180. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZASO

Lizason (Ultzama) “Orgiko oihana” 1. aisiarako natura-eremuaren erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lizasoko Kontzejuak, 2019ko otsailaren 19an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Orgiko oihana” 1. aisiarako natura-eremuaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2019ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 2an, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Lizasoko Kontzejuaren Batzarrak, 2019ko abuztuaren 6an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen ordenantza, eta testua osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Lizason, 2019ko abuztuaren 6an.–Kontzejuko burua, Alfredo García-Falces Larrañeta.

“ORGIKO OIHANA” 1. AISIARAKO NATURA-EREMUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I.–Aurrekariak

Lizasoko Kontzejuak 30 urterako akordio bat sinatu zuen Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarekin, Orgiko herri-basoaren antolamendurako, erabilera publikoa izan dezan.

Konpromiso horren truke, Kontzejuak “baso errenta” jasotzen du urtero, mendiaren baso ekoizpenaren adinakoa, eta KPIren arabera gaurkotzen da.

Orgi aisiarako natura-eremu izaera duen naturagune babestu gisa aldarrikatu zen 1996. urtean eta, horri esker, inguru horretan arrakastaz bateratu ahal izan dira aisia eta dibulgazioa habitat baliotsuaren kontserbazioarekin.

Hala ere, eremuaren kudeaketaren adjudikazio-hartzaile izan diren entitateek ohiko erabilerei buruzko gorabehera eta arriskuei dagokienez jakinarazi diguten esperientzia kontuan hartuz, Lizasoko Kontzejuak ordenantza bat onesteko beharra ikusten du, eremuaren erabilera bereiziari dagozkion arauak zehazteko xedez. Tresna horren bidez, modu egokiagoan babestuko da aisiarako natura-eremu hau, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu (KBE) gisa Orgi babesten duten legeen zaintza eta interpretazioa erraztuko baitie bai entitate kudeatzaileari bai eskumena duten segurtasun kidegoei (Basozaintza, Foruzaingoa eta Guardia Zibila).

II.–Eskumenak eta araudia

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak espainiar ordenamendu juridikora ekartzen ditu Europar Batasunaren Habitat eta Hegaztiei buruzko zuzentarauak, eta II. tituluaren III. kapituluan berariaz jasotzen ditu estatu eremuko oinarrizko lege xedapenak, Natura 2000 Sarearen ezarpena eta kudeaketa arautzen dutenak, Orgi sare horretako kide baita.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 39. artikuluak ezartzen duenez, Kontzejuen kudeaketa eta administrazio organoei dagozkie, besteak beste, honako eskumen hauek:

a) Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haien aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

b) Beren mugapeko landa bideak kontserbatu, mantendu eta zaintzea.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari jarraikiz:

Haren 4. artikuluan, Administrazio Publikoek basa fauna zaintzearen alde egingo dituzten jarduketak honako irizpide hauetan oinarrituko dira:

...

d) Habitat naturala mantentzea, berreskuratzea edo hobetzea arriskuan jar dezaketen jarduera eta jarduketetatik babestea.

e) Sustatzea eta zaintzea babesaren eta kontserbazioaren aldeko jarduketa publikoak eta pribatuak.

8. artikuluan:

1. Debeku da basa animaliak nahita hiltzea, kaltetzea, haiek gogaitzea, jarraitzea edo urduritzea; debekuaren barne daude bizirik harrapatzea, haien eta azpiespezie guztien larbak, arrautzak edo kumeak biltzea, bai eta asaldatzea eta suntsitzea ere haien habitat naturalak, kabiak, bizitokiak eta ugalketarako, negua pasatzeko edo atsedenerako lekuak.

...

3. Aurreko apartatuetan xedatutakoari aurka egiten dieten jarduerak foru lege honen hirugarren tituluan xedatutakoari lotu beharko zaizkio, alde batera utzita katalogatu gabeko espezie jakin batzuen ohiko aprobetxamenduak.

