171. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

281E/2019 FORU AGINDUA, abuztuaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, Helduentzako Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala ezartzen duena.

Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 25ean emandako 9/1996 Foru Aginduak Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoa eratu zuen, besteak beste, txertaketa programak diseinatu, ezarri eta ebaluatzen laguntzeko, immunizazioaren bidez galaraz daitezkeen eritasunen egoera epidemiologikoa aztertuz, gaixotasun kutsagarriak kontrolatzeko osasun erakunde nazionalen eta nazioartekoen gomendioak kontuan hartuz, eta Foru Komunitateko txertaketen egutegia irizpide horietara egokituz.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 21eko 349/2015 Foru Aginduaren bidez, Helduentzako Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala ezarri zen.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Batzordeak helduen eta adin guztietako arrisku taldeen eta zenbait egoeretako txertaketerako gomendioak onetsi zituen. Haiei egokitzeko asmoz, Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoak proposatu du helduentzako zenbait txertotarako finantzazioa handitzea. Hori horrela, beharrezkoa da txertaketen beste egutegi ofizial bat onestea.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 33.1 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Osasun Departamentuari dagozkio, besteak beste, osasun publikoaren arloa planifikatu eta antolatzeko eginkizunak. Arlo horretan sartzen dira osasuna babesteko jarduerak, hala nola helduen txertaketen egutegi ofizialean ezarritako txertaketa sistematikoak.

Horrenbestez, Osasuneko zuzendari nagusiak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Txertaketa sistematikoak.

Helduentzako Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala ezarri da, txertaketa sistematiko hauekin:

a) Gripearen aurkako txertoaren dosi bat urtean, 60 urtetik gorako pertsona guztientzat.

b) Tetanos-difteriaren (Td) aurkako karga murriztuko dosi bakar bat emanen zaie, 65 urtetan, oroigarri gisa, adin hori betetzean lehendik tetanos aurkako txertoaren 5 dosi dokumentatuta dituzten pertsona guztiei; betiere, azken dositik 10 urte iragan badira. Azken dositik 10 urte baino gutxiago iragan badira, 10 urteko epea betetzen den datan aplikatuko da hura.

Tetanos-difteriaren (Td) oroigarri dosia ematen jarraituko zaie 10 urtean behin tetanosen aurkako txertoaren bost dosi edo gehiago dokumentatuta ez dituzten lehentxertatuei, bost dosiak osatu arte.

Lehendik osatua ez dutenei eginen zaie tetanos-difteriaren (Td) lehentxertaketa. Kasu horietan hasierako dosia aplikatuko da, 4 aste iragandakoan bigarren dosia, eta hirugarrena gutxienez ere 6 hilabeteko tartea utzita bigarrenetik.

c) Pneumokokoaren aurkako txerto polisakarido 23-valentearen (V23V) dosi bat 65 urtetik gorako pertsona guztientzat.

2. artikulua. Gripearen aurkako txertaketa.

Urtero jarriko zaie gripearen aurkako txertoa arrisku faktoreak dituzten 60 urtetik beherako pertsonei (foru agindu honen I. eranskinean aipatzen dira).

3. artikulua. Difteria-tetanosaren eta kukutxeztularen aurkako txertaketa.

Difteria-tetanos-pertusis zelularraren dosi bat (dTpa), karga txikikoa, aplikatuko zaie ondoren aipatzen diren guztiei: pediatria eta obstetrizia arloetan lan egiten duten osasun-langileei, haurdunaldiko hirugarren hiruhilekoan dauden emakumeei, organo solidoaren transplantea dutenei edo transplantearen zain daudenei, eta minbizia edo hemopatia gaiztoa dutenei.

Guraso hematopoietikoen transplantea jaso duten eriek difteria, tetanos eta pertusisen antigenoen lau dosi hartuko dituzte, txerto hexabalente moduan emandakoak, pauta honekin: transplantea jaso eta 7, 8, 9 eta 18 hilabetetara.

4. artikulua. Elgorriaren, errubeolaren eta parotiditisaren aurkako txertaketa.

