173. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

188E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: linea elektriko bat, “hegazti ustiategi baten elektrifikazioa Azkoienen” izenekoa, Azkoiengo udal-mugartean. Sustatzailea Javier Orduña Osés jauna da.

2019ko martxoaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketa hauxe da: 50kVA-ko aire zabaleko transformazio zentro baten kokalekua aldatzea, eta Azkoiengo 12. poligonoko 599. lurzatian jartzea, sustatzaileari Azkoiengo 12. poligonoko 598. eta 599. lurzatietan baimendu zaion hegazti ustiategiari zerbitzua eman diezaion. Gaur egun, transformazio zentro hori Azkoiengo 12. poligonoko 451. lurzatian dago, eta ez da erabiltzen.

Aldaketa horrek berekin dakar erabilerarik gabeko 13,2 kV-eko aireko linea, berea dena, eraistea. Linea horrek hiru euskarri ditu errege altxonbidearen 4. zeharbidearen ondoan (Azkoiengo 4. poligonoko 441. lurzatia), eta azken euskarri bat ere bai lekualdatu beharreko transformazio zentroak daukan ponpaketaren kokapenean. Linea horren ordez, beste bat jarriko da, airekoa, 13,2 kV-ekoa, jatorri bera duena, hegazti ustiategira abiatzen dena eta bi euskarri dituena: 1. euskarria, noranzkoa aldatzekoa dena eta Azkoiengo 12. poligonoko 656. lurzatian dagoena; eta 2. euskarria, linearen amaiera dena 50 kVA-ko aire zabaleko transformazio zentroaren eta lur azpiko pasabidearen artean eta Azkoiengo 12. poligonoko 599. lurzatian dagoena. Noranzkoa aldatzekoa den 1. euskarria halako moduan proiektatzen da non lineak 144º inguruko angelua eginen duen.

Linea hori tentsioaz hornitzeko, 1. euskarriaren aurretik bi bao berreraiki behar dira, eta, beraz, linearen jatorriaren aurreko bi euskarrietako gurutzetak ere bai, dagoeneko eraitsita baitaude: bata Iberdrolak 10622 matrikularekin duen euskarrikoa da, eta babesteko zein babestekoa da; bestea, berriz, 10622 matrikuladun euskarri horren aurrekoa da, eta Azkoiengo 4. poligonoko 475. lurzatian dauden Huerta de Peralta 413 ENSren berotegietarantz doan lehengo desbideratzea da (gaur egungoarekin partekatua).

Espedienteak aldeko txostenak jasotzen ditu, Azkoiengo Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: linea elektriko bat, “hegazti ustiategi baten elektrifikazioa Azkoienen” izenekoa, Azkoiengo udal-mugartean. Sustatzailea Javier Orduña Osés jauna da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Aurkeztutako dokumentazioan abifauna babesteko ezarri diren neurriak aplikatu beharko dira, gutxienez metro bateko luzera duten lotzeko isolagailuak, CS120AB132 modelokoak, barne.

–Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalea finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.

–Lurpera jaisteko euskarrietan (edo linea amaierakoetan) elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) zein konexioko botilak. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Zerbitzutik kanpo gelditzen diren azpiegitura guztiak eraitsi beharko dira, eta sortutako hondakinak haien izaeraren arabera kudeatu.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuetarako harguneak edo sare elektrikoarekiko loturak.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren txostenarekin bat, lanak ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean egiten badira, 222/2016 Foru Aginduaren 10. artikuluan, “Ibilgailu motordunak mendiko pistetan eta makinak lurzoru urbanizaezinean” izenekoan, ezarritakoa bete beharko da (foru agindu horrek arautzen du sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, oihaneko suteak prebenitzeko):

  • Sakelako telefonoa eraman beharko dute aldean.
  • Ibilgailuak soilik aparkatzen ahalko dira horretarako prestatutako tokietan, landarerik ez dutenetan eta trafikoa oztopatu gabe.
  • Edozein su edo su-aztarna ikusiz gero, ibilgailuen erabiltzaileek 112-SOS Nafarroari abisu eman beharko diote berehala.
  • Adierazitako udako kanpainan makineria astunarekin (bulldozerrak, skidderrak, sasiak garbitzeko makina mailudunak, etab.) lan egiten den tokietan, su jotzekoak eta sua itzaltzeko bi bizkar-zorro eduki beharko dira, bakoitza 15 litroko edukierakoa, gutxienez. (Lurzoru urbanizaezinean motorra duen edozein tresna hartuko da basoko makina edo tresnatzat, zein den ere potentzia).

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Azpiegitura eta/edo azpiegiturari lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako azpiegitura utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azkoiengo Udalari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikoaren Atalari, Basozaintzari (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 12an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1910724