255. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

31/2019 FORU LEGEA, abenduaren 23koa, hein batean aldatzen duena Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, HEIN BATEAN ALDATZEN DUENA ONDAREAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

Foru lege honen xedea da Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea hein batean aldatzea. Gaur egun, Nafarroan, zerga honen zergadunek zerga-oinarrian sartuta dituzte jarduera ekonomikoei atxikitako ondasun eta eskubideak, bai eta jarduera ekonomikoak egiten dituzten entitateetako partaidetzak ere, subjektu pasiboak zuzendaritza-funtzioak betetzen dituenean. Ondoren, zilegi dute ondasun eta eskubide edo partaidetza horien balioari dagokion kuota-zati proportzionalaren 100eko 100eko kenkaria aplikatzea, balio hori 1.000.000 eurora bitartekoa denean, eta balio horretatik gorako gaindikinaren zati proportzionalaren 100eko 95ekoa. Aldaketa honen helburua da Nafarroako araudia alderdi horretan parekatzea Euskal Autonomia Erkidegoko foru-araudietan eta lurralde erkidekoan ezarritakoarekin; hau da, ondasun, eskubide eta partaidetza horietarako dagoen kenkaria ezabatu eta salbuespena deklaratzen da.

Proiektu hau egitean aintzat hartu dira arauketa onaren printzipioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarriak. Hala, foru lege honek bere xede propioagatik betetzen ditu beharrizan eta eraginkortasun printzipioak, tributuak aldatzeko ez baitago lege-aldaketaz bestelako aukerarik, tributu-arloan indarrean dagoen lege-erreserbaren ondorioz, zeina Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 11. artikuluan ezartzen baita.

Foru legea, hori prestatzeko prozedura eta gainerako arauetan dituen efektuak Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Ogasunaren webgunean argitaratzeak zaindu du gardentasun- eta irisgarritasun-printzipioak errespetatuak izatea.

Era berean, kontuan izan da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren printzipioa, eta aldaketak egin dira, arauan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzearren.

Lege arauan daude artikulu bakar bat, Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzen duena, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.

Artikulu bakarra.–Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatzen dira, eta aurrerantzean testu hau izanen dute:

Bat.–5. artikulua, 8. apartatua gehitzea, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako efektuekin.

“8. Bat. Subjektu pasiboaren ondasun eta eskubideak eta bi ezkontideen ondasun eta eskubide komunak, enpresa- edo lanbide-jarduera betetzeko beharrezkoak direnak, betiere jarduera hori subjektu pasiboak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean gauzatzen badu eta errenta-iturri nagusia baldin bada jarduera gauzatzen duenarentzat.

Errenta-iturri nagusitzat hartuko da subjektu pasiboaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarriaren 100eko 50, gutxienez, kasuan kasuko enpresa- edo lanbide-jardueren etekin garbietatik datorrena. Ondorio hauetarako, ez dira konputatuko Bi apartatuak aipatzen dituen entitateetan gauzatzen diren zuzendaritza-eginkizunen ordainsariak, ez eta aipatu entitateetan parte hartzetik heldutako beste edozein ordainsari ere.

Subjektu pasibo berak enpresa- edo lanbide-jarduera bi edo gehiago egiten dituenean ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, salbuespena jarduera horietara atxikitako ondasun eta eskubide guztiei aplikatuko zaie, eta, aurreko lerrokadan xedatutakoaren ondorioetarako, joko da ezen errenta-iturri nagusia horien guztien errendimenduen multzoak determinatzen duela.

