253. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

162/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 10ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onesten baitira salbuespeneko laguntza batzuk emateko, toki entitateen titulartasunekoak diren eta 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko gastuak diruz laguntzeko. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira oinarri arautzaile horiek. DDBN identifikazioa: 486152.

Uztailaren 8an euri erauntsi eta ekaitz indartsuak gertatu ziren, gerora uholdeak eragin zituztenak Zidakos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean; mota guztietako azpiegiturak, eraikinak eta instalazioak kaltetu zituzten (baratzeak, errepideak eta bide publikoak, industrialdeak, nabeak, bizitzak, saltokiak, urak eramandako ibilgailuak eta abar).

Nafarroako Gobernuak, 2019ko uztailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeen ondorioz gertatu zena hondamendi egoera zela deklaratu zuen, lehen aipatutako urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean ezarritakoarekin ondorioetarako, eta, horrekin batera, Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu zion inguru hori babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu deklara zezala presako izaeraz, zehazki udalerri hauek: Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafalla, bai eta uholde horien kalteak jasan dituztela frogatzen duten beste batzuk ere.

Erabaki hori honakoak aintzat hartuta hartu zen: Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zeinetan azaltzen baita Zidakos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean, euri erauntsiak eta ekaitz indartsuak gertatu zirela, gerora uholdeak eragin zituztenak; Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zerbitzu horrek mobilizatu zituen operatiboen berri ematen duena; Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren 2019ko uztailaren 11ko txostena, aipatutako uholdeek ukitutako udalerrietan eragindako kalteen berri ematen duena; eta Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafallako udalek hartutako erabakiak, zeinen bidez eskatzen baitzaio, batetik, Nafarroako Gobernuari 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeak hondamendizko gertaera deklaratzeko, baita hondamendi eremua ere, bidezkoa bada, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Estatukoari, Nafarroan duen Gobernu Ordezkaritzaren bidez, gertatutako kalteak erabaki horien azalpen zatian deskribatutako araudian jasotzen diren laguntzen esparruan sartzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduaren bidez, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onetsi zen (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa). Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 31n egindako bilkuran berretsi zuen erabaki hori. Foru agindu horren bidez onetsitako udalerri ukituen zerrenda honako hau da: Barasoain, Beire, Caparroso, Eslaba, Ezporogi, Garinoain, Ibargoiti, Itzagaondoa, Leotz, Lerga, Elo, Murillo el Cuende, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Untziti eta Urrotz-Hiria.

Nafarroako Gobernuak abian jarritako neurriak eta Espainiako Gobernuak segur aski ezartzen dituenak koordinaturik egonen dira, eta Europar Batasunak dirulaguntza mota honetarako ezarritako arau-esparruarekin bat datoz. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ezarri dituen laguntzak Estatu osorako ezartzen direnen osagarritzat eta subsidiariotzat hartu behar dira.

Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko jarduketa plana, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Foru agindu honen bidez, oinarri arautzaileak onesten dira salbuespeneko laguntzak emateko, toki entitateen titulartasunekoak diren eta 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko.

Konpentsatu beharreko kalte horien izaerak, halaber, laguntza horien interes publikoa justifikatzen du. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea salbuespeneko laguntza batzuk emateko, toki entitateen titulartasunekoak diren eta 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko gastuak diruz laguntzeko. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira aipatu oinarriak.

2. Onestea laguntza eskaeraren gutxieneko edukia, II. eranskinean jasota dagoena, eta III. eranskina, zeinean erreferentziako gehieneko prezioak jasotzen diren.

3. Salbuespeneko laguntzen deialdia onestea toki entitateen titulartasunekoak diren eta 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako euri-jasen eta uholdeen ondorioz kaltetu ziren nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko.

4. 1.700.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetan jasotako laguntzek ekarritako gastu-konpromisoei erantzuteko, honako partida honen kargura: 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Ohiz kanpoko uholdeek titulartasun publikoko nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko laguntzak” izeneko 710000 71510 7609 414400 partida, edo horretarako gaitzen den partida baliokidea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluan ezarritako baldintzekin bat, hasieran baimendutako zenbatekoa ez bada nahikoa gastu osoa ordaintzeko, 500.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez deialdi honi. Kopuru gehigarriaren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen menpe dago, lehen adierazitako inguruabarraren ondorioz.