1970. urtetik aurrera jaio eta elgorria, errubeola eta parotidisa nozitu izanaren ebidentziarik ez duten pertsona guztiek txerto hirukoitz birikoaren (TV) bi dosi izan beharko dituzte dokumentatuta. Hiru gaixotasunetatik edozein jasateko joera izan eta txertorik hartu ez edo dosi bakarra hartua dutenek bi dosi osatu arte immunizatuko dira, haien artean gutxienez ere 4 aste utzita.

5. artikulua. Barizelaren aurkako txertaketa.

Barizela izateko joera duten Nafarroako pertsona guztiek beren txertaketa osatuko dute barizelaren (V) aurkako txertoaren bi dosi dokumentatu arte, haien artean gutxienez ere 4 aste utzita.

6. artikulua. Poliomielitisaren aurkako txertaketa.

Basa birusak direla-eta azken urtean poliomielitis kasuak Osasunaren Mundu Erakundeari jakinarazi dizkioten herrialdeetatik datozen pertsona heldu guztiek eta haiekin bizi direnek inaktibatutako polioaren aurkako txertoaren 3 dosi (0-1-6 hilabete) hartuko dituzte. Hemen kontsultatzen ahal da herrialde horien zerrenda eguneratua: http://polioeradication.org/polio-today/polio-now/.

Guraso hematopoietikoen transplantea jaso dutenak txerto hexabalenterako ezarritako pautarekin immunizatuko dira.

7. artikulua. Gaixotasun pneumokozikoaren aurkako txertaketa.

Nafarroan bizi diren helduek, foru agindu honen II. eranskinean sartuta daudenek, pneumokokoaren aurkako txerto konjugatu 13-valentearen (VNC13) edo/eta pneumokokoaren aurkako txerto polisakarido 23-valentearen (VPN23) dosi bat hartuko dute.

8. artikulua. Giza papilomaren birusaren aurkako txertaketa.

1. 1992ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta Nafarroan bizi diren emakume guztiek, 26 urtetik beherakoek eta lehendik immunizatu ez direnek giza papilomaren birusaren aurkako txertoaren hiru dosi hartuko dituzte, aplikatzen zaien farmazia prestakinaren araberako pautarekin. Aurretik immunizatuta ez dauden 26 urtetik gorako emakumeek ere, sexualki aktiboak badira, giza papilomaren birusaren aurkako txertoaren hiru dosi hartuko dituzte, medikuak hala aginduta, arrazoi hauengatik:

a) Zerbixaren tratamendu eszisionala.

b) Sortzetiko edo eskuratutako immunoeskasiengatik, GIBak eragindako infekzioa barne.

c) Botika immunoezabatzaileekin tratatu behar diren gaixotasunak.

d) Organo solido baten transplantea edo guraso hematopoietikoena.

e) WHIM sindromea.

2. Hiru dositako txertaketa zabalduko da egoera hauetan dauden gizonentzat:

a) GIBak eragindako infekzioa edo WHIM sindromea.

b) 26 urtetik beherakoak eta prostituzio egoeran daudenak.

c) 26 urtetik beherako gizonekin sexua daukatenak.

9. artikulua. B hepatitisaren aurkako txertaketa.

1980ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta lehendik immunizatuta ez dauden Nafarroako heldu guztiek B hepatitisaren aurkako txertoaren hiru dosi hartuko dituzte 0, 1 eta 6 hilabeteko pautarekin. 1980 baino lehenago jaiotako Nafarroako biztanle guztiek ere, aldez aurretik immunizatuta ez badaude, B hepatitisaren aurkako txertoa hartuko dute, foru agindu honen III. eranskinean ageri diren jarraibide mediko, epidemiologiko edo lanbidekoen arabera.

10. artikulua. ACYWaren bidezko gaixotasun meningokozikoaren aurkako txertaketa.

Nafarroan bizi eta lehendik immunizatuta ez dauden 18 urtetik gorako pertsona guztiek ere hartuko dute ACYW serotipoen bidezko gaixotasun meningokozikoaren aurkako txertoa, foru agindu honen IV. eranskinean ezarritako jarraibideen arabera.

