203. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2019 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiarena, onartzen duena industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programaren 2019ko deialdia. DDBN identifikazioa: 475110.

Apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuak, industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programa arautzen duenak, oinarri arautzaileak ezartzen ditu industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa hobetuz karbono-dioxidoaren emisioak eta amaierako energia-kontsumoa murrizteko jarduketak egitea sustatzen eta bultzatzen duten laguntzak emateko. Errege dekretu hori 2019ko apirilaren 13an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (89. zenbakia).

Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako aurrekontua 4.688.201,42 eurokoa da; zenbateko hori deialdi honetako zuzkidura ekonomikoa da.

Apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuak 1.3 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateak diru-kopuru hori dekretu horren 2.2 artikuluan aipatzen diren subjektuei laguntzak emateko erabili behar du, haiek aurkezten dituzten eskaeretatik dekretuan eta berariazko deialdian eta aplikatu beharreko gainerako arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenak kontuan hartuz. Horren itzalpean, deialdi honetan ezartzen diren baldintzak 263/2019 Errege Dekretuan ezartzen direnen osagarriak dira; baldintza hauek foru araudian Nafarroako enpresen efizientzia energetikoa sustatzeari buruz ezartzen denarekin bat etorriz eskatzen dira.

Nafarroako Foru Komunitatean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzak. Deialdi hau Nafarroako aurrekontu orokorretako partida baten kargura finantzatzen da, eta horregatik 11/2005 Foru Legea bete behar du, alde batera utzirik partida horren kreditua apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren bidezko diru-sarrerekin sortu dela.

Horiek horrela, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, kasu honetan banakako ebaluazioa aplikatu behar da. Aipatu foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 11n hartutako erabaki baten bidez baimena eman zitzaion Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari banakako ebaluazioaren bidez emateko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak egiteko 2019ko dirulaguntzak.

Deialdi honen bitartez lortu nahi diren helburuak guztiz bat datoz 2030era begirako Nafarroako Energia Planean ezarritako helburu hauekin: negutegi efektuko gasen emisioak murriztea eta efizientzia energetikoa hobetuz energiaren kontsumoa arrazionalizatzea eta murriztea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. Industria-sektoreko ETEen eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programaren 2019ko deialdia onartzea.

2. 4.688.201,42 euroko gastua baimentzea deialdi honetatik sortzen diren konpromisoetarako, “Efizientzia energetikorako laguntzen programa (263/2019 ED)” izeneko 820001 82200 7701 425202 partidaren baliokideak diren 2019ko gastu-aurrekontuko partiden kargura. Hona zenbatekoak ekitaldika xehatuta:

EKITALDIA

ZENBATEKOA

(euroak)

2020

1.500.000,00

2021

1.500.000,00

2022

1.688.201,42

3. Laguntza hauen oinarri arautzaileak onartzea (ebazpenaren eranskinean bildu dira); oinarriok apirilaren 263/2019 Errege Dekretuak ezartzen dituenen osagarriak dira.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen.

Iruña, 2019ko irailaren 25a.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren esparruan (hemendik aurrera «263/2019 ED»), deialdi honetan Nafarroako industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketak egiteko programaren 2019ko laguntzak ezartzen dira.

1.2. Laguntza hauei 263/2019 EDn ezartzen diren oinarri arautzaileak eta oinarri arautzaile hauetan ezartzen diren baldintza bereziak aplikatuko zaizkie.

2. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntza jaso nahi duten enpresek 263/2019 EDren 2. artikuluan ezartzen diren baldintzak eta betekizunak bete behar dituzte eta Nafarroan dauden establezimenduetan egin behar dituzte dirulaguntzaren xede diren jarduketak.

3. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

3.1. Laguntzen onuradunek 263/2019 EDren 5. artikuluan ezartzen diren betebeharrak edukiko dituzte.

3.2. Horiez gainera honako betebehar hauek ere edukiko dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazten zaienetik hilabete pasatu baino lehen dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu behar dute modu telematikoan (aitorpen hori irailaren 11ko 59/2013 Dekretuak arautzen du). Foru dekretu horren 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkeztu beharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Dirulaguntza eskatu ondoren beste administrazio edo erakunde publiko edo entitate pribatu baten laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortuz gero xede bererako, laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinarazi beharko diote.

c) Halaber, dirulaguntza emateko kontuan izan den inguruabarren bat (objektiboa nahiz subjektiboa) aldatzen bada, horren berri eman beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin kontratatzea:

a)–Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak 26. artikuluan ezartzen duenaren arabera, onuradunak azpikontratua egiten du hirugarren batekin ituna egiten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera, osorik edo zati bat, egiteko. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Horri dagokionez, hirugarrenekin egiten diren azpikontratazio edo kontratazioen zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %100 izan daiteke. Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzeko edo kontratatzeko 26. artikuluan ezartzen dena aplikatuko da.

b)–Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak 28.2 artikuluan ezartzen duenaren arabera, dirulaguntzarako onartzen den gastuaren zenbatekoa 30.000 euro baino gehiago bada (obra gauzatzeko kostua) edo 12.000 euro baino gehiago (ekipamendu-ondasunak hornitzea), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasuna eta irizpide ekonomikoak kontuan hartuz hautatu dela, honako kasu honetan izan ezik: dirulaguntzarako onartzen den gastuaren berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura hori emateko behar adina entitate ez badago.

Horretarako, hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko dituzte; kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioaren arabera eskaintzarik onena egin duena hautatzen ez bada, hautapena justifikatu beharko dute.

3.3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezartzen diren betebeharren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo, bestela, dirua itzuli beharko da, foru lege horrek 35. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitu ahal izango da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, bestela, kopuru jakin bat itzuli beharko da.

4. oinarria.–Dirulaguntzarako onartzen diren jarduketak.

263/2019 EDk 6. artikuluan ezartzen dituen jarduketak onartzen dira dirulaguntzarako, baldin eta dekretu horren IV. eranskinean ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte eta Nafarroan dauden establezimenduetan egiten badira.

5. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

5.1. 263/2019 EDren I. eranskinean ezartzen da laguntzen zenbatekoa.

5.2. Eskaerako 750.000 euroko laguntza emanen da gehienez.

5.3. Laguntza hauei Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen dituen baldintzak eta mugak aplikatuko zaizkie (erregelamendu horretan barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

6. oinarria.–Laguntzak emateko araubidea.

6.1. Laguntzak 263/2019 EDk 8. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz emanen dira.

6.2. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak 17. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira; beraz, eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, harik eta funtsak agortu edo programaren indarraldia amaitu arte.

7. oinarria.–Zati bat EGEF funtsekin finantzatzea.

Programa honen esparruan ematen diren laguntzak Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) ekarpenekin finantzatuko dira, 63/2019 EDk 10. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

8. oinarria.–Aurrekontua.

Deialdi honetarako jarritako zuzkidura ekonomikoa 4.688.201,42 eurokoa da; diru-kopuru hori “Efizientzia energetikorako laguntzen programa (263/2019 ED)” izeneko 820001 82200 7701 425202 partidaren baliokideak diren 2019ko gastu-aurrekontuko partiden kargura emanen da. Hona zenbatekoak ekitaldika xehatuta:

EKITALDIA

ZENBATEKOA

(euroak)

2020

1.500.000,00

2021

1.500.000,00

2022

1.688.201,42

9. oinarria.–Programaren indarraldia.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epealdia oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta indarraldia amaitzen denean bukatuko da, hau da:

a) Jasotzen diren eskaerek aurrekontuko kreditua agortzen dutenean.

b) 2020ko abenduaren 31n, nahiz eta aurkeztutako eskaerek baliagarri dagoen aurrekontua ez agortu.

Indarraldia bukatutakoan ez da eskaerarik onartuko.

Aurrekontu eskuragarria agortzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus).

10. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumenak dauzkaten organoak.

10.1. Laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedurak agintzeko eta instruitzeko eskumena Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak dauka.

10.2. Ebazpenak emateko eskumena Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak dauka.

11. oinarria.–Kudeatzeko prozedura.

11.1. Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dauden inprimakiak (hemendik aurrera laguntzen fitxa) erabili behar dira laguntza-eskaerak aurkezteko. Pertsona juridikoek eskaera eta eman beharreko agiri guztiak modu telematikoan aurkeztu behar dituzte nahitaez, 15. oinarrian ezartzen den bezala.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epealdia 9. oinarrian ezartzen da.

11.2. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira laguntza eskatzeko:

1. Laguntza-eskaera:

Honako datu hauek adierazi behar dira: laguntza eskatzen duenaren datu orokorrak, jarduketa nolakoa den, non egingo den, eta berari buruzko datu tekniko zehatzak.

Pertsona juridikoek eskaeran adierazi behar dute gaitutako helbide elektronikoa (GEH) dutela eta izena eman dutela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa nola eskuratzen den 15. oinarrian zehazten da.

2. Dokumentazio administratiboa eta teknikoa:

Eskaerarekin batera 263/2019 EDren III. eranskinaren 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztu behar da.

11.3. Eskaerarekin batera aurkezten diren agiriak PDF formatuan egon behar dira, eta izenarekin ondo identifikatuta (adib.: “aurrekontua”, “memoria” etab.).

11.4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen 39/2015 Legearen 66. artikuluko baldintzak, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio zuzendu ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

11.5. Pertsona juridiko batek eskaera bertaratuta aurkezten badu, ezarritako bide elektronikoa erabili beharrean, interesdunari eskatuko zaio eskaera zuzen dezala, hau da, modu elektronikoan aurkez dezala. Ondorio guztietarako, eskaera zuzentzen den egunean aurkeztutzat joko da.

12. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

12.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu eta gero ebazpen-proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

12.2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

13. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

13.1. Laguntza jasotzen duten jarduketak hura ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hogeita lau hilabete pasatu baino lehen amaitu behar dira.

13.2. Onuradunek laguntza jaso duten jarduketak egin direla frogatu beharko dute haiek gauzatzeko emandako gehieneko epealdia amaitzen denetik hiru hilabete pasatu baino lehen. Horretarako, 263/2019 EDren III. eranskinaren 2. apartatuan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

13.3. Ordainketa-eskaera eta gainerako dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioan zerbait falta bada, edo akatsen bat badauka, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun baliodunetan, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat. Halaber, onuradunak dokumentazioa postaz edo bertaratuta aurkeztu badu, bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu behar izan arren, zuzentzeko eskatuko zaio.

13.4. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa apartatu honetan ezarritako epealdian aurkeztu ezean, laguntzarako eskubidea galduko da.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

14.1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera honako hau egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da: dirulaguntza ematea eragin duten xedeak betetzen direla eta onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela.

14.2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena frogagiriak aurkezten direnetik hiru hilabeteko igaro aurretik emanen da.

14.3. Dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa denean, ordaindu ahal izateko, aurretik organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, akta edo egiaztapen-txosten baten bitartez.

14.4. Gainera, laguntzak kudeatzen dituen organoak 263/2019 EDren 10. artikuluaren 4. apartatuan eskatzen diren egiaztapenak eginen ditu.

15. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Pertsona juridikoek baliabide telematikoen bitartez aurkeztu beharreko laguntza-eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar dituzte, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak pertsona juridiko eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen-prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

16.1. Laguntzen onuradunek 263/2019 EDren 16. artikuluan ezartzen diren betebeharrak edukiko dituzte.

16.2. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

17. oinarria.–Laguntzak pilatzea.

Deialdi honen esparruan ematen diren laguntzak bateragarriak izanen dira beste laguntza batzuekin, 263/2019 EDk 17. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari aurkeztuta, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen.

Iragarkiaren kodea: F1912556