216. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

“Festetako gelak” eta “Gela iraunkorrak” arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Castejongo udalerriko “Festetako gelak” eta “Gela iraunkorrak” arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena.

Castejongo Udalak, 2019ko uztailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Castejongo udalerriko “Festetako gelak” eta “Gela iraunkorrak” arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2019ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 23an.

Hogeita hamar eguneko jendaurreko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat hartu da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejonen, 2019ko urriaren 7an.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

“FESTETAKO GELAK” ETA “GELA IRAUNKORRAK” ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Castejongo udalerrian aspalditik egon dira “Gela” moduan erabiltzeko lokalak, eta haien helburu nagusia da adin anitzetako pertsonak, nagusiki lagun taldeak eta kuadrillak biltzeko espazio bat sortzea, haietan batez ere aisialdirako jarduerak elkarrekin egiteko.

Hasieran, “Gelak” erabiltzen ziren urtean zehar herrian zeuden festetan, jarduera horri eta hura prestatzeko garaiari lotuta soilik.

Urteak joan, urteak etorri, “Gelen” eskaria gero eta handiagoa izan da eta, horren ondorioz, “Festetako gelen” ohiko kontzeptua aldatu egin da funtsean, “Gela iraunkorrak” izatera pasatzeko.

Une honetan, Castejonen “Geletarako” lokal andana daude; haietako asko iraunkorrak dira eta zenbaitetan instalazio horiek maiz erabiltzen dituzte, batez ere herriko gazteek. “Geletan” urte osoan zehar egiten diren jarduerek arauketa baten beharra ekarri dute, egungo ordenantzan dauden hutsuneak zuzendu ahal izateko eta, ahalik eta partaidetza handienarekin, ukituak diren subjektu guztiak inplikatuz, arauak ezarri ahal izateko, Gelen, herritarren eta Udalaren artean adiskidetasunezko, hezibide oneko eta elkarrenganako begirunezko bizikidetza ahalbidetu dadin.

Orobat, ”Gelak” zabaltzeak eta egun haiei ematen zaien erabilerak ondorio handiak ekarri dizkiote herriaren dinamika sozialari, eta atzeman da herritarren interes desberdinak uztartu beharra dagoela, gatazkarik sor ez dadin.

Behar hori da, hain zuzen ere, ordenantza honen helburuetako bat, elkarbizitza normalizatua izan dezaten “Gelen” jabeek eta erabiltzaileek, alde batetik, eta higiezin horren inguruko bizilagunek, bestetik; horretarako, bermatzen saiatu beharko da etxearen esparruan norberaren eta familiaren intimitaterako eskubide oinarrizkoa (atsedenerako eta segurtasunerako eskubidea, azken finean) Castejongo bizilagun guztien aisialdiarekin eta denbora librearekin bateratzea.

Hori dela eta, testu arauemaile honen arauketa juridikoak ukitzen dituen alderdi guztiek ulertu behar dute ordenantza honen helburua ez dela gehiegi arautzea “Gela” horiek, ezta haien funtzionamenduan eskua neurriz kanpo sartzea ere. Aitzitik, eta aipatu oinarrizko helburuak kontuan izanik, Castejongo Udalak, bere eskumenen esparruaren barrenean, “Gelen” baimena arautu nahi du, eta, halaber, hura argia izan dadila edukiaren aldetik, Castejongo bizilagunen eskubideak berma ditzala eta arin tramita dadila, betiere Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 2/1989 Foru Legearen 1.2 artikuluan ezarritako agindutik abiatuta (abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak eman idazketaren arabera); haren aplikazio eremuan ez badira ere esparru guztiz pribatuari edo familiarrari lotutako jarduerak sartzen, honako hau, berriz, eskatzen da: “dibertsio edo jostetarako jarduera horiek egiten diren lokalek behar bezalako baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei eragozpenik ez egiteko eta pertsonen zein ondasunen segurtasuna bermatzeko, batez ere honako hauei dagozkienak: egituren sendotasuna, instalazioen funtzionamendua, suteen kontrako prebentzio eta babes neurriak eta osasungarritasun eta higienea. Horietarako, bada, udalaren baimena beharko dute lokal horiek”.

