245. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

69/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 231/2013 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi eta horiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri ziren. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.

Urriaren 18ko 595/2019 Errege Dekretuak hirugarren xedapen gehigarria gehitu zuen Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduan (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsia). Egoitza fiskala egiaztatzeari buruzkoa da xedapen gehigarri hori, egiaztatzea beharrezkoa baita Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 14.1.c) artikuluan errenta batzuetarako ezartzen den salbuespena aplika dadin. Salbuespen horretaz balia daitezke Europar Batasuneko beste estatu batean pentsio-funtsak dituztenak edo Europar Batasuneko beste estatu batean eratuta dauden inbertsio kolektiboko erakundeak.

Egiaztatze hori aplikatzen ahal da bai atxikipenak egiteko prozeduretan, bai zergaren aitorpena aurkeztekoetan, eta, horretarako, zenbait aitorpen eredu onetsi behar dira, ukitutako entitate edo erakundeen ordezkariek prestatu beharrekoak.

Xede horrekin, foru agindu honen bidez onesten dira aipatu aitorpen ereduak, eta 210 ereduarekin eskatzen den dokumentazioa egokitzen zaio Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarriaren edukiari.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuaren titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 25eko 231/2013 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi ziren, eta haiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.

Bat.–11. artikulua, 1. eta 3. apartatuak.

“1. Oro har, zergadunaren bizilekua dela-eta autolikidazioa Espainiako barne araudian jasotako salbuespenak aplikatuz egiten denean, bizileku-ziurtagiri bat erantsi beharko da, zergaduna bizi den herrialdeko zerga arloko agintariek luzatua, eskubide horiek justifikatzeko.

Hala ere, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduaren (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsia) hirugarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan aipatzen diren entitateek aplikatzen dutenean Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 14.1.c) artikuluan adierazitako salbuespena, xedapen gehigarri horretan ezarritakoarekin bat egiaztatzen ahalko da bizilekua.

Halaber, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 14.1.k) eta 14.1.l) artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzen direnean, erregistro administratiborako edo gainbegiratzeko araubide berariazko baten menpe dauden inbertsio kolektiboko instituzioek edo pentsio-funtsek, salbuespena egiteko eskubide hori justifikatzeko, bizileku-ziurtagiria aurkeztu beharrean, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) 14.1.k) artikuluan jasotako salbuespen kasuetan, pentsio-funtsen ordezkariak egindako aitorpen bat erantsi beharko dute, abenduaren 17ko EHA/3316/2010 Aginduaren VI. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bertan adierazi legezko eskakizunak betetzen dituztela.

b) 14.1.l) artikuluan jasotako salbuespenaren kasuan, erakundearen jatorrizko estatuan eskumena duen agintaritzak luzatutako ziurtagiria erantsiko dute, eta bertan adieraziko dute erakunde horrek betetzen dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauan ezarritako baldintzak. Zuzentarau horren bidez, balio higigarrietako inbertsio kolektiborako erakunde batzuendako lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak koordinatzen dira. Eskumena duen agintaritza nor den jakiteko, zuzentarau horren 97. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Autolikidazioa egitean kuotaren murrizketa edo salbuespenak aplikatzen badira, zergapetze bikoitza saihesteko Espainiak sinatutako hitzarmen batean zergapetze-muga dagoelako, egoitza fiskalaren ziurtagiri bat erantsiko da, tokian tokiko zerga agintaritzak luzatua. Ziurtagiri horretan eskubide horiek justifikatu beharko dira, eta berariaz azaldu beharko da zergaduna hango egoiliarra dela hitzarmenean ezarritakoari jarraikiz. Dena dela, autolikidazioa egitean kuotari hitzarmen batean ezarritako zergapetze-muga bat aplikatzen bazaio, eta, hitzarmen hori garatzeko, inprimaki berariazko bat erabili beharra ezartzen duen agindu bat onetsi bada, lehenago aipatutako ziurtagiriaren ordez berariazko inprimaki hori aurkeztu beharko da.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen 24.6 artikuluaren arabera, zerga-oinarria zehazteko gastuak kentzen direnean zergadunak Europar Batasuneko beste estatu bateko egoiliarrak direlako, egoitza fiskala kasuan kasuko estatuan duela egiaztatzeko agiri bat erantsi beharko da, estatu horretako zerga agintaritzak luzatua.

Apartatu honetan adierazitako aitorpenak eta egoitzaren ziurtagiriek urtebeterako balioko dute, luzatzen diren egunetik hasita. Nolanahi ere, egoitzaren ziurtagirien balioa mugarik gabekoa izanen da zergaduna atzerriko estatu bat denean, edo estatu barneko eskualde politiko edo administratibo bat, edo hango toki entitate bat. Halaber, apartatu honetan aipaturiko b) letrako inbertsio kolektiboko erakundearen jatorrizko estatuan eskudun den agintaritzak luzaturiko ziurtagirien balioa mugarik gabekoa izanen da, hartan jasotako datuak aldatzen ez diren artean.”

“3. Balioen gordailuzain diren erantzule solidarioek egindako autolikidazioen kasuan, aski izanen da erantzule horiek zerga administrazioaren eskura jartzea 1. apartatuan aipatzen diren egoitzaren ziurtagiriak, inprimakiak edo aitorpenak, harik eta preskripzio epea iraungi arte.”

Bi.–Lehen xedapen gehigarria.

“Lehen xedapen gehigarria. Establezimendu iraunkorrarekin lortutako errentak.

1. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 18.4 artikuluan adierazitako establezimendu iraunkorrei, aipatu artikuluaren a) letran xedatutakoaren arabera zehazten badute zerga, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei buruzko autolikidazioak aurkezteko arauak aplikatuko zaizkie, foru agindu honetan jasotakoak, hain zuzen.

2. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, entitate ez-egoiliar batek establezimendu iraunkor baten bidez lortutako errentak atzerrira transferituz gero, 210 ereduko autolikidazioa, 1. artikuluan onetsia, erabiliko da ezarpen horren autolikidazioa eta diru-sarrera egiteko.

Hiruhileko bakoitza bukatu ondoko lehen hogei egun naturalak izanen dira aurkezteko eta diru-sarrera egiteko epeak, salbu eta bigarren eta laugarren hiruhilekoei dagozkien aitorpenen kasuan. Horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko dira hurrenez hurren, segun eta zein hiruhileko naturaletakoa den errentak atzerrira transferitzeko data.

3. Establezimendu iraunkorrentzat, haien eragiketek merkataritza ziklo osoa ixten ez badute, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 18.3.b).1 artikuluak aipatzen duen portzentajea %15 izanen da.”

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Hori hala bada ere:

1. Honako hauei aplikatuko zaie egoitza fiskala egiaztatzeko modua, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarrian adierazitakoa, eta beharrezkoa dena Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 14.1.c) artikuluan ezartzen den salbuespena aplika dadin:

a) Atxikipena egiteari dagokionez, foru agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera sortzen diren atxikipenei.

b) 210 ereduko aitorpenei dagokienez, foru agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera aurkezten direnei, eta indarrean sartzen den egunean bukatu gabe dauden itzulketa eskaeren tributu-prozedurei.

Iruñean, 2019ko azaroaren 28an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1915295