakinarazi ezean interesdunek eskabideak administrazioaren isiltasunez ezetsita
daudela ulertu dezaketen prozeduren zerrenda

Herri lanen, garraioen eta turismoaren arloetan eskuduna den departamentua.

1. Nafarroako Gobernuari egindako eskaerak, udalek eta kontzejuek lagatako errepideak har ditzan.

2. Toki entitateen eskaerak, Nafarroako Errepideen Sareari dagozkion bideak konpontzeko lanak egin daitezen.

3. Toki entitateen eskaerak, Nafarroako Errepideen Sareko bideetan zebrabide goratuak (abiada moteltzekoak) jartzeko.

4. Baimen eskaerak, propio ikasleentzako hiriarteko garraio erregularrak egiteko.

5. Baimen eskaerak, bidaiarien hiriarteko garraioa autoetan egiteko (taxia).

6. Garraiorako Gazte Txartela lortzeko eta berritzeko eskaerak.

7. Erakunde publikoentzako baimena, irabazi-asmorik gabeko bidaiak antolatu eta sustatzeko.

Eskubide sozialen arloan eskuduna den departamentua.

1. Eskubide sozialen arloan prestazioak edo zerbitzuak emateko prozedurak, berariazko araudiak isiltasunerako bestelako esanahirik ezarri ezean.

2. Alarguntza-pentsioengatiko kenkariak eta kotizazio gabeko erretiro-pentsioengatikoak aurretik ordaintzea.

3. Gizarte zerbitzuak eskuratzeko administrazio baimenak emateko prozedurak.

4. Mendekotasun edo desgaitasun egoera aitortzeko eta berrikusteko prozedurak.

5. Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide-kategorietarako salbuespenezko gaikuntza, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluak ezarritakoaren babesean.

6. Bizigarritasun-zedula emateko prozedura.

Ogasunaren eta finantza politikaren arloetan eskuduna den departamentua

Aseguru artekari lanetan aritzeko baimena.

Funtzio publikoaren arloan eskuduna den departamentua.

1. Lansarian ondorioren bat dakarten eskaerak, Foru Administrazio Publikoan ebazpena emateko eskumena duen organoa zein den alde batera utzita.

2. Honako eskaera hauek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Montepioko eta Nafarroako Toki Entitateen Montepioko funtzionarioek eginak: ezintasunaren ondoriozko erretiroa, ezintasun iraunkor partzialarengatiko eta ezintasunik ez dakarten lesio iraunkorrengatiko kalte-ordaina jasotzekoa, edo ezintasun mailaren berrikuspena.

Hezkuntzaren arloan eskuduna den departamentua.

1. Hezkuntza itunaren onespena.

2. Hezkuntza itunaren aldaketa eta iraungitzea.

3. Hezkuntza itunaren eskaera, ikastetxerako baimenaren ondoren.

4. Ikastetxe bat jartzeko baimena lortzeko aukerari buruzko aurretiko deklarazioa (instalazioen egokitasuna).

5. Ikastetxeak jartzeko baimena.

6. Ikastetxeak jartzeko baimenaren edo baimen berriaren aldaketa.

7. Ikastetxea izateko baimenaren iraungitzea.

8. Eskolako jantokia izateko baimena.

9. Diru publikoaren laguntza duten ikasleen onarpena.

10. Ikastetxeetan erosketak egiteko baimena.

11. Ikastetxeetan prezioak jartzeko baimena.

12. Oker kobratutako tarifen itzulera.

Osasunaren arloan eskuduna den departamentua.

1. Lurreko osasun garraiorako baimena.

2. Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak sortzeko baimenak.

3. Nafarroan opiazeoekiko tratamendua egiten duten zentro eta zerbitzuen kreditazioa.

4. Drogaren menpekoentzako laguntza-zentroen kreditazioa.

5. Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako langile fakultatiboen eta osasun arloko langile diplomadunen lanbide karreraren sistema.

6. Dedikazio esklusiboko araubidearen aldeko aukera.

7. Oinarrizko Osasun Laguntzako mediku orokorra eta pediatra hautatzea.

8. Botikak irekitzeko, eskualdatzeko eta titulartasuna aldatzeko baimena.

9. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren laguntza ortoprotesikoa, hauetarako: kanpoko protesiak, aulki gurpilduna, ortesi eta protesi bereziak.

10. Jaioberritan hipoakusia garaiz atzemateko programaren laguntza.

Kulturaren arloan eskuduna den departamentua.

1. Esku-hartze arkeologikoetarako baimena.

Kirolaren arloan eskuduna den departamentua.

1. Kirol elkarte bat eratzeko baimena.

2. Nafarroako Kirolaren Ohorezko Aipamenak ematea.

Toki administrazioaren arloan eskuduna den departamentua.

1. Udal-mugarteak mugatzeari buruzko kontuak, Nafarroako udalen artean.

2. Udal-mugarteen mugak aldatzeari buruzko kontuak, udalak adostasunera iritsi gabe.

3. Kontzejuak eratzea.

4. Kontzejuak aldatzea, ukitutakoak adostasunera iritsi gabe.

5. Batera emandako zerbitzuengatik, toki entitateek ordaindu gabe dituzten diru-kopuruen ordezko ordainketa.

6. Toki entitateen batasun bateko partaide diren udal eta kontzejuek bidegabeki ordaindu gabe utzi dituzten diru-ekarpenen ordezko ordainketa.

Iragarkiaren kodea: F1903641