Horrenbestez, Udal honen eskumenen esparruan prestaturiko ordenantza honen azken asmoa da zehaztea zein higiezinetan dagoen ordenantzaren edukian “Gelatzat” hartuko dena, ez baitu tokirik IBELFen xedatutako arauketan, eta arauketa juridikoa eta teknikoa ematea “Gelen” funtzionamenduari, ordenantza honek ukitzen dituen eragile guztien interesak uztartuz.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea eta helburuak.

Ordenantza honen xedea da Udalaren esku-hartze administratiboa xedatzea eta arautzea, betiere indarra duen tokiko araudiak Udal honi ematen dizkion eskumenen barrenean, “Gelatzat” hartuko diren lokalen jabeek zein erabiltzaileek hartu beharko dituzten eginbeharrak nahiz betebeharrak eta baldintza teknikoak ezartzeko, baita “Gelak erabiltzeko baimenaren” tramitazio espedientea eta ordenantza hau beteko dela bermatzen dituzten neurriak arautzeko ere. Era berean, arautu behar dira ordenantza ez betetzeagatik tramitatzen ahal diren zehapen-espedienteak edo zehapenak.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Ordenantza honen aplikazio eremua Castejongo udal-mugartean “Gela” moduan erabiltzeko diren higiezin guztietara zabalduko da.

3. artikulua. Ordenantza honen helburuak.

Zehazki, hona hemen ordenantza honen helburuak:

a) “Gela” moduan erabiltzeko higiezinek gutxieneko baldintzak betetzea higiene eta osasunaren, teknikaren eta osasungarritasunaren aldetik.

b) Elkarbizitza normalizatua lortzea “Gelen” erabiltzaileen eta lokal horien inguruko gainerako bizilagunen artean.

c) “Gelen” erabiltzaileen aisialdia eta denbora librea bermatzea eta hura uztartzea etxearen esparruan norberaren eta familiaren intimitaterako oinarrizko eskubidearekin, bizilagun guztien atseden zuzena eta segurtasuna bermatuz era berean.

4. artikulua. “Gelen” definizioa.

Ordenantza honen ondorioetarako, “Gelatzat” hartuko dira pertsonak biltzeko erabiltzen diren lokalak, erabilera pribatukoak eta publikoari irekita ez daudenak; bertan kultura, aisia, josteta, jolasa edo antzeko helburua duten irabazi asmorik gabeko jarduerak egiten dituzte, batez ere kuadrillek eta gazte taldeek.

Higiezinak “Gela” moduan erabiltzeko, soilik gaitu eta baimenduko dira hirigintzako udal planeamendu indarrekoak eta aplikagarriak ahalbidetzen duenean, edo, espresuki aurreikusia ez badago, Udalak, interes orokorrean oinarrituz, zehazten dituen higiezinak. Izan ere, gerta daiteke higiezin baten erabilerarako Udalak baimenik ez ematea edo emandako baimena deuseztatzea, irizpide objektibo eta justifikatuetan eta, beharrezkoa bada, Udalak egoki irizten dien txostenetan oinarrituz.

Honelakoak izaten ahalko dira:

–“Iraunkorrak”: Jarduera urte osoan dutenak. Gela horiek 1. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte (B atala).

–“Festetakoak”: Herriko festen garaietan soilik jarduteko dena. Ordenantza honen 1. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte (C atala).

TITULU BAKARRA

LEHEN KAPITULUA

Prozedura

5. artikulua. Ordezkaritza.

“Gelako” kideek ordezkari bat izendatu beharko dute, haren bitartez jardun dezaten Udalarekin egiten dituzten tramite guztietan.

“Gelako” kide guztiak adingabeak badira, bi ordezkari izanen ditu adingabeen legezko ordezkarien artetik hautatuak, eta beste bi ordezkari adingabeen artetik hautatuak.

“Gelako” kideak adingabeak eta adin nagusikoak badira, azken horietako bi izanen dira ordezkariak.

