236. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

106/2019 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko 2019-2020ko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien XI. “José Ignacio Sanz Arbizu” Sariaren oinarriak onesten dituena.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak hiri ingurunean garapen jasangarria bultzatzeko behar diren jarduerak gauzatzen ditu. Horien artean, Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokiak. Horri begira, Nafarroan arlo horretan izandako esperientzia bikainak aprobetxatzeko eta egindako ahaleginak garapen jasangarri handiago baten alde bideratzearren, esperientzien trukea bultzatzeko helburuen artean honako hau aurreikusi da: Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien “José Ignacio Sanz Arbizu” Sariaren hamaikagarren deialdiaren oinarriak zabaltzea eta diplomen banaketa eguna ospatzea 2020ko azaroan.

Jardunbide egokien sariak, zeinak nazioartean oso zabalduak baitaude, baliagarriak direla aitortzen da; izan ere, kalitatea etengabe handitzeko estrategiaren barnean dago jardunbide hoberenak saritzea eta hautatuak argitaratzea, jardueren akreditazioa, eraginkortasuna, lehiakortasuna eta aberastasuna sortzeko bidean, ohiko zehapen metodoak baino ondorio hobeak baititu.

Horrelako jarduketak herritarrendako, agente sozialendako eta agintariendako pizgarriak dira, Tokian tokiko Garapen Jasangarrian jadanik lortutakoaz Nafarroako gizarteak duen kontzientzia handitu eta hobetzen baitute, honako hauetan ezarritako irizpideen arabera: Europako Hirien Garapen Jasangarriaren aldeko Aalborgeko Gutunean, Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Bigarren Konferentzian (Habitat II), Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Quitoko Hirugarren Konferentzian (Habitat III) eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan. Halaber, sari honek sustatzen du Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuak ezagutu eta gauzatzea ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien XI. “José Ignacio Sanz Arbizu” Sariaren oinarriak onestea 2019-2020ko aldirako (eranskina).

2. 3.000 euroko gastua onestea hiru jardunbide hoberenak saritzeko, “Jasangarritasuneko eta ingurumen hezkuntzako sariak” izeneko 740007 74700 2268 456200 gastu partidaren kargura edo 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan baliokidea den partidaren kargura, kreditu nahikoa eta egokia izanez gero.

3. Deialdi hau eta bere oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta ohiko komunikabideetan argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko azaroaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien XI. “José Ignacio Sanz Arbizu” Sariaren oinarriak 2019-2020ko aldirako

Helburua

Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien XI. Sariak Nafarroako gizartearen kontzientzia bultzatu eta hobetu nahi du bizi baldintzen hobekuntzari lotuta garapen jasangarriaren arloan izan diren lorpenen inguruan, Europako Hirien Jasangarritasunaren aldeko Aalborgeko Gutunean, Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Bigarren Konferentzian (Habitat II), Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Hirugarren Konferentzian (Habitat III) eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan ezarritako irizpide eta konpromisoen arabera, bai eta Hannover-eko Deklarazioan, Europako liderrek XXI. mendearen atarian egindakoan, ezarritako irizpideen arabera ere; horiek guztiak, garapen jasangarriaren ikuspegitik.

Saria eta aldizkakotasuna

Saria bi urtean behingoa izanen da, eta honelakoa:

1. Hiru jardunbide hoberenetako bakoitzarendako: 1.000 (mila) euro.

2. Hiru jardunbide hoberenetako bakoitzarendako eta aipamen bereziendako, halakorik balego: diploma bat eta garaikur bat.

3. “2019-2020 Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien Hamaikagarren Katalogoa”.

4. Katalogoa Nafarroan, Espainian eta nazioartean zabaltzea.

Nork parte har dezakeen

Nafarroan garapen jasangarriko jardunbide egokiak egin dituzten entitate eta pertsonei irekita dago saria, hala nola:

1. Toki entitateak.

2. Irabazi-asmorik gabeko entitateak: kooperatibak, korporazioak, fundazioak, federazioak eta elkarteak.

3. Unibertsitateak eta zientzia eta ikerketa arloko erakundeak.

4. Autonomoak eta mikroenpresak.

Jardunbide egokiak saritzeko irizpideak

Honako hauek dira jardunbide egokia saritzeko kontuan hartuko diren irizpideak. Guztiak aldi berean betetzea izanen da ezinbesteko baldintza: 1. Eragina, 2. Asoziazionismoa eta 3. Jasangarritasuna; gainerakoak irizpide gehigarriak dira:

1.–Eragina.

