163. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

“Tudela Renove” proiektuaren eremuan hiria berroneratzeko eta zaharberritzeko obrak egiteko laguntzak arautzen dituen
udal ordenantza. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2019ko maiatzaren 6an egin osoko bilkuran, “Tudela Renove” proiektuaren eremuan zaharberritze-lanak egiteko laguntzak arautzen dituen udal Ordenantza behin-behinean onetsi eta horren ondoriozko izapideak egitea erabaki zuen.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta, 2019ko maiatzaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 102. zenbakian, eta Udaletxeko iragarki-taulan. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.

Ebazpena argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Tuteran, 2019ko uztailaren 12an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

HITZAURREA

Ordenantza hau kokatzen da Udal honek, 2018ko maiatzaren 8an, NASUVINSArekin sinatutako hitzarmenaren baitan. Haren helburua zen Hirigintza Eraberritzeko prozesuak bultzatzea, LIFE-IP NAdapta-Klima Aldaketa Europako Proiektuaren 6.8 - Ekintza Pilotua garatuz, hiri-inguruneen Energiaren Berroneratzeko eta klima-aldaketari begira Egokitzeko.

Tuterako Hirigintza Plan Estrategikoak adierazten du helburu nagusietako bat dela hiri-eredu jasangarri bat sustatzea, dagoeneko eraikia den hiriaren birgaitze eta zaharberritzearen gainean oinarrituta, etxebizitza sozialeko auzoetako eraberritze energetikoa sustatuz, auzokideen bizi-kalitatea hobetuz eta pobrezia energetikoaren kasuak minimizatuz.

Alde batetik, ordenantza honek etxebizitza-eraikinen eta haien instalazioen efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketetarako laguntza orokorrak arautzen ditu. Jarduketa horiekin batera, irisgarritasun unibertsala hobetzeko lanak egin daitezke, eraikinetan nahiz haien inguruetan, arkitektura jasangarria eta ingurumenarekin errespetuzkoa sustatzeko.

Bestalde, helburua da, baita ere, lan mota hauek egin nahi dituzten jabeen komunitateen baitan akordioetara iristea erraztea, dirulaguntza eskainiz kalteberatasun ekonomikorik handieneko egoeran dauden auzokideek ordaindu behar duten kuotaren zati handi bat finantzatzeko.

Beraz, bestelako laguntza bereziak emateko irizpideak ezartzen dira, erreferentzia hartuta urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege-dekretua, trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako urgentziazko neurriak arautzen dituena, babes-neurriak ezartzen baititu kontsumitzaile kalteberak babesteko eta pobrezia energetikoaren aurka, Bono Sozial Elektrikoarekin lotutako hainbat alderdi aldatuz eta, babesa zabaltzeko beste erabilera energetiko batzuetara, erabilera termikoetarako bono soziala (BST) sortuz, era horretan arintzeko etxeen faktura energetikoa berogailu, ur bero edo sukaldeetarako.

Hartan definitzen dira kontsumitzaile kaltebera eta kontsumitzaile kaltebera larriaren figurak, errentaren atalase zehatzetara lotuta, Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoak (IPREM) ezartzen duenaren arabera, etxean bizi direnen kopurua eta erreferentziarako hartzen diren zenbait egoera berezi kontuan hartuta.

Horrenbestez, honen asmoa da dagoeneko eraikia den hiria berroneratzea eta zaharberritzea, helburua dela pobrezia energetikoari aurre egitea eta Klima Aldaketarako egokitzea Tuterako hiri ingurunea.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tuterako Udalak ematen dituen laguntzen erregimen juridikoa arautzea, NASUVINSAren eskualdeko bulegoa - Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoaren (ORVE-EZABU) bidez. Laguntza horien helburua da hirigintza berroneratzeko jarduketak sustatzea, Tudela Renove proiektuaren testuinguruan, herritarren bizimodua hobetzeko eta pobrezia energetikoko kasuak minimizatzeko:

–Etxebizitzen efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna.

–Irisgarritasuna eta erabileraren segurtasuna.

