173. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

245E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Artaxoako udal-mugartean pentsu konposatuak egiteko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Piensos Costa SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0884/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 22ko 387E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2018ko azaroaren 21ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, ura hartzeko iragazkia garbitzearen ondoriozko isurpen berri bat sortzeko eta gatz silo bat instalatzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2019ko urtarrilaren 16an emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez funtsezkoa da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena dela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2019ko otsailaren 26an, titularrak ingurumen baimen integratuaren aldaketa eskatu zuen, dagokion proiektua egin ahal izateko, hau da, ura hartzeko iragazkia garbitzearen ondoriozko isurpen berri bat sortzea eta 35 tonako gatz silo bat instalatzea.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Artaxoako udal-mugartean pentsu konposatuak egiteko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, ura hartzeko iragazkia garbitzearen ondoriozko isurpen berri bat sortzeko eta gatz silo bat instalatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Piensos Costa SA da.

Bigarrena.–Instalazio horren lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena aldatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen II. Eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten duen jardueraren exekuzioa edo abian jartzea jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira baimenaren ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Piensos Costa SAra eta Artaxoako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1910733