4. Agintaritzaren agenteek kautelaz etengo dute artikulu honetan ezarritakoari aurka egiten dion edozein jarduketa, eta berehala horren berri emango diote Lurraldearen Antolamenduko eta Ingurumeneko Departamentuari.

34. artikuluan dioenez, natur ingurunean gauzatzen diren kirol, aisia eta turismo jarduerek errespetatu beharko dituzte ingurunea eta landa esparruaren eta bere ingurumen-balioen ezaugarriak, basa faunarenganako begirunea barne dela.

Ibilgailu motordunek naturgune babestuetan eta lurzoru urbanizagarriko beste eremu batzuetan bete behar dituzten gutxieneko eta oinarrizko baldintzak arautzen ditu otsailaren 14ko 36/1994 Foru Dekretuak, eta han aipatzen da toki administrazioek duten ahalmena bideen erabilera antolatzeko eta ibilgailuak zenbait bidetan barrena iragateko, ingurumenean eragiteko arriskua dagoenean.

Lizasoko Kontzejuaren 2008ko urtarrilaren 18ko ordenantzak, Orgiko bideen erabilerari buruzkoak, aipatu foru dekretua osatzen du.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen IV. kapituluan, mendien aisiarako erabilera arautzen da.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeari jarraikiz:

3. artikuluan. Naturgune motak eta definizioa.

1. Naturguneak honako kategoria hauetako batean sailkatuko dira: D) Aisiarako natura-eremuak.–Aisiarako natura-eremuak dira naturaren edo paisaiaren aldetik nolabaiteko balioa dutenak, hala deklaratzen direnak naturaren kontserbazioarekin eta ingurumen hezkuntzarekin bateragarria izan dadin aisiarako, atsedenerako edo aire zabaleko aisialdirako leku moduan eratzeko.

36. artikuluan. Arau-hausteen eta zehapenen sailkapena.

...

2. Arau-hauste arinak izango dira naturaguneetan edo inguruko babes eremuetan egiten diren honako egintza hauek:

...

e) Naturguneetako lasaitasuna hausten duten baimendu gabeko zaratak ateratzea edo zaratak egitea eta molestia sortzea.

f) Baimendu gabeko erreketak egitea.

i) Erabilera eta jarduera debekatuak egitea edo foru lege honi edo hura garatzeko arau edo planei aurka egiten dietenak egitea.

237/2017 Foru Agindua, uztailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen da ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua, zeinaren bitartez arautu baitzen sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, oihaneko suteak prebenitzeko (2017ko uztailaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Orgiko basoa Aisiarako Natur Eremu deklaratzen duen ekainaren 24ko 251/1996 Foru Dekretuak erabilera eta kudeaketa plana jasotzen du eranskinean, naturgune babestuaren zonifikazioa eta erabilera eta jardueren oinarrizko erregulazioa ezartzeko.

“ORGIKO OIHANA” 1. AISIARAKO NATURA-EREMUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1.–Zarata.

a) Debeku da edozein zarata egitea Aisiarako Natura-Eremuan eta haren inguruetan, entitate kudeatzailearen edo agintaritzaren agenteen iritziz gogaikarria bada bai faunarentzat bai eremuaren gainerako erabiltzaileentzat. Debeku honek barne hartzen ditu pertsonek, musika tresnek, soinu ekipoek, motorrek, sorgailuek eta abarrek ateratako edozein soinu. (Falta arina).

b) Salbuesten da eremuaren mantentze lanetarako beharrezkoa den makineriak ateratako zarata, edo aldez aurretik Kontzejuak baimendutako jarduera baten ondorioz ateratakoa.