Ordenantza honetan jasotzen diren laguntzak, ordenantzaren beraren manuez gain, honako arautegi hauek arautzen dituzte: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta haren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, eta aplikagarri diren administrazio-zuzenbideko gainerako arauek.

2. artikulua. Eremua.

Laguntzak emanen zaizkie, jabe-komunitateen, etxebizitza-taldeen edo kooperatiben ekimenez, etxebizitza kolektiboetan, 3. artikuluan jasotzen diren obra motaren batean sartzen diren jarduketei. Udalaren ekimenez sustatutako Energia Berroneratzeko Proiektu batean integratuta egon beharko dute, adibidez Tudela Renoven, 1. eranskinean ezarritako mugapenen baitan.

3. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

Babestuko diren jarduketek CTE-HE Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, Energia Aurrezpena, etxebizitzen Efizientzia Energetikoa eta Jasangarritasunaren kasuetarako, eta Irisgarritasun eta Erabileraren segurtasunerako jarduketetarako, CTE-DB-SUA9 Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritako balioak. Irisgarritasuna.

Bere kasuan, Esku-hartze Globaleko Proiektu batean ezarritako jarraibide teknikoak eta konposiziokoak jasoko dituzte, eremu horrek halakorik izanen balu.

Nolanahi ere, zaharberritze lanak egitean, bermatu behar da lan horiek teknika eta eraikuntza aldetik bat egiten dutela eraikinaren egoerarekin eta egin litezkeen gainerako obrekin. Hortaz, eraikinak egitura eta eraikuntza aldetik segurtasunik ez badu, argindar hornidurarik edo ur banaketarik ez badu, edo saneamendu orokorreko sarea modu egokian ez badabil, eta behar bezalako estankotasunik ez badu euritik babesteko, lan horiei ez zaie dirulaguntzarik emanen, gabezia horiek betetzeko behar diren obrak egiten ez badira, aldi berean.

Ordenantza honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe eraikin eta etxebizitzen zaharberritze-jarduketetarako direnak, esaterako:

3.1. Etxebizitzen efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna.

a) Etxearen kanpo-inguratzailea hobetzea, beroa nahiz hotza lortzeko energiaren eskaera murrizteko, jarduketak eginez etxaurrean, teilatuan, babesgabeko beheko solairuetan edo inguratzaile horren edozein paramentutan, isolamendu termikoa hobetzea, ate-leihoetako zurgintza eta beirak ordezkatzea, sabaia duten terrazak beiraz ixtea, edo bestelako jarduketak, barne direla sistema bioklimatikoen instalazioa (teilatu nahiz etxaurre begetalak, etab.) edota itzala ematekoak.

Gainera, 3.1.a) apartatuan jasotzen direnak bezalako efizientzia energetikoa hobetzeko proiektu batean sartzen badira, diruz lagunduko dira honako jarduketa hauek:

b) Sistema zentralizatu berriak ezartzea etxea berotzeko, hozteko, ur bero sanitarioa ekoizteko eta egokitzapen termikoa aireztatzeko. Edo dagoeneko jarrita dauden sistemen efizientzia hobetzeko jarduketak, esaterako: bero nahiz hotz ekoizpenerako ekipoak ordezkatzea, energiaren kontrol, erregulazio nahiz kudeaketarako sistemak ezartzea, kontagailuak eta kostu energetikoen banaketarako gailuak ezartzea berogailu-sistema zentralizatuetan; banaketa eta garraio sareen isolamendu termikoa edo fluido bero-eroaleen mugimendu-ekipoak ordezkatzea; hondar-energien berreskurapenerako gailuen instalazioa; kanpoko airea erabiliz hozteko sistemak eta haizeberritzeko airearen beroa berreskuratzeko sistemak jartzea; eta eraikinak bero eta hotz sareetara lotzeko jarduketak, besteak beste.

