220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

411/2019 EBAZPENA, urriaren 28koa, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren eskuordetzea erabiliz nekazaritzako ustiategien titularren edo/eta bazkideen katalogazioa onesten duena, hots, ogibide nagusia nekazaritza dutenena, nekazari profesionalena eta nekazaritzako profesionalena, baita lehentasunezkoak diren nekazaritzako ustiategien katalogazioa ere.

Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak 4. artikuluan ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa zerbitzu administratibo bat dela, non laguntza publikoen hartzaileak zehazteko erabiltzen den nekazaritzako ustiategien informazioa biltzen baita, eta haren helburua dela nekazaritzako ustiategiak katalogatzea, hau da, zein diren lehentasunezkoak eta zein ez finkatzea.

Ogibide nagusia nekazaritza dutenen definizioa ere uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan dago jasota. Bestetik, nekazari profesionalaren definizioa Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 2. artikuluan zehaztuta dago, eta nekazaritzako profesionalaren definizioa, berriz, Landa-ingurunearen Garapen Jasangarriari buruzko abenduaren 13ko 45/2007 Legearen 16. artikuluan.

Katalogazio horiek beharrezkoak dira Nafarroako Foru Gobernuaren eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren NBEF eta LGENF funtsen bidez finantzatutako laguntza mota batzuk eskuratzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduaren bidez Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautu da eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezarri dira. Foru agindu horren 7. artikuluak ezartzen du urtero kalifikatuko direla ustiategien titularrak edo batasunen ustiategietako bazkideak ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa, edo nekazari profesional gisa, edo nekazaritzako profesional gisa, eta ustiategiak, aldiz, lehentasunezko gisa, horretarako oinarritzat harturik Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan urriaren 1ean dauden datuak. Urtero, azaroaren 1a baino lehen, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebatziko ditu katalogazioak, eta onesten direnetik hurrengo urtekoak onetsi arte izanen dira baliozkoak, betiere ez badira aldatzen onetsitako katalogazioa ekarri zuten baldintzak.

Bidezko da, hortaz, ustiategien titular eta bazkideen kalifikazioa onestea, hots, ogibide nagusia nekazaritza dutenak, nekazari profesionalak edo nekazaritzako profesionalak, eta, orobat, lehentasunezko ustiategiak katalogatzea, eta informazio horren balioa onestea, hori guztia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan 2019ko urriaren 1ean dauden datuetatik abiatuta, datu horiek lortu eta eguneratu baitira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2014 Foru Aginduaren 1. eta 3. artikuluen arabera. Foru agindu horren bidez Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa arautu da eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak ezarri dira.

Erabilitako datuak hauek izan dira: 2019ko laguntzetarako eskabide bakarreko lurzatien deklarazioa, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean titularrek eskatuta inskribatutako urteko aitorpeneko lurzatiak, titularrek eskatuta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako lurzatiak, 2019ko urriaren 1ean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan nekazaritzako jarduera duten ustiategietan inskribatutako abelburuak, 2018ko ekitaldiko PFEZaren aitorpena, 2019 erreferentziako errenta (AAA/1419/2018 Agindua) eta 2019ko hirugarren hiruhilekoari dagokion gizarte segurantzako afiliazioa.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 28ko 2/2019 Ebazpenaren bidez, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi dira araudiak nekazaritza arloan Landa Garapeneko zuzendari nagusiari ematen dizkion eskumen administratibo batzuk.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan dauden datuak kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. Ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional eta nekazaritzako profesionalaren kalifikazioa onestea, bai eta ustiategien lehentasunezko kalifikazioa ere, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien titular, bazkide eta nekazaritzako ustiategi guztientzat, ebazpen honen 1. eranskinaren arabera.

2. Ebazpen hau sinatzen denetik 2020koa onetsi arte izanen dute balioa katalogazio horiek, martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin bat, betiere, katalogazioa onestea ekarri zuten baldintzak (nekazaritzako diru-sarrerak, marjina garbiak, Gizarte Segurantza, sozietatearen estatutuak) aldatzen ez badira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Interesdunek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriaren bidez kontsultatzen ahalko dute beren katalogazioa, Nekazaritza eta Abeltzaintza arloan, ziurtagiri digitala edo NANa-PINa erabiliz, edo departamentuaren eskualdeko eta eremuko bulegoetan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko urriaren 28an.–Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, Ignacio Guembe Cervera.

Iragarkiaren kodea: F1913673