11. artikulua. B serotipoen gaixotasun meningokozikoaren aurkako txertaketa.

Nafarroan bizi eta aldez aurretik immunizatuta ez dauden heldu guztiek B serotipoko (4CMenB) gaixotasun meningokozikoaren aurkako txerto tetravalentearen bi dosi hartuko dituzte, bien artean lau aste utzita, foru agindu honen V. eranskinean adierazten diren jarraibide mediko, epidemiologiko edo lanbidekoen arabera.

12. artikulua. b motako haemophillus influenzae-ak eragindako gaixotasunaren aurkako txertaketa.

Aldez aurretik immunizatuta ez dauden Nafarroako heldu guztiek b motako haemophillus influenzae-ak (Hib) eragindako gaixotasunaren aurkako txertoaren dosi bat hartuko dute, foru agindu honen VI. eranskinean adierazitako jarraibideen arabera.

13. artikulua. A hepatitisaren aurkako txertaketa.

Gaixotasuna hartzeko joera duten Nafarroako heldu guztiek A hepatitisaren txertoaren bi dosi hartuko dituzte, bien artean sei hilabete utzita, foru agindu honen VII. eranskinean adierazten diren jarraibide mediko, epidemiologiko edo lanbidekoen arabera.

14. artikulua. Zoster herpesen aurkako txertaketa.

Ondoko pertsona hauei gomendatuko zaie Zoster herpesen aurkako txerto inaktibatua hartzea, beren patologiari egokia zaion pautarekin:

–Organo solidoaren transplantea daukatenei, edo egin behar dutenei, edo egin berri dutenei.

–Guraso hematopoietikoen transplantea dutenei.

–GIBak eragindako infekzioa dutenei.

–JAKaren aurkako farmakoen tratamendua hartzen dutenei.

Txerto hau dagoen eskuragarritasunaren arabera emanen da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Txertaketarako jarraibideak haurrei zabaltzea.

Foru agindu honek biltzen dituen txertaketarako jarraibide guztiak txertoak jaso ez dituzten eta baldintza kliniko edo epidemiologiko berdinak dituzten haur guztiei zabaltzen ahal zaizkie, baldin eta aipatutako jarraibidea fitxa teknikoan badago.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetzen da Osasuneko kontseilariaren abenduaren 21eko 349/2015 Foru Agindua, Helduentzako Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala ezarri zuena, eta foru agindu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko xedapen guztiak indargabeturik gelditzen dira.

Azken xedapenetako lehena.–Txertaketen egutegi ofiziala ezartzeko gaikuntza.

Gaitu egiten da Osasuneko zuzendari nagusia irizpide teknikoak finkatzeko eta beharrezko neurriak hartzeko, Helduentzako Txertaketen Nafarroako Egutegi Ofiziala behar bezala gara eta ezar dadin.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. ERANSKINA

Gripearen aurkako txertoa jartzeko jarraibideak
arriskua duten pertsonentzat

A.–60 urtetik beherako pertsonak, gripearen ondorioz konplikazioak izateko arrisku handia daukatenak:

–Ondorengo gaixotasun hauek dauzkaten helduak, nerabeak eta 6 hilabete baino gehiagoko haurrak:

  • Gaixotasun kardiobaskular kronikoa, hipertentsio arterial isolatua alde batera utzita.
  • Gaixotasun neurologikoa.
  • Biriketako gaixotasun kronikoa, barne direla bronkio eta biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma.
  • Mellitus diabetesa.
  • Obesitate morbidoa (gorputz masaren indizea ≥ 40 helduentzat, ≥ 35 nerabeentzat eta ≥ 3 haurrentzat).
  • Giltzurruneko gaixotasun kronikoa eta sindrome nefrotikoa.
  • Hemoglobinopatiak eta anemiak.
  • Hemofilia eta nahasmendu hemorragiko kronikoak, baita hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak.
  • Asplenia.
  • Gibeleko gaixotasun kronikoa, alkoholismo kronikoa ere barne.
  • Eritasun neuromuskular larriak.
  • Immunoezabatzea (GIBak eragindako infekzioak eragindakoa, edo botika immunoezabatzaileek eragindakoa, eculizumab botikarekin egindako tratamenduak, edo transplanteen hartzaileengan eragindakoa ere barne).
  • Minbizia eta hemopatia gaiztoak.
  • Kokleako inplantea edo horren zain egotea.
  • Likido zefalorrakideoko fistula.
  • Gaixotasun zeliakoa.
  • Gaixotasun inflamatorio kronikoa.
  • Disfuntzio kognitiboa dakarten gaixotasunak eta nahasmenduak (Down sindromea, dementziak eta beste batzuk).

