238. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91/2019 EBAZPENA, urriaren 29koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, abeltzaintzako ustiategien biosegurtasuna hobetzeko inbertsioetarako laguntzen oinarri arautzaileak eta 2019-2020rako deialdia onesten dituena. DDBN identifikazioa: 481667.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru antolamenduaren indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Alde horretatik, begien bistakoa da lehen sektorearen esparru tekniko-ekonomikoan eta merkatuan aldaketa sakonak gertatzen ari direla abiadura handian. Horrek pareko egokitzapena egitera behartzen du, sektorearen iraunkortasuna bermatzeko moduko lehiakortasun eta eragimen mailak lortuko badira.

Animalia-gaixotasunek galera ekonomiko larriak eragin ditzakete abeltzaintzako ustiategietan, bai ustiategi bakar batean, nola multzo batean; eta multzo bati eragiten diotenean galerak eremu zabalagoetan atzematen ahal dira, are erkidegoan edo herrialdean ere. Prebentzio-neurriak ezartzea da galerak saihesteko tresnarik eraginkorrenetako bat.

Biosegurtasunean inbertitzea ezinbesteko hobekuntzatzat jo daiteke, eta abeltzaintza-sektore osoa indartzen laguntzen du, merkataritza-bazkideen konfiantza handitzen baitu, ekoizpen handiagoa ahalbidetzen baitu eta ekoizpenen osasun-kalitatea hobetzen baitu, ustiategietan gaixotasunak sartzeko arriskua murrizten baitu, eta, infekzioa gertatuz gero, hedapen-ahalmena murrizten baitu.

Bestalde, biosegurtasuna osasun arloko gai nagusietako bat bihurtu da, eta hori agerian geratzen da hura Europako Animalien Osasunari buruzko Lege berrian (2015eko amaieran argitaratua (2016/429 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko martxoaren 9koa) aurkezten diren prebentzio-neurrien barruan funtsezko alderdi gisa sartzean.

Ondorioz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak abian jartzen du Nafarroako abeltzaintzako ustiategien biosegurtasuna hobetzeko inbertsioetarako laguntza-lerro hau. Laguntza-lerro horren helburua da aziendak behar dituen osasun-segurtasunaren mailak hobetzea, bai abeltzaintzako ustiategien artean gaixotasunak zabal daitezen galarazteko, baita basa faunak etxeko abereak kutsatzea galarazteko, basa fauna baita zenbait gaixotasunen gordetegia eta kutsadura-iturria.

Deialdi honetako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Aldez aurretik, laguntza horren berri eman zaio Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari, eta SA.55340 laguntza gisa erregistratu da.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Abeltzaintzako ustiategietako biosegurtasun neurrietarako laguntzen 2019-2020rako deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea.

2. Dirulaguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. 2020ko ekitaldian 250.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei erantzuteko, Nafarroako 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren partidaren kargura. Partida hori Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorren 720004 71630 7700 412105 “(E) Abeltzaintzako ustiategietako biosegurtasuna hobetzeko inbertsioak” izeneko partidaren baliokidea da.

Baimendutako kreditua 750.000 eurotan handitu ahal izanen da, gehienez ere, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotako 720004 71630 7700 412104 “Makineriaren erabilera komuneko kooperatiben inbertsioetarako laguntzak” partidak 2020ko ekitaldian daukan partida baliokidearen kargura, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluaren a) letran ezarritako baldintzekin bat etorriz, eta aurrekontuan erabilgarririk baldin badago.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko urriaren 29an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia. Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako ustiategietan biosegurtasuna hobetzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea, iraupena, helburua eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauen xedea da abeltzaintzako ustiategietan bertan ekipoak erosteko eta inbertsioak egiteko laguntzak arautzea, betiere biosegurtasun neurriak hobetzeko helburuarekin, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluaren eremuan. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2. Laguntzetarako araubide honek 2019ko urriaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

3. Laguntza hauek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ordaintzen diren kasuan.

b) a) letran jasota dauden enpresei ad hoc emandako laguntzen kasuan.

c) Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.14. artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

4. Biosegurtasun terminoa azpiegiturei, maneiatzeko edo abiarazteko praktikei eragiten dieten neurrien multzoari dagokio. Neurri horien helburua da gaixotasun infekto-kutsakorrak eta parasitarioak sartzeko arriskua saihestea edo murriztea, eta, ondoren, horiek ustiategi baten barruan edo abeltzaintzako beste ustiategi batzuetan zabaltzea.