Ondorio guztietarako, Castejongo Udalak ordezkariekin eginen ditu bere eginbehar guztiak; Udalaren ekitaldiak jakinaraziko zaizkie jaikinarazpenetarako aukeratzen duten helbidean, eta konpromisoa hartuko dute jarduketa horien berri emateko gainerako kideei.

Helbide edo ordezkari aldaketa guztien berri eman beharko diote “Gelek” Udalari; izan ere, aipatu helbidean ezin jakinarazi bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraituko zaio iragarkien bidez jakinarazteko.

6. artikulua. Gelak erabiltzeko lizentzia:

1. “Gelak” erabiltzeko lizentzia udal baimena da, higiezin bat beheko solairuan “Gela” gisa eta ordenantza honetan arautu bezala erabiltzeko.

2. Hura emateko, beharrezkoa izanen da benetan ordaintzea dagokion baimenaren espedientea tramitatzeko tasa.

–Baldintza orokorrak:

  • Gelek ezin izanen dute eduki atmosferara usainik, kerik edo antzekorik isurtzen duten tresnarik ez gailurik, airea girotzeko sistemek sortuak izan ezean.
  • Janariak prestatzeko gailurik edukiz gero, dagozkien segurtasun neurriak bete beharko dituzte eta egoera onean egon beharko dute.
  • Gelak ez du sortuko etxean ohikoak diren hondakinez besterik.
  • Lokalaren ateek, leihoek, pertsianek eta beste kanpoko itxiturek eduki beharko dituzte kanpora zaratarik ez ateratzeko beharrezko elementuak eta neurriak (amortiguazioa, olioztatze egokia, estankotasuna, etab.), aplikatu beharreko araudia bete beharko dute eta udaleko teknikari eskudun batek ikuskatuko ditu.
  • Gelan ez da biltegiratuko jarduera garatzeko beharrezkoez bestelako gairik.
  • Gela okupaturik dagoenean, ixteko modua ate tolesgarriak izanen dira, bertikalean biratzeko ardatza dutenak, erraz eta azkar irekitzeko modukoak, giltzaren beharrik gabe eta mekanismo bat baino gehiago erabili beharrik gabe.
  • Udalak ematen duen Gelarako lizentzian gehieneko edukiera muga azalduko da.
  • Udalaren web-orrian argitaratuko da erabiltzeko lizentzia duten Gelen zerrenda, haien izen eta helbidearekin batera. Datu horiek bizilagun orok jakiteko moduan egonen dira Udalean ere.

–Gutxieneko tarteak:

  • Ez dago gutxieneko tarterik “Festetako geletarako”, aldi baterakoak izaten baitira. “Festetako gela” bat inolaz ere ez da “Gela iraunkor” bihurtuko zuzenean, horretarako beste tramite bat egin behar baita.
  • Gela iraunkorren arteko gutxieneko tarteak: gela iraunkorren arteko gutxieneko tartea 20 metro izanen da. Distantzia hori neurtzeko lerro zuzen bat marratuko da lokal baten sarreratik bestearen sarrerara. Lokalaren sarbidetzat hartuko da lokalaren edozein sarrera edo irteera kanpoaldeko eremu publikora nahiz barnealdeko eremu pribatura, larrialdiko irteerak barne.

–Eremu saturatuak:

“Gelen” eremu saturatu gisa definitzen dira honako baldintza hauek dituzten eremuak:

a) Aurreko atalean ezarritako tarteak ez betetzea Udalak jada baimenduak dituen lokalen artean.

b) Etxe-sail bakoitzean 4 “Gela iraunkor” baino gehiago egotea baimenduak, txosten teknikoen bidez justifikaturiko eta bermaturiko salbuespenak izan ezik. Alde guztietatik herriko kalez inguratutako hiriguneari deitzen zaio etxe-sail.

7. artikulua. Gelen lizentzia tramitatzea.

7.1. Kuadrilla batek lokal bat erabili nahi badu “Gela” moduan erabiltzeko, aldez aurretik behar den baimena eskatu beharko dio Udalari; baimen horren izena izanen da “Gela erabiltzeko lizentzia” eta Udalak tramitatuko du.