c) Ekipo sortzaileak edo energia berriztagarriak erabiltzeko aukera emanen duten instalazioak jartzea, esaterako, eguzki-energia fotovoltaikoa, biomasa, aerotermia edo geotermia, eraikinaren energia konbentzional termikoa edo elektrikoa murriztuko dutenak. Barne hartuko du energia berriztagarrien edozein teknologia, sistema edo ekipo instalatzea, besteak beste, eguzki-panel termikoak eta ur bero sanitariorako eta klimatizaziorako aerotermia gailu integralak, etxebizitzek behar duten ur bero sanitarioaren ekoizpenari laguntzeko, edo klimatizazio-instalazioetarako ur beroa ekoizteko.

d) Eraikinaren instalazio komunen edo lur-zatiaren efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak, esaterako lanparak eta luminariak ordezkatzea, errendimendu energetiko hobea dutenak jarriz, adibidez LED argiztapenak orokortuz, argiztapen-sistema pizteko eta erregulatzeko kontrol-sistemak instalatzea, eta argi naturala aprobetxatzea.

e) Ura aurrezten laguntzen duten mekanismoak eta hornikuntza-instalazioak hobetzea, eta saneamendu-sare berezituak ezartzea eraikinetan, eta bestelako sistemak ere bai, ur grisak eta euri-urak eraikinean bertan edo lur-zatian berrerabiltzeko aukera emanen dutenak, edo estolderiaren sistema publikora egiten den isurpena murriztuko dutenak.

3.2. Irisgarritasuna eta erabileraren segurtasuna.

3.1.a) apartatuan jasotzen diren efizientzia energetikoko hobekuntza-sistema baten barnean aurkezten badira, honako jarduketa hauei lagunduko zaie:

a) Irisgarritasun unibertsaleko eta pertsona guztientzako diseinua lortzeko jarduketak, helburua dutenak desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna eta erabilera errazteko oztopoak deuseztatzea, eraikinen eremu komunetan, bide publikotik etxebizitzen barruraino.

Ez dira diruz lagunduko eraikinean aldi berean egin litezkeen bestelako lanak, ordenantza honetan esanbidez azaldutako helburuak betetzeko berariaz egiten ez direnak, ez eta eraikinen mantenu hutseko jarduketak eta unean uneko konponketak ere, efizientzia energetikoaren edo irisgarritasunaren hobekuntzarik ekartzen ez badute.

4. artikulua. Eraikin / etxebizitzei exijitutako baldintzak.

Oro har, udalaren laguntzak hartzen ahalko dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten eraikinek bakarrik:

a) Eraikuntzaren amaiera 1980 baino lehenagokoa izatea, edo/eta zaharberritu behar diren eraikinak eginak izatea NBE-CT-79 araudia, hau da, eraikinen Baldintza Termikoei buruzko Eraikuntzaren Oinarrizko Araua, indarrean sartu aitzin.

b) Jarduketaren eremuan eragina duen hirigintza planteamenduak, edo hura garatzen duen araubideak ezartzen duenari egokitzen direnak. Udalak ezin izanen du zaharberritzeko laguntzarik eman, “antolamendutik kanpoko” eraikinetan egin litezkeen obrentzat.

c) Eraikinaren Ebaluazio Txostena izan behar dute, bertan adierazita laguntzak hartuko lituzkeen zaharberritze-proiektuaren bidez konpondu nahi diren akatsak. Eraikinen Ebaluazio Txostenean seinalatutako lanen egikaritza jaso beharko du jarduketak, Egokitzat jo ahal izateko.

5. artikulua. Dirulaguntza kalkulatzeko baremoa:

Nafarroako Gobernuak Babestutako Zaharberritzeko behin-behineko kalifikazioko espedientea duten jarduketen kasuan, espediente horretan jasotako Aurrekontu Babesgarria hartuko da oinarritzat, laguntzen kalkulua egiteko.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren laguntzen espedienterik ez duten jarduketen kasuan (adibidez, erabilera publikoko espazio pribatuak berrurbanizatzeko jarduketak), laguntzak kalkulatzeko ezarri beharreko oinarritzat hartuko da honako kontzeptu hauen batuketa:

–Kontrata-aurrekontua: hau kalkulatzeko, egikaritza materialaren aurrekontutik kenduko dira obra babesgarritzat sartu ez daitezkeen partidak gehi gastu orokorrak eta onura industriala, gehienez ere, egikaritza materialaren aurrekontuaren %15 osatu arte, bien artean.