5. Helburu gehigarri gisa, laguntza hauek berariazko biosegurtasun helburuak lortzera bideratzen dira; zehazki, txerri-ustiategietan gaixotasunak kontrolatzeko hobekuntzak lortzera.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Neurriaren hartzaileak abeltzaintzako ustiategi baten titularrak diren pertsona fisiko eta juridikoak dira, inbertsioak Nafarroan egiten dituztenak, onuradunak izateko aldez aurreko baldintzak betetzen dituztenak eta aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak betetzeko hitza ematen dutenak.

2. Administrazio publikoak ez dira onuraduntzat hartuko, ezta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak ere, administrazio publikoen menpekoak edo haiei lotuta badaude.

3. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke neurriaren onuradunak:

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatuta dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea.

c) ETE izateko behar diren betekizunak betetzea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.

f) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

4. oinarria.–Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

1. Abeltzaintzako ustiategiek Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatuta egon beharko dute laguntza eskaera aurkezten den egunean, eta inbertsioen xede den espezieko gutxienez AzLU 1 izan beharko dute.

AzLU delakoa kalkulatzeko, martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren 1. eranskinean biltzen den AzLU baliokidetza taula aplikatuko da. Horren bidez, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dira.

2. Hobetu nahi den ustiategiak dagokion ingurumen baimena izan beharko du (ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, Ingurumen ukipenei buruzko txostena, jardueraren udal lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpena).

5. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Inbertsio planak ustiategiko biosegurtasun baldintzak hobetu beharko ditu, eta halakotzat hartuko da neurrietan izandako aurrerapen positiboa, bai azpiegituretan, bai erabilera edo abiarazte praktiketan, gaixotasun infekto-kutsakorrak eta parasitarioak sartzeko edo hedatzeko arriskua saihesteko edo murrizteko.

2. Inbertsio planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:

a) Ustiategiaren abiapuntuko egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:

–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.

–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza azaltzea.

–Abelburuak, espezieen eta animalia motaren arabera.

–Biosegurtasunari dagokionez, ustiategiaren erabilera eta puntu kritikoen zerrenda.

b) Ustiategiaren azken egoeraren deskribapena, abiapuntuko egoeran agertzen ziren parametroekiko alderaketarekin.

c) Egin asmo diren inbertsioen zerrenda eta azterketa, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta finantzariotik begiratuta, eta abiapuntuko ustiategiaren eta amaierakoaren arteko koherentziarena, biosegurtasunaren baldintzak hobetu direla nabarmen uzteko.

Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu, halaber, inbertsio horiek laguntza jaso dezaketela erabakitzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri bidezkoak, oinarri arautzaile hauetako 6. oinarrian ezarritako beharkizun eta baldintzekin bat.

d) Kostuen apaltzea aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 13. oinarriaren arabera.

e) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta burutzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da, barnean dela inbertsio bakoitza hasteko aurreikusitako eguna.

f) Inbertsioen operazioek ingurumenean ondorio kaltegarriak edukitzen ahal dituztenean, inbertsio planari erantsi beharko zaizkio, dokumentazio gisa, ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, ingurumen ukipenei buruzko txostena, jarduerarako udal lizentzia, edo erantzukizunpeko adierazpena, egoki dena jarduketa motaren arabera, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa), edo eskatu izanaren gordekina. Kasu honetan, gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko da baimena, txostena edo lizentzia, laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.

6. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Inbertsioek ustiategiaren biosegurtasun baldintzak hobetu behar dituzte, ustiategiko abereek arrisku-faktoreekin (ustiategikoa ez den jendea, ibilgailuak, beste animalia batzuk, basa fauna ere barne, eta abar) harremanetan sar daitezela galaraziz, edo arrisku hori mugatuz.

2. Inbertsioek ingurumenean kalterik ekar badezakete, beharrezkoa izanen da dagokion administrazio baimena eskuratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitakoak bereziki.

