37. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

7/2019 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Hamar urte baino gehiago igaro dira jada basozainen berariazko araubidea erregulatzen duen azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretua onetsi zela, eta agerian jarri da beharrezkoa dela han jasotako aurreikuspen batzuk aldatzea, batez ere kolektiboaren egitura eta antolaketari buruzkoak. Horren helburua da, betiere, basozainen kolektiboari dagozkion funtzioak eraginkortasun eta efikazia handiagoz egitea, kideek beren ekarpena eginez dagozkien helburuak lortzeko zereginean.

Helburu horrekin, arau honen bitartez basozainen egitura berria ezartzen da, eta kolektiboaren izena ere aldatzen da gaztelaniaz, aurrerantzean “Guarderío de Medio Ambiente” izanen baita, agerian uzteko kolektibo horrek dituen funtzio ugariak, basoak zaintzeaz eta basoen aprobetxamenduaz harago: besteak beste, basa faunarekin eta florarekin lotutako funtzioak dituzte, ibaiak zaintzeaz arduratzen dira, bai eta gune babestuak zaintzeaz eta kudeatzeaz, eta inguru industrialean ingurumenaren kalitatea eta jarduera zinegetikoa kontrolatzeaz ere. Euskarazko izena, bestalde, bere horretan utzi da; hots, Basozainak. Izan ere, izen hori gizartean errotua dago eta gizartearen onarpena du, eta, dakigula, kolektibo horrek euskaraz izen hori baino ez du erabili.

Bestalde, arau berri honi esker koordinazio mekanismoak indartzen dira esparru honetan; horretarako, aurreikusten da koordinazio unitate bat sortzea barruti bakoitzaren egitura organikoan, eta bertan behera uzten da Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko lanpostuen egungo egitura hierarkikoa.

Beharrezkotzat jotzen da, horrez gain, koordinaziorako barne mekanismoak ezartzea, basozainen parte-hartzea handiagoa izan dadin beren antolaketaren eta funtzionamenduaren alderdi garrantzitsuenen gaineko proposamen eta analisian. Helburu hori izanik, ezartzen da beharrezkoa dela aldian behingo koordinazio bilerak egitea departamentuaren barruan basozainen arloan eskumena duten unitate organikoen eta barruti bakoitzeko koordinazio unitateen artean, gutxienez hiru hilean behin.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko departamentuetako titularrek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 30eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Foru dekretuaren xedea.

Foru dekretu honen xedea da ezartzea zer antolaketa eta funtzio izanen dituzten Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek, zeina atxikita egonen baita ingurumen arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuaren dena delako departamentuari, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuak zehaztutako esparruaren barruan.

2 artikulua. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen funtzioak.

1.–Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileei dagozkie, beren mailaren barrenean, zaintza, ikuskapen, ikerketa eta kudeaketa funtzioak arlo hauetan:

a) Basa fauna eta flora:

1. Habitatak zaintzea, batez ere babestutakoak, bai eta fauna eta flora ere.

2. Parte hartzea inbentarioak, zentsuak eta kudeaketa lanak egiten faunari eta florari dagokionez.

3. Fauna hartu eta eramatea Basa Fauna Sendatzeko Zentrora, eta animaliak sendatzen laguntzea.

b) Ibaiak babestea:

Ur ibilguak zerk kaltetzen dituen identifikatzea.

c) Basoaren babesa eta aprobetxamendua:

1. Mendiak zaintzea, kontrolatzea eta babestea, bai eta mendietan egiten diren jarduerak ere.

2. Baso-berritzeen gaineko txostena eta jarraipena egitea.

3. Basoaren osasuna: baso ekosistemetako izurri eta gaixotasunei erreparatzea, eta haien jarraipena egitea eta tratamendua jartzea.

4. Basoetako suteak: ezarritako prebentzio neurriak betetzen direla begiratzea, suteak hautematea, kalteen balorazioa egitea eta laguntzea sutea itzaltzeaz eta kausak ikertzeaz arduratzen direnei, horretarako ezartzen diren irizpideen arabera.