Betiere, debeku da arras delako jardueran aritzea behar den lizentzia eskuratu gabe. Ordezkariak, “Gelaren” izenean, eskatuko du “Gela erabiltzeko lizentzia”, Castejongo Udalaren Erregistro Orokorrean eskabidea aurkeztuta. Eranskinean eskatzen diren baldintzak bete beharko ditu eta, eskaerarekin batean, honako dokumentazio hau erantsiko du:

a) “Kuadrilla gelaren” izena eta helbidea.

b) “Gelaren” ordezkaritza duen lagunaren datuak (izen-deiturak, IFZ, posta helbidea, NANaren fotokopia, posta elektronikoaren helbidea, telefono finkoa eta sakelakoa, eta Castejongo Udalari jakinarazpenak egiten laguntzen ahal dion edozein datu). (2. eta 3. eranskinak).

c) Ordezkaritza egiaztatzea, “Gelako” kide guztiek sinatutako dokumentu baten bidez. (2. eta 3. eranskinak).

d) “Gelako” kide guztien izen-deiturak, IFZ, posta helbidea, NANaren fotokopia eta telefonoa. (4. eranskina).

e) Lokalaren jabearen izen-deiturak, NANa, posta elektronikoa, helbidea eta telefonoa. (5. eranskina).

f) Errentamendu kontratuaren zirriborroaren kopia edo erabileraren lagapenarena.

g) Jabearen zinpeko aitorpena, erabiltzen den higiezinak gutxieneko baldintzak betetzen dituela dioena segurtasunaren, egituraren egonkortasunaren eta bizigarritasunaren aldetik. (5. eranskina) eta jabeak ziurtagiri teknikoa eman beharko du, teknikari eskudun batek sinatua (Lanbide Elkargoak ikus-onetsia, ziurtagiria, sinadura elektronikoa edo sinadura bermatzen duen beste edozein agiri dauzkana), non ziurtatuko baita higiezinak honako zerbitzu hauek badituela:

–Eraikuntza Udalaren edo Udalez gaindiko araudi indardunaren arabera egokituta egotea.

–Edateko ur korrontearen zerbitzua, banakako kontagailua duena.

–Instalazio elektrikoaren ziurtagiria, lokalarena ez beste inorena, banakako kontagailua duena.

–Komuna eta konketa dituen komuna.

–Aireztatze natural edo behartua.

–Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea, suteak prebenitzeari eta erabileraren segurtasunari dagokienez.

–Larrialdietako argiak eta seinaleak, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren araberakoak.

–Etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena.

–Lokalaren soinu iturrien deskribapena eta barneko hots mailak.

h) Lokalaren krokisa, honako hauek azaltzen dituena: su-itzalgailuak, garbiketarako elementuak (komuna, konketa...), entxufeak, larrialdiko argiak eta azalera (gehienez ere, lagun bat m² bakoitzeko baimentzen da).

i) Sute aseguruaren eta erantzukizun zibileko poliza, jabeak harpidetua, “Gela” izateko lokala babestua izan dadin. Gutxieneko estaldura: 250.000 euro.

j) Ordezkariak sinatutako konpromisoa, karriken eta espazio publikoen garbiketa arautzen duen udal ordenantzan xedatua betetzeko (6. eranskina).

k) “Gelako” gauzen inbentarioa, eranskina betez, edozein arrisku eragin dezaketen materialak, instalazioak, etxetresna elektrikoak etab. zehaztuko dituena.

l) Gelan arratoiak hiltzeko lanak egin direla dioen ziurtagiria. Ziurtagiri hori urtero berritu beharko du jabeak, eta uneoro egon beharko du eskuragarri Udalak eskatzen dionean edo lokala ikuskatu nahi denean.

“Gela” adingabeek osatzen badute, gainera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

ll) Izen-deiturak, IFZ, helbidea, telefonoa eta sinadura, guraso edo tutore bakoitzak “Gelako” adingabeei onarpena ematen diena (aski da adingabe bakoitzaren guraso edo tutoreetako baten sinadura).

Castejongo festetarako lizentzia nahi duten gela guztiek ekainaren 7a baino lehenago aurkeztu beharko dute eskabidea. Data horren ondotik aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

7.2. Gela iraunkorra edo festetarako gela edukitzeko baimenari dagokion tasa organo eskudunak onetsiko du ekitaldi bakoitzerako.

