206. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2019 EBAZPENA, irailaren 19koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Green Capital Power SLU izendatzen duena nodoko solaskide bakar Tutera 220 kV-eko posizio berri batean.

2019ko uztailaren 23an, Jesús Martín Buezas jaunak (IFZ B84220755), Green Capital Power SLU ordezkatuz eta haren izenean, eskabide bat aurkeztu zuen Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusian, zeinean eskatu baitzuen nodoko solaskide bakar izendatzeko Tutera 220 kV-eko posizio berri batean.

Eskabide horretan adierazi zen Green Capital Power SLUk helburutzat duela, besteak beste, “Diana” eta “Vientos del Sur” haize-parkeak sustatzea, eraikitzea eta ustiatzea, zeinak Zaragozako probintzian baitaude eta 88,2 MW eta 63 MW-ekoak baitira, hurrenez hurren.

Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 59.bis artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Green Capital Power SLUk 2019ko uztailaren 18an jarri zituen sarbide eta konexiorako prozedurei dagozkien bermeak Ekonomia eta Enpresa Ministerioko Altxorraren eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiko Gordailuen Kutxa Orokorrean. Halaber, enpresak 2019ko uztailaren 24an eskatu zuen garraio-sarerako sarbidea Tutera 220 kV TAEan, bi instalazioetarako.

Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. Eranskinak hauxe xedatzen du:

“Sorgailu batek baino gehiagok garraio sarearekin konektatzeko puntu bera dutenean, batera eta nodoko solaskide bakar batek koordinatuta egin beharko da sarerako sarbide eta konexiorako prozeduren tramitazioa, sistemaren operadorearen eta garraiolariaren aurrean, bai eta garraiolariarekiko koordinazioa ere sorkuntza instalazioa zerbitzuan jarri ondoren, eta solaskide horrek sortzaileak ordezkatuz jardunen du, ezartzen diren baldintza eta eginkizunekin”.

Beste alde batetik, Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak honako hau ezartzen du:

“1. Garraio-sareko instalazio planifikatu eta inbertsio-planetan sartutakotzat joko dira, gehienez ere, kale baten baliokide diren posizioak, azpiestazioaren konfigurazioaren arabera; horiei gehitu behar zaizkie lehendik badiren posizioak eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren babesean onartutako garraio-sarearen planifikazioaren dokumentuan jasotakoak, bai eta garraio-sarearen erabiltzaileek erabiltzeari uzten dioten posizioak ere, 23.2 artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzen badira.

2. Garraio-sareko instalazioen titularrek eta garraio-sarearen kudeatzaileek sarbide- eta konexio-baimenak ematen ahalko dituzte sortutako energia ateratzeko edo banaketa nahiz kontsumoa konektatzeko aurreko apartatuan adierazitako posizioetan, baldintza hauek batera betetzen direnean:

a) Teknikoki eta fisikoki posible izatea.

b) Sorgailuen kasuan, lehendik badiren posizioen bitartez edo garraio-sarearen plangintzan berariaz sartutako posizioen bitartez konektatzea ezinezkoa izatea, arrazoi tekniko nahiz administratiboengatik edo sortutako energia ateratzeko azpiegituren titularrekin akordiorik ez dagoelako sare horien bidez energia atera ahal izateko.

c) Lotutako inbertsio-kostuak posizio horretarako konexioa nahi duten subjektuek ordainduko dituzte, sarearen titularrak beste sare batera konektatzen direnean izan ezik”.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarri zuen Green Capital Power SLUren eskaera, iragarkia argitaratuz 2019ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 8koan.

2019ko irailaren 11n, Rocío Sicre del Rosalek (IFZ B91115196), EDP Renovables España SLU ordezkatuz eta haren izenean, eskabide bat aurkeztu zuen, non hark ere eskatzen baitu nodoko solaskide bakar izendatzeko Tutera 220 kV-eko posizio berrian.

Irailaren 5ean, EDP Renovables España SLUk garraio-sarerako sarbide eta konexiorako prozedurei dagozkien bermeak jarri zituen Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Diruzaintza Atalean, “Tutera I EIFV” eta “Tutera II EIFV” eguzki-instalazio fotovoltaikoetarako. Horietako lehena 50 MW-ekoa da eta Tutera eta Ablitasen dago, eta bigarrena 50 MW-ekoa da eta Ablitas eta Cascanten dago. Bestalde, enpresak irailaren 6an eskatu zuen garraio-sarerako sarbidea Tutera 220 kV TAEan, bi instalazioetarako.

Espedientean dagoen informazio guztia ikusirik, eta Green Capital Power SLUk lehenago aurkeztu dituenez nodoko solaskide bakar izateko eskabidea, garraio-sarerako sarbiderako eskaera eta behar diren bermeak, bidezko da enpresa hori izendatzea nodoko solaskide bakar Tutera 220 kV-eko posizio berrian.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Green Capital Power SLU izendatzea nodoko solaskide bakar Tutera 220 kV-eko posizio berrian, Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin eta ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. Eranskinarekin bat.

2. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Green Capital Power SLUri, EDP Renovables España SLUri eta Red Eléctrica de España SAUri, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko irailaren 19an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1912263