171. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

488/2019 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onesten dituena.

Arte Ikasketen Atalak 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena aurkeztu du uztailaren 19an.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibide horiek eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Arte Ikasketen Atalari, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoari eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza

ERANSKINA

2019-2020 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

Aurretik kontuan hartu beharrekoak.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko araudi berariazko bat, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitua, garatu bitartean, gobernu eta koordinazio organoek gaur egun indarra duten izen berberak izanen dituzte.

I.–Kontserbatorioaren urteko programazio orokorra.

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorio Profesionalak, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, Kontserbatorioaren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE) eta abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan (LOMCE) ezartzen denari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

B.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

C.–LOEn araututako goi mailako musikako arte irakaskuntzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak kasuan kasuko ikasketa planetarako.

D.–Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

F.–Memoria administratiboa.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

H.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

A.–Bi urteko hobekuntza plana.

Indarrean dagoen araudian jasotako ebaluzioaren esparruaren barruan, 2019-2020 ikasturte amaierako memorian ebaluatuko da 2017-2018 ikasturtean ikastetxeek egindako autoebaluazioa; baita dagokion ikastetxeko bi urteko plana eta departamentuena ere.

Memoria horretan egindako ebaluazioa oinarritzat hartuta, ikastetxeek bi urteko plan berri bat aurkeztuko dute 2020/2022 urteetarako, ikastetxearen eta departamentuen jardunari buruzkoa. 2018-2020ko biurteko planean lortu ez diren helburuak mantentzen ahalko dira, eta beste hobekuntza arlo batzuk ere bai, 2017-2018ko jardunaren autoebaluazioan hautemandakoak, amaitutako biurteko planean sartu gabeak. Ez da ahaztu behar, bestalde, azken bi ikasturte horietan lortutako emaitzen bilakaeraren analisia eguneratzea. Horretarako, Educa erabil daiteke, zenbait emaitza akademiko ateratzeko, bai eta ebaluazio diagnostikoa ere.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena, zeinak aplikatuko baitira 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan.

B.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Kontserbatorioaren ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, Kontserbatorioaren ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Kontserbatorioa zein ordutan egonen den irekita hezkuntza-komunitatearentzat.

b) Ikasleen eskola-ordutegia.

c) Eskola izaerakoak izan gabe, ikasleentzat prestatzen diren beste jarduera batzuen ordu-banaketa.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 7a baino lehen, Kontserbatorioak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen banakako ordutegia.

Ikastetxearen ordutegi orokorra prestatzeko orduan, klaustroak adierazitakoaz eta Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak ezarritako jarraibideez gain, honako irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:

–Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 8:30etik 21:00ak arte. Larunbatetan 9:00etatik 14:00ak arte.

–Larunbatak ikasteko eskola-egunak izanen dira Kontserbatorioan, eta zuzendaritza taldeak, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoko buruarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta instrumentuak erabiltzeko eta horiek zaintzeko sistema ezarriko du.

–Bulegoko buruak, zuzendaritza taldearekin koordinaturik, neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

–Irakasleek ordutegien arloan dituzten lehentasunak ezin dira inoiz izan ikasleen beharren kontrakoak edo klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak.

C.–Irakaskuntza-jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, Kontserbatorioaren irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntza-jardueren programazioa egiteko, ordutegiak prestatzeko erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, diziplinarteko koordinazio proiektuak eta departamentu didaktikoen programazioak.

D.–Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana.

Kontserbatorioak ikastetxeko irakasleentzako prestakuntza plan bat sartuko du bere programazioan. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleak prestatzeko planaren proposamena aurkeztuko dio klaustroari. Proposamen hori egiteko, aintzat hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak aurkezten duen prestakuntza planeko eskaintza eta ikastetxeak proposatzen dituen prestakuntza jarduerak. Nolanahi ere, irakasleek egindako kontzertuak eta bestelako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Atal honetan aipatzen den planean kontuan hartuko dira curriculum proiektua egin eta berrikusteko prozesuan diagnostikatzen diren beharrak, bai eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparru berrian irakas-praktikari buruzko hausnarketaren eta berriztapenaren emaitza direnak ere.

E.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Kontserbatorioak programatzen dituen jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek irakaslana osatu edo garatzeko asmoa izanen dute.

F.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak eginen du, eta bertan sartuko da, besteak beste, Kontserbatorioa antolatzeko dokumentua.

Kontserbatorioa antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Kontserbatorioari bidaltzen dizkion inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskola jarduerak hasi eta 20 eguneko epean.

G.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Kontserbatorioaren hezkuntza proiektuan honako hauek biltzen dira:

a) Bere ezaugarriak.

b) Hezkuntzako helburuak.

c) Antolaketa orokorra.

d) Bizikidetza plana.

e) Ezarritako helburuak errazago lortzeko erakunde publiko eta pribatuekin aurreikusi diren harremanak.