Ahalegin berezia eginen da aldian aldiko jarraipen medikoa behar dutenekin edo azken urtean ospitalizatu direnekin.

–Emakume haurdunak, haurdunaldiko edozein hiruhilabetetan.

–Azido azetil salizilikoarekin tratamendu luzea hartzen duten 18 urte arteko nerabeak, gripe ondoan Reye sindromea garatzeko aukera dutelako.

–Edozein adinetako gaixo kronikoei laguntza ematen dieten egoitza, erakunde edo zentroetan bizi diren pertsonak.

B.–Konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gripea kutsatzen ahal dieten pertsonak.

–Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetan lan egiten duten pertsonak, bai oinarrizko osasun laguntzan bai laguntza espezializatuan eta ospitalean, publikoa zein pribatua izan. Ahalegin berezia eginen da deskribatu diren arrisku handiko taldeetako pazienteei arreta ematen dieten profesionalekin.

–Geriatrikoetan edo gaixo kronikoak artatzeko zentroetan lan egiten duten pertsonak; bereziki, gaixotzeko joera dutenekin etengabeko harremana dutenak.

–Arrisku handiko pazienteak edo adin handikoak etxean zaintzen dituzten pertsonak.

–Etxean 2. puntuan aipatu diren arrisku handiko taldeetakoekin bizi diren pertsonak, 6 hilabete baino gehiago dauzkaten haurrak barne.

–Osasun zentroetan praktiketan dauden ikasleak.

C.–Txertaketa gomendatua duten beste talde batzuk.

–Oinarrizko edo funtsezko zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonak.

  • Estatuko segurtasun indar eta kidegoak, estatuaren, autonomia erkidegoaren edo udalaren menpe egon.
  • Suhiltzaileak.
  • Babes Zibilerako zerbitzuak.
  • Osasun arloko larrialdi zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak.
  • Espetxeetako eta ebazpen judizial bidezko barneratzeko zentroetako langileak.
  • Hezkuntza maila guztietako irakasleak.

–Beren lana dela-eta, hegazti edo zerri ustiategietan etxe hegaztiekin edo zerriekin zuzenean egoten diren pertsonak, baita basa hegaztiekin egoten direnak ere. Xedea da giza birusak eta hegazti edo zerri birusak infekzio konkomitante bat sortzeko arriskua gutxitzea, bi birusen artean gerta litezkeen birkonbinazioak edo truke genetikoa izateko aukerak murriztuz.

II. ERANSKINA

Pneumokokoaren aurka txertatzeko jarraibideak

JARRAIBIDEA

14-65 URTE

≥ 65 URTE

1.–Arrisku faktorerik gabeko pertsonak

-

VPN231

2.–ENI izateko arrisku faktoreak dituzten pertsonak

a) Immunodepresioa duten pertsonak

Immunoeskasia humoralak edo zelularrak, konplementuaren eskasiak eta fagozitosiaren nahasmenduak

Pauta sekuentziala

(VNC13 + VPN23)2, 7

Neoplasiak eta hemopatia gaiztoak (Leuzemia, linfoma, mieloma anizkoitza eta Hodgkin-en gaixotasuna3)

GIBak eragindako infekzioa

Giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa (KDIGO4 4. eta 5. estadioak) eta sindrome nefrotikoa

