200. ALDIZKARIA - 2019ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

340E/2019 FORU AGINDUA, irailaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Haurrak Txertatzeko Nafarroako Egutegi Ofiziala aldatzen duena.

Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 9/1996 Foru Aginduak Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoa eratu zuen, besteak beste, txertaketa programak diseinatu, ezarri eta ebaluatzen laguntzeko, immunizazioaren bidez galaraz daitezkeen eritasunen egoera epidemiologikoa aztertuz, eritasun kutsagarriak kontrolatzeko osasun erakunde nazionalen eta nazioartekoen gomendioak kontuan hartuz, eta Foru Komunitateko txertaketen egutegia irizpide horietara egokituz.

Haurrak txertatzeko egutegi ofizialaren azkeneko eguneratzea Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 26ko 75E/2016 Foru Aginduaren bidez egin zen, horren bidez aldatu baitzen Haurrak Txertatzeko Nafarroako Egutegi Ofiziala.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Batzordeak “Eritasun meningokoziko inbaditzailearen kontra txertatzeko gomendioak” onetsi zituen 2019ko maiatzaren 8an egin osoko bilkuran. Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoak dokumentu hori aztertu zuen 2019ko maiatzaren 15ean egin bilkuran eta, horren ondotik, Haurrak Txertatzeko Nafarroako Egutegi Ofiziala aldatzeko proposatu dio Osasun Departamentuari, A, C, W eta Y seromultzoetako meningokokoen kontrako txertaketa antimeningokoziko konjokatu laubaliokoa eman dakien, 11-12 urtetan, 2008ko urtarrilaren 1etik aitzina sortu eta Nafarroan bizi diren guztiei, haurrak txertatzeko gaur egungo egutegian indarrean dagoen C meningokokoaren kontrako txerto konjokatuaren oroitzapen dosiaren ordez.

Gainera, jakinik nerabeak eta gazteak direla 5 urtetik beheitiko haurrengan eta 65 urtetik goitikoengan eritasun meningokozikoa eragiten duten germenen eramaile nagusiak, eta eritasuna txertatuei ez ezik populazio guztiari ere galaraziko dion babes kolektibo bat ahalik eta agudoen lortu nahirik, Nafarroako Txertaketen Aholku Batzordeak proposatu dio Osasun Departamentuari erreskateko immunizazioa egiteko, A, C, W eta Y seromultzoetako meningokokoen kontrako txertaketa antimeningokoziko konjokatu laubaliokoa emanez, 2002tik 2007ra bitartean sortu eta Nafarroan bizi diren gazte guztiei, C meningokokoaren kontrako txerto konjokatuaren bigarren oroitzapen dosia hartu baitzuten behar zen garaian.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 33.1 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Osasun Departamentuari dagozkio, besteak beste, Osasun Publikoaren arloa planifikatu eta antolatzeko eginkizunak. Esparru horretan sartzen dira osasuna babesteko jarduerak, hala nola txertaketen egutegi ofizialean ezarri diren txertaketa sistematikoak.

Horrenbestez, Osasuneko zuzendari nagusiak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Haurrak txertatzeko Nafarroako egutegi ofiziala aldatzea.

Haurrak txertatzeko Nafarroako egutegi ofiziala aldatzen da, foru agindu honen eranskinean jaso diren aldaketa hauek egin baitira:

a) A, C, W eta Y seromultzoetako meningokokoen kontrako txertaketa antimeningokoziko konjokatu laubaliokoa ematea, 11-12 urtetan, 2008ko urtarrilaren 1etik aitzina sortu eta Nafarroan bizi diren guztiei, haurrak txertatzeko gaur egungo egutegian indarrean dagoen C meningokokoaren kontrako txerto konjokatuaren oroitzapen dosiaren ordez.

b) A, C, W eta Y seromultzoetako meningokokoen kontrako txertaketa antimeningokoziko konjokatu laubaliokoaren dosi bat ematea 2002tik 2007ra bitartean sortu eta Nafarroan bizi diren gazte guztiei.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

2008an sortu diren guztiei A, C, W eta Y seromultzoetako meningokokoen kontrako txertaketa antimeningokoziko konjokatu laubaliokoaren dosi bat emanen zaie 2019-2020 ikasturtean, 2019ko irailetik azarora bitartean.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

2002an eta 2003an sortu eta Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasketak egiten ari diren guztiei ikastetxeetan emanen zaie txertoa, 2019-2020 ikasturtean, 2020ko urtarriletik aitzina. 2002an eta 2003an sortu eta eskolan ez direnei Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun etxe eta kontsultategietan emanen zaie txertoa, 2020an.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

2004an sortu diren guztiei ikastetxeetan emanen zaie txertoa, 2019-2020 ikasturtean, DBHko 4. ikasmailan, 2020ko urtarriletik maiatzera bitartean.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

2005ean, 2006an eta 2007an sortu diren guztiei ikastetxeetan emanen zaie txertoa, 2020-2021 ikasturtean, DBHko 2., 3. eta 4. ikasmailetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetzeak

Indarrik gabe uzten dira Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 26an eman 75E/2016 Foru Agindua eta foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Txertaketen egutegi ofiziala ezartzeko gaikuntza.

Gaitu egiten da Osasuneko zuzendari nagusia irizpide teknikoak ezartzeko eta beharrezko neurriak hartzeko, behar bezala gara eta ezar dadin haurrak txertatzeko Nafarroako egutegi ofiziala.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko irailaren 30ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINA

Nafarroako Haurren Txertaketen Egutegi Ofiziala

TXERTOAK

ADINA

HB (1), DTPa (2), Hib (3), VPI (4), NC13v (5)

2 hilabete

HB, DTPa, Hib, VPI, NC13v, McC (6)

4 hilabete

HB, DTPa, Hib, VPI, NC13v

11 hilabete

McC, TV (7) (8)

12 hilabete

VVZ (9)

15 hilabete

TV, VVZ

3 urte

dTpa, (10) / DTPa (11), VPI (11)

6 urte

McACWY (12), VPH (13) (15)

11-12 urte

Td (15) (16)

14 urte

(1) HB: Hepatitis B-ren txertoa.

(2) DTPa: Difteriaren, Tetanosaren, Kukutxeztularen txerto azelularra, karga osokoa.

(3) Hib: b motako Haemophilus influenzaeren txertoa

(4) VPI: Polimielitis inaktibatuaren txertoa.

(5) NC13v: pneumokokoaren kontrako txerto konjokatu 13 baliokoa.

(6) McC: C pneumokokoaren kontrako txerto konjokatua.

(7) TV: hiru birusen aurkako txertoa (elgorria, errubeola, parotiditisa).

(8) Arrisku bereziko egoeran 9 hilabetera aurrera daiteke.

(9) VVZ: barizelaren kontrako txertoa

(10) Difteriaren, tetanosaren, kukutxeztularen txerto azelularra, karga murriztukoa. 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotakoei jarriko zaie.

(11) 2016ko urtarrilaren 1etik aitzina sortu direnei emanen zaie.

(12) McACWY: A, C, W eta Y serotaldeen pneumokokoaren kontrako txerto konjokatua.

(13) VPH: giza papilomaren birusaren kontrako txertoa.

(14) Bakar-bakarrik neskei.

(15) Td: Tetanos-difteriaren kontrako helduendako txertoa.

(16) Haurrak txertatzeko egutegia osatu ondoan (6 dosi), edo bost dosi edo gehiago hartu dituztenen kasuan, aski da oroitzapen dosi bat ematea 65 urteren inguruan.

Iragarkiaren kodea: F1912618