Zuzendaritza taldeak eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak, irailean, jarduketa plana eginen dute eta Kontserbatorioko organo guztiek hori bete beharko dute 2019-2020 ikasturtean, musikako goi mailako ikasketen proiektua eta curriculum proiektua era koordinatuan prestatu eta/edo berrikusteko.

Plan horretan, gutxienez honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Kontserbatorioko hezkuntza programa garatzeko ikasturtean zehar egin beharreko lanak zehaztea.

–Zeregin eta lan horiei ekiteko antolaketa-neurriak aurreikustea.

–Jarduketa horiek denboran antolatzea eta horietako bakoitzean erantzukizuna norena den zehaztea.

–Eskaintzen diren espezialitateen programazio didaktikoak prestatzea eta berrikustea.

–Jarduketa plana ebaluatzeko irizpideak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Kontserbatorioak egiten duen jarduketa planaren proposamena berrikusiko du, indarrean dagoen araudian ezarri denari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du eta era egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

Kontserbatorioaren hezkuntza proiektua zuzendaritza taldeak prestatu eta berrikusiko du. Horretarako, kontuan izanen ditu irakasleen klaustroak egindako proposamenak. Onetsi ondoren, jendaurrean jarriko da.

H.–Curriculum proiektua.

Kontserbatorioak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu musikako goi mailako irakaskuntzak. Agiri horietan, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 22ko 34/2014 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da (foru agindu horren bidez musikako goi mailako arte irakaskuntzen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko).

Curriculum proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die, betiere Kontserbatorioaren beraren errealitatetik abiatuta. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum proiektuan honako hauek sartuko dira:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Musikako goi mailako ikasketen gaitasunak kontserbatorioaren eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakas-praktika, baita curriculum proiektu bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berrikusteko irizpideak.

2.–Hezkuntza Departamentuak baimendutako aukerako irakasgaien eskaintza, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 22ko 34/2014 Foru Aginduan xedatuarekin bat.

3.–Tutoretza planaren ezarpena.

4.–Curriculum proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

5.–Kontserbatorioaren ikerketa programak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak curriculum proiektuaren prestaketa-lana koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa-plana, hezkuntza-proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum proiektua prestatzeko aldian Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum proiektua irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta haien prestaketa departamentuei dagokie.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera programatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko baterako programazioan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

LOEren ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza berrietarako indarra duen araudira egokituko dira. Horietan, honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpide eta prozedura objektiboak.

e) Kalifikazio irizpideak.

f) Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Beste departamentuekin batera antolatuko diren jardueren programazioa, espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago ukitzen diren kasuetan, esate baterako, Ganbera Musika.

h) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Irakasgai bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, hezkuntza-komunitateko kide guztiek horren berri izan dezaten.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Kontserbatorioko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak prestatuko du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onetsirik, Kontserbatorioko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Kontserbatorioko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra egoki prestatzeko jarduketa-egutegi bat ezartzea.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, Eskola Kontseiluak ebaluatu beharko du, eta zuzendariak onetsi; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren beste ale bat ikastetxearen Idazkaritzan geldituko da, irakasleen eta Eskola Kontseiluko kideen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, Kontserbatorioko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatuko dute zenbateraino bete den urteko programazio orokorra. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Kontserbatorioaren jarduna.

1.–Alderdi orokorrak.

Kapitulu honetan aipatzen diren organo guztien zeregina da eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea, Kontserbatorioaren hezkuntza helburuak modu eraginkorrean lortzeko.

2.–Gobernu organoak eta kide anitzeko organoak.

Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioak honako gobernu organo eta kide anitzeko organo hauek izanen ditu:

a) Gobernu organoak: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

b) Kide anitzeko organoak: Kontserbatorioko Eskola Kontseilua eta Irakasleen Klaustroa.

Gobernu organoen eta kide anitzeko organoen ardura da Kontserbatorioko jarduerak Konstituzioaren printzipioekin eta balioekin bat egiten direla begiratzea, hezkuntzaren helburuak lortu eta hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko.

Gobernu organoek eta kide anitzeko organoek bermatuko dute, beren eskumenen eremuan, ikasleek, irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek aitorturik dituzten eskubideak beteko direla, eta begiratuko dute dagozkien betebeharrak bete ditzaten. Era berean, erraztasunak emanen dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek parte har dezaten ikastetxeko bizitzan, kudeaketan eta ebaluazioan.

2.1. Zuzendaritza taldea.

Kide bakarreko kargu hauek osatuko dute zuzendaritza taldea: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

A.–Zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan ezarri ziren zuzendaritza taldearen eginkizunak, baita kide bakarreko kargu bakoitzaren eskumenak ere. Zuzendariaren kasuan, eskumenak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoak izanen dira.