8. artikulua. Ebaztea.

Udalak egiaztatu ondoren eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa, Udalaren Hirigintzako Zerbitzu Teknikoek eta Udaltzaingoak egiaztatuko dute eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren, eta beharrezko txostena eginen dute 15 eguneko epean. Txosten horretan jasoko da lokala antzeko beste batzuetatik hurbil edo ondoan dagoen, eta proposatzen ahalko da, Udaltzaingoaren txostena ikusirik, eremuren bat edo kale zatiren bat “saturatutzat” jotzea.

Halaber, Udalean jasotzen denetik 15 egun balioduneko epean, Castejongo Udaleko alkateak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, emanen du edo ukatuko du “Gela” erabiltzeko lizentzia.

“Gela iraunkorrak” erabiltzeko lizentziak indarra izanen du jarduera egiten den bitartean, ordenantza honetan xedatzen dena kontuan izanda. Halaber, urtero aurkeztu beharko da Gelako kideen zerrenda eguneratua, erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eguneratua, indarra duen errentamendu kontratua, baita hasiera batean legeztatu ziren baldintzetan izan diren aldaketak ere, halakorik izan bada.

“Festetako geletarako” lizentzien indarraldia eskatzen den urteko ekainaren 15etik uztailaren 6ra artekoa izanen da.

“Gela” erabiltzeko lizentzia ematen duen Alkatetzaren ebazpenak uneoro egon beharko du eskuragarri lokalean, Udaleko teknikarien eskura.

Udalak prestatu eta eguneratu beharko du Gela iraunkorren eta Festetako gelen erregistroa.

Ordenantza honetako baimenak ez du zerikusirik sektoreko araudiaren arabera eskatzen ahal den beste edozein baimenekin.

9. artikulua. Funtzionamendu arauak.

Lokal horiek aisialdirako erabiltzeko baimenak muga batzuk izaten ahal ditu, erregelamendu honen xedapenen eta araudiaren arabera aplikagarri direnak. Zehazki, honako hauek:

a) 16 urtez beherakoek “Gela” erabiltzeko baimena.

b) Lokalaren barrenean plastikoa, kartoia, koltxoiak edo su hartzen eta hura hedatzen laguntzen ahal duten bestelako gaiak pilatzea. Mugapen horrek Eraikuntzaren Kode Teknikoaren babesa du; izan ere, berariaz arautuko dira sua pizteko arriskua murrizten duten baldintzak.

c) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.

d) 18 urtez beherakoek alkohola izatea edo kontsumitzea, edo horrekiko tolerantzia, Adingabeek Edari Alkoholdunak Kontsumitzea Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legearekin bat.

e) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak edo psikotropikoak edukitzea, haiekiko tolerantzia izatea, legez kanpo kontsumitzea edo haiekin trafikatzea, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 36.16 artikuluarekin bat.

f) Altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotziz edo oztopatuz.

g) Ateak eta leihoak irekita izatea, traba egiten ahal badute barneko zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

h) Debekatuta dago bizikletak edo motorrak espaloietan aparkatzea, pertsonen joan-etorria oztopatzen denean.

i) Debekatuta dago musika aparatuak jartzea lokaletik kanpo.

j) Debeku da edozein musika aparatu erabiltzea 23:00etatik aurrera, festetan izan ezean.

k) Eremu publikoa edozein hondakin edo hondarrez eta, oro har, edozein zaborrez zikintzea, Kaleetako eta eremu publikoetako garbiketa arautzen duen udal ordenantzan xedatua bete beharrez.

l) Nafarroako Gobernuaren ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak onartutako zarata maila gainditzea. Zehatz-mehatz, debeku da musika aparatuak erabiltzea, lokalaren edozein bazterretan 70 dB(A)-tik gorako zarata egiten badute, eta ezin izanen dute funtzionatu 22:00etatik aurrera, ziurtagiri tekniko baten bidez egiaztatu ezik lokalak 60 dB(A)-ko isolamendua duela aireko zaratatik. Era berean, “Gelaren” barrenean egiten den zarata ez da 70 dBA baino handiagoa izanen egunez, ezta 60 dBA baino handiagoa gauez. Ez dira zarata muga hauek gaindituko: 30 dBA etxebizitzetan, 45 patioan eta 50 kaleetan.

ll) Gelan arratoiak hiltzeko lanak urtero eginen dira, gutxienez; horretarako baimena duen enpresa batek eginen du lana.

m) Debeku da animaliak etengabe edukitzea “Geletan”.