2.–Sua.

a) Debeku da edozein motatako sua piztea, salbu horretarako egokituriko barbakoetan, baita natura-eremuaren inguruetan ere. Debeku honek eragiten dio garra sortzeko beste edozein sistemari, esaterako, pizgailuak, pospoloak, gasezko su txikiak, barbakoa eramangarriak, etab. (falta astuna).

b) Debeku da sua piztea jendeari arreta emateko ordutegitik kanpo. Hau da, 9:00etatik eguzkia sartu aurreko ordubetera arte (falta astuna).

c) Debeku da barbakoak erabiltzea errekietarako parrilez gaindiko tresnen euskarri gisa. Hots, paellak, kalderoak, kazolak, etab. (falta arina).

d) Debeku da barbakoetan erabiltzea egurra edo ikatzez gaindiko erregairik; halaber, debeku da egurra basotik bertatik biltzea, zorutik izan edo ez (falta arina).

e) Debeku da zigarrokinak zorura botatzea, itzalita badaude ere (falta astuna).

3.–Ura.

a) Iturria soilik gizakien eta maskoten kontsumorako erabiltzeko baimena dago (falta arina).

b) Debeku da iturria erabiltzea tresnak garbitzeko, igerilekuak betetzeko, puxikak betetzeko edo aurretik aipatu ez beste edozein erabilerarako (falta arina).

c) Debeku horretatik kanpo gelditzen dira komunak garbitzeko beharrezkoa erabilera, landaketa berrien ureztatzea eta Kontzejuak aldez aurretik baimendutako beste edozein erabilera.

4.–Maskotak.

a) Nahitaezkoa da zakur guztiak etengabe loturik eta beren jabeek kontrolaturik egotea une oro (falta arina).

b) Aurretik aipatu ez beste edozein maskota ere, era berean, kontrolaturik eduki beharko da, eta debeku da animaliarik askatzea aldez aurreko baimenik gabe (falta arina).

c) Debeku da maskotak lurperatzea eremuaren barnean (falta arina).

5.–Zaborrak.

a) Debeku da edozein motatako zaborra botatzea zorura, materia organiko biodegradagarria bada ere, esaterako, azalak, oskolak, hezurrak edo janari hondakinak (falta arina).

b) Debeku da ur puxikak erabiltzea (falta arina).

6.–Askalekuak.

a) Mahai bakarra erabili ahalko da talde edo familia bakoitzeko, eremuko zaintzaileek berariaz besterik baimendu ezean (falta arina).

b) Debeku da mugatzea edozein eremu, talde edo familia batek erabiltzeko, eremuko zaintzaileek berariaz besterik baimendu ezean (falta arina).

c) Debeku da eremutik kanpoko edozein osagai instalatzea, esaterako, sokak, banderatxoak, hamakak, eguzkitakoak, karpak, haize-babesak, kanpadendak, eta abar, eremuko zaintzaileek berariaz besterik baimendu ezean (falta arina).

7.–Ibilgailuak.

a) Ibilgailuek soilik aparkatu ahalko dute horretarako gaitutako aparkalekuan, dagokion tasa ordaindu ondoren (falta arina).

b) Debeku da aparkalekuan egotea jendeari arreta emateko ordutegitik kanpo. Hau da, 9:00etatik eguzkia sartu aurreko ordubetera arte (falta arina).

c) Pista eta bideen erabilera arautuko du Kontzejuak horretarako duen ordenantzak.

d) Kontzejuak edo entitate kudeatzaileak baimendu ahalko du aparkalekutik kanpo behin-behinean aparkatzea, mugikortasun murriztua aitortua duten pertsonentzat edo halakoek jarduera programatuak egin ditzaten.

e) Autobusek debekatua dute gelditzea, aparkatzea, eta bidaiariak utzi eta jasotzea aisiarako natura-eremuaren sarreran. Halakoak soilik egin ahalko dituzte horretarako gaitutako aparkalekuan, dagokion tasa ordainduta (falta arina).

f) Debeku da Orgiko bidexketan barna ibilgailuak zirkulatzea, baita elektrikoak edo motorgabeak badira ere, esaterako, bizikletak, patineteak, monozikloak, etab. Salbuesten dira mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutakoak, oinezkoen abiaduran gidatuak badira: aulki gurpildunak, triziklo elektrikoak, etab. (falta arina).

g) Aparkalekuan eta haren sarbideetan abiadura mugaturik dago 20 km/h-ra. Abiadura gehiegizkoa edo ausarkeriaz gidatzea falta astuntzat hartuko dira.