Gehieneko zenbateko hori gainditzen bada edo ezin bada kreditu gehigarria baimendu, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat hartuta ebazteko eskumena duen organoak aitortutako inbertsio diruz lagungarria.

Emandako diru-kopuruaren %60ko aurrerakina eskatzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarri bezala, betiere justifikatzen bada funtsak aldez aurretik behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Horretarako, toki entitateko idazkariak luzatutako ziurtagiria erantsiko da, zeinean frogatuko baita diru-funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

5. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izan daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, eta zehazki, Espainiako Gobernuak ezarritako laguntzenak. Horiek abiarazteko, behar bezala koordinatu beharko dute bi administrazio publikoek, gainjartzeak edo irizpide desberdintasuna saihesteko, horrek zaildu egiten baitu baliabide publikoak modu efizientean kudeatu ahal izatea.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

8. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da foru agindu honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, aldez aurretik gora jotzeko errekurtsoa jarrita.

Iruñean, 2019ko abenduaren 10ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Salbuespeneko laguntzen oinarri arautzaileak, toki entitateen titulartasunekoak diren eta 2019ko uztailaren 8ko uholdeen ondorioz kaltetu ziren nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko gastuak diruz laguntzeko

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea salbuespeneko laguntza batzuk emateko, toki entitateak titular dituzten nekazaritzako azpiegiturak konpontzea diruz laguntzeko. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduak zehaztutako lurralde eremuan egon beharko dute toki entitate horiek. Aipatutako foru aginduaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean 2019ko uztailaren 8an gertatu aparteko euri-jasek eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda (2019ko abuztuaren 14ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

2. Deialdi honetan ezarritako laguntzen helburua izanen da kaltetutako nekazaritzako azpiegitura publikoak konpontzeko lanak diruz laguntzea.

3. Laguntza hauek Nafarroako Gobernuak 2019an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.3 puntuan daude aurreikusita. Erabaki horren bidez, jarduketa plana onetsi zen 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean izandako ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Bigarren oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira toki entitateen titulartasunekoak diren eta 2019ko uztaileko uholdeen ondorioz kaltetu ziren nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko lanak.

2. Halaber, diruz lagungarriak izanen dira obra proiektuak idazteko, memoria teknikoak egiteko eta obra zuzentzeko gastuak eta obra egin bitartean segurtasunaren eta osasunaren arloan koordinatzeko gastuak, baldin dirulaguntzaren xedeko obrarako berariaz kontratatu badira.

3. Laguntza horiei, beste hauek gehitzen ahalko zaizkie: a) Estatuko beste edozein laguntza, baldin laguntza-neurri horiek beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira; b) Estatuko beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar laguntza horri aplika dakiokeen gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa. Laguntza hauen osagarritasuna eta subsidiariotasuna ordena honi jarraikiz ezarriko da: lehenik eta behin, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioak, eta gero, beste laguntza batzuk, hain zuzen ere Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako egon litezkeenak, eta, zehazki, Espainiako Gobernuak ezarritakoak.

4. Inola ere ez da izanen oinarri hauetan araututako dirulaguntzen zenbatekoa obra egiteko kostua baino handiagoa, beste dirulaguntza batzuk gehituta ere, izan beste administrazio publiko batzuenak edo izan Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko eta pribatu batzuenak, barnean sartuta aseguruen balizko konpentsazioak.

Hirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Kalteak konpontzeko laguntzen zenbatekoak ezin izanen du kostu diruz lagungarrien %100 gainditu.

2. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagungarria izanen, salbu eta ezin bada berreskuratu BEZaren arloko foru legearekin bat.

Laugarren oinarria.–Onuradunak.

Foru agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira nekazaritzako azpiegituren titularrak diren toki entitateak, baldin eta ukitu gisa agertzen badira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduan. Foru agindu horren bidez onetsi zen 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa).

Bosgarren oinarria.–Eskabideak, dokumentazio osagarria eta eskatutako baldintzen egiaztagiriak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak igorriko zaizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari. Ahal dela telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Departamentu horretako Erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Nafarroako Gobernuko Erregistro Nagusian ere, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.

3. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskabidetzat hartuko, eta toki entitateek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak.

4. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaeraren inprimakia beteta (II. eranskina).

b) Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita konpondu beharreko azpiegiturak Udalaren titulartasunekoak direla.

c) Toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinaren bidez egiaztatuko baita beste entitate batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

d) Memoria tekniko baloratua; bertan egiaztatuko da udalaren titulartasuneko nekazaritzako azpiegiturek kalteak jasan zituztela 2019ko uztailaren 8ko uholdeen ondorioz; zehatz-mehatz deskribatu eta baloratuko dira kalte horiek konpontzeko beharrezkoak diren jarduketak, foru agindu honen III. eranskinean sartutako erreferentziako gehieneko prezioekin bat, bai eta TRAGSA enpresa publikoak horrelako jarduketetarako ezarrita dauzkan indarreko prezioekin bat ere.

Memoria teknikoan sartuko den txosten batean adieraziko da proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, teknikoki hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo kostuak murriztea dakartenak baino ez dira izanen diruz lagungarriak; zirkunstantzia horiek txosten teknikoan frogatu beharko dira.

Memoria teknikoan jasotako jarduketen erreferentzia geografikoak emanen dira, eta planoetan kokatuko dira.

Eredu ofizialik ez duten agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira. Proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua, berriz, Excel formatuan. Planoak PDF formatuan aurkeztuko dira, arras bukaturik eta behar diren legendekin. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.

e) Kasua bada, funtsen aurrerakinaren eskaera; horretarako, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria erantsiko da, zeinean frogatuko baita diru-funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Dirulaguntza horiek emanen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kasuan kasuko aurrekontu-aplikazioan kreditu egoki eta aski baldin badago.

Eskuragarri dagoen kreditua gainditzen bada, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat hartuta ebazteko eskumena duen organoak aitortutako inbertsio diruz lagungarria.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaerak jaso ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak horiek behar bezala bete ote diren eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu ote den egiaztatuko du. Hala ez bada, toki entitateari hamar eguneko epea emanen zaio akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek egiaztatuko dute proiektuan edo baloratutako memoria teknikoan jasotako kalteak nekazaritzako azpiegitura publikoetan izandako kalteak direla. Orobat, aurrekontua berrikusiko dute, aurkeztu diren kostuak moderatuak direla egiaztatzeko eta, beharrezkoa bada, egiaztapenen arabera finkatuko dute kalteen balioa. Erabiliko dira III. eranskinean aurreikusitako moduluak eta TRAGSA enpresa publikoak jarduketa hauetarako ezarrita dauzkan indarreko prezioak.

3. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena prestatuko du, entitate eskatzaile bakoitzari eman beharreko laguntza edo dirulaguntza zehaztuta, eta, kasua bada, baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ezesteko proposamena ere eginen du, atzera botatzeko arrazoiak emanda.

4. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean gehienez.

Zortzigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere izanen ditu:

a) Inbertsioko obrak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera adjudikatzea.

b) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatzeko.

c) Dirulaguntza ematen duen foru aginduaren proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea eta, zehazki, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak izatea.

d) Foru agindu honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea xede bererako emandako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso ote den, izan beste administrazio publiko batzuenak edo bestelako entitate publiko edo pribatu batzuenak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak, barnean sartuta aseguruen konpentsazioak.

Era berean, laguntzen onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa betez, dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu ondasunak. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

Bederatzigarren oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntzen xede diren jarduketak egin dituztela frogatzeko:

a) Toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, adierazten duena bete direla kontratazio publikoari buruzko xedapenak.

b) Obren ziurtagiriak, dagozkien fakturak eta ordainketen frogagiriak.

Obren ziurtagiriak proiektu edo memoria teknikoko obra unitateei buruzkoak izan beharko dira. Modu berean, aurkeztutako faktura edo ordainketen frogagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egongo da.

Ordainketen frogagiri horiek aurkezten ez badira edo horien zenbatekoa frogatutako gastua baino txikiagoa bada, ez da emanen ordainduta dagoela frogatzen ez den inbertsio zatiari dagokion laguntza.

2. Diruz lagundutako jarduketak 2020ko uztailaren 31rako bukatu beharko dira. 2020ko uztailaren 31 baino lehenago aurkeztu beharko dira ordainketa eskaera, obra esleipenaren ziurtagiria, obren ziurtagiriak, fakturak eta ordainagiriak.

