220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

156E/2019 EBAZPENA, urriaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zangoza-Oibar-Kaseda elkarrekin lotzeko kanalizazio proiekturako, Zangozako, Oibarko eta Kasedako udal-mugarteetan. Sustatzailea Nasertic da.

2019ko uztailaren 5ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

2019ko urriaren 4an, sustatzaileari eskatu zitzaion trazadura alda zedila proiektuak abelbideak ukitzen zituen tartean, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataletik jasotako txostenarekin bat. Naserticek 2019ko urriaren 9an aurkeztutako proiektuko aldaketa egokitu zen errekerimenduko baldintzetara.

Proiektatutako jarduketaren xedea da lurpeko kanalizazioa egitea (14.542 m), zuntz optikoaren bidez lotzeko NA-8603 errepideko 1+580 k.p.an, Zangozan, Aragoi ibaiaren gaineko zubiaren ondoan, dagoen DF motako kutxatila (FIST-GCO2-BC6/244 torpedoa) eta, batetik, NA-8606 errepideko 1+500 k.p.an, Oibarko zeharbidean, dagoen kutxatila eta, bestetik, NA-534 errepideko 15+435 k.p.an, Kasedan, Aragoi ibaiaren gaineko zubiaren ondoan, dagoen kutxatila, DF motakoak (TRP-1049 torpedoa). Horri esker, udalerri horietan dauden Nafarroako Gobernuaren egoitzek Nafarroako Gobernuko zuntz optikoko puntu irisgarria izanen dute. Horretarako, mikrozangak (8x40 cm) egitea aurreikusten da, eta 40mm-ko diametroko PEAD tutu hirukoitza erabiliko da, hondoan hormigoiztatua eta zeharkatzen duen inguruaren arabera estalia. Horrez gain, kablea pasatzeko eta deribazioko hainbat kutxatila trazaduran zehar jartzea ere aurreikusten da. Kanalizazioa N132, NA-534, NA-5321, NA-8603 eta NA-8606 errepideetatik joaten da, haien bermetatik, bazterbideetatik eta azpiegituretatik, bai eta bideetatik ere.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientearen txostenak ikusirik, eskuordetu zaizkidan eskumenak baliatuz eta honako hauek aplikatuz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 96/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zangoza-Oibar-Kaseda elkarrekin lotzeko kanalizazio proiekturako, Zangozako, Oibarko eta Kasedako udal-mugarteetan. Sustatzailea Nasertic da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Kablea kanalizatzearen eta ezartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.
  • Abelbideen gaineko ukipenei dagokienez:

1.–Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

2.–Bidegurutzeek eta zangek teknikoki posible den txikiena izanen dute, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

3.–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako materiala eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

4.–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea eta abar) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

5.–Altxonbidean eta haren zortasun-eremuan, aurriak eta eraikuntzaren ondare etnografiko tradizionalak errespetatuko dira, nekazaritzari eta artzaintzari lotuta baitaude. Esaterako, harlangaitz lehorrez egindako eraikuntzak: tholos moduko kupula duten etxolak, hormak, askak eta erretenak, etab.

–Hirigintza arlokoak:

  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian. Halaber, Aragoi ibaiarekin paralelo doanez eta Aragoi ibaiaren ibilgua eta Bizkaia eta Juntapeones erreka-zuloak zeharkatzen dituenez, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean; lege horren bidez arautu zen Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa.

Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen epeak.

5. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Zangozako Udalera, Oibarko Udalera, Kasedako Udalera, Basozainei (Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urriaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F1913558