2.2. Kide anitzeko organoak.

2.2.1. Eskola Kontseilua.

Eskola Kontseiluaren bidez hartuko du parte hezkuntza komunitateak Kontserbatorioaren kontrolean eta kudeaketan. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren hezkuntza komunitatea osatzen duten sektoreetatik ikasleek eta irakasleek baizik ez dute izanen ordezkaritza Eskola Kontseiluan.

Sortzen diren postu hutsak Eskola Kontseiluen urteroko deialdiaren ondorioz berrituko dira.

Eskola Kontseiluaren eskumenak honako hauetan daude ezarrita: Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren 80. apartatuan eta Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan, betiere 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoari aurka egiten ez badiote.

2.2.2. Irakasleen Klaustroa.

A.–Alderdi orokorrak.

Klaustroak, irakasleek Kontserbatorioan parte hartzeko duten berezko organoa denez, irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu, koordinatu eta erabakitzeko ardura du, eta, hala behar denean, horiei buruzko txostena ematen du.

Ikastetxean irakasten duten irakasle guztiek osatuko dute klaustroa, eta burua zuzendaria izanen da.

B.–Klaustroaren eskumenak.

Hauek dira klaustroaren eskumenak:

a) Zuzendaritza taldeari eta Eskola Kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.

b) Curriculum zehaztua onestea eta ebaluatzea, baita proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntza alderdi guztiak ere.

c) Orientazio lanari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.

e) Eskola Kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzea eta zuzendariaren hautaketa prozesuan parte hartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako moduan.

f) Hautagaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.

g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola-errendimenduaren bilakaera, eta ikastetxearen parte-hartzea izan duten barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak.

h) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen gaineko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta ezarri diren zehapenak ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.

j) Ikastetxean bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Hezkuntza arloko administrazioak edo antolaketa eta funtzionamendu arauek esleitzen dizkioten beste edozein.

l) Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan jasotakoak, baldin eta 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badiete.

3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

Hauek dira irakaslana koordinatzeko organoak Kontserbatorioan: koordinazio didaktikoko departamentuak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eta tutoreak. Ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, bere espezialitatearen arabera.

Organo horien zeregina eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, Kontserbatorioaren hezkuntza helburuak modu eraginkorrean lortzeko.

3.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.

A.–Alderdi orokorrak.

Departamentu didaktikoak irakasleak Kontserbatorioko bizitzan integratzeko bidea ematen duten lantaldeak dira, eta haien ardura da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien irakaskuntzak antolatu eta garatzea, bai eta dagozkien eskumenen esparruan agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.

Irakasleek irakaslanaren antolaketan parte hartzeko daukaten ohiko bidea dira, eta, halaber, haien hobekuntza pedagogiko eta zientifikorako etengabeko baliabidea. Kideen aldizkako bilera-sistemaren bidez jarduten dute.

Departamentu bakoitzaren zuzendaritza eta erantzukizuna departamentuburuari dagozkio, eta, hori ez dagoenean, ikasketaburuari.

B.–Departamentu didaktikoen osaera.

Kontserbatorioan departamentu didaktiko hauek izanen dira:

–Kantua eta Taldeak.

–Konposizioa.

–Harizko Instrumentuak.

–Haizezko eta Perkusiozko Instrumentuak.

–Teklazko Instrumentuak.

–Jazzeko Instrumentuak.

–Jazzeko Konposizioa eta Taldeak.

–Musikologia.

–Pedagogia.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalean ere eskolak ematen dituzten irakasleak, horren ondorioz, kontserbatorio horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Horrelakoetan, irakasleek bi kontserbatorioetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.

C.–Departamentuen eginkizunak.

Honako hauek dira departamentu didaktikoen eginkizunak:

1. Ikasturte bakoitzeko irakaskuntza antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen irakaskuntzak garatuz.

2. Ikasturtea hastean, departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen programazio didaktikoak egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.

Departamentu guztiek indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte beren programazioak.

3. Departamentua osatzen duten espezialitate eta/edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, irakasleen klaustroaren irizpideei jarraikiz.

4. Behar diren probak egitea, indarrean dagoen araudian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.

5. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari Kontserbatorioaren hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

6. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

7. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren araberako ikasketa planen hezkuntza garapenari buruzko proposamenak egitea.

8. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari ikastetxean onartu, sartu edo mailakatzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.

9. Jarduera osagarriak eta ikasketez kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek ezartzen dituzten irizpideekin eta klaustroak zuzendaritza taldeari aurkezten dizkion proposamenekin bat.

10. Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, ikasketaburuarekin koordinatuta.