3. Ordainketa eskaerarekin batera, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria ere aurkeztuko da; bertan egiaztatuko da beste entitate batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

4. Laguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak bertatik bertara egiaztatuko du zer jarduketa egin diren.

5. Hala ere, dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen duten entitate horientzat, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenean erabakiko da dirulaguntzaren aurrerakina eskatu duten entitateei emandakoaren %60 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, betiere justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko. Behar hori frogatzeko, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria erantsiko da, zeinean frogatuko baita diru-funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Jarduketak gauzatu direla frogatzen duen dokumentazio guztia aurkeztu ondoren, hiru hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, ordainketa ebazpena.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak izanen dira toki entitateak helburu bererako jaso ditzakeen beste batzuekin, betiere inbertsioen kostu osoa gainditu gabe.

Hamabigarren oinarria.–Ez-betetzeen kontrola eta graduazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen diren eta inbertsioak behar bezala egiten diren begiratuko du, eta horretarako behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatzen ahalko die laguntzen onuradunei.

2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake emandako dirulaguntza ukatzea edo jasotako laguntzak itzuli behar izatea, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Deialdi honen zortzigarren oinarrian ondasunen xedeari buruz ezartzen den baldintza bete ezean, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

4. A posteriori egindako egiaztapenetan hautematen bada xede bererako beste dirulaguntza edo konpentsazio batzuk jaso direla eta ez dela halakorik jakinarazi (zortzigarren oinarriko e) atalean dago ezarrita hori jakinarazteko betebeharra), jasotako laguntza guztia itzuli beharko da. Banaketa kontutik kenduko da.

5. Toki entitateak aurrerakina eskatu badu, baina hori ez badu aurreikusitako xedeetarako erabili, zenbateko hori kenduko zaio banaketa kontutik.

6. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamahirugarren oinarria.–Emandako laguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun diren toki entitateen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, fitxa honetan: salbuespeneko laguntzak, toki entitateen titulartasunekoak diren eta 2019ko uztailaren 8ko uholdeek kaltetu zituzten nekazaritzako azpiegiturak konpontzeko.

II. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

III. ERANSKINA

Erreferentziako gehieneko prezioak

OBRA UNITATEAREN DEFINIZIOA

euro/unitatea

Botatako erretenetako kaxa eta sekzio osoetatik heldu diren materialak kentzea, m³ bakoitzeko

10,00

Hustubideetatik legarrak mekanikoki kentzea, m³ bakoitzeko

2,00

Erretenetatik (<0,05 m³/ml) legarrak kentzea, metro lineal bakoitzeko

2,00

Jalkinez beteta dauden eta sarbide zaila duten erretenetik legarrak eskuz kentzea, metro lineal bakoitzeko

8,00

Jalkinez beteta dauden erretenetatik legarrak mekanikoki kentzea, metro lineal bakoitzeko

5,00

Kareharrizko babes-lubeta, m³ bakoitzeko

35,00

Saneatzeko errefus-boloak, m³ bakoitzeko

18,00

Material hautatuarekin egindako lubeta trinkotua, erretenen eta hodien oinarrietarako, betelan berezietarako eta bideen zoladurarako, m³ bakoitzeko

22,00

Berreskuratutako eta hautatu gabeko materialarekin egindako lubeta, erretenen estaldurarako, m³ bakoitzeko

3,00

Toki zehatz bateko erauzketa mekanikoa, botatako erreten-kaxak lehengoratzean eta estradosaren hutsunea betetzean, m³ bakoitzeko

9,00

Kofratua, botatako erreten-kaxak lehengoratzean, m² bakoitzeko

18,00

HM-20 hormigoia, erreten-kaxak lehengoratzean, m³ bakoitzeko

75,00

HM-20 hormigoizko erretena osorik lehengoratzea, gehienez ere 90x53 zentimetroko sekzioa, eskuzko kofratuaren bidez, edo sekzio baliokidea. Metro lineal bakoitzeko

93,00

250-315 mm-ko presioko hodia lehengoratzea, metro lineal bakoitzeko

42,00

Gehienez 1.000 mm-ko hormigoizko tutua, metro lineal bakoitzeko

77,00

Gehienez 600 mm-ko hormigoizko tutua, metro lineal bakoitzeko

33,00

HM-20 hormigoia, erretenetako euskarri zehatzetan, m³ bakoitzeko

70,00

Hormigoizko erretena, 0,5x 0,5 sekziokoa, erauzketa barne, metro lineal bakoitzeko