Tratamendu immunoezabatzailea, dosi immunoezabatzaileetan esteroideak edo agente biologikoak erabiltzen dituztenak barne3

Asplenia edo disfuntzio espleniko larria (igitai formako zelulen anemia) duten pertsonak eta erauzketa kirurgiko programatua dutenak

Organo solidoaren transplantea5

Guraso hematopoietikoen transplantea

Pauta sekuentziala

(VNC13 (x3) + VPN23)6, 7

b) Patologia kronikoa duten pertsona immunogaiak

Likido zefalorrakideoko fistulak

Pauta sekuentziala

(VNC13 + VPN23)2

Kokleako inplanteen eramaileak

ENI edukitzearen aurrekari berretsiak

Gibeleko gaixotasun kronikoa, alkoholismo kronikoa eta zirrosia

Down sindromea

Gaixotasun kardiobaskular eta arnas gaixotasun kronikoa

VPN238

Gaixotasun neurologiko eta neuromuskular larria

Mellitus diabetesa

Gaixotasun zeliakoa

Instituzionalizatutako pertsonak

(1) (1) Dosi oroigarri bat jartzea 65 urtetan (VPN23) lehendik VPN23 dosi bat hartua duten guztiei; betiere, 5 urteko tartea beharko da azken VPN23 dosia hartu zenetik.

(2) Hauxe da pauta sekuentziala: VNC13 dosi bat diagnostikoaren unean eta, gutxienez ere 8 aste ondoren VPN23 dosi bat. Bost urte iragan ondoren, azken VPN23 dosia gomendatzen da.

(3) Terapia hasi aurretik txertatzea da onena. Bestela, pauta bera kontsultara etortzerakoan edo mantentze terapian.

(4) Giltzurrun-gutxiegitasuna FG < 30 ml/minutu/1,73 m-rekin3.

(5) Tratamendu immunoezabatzailea hasi aurretik txertatzea da onena. Bestela, transplante ondotik sei hilabeteren buruan emanen da pauta sekuentziala, eta, bost urte iraganik, azken VPN23 dosia.

(6) Guraso hematopoietikoen transplanteetan (TPH), hasi txertaketa transplantetik 3 hilabetera hiru VNC13 dosirekin, haien artean hilabetea utzita (zein den ere adina) eta VNP23 txertoaren dosi bat transplantetik 12 hilabeteren buruan (EICH kronikoaren kasuan, VNC13 txertoaren 4. dosia); jarri VNP23 txertoaren dosi oroigarri bat aurreko dositik 5 urtera.

(7) VPN23 txertoaren dosi bat aurretik hartua izanez gero, pauta bera aplikatuko da, baina, gutxienez ere, 12 hilabeteko tartea utzita VPN23 txertoaren azken dositik pauta sekuentziala hasi arte. VPN23 txertoaren bi dosi hartu badira 64 urte bete baino lehen, 65 urtetik aurrera hartuko da hirugarrena; betiere, 5 urte edo gehiago beharko dira iraganak egon azken dositik.

(8) VPN23 txertoaren dosi bat, onena prozesu morbidoaren hasieran, eta beste bat 65 urtetik aurrera; betiere, 5 urte edo gehiago beharko dira iraganak egon azken dositik.

III. ERANSKINA

Helduak B hepatitisaren aurka txertatzeko jarraibideak

3 dosikoa da txertaketaren oinarrizko pauta, gutxienez ere hilabeteko tartea utzita 1. eta 2. dosien artean, eta 2 hilabetekoa 2. eta 3. dosien artean (eta gutxienez ere 4 hilabete 1. eta 3. dosien artean). Erabiliko den ohiko eskema 0-1-6 hilabetekoa da.

16 urte baino gutxiagokoekin, erabili haurrentzako aurkezpena.

Markatzaile serologikoak egin (antiHBc, antiHBs eta AgHBs) arrisku handikoei txertoa jarri baino lehen.