11. Liburutegiaren Ekintza Planaren diseinuan eta garapenean parte hartzea, zerbitzu horrek jardun ahal izateko zehazten diren lanetan aktiboki lagunduz.

12. Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko txostena egitea eta indarreko araudian adierazi diren kasuetan ebaztea.

13. Departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

14. Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

Ikasturte bukaerako memoriak atal hauek izanen ditu:

a) Emaitzen balorazioa.

–Kalifikazioen estatistikak, talde eta kurtsoen arabera.

–Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak adierazita.

b) Funtzionamenduaren balorazioa. Programazioa nola garatu den.

–Eskumenen, edukien eta egindako jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere. Agertutako desbideraketen zergatiak azalduko dira, egoki diren zuzenketak ezarri, eta hurrengo ikasturterako hobekuntzak proposatuko.

–Baldin eta programazio berezirik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietariko bakoitzerako, eta konparazio azterketa bat egin.

–Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.

–Egindako jarduera osagarriei eta ikasketez kanpokoei buruzko iruzkina: berariazko helburuak, ukitutako taldeak, balorazioa, aurkitutako zailtasunak, eta abar.

c) Kontserbatorioko curriculum proiektuak prestatu, berrikusi eta eguneratzeari buruz egin den lanaren balorazioa.

15. Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.

16. Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun hori aurrera eramateko, departamentuak, besteak beste, irizpide hauei begiratuko die: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien aberastasuna, errealitatearekin izandako harremana eta ikaskuntza prozesuaren esperientzien antolaketa.

17. Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.

D.–Departamentu didaktikoen bilerak.

Departamentu didaktikoek, ikasturtean, behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian betetzen direla bermatzeko. Departamentuko kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.

Irakasleak behartuak daude partaide diren departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joatera.

Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.

Eskola garaian, gutxienez ordu bat erreserbatuko da astean departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen ikastetxeko ordutegiaren barruan; ordu hori ikastetxeko eskola-ordutegiaren barruan agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.

Bilera horietako bat, hilean behin, programazioen garapena ebaluatzeko erabiliko da, eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Ekainean, departamentuko kideak bildu eginen dira lan plangintzaren eta lorpenen analisia egiteko eta hurrengo ikasturterako behar diren zuzenketak aztertzeko; gainera, azken memoria idatzi, eta Kontserbatorioko zuzendaritzari emanen diote, ekainaren 30a baino lehen, urteko programazio orokorrari buruzko memorian txertatu, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igor dezan uztailaren 10a baino lehen.

Departamentu didaktikoen bilkura guztien akta eginen da akta liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Akta liburuaz gainera, departamentuek inbentarioaren liburua ere eguneratu beharko dute, non material inbentariagarri guztia agertuko den.

Ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta agiriak departamentuan gorde beharko dira hiru hilabetez gutxienez, edo behar den denboraz, ikasleen erreklamazioak aurkezteko ezarritako prozeduraren tramitazioari jarraikiz.

E.–Departamentuburuaren izendapena eta eginkizunak.

Departamentu didaktikoetan elkarlanean jarduten da, talde lanean, kide guztiek lagundu eta parte hartzen baitute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta bere esku egonen da departamentuaren ardura; bera izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.

Departamentuburuak izendatzea Kontserbatorioko zuzendariari dagokio. Irailean izendatuko ditu, eta karguak ikasturte bat iraunen du.

Zuzendariak buru bat izendatuko du departamentuko kideen artetik, haiei entzunaldia eman ondoren. Honako irakasle hauek lehenetsiko dira: departamentuko espezialitateetakoak izanik, Musika eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegokoak direnak eta behin betiko destinoa ikastetxean dutenak. Katedradunik ez badago, zuzendariak musika eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasle bat izendatuko du. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, haiei entzun ondoren.

Departamentuburuak departamentuaren jardunaren ardura du, eta eginkizun hauek:

a) Departamentuko lana zuzentzea.

b) Bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea, eta bilera bakoitzean egin beharreko akta idaztea eta sinatzea. Akta dagokion akta liburuan jasoko da nahitaez.

c) Akta liburua zaintzea eta inbentarioaren liburua eguneratzen dela bermatzea.

d) Curriculum proiektuak prestatu beharraren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, baita departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar dituen ekarpenetan ere, eta, orobat, honako hauek erredaktatzea: departamentuan biltzen diren irakasgaien programazio didaktikoa, ikasturte bukaerako memoria eta kasuan-kasuan egin beharreko curriculum egokitzapenak.

e) Departamentuko programazio didaktikoa betetzen den begiratzea eta horretarako koordinazioa egitea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.

f) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.

g) Ikasketaburuarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntza-jardueren plangintzan.

h) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

i) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak altxatzea.

j) Departamentuan aurkitzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

k) Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta ongi mantentzen direla begiratzea.

l) Departamentuak berariazko material eta ekipamendua eskuratzeari buruz egiten dituen proposamenak bideratzea.

m) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.

n) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikaren aldetik eguneratzeko.

