213. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, Noain Elortzibarko Udalaren Lorezaintza Alorreko eta Agenda 21eko lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzutearren

Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburuak, 2019ko irailaren 11ko ebazpenaren bidez, oinarri hauek onetsi ditu:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea, bete beharreko eginkizunak eta lanpostuaren ezaugarriak.

Deialdi honen xedea da Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko lorezaintzako enplegatu lanpostua betetzeko izangaien zerrenda eratzea, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioetan oinarritutako hautaproben bidez.

Hautatutako langileek bete beharreko eginkizunek berdeguneen mantentze-lanak dituzte ardatz, eta honako hauek izanen dira batik bat: mantentze-lanak egitea herriko belardietan, zuhaixketan, zuhaitzetan, ureztatze sistemetan eta baso eremuetan. Zeregin horiek dakarte honako hauek erabiltzea: eskuzko erremintak, makineria astuna, garaierako inausketarako eskailerak, goragailuak, lorategietako mantentze-lanetarako erremintak eta makinak.

Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da.

Kontratuaren iraupena deia egiten den unean adieraziko da.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan funtzionarioentzat ezarritako xedapenek arautuko dituzte lanaldia, oporrak, baimenak, lizentziak eta antzinatasuna.

2.–Eratutako zerrendaren indarraldia.

Deialdi honen bidez aldi baterako kontrataziorako eratuko den zerrendak indarra izanen du amaitzen den arte edo lanpostuak behin betiko betetzeko berariazko hautapen prozedurak hasi arte edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

Gainerako atzerritarrek legezko bizilekua Espainian eduki behar dute edo, bestela, indarra duen lan baimena.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Erdi mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, lorezaintzako edo basogintzako espezialitatean.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren Estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

f) B mailako gidabaimen indarduna izatea.

Baldintza horiek guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eduki behar dira, eta gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

Puntu erabilgarrien ziurtagiria ere eduki behar da Udalak lanpostua betetzeko izangaiei deitzen dienean.

4.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Noain Elortzibarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Foruen plaza, 3 - 31110 Noain) 09:00etatik 14:00ak bitarte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz. Horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute: nortasun agiri nazionalarena, eskatzen den titulazioarena (edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko maneran dela frogatzen duen agiriarena). Orobat, 5. ordenantza fiskalean ezarritako 13,77 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria (*). Doakoa izanen da, lanik izan ez eta prestaziorik kobratzen ez dutenentzat.

(*) Aipatu tasaren zenbatekoak kontuan hartzen du Azterketa eskubidei buruzko ordenantzan ezarritako %55eko murriztapena, bete beharreko lanpostu hutsa aldi baterako den deialdietan.

Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzeko agiria, organo eskudunak luzatua, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat (II. eranskineko eredua erabiliko da).

Izangai horiek ariketak egiteko epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna daukaten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (http://www.noain.es).

Bost egun balioduneko epean, iragarkia aipatu tokietan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

6.–Behin betiko zerrendak.

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Noain Elortzibarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (http://www.noain.es) jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Osaera:

–Epaimahaiko burua: Sebastián Marco Zaratiegui, Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Francisco Javier Erro Lacunza, Noain Elortzibarko Udaleko lehen alkateordea.

–Lehen epaimahaikidea: Raúl León Goñi, Noain Elortzibarko Udaleko Lorezaintza Alorreko eta Agenda 21eko langilea.

Ordezkoa: Mikel Baztan Carrera, Noain Elortzibarko Udaleko Lorezaintza Alorreko eta Agenda 21eko arduraduna.

–Bigarren epaimahaikidea: Alfredo García-Falces Larrañeta, Antsoaingo Udaleko lorezaintzako arduraduna.

Ordezkoa: Silvia Landiribar Rodríguez, Noain Elortzibarko Udaleko Lorezaintza Alorreko eta Agenda 21eko lorezaintzako langilea.

–Hirugarren epaimahaikidea: Begoña Lausín Serrano, Noain Elortzibarko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Manuel Sánchez Sánchez, Noain Elortzibarko Udaleko langileen ordezkaria.

–Mahaikide-idazkaria: Isabel García Layana.

Ordezkoa: Carlos Revilla Pascual, Noain Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailea.

7.2. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

7.4. Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

7.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

7.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

8.–Proben nondik norakoa.

Oposizioak hiru ariketa izanen ditu eta, guztira, 100 puntu.

1.–Lehenbiziko ariketan (40 puntu) test motako galdera sorta bat izanen da, berrogei galderaz osatua, bai ezagutza orokorrei buruz bai lanpostuko jardueren inguruko berariazko gaiei buruz, eta erantzunetako bakarra izanen da zuzena.