–Lansari Profesionalak, haien kopurua gehienez egikaritza materialaren aurrekontuaren %10 izanik, eta barne hartuko dute: Proiektu teknikoaren erredakzioa, lanen zuzendaritza fakultatiboa, eraikinaren ebaluazio txostena, betiere laguntzen eskaria txostena egin eta ondorengo bost urteetan egiten bada, etab.

–Obra-lizentziaren udal-tasa.

Balio Erantsiaren Zergaren edo Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren kontzeptuan ordaindu beharreko zenbatekoak ez dira inola ere sartuko zaharberritze-jarduketen aurrekontu babesgarriaren barnean.

6. artikulua. Laguntza orokorrak higiezin osoarendako.

Jarduketa edozein dela ere, aurrekontu babesgarriak etxebizitza bakoitzeko 1.000 eurotik gorakoa (BEZ kanpo) izan behar du. Laguntzak honako hauek izan daitezke:

6.1. Etxebizitzen efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna.

a) Eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketetan, %5eko portzentaje finkoa lagunduko da, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketetarako Aurrekontu Babesgarriaren gainean aplikatuta, gehienez ere 800,00 euro emanez etxebizitzako, komunitatean 15 etxebizitza edo gehiago badaude, eta 1.000.00 euro, komunitatean 15 etxebizitza baino gutxiago badaude.

3.1.b), c), d), f), g) eta h) apartatuetan zehazten diren instalazioen gaineko jarduketen kasuan, betiere 3.1.a) apartatuan jasotzen den efizientzia energetikoa hobetzeko proiektu baten baitan aurkezten badira, Aurrekontu Babesgarriaren %5eko portzentajea lagunduko da, gehienez 200,00 euro etxebizitzako, komunitateak 15 etxebizitza edo gehiago baditu, eta 250,00 euro, komunitateak 15 etxebizitza baino gutxiago badu.

6.2. Irisgarritasuna eta erabileraren segurtasuna.

a) Irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona guztientzako diseinurako jarduketen %5eko portzentaje finkoa lagunduko da, irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona guztientzako diseinurako jarduketetarako Aurrekontu Babesgarriaren gainean aplikatuta, betiere eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko proiektu baten baitan jasotzen badira, gehienez 800,00 euro etxebizitzako, komunitateak 15 etxebizitza edo gehiago baditu, eta 1.000,00 euro, komunitateak 15 etxebizitza baino gutxiago badu.

Dirulaguntza orokorren portzentajeak eta gehieneko kopuruak honako taula honetan jasotzen dira:

ERAIKIN OSOARENTZAKO LAGUNTZA OROKORREN LABURPEN-TAULA

Jarduketa mota

Aurrekontu babesgarriaren portzentajea

Gehieneko zenbatekoa

ETXEBIZITZEN EFIZIENTZIA ENERGETIKOA ETA JASANGARRITASUNA

a) Inguratzaile termikoa hobetzea.

%5

1.000,00 euro/etxebizitza

Eraikinak < 15 etxebizitza badu

800,00 euro/etxebizitza

Eraikinak ≥ 15 etxebizitza badu

b) Instalazio zentralizatu edo/eta komunak hobetzea edo eranstea.

%5

250,00 euro/etxebizitza

Eraikinak < 15 etxebizitza badu

200,00 euro/etxebizitza

Eraikinak ≥ 15 etxebizitza badu

IRISGARRITASUNA ETA ERABILERAREN SEGURTASUNA

a) Eraikinen irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztientzako diseinua.

%5

600,00 euro/etxebizitza

Eraikinak < 15 etxebizitza badu

450,00 euro/etxebizitza

Eraikinak ≥ 15 etxebizitza badu

7. artikulua. Kalteberatasun egoeretarako laguntza bereziak.

Etxejabe bat Kalteberatasun Egoera Berezietarako Laguntzen onuradun izan dadin, haren etxebizitzak parte hartu behar du ordenantza honetan jasotzen den jarduketaren batean. Laguntza Berezi horiek bateragarriak eta osagarriak dira aurreko artikuluan zehaztutako Laguntza Orokorrekin.