Amaitutako edo martxan jarritako ekimenak izanen dira, emaitza frogagarriak eskaintzen dituztenak, eta haien eragina baloratuko da. Jardunbide egokiek eragin onuragarria izan behar dute jendearen bizimoduan, haiek suma dezaketena.

a) Etxebizitza jasangarria eta garapen komunitarioa:

I) Edateko uraren hornidura eta saneamendua;

II) Eskuratzeko moduko etxebizitza, zerbitzuak eta azpiegitura komunitarioak;

III) Lurra eskuratzea, edukitzea eta finantzatzea;

IV) Planifikazio eta parte-hartze komunitarioa erabakiak hartzean eta baliabideak esleitzean;

V) Hiriguneen, auzoen eta kokalekuen barnealdea berritu eta zaharberritzea;

VI) Teknologia eta eraikuntzako material seguru eta osasungarriak.

b) Hiriaren eta eskualdearen garapen jasangarria:

I) Enplegua sortzea eta pobrezia desagerraraztea;

II) Kutsadura murriztea eta ingurumenaren osasuna hobetzea;

III) Garraio publikorako eta komunikazioetarako sarbide hobea;

IV) Zaborraren bilketa, birziklapena eta berrerabilpen hobea;

V) Hiria lorategiz hornitzea eta eremu publikoaren erabilera eraginkorra;

VI) Ekoizpenaren eta kontsumoaren ziklo hobeak, berriztagarriak ez diren baliabideak ordeztea eta murriztea barne.

VII) Natur baliabideak eta ingurumena babestea eta zaintzea;

VIII) Energia eraginkorrago erabiltzea eta sortzea;

IX) Toki historiko eta kultural garrantzitsuenak zaintzea;

X) Hiri garapenerako estrategia integratu eta orokorrak zehaztea eta praktikan jartzea.

c) Kokalekuen kudeaketa jasangarria, eraginkorra, arduratsua eta gardena:

I) Kudeaketa, administrazio eta informazio sistema eraginkorragoak eta efikazagoak;

II) Genero berdintasuna eta ekitatea erabakiak hartzean, baliabideak banatzean eta programak diseinatu eta praktikan jartzean;

III) Delituak murriztu eta prebenitzea;

IV) Hondamendien kontrako prestakuntza hobea, haiek arintzea eta berreraikuntza;

V) Gizarteratzea eta bazterketa apaltzea;

VI) Ekintza eta aldaketak ekarriko dituen lidergoa, baita politika publikoan ere;

VII) Erantzukizuna eta gardentasuna sustatzea;

VIII) Berdintasuna eta ekitate soziala sustatzea;

IX) Agentzien arteko koordinazioa hobetzea.

2.–Asoziazionismoa.

Asoziazionismo maila hartuko da kontuan. Honako eragile hauetako bik gutxienez eraturiko elkarteetan oinarritu behar dira jardunbide egokiak:

1. Toki entitateak.

2. Irabazi-asmorik gabeko entitateak: kooperatibak, korporazioak, fundazioak, federazioak eta elkarteak.

3. Unibertsitateak eta zientzia eta ikerketa arloko erakundeak.

4. Autonomoak eta mikroenpresak.

5. Bestelako elkarteak.

3.–Jasangarritasuna.

Jardunbide egokiek beren ondorio integratua eta suma daitekeena behar dute frogatu. Balio gehiago dute diru aldetik bideragarriak izanik, inor baztertu gabe eta ingurumena errespetatuz, honako arlo hauetako batean, bederen, aldaketa iraunkorrak sortzen dituzten jardunbideek:

a) Lege eta erregelamendu esparruak, arau subsidiarioak edo estandarrak, beren xedeko gai eta arazoen ezagutza formala ematen dutenak.

b) Politika sozialak eta/edo sektoreko estrategiak, eskualde edo herri mailakoak eta errepikatzeko aukera ematen dutenak.

c) Instituzioen esparrua eta erabakiak hartzeko prozesuak, maila eta partaide bakoitzari bere zeregina eta erantzukizuna ematen dietenak, hala nola gobernuko erakunde zentralei eta tokikoei eta oinarrizko komunitate erakundeei.

d) Kudeaketa sistema eraginkor, garden eta arduratsuak, baliabide teknikoak, finantzarioak, naturarenak zein giza baliabideak eraginkorrago bihurtzen dituztenak.

Zeharka, proiektuak baloratuko dira segun eta zenbateraino betetzen dituzten Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak, baita tokian tokiko beste zehaztapen batzuk, hala nola Hiri-agenda Berria.

4.–Lidergoa eta komunitatearen indartzea.

a) Ekintza eta aldaketak ekarriko dituen lidergoa, baita politika publikoan ere.

b) Jendea, bizilagunak eta komunitateak indartzea eta haien ekarpenak aintzat hartzea.

c) Dibertsifikazio soziala eta kulturala onartu eta bereganatzea.

d) Transferentziarako, egokitzeko eta errepikatzeko aukerak.

e) Tokian tokiko baldintzei eta garapen mailei egokitutako neurriak.

5.–Genero berdintasuna eta gizarteratzea.

Aniztasun soziala eta kulturala onartu eta haiei erantzuten dieten ekimenak, berdintasuna eta zuzentasun soziala sustatzen dituztenak, diru-sarrerak, sexua, adina, egoera mentala eta fisikoa oinarri izanik, esate baterako; eta trebetasun desberdinak aitortzen eta baloratzen dituztenak.