10. artikulua. Ikuskatzeak.

Jabeek eta erabiltzaileek erraztu egin beharko diete Castejongo Udaleko langile eskudunei (arkitekto, ingeniari tekniko, aparejadore...) lokalaren egoera ikuskatu eta egiaztatzeko lana, “Gela erabiltzeko lizentzia” eskuratzeko edo mantentzeko.

Egiaztatze lanetan, kontrola egiten denean edo kexak egiaztatzen direnean, Castejongo Udaltzaingoko udaltzainak ere gaituta egonen dira (aldez aurretik gazteei kexa edo egoera azalduta); horrela, beste gaitasun bat gehiago izanen dute, egungo legediaren arabera dituztenez gain. Salbuespenez, auzokoei behin eta berriz eragozpenak egiten zaizkiela egiaztatzen bada edo pertsonen segurtasuna arriskuan badago, sorburua lokalaren barrenean nahiz kanpoan egon (azken kasu honetan, jakina, arazoa lokalaren jarduerari lotuta dagoela frogaturik), udal agintaritzako agenteek (teknikariak edo udaltzainak), kautelazko neurri gisa, lokala itxi ahalko dute, gertaerak egiaztatuta eta aldez aurreko errekerimendurik gabe.

Neurria, behin-behinekoa denez, organo eskudunak berretsi edo deuseztatu beharko du, zehapen prozedura hasi ondoren.

II. KAPITULUA

Zehapen prozedura

11. artikulua. Arau-hausteak.

11.1. Zati orokorra:

Ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira. Ordenantza honetako zehapenak zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

b.1) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b.2) Kalteak nolakoak diren.

b.3) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Ordenantza honetan bildutako arau-hauste administratiboak zehatzeko, espedientea instruitu beharko da aldez aurretik, aplikazioko arauan ezarritako prozedurari jarraituz.

d) Erantzukizunaren astungarritzat hartuko dira giza osasunean izan dezakeen eragina, kalte akustikoa, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, intentzionalitatea, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke. Aurreko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

Zaraten gaineko araudia betetzen ez denean, 4/2005 Foru Legean bildutako zehapen prozeduraren araubidea aplikatuko da, ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuan eta 1367/2007 Errege Dekretuan jasotako mailaketaren arabera.

Alkatea izanen da organo eskuduna zehapen espedienteak irekitzeko eta arau-hausteak zehatzeko, non ez duen jardueren gaineko legediak beste eskumenik zehazten.

11.2. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek arau-hauste oso astunak izanen dira:

a) “Gela erabiltzeko lizentzia” eskuratu gabe jardueran aritzea.

b) Lokalaren jabeak sute aseguruaren poliza edo lokaleko jardueraren ondoriozko erantzukizun zibileko poliza ez izatea.

c) Lokalaren jabeak gazteen eskutan ez uztea, errentamendu kontratua sinatu aurretik, teknikari eskudunak sinatu eta lanbide elkargoak ikus-onetsitako ziurtagiri teknikoa, 7. artikuluan jasotakoa.

d) Erabileraren lizentzia eskuratzeko datu faltsuak alegatzea.

e) Ordenantza honetan edo kasuari aplikatzen zaion legedian ezarritako arauzko ikuskatze edo kontrol lanak oztopatzea edo sarrera ukatzea.

f) “Gelarako” epea itxita denean, hartan jardutea.

g) Ezarritako epetik kanpo “Gelan” jardutea.

h) Kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia emanik, eranskinean eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzea.

i) Lokalaren jabeak hura behar den egoeran ez izatea segurtasun, egituraren sendotasun eta bizigarritasun baldintzak bermatzeari dagokionez.

j) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak oso astuntzat jotzen duenean.

k) Jarduera horiek egiten diren lokaletan adingabeek edari alkoholdunak izatea, kontsumitzea edo haiei lortzea edo eskaintzea.

l) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak nahiz psikotropikoak izatea eta/edo kontsumitzea. Urtebetean bi arau-hauste astun edo hiru arin egitea, lehen arau-haustetik aurrera.

m) Lizentzian ezarritako gehieneko edukiera gainditzea.

n) Administrazio ebazpen irmo baten bidez deklaratutako bi arau-hauste astun edo hiru arin egitea urtebetean, lehen arau-haustetik aurrera.