Etxejabe bat kalteberatasun egoeran edo kalteberatasun larriko egoeran dagoela onartzen da, etxean bizi den bizikidetasun-unitatea ordenantza honetako 9. artikuluaren taulan jasotzen diren egoeretako batean dagoenean.

Kalteberatasun egoeretarako laguntza berezien portzentajeak eta gehieneko kopuruak taula honetan ageri dira:

KALTEBERATASUN EGOERETARAKO LAGUNTZA BEREZIEN LABURPEN-TAULA

JARDUKETA MOTA

EGOERA

KALTEBERA

EGOERA

KALTEBERA LARRIA

Aurrekontu babesgarriaren portzentajea

Gehieneko zenbatekoa (euro/unitatea)

Aurrekontu babesgarriaren portzentajea

Gehieneko zenbatekoa (euro/unitatea)

ETXEBIZITZEN EFIZIENTZIA ENERGETIKOA ETA JASANGARRITASUNA

a) Inguratzaile termikoa hobetzea.

%15

3.000,00

%30

5.000,00

b) Instalazio energetiko efizienteak hobetzea edo eranstea.

%15

375,00

%30

750,00

IRISGARRITASUNA ETA ERABILERAREN SEGURTASUNA

a) Irisgarritasun unibertsala eta ororentzako diseinua.

%15

1.500,00

%30

2.500,00

8. artikulua. Laguntza orokorren onuradunak.

Eraikin osoarentzako Laguntza Orokorren onuradunak kontsideratuko dira jarduketa sustatzen duten entitateak, esaterako Etxejabeen Komunitateak, Kooperatibak edo Etxebizitza Taldeak, betiere esleipena zilegitzen duen egoeran badaude, eta ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako aurreikusitako inguruabarrak betetzen badira. Beraz, jarduketa sustatzen duen entitateak jasoko ditu laguntzak.

Onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publiko nahiz pribatuak, ondasun-komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare berezitu mota, nortasun juridikorik izan gabe, jarduketak egiten ahal badituzte edo dirulaguntza jasotzeko behar den egoeran badaude, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta hura garatzen duen gainerako arautegian ezartzen denarekin bat.

9. artikulua. Kalteberatasun egoeretarako laguntza berezien onuradunak.

1. Kalteberatasun Egoeretarako Laguntza Berezien onura hartzen ahalko dute, Laguntza Orokorren osagarri gisa, Etxejabeen Komunitate baten parte izanik, honako oinarrizko baldintza hauek betetzen dituzten etxejabeek nahiz erabiltzaileek:

–Zaharberritze-lana eginen den eraikineko etxebizitza baten jabe edo gozamenduna izatea, eta han bizitzea modu jarraian.

–Zaharberritze-lana egin behar den eraikineko etxebizitza ez den beste etxe nahiz lokalen jabe edo gozamenduna ez izatea.

–Eskatzailearen familia-unitatearen Eragin Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) ondoko koadro honetan bildutako tarteen barnean egotea:

KALTEBERATASUN EGOEREN SAILKAPEN-TAULA

Familia-unitate

edo bizikidetasun-unitatearen ezaugarriak

Egoera kaltebera

Egoera kaltebera larria

ADINGABEKORIK GABEKO FAMILIA-UNITATEA

IPREM bider 1,5

11.279,39 euro/urtea*

IPREM bider 0,75

5.639,69 euro/urtea*

Gainera inguruabar bereziren bat betetzen bada (1)

IPREM bider 2

15.039,18 euro/urtea*

IPREM bider 1

7.519,59 euro/urtea*

ADINGABEKO BAT DUEN FAMILIA-UNITATEA

IPREM bider 2

15.039,18 euro/urtea*

IPREM bider 1

7.519,59 euro/urtea*

Gainera inguruabar bereziren bat betetzen bada (1)