3. Inbertsioak Nafarroan gauzatu behar dira.

4. Agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondoan hasi eta gauzatutako inbertsioak eta gastuak baizik ez dira diruz lagungarriak, oinarri honen 5. e) apartatuan aurreikusiak izan ezik. Ondorio horietarako:

Kontuan hartuko dira, bestelako frogabideen artean, inbertsioak justifikatu beharrez aurkezten diren faktura, albaran eta konturako ordainketen datak.

Inbertsioen kokapen geografikoa zehazten ahal bada, aldez aurretik egiaztatu beharko da inbertsioak ez direla hasi. Ondorio horietarako, eskatzaileak inbertsioen hasiera egunaren berri eman beharko dio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari, hasi baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

5. Laguntzen ahal diren inbertsioak –eta haien kostuak, berriz, hautatzen ahal direnak– honako hauek izanen dira:

a) Hobekuntzak eta aldaketak zerri ustiategien eta haragitarako, arrautzetarako eta ehizarako hegaztien hazkuntzarako ustiategien perimetroen itxituretan eta sarreretan, helburu hauetako bat, gutxienez, lortzeko:

I) Ibilgailuak ustiategian sartzeari dagokionez, ekoizpen eremuetan sar daitezen galarazteko neurriak, argi ezarriz, seinaleen bidez, eremu garbiaren (ustiategiko langileak eta ibilgailuak ibiltzeko tokia) eta eremu zikinaren artean (kanpoko ibilgailuak eta beren gidariak ibiltzeko tokiak).

II) Hobekuntzak animaliak kargatzeko eta deskargatzeko puntuetan, eragiketa horiek ustiategiaren perimetroaren kanpotik egin ahal izateko.

III) Ibilgailuak minda-putzuetara edo minda-hobietara, elikadura siloetara edo gorpuen edukiontzietara sartzeko hobekuntzak, kentzeak edo horniketak ustiategiaren perimetrotik kanpotik egin ahal izateko.

b) Ustiategiaren larreetako ur-putzuetarako edo urasketarako sarrak eta perimetro-itxiturak hobetzea edo aldatzea, herri-aprobetxamenduko bazka-laboreetakoak izan ezik, basa fauna bertara sartzea galarazten baldin badute edo sartzea murrizten badute.

c) Zerri ustiategietan, ekoizpen ereduak eskatzen duenean animaliak aire zabalean erabiltzea, zerrien eta basa faunaren arteko harreman zuzena galarazten duten hesi bikoitzeko sistemak jartzea diruz lagungarria izanen da. Sistemak gutxienez 1,5 metro duten bi hesi edukiko ditu, eta hesien arteko distantzia gutxienez 30 zentimetrokoa izanen da, eta gehienez 60 zentimetrokoa.

Hesiek abereak eta basa fauna igarotzea galaraziko dute. Horretarako, hesiaren altueraren lehen 40 zentimetroetan, sarearen begiaren aldea ez da izanen 5 cm baino zabalagoa.

Kanpoko hesiaren ordez, gutxienez 0,40 metroko altuera eta bi hari izanen dituen hesi elektriko bat jartzen ahal da, bat lurretik 20 zentimetrora eta gainerakoak gehienez 20 zentimetroko tarteekin.

Dauden itxituren egokitzapenak ere diruz lagungarriak izanen dira, lehen deskribatu den hesi bikoitzaren izaera eduki dezan.

Diruz lagungarria den hesi bikoitzeko ekipamendua duen gehieneko azalera 0,83 hektarea da, eskaera egiten den uneko zerri aziendako AzLU bakoitzeko.

Balioespena edukiko duen memoria batek bilduko du zer hesi-longitudetarako eskatzen den laguntza. Eskatutako azalera handiagoa bada lehen jarritako muga aplikatuz legokiokeena baino, lagundu beharreko hesi bikoitzeko longitudea kalkulatzeko ondoko formula hau aplikatuko da:

Gehieneko azalera mugaren arabera

Laguntzen ahal den hesiaren longitudea =

–––––––––––––––––––––––––––––––––––

× hesiaren longitudea memoriaren arabera

Hesitu beharreko azalera memoriaren arabera

d) Gorpu errauskailuak ustiategian bertan.