Proba hori 0tik 40 puntura bitarte kalifikatuko da. Galdera guztiek balio bera izanen dute, eta erantzun okerrengatik %25 kenduko zaio galderaren balioari. Ariketak 60 minutu iraunen du, eta baztertu eginen dira gutxienez ere probarako ezarritako gehieneko puntuen %30 lortzen ez dituzten izangaiak (12 puntu).

2.–Bigarren ariketa teoriko-praktikoa izanen da eta kasu bat garatu beharko dute izangaiek. Ez da baztertzailea izanen eta, guztira, 20 puntu emanen dira. Kasu bakoitza egiteko 30 minutu izanen dira.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

Plikak irekitzeko egintzan berean bigarren ariketaren eguna finkatuko da, eta ariketak berrikusteko epea ezarriko da, horretarako eskaera egiten dutenentzat.

3.–Hirugarren ariketak 40 puntuko balorazioa izanen du, lanpostuko lanetakoren baten inguruko ariketa praktikoa izanen da eta gehienez ere 30 minutu emanen dira. Izangaien gaitasunak baloratuko ditu epaimahaiak.

Ariketa egin bitartean, epaimahaiko kideek edo teknikari aholkulariek izangaiak egiten ari diren lanari buruzko galderak egin ditzakete, eta horiek ere azken puntuaziorako ebaluatuko dira, egindako lanaren kalitatearekin edo bukatzeko behar izan duten denborarekin batera.

Proba hau baloratzeko, aurreko paragrafoan ezarritakoaz gain, beste kontu batzuk ere aintzat hartuko dira, hala nola sortutako hondakinen tratamendua, garbitasuna eta materialak erabiltzean izaten den ordena eta txukuntasuna, bai eta norberak, “motu proprio”, laneko arriskuen prebentziorako neurriak hartzea ere.

Probaren ezaugarrien arabera, epaimahaiak zuzenean deskalifikatzen ahal ditu, eta proba egiten jarraitzea galarazi, ariketa laneko arriskuetatik babesteko gutxieneko neurriak hartu gabe hasten dutenak, beren osotasun fisikoa edo ariketa unean bertan dauden gainerakoena arriskuan jartzen dela eta.

Ariketaren garapena izangai kopuruaren arabera programatuko da.

Lortzen diren azken kalifikazioen hurrenkeran emanen da izangaien zerrenda.

Probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren NANa, pasaportea edo AIZ eraman beharko dute, bestela ez baitute proba egiterik izanen.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta http://www.noain.es webgunean, eta probak egin diren tokian.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Alkatetzari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, behin betiko onespena eman dadin.

Berdinketa baldin bada, zozketa eginen da izangaien artean.

9.2. Agiriak aztertu eta ikusten bada izangaiek ez dutela betetzen deialdian ezarritako baldintzetakoren bat, deuseztatu eginen dira haien jarduketak, hasierako eskaeran informazio faltsua emateagatik egozten ahal zaien erantzunbeharra galarazi gabe.

9.3. Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.4. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 3. apartatuko zazpigarren xedapen gehigarria, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legeak emandako idazketaren arabera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Aldez aurretik, Noain Elortzibarko Udalak izendaturiko mediku zerbitzuek bateragarritasunari buruzko adierazpena eginen dute, lanpostuko zeregin eta eginkizunak normal betetzeari dagokionez.

9.5. Udalak ahalmena du minusbaliotasunen bat alegatu eta probak gainditzen dituzten izangaiei proba batzuk egitea eskatzeko, egin behar den lanari nola egokitzen zaizkion ikusteko.

10.–Zerrendaren kudeaketa.

–Behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratu ondoren, dei eginen zaie izangaiei puntuazio hurrenkerari zorrotz jarraituz. Alkatetzak kudeatuko du zerrenda eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera izapidetuko da, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak. Berezitasun hau hartuko da kontuan:

Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 5 eguneko epean, eta lan kontratua formalizatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, behar izanez gero langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko ezgaituta. Orobat, egiaztatu beharko dute badutela puntu erabilgarrien ziurtagiria.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Noain Elortzibarren, 2019ko irailaren 11n.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Lanposturako gaitasun-agiriaren eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Probetako gai zerrenda

1. gaia.–Belardiak sortu eta zaintzeko lanak.

2. gaia.–Zuhaitzak, zuhaixkak, landare bizikorrak eta urte sasoiko loreak. Espezieak, ezaugarriak, instalazioa, ugalketa, mantentze-lanak eta zainketak. Xerolorezaintza. Lorezaintza ekologikoa.

3. gaia.–Noain Elortzibarko lorezaintza, baso ekosistemak eta landare espezieak.

4. gaia.–Ureztatze sistemak. Diseinua, instalazioa eta mantentze-lanak.

5. gaia.–Laneko segurtasun eta higienea.

Iragarkiaren kodea: L1913156