168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

108/2019 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Enerfín Sociedad de Energía SLU izendatzen duena nodoko solaskide bakar Muruarte 220 kV-eko posizio berri batean.

2019ko ekainaren 11n, Rocío de la Revilla García andreak (IFZ B84220755), Enerfín Sociedad de Energía SLU ordezkatuz eta haren izenean, eskabidea aurkeztu du Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusian, zeinean eskatzen baitu nodoko solaskide bakar izendatzeko Muruarte 220 kV-eko posizio berri batean.

Eskabidean esaten da Enerfín Sociedad de Energía SLU hiru proiektu eoliko sustatzen ari dela, 110 MW-ko potentziarekin, eta horretarako jarri dituela garraio-sarerako sarbide eta konexiorako prozedurei dagozkien abalak, Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/200 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. Eranskinak hauxe xedatzen du:

“Sorgailu batek baino gehiagok garraio sarearekin konektatzeko puntu bera dutenean, batera eta nodoko solaskide bakar batek koordinatuta egin beharko da sarerako sarbide eta konexiorako prozeduren tramitazioa, sistemaren operadorearen eta garraiolariaren aurrean, bai eta garraiolariarekiko koordinazioa ere sorkuntza instalazioa zerbitzuan jarri ondoren, eta solaskide horrek sortzaileak ordezkatuz jardunen du, ezartzen diren baldintza eta eginkizunekin”.

Beste alde batetik, Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak honako hau ezartzen du:

“1. Garraio-sareko instalazio planifikatu eta inbertsio-planetan sartutakotzat joko dira, gehienez ere, kale baten baliokide diren posizioak, azpiestazioaren konfigurazioaren arabera; horiei gehitu behar zaizkie lehendik badiren posizioak eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren babesean onartutako garraio-sarearen planifikazioaren dokumentuan jasotakoak, bai eta garraio-sarearen erabiltzaileek erabiltzeari uzten dioten posizioak ere, 23.2 artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzen badira.

2. Garraio-sareko instalazioen titularrek eta garraio-sarearen kudeatzaileek sarbide- eta konexio-baimenak eman ahalko dituzte sortutako energia ebakuatzeko edo banaketa nahiz kontsumoa konektatzeko aurreko apartatuan adierazitako posizioetan, baldintza hauek batera betetzen direnean:

a) Teknikoki eta fisikoki posible izatea.

b) Sorgailuen kasuan, lehendik badiren posizioen bitartez edo garraio-sarearen plangintzan berariaz sartutako posizioen bitartez konektatzea ezinezkoa izatea, arrazoi tekniko nahiz administratiboengatik edo sortutako energiaren ebakuaziorako azpiegituren titularrekin akordiorik ez dagoelako sare horien bidez ebakuatu ahal izateko.

c) Lotutako inbertsio-kostuak posizio horretarako konexioa nahi duten subjektuek ordainduko dituzte, sarearen titularrak beste sare batera konektatzen direnean izan ezik”.

Enerfín Sociedad de Energía SLUk jakinarazi du hainbat elkarrizketa eduki dituela Acciona Energía SArekin, Muruarte 220 kV-eko azpiestazioko posizioaren nodoko solaskide bakarrarekin. Posizio hori 228 MW eolikoek asetzen dute, eta transformadorea ordezkatu da, orain eraikitzen ari diren 49,5 MW-ko bi parke eoliko etorkizunean konektatuko direlako.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarri du Enerfín Sociedad de Energía SLUren eskaera, iragarkia argitaratuz 2019ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 27koan. Ez da alegaziorik edo iruzkinik jaso horren inguruan.

Aurrekoa ikusirik, eta ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da Enerfín Sociedad de Energía SLU izendatzea nodoko solaskide bakar Muruarte 220 kV-eko posizio berri batean, urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enerfín Sociedad de Energía SLU (IFZ B84220755) izendatzea nodoko solaskide bakar Muruarte 220 kV-eko posizio berri batean.

2. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Enerfín Sociedad de Energía SLUri eta Red Eléctrica de España SAUri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 9an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1910647