e) Aurreko apartatuetan bildutako gastuei loturiko gastu orokorrak, esaterako ingeniaritza enpresen, nekazaritza sindikatuen eta aholkularitza enpresen ordainsariak, 1.200 euroko mugarekin.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauetatik heldu diren kostuak:

a) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabiltzen duten teknologiagatik edo haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

b) Aurretik dauden ondasun higiezinak zaindu, mantendu eta konpontzeko baizik ez diren inbertsioak, edo eskaeraren aurreko 10 urteko epearen barnean diruz lagundu diren higiezinak, ekipoak edo instalazioak eskuratzeari dagozkionak.

c) Zorren interesak, horien birfinantzazioa, aseguruak eta nekazaritzako enpresaren bestelako gastu orokorrak.

d) Makineria autopropultsatua edo arrastatua.

e) Lurrak eta higiezinak eskuratzea.

f) Ustiategiko bertako laneskuaren gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, salgaietan.

g) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, eskualdatzeko prozedura edo era edozein delarik ere, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute, salbu eta 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek luzatzen dituzten fakturak eta likidazio ziurtagiriak.

h) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen industria mozkina.

i) Bigarren eskuko ekipamendua erostea.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak kapitaleko zuzeneko dirulaguntzak izanen dira.

2. Honako muga hauek erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Laguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsio tamaina, espediente bakoitzeko: 2.000 euro.

b) Gehieneko laguntza, onuraduneko eta deialdiko: 50.000 euro.

Zenbateko horiek kalkulatuko dira bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai azkeneko ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren.

3. Laguntzak diruz lagungarria den inbertsioari ehuneko hauek aplikatuz kalkulatuko dira:

a) % 40, orokorrean.

b) % 60, 6. oinarriaren 5. zenbakiaren c) letran biltzen diren inbertsioen kasuan, mendialdeko, goi mendiko edo muga natural garrantzitsuak dituzten ustiategietan egiten direnak, zeinetan zerriaren AzLU gehienak “Euskal Txerria” arrazakoak baitira. Aziendaren arraza zehazteko, kontuan hartuko dira laguntza eskaera aurkezten den egunean Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) dauden datuak.

Kokagunearen sailkapena zehazteko, kontuan hartuko da Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren fitxako ustiategiaren parametroetan agertzen den NEIaren udalerria. Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 11ko 82/2019 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru agindu horren bidez honako hauen deialdia egin zen 2019ko kanpainarako: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarra, Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemarentzako aldaketa eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko lehentasun ordena ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasun prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuko dira (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) “Euskal Txerria” arraza autoktonoa lantzen duten zerri ustiategiek, zeinetan ekoizpen ereduak barne hartzen baitu abereak aire zabalean erabiltzea: 30 puntu jasoko dituzte.

b) Kokapen geografikoarengatik, ustiategiaren kokapenaren arabera, 7. oinarriaren 3. zenbakiaren b) letraren bigarren paragrafoan biltzen diren kokagunearen sailkapenaren eta esleipen-irizpidearen arabera: 40 puntu gehienez.

I) Inbertsioak goi mendiko ustiategietan gauzatzen direnean: 40 puntu.

II) Inbertsioak mendialdeko ustiategietan gauzatzen direnean: 35 puntu.

III) Inbertsioak muga natural garrantzitsuak dituzten tokietako ustiategietan gauzatzen direnean: 30 puntu.

c) Eskaera aurkezten den unean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren fitxak definitzen dituen ustiategiaren ezaugarriak eta ustiategiaren titularraren baldintzen arabera, 20 puntura arte ematen ahalko dira, ondoko irizpide hauek kontuan hartuta:

I) Onuraduna baldin bada lehentasunezkotzat sailkatu den nekazaritza ustiategi baten titularra eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean: 20 puntu.

II) Onuraduna baldin bada ogibide nagusia nekazaritza duen pertsona fisiko bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean: 15 puntu.

III) Onuraduna baldin bada nekazari profesional gisa sailkatutako pertsona fisiko bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean: 5 puntu.

d) Generoa: laguntza espedientearen onuradunak baldin badira emakumeak edo, pertsona juridikoak izanik, haien gobernu organoen % 30 gutxienez emakumeen esku badaude: 10 puntu.