45,00 euro

Hormigoizko erretena, 1 x 0,8 sekziokoa, erauzketa barne, metro lineal bakoitzeko

60,00 euro

Burdinazko ataka, itxitura elastikokoa, m² bakoitzeko

60,00 euro

Hustubide berria, m³ bakoitzeko

2,00 euro

Drainatzeak, hodia eta legarra, metro lineal bakoitzeko

8,00 euro

Legarra drainatzea, metro lineal bakoitzeko

6,00 euro

Bidea (3 ml zabal) eta 0,25 cm-ko betegarria, metro lineal bakoitzeko

20,00 euro

Hautaturiko materiala “Buztina”, trinkoan neurtua, materiala, zamalanak eta garraioa barne, m³ bakoitzeko

5,50 euro

Hautaturiko materiala “Zabor naturala”, trinkoan neurtua, materiala, zamalanak eta garraioa barne, m³ bakoitzeko.

7,50 euro

150 ZP-tik gorako makina, h bakoitzeko

60,00 euro

150 ZP-tik beherako makina, h bakoitzeko

45,00 euro

1. mailako ofiziala, h bakoitzeko

18,38 euro

Peoi espezializatua, aldi baterako araubidean, h bakoitzeko

15,92 euro

Areken garbiketa motonibelagailuarekin, metro lineal bakoitzeko

0,30 euro

Jalkinez beteta dauden areken garbiketa atzerako hondeamakinarekin (bide bazterra kentzea), metro lineal bakoitzeko

1,20 euro

Kargatzea eta D hondakindegira garraiatzea 3 km baino gutxiago, luizietan, are ezpondak fintzea eta arekak garbitzea ere, m³ bakoitzeko

2,30 euro

Ibilguak atzerako hondeamakinarekin garbitzea, eta lurra zabaltzea (20 ml bitarte) beldar-traktoreari erantsitako xaflarekin, m³ bakoitzeko.

1,50 euro

Bidearen zoladura harrotzea, profilatzea eta trinkotzea, bertan materiala bota gabe, m² bakoitzeko

0,52 euro

Zorua harrotzea, xehatzea, profilatzea eta trinkotzea zoladura konpontzean, m² bakoitzeko

0,95 euro

Bidea finkatzea 2”-ko material granularra gehituz zoladura konpontzean (e = 10 cm), D materiala kargatzea eta garraiatzea barne (15 km baino gutxiago), m³ bakoitzeko. Distantzia handiagoa izanez gero, 2 euro gehituko dira 10 km-ko

15,00 euro

Bideko zoladuran betegarria (e=2 cm), m² bakoitzeko.

0,44 euro

Harri lubeta (60 cm-tik beherakoa) eta 15 km-ko distantziatik beherakoa (m³/ m³), m³ bakoitzeko. Distantzia handiagoa izanez gero, 2 euro gehituko dira 10 km-ko

35,00 euro

0,16 metroko lodierako zoladura hormigoizkoa (H-30), m² bakoitzeko

20,00 euro

Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-25), 20 mm-ko agregakinekin, m³ bakoitzeko

95,00 euro

Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-30), 20 mm-ko agregakinekin, m³ bakoitzeko

110,00 euro

Armatzeko hormigoia edo masako hormigoia (H-30), 20 mm-ko agregakinekin, m³ bakoitzeko

110,00 euro

Oharra.–Prezioak erabat amaiturik dauden obra unitateei buruzkoak dira, eta horiek gauzatzeko behar diren material guztiak, laneskua eta makinak hartzen dituzte barnean.

Harri lubeta eta ubideak berriz jarriz gero, adierazi diren makina-orduen, materialaren eta langileen araberako moduluak erabiliko dira.

Prezio horiek neurketei aplikatzetik ateratzen den emaitzari BEZa baino ez zaio aplikatuko.

Un.: memoria tekniko baloratua egitea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2 edo 1.250 euro geh., 250 euro gutx.)

Un.: obren bitarteko aholkularitza teknikoa ematea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2 edo 1.250 euro geh., 250 euro gutx.)

Iragarkiaren kodea: F1916021