5. Aprobetxamenduak: basoen aprobetxamenduak zaintzea, kontrolatzea eta titularrei haien gaineko aholkularitza ematea, aprobetxamendu horiek herri mendietan izan nahiz mendi pribatuetan izan, bai eta basoen aprobetxamenduak baimentzeko egin behar diren eragiketak egitea ere, dagozkion jarraibide teknikoak betez: mendiaren markaketa, kubikazioa, entrega eta ikuskapena, etab.

d) Eremu babestuak zaintzea eta kudeatzea:

1. Babes eta kudeaketa araudia betetzen dela zaintzea.

2. Parte hartzea eremu babestuen kudeaketan, eskatzen zaien moduan.

e) Nafarroako Foru Komunitateko baso ondareko finkak kudeatzea.

f) Abelbideak:

Egoera onean daudela kontrolatzea eta abelbideei eragiten dieten jarduerak kontrolatzea, bai eta laguntzea ere abelbideak mantentzen.

g) Jarduera zinegetikoa kontrolatzea:

1. Ehiza behar bezala egiten dela begiratzea; hots, ezarritako arauei eta planei jarraikiz.

2. Populazio zinegetikoen jarraipena egitea.

3. Aholkularitza ematea tokiko entitateei eta ehiztari elkarteei jarduera zinegetikoaren gainean.

h) Arrantza jarduera kontrolatzea:

1. Zaintzea arrantza ezarritako arauei eta planei jarraikiz egiten dela.

2. Arrain populazioen jarraipena egitea.

3. Arrantzaleei aholkularitza ematea arrantza egiteari buruz.

2.–Honako funtzio hauek egitea dagokie, halaber, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileei:

a) Gainbegiratzea, hala eskatzen zaienean, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak kudeatzen dituen edo hark diruz laguntzen dituen jarduerak eta lanak.

b) Ingurumen arloko larrialdietan laguntzea.

c) Salaketak eta dagozkion ikuskapen aktak bidaltzea kasuan-kasuan eskumena duen erakundeari, ezartzen den prozedurari jarraikiz.

d) Beren eskumenekoa den gaietan gertatzen diren arau-hausteak ikertzea, zer irismen duten jakiteko, eta kausak eta balizko egileak zein diren jakiteko, horretarako ezartzen diren irizpideak kontuan hartuz eta, hala balegokio, lankidetzan jardunez arlo horretan eskumenak dituzten beste erakunde batzuekin.

e) Ingurune naturalean ingurumen araudia betetzen dela zaintzea, eta jakinaraztea araudi hori ez betetzea ekar lezaketen egintzak edota ingurune naturala kaltetzen dutenak. Alde horretatik, jakinaraziko dute betetzen direla departamentuak emandako ingurumen baimenetan jasotako eskakizunak; zehazki, hauei dagokienez: isuri kutsatzaileak, hondakindegiak, lurzoru urbanizaezineko erabilera aldaketak, ibai inguruneko jarduerak, etab.

f) Esleitzen zaizkien beste funtzio guztiak, beren mailari dagozkionak eta ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren eskumen esparruaren barrenean.

3. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek informatu eta aholkularitza emanen diete herritarrei aurreko apartatuetan aipatutako gaiez. Halaber, parte hartuko dute ingurumen hezkuntzako programetan, bai ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak antolatutakoetan bai parte hartzeko eskatzen zaien beste programa batzuetan.

4. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen funtzioak izanen dira, halaber, ingurune naturalean kokatutako ondare historikoa eta arkeologikoa zaintzea eta babestea.

5. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek babes zibileko planetan parte hartuko dute, aurreikusten dutenarekin bat, eta sorospena emanen dute istripu eta larrialdietan, bai eta beren parte-hartzea eskatzen zaien beste kasu batzuetan ere eta babes zibileko zerbitzuen koordinazio pean.

6. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek foruzainekin koordinaturik jardunen dute, bai eta segurtasun indar eta kidegoekin ere, beren eskumenekin bat etorriz hala behar izanez gero.

3. artikulua. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren antolamendua.

1. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak ingurumen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusian txertatuko dira, eta, kasu bada, zuzendaritza horren mendeko zerbitzuan, zeina zehaztuko baita dagokion egitura organikoan eta, modu orokorrean, barrutia izanen da haien atxikipen esparrua.

