212. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2865/2019 EBAZPENA, urriaren 7koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, enologo lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko da, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat enologo lanpostuetan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratudun gisa. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Enologo lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentukoak.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, ENOLOGO LANPOSTUETAN PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN
ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da enologo lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Enologiako gradudun edo lizentziadun titulu unibertsitarioa izatea, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Halaber, baldintza hori frogatutzat joko da, titulu hauetako bat izanez gero edo hori eskuratzeko moduan egonez gero: unibertsitateko gradua, lizentziatura, ingeniaritza edo arkitektura. Horrez gain, ekainaren 28ko 595/2002 Errege Dekretuak aipatzen duen enologo aritzeko ziurtagiri profesionala ere izan beharko du (2002ko 160. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 5ekoa).

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

e) Enologo gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea jadanik.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio-eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, eskabidea beste agiririk ez da aurkeztu behar, bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen dena deitzen zaien unean frogatu behar dutelako, deialdi honetako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, ENOLOGO GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da enologo lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Enologiako gradudun edo lizentziadun titulu unibertsitarioa izatea, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Halaber, baldintza hori frogatutzat joko da, titulu hauetako bat izanez gero edo hori eskuratzeko moduan egonez gero: unibertsitateko gradua, lizentziatura, ingeniaritza edo arkitektura. Horrez gain, ekainaren 28ko 595/2002 Errege Dekretuak aipatzen duen enologo aritzeko ziurtagiri profesionala ere izan beharko du (2002ko 160. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 5ekoa).

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Halaber, eskabidean zinpeko aitorpenaren bidez edo promesaren bidez adierazi beharko dute ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren webgunean dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabiltzen ahalko da.

Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, deialdietan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bai Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, hamar egun balioduneko epean, hura argitaratu eta biharamunetik hasita, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu bai Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai Nafarroako Gobernuaren Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus), adierazita deialdian ezarritako hautapen proba egiteko eguna, ordua eta tokia.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ana Sagüés Sarasa andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: José Félix Cibriáin Sabalza jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Mahastizaintzako Bulegoko burua.

Epaimahaikidea: Juan Pablo Rebolé Ruiz jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikidea: Mikel Bengoechea Barber jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko nekazaritzako ingeniaria.

Epaimahaikidea: Andrés Eciolaza Carballo jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Erregistroen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Javier Jiménez Galindo jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoko burua.

Epaimahaikidea: Ainara Elarre Belzunegui, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Iosu Moreno Merino jauna, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Javier Lizarbe Chocarro jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Ana Frauca Sagastibeltza andrea, APT (arlo juridikoa) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Araubide Juridikoaren Atalean.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaikideek ezin izanen dute kalifikazio epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo absolutua bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan test motako 50 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

5.2. Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Hala, berdindutako izangai guztien artean bat hautatuko da, ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Bozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunean eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Interneteko webgunean (www.nafarroa.eus):

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Enologo lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta deia.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.nafarroa.eus).

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, enologiako gradudun edo lizentziadun titulu unibertsitarioaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo horien baliokidetzat hartutako beste batena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria; edo unibertsitateko graduaren edo lizentziaturaren unibertsitateko tituluaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, eta, gainera, ekainaren 28ko 595/2002 Errege Dekretuak aipatzen duen enologo aritzeko ziurtagiri profesionala ere izan beharko du (2002ko 160. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 5ekoa).

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

7.5. Enologo lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute agiri bidez dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko urriaren 7an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Mahastizaintza eta ardogintzako legeri orokorra: ardoaren esparru juridikoa Europar Batasunaren eremuan. Ardoen jatorria eta kalitatea babesteari buruzko araudia. Mahastizaintza eta ardogintzako lanbideen erregulazioa. OIVren erregelamendu esparrua.

2.–Mahastizaintzako teknikak mahastien kudeaketan eta mahatsaren konposizioa: oreka begetatiboa eta produktiboa mahastizaintzan. Kalitatea neurtzeko teknikak. Kalitatea hobetzeko laborantzako teknikak. Mahastian landaredia modu ezberdinetan erabiltzea. Anpelografia. Hazte eta ugaltze zikloak. Klima, lurra, txertaketa-hartzaileak, barietateak eta mahastiaren ezarpena.

3.–Mahastizaintza zehatza, produkzio integratua eta mahatsondoaren ekologia: nekazaritza zehatza. Mahastia monitorizatzeko datuak eskuratzea. Mahastizaintzako hurbileko sentsoreak eta teledetekzioa. Mahastiaren zonifikazioa. Nekazaritzako ekoizpen jasangarriaren sistemak. Produkzio integratua eta produkzio ekologikoa.

4.–Biokimika enologikoa; ardoaren konposizioa: mahatsaren eta ardoaren osagai biokimikoak; biosintesiaren eta degradazioaren bideak. Muztioaren transformazio biokimikoak; hartzidura alkoholikoaren eta malolaktikoaren biokimika. Enologian aplikatzeko biologia molekularra. Produktu eratorrien biokimika. Ardoaren aldaketen biokimika.