Honako ezaugarri hauetakoren bat dutenak txertatzea, aurretik txertorik hartu ez badute:

a) Medikoak:

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, dialisia eta predialisia. Kasu hauetan hiru dosiko pauta erabili behar da, 0-1-6 hilabeteetan, 40 μg-ko txertoarekin, edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabeteetan, txerto gehigarriarekin.

–Gibeleko gaixotasun kronikoa, alkoholismo kronikoa eta zirrosia.

–Hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak.

–Sortzetiko immunoeskasiak.

–GIBak eragindako infekzioa. Egungo immunoezabatzearen kasuan, hiru dosiko pauta erabili behar da, 0-1-6 hilabeteetan, 40 μg-ko txertoarekin, edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabeteetan, txerto gehigarriarekin.

–Organo solido baten transplantea edo haren zain. Kasu hauetan hiru dosiko pauta erabili behar da, 0-1-6 hilabeteetan, 40 μg-ko txertoarekin, edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabeteetan, txerto gehigarriarekin.

–Guraso hematopoietikoen transplantea. Txerto hexabalente moduan emanen da.

–Botika immunoezabatzaileekin tratatu behar diren gaixotasunak, edo behar hori izan dezaketenak. Tratamendu immunoezabatzailea hasi bada, hiru dosiko pauta erabili behar da, 0-1-6 hilabeteetan, 40 μg-ko txertoarekin, edo lau dosiko pauta espezifikoa, 0-1-2-6 hilabeteetan, txerto gehigarriarekin.

–Down sindromea.

b) Epidemiologikoak:

–B hepatitisaren eramaile kronikoen sexu bikotekideak eta haiekin bizi direnak.

–Aurreko 6 hilabetean sexu bikotekide bat baino gehiago izan duten pertsonak.

–Sexua gizonekin daukaten gizonak.

–Berriki sexu transmisioko infekzioa (STI) izan duten pertsonak eta STIko kontsulten erabiltzaileak.

–Prostituzio egoeran dauden pertsonak.

–Injektatzen diren drogen erabiltzaileak.

–Desgaitasun psikikoa duten pertsonei arreta emateko zentroetako egoiliarrak eta erabiltzaileak.

–Presoak (bereziki, 6 hilabeteko kondena baino handiagoa dutenak).

–Herrialde endemikoetatik datozenei (Europako iparraldetik eta mendebaldetik, Ipar Amerikatik, Mexikotik, Hego Amerikako hegoaldetik, Australiatik eta Zelanda Berritik heldu ez diren guztiei) markatzaileen frogak (AgsHB, antiHBs, antiHBc) egin ondoren.

c) Lanbidekoak (mutualitateek/lan osasunaren zerbitzuek bakarrik eginen dute txertaketa):

–Osasun arloko langile eta ikasleak.

–Langile ezinbestekoak, endemia altuko edo baldintza higieniko-sanitario eskasak dituzten eta B Hepatitisaren birusak infektatuak izateko arrisku handiagoa dauzkaten pertsonak dauden tokietara joaten direnak.

–Odolez kutsatzeko arriskua duten zerbitzu publikoetako langileak.

–Espetxeetako, desgaitasun psikikoa duten pertsonei arreta emateko zentroetako, adingabeak hartzen dituzten zentroetako eta akupuntura, tatuaje eta piercing establezimenduetako langileak.

–Parke eta lorategietako garbitzaileak eta zabor biltzaileak.

Esposizio-arrisku handia eta serologia negatiboa zeukaten pertsonek, haurtzaroan txertoa era egokian hartu zutenek, dosi bat hartu beharko dute, eta handik hilabetera serologia errepikatu. Berriz negatiboa bada, pauta osatu eta serologia errepikatu beharko dute. Pazientearen historia klinikoan jaso behar da txertoari nola erantzun zaion.

IV. ERANSKINA

ACYW serotipoko gaixotasun meningokozikoaren aurka txertatzeko jarraibideak

Ondoko pertsona hauei gomendatuko zaie Men ACWY txerto konjugatua hartzea, beren patologiari egokia zaion pautarekin:

–Konplementu-sistemaren defizita, eculizumabaren tratamendua ere barne.