3. Onuradunak bere eskaeran adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, edo, egoki denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzeko egunari dagokionez, eta bete beharreko konpromisotzat inbertsioen planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait kasu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, betiere eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gehitu gabe.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie dirulaguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako muga gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen dute, lehenbizi, aurreko oinarriaren 2. zenbakiaren a) atalean puntuazio handiena lortzen duten espedienteek, eta gero, hurrenez hurren, b), c), eta d) apartatuetan lortzen den puntuazioa hartuko da aintzat, aurrekontua agortu arte. Aurreko irizpidea aplikatu eta gero berdinketak irauten badu, lehenago aurkeztu diren eskaerek edukiko dute lehentasuna.

3. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira dagokion ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Inbertsio plana laguntzen deialdian adierazten den epean gauzatzea, justifikatutako arrazoiengatik eman daitezkeen luzapenak galarazi gabe. Luzapen horiek ez dira inoiz ere 2020ko irailaren 14tik harago joanen.

b) Jarduketak egitea eta, hala bada, mantentzea, eta espedienteak lehenesteko (8. oinarriaren arabera) erabili diren kalifikazioak mantentzea inbertsio plana bukatu arte eta ordainketa egin aurretik.

c) 11. oinarriaren arabera etorkizunean bete beharreko konpromisoei eustea bost urtez, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpena ematen denetik aurrera.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta

–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.

e) Laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

f) Ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

g) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

h) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

k) Bidezko denean, inbertsioko ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko behar diren erregistro ofizialetan inskribatuko dira inbertsio plana amaitu baino lehen.

l) Eskatzailearen ardura da ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeen inbertsioetarako 5. oinarriko 2. zenbakiaren f) letran aurreikusten den baimena eskuratzea. Laguntza emateak ez dakar berekin inola ere inbertsioek baimen hori izatea.

2. Laguntzen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartu dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.

2. Hauek hartuko dira gerora bete beharreko konpromisotzat, oro har, era guztietako espediente eta onuradunen kasuan:

–Ekoizte jarduerari eta kokapenari eustea.

–Azpiegiturako eta/edo inbertsioko elementuen jabetzari eustea.

–Eragiketaren helburuak, izaera eta gauzatzeko baldintzak mantentzea, funtsezko aldaketarik gabe eta jatorrizko helburuak kaltetu gabe.

–Ustiategiaren baldintzei, kokapenaren sailkapenari, ustiategiaren kalifikazioari, titularren kalifikazioari eta generoaren kalifikazioari eustea, 8. oinarriaren 2. zenbakiaren arabera baremo-puntuak lortzeko balio izan badute.

Konpromiso horiek ez zaizkie eskatuko eragiketei ekoizpen jarduera bat bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

3. Aurreko 2. puntuko konpromisoak, beti, pertsona onuradunak hartzen dituela ulertu behar da.

12. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri eta departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren bidez.

2. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarikoko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) eskuratzen ahal da. Harekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Ingurumen baimenak edo haien eskaerak, sozietateen eraketa eskriturak, balioespen memoriak, aurrekontuak edo proformako fakturak, eta oinarri arautzaile hauen aplikazioak eragindako guztiak.

3. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

13. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Inbertsio planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatuko dela bermatzeko, diruz lagungarria den inbertsioa ondoren aipatzen denaren arabera zehaztuko da.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) “Inbertsio moduluak” izeneko III. eranskinean jasotako inbertsioetarako, beharrezkoa izanen da aurrekontua edo proformako faktura aurkeztea.

b) “Inbertsio moduluak” izeneko III. eranskinean aipatzen ez diren inbertsio eta gastuetarako, hiru aurrekontu edo proformako faktura aurkeztu beharko da, zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada. Salbuespen moduan, eskaintza bakarra aurkezten ahalko da, baldin justifikatzen bada merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile, inbertsioen ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hau behar bezain justifikatua egonen da inbertsio planean.

c) Aurreko a) eta b) letretan aurreikusten ez diren inbertsioetarako, aurrekontu bat edo proformako faktura bat aurkeztu beharko da.

3. Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa:

Lehenagoko puntuaren a) letran jasotzen diren inbertsioetarako, diruz lagungarria den aurrekontua izanen da onuradunak aurkeztu duenaren eta III. eranskinean jasota dagoenaren artean txikiena.

b) letran jasotzen diren inbertsioetarako, hiru eskaintza aurkeztuta, eskaintza ekonomikoena aurkezten duena.

c) letran jasotzen diren inbertsioetarako, eta b) letran jasotzen den salbuespenaren babesean eginen direnetarako, balioespen batzorde batek zehaztuko du diruz lagungarria den zenbatekoa. Instrukzio organoaren arduradunak eta profil teknikoko bi pertsonek osatuko dute batzordea.