2. Salbuespen gisa, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileei esleitzen ahal zaizkie lan espezifikoak beren lanpostuaren mailaren barrenean, zehazten den antolamenduarekin bat.

3. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren barruti kopurua zehaztuko da, bai eta haien osaera eta bakoitzaren lurralde esparrua ere. Foru aginduaren proiektua onetsi aurretik, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileei entzunaldia emanen zaie.

4. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak erreferentziazkoa ez den herri batean bizi badira, ez dute inolako kalte-ordainik jasoko joan-etorriengatik.

5. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren barruan sortzen ahal izanen dira, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez, lan arloka banatutako talde espezializatuak.

Talde horiek Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileek osatuko dituzte, eta haren mende egonen da taldeen antolamendua eta funtzionamendua.

Talde espezializatu bakoitzean sartzeko prozedura ezartzeko, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpena emanen da. Prozedura horretan bermaturik egonen da behar adinako gardentasuna eta publizitatea, bai eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek duten eskubidea ere talde espezializatuan sartzeko, baldin eta taldekoa izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

6. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren antolaketaren barruan, barne partaidetzako eta koordinazioko mekanismoak izanen dira, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek gehiago parte har dezaten beren antolaketaren eta funtzionamenduaren alderdi garrantzitsuenen proposamenean eta analisian. Helburu horrekin, aldian behingo koordinazio bilerak eginen dira, gutxienez hiru hilean behin, departamentuaren barruan basozainen arloan eskumenak dituzten unitate organikoen eta barruti bakoitzeko koordinatzaileen artean. Edonola ere, azken horiek beste batzuengan eskualdatu dezakete bilera horietara joateko ardura, edo, bestela, landuko den gaiari buruzko jakintza eta prestakuntza espezifikoa duten barrutiko langileekin joan daitezke bileretara.

Aipatu koordinazio eta partaidetza bileretan lantzea beharrezkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk alde batera utzi gabe, gai hauek aztertuko dira:

a) Informazioa kanalizatzea barrutien eta zerbitzuaren zuzendaritzaren artean edo, bestela, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboa sartuta dagoen zuzendaritza nagusiaren artean.

b) Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren eskaerak aztertzea.

c) Honako arlo hauei buruzko proposamenak egitea zerbitzu zuzendaritzari edo, bestela, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboa sartuta dagoen zuzendaritza nagusiari: jarduketa-protokoloak, arropa erostea, ibilgailuak eta materiala, lan arloka banatutako lantalde espezializatuak, beste unitate batzuekiko harremanak eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboarentzat interes orokorrekoa den beste edozein kontu.

d) Proposamenak egitea zerbitzu zuzendaritzari edo, bestela, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari, talde espezializatuei buruz eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren prestakuntza planari buruz, zuzendaritza nagusiak aztertu eta balora ditzan edo, hala balegokio, ingurumearen arloan eskumena duen departamentuko titularrak.

Aldian behingo koordinazio bileretan adosten diren proposamenak organo eskudunetara eramanen dira, aztertu eta balora ditzaten.

4. artikulua. Unitateen eta lanpostuen zerrenda.

1. Koordinatzailea.

Koordinazio unitatea da Ingurumena Zaintzeko Atalari atxikitako unitate organikoa, eta aipatu atalari dagokio hura antolatzea eta zuzentzea, bai eta lan eskaerak zehaztea ere.

Atxikipen barrutia izanen da lurralde esparrua.

Koordinazio unitateak betetzeko, merezimendu lehiaketa bidezko deialdia eginen da, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atal eta bulegoetako burutzak betetzeko ezarritakoarekin; aipatu lanposturako, ezinbestekoa da basozain, basozain nagusi edo basozain nagusi alboko izendatu izana; hautatutako pertsona koordinatzaile izendatuko da.

Koordinazio unitateak betetzeko kalifikazio epaimahaiak bost kide izanen ditu:

–Epaimahaiburua: hierarkian koordinazio unitatea baino maila altuagoko unitate bateko titulartasuna duen pertsona bat izendatuko da.

–Idazkaria: departamentuko idazkaritza tekniko nagusiko titularra izendatuko da, edo hark eskuordetzen duena.

–Epaimahaikidea: burutzaren atxikipen eremuko Langileen Batzordeko kide bat izendatuko da, batzordeak berak proposatuta.