ñ) Departamentuak ikasturterako izanen duen lanerako plana egitea eta aurkeztea.

Lan plangintza hori, curriculuma osatzen duten departamentuko programazio didaktikoei dagozkien adostasun dokumentuekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari erantsiko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

Lan plangintzak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan, bai departamentuburuak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuburuek urte hasieran zehaztutako plangintzaren jarraipena eginen dute etenik gabe, eta, horretarako, departamentuko kide guztiekin lan hori egiteko astero dauden bi orduetan egindako asteko saio guztien aktak idatziko dituzte.

3.2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

A.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eratzea.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendaria, batzordeko burua izanen baita, ikasketaburua eta departamentuburuak.

Batzordeburuak idazkari bat izendatuko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kideen artetik hautatuta.

B.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eskumenak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Curriculum proiektuaren prestaketa zuzendu eta koordinatzea, bai eta egiten ahal zaizkion aldaketak ere, eta hura erredaktatzeaz arduratzea.

b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum proiektua prestatzeko jarraibide orokorrak ezartzea, departamentu didaktikoek gero garatuko dituztenak. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.

c) Hezkuntza proiektuaren, curriculum proiektuaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia bermatzea.

d) Curriculum proiektua eta bere aldaketak klaustroari proposatzea, ebaluatu eta onetsi ditzan.

e) Curriculum proiektua Kontserbatorioko irakas-praktikan betetzen den begiratzea, bai eta haren ebaluazioa egiten den ere.

f) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketaburuarekin bat.

g) Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.

h) Irakasleen klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculum proiektua, hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren irakaskuntza alderdiak, errendimendu akademikoaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.

i) Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta desorekak eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko aplikatu beharreko neurriak edo hartu beharreko erabakiak.

j) Ezarritako espezialitateetan dauden aukerako irakasgaien eskaintza koordinatzea.

k) Kontserbatorioko liburutegiaren funtzionamendua egokia izan dadin laguntzea, Kontserbatorioak berak ezartzen dituen baldintzetan, eta dagokion Ekintza Planaren garapena sustatzea.

l) Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena Eskola Kontseilura igortzea ikasturtearen bukaeran; ikasturteko azken memorian txertatuko da.

3.3. Tutoreak.

A.–Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

LOEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko tutoreen izendapena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioaren etengabeko jarraipena egitea.

4.–Beste eginkizun batzuk.

4.1. Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du, eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko, onets dezan. Plana urteko programazio orokorrean sartuko da, “Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa” atalean. Lan plan horretan, ikastetxeko orkestrak ikastetxearen ordezkari gisa urtean eskainiko dituen emanaldi batzuk jaso beharko dira. Emanaldi horiek zuzendaritza taldeak eskatuta edo Hezkuntza Departamentuak eskatuta eginen dira. Halaber, egin dituen jardueren azken memoria prestatu beharko du, ikastetxearen ikasturte bukaerako memorian sartu beharko dena.

Orkestraren arduraduna espezialitateko irakasle bat izanen da, eta hura izendatzeko, eranskin honen IV. ataleko (Irakasleak) 3. puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.

Ikastetxeko orkestraren jarduerak Orkestra irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez gero.

Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren proba saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilera hori irakasgaien helburu didaktikoetarako bideratuko dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.

4.2. Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia berrien arduradunak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ikastetxeko ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatu eta mantentzea, ikastetxeko sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea.

4.3. Mugikortasun Programen arduraduna (Erasmus +).

Mugikortasun Programen arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta burutzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburuak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.

b) Kontserbatorioko ikasle eta irakasleek aurreikusiak edo eginak dituzten joan-etorriei buruzko informazioaren berri ematea Hezkuntza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.4. Artea Garatu eta Sustatzeko arduraduna.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxeko jarduera artistikoak eta osagarriak programatu, antolatu eta garatzea.

b) Klaustroarekin eta departamentu didaktikoekin koordinatzea proposatzen diren jarduera eta kontzertuak programatzeko.

c) Ikastetxeko baliabide materialak ezarri eta banatzea, ikuskizunak ongi atera daitezen, guneei, instrumentuei, ikus-entzunezko materialari eta abarrei dagokienez.

d) Hezkuntza komunitateari jakitera ematea ikastetxearen barruan eta kanpoan egiten diren jarduera guztiak.

e) Kontserbatorioaren jarduera artistikoa eta kulturala aditzera ematea Iruñeko, Nafarroako eta beste erkidego batzuetako biztanleei.

f) Irakasleek eta ikasleek proposatzen dituzten ekimenak sustatu eta bultzatzea, baita kanpoko erakundeetatik datozenak ere.

g) Kontserbatorioan eta beste toki batzuetan egiten diren ikuskizunen publizitatea egitea ikastetxeko webgunean, sare sozialen bidez eta hedabide batzuen bitartez.

h) Ikasturtearen bukaeran, memoria zehaztu bat egitea egindako jarduera guztiei buruz.