8.–Bisita gidatuak eta jarduerak.

a) Entitate kudeatzailea da baimendun bakarra ingurumen hezkuntzarekin eta tokiko garapenarekin loturiko bisita gidatuak eta jarduerak egiteko. Orgin halako jarduerak egin nahi dituen beste edozein pertsona edo entitatek, entitate kudeatzailearen baimena izan behar du, eta jarduera horri dagokion tasa ordainduko, parte-hartzaileen kopuruaren araberakoa (falta arina).

b) Orgin egiten den jarduera orok, aisiarako natura-eremuaren helburuekin zuzenean lotua ez badago eta nolabaiteko ukipena eragiten ahal badu ingurune naturalean, Nafarroako Gobernuaren baimena ere izan beharko du, aldez aurretik eskabidea eginda (falta astuna).

c) Lizasoko Kontzejuak jarduera berekiak ere garatzen ahalko ditu, baldin eta entitate kudeatzailearekin koordinaturik eta Nafarroako Gobernuaren baimena edukita bada, beharrezkoa balitz.

9.–Bizikidetza.

a) Debeku da eremua helburu politikoetarako erabiltzea (falta arina).

b) Debeku da eremuan erakustea irudi sexistak, xenofoboak, homofoboak edo bestelakoak, baldin entitate kudeatzailearen iritziz giza eskubideen eta pertsonen duintasunaren aurkakoak badira (falta astuna).

c) Debeku dira indarkeriazko portaerak edo ohiko bizikidetza giroa arriskuan jar ditzaketenak (falta astuna).

d) Falta astuntzat hartuko da eremuko zaintzaren arduradunen aurkako ahozko edozein eraso, eta oso astuntzat erasoa fisikoa bada.

10.–Bestelakoak.

a) Debeku da eremuan edozein landare mota landatzea, Kontzejuaren baimenik izan gabe (falta astuna).

b) Debeku da eremuan edozein motatako aprobetxamendu edo bilketa egitea, Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuaren baimenik izan gabe (falta astuna).

c) Debeku da paseoan ibiltzea gaitutako bidexka eta bideetatik kanpo (falta arina).

11.–Tasak:

a) Eguneko aparkalekua:

–Automobilak: 3 euro.

–Motozikletak: 1,5 euro.

–Autokarabanak: 5 euro.

–Bisita kontratatua duten autobusak: doan.

–Bisita kontratatu gabeko autobusak: euro 1 laguneko.

–Autobus gidaria, turismo gidaria eta irakasleak: doan.

b) Egurra:

–Egur zakua: 3 euro.

–Zakuaren fidantza: euro 1.

12.–Zehapenak:

a) Honako zehapen hauek ezarri dira:

–Falta arinak: 50 eta 200 euro arteko isuna.

–Falta astunak: 200 eta 400 euro arteko isuna.

–Falta oso astunak: 400 eta 600 euro arteko isuna.

b) Ordenantza honetan jasotako edozein ez-betetze gertatuz gero, Lizasoko Kontzejuak edo Orgiko oihana 1. aisiarako natura-eremuaren entitate kudeatzaileak eskatu ahalko dute agintaritza agenteen esku-hartzea, akta jaso dezaten eta, beharrezkoa bada, arau-hausleak zehatu ditzaten zigortzen ahal diren gertaeren neurrian.

c) Falta astuntzat hartu ahalko da falta arinak behin eta berriz egitea, eta falta oso astuntzat falta astunak behin eta berriz egitea.

Iragarkiaren kodea: L1910494