220. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

239/2019 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua: Alesbes kalea 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 (Orvina II), Zildotz kalea 1 eta Miravalles kalea 8 (Orvina III), Txantrea auzoan (Iruña, 5. eremua).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean bizitegi multzoen berroneratze alorrean egin beharreko esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo bizitegi multzo batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Asmoa da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratua egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratua aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta aldi berean eraikuntzako eta arkitekturako irtenbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurretik aipatutakoaren arabera, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da, 316 etxebizitzarentzat (9 ataritan banatuak), Iruñeko Txantrea auzoan. Atari hauek dira:

–Alesbes kalea 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 (Orvina II).

–Zildotz kalea 1 eta Miravalles kalea 8 (Orvina III).

70eko hamarkadan egindako eraikin batzuk dira, auzo sozial batean eraikitako etxebizitza sozial motakoak direnak eta berokuntzarako auzoko sistema dutenak, Txantrea auzoko multzoaren barnean. Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko da Zildotz kaleko 1. zenbakia.

Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak daude, eta horien arabera espedientea aztertu ondoren zuzena dela egiaztatu da: herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra betetzat jotzen dira, eta proposatutako irtenbide teknikoa birgaitzearen alorreko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea: Alesbes kalea 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 (Orvina II), Zildotz kalea 1 eta Miravalles kalea 8 (Orvina III), Txantrea auzoan (Iruña, 5. eremua). Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da dagozkion proiektuak aurkeztea dagokion Birgaitzeko Bulegoan, eta jabeen elkarteak eskatzea (eta lortzea) horien birgaitze jarduketa babestuaren behin-behineko kalifikazioa.

Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunak hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean; lege horren bidez arautu zen Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoetara, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudiora, Iruñeko Udalera, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzura eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 11n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1913477