5.–Zaintza.

Kontuan harturik Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du Kontserbatorioak erantzukizuna duela eskola-ordu guztietan irakasleen arretapeko guneak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, gune horietan beren ikaskuntza prozesuari lotutako zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Kontserbatorioa, eta, hortaz, bertako Zuzendaritza, haren ordezkaria den aldetik, ikasleen arduraduna da eskola-orduetan; beraz, uneoro, zaintzako irakasleren bat egon beharko da Kontserbatorioan.

Hona hemen zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei arreta ematea.

b) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

c) Beren zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara joaten diren eta puntual iristen diren jakinaraztea idatziz.

Ikasketaburuak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen baita beti. Gutxienez honako datu hauek jasoko dira bertan:

–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

–Ikastetxeko edozein gunetan izan diren gorabeherak.

–Gertatu diren istripuak.

–Irakasle zaintzaileen sinadurak.

III.–Irakaskuntzen ordu banaketa.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

2.–“Irakasle Praktikak” irakasgaiaren antolaketa.

Irakasgaiaren arduraduna den irakasleak programa koordinatu beharko du ikasleek praktikak egiteko hautatzen diren musika ikastetxeekin eta ikastetxe horietan tutore lanak eginen dituzten irakasleekin. Gainera, programaren ardura duen irakasleak jarraipena egin beharko du praktikak egiten diren bitartean. Ikasturtean zehar, irakasleak, gutxienez, ordubeteko hamabost saio eginen ditu ikasle talde bakoitzarekin, praktikak prestatzeko, jarraipena egiteko eta praktikei buruzko memoria prestatzeko. Gainerako denbora ikastetxeekin koordinatzeko lanetan, praktiken jarraipenean eta ikasleei arreta ematen erabiliko du. Azkenik, irakasle arduradunak ikasleen ebaluazioa eta kalifikazioa egin beharko ditu. Horretarako kontuan hartuko ditu praktikak egin diren ikastetxeko tutorearen balorazioa, kurtsoaren nondik-norakoak eta ikasle bakoitzak aurkeztu beharko duen memoria.

Irakasgai hau duten ikasleek programari jarraitu beharko diote, irakasle arduradunarekin egin beharreko saioei, esleitzen zaien ikastetxean praktikak egiteari eta memoria prestatu eta aurkezteari dagokienez. Ikasleek kurtso bakoitzeko gutxienez hogeita hamar ordu emanen dituzte esleitzen zaien ikastetxean, irakaslana behatzen eta hartan parte hartzen.

Praktikak musika ikastetxeetan eginen dira; ahal dela, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean.

IV.–Irakasleak.

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko hogeita bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek, gutxienez lau egunetan banatuak. Irakasleek aldi horietarako ordutegi proposamen indibidual bakarra aurkeztu beharko diote ikasketaburuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dena.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean Kontserbatorioko jardueretan. Denbora hori eskola-orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrekoak ez direnak, irakaskuntza-jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta hautapen probetako epaimahai eta batzordeetan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Eskola-orduak.

Oro har, ikasleei eskola zuzenean emateko erabiltzen direnak jotzen dira eskola-ordutzat.

Astean egin beharreko eskola-orduen kopurua Departamentuak ezarritako araudi indardunean finkatutakoa izanen da.

Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere eskola-ordutegitik gehienez ere 38 eskola-ordu erabiliko ditu karguari dagozkion eginkizunetan, bere irizpidearen arabera banatuta.

Dena dela, puntu honetan xedatutakoa egokitu beharko da, ikastetxeetako zuzendaritza taldeen funtzionamendurako behar diren antolaketa neurriak aplikatzeko indarra duen araudian ezarritakoa bete dadin.

b) Kontserbatorioko Orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak bere eskola-ordutegitik astero 6 ordu emanen ditu lan horietarako, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 3 ordu osagarri, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

c) Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia Berrien arduradunak astean 4 eskola-ordu izanen ditu eginkizun horietarako, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 4 ordu osagarri, gehienez.

Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

d) Mugikortasun Programen arduraduna.

Kontserbatorioko Mugikortasun Programen arduradunak bere eskola-ordutegitik astero 3 ordu emanen ditu bere karguari dagozkion eginkizunetan, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, ordu osagarri bat, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

e) Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.