Bi. Entitateen partaidetzen jabetza osoa, jabetza soila eta haien gaineko biziarteko usufruktu eskubidea, merkatu antolatuetan kotizatu nahiz ez, baldintza hauek gertatzen badira:

A) Entitateak, sozietate bat izan nahiz ez izan, enpresa- edo lanbide-jardueraren bat benetan gauzatzea eta jarduera nagusitzat ez edukitzea ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa. Ulertuko da ezen entitate batek ondare higigarri edo higiezin bat kudeatzen duela eta, horrenbestez, ez duela egiten enpresa- edo lanbide-jarduerarik, ekitaldi sozialeko 90 egun baino gehiagotan ondoko baldintzetako edozein gertatzen denean:

Lehena.–Haren aktiboaren erdia baino gehiago baloreek osatua izatea.

Bigarrena.–Haren aktiboaren erdia baino gehiago ez egotea enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikia.

Bai aktiboaren balioa, bai enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikirik ez dauden ondare-elementuena, kontabilitatetik deduzitzen direnak izanen dira, baldin eta kontabilitate horrek entitatearen egiazko ondare-egoera zintzoki jasotzen badu.

Atxikirik ez dauden balore edo ondare-elementuek osatutako aktibo-partea zehazte aldera:

a) Honako balore hauek ez dira konputatuko:

a’) Legezko eta erregelamenduzko betebeharrak betetzeko edukitzen direnak.

b’) Enpresa- edo lanbide-jarduerak egitearen ondorioz ezarritako kontratu-harremanetatik sortutako kreditu-eskubideak inkorporatzen dituztenak.

c’) Balore-sozietateek beren xedea den jardueran aritzearen ondorioz dauzkatenak.

d’) Boto-eskubideen gutxienez 100eko 5 ematen dutenak eta edukitzen direnak partaidetzak giza baliabideen eta baliabide materialen antolaketaren bidez zuzendaritzapean izateko eta kudeatzeko, baldin eta partaidetutako entitateak edo entitateek, aldi berean, jarduera nagusitzat ez badute ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa, adierazitako baldintzetan.

b) Ez dira balore gisa kontatuko, ez eta enpresa- edo lanbide-jarduerei atxiki gabeko ondare-elementu gisa ere, erosketa-prezioa entitateek lorturiko mozkin ez banatuen zenbatekoa baino handiagoa ez dutenak, baldin eta mozkin horiek eskuratuak badira enpresa- edo lanbide-jarduerak egitetik, eta muga gisa harturik urte horretan berean eta azken hamar urteetan lorturiko mozkinen batura. Ondorio horietarako, enpresa- edo lanbide-jardueretatik etorritako mozkinen parekotzat jotzen dira aurreko d’) letran aipatutako baloreetatik heldu diren dibidenduak, baldin eta partaidetutako entitateak lortutako diru-sarreren ehuneko 90, gutxienez, enpresa- edo lanbide-jarduerak egitetik heldu badira.

B) Subjektu pasiboak entitatearen kapitalean duen partaidetza ehuneko 5ekoa izatea gutxienez, banaka zenbatua, edo ehuneko 20koa, ezkontideak edo bigarren graduko aurrekoek, ondorengoek edo albo-ahaideek dutenarekin batera zenbatuz gero, ahaidetasuna odolkidetasunetik, ezkontzatik nahiz adopziotik datorrela.

C) Subjektu pasiboak entitatean zuzendaritza eginkizuna betetzea egiazki, eta horretatik jasotzen duen ordainsaria enpresa- zein lanbide-etekin eta lan pertsonaleko etekin guztien ehuneko 50 baino gehiagokoa izatea.

Aurreko kalkulua egiteko, Bat apartatuak aipatzen duen enpresa- edo lanbide-jardueraren etekinak ez dira zenbatuko enpresa- edo lanbide-jardueretatik eta lan pertsonaletik bereganatutako etekin gisa.

Entitatean duen partaidetza goiko B) letran aipatutako pertsona batekin edo batzuekin baterakoa bada, beharrezkoa izanen da gutxienez ahaidetasun-taldeko pertsona batengan betetzea zuzendaritza-zereginak eta haren ondoriozko ordainsariei buruzkoak, ezertan galarazi gabe pertsona horiek guztiek izatea salbueste-eskubidea.