–Epaimahaikidea: kolektiboko kide bat izendatuko da, ahal dela barrutiko berekoa.

–Epaimahaikidea: kolektiboko kide bat izendatuko da, ahal dela barrutiko berekoa.

Deialdi bakoitzean epaimahaikideen ordezko bana izendatuko da.

Koordinazio unitatea betetzen duen pertsona sei urtez egonen da gehienez.

Honako hauek egitea dagokio koordinazio unitatea betetzen duen pertsonari:

a) Bilerak ezartzea barrutiko langileekin dagokien lana antolatzeko eta lanaren antolaketa gainbegiratzeko.

b) Komunikazio ona sustatu eta bultzatzea barrutiaren antolaketaren barrenean.

c) Kontrolatzea bere barrutiak funtzionatzeko behar dituen materialekin, instalazioekin eta bitartekoekin lotutakoa.

d) Laneko egutegiak antolatzea eta adostea, talde lanaren kudeaketa eraginkorra izan dadin (baimenak, oporrak, jaiegunetako lana eta abar).

e) Kanalizatzea bere barrutiko basozainen eta Ingurumena Zaintzeko Atalaren arteko harremanak.

f) Bere eskualdeko langileek koordinazio bileretan izanen duten parte-hartzea antolatzea, entzute aktiboa sustatzea eta talde lana bultzatzea barrutia eratzen duten langileen artean.

g) Bere kargura dagoen barrutian aplikagarri den araudia betetzen dela zaintzea, bai eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen eskubide eta betebeharrak betetzen direla ere.

h) Tokira bertara joatea bere barrutiko basozainen jarduketetan, baldin eta bere laguntza eta koordinazioa beharrezkoa bada, bereziki larrialdiak badira edo garrantzi bereziko jarduketak badira.

i) Esleitzen zaizkion ekintza oro, bere maila eta funtzioekin bat, lana ahal den eta ongien antolatzeko eta egiteko.

2. Basozaina.

Oro har, bere barrutiko koordinazio unitatea betetzen duen pertsonaren pean egonen da, eta hark emanen dizkio jarraibideak eta hari eman beharko dio bere lanaren berri.

Atxikipen barrutia da bere lurralde esparrua, honako honi kalterik egin gabe:

a) Antolaketa arrazoiak tarteko, gerta daiteke zeregin batzuk egin behar izatea barrutiko lurralde esparru jakin batean.

b) Gerta daiteke talde espezializatu batean sartzea, barrutiaz haragoko lurralde esparru bat duena.

c) Larrialdi edo emergentzia egoeretan, gerta daiteke bere lurralde esparrua Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa izatea.

3. Basozain nagusia edo basozain nagusi albokoa.

Basozain nagusi eta basozain nagusi alboko gisa izendatutako pertsonak beteko dituen funtzioak Basozain lanpostuari dagozkionak dira, eta, horiez gain, bere mailari dagozkionak, bai eta koordinazio unitatea betetzen duen pertsonak edo hierarkian hurrengoa denak esleitzen dizkionak ere.

5. artikulua. Ordezkapenetarako araubidea.

Koordinazio unitatea betetzen duen pertsonaren aldi baterako ordezkapenak egiteko, uko egite, kargutik kentze, gaixotasun, baimen eta abarren kasuan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina.

Baldin eta absentziaren aurreikusitako iraupena hiru hilabetetik gorakoa bada, kontuan hartuko da, ordezkoa bitarte baterako izendatzeko proposamena egiteko, barrutiko langileen iritzia.

6. artikulua. Lanaldia.

1. Lanaldia, urteko zenbaketan, oro har ezarritakoa izanen da, eta, zerbitzuaren beharren arabera, lanaldi malgua eginen da. Behin aplikatutakoan lanaldi malguari dagokion ordu konpentsazioa, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen lanaldi presentzial erreala 1.512 ordukoa izanen da urte osoan.

2. Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren ordutegiak eta egutegiak ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak zehaztuko ditu.