–Asplenia edo disfuntzio espleniko larria (igitai formako zelulen anemia) duten pertsonak eta erauzketa kirurgiko programatua dutenak.

–GIBak eragindako infekzioa.

–Gaixotasun meningokoziko inbaditzailearen gertakaria izan duten pertsonak.

–Guraso hematopoietikoen transplantea dutenei.

–Neisseria meningitidisarekin lan egiten duten laborategiko langileak.

V. ERANSKINA

B serotipoko gaixotasun meningokozikoaren aurka txertatzeko jarraibideak

Ondoko ezaugarri hauek dauzkaten pertsonei 4CMenB txertoa ematea gomendatzen da, beren adinari edo patologiari egokia zaien pautarekin:

–Konplementu-sistemaren defizita, eculizumabaren tratamendua ere barne.

–Asplenia edo disfuntzio espleniko larria (igitai formako zelulen anemia) duten pertsonak eta erauzketa kirurgiko programatua dutenak.

–Gaixotasun meningokoziko inbaditzailearen gertakaria izan duten pertsonak.

–Guraso hematopoietikoen transplantea.

–Neisseria meningitidisarekin lan egiten duten laborategiko langileak.

VI. ERANSKINA

B motako Haemophillus influenzae-a delakoaren aurka txertatzeko jarraibideak

Gomendatzen da Hib txertoaren dosi bat ematea egoera kliniko hauetako batean dauden pertsonei:

–Konplementu-sistemaren defizita, eculizumabaren tratamendua ere barne.

–Asplenia edo disfuntzio espleniko larria (igitai formako zelulen anemia) duten pertsonak eta erauzketa kirurgiko programatua dutenak.

Guraso hematopoietikoen transplantearen kasuan, txertaketa hexabalentea erabiliko da.

Eculizumabarekin tratatzeko edo esplenektomian zain dauden pertsonei tratamendua hasi edo ebakuntza egin baino 2 aste lehenago, gutxienez ere, aplikatu behar zaie txertoa.

VII. ERANSKINA

A hepatitisaren aurka txertatzeko jarraibideak

1964 baino lehen jaiotakoak immunetzat jotzen dira. Zalantza izanez gero, aurretik serologia eginen da, eta txertoa jarriko zaie seronegatiboei. A hepatitisaren aurka txertatzea gomendatzen zaie immune ez diren pertsonei ezaugarri hauetakoren bat badute:

–Medikoak:

  • Gibeleko gaixotasun kronikoa, alkoholismo kronikoa eta zirrosia.
  • GIBak eragindako infekzioa.
  • Mukobiszidosia.
  • Paziente hemofilikoak.
  • Organo transplanterako izangaiak.
  • Hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak.
  • Organo solido baten transplantea (bereziki, gibelaren transplantea).
  • Tratamendu immunoezabatzailea botika hepatotoxikoekin (Ziklosporina, Takrolimus, Metotrexato, Azatioprina, 6-merkaptopurina eta 6-tioguanina, Leflunomida, Sirolimus, Infliximab, Adalimumab, Etanercept, Alefazept).

–Epidemiologikoak:

  • Injektatzen edo erretzen diren drogen erabiltzaileak.
  • Sexua gizonekin daukaten gizonak.
  • Prostituzio egoeran daudenak.
  • A hepatitis kasu batekiko esposizioan egon ondoko profilaxia, zaintza epidemiologikoari buruzko Estatuko protokoloen arabera.

–Lanbidekoak (mutualitateek / lan osasunaren zerbitzuek bakarrik eginen dute txertaketa):

  • Langile ezinbestekoak, endemia altuko edo baldintza higieniko-sanitario eskasak dituzten tokietara joaten direnak. Hondamendien aurkako jarduketetan aritzen diren langileak.
  • Laborategietan A hepatitisaren birusarekin diharduten langileak.
  • Gizakiak ez diren primateekin diharduten langile eta ikertzaileak.
  • Hondakin urekin diharduten langileak.
  • 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan lan egiten duten langileak.

Iragarkiaren kodea: F1910613