11.3. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak dira:

a) “Gelako” altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatuz.

b) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak astuntzat jotzen duenean.

c) Lokalaren egoera aldatuta, haren berri ez ematea Udalari.

d) Lokalaren barrenean kartoia, plastikoa edo beste edozein material pilatzea, haren ezaugarriak direla eta, sua piztu edo hura hedatzen lagun dezaketenak.

e) Kaleetako eta eremu publikoetako garbiketa arautzen duen udal ordenantzan xedatutakoa ez betetzea (hondakinak eremu publikora bota edo bertan uztea, edo lokalaren inguruan; karrikan pixa egitea, etab.).

f) Ateak eta leihoak irekita izatea, traba egiten ahal badute barneko zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

g) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea, lehen arau-haustetik aurrera.

11.4. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira:

a) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak arintzat jotzen duenean.

b) Ordenantza honetan edo lege aplikagarrietan astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez diren arau-hausteak.

12. artikulua. Zehapenak.

12.1. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astunei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Lizentzia baliogabetzea, lokala ixtea eta 3 hilabetetik 3 urtera bitarteko epean beste lizentzia bat eskuratu ezina.

–750 eta 1.501 euro arteko isuna.

Erabakitzen ahal da behin betiko baliogabetzea Gela irekitzeko lizentzia eta bertako kideek izena eman ezin izatea beste Gela batean 5 urteko epean, 2 arau-hauste oso astun egiten badira urtebeteko epean.

12.2. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste larriei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 90 egunetarako itxita.

–300,01 eta 750 euro arteko isuna.

Erabakitzen ahal da behin betiko baliogabetzea Gela irekitzeko lizentzia eta bertako kideek izena eman ezin izatea beste Gela batean 5 urteko epean, 3 arau-hauste oso astun egiten badira urtebeteko epean.

12.3. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinei zehapen hauetako bat edo bi ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 30 egunetarako itxita.

–300 euro bitarteko isuna.

Zehapen espedienteen tramitazio administratiboa Udalari dagokio.

14. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu, besteak beste:

a) Lokala aldi baterako ixtea.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

15. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

12. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Arau-haustea Gelako kide guztiei egozten ahal bazaie, nortasun juridikorik gabeko batasuna diren aldetik, Gelako arduradun agertzen direnei jakinaraziko zaie espedientea. Horrek ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, batasun horretako kide guztiei zuzentzea modu solidarioan. Gurasoek edo, subsidiarioki, legezko tutoreek ordainduko dituzte adingabeek eginiko arau-hausteetatik heldu diren zehapenak.

16. artikulua. Datuen babesa.

Aurreko artikuluetan adierazitakoarekin bat, lizentzia eskuratu eta ondoren Udal erregistroan izena emateko, beharrezkoa da kideen datu pertsonalen bilketa eta tratamendua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EE) Erregelamenduaren 13. artikuluak ezartzen duenez, titularrak jakinaren gainean daude honako gai hauei buruz. Aipatu erregelamenduaren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

–Datu horien erabileraren arduraduna Castejongo Udala da.

–Erabilera horren xedea da lizentzia kudeatzea eta Gelei buruzko erregistroa mantentzea, ordenantza honen eskakizunak betez.

–Datuen erabilera legitimatzen duen oinarria da Datuak babesteko erregelamendu orokorraren 6.1.e) artikulua. Tratamendua udal eskumenean oinarritzen da interes publikoaren onerako.

–Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legezko betebeharra edo segurtasun indar eta kidegoekin lankidetzan aritu beharra izan ezean.