5.–Mikrobiologia enologikoa; hartziduren teknologia eta ardoaren gaixotasunak: interes enologikoko multzo mikrobianoak. Lizunak, legamiak, bakterio laktikoak eta bakterio azetikoak. Ardoaren legamiak. Ekologia eta garapen baldintzak hartzidura alkoholikoan. Hautatzeko irizpideak. Bakterio laktikoak. Ekologia eta garapen baldintzak hartzidura malolaktikoan. Hautatzeko irizpideak. Ardoaren aldaketen mikrobiologia. Ardoen kontrol eta egonkortasun mikrobianoa. Laborantzako teknika mikrobiologikoak, eta mikroorganismo enologikoen identifikazioa, karakterizazioa eta jarraipena.

6.–Analisi kimiko eta mikrobiologiko instrumentala; kalitate-kontrola: prozesu analitikoa, eta laginak hartzea zein prestatzea. Azterketa kualitatibo eta kuantitatibo klasikoak. Azido-base bolumetriak, konplexuen formazioko bolumetriak, oxidazio-erredukzio bolumetriak, prezipitazioko bolumetriak. Bereizketa tekniken hastapenak. Kalibrazio metodoak. Xurgapen molekularreko espektroskopia ikusgai-ultramorea: oinarrizko alderdiak. Potentziometria: pH-aren neurria.

7.–Enologia orokorra: mahats-bilketa: heldutasuna, bilketa, garraioa eta harrera. Mahats-bilketaren tratamendu mekanikoa. Mahats-bilketaren zuzenketak. Sulfitatzea. Upeleratzea: egitea, eta upeleratzeko moduak eta ontziak. Ardogintza: ardo beltzak: hartzidura alkoholikoaren kontrola. Ardogintza: ardo beltzak: beratzearen kontrola. Prentsaketa: prentsa motak eta ardoen kalitatea. Ardogintza: ardo beltzak: hartzidura malolaktikoaren kontrola. Ardogintza: ardo zuriak: mahats-bilketako manipulazioa, tratamenduak eta hartziduren kontrola. Upelean irakindako ardo zurien ardogintza. Ardogintza: ardo gorriak. Ardogintza: ardo apartsuak. Ardo apartsuen motak eta ardogintza metodo ezberdinak: sistema tradizionala, ontzi handien sistema eta zuzeneko gasifikazioaren sistema. Ardogintza bereziak: beratze karbonikoko ardo beltzak, usteldura nobleko ardoak, ardo gozoak. Ardogintzak kontrolatzeko praktikak (inokulazioak eta hartziduren jarraipena).

8.–Industria enologikoaren material osagarriak: biltegiratzeko lokalak eta ardorako ontziak. Enologiaren gehigarriak eta agente laguntzaileak: dosiak eta erabiltzeko moduak. Zurak ardoa egiteko eta ontzeko duen garrantzia. Produktu enologikoak. Industria enologikoko ontziak, eta botiletan tapoia jartzea. Industria enologikoko detergenteak eta desinfektatzaileak. Ardoak prestatzeko behar diren makinak. Segurtasunaren eta higienearen legeak industria enologikoan aplikatzea. Laneko segurtasunaren kudeaketa: arriskuak eta prebentzioa.

9.–Ardoaren zentzumenezko analisia eta estatistika lotua: dastaketaren erabilera eta zientzia. Zentzumenen mekanismoak eta mezuak. Ikusmena eta ikusizko azterketa. Usaimena eta usainak. Dastamena eta zaporeak. Dastamen eta usaimen orekak. Ardoak deskribatzeko gaitasuna. Kalibrazio probak. Dastaketako panelak prestatzea. Zentzumen proba afektiboak, zentzumen proba bereizleak, ordenazio probak. Zentzumenen bidezko azterketa. Bariantzaren analisia.

10.–Destilatuak eta ardoaren beste eratorri batzuk: destilazioaren oinarriak. Destilatu motak, destilazioaren faseak, likidoaren eta lurrunaren arteko oreka, destilazio etena, destilazio jarraitua. Muztio naturalak eta muztio trinkoak: muztio motak, muztioa lortzeko teknikak, muztioaren kontzentrazioa, muztioaren errektifikazioa. Ozpina: ozpinaren bioteknologia, ozpina ekoizteko metodoak, ozpin motak. Ardoaren beste azpiproduktu batzuk: azido tartarikoa, ongarriak, erregaiak, olioak, pentsuak, koloragarriak, kosmetikoak eta abar.

11.–Mahastizaintza eta ardogintzako hondakinen kudeaketa: hondakinen kudeaketa eta aprobetxamendua. Hondakin urak arazteko instalazioen eta ekipamenduen kalkulua, diseinua, egitea eta mantentze-lanak. Nekazaritzako elikagaien industriak atmosferara egindako isuriak. Ingurumen arloko araudi aplikagarria.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik) (PDFa).

III. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1913193