173. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

189E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Garesko udal-mugartean obra-hondakindegia ixtea” proiekturako. Sustatzailea Garesko Udala da.

2019ko maiatzaren 31n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartzen denetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du deskribatutako jarduketak jarduera baimenduak direla Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluaren arabera; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik.

Proiektatu den jarduketa hauxe da: behin betiko ixtea Garesko 10. poligonoko 77. lurzatiko obra-hondakindegia, Lazarranpla aldean. Horretarako, goiko plataformaren zelaitze-lanak eginen dira hasierako ixtearen ondoren hondakin-isuriak egin diren puntuetan, ezponda berriz profilatuz 2H:1Vko malda minimoan; horrek esan nahi du ezpondan 6.000 m³-ko lur-erauzketa eta 6.100 m³-ko betelanak egin beharko direla lurzatian dagoen materialarekin, eta EEHak eta dauden hondakinak kendu beharko direla. Lan hauek egin baino lehen egokitu beharreko alderdiren batean egon litekeen landare-estalkia kenduko da, geroago egin behar den birlandaketan horretaz baliatzeko. Landaketak eta erein-lanak egin baino lehen, landare-lurra eta pilatutako beste lur batzuk gaineratuko zaizkio plataformari, gutxienez 20 cm-ko geruza osatuz.

Hidroereite bat eginen da, ezpondan eta ezpondarekiko paraleloa den zelaiko 8,5 metroko zerrenda batean, igeltsu-estepetako lurzoruetarako egokiak diren belarki eta zurezko landareekin, eta 50 arte (Quercus rotundifolia) landatuko dira (12x12 metroko koadro batean). Hutsarteak beteko dira eta jorraketak, inausketak eta aldizkako zisterna-ureztaketak eginen dira, batez ere udan, 2 urtez gutxienez.

Alderdi hura “landa-motako” zurezko hesiarekin itxiko da, bertara sartzeko bidea ukitzen duen 250 metroko tartean; eta beste neurri batzuk aurreikusiko dira alboetatik zein ezpondako beheko sarrera zaharretik kontrolatu gabeko sartzeak izan ez daitezen.

Areka garbitu eta haren lurrak berrezarriko dira, bidetik goiko plataformara doan tartean. Oinezkoen sarbidean areka gaineko pasabidea eginen da, 6 m-koa, PVC Ø315 mm-ko hodiarekin.

Lanak egiteko, hondakindegira NA-6064 errepidetik sartzea proposatzen da, mendebaldetik, Errege Altxonbidetik, Zamariain aldapatik eta hondakindegiaren ondoko Nekeasetik. Sarbide honek bat egiten du, hiri-tartean eta beste zoladura-tarte batzuetan, Milagro-Aezkoa Errege Altxonbidearekin.

Espedientean bada 2019ko ekainaren 18ko udalaren txostena, adierazten duena proposamena Garesko udal planekin eta lurraldea antolatzeko gainerako tresnekin bateragarria dela.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak poriektuaren aldeko txostena egin du, eta neurri osagarri batzuk proposatu ditu, ingurumenarekin hobeki integratzeko eta lanen ingurumen-kontrol hobea egiteko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Garesko udal-mugartean obra-hondakindegia ixtea” proiektuari. Sustatzailea Garesko Udala da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Egokitu beharreko zelaian aurkitzen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, plastikoak, zurak eta abar, hondakinen arloan indarrean dagoen legeriaren arabera kudeatu beharko dira.

–Hidroereiterako erabiliko den hazi-nahasketatik Agropyrum cristatum, Agropyrum desertorum eta Lolium westerwoldicum kendu egingo dira, aloktonoak direlako eta ez direlako Nafarroako alde honetakoak. Hidroereiterako edo landaketarako erabiliko diren gainerako espezieak Nafarroako erdialdeko inguruko lurretatik datozen aldaera autoktonoak izanen dira.

–Obrari lotutako lanek eta garraioek horretarako aukera ematen dutenean igarotzen ahalko da altxonbidearekin bat egiten duten bide eta galtzadetatik, betiere dauden trazaduretatik, ondoko lurrak ukitu gabe eta altxonbidetik lihoazkeen abereei kalterik egin gabe.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Garesko Udalera eta Basozaintzara (6. barrutia, Lizarra 1) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 12an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1910706