3. Larrialdi arrazoiak tarteko, lanaldia luzatu ahal izanen da.

4. Ahal den guztietan, bikoteka eginen dira zaintza eta ikuskaritza lanak, edo arriskua dakarten bestelakoak. Jarduketa protokolo bakoitzean, jasota egonen da zenbat langile egon beharko diren, gutxienez, egin beharreko lana egiteko, eta inguruabar hori kontuan hartuko du koordinazio unitatea betetzen duen pertsonak, 4.1 a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5. Oro har, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek ez dute lan eginen urteko igande eta jaiegun guztien %30 baino gehiagoan.

6. Igande edo jaiegunetan lan egiteagatiko konpentsazioa, bai eta gaueko ordutegian lana egiteagatikoa, araudi orokorrean ezarritakoa izanen da.

7. artikulua. Basozain lanpostuaren maila eta lanpostua lortzeko baldintzak.

1. Basozain lanpostuak C mailakoak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuan ezarritakoen barruan, salbu eta basozain nagusi eta basozain nagusi alboko izendatutakoak, horiek B mailakoak izanen baitira. Horien egoera “desagertu beharrekoa” izanen da.

2. Basozain lanpostua lortzeko baldintzak.

Basozain lanpostuak betetzeko, oposizio sistema baliatuko da, eta, funtzio publikoan sartzeko baldintza orokorrak ez ezik, baldintza berariazko hauek ere eskatuko dira:

a) Titulu hauetakoren bat izatea: Natur eta paisaia baliabideak kudeatzeko eta antolatzeko goi mailako teknikari titulua, Basoa eta natur ingurunea kudeatzeko goi mailako teknikari titulua, Lanbide Heziketako 2. gradua (nekazaritza adarra, espezialitatea: basozaina) edo pareko titulua.

b) B motako ibilgailuentzako gidabaimena izatea edo parekoa; edonola ere, gerta daiteke zenbait lanpostutarako beste gidabaimen mota batzuk eskatzea.

c) Gainditzea dagokion deialdian ezarritako proba fisikoak eta gainerako proba teoriko-praktikoak.

8. artikulua. Lansari osagarriak.

Koordinazio unitateko lanpostuak badu lanpostu osagarria: mailari dagokion hasierako soldataren %10ekoa, hain zuzen.

Basozain lanpostuaren lansari osagarriak hauek dira: %26,97ko lanpostu osagarria eta %10eko arrisku bereziko osagarria.

9. artikulua. Erreferentziazko herria.

1. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez zehaztuko dira zein diren erreferentziazko herriak barrutietan, eta, oro har, herri horietan hasiko eta bukatuko da zerbitzua.

2. Erreferentziazkoa ez den herri batean bizitzeak ez du inolako kalte-ordainik sortuko joan-etorriengatik.

10. artikulua. Agintaritzaren agentetzat hartzea.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak, beren funtzioak betetzen ari direla, agintaritzaren agentetzat eta polizia judizialtzat hartuko dira zentzu orokorrean, hala ezarrita baitago Prozedura Kriminalaren Legearen 283. artikuluaren 6. apartatuan. Horrenbestez, epaileen, epaitegien eta Ministerio Fiskalaren laguntzaile gisa jardunen dute, eta koordinaturik arituko dira segurtasun indar eta kidegoekin, bat etorriz beren legeria organiko arautzailean jasotako ahalmenekin.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek ez dute armarik erabiliko ez edukiko beren funtzioak betetzen ari direla.

Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak aukera izanen du baimentzeko aire konprimituko armen erabilera, baldin eta hori beharrezkoa bada funtzio jakin batzuk betetzeko. Ebazpenean zehaztuta egonen dira erabilera baldintzak eta hartu beharreko segurtasun neurriak, kalterik egin gabe Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako organoek eman beharreko baimenei.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek beren funtzioak betetzen ari direla egindako ikuskapen aktek eta salaketek egiazkotasunaren presuntzioa izanen dute haietan jasotako egintzei dagokienez.

11. artikulua. Uniformeari eta akreditazioari buruzko arauak.

1. Derrigorrezkoa da uniformea eramatea, osorik eta egoera onean, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente lanpostuari dagozkion funtzioak betetzerakoan.

Salbuespen gisa, koordinatzaileak baimendu dezake uniformea ez erabiltzea.

2. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak emanen die uniforme osoa Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileei, bai eta basozainak direla akreditatzen duen egiaztagiri bat ere.