6.–Berrikuntza tokian tokiko testuinguruan eta transferigarritasuna.

Berritzaile izateagatik besteentzat eredu diren jardunbideek balio handiagoa izanen dute, beste esperientzia batzuek imitatu eta egokitu baititzakete.

Sektore horretako ohiko jardunbideekiko diferentziala izan behar dute edo nabarmendu behar dute.

Jardunbideak borondatez eginak izan behar dute. Ezin dira izan indarreko legeriak eskatutako jarduerak soilik; hartutako konpromisoaren ondorio izan behar dute, legeak ezarritakotik harago.

7.–Transferentziak.

a) Eragin nabaria, hauetako baten edo gehiagoren transferentziaren ondoriozkoa: ideiak, abileziak, prozesuak, ezagutzak, trebetasunak eta/edo teknologia.

b) Aldaketak politiketan edo praktiketan.

c) Transferentziaren jasangarritasuna, denboran iraunen duen etengabeko ikaskuntza eta aldaketa prozesu baten zati gisa.

Eskabideak aurkeztea

Deialdi honetarako eskaerak horretarako ezarritako edozein bide erabiliz eginen dira, datuak biltzeko fitxa erantsita, eta Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalera igorriko dira:

González Tablas kalea 9 - beheko solairua, 31005 Iruña.

Telefonoa: 848 42 75 82 / 848 42 49 10.

Helbide elektronikoa: sostenibilidad@navarra.es / jasangarritasuna@navarra.es.

Datuak biltzeko fitxa euskarri digitalean aurkeztu beharko da.

Aukeran, babes material hauek sar daitezke:

a) Egunkari, aldizkari edo bestelako argitalpenetan publikatutako artikuluak.

b) Euskarri digital estandarreko bideoak, gehienez ere 10 minutukoak.

c) Argazkiak edo bestelako material grafikoa.

d) Liburuxkak edo publizitaterako materiala.

Deialdi hau argitaratu eta biharamunetik 2020ko ekainaren 30era bitarte aurkeztuko dira eskaerak, bi egun horiek barne.

Hautapen prozesua

2020ko ekainaren 30era bitarte (osteguna) aurkezten diren eskaerei prozesu hau aplikatuko zaie:

1. Jardunbide egokien oinarrizko irizpideak betetzen dituzten ekimen guztiak adituen batzorde batera bidaliko dira, behar bezala azter ditzaten; honako pertsona hauek osatuko dute aipatu batzordea, edo haien ordez joaten direnek:

–Carolina Sanchez-Pedreño Manglano, Sustapen Ministerioko Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoru Zuzendaritza Nagusia.

–Juan Jesús Echaide, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko langilea.

–Andoni Iso Tinoco, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko kidea.

–Inazio Irigoien Iriarte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ekoizpenaren Saileko kidea.

–Juan José Pons Izquierdo, Nafarroako Unibertsitateko Geografia Saileko kidea.

–Susana Cuesta Márquez, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Ataleko burua.

–Pedro Zuazo Onagoitia, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Mikel Xabier Ortigosa Lekunberri, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Toki Agenden eta Jasangarritasunaren Bulegoko burua.

2. Adituen batzordeak aztertu eta, komenigarritzat jotzen badu, argibide osagarriak eskatuko ditu eta katalogoan argitaratzeko merezimenduak dituzten ekimenak hautatuko ditu. Hautatzen direnetatik, gehienez ere hiru jardunbide hoberenak nabarmenduko dira sarirako. Gainera, kalitatearen arabera, Aipamen Berezi edo Gomendio batzuk hartzen ahalko dira aintzakotzat.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak igorle bakoitzari bere egoeraren berri emanen dio, sarirako hautapen prozesua amaitutakoan.

Sarirako egutegia

2020ko ekainera bitarte.

XI. Sariaren aurkezpen publikoa egiteko, deialdia banatzeko eta zabaltzeko aldia.

2020ko ekainaren 30a.

Mugaeguna 2019-2020ko sarirako aurkezpenak jasotzeko eta jardunbide egokien datu-basean sartzeko.

2020ko iraila.

Baloratu diren jardunbide egokiak aurkeztuko ditu adituen batzordeak, Nafarroako 11. lehiaketa honen katalogoa prestatu eta editatzeko, eta, haietatik, saritzea merezi duten hiru jardunbide hoberenak. Bestetik, bidezko bada, aipamen berezia duten jardunbide egokiak.

2020ko azaroa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sariak entregatuko dizkie hautatutako pertsona edo erakunde parte-hartzaile guztiei, “Nafarroako Foru Komunitateko 2019-2020ko Tokian tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien Hamaikagarren Katalogoa” aurkezteko eginen den ekitaldi publikoan.

ERANSKINA

Datuak biltzeko fitxa (Word).

Iragarkiaren kodea: F1914392