Teknologia Berrien arduradunak astean 3 eskola-ordu izanen ditu eginkizun horietarako, eta, ikastetxeko beharrek horretarako aukera emanez gero, 3 ordu osagarri, gehienez. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

f) Instrumentalak ez diren bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Instrumentalak ez diren irakasgaien irakasleen kasuan, bostetik zazpira bitarte irakasgai ematen dituztenei ordubeteko murrizketa eginen zaie beren eskola-ordutegian; zortzi edo bederatzi irakasgai ematen dituztenei bi ordu murriztuko zaie eskola-ordutegia; eta hamar ordu edo gehiago ematen dituztenei hiru orduko murrizketa eginen zaie eskola-ordutegian. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.

g) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

h) Departamentuko burutza.

Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait eskola-ordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte curriculum proiektuak idatzi edo berrikusteari loturiko lanetarako.

i) Ikerketa.

Ikerketa proiektu bat esleiturik duten irakasleek 3 eskola-ordu izanen dituzte horretan erabiltzeko.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak baturik, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko. Ordutegia egiten denean ahaleginak eginen dira ikasleen ordu libreak eta ikasleei arreta emateko tutoreari esleitzen zaizkion orduetariko bat behintzat bateratzeko, tutorea ikasleekin biltzeko aukera egon dadin.

c) Astean ordu bat irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

d) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

a), b), c) eta d) ataletan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:

a) Orkestrako, abesbatzako, bandako eta big bandeko arduradunei laguntzeko orduak.

b) Liburutegian, ikastetxeko aldizkarian eta webgunearen, Facebooken eta blogaren mantentze-lanetan laguntzeko orduak.

c) Irakasle taldeek Kontserbatorioak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.

d) Zaintza-orduak.

e) Beste batzuk. Irakasleek beren lanorduak erabiltzeko proposamena aurkezten ahalko dute irailean. Dagokion departamentu didaktikoak proposamen hori onetsi beharko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera, eta, horrez gain, ikastetxeko zuzendaritzak ikus-onetsi beharko du. Jarduera amaitutakoan, irakasleak memoria bat aurkeztuko dio bere departamentuburuari.

D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroko bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan. Era berean, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza proiektuak ikasketa plan berrietara urratsez urrats egokitzeko prozesuari buruz ezartzen diren balizko lan planetan lan eginen dute. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte har dezaten.

d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.

Jarduera jakin batzuk egiteko, astean tarte komun bat gordeko da ordutegian, eta irakasle guztiek gutxienez 2 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak eta, oro har, Kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburuak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezartzen dituen irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan jasotakoari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, Kontserbatorioaren beharrek izanen dute.

Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die departamentuei.

Ordutegiak prestatzean kontuan hartuko da “Pablo Sarasate” Kontserbatorio Profesionalean ere irakasten duten irakasleen egoera, bi kontserbatorioetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.

Irakaslana, lehenbizi, espezialitate bakoitzeko katedradunen artean banatuko da. Irakaslan hori oso-osorik ezin badute bete, atal honetan aipatutako kategoriak ere sartuko dira sisteman, ezarritako ordenaren eta beharren arabera.

Antolaketak horretarako aukera emanez gero, irakaslana beteko duten katedradun, irakasle eta profesional espezialisten multzoa zehaztu ondoren, taldeak eta ikasleak hautatzeari ekinen zaio. Hautapen horretan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honako prozedura hau erabiliko da:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola-ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Zentroko zuzendaritzak departamentu bakoitzari dagozkion ordu kopuruak esleituko ditu; lehenbizi, espezialitate bakoitzeko katedradunen orduak beteko ditu. Irakaslan guztia horrela betetzerik ez badago, departamentuko gainerako orduak irakasle eta profesional espezialistei esleituko zaizkie.

Lehentasun ordena:

Ikasleak edo ikasle taldeak hautatzeko orduan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honako prozedura hau erabiliko da:

Lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola-ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; aktaren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.

Goian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko lehentasun-ordena honako hau izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, kasuan kasuko espezialitateko titularrak.

2. Beste espezialitate batzuetako Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, irakatsi nahi duten espezialitateko titulazioa dutenak.

3. Zerbitzu eginkizunetan dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleak.

4. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleak, instrumentu arloko prestakuntza osagarria eta/edo musikako hizkuntza eta teknikak irakasten dutenak.

5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

6. Aldi baterako irakasle kontratudunak eta profesional espezialistak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko lau atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Kontserbatorioan antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan edo Administrazioan lehenik sartu izana, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

6. atalean, lehentasuna ezarriko da irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.

Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kide guztien eskola-orduak eta derrigorrez Kontserbatorioan egin behar dituzten gainerakoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta ematen zaien eta ordu guztiak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, kontuan hartuta irakasleen klaustroak ordutegiak prestatzeko ezarri dituen irizpide pedagogikoak, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.