12. artikulua. Ibilgailuak, instalazioak eta erabilera arauak.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren ibilgailuak kolektiboa atxikita dagoen zerbitzuari atxikita egonen dira, edo, bestela, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek zainduko dute beren funtzioak betetzeko haien eskura jarritako bitarteko eta instalazioek behar bezala funtzionatzen dutela, eta beren funtzioak betetzeko baino ez dituzte erabiliko.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak behartuta daude zerbitzuko ibilgailuak gidatzera, zeinak beren esku jartzen baitira beren betebeharrak egoki betetzeko. Zerbitzuan zehar, halaber, behartuta daude eramatera eta operatibo edukitzera Administrazioak emandako telefono mugikorrak, igorgailuak eta lokalizatzeko beste zeinahi gailu, betiere bat etorriz lan eta bide segurtasunari buruz indarrean den araudiarekin.

13. artikulua. Adinagatik administrazio egoera berezia lortzeko arauak.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek, berrogeita hamabost urte betetakoan, bi aukera hauek izanen dituzte:

a) Zerbitzu aktiboan jarraitzea, aurrez kontrol medikoa eginda, zeina urtero eginen baita oro har erretiroa hartzeko ezarritako gehienezko adina bete arte.

b) Administrazio egoera berezi batera igarotzea, eta beren mailari dagozkion zerbitzuak ematea barruti berberetan, zeregin espezifikoak eginez eta beren lanpostuari dagozkion lansari osagarriak mantenduz.

1. Administrazio egoera berezira igarotzeko prozedura.

Langileak administrazio egoera berezira igarotzeko prozedura ezartzeko, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak ebazpena emanen du.

2. Administrazio egoera berezian dauden langileen mugikortasun prozedura.

Administrazio egoera berezian dauden langileen borondatezko mugikortasunaren prozedura ezartzeko, lanpostuak izendatzeko lehiaketa eginen da, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko titularrak deituko eta ebatziko du.

3. Zerbitzu aktibora itzultzea.

Berariaz eskatu behar da instantzia bat aurkeztuz, eta ezarritako azterketa medikoa gainditu beharko da zerbitzu aktibora itzuli aurretik.

4. Administrazio egoera berezian dauden langileen lanaldia.

Administrazio egoera berezian egonik, lanaldiaren urte osoko banaketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan oro har ezarritako bera izanen dute Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek, kontuan hartuta kolektibo horren benetako lan ordu kopurua; hots, 1.512 ordu. Lanaldia astelehenetik ostiralera bitarte eginen da.

Salbuespen gisa eta interesdunarekin adostuta, aukera izanen da, barrutiaren antolaketa premiak direla eta, noiz edo noiz ordutegi malguagoarekin lan egiteko, aurrez koordinazio unitatea betetzen duen pertsonak baimena eman eta gero.

5. Administrazio egoera berezian dauden langileek egin beharreko lanak:

–Administrazio edo kudeaketa lanak barrutiko bulegoan.

–Administrazio edo kudeaketa lanak barrutiko toki entitateekin edo partikularrekin.

–Herritarrentzako informazioa eta zabalkundea.

–Laguntza logistikoa ingurumenarekin lotutako prestakuntzaren eta heziketaren arloan.

–Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren instalazioen mantentze- eta konpontze-lanak egiteko beharrezkoa den laguntza teknikoa kudeatzea.

–Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren ibilgailuen, makinen, erremintzen eta tresna teknikoen mantentze- eta konpontze-lanak egiteko beharrezkoa den laguntza teknikoa kudeatzea.

–Koordinazio unitateari laguntzea.

–Esleitzen zaizkien beste edozein, betiere administrazio eta kudeaketa lanak badira, betiere bat etorriz beren mailarekin, prestakuntzarekin eta ezaugarri fisikoekin.

6. Koordinazio unitatea betetzen duen pertsona administrazio egoera berezira igarotzen bada, kargutik kenduko da pertsona hori.

14. artikulua. Basozain nagusia edo basozain nagusi albokoa.

Foru dekretu hau indarrean sartzean plantillan dauden basozain nagusiaren edo basozain nagusi albokoaren lanpostuak “desagertu beharrekoak” izanen dira.