4. Kasu guztietan, egiazko enpresa hornitzaile independenteenak izanen dira eskaintzak, eta alderatzeko behar bezain zehatzak izanen dira.

5. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta azken ordainketa egin aurretik, onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta.

6. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (proformako fakturak, aurrekontuak, etab.) inbertsioen planari edo bukaerako ordainketa eskaerari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria igorri duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar zehatz-mehatz azalduta.

7. Onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira ondorio horietarako, gastuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

14. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

15. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 10 eguneko epean, gehienez ere, zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hori egin ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean edo, kasua bada, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean dagoen informazioaren arabera.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatu daitezkeen parametroak zehazteko, datuak onartutako azken katalogazioaren arabera erabiliko dira.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, gehienez 15 egun naturaleko epean zuzendu ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hori egin ezean agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak hartuko dira kontuan, oinarri arautzaile hauen arabera.

6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunetan oinarriturik.

7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipen espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

16. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

6. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

17. oinarria.–Ordainketa-eskaera.

1. Laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa eskaera zehaztu diren egunen aurretik aurkeztu ezean, laguntzak galdu eginen dira.

2. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako behar diren fakturak edo frogagiri baliokideak aurkeztuko dira, baita gastu eta inbertsio diruz lagungarri guztien ordainagiriak ere.

18. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea 2020ko abuztuaren 14an bukatuko da.

2020ko abuztuaren 14an bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko eta, berekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko. Beraz, data hori baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko mugaeguna dela ulertuko da.

Epe horiek egonen dira, arrazoi justifikatuengatik eskatzen eta ematen ahal diren luzapenak ezertan eragotzi gabe, baldin eta luzapen horien gehieneko iraupena 2020ko irailaren 14ra artekoa bada eta inbertsio plana amaitzeko epea baino hilabete lehenago eskatu badira.

Oro har, dirulaguntza eman aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

19. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak baremoa ezartzeko irizpideetan, laguntzetan eta ordainketetan.

1. Inbertsio plana 10.1.a) oinarrian adierazitako epean bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. 10.1.d) oinarrian jasotako konpromisoa (gastuen justifikazioarena) edo 11.1.e) oinarrikoa (kontrolen onarpenarena) betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

3. Informazioa ematearen konpromisoa, beste laguntza batzuen jakinaraztekoa, kontabilitatearena eta erregistroetako inskripzioarena, 10. oinarriaren 1. zenbakiko f), g), h), i), k) eta l) letretan jasotakoak, betetzen ez badira, konpromisoari zuzenean lotutako laguntza galduko da.

4. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak bete ez direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da.

5. Aurreko murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, hurrengo oinarriaren 5. puntuaren arabera, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

6. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

20. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.

3. 11.2 oinarria, oinarri horretan ezartzen diren salbuespenekin, ez direla bete egiaztatzen bada, eta ez betetzea lehen urtean gertatzen bada, laguntzaren % 100 galduko da, % 80 bigarren urtean gertatzen bada; % 60 hirugarrenean gertatzen bada; % 40 laugarrenean gertatzen bada eta % 20 bosgarrenean gertatzen bada, eta dagokion diru-itzulera egin beharko da.

4. Honi dagokionez, ez da ulertuko jarduera bertan behera utzi dela pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ebazpenaren ondoan, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo halako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, baldin eta entitate horren kapital sozialean onuradunak duen partaidetzaren arabera, lehen berak zuenaren adinakoa edo handiagoa bada. Betiere, entitate hartzaileak subrogatu beharko du etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

Orobat, ulertuko da jarduerari eusten zaiola, onuradunak erretiroa hartzen duelarik, betiere ustiategia beste ustiategi bati eskualdatzen bazaio, eta hura subrogatzen bada etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteaz den bezainbatean.

Azpiegiturako elementu baten jabetzan –inbertsioak higiezinetan, ekipamenduan edo makinerian– aldaketarik izan bada, eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagatze, alokatze edo antzeko sistema baten ondorioz, 3. zenbakian aurreikusitako laguntzaren galera ondasun horregatik jasotako laguntzari aplikatuko zaio.