Irakasleen eskola-ordutegia astean lau egunetan gutxienez banatuko da, lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere, egunean 6 eskola-ordu izanen dituzte gehienez.

Bestalde, Kontserbatorioko irakasle guztiek ikastetxean egon beharreko orduetatik bi gutxienez gorde beharko dituzte klaustroaren bileretan, ebaluazio saioetan, ikasleen bileretan eta Kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako programatzen diren bestelako jardueretan parte hartzeko, eta ordu horiek berberak izanen dira irakasle guztientzat, batera egon daitezen.

Ordutegi orokorraren barnean, Kontserbatorioak ezartzen duen ordu tarte egokienean –egunero 4 ordu gutxienez astelehenetik ostiralera– zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:

–Denbora hori beste ikasle batzuei arreta emateko erabil daiteke: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sendotzeko, etab.

–Beste jarduera batzuk egiteko.

–Material pedagogikoa prestatzeko.

–Beste batzuk.

Instrumentuen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat agertzen ez bada, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta agertu ez den ikasleari dagokion denbora ezin izanen da murriztu irakasleak eskolak emateko dituen ordu guztien multzotik.

Zuzendariak onetsiko du Kontserbatorioko ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Ikastetxearen egoera agertzen duen informazioak iragarki-taulako toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta sarbide guztietan egon beharko du denbora guztian. Informazio horretan, bereziki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, zehazki, bakoitzaren eskola orduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.

Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza Kontserbatorioan zein ordutan egonen den adieraziko da.

Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten “Pablo Sarasate” Musikako Kontserbatorio Profesionaleko irakasleek eta, orobat, “Pablo Sarasate” Musikako Kontserbatorio Profesionalean eskolak emanez ordutegia bete behar duten Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko irakasleek bi ikastetxeetako departamentu didaktikoetarako ezarritako lehenespen prozesuetan parte hartu beharko dute.

4.–Goi mailako musika ikasketetan irakasteko betebeharrak.

Oinarritzat harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) apartatua (haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak betetzeko modua arautu zen), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.

Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren Musikako eta Dantzako goi mailako irakaskuntzekin loturik dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, “Instrumentu arloko prestakuntza osagarria” eta “Musikako hizkuntza eta teknikak” jakintzagaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.

5.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak Kontserbatorioan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian (https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/incapacidad-temporal) ezarritakoari jarraituko zaio.

Irakaslea agertzen ez bada, hutsegiteen egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Hutsegiteen egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.

Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat lantokira bidali edo han aurkeztu beharko da ahalik eta lasterren, ikastetxean bajaren eta altaren data zehatzen berri izan dezaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta eginbeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta jokabide horren ondorioak ikastetxeko Bizikidetza Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea gaitasunak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI.–Onartzeko araubidea eta matrikulazioa.

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk.

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.

Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Irakasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili beharko dituzte, bai tutoretzan, bai beren harreman profesionaletan.

3.–Kontserbatorioko langileen jarduerak

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egiteko, Kontserbatorioko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

4.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Kontserbatorioak ikasle guztien eta hezkuntza komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak betetzen dituen ingurune egokia sortzea sustatuko du, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Helburu horrekin, proposatzen da hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sustatzeko proposamenak sartzea, honako alderdi hauei lotuak: elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputzaren eta gorputz jarreren higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa eta droga-menpekotasunen prebentzioa.

Orobat, Eskola Kontseiluak erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) zorrozki betearazi behar du eta neurri egokiak ezarri behar ditu Kontserbatorioan edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzerakoan.

5.–Bizikidetza.

Ikastetxe bakoitzaren bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko, indarkeria mota guztiak saihesteko eta gatazken, eskola-jazarpenaren, abusuen eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen segurtasun fisikoa, emozionala edo pertsonala arriskuan jartzen duten diskriminazioaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko.

Programazio horretan nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egin eta tratu onak ikasteko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko eta eskola-jazarpena desagerrarazteko jarrera irmoa lantzeko orduan.

Hezkuntza Departamentuak, “Laguntza” programaren eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez, bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du. Gainera, erraztasunak emanen ditu bizikidetza batzordeko kideek pixkanaka-pixkanaka gatazkak konpontzeko eta eskola bitartekari aritzeko behar den prestakuntza lor dezaten, indarkeria, jazarpena edo tratu txarrak gertatzen direnean azkar eta kalitatez esku har dezaten.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta zenbait kasuren aurrean (suizidioak, doluak eta abar) berariazko erantzuna bideratzeko. Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta webgune honetan bildu den bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira egokitu:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/educacion-en-valores/asesoria-para-la-convivencia

6.–Kontserbatorioaz kanpoko jendea sartzea.

Kontserbatorioan edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da Kontserbatorioko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

7.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F1910620