Baldin eta basozain nagusiaren eta basozain nagusi albokoaren lanpostua duten pertsonek koordinazio unitatea betetzen badute, beren soldatan jasoko dute, lanpostu osagarriaz eta arrisku bereziko osagarriaz gain, koordinazio unitatea betetzeagatik aurreikusitako osagarria, legokiekeen beste edozein alde batera utziz.

Ez badute koordinazio unitatea betetzen, basozain nagusiaren eta basozain nagusi albokoaren lanpostua duten pertsonek 4.3 artikuluan zehaztutako funtzioak beteko dituzte, eta dagozkion proposamenak koordinazio unitatea betetzen duen pertsonari igorriko dizkiote, foru dekretu honen 4.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Basozain nagusiaren eta basozain nagusi albokoaren lanpostua duten pertsonak beste unitate batean baleude beren zerbitzuak ematen foru dekretu hau indarrean sartzen denean, eta beren lanpostua gordeta balute, aukera izanen lukete beren lanpostura itzultzeko, dela basozain nagusiaren lanpostua dela basozain nagusi albokoaren lanpostua (B maila, “desagertu beharrekoa”), aurrez deskribatutako baldintzetan.

“Desagertu beharreko” lanpostutzat jotakoen artean sortzen diren lanpostu hutsak basozain lanpostu bihurtuko dira.

Basozain nagusiaren eta basozain nagusi albokoaren lanpostua duten pertsonek basozainen lekualdatze lehiaketetan parte hartu ahalko dute basozainen baldintza beretan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Egitura.

Foru dekretu hau ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru dekretu bidez Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo bi hilabeteetan, departamentuaren egitura aldatuko da, eta egituran sartuko dira foru dekretu honetan ezarritako koordinazio unitateak, zeinak bulego burutzak izanen baitira.

Behin egitura berria onartutakoan, deialdia eginen da koordinazio unitateak betetzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Barrutiak.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo bi hilabeteetan, eta ingurumenaren arloan eskumena duen departamenduko titularraren foru dekretuaren bidez, barruti kopurua zehaztuko da, bai eta haien osaera, funtzioak eta bakoitzaren barruan sartzen den lurralde esparrua ere.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Plan Zuzentzailea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lau hilabeteetan, Giza Baliabideen eta Baliabide Materialen Plan Zuzentzaile bat prestatuko da, onartuko dena ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez, eta gutxienez hauek jaso beharko ditu planak: basozain lanpostuen kopurua eta tipologia, eta ibilgailuen eta bulegoen kopurua eta tipologia, langileen partaidetzarekin.

Laugarren xedapen gehigarria.–Prestakuntza plana.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan, eta ingurumenaren arloan eskumena duen departamenduko titularraren foru dekretuaren bidez, prestakuntza plan bat eginen da basozainentzat, langileen partaidetzarekin, bi urtez behin berrikusiko dena. Prestakuntza planean jasota egonen da Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboan sartu berri diren langileak hartzeko plana.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Zerbitzuen karta.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean, eta ingurumenaren arloan eskumena duen departamenduko titularraren foru dekretuaren bidez, Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren Zerbitzuen Gutuna argitaratuko da, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen babesean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretua (foru dekretu horrek Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikirik dauden basozainen berariazko araubidea erregulatzen du).

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Izen aldaketa.

Foru dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, gaztelaniaz “Guarderío Forestal” zena “Guarderío de Medio Ambiente” izanen da, eta euskaraz “Basozainak” izaten jarraituko du.

Azken xedapenetan bigarrena.–Lanpostuak desagertzea.

Desagertu dira basozain koordinatzailearen lanpostua eta basozain koordinatzaile albokoaren lanpostua, zeinak azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretuak ezarritako egitura hierarkikoan baitzeuden (foru dekretu horrek basozainen berariazko araubidea erregulatzen du).

Azken xedapenetan hirugarrena.–Ahalmen-emateak.

Gaikuntza ematen zaie funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari eta ogasunaren eta finantza politikaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta birbanaketa egiteko.

Birbanaketa bat egin beharko balitz, gardentasuna bermatuz eginen da, eta irizpide objektiboak betez.

Azken xedapenetan laugarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bosgarrena.–Indarrean sartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1901348