Ez da ez betetzetzat joko 8. oinarriaren araberako balorazio-irizpide bati buruz ari garenean, espedienteari legokiokeen puntuazioak kontzesioari eusteko modua emanen balio.

5. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako neurri unitateen % 40 baino gehiago murrizten badira.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Onuradunaren azienda osoari edo zati bati eragindako epizootia.

6. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

1. Oinarri hauetan araututako laguntzak bateraezinak izanen dira, inbertsio-elementu berberetarako, legez ezarritako beste edozein laguntzarekin.

2. Ebazpen honetan araututako laguntzak ez dira metatuko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 81. artikuluko 2. paragrafoan eta 82. artikuluan jasotako ordainketekin, diruz lagungarriak izan daitezkeen kostu berei dagozkienak, baldin eta metaketa horrek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

3. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

22. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Edozein kasutan, foru legearen 3. artikuluko c) letran jasotako entitateen kasuan, Ebazpen honetako 3. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera, honako hauei buruzko informazioa jasoko da, jendaurrean jarri ahal izateko: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaketa; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea, lansari gordinak eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuta, eta urteko kontuak.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, abeltzaintzako ustiategietako biosegurtasuna hobetzeko inbertsioen laguntzei dagokien fitxan.

II. ERANSKINA

Laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa

a) Eskaera egiten duen entitatearen NAN/IFZren kopia.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

1. Gobernu organoa osatzen dutenen NANa.

2. Eratze eskriturak eta estatutuak.

3. Kontseilu Errektoreak edo gobernu organoak emandako ziurtagiria, alderdi hauek jasotzen dituena (guztiak):

–Laguntza aurkezteko edo laguntzarekin lotutako edozein izapide egiteko ordezkaria izendatzea.

–Entitatearen organo eskumendunaren erabakia inbertsioei ekin eta dirulaguntza eskatzeko, inbertsiorako aurreikusten den zenbatekoa eta inbertsioaren xedea jasoz.

c) Inbertsioen plana:

d) Aurrekontuak, balioespen memoria edo proformako fakturak aurreikusten den inbertsio bakoitzerako.

Memoriek honako hauek edukiko dituzte:

1. Memoriaren xedea.

2. Aurrekariak.

3. Jarduketen deskribapena:

–Jardueraren/obraren deskribapena.

–Erabilitako materialak.

–Kokalekua (poligonoa, lurzatia eta udalerria), kontzeptu bakoitzarena.

4. Jarduketen balorazioa (aurrekontua):

–Neurketak.

–Prezioen taula: unitate balioa (euro/neurketa unitatea).

–Aurrekontua eta neurketak: kontzeptuaren zenbateko osoa.

5. Proformako fakturak edo aurrekontuak, kasuan-kasuan dagokiona.

6. Lurzatien zedulak; egin beharreko jarduketak bertan marraztuko dira, ahalik eta zehaztasun handienaz.

7. Ingurumen ukipenen azterlana eta/edo Eraikuntzaren hondakinen kudeaketa, kasuan-kasuan dagokiona.

8. Inbertsioen laburpen taula (obra eta/edo jarduketaren osagaiak eta horien balorazio ekonomikoa).

9. Memoria zerri aziendarako hesi bikoitza instalatzeko bada, honako hauek jaso beharko ditu:

–Ustiategia zerri aziendaren zenbat buruk osatzen duten, eta haren korrespondentzia azienda larriko unitateetan (AzLU).

–Zerri azienda larratzeko erabiltzen diren lurzatien zerrenda (udalerria, poligonoa, lurzatia eta azalera) eta ustiategiaren azalera osoa.

–Hesi bikoitza instalatzeko laguntza eskatzen den lurzatien zerrenda (udalerria, poligonoa, lurzatia eta azalera).

e) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintza merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.

f) Abeltzaintzako ustiategiari dagokion ingurumen baimena, martxoaren 22ko Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen arabera (ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, ingurumen ukipenei buruzko txostena, jarduerarako udal lizentzia, edo erantzukizunpeko adierazpena).

g) Inbertsioen operazioek ingurumenean ondorio kaltegarriak edukitzen ahal dituztenean, inbertsio planari erantsi beharko zaizkio, dokumentazio gisa, ingurumen eraginaren adierazpena, ingurumen baimen integratua, ingurumen ukipenetarako baimena, ingurumen ukipenei buruzko txostena, jarduerarako udal lizentzia, edo erantzukizunpeko adierazpena, egoki dena jarduketa motaren arabera, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa), edo eskatu izanaren gordekina. Kasu honetan, gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko da baimena, txostena edo lizentzia, laguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.

Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak

a) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.

b) Onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez dagoela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena.

c) Dirulaguntzaren xedeko ondasunak hirugarrenei ez eskualdatu, alokatu edo lagatzeko konpromisoa, bost urtean gutxienez, edo, gutxiago irauten badute, ondasunen balio-bizitza osoan.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena:

“Nik, ......................... jaunak/andreak, nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Abeltzaintzako ustiategietako biosegurtasuna hobetzeko laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

III. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

KONTZEPTUA

EUROAK/UNITATEA

BIDEAK

1. Bide osoa (honako hauek barne: sasi garbiketa, erauzketa, karga eta garraioa, areka, lubeta bat egitea, lodiera ezberdineko zabor-legarra, zoladura egitea, ureztapena eta trinkotze lanak)/m²

7,50

2. Bide sinplea (sasi garbitzea, lurra profilatzea, ureztaketa eta trinkotze-lanak, lodiera ezberdineko zabor-legarra, zoladura egitea)/m²

5,75

3. Areka gaineko pasabidea (honako hauek barne: hodia, aldeetako paramentuak, hormigoitzea –beharrezkoa bada–, igeltserotza-lanei dagokien zati proportzionala, indusketa, legarra eta lurra ekartzea)/ml

–Diametroa 30 cm

70

–Diametroa 40 cm

100

–Diametroa 50 cm

150

–Diametroa 60 cm

200

–Diametroa 80 cm

250

4. Hesi kanadarra (neurri aldakorrak, metalezko parrilla, profil laminatua T bikoitzean, hormigoizko murruak eta zolata dituena, baita saneamendua eta drainatzea ere)/unitatea

6.000

FINKAK HOBETZEA

1. Hustubide berriak (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,5

–euro/metro lineala

3

2. Ubideak garbitzea (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

–euro/m³

1,25

–euro/metro lineala

2,5

3. Lur erauzketa eta tarte aldakorretarako garraioa, buldozer bidezkoa/m³

0,68

4. Lur erauzketa pala kargatzailearekin, eta kamioian garraiatzea, finkaren barnean / m³

1,70

5. Lur erauzketa beldar-traktorearekin, eta are-makina motordunean garraiatzea, finkaren barnean / m³ lur

1,25

6. Nibelazioa edo landare geruza kentzea are-makina motordunarekin, finkaren barnean / m³ lur

0,85

7. Arroka erauzketa, baita karga eta garraioa edo lurperatzea ere / m³

22

8. Zangak, putzuak, etab. hustea / m³

13

9. Material solteak kargatzea eta finkatik kanpo garraiatzea / m³

2

10. Drainatzeak

10.1. Geotestila drainatzeetarako euroak/ml

1

10.2. Hodi eta legarrez drainatzea euroak/ml

8

10.3. Legar edo hodiz drainatzea euroak/ml

6

10.4. Drainatzea hodi bikoitzarekin, gehikuntza metro linealeko

5

HESIAK ETA ITXITURAK

(honako hauek barne: sartzeko ateak eta atakak, atea automatikoak salbu)

1. Sare erronboidal zokaloduna (2 m.)/m.l.

35

2. Sare erronboidal zokalorik gabea (2 m.)/m.l.

25

3. Harri-horma 2 m/m.l.

45

4. Hesi arrunta 1,50 m/metro lineala

8

5. Hesi bikoitzeko sistema 1,50 m/metro lineala

14

6. Hesi elektrikoa/artzain elektrikoa: 230 v-ko bateria edo ekipoa

500

7. Hesi elektrikoa/artzain elektrikoa: 2 hari/metro lineala

2

ERRAUSKAILUAK

1. 50 kg/h edo gutxiagoko erretzeko gaitasuna duen errauskailua

20.000

2. 50 kg/h edo gehiagoko erretzeko gaitasuna duen errauskailua

30.000

Iragarkiaren kodea: F1914522