Pertsona bera hainbat erakundetako partaidetzen titularra bada zuzenean, eta horietan Bi apartatu honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, C) letran aipatutako ehunekoaren zenbaketa bereizita egingo da erakunde horietako bakoitzerako. Horretarako, subjektu pasiboaren enpresa-, lanbide- eta lan pertsonaleko errendimendu guztiekiko erakunde bakoitzean egindako zuzendaritza-funtzioengatiko ordainsariaren ehunekoa zehazteko, ez dira sartuko beste erakundeetan zuzendaritza-eginkizunetatik eratorritako etekinak.

Zuzendaritza-eginkizuntzat hartuko dira honako kargu hauek: lehendakaria; zuzendari nagusia; kudeatzailea; administratzailea; departamentuko zuzendaria; administrazio-kontseiluko edo administrazio-organo baliokideko kideak edo kontseilariak, baldin eta kargu horietako edozein betetzeak enpresaren erabakietan benetan esku hartzea badakar. Zuzendaritza-eginkizun horiek modu frogagarrian egiaztatu beharko dira dagokion kontratu edo izendapenaren bidez.

Hiru. Kenkariak partaidetzen balioa baizik ez du hartuko -balio hori 15. eta 16. artikuluek ezarritako arauekin bat finkatuko da-, hain zuzen, lanbide- edo enpresa-jarduera burutzeko behar diren aktiboei jarduera horretatik heldu diren zorrak kendu ondoren ateratzen denaren eta entitateak duen ondare garbiaren balioaren artean dagoen proportzioari dagokion zatian. Arau horiexek aplikatuko dira entitate partaidetuaren partaidetzen balorazioan, entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko.

Lau. Bat eta Bi apartatuetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresa- edo lanbide-jarduerarik ba ote den edo ondare-elementu bat halako jarduera bati lotuta ote dagoen finkatzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan xedatutakoari segituko zaio.

b) Salbuespena aplikatzeko betekizunak eta baldintzak zergaren sortzapena gertatzen den unekoak izan beharko dira.

c) Subjektu pasiboek zergaren aitorpenean agerrarazi beharko dituzte enpresa- edo lanbide-jarduerei dagozkien ondasunak, eskubideak eta zorrak, bai eta horien balioa ere, kasu batean eta bestean salbuetsita geratzen diren partaidetzak eta horien balioaren zatia bezala.

Bost. Erregelamenduz ezar daitezke honako hauek:

a) Enpresa- edo lanbide-jarduera garatzeko behar diren ondasun, eskubide eta zorrei dagokien salbuespena aplikatu ahal izateko betebeharrak.

b) Entitateetako partaidetzek bete behar dituzten baldintzak.”

Bi.–31.1 artikulua. Lehen paragrafoa eta a) apartatua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Zerga honen kuota osoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota osoarekin batera, ez da azken horren zerga-oinarriko baturaren % 65etik goitikoa izaten ahal, eta, ondorio hauetarako, ez da kontuan hartuko izaeragatik edo xedeagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean dauden etekinak sortzeko ahalmenik ez duten ondare-elementuei dagokien kuotaren zatia”.

“2. Bi kuoten baturak 1. apartatuan aipatzen den muga gainditzen baldin badu, zerga horren kuota gutxituko da muga horretara iritsi arte; gutxitze hori ezin izanen da 100eko 55 baino handiagoa izan”.

Hiru.–33. artikulua indargabetzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Xedapen indargabetzailea.–Arauak indargabetzea.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik, indargabetuta geratuko da martxoaren 23ko 89/1998 Foru Dekretua, ondarearen gaineko zergan kuotaren kenkaria aplikatzeko enpresa-jarduerek eta entitateen partaidetzek bete behar dituzten betekizunak eta baldintzak zehazten dituena.

Azken xedapena.–Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F1916542