–Datuak gordeko dira aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat (Foru Legea, Artxiboei eta Dokumentuei buruzkoa eta 51/2016 Foru Agindua, ekainaren 14koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak onesten dituena).

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko. Eskubidea gauzatzeko agiriak eskuratzeko, titularrek udal bulegoetara joan ahalko dira edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez dpd@castejon.com egin ahalko dute.

ORDENANTZA ARAUEMAILE HAU BETETZEA

XEDAPEN GEHIGARRIA

Castejongo Udalari dagokio ordenantza honen puntu guztien interpretazioa egitea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartu ondotik ezartzen diren “Gela iraunkorrei” nahiz “Festetako gelei” bertan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie. Halaber, lehendik dauden “Gelei” aplikatuko zaizkie; izan ere, sei hilabeteko epea dute ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, hari egokitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzean indarrik gabe geldituko da “Gelatako” lokalak arautzen dituen ordenantza, 2003ko abenduaren 10ean indarrean jarri zena 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–“Gela” erabiltzeko lizentzia eskuratzeak ordenantza honetan xedatutakoa onartzea dakar.

Bigarrena.–Ordenantza honek jasotzen ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

1. ERANSKINA

A.–“Gela iraunkor” nahiz “Festetako gela” moduan erabiltzen diren lokalek beharrezko baldintzak bete beharko dituzte hirugarrenei eragozpenik ez sortzeko eta jendearen zein ondasunen segurtasuna bermatzeko; batez ere, egituren sendotasunari eta instalazioen funtzionamenduari buruzko baldintzak, baita suteen aurkako prebentzio eta babes neurriak eta segurtasun eta higieneko baldintzak ere. Hori dela eta, “Kuadrillako gela erabiltzeko lizentzia” izan beharko dute eta honako baldintza hauek bete:

1. Ziurtagiri teknikoa, teknikari eskudunak sinatua eta lanbide elkargoak ikus-onetsia, ziurtatzen duena kasuan kasuko higiezina ondotik ematen diren zerbitzuez horniturik dagoela:

–Eraikuntza Udalaren edo udalez gaindiko araudi indardunaren arabera egokituta egotea.

–Beheko solairuan egotea, eremu publikotik sarrera zuzenean duela.

–Gehieneko edukiera: pertsona bat metro koadro bakoitzeko. Lokalaren okupazio mailak suteen kontra babesteko neurriei eragingo die.

–Sarrerako atea, gutxienez 80 cm-ko zabalera duena pasatzeko.

–Edateko ur korrontearen zerbitzua. Banakako kontagailua.

–Instalazio elektrikoaren ziurtagiria. Banakako kontagailua.

–Komuna eta konketa dituen komuna.

–Aireztatze natural edo behartua.

–Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea, suteak prebenitzeari eta erabileraren segurtasunari dagokienez. Suteak prebenitzeko neurriak, sektorean indarra duen araudiarekin bat; zehazki, 2 Kg CO2-ko itzalgailua, 34 B eraginkortasunekoa, izan beharko dute lotune elektrikoaren koadrotik hurbil eta 6 Kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak, 21A-113B eraginkortasunekoak, 10 m²-ko azalera erabilgarrian 1,2 Kg gai itzalgarri izan dadin.

–Seinale eta larrialdiko argiak paramentuan, ateratzeko atearen gainean; gainera, lokala nola dagoen banatua, haren arabera agintzen direnak, aplikatzeko araudiarekin bat.

–Etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena.

–Lokalaren soinu iturrien deskribapena eta barneko hots mailak.

2. Jabeak harpidetzea suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa, 250.000 eurokoa.

2. ERANSKINA

Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua.

3. ERANSKINA

Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua.

4. ERANSKINA

Gelako kideen zerrenda.

Adingabeen gurasoen edo legezko tutoreen baimena, gelarako.

5. ERANSKINA

Lokalaren jabearen datuak eta zinpeko aitorpena.

6. ERANSKINA

Ordezkariaren konpromisoa, kaleen garbiketa arautzen duen ordenantzan xedatutakoa betetzeko.

Inbentarioko fitxa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L1912928