IPREM bider 2,5

18.798,98 euro/urtea*

IPREM bider 1,25

9.399,49 euro/urtea*

BI ADINGABEKO DITUEN FAMILIA-UNITATEA

IPREM bider 2,5

18.798,98 euro/urtea*

IPREM bider 1,25

9.399,49 euro/urtea*

Gainera inguruabar bereziren bat betetzen bada (1)

IPREM bider 3

22.558,77 euro/urtea*

IPREM bider 1,5

11.279,39 euro/urtea*

FAMILIA UGARIA

IPREM bider 4

30.078,36 euro/urtea*

IPREM bider 2

15.039,18 euro/urtea*

PENTSIODUN BATEK EDO GEHIAGOK OSATZEN DUTEN FAMILIA UNITATEA (2)

IPREM bider 1

7.519,59 euro/urtea*

IPREM bider 0,5

3.759,79 euro/urtea*

(*) Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa = IPREM. 2018ko urteko erreferentzia-balioa.

(1) Diru-sarreren atalasea handitzen da IPREM bider 0,5 (kaltebera) / 0,25 (kaltebera larria), betiere honako inguruabar berezietako bat gertatzen bada:

–Familia-unitateko kideren batek %33 edo gehiagoko desgaitasun onartua badu.

–Familia-unitateko kideren bat genero-bortizkeriaren biktima bada.

–Familia-unitateko kideren bat terrorismoaren indarkeriaren biktima bada.

–Familia-unitateko kideren bat II. edo III. graduko menpekotasun egoeran badago.

–Familia-unitatea guraso bakar batek eta, gutxienez, adingabeko batek osatzen dute.

(2) Unitatean bada Gizarte Segurantzaren Sistemako pentsiodunik, mutuako erretiraturik edo ezgaitasun iraunkorra duenik. Diru-sarrerak dituzten kide guztiek, dela Gizarte Segurantzaren nahiz mutuaren pentsioa, erretiroa edo ezgaitasun iraunkorra, pentsio mota horretarako une horretan jarritako gutxieneko zenbatekoa hartzen dutenean, eta bestelako diru-sarreretan, urtean, guztira, 500 euro baino gehiago hartzen ez dutenean.

Kalteberatasun Egoeretarako Laguntza Bereziak jarduketa sustatzen duen entitateak jasoko ditu, dela etxejabeen komunitatea, kooperatiba nahiz etxebizitza-taldea, baina haien helburua da esleitzen zaion jabearen partizipazio-kuota murriztea. Laguntza honen esleipena aldi berean jakinaraziko zaie interesdunari eta entitateari.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Lege Orokorraren 14. artikuluko II. atalean ezarritakoak dira onuradunen betebehar orokorrak.

2. Elkartearen ordezkari edo ahalorde bat bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko behar adinako ahalen jabe eginda. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 35. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio epea iragan arte.

Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte publiko edo pribatuen kasuan, nortasunik gabekoak direnean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak esanbidez adieraziko dira, hala eskaeran nola kontzesioaren ebazpenean; orobat, bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, kide guztiak onuraduntzat hartuko direlarik.

3. Diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren zenbatekoa apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako kopuruak baino altuagoa bada, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzu ematea edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hitzartu baino lehen, salbu eta, ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzak justifikazioan azaldu beharko dira, edo diru-laguntzaren eskaeran, eta haien artean aukeratzeko, eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera eginen da, eta diru aldetik onuragarriena ez den proposamena aukeratzen bada, txosten batean berariaz justifikatu beharko da.

11. artikulua. Espedienteak izapidetu eta gordetzeko eskumena.

11.1. Aldez aurreko jarduketak.

Orokorrean, interesdunek EZABU - Nasuvinsako eskualdeko bulegora edota horretarako gaitua dagoen bulegora jo beharko dute, behar dituzten jakingarriak jaso ahal izateko.

Ikuskapena egin ondotik, hala behar bada, Zaharberritze Bulegoak argibideak emanen dizkie interesdunei, inguruabar hauen gainean:

–Egin beharreko obrak.

–Kasu bakoitzean behar den dokumentu teknikoa.

–Ordenantza honen babesean eta honi dagokionez har daitezkeen laguntzak, Nafarroako Gobernuaren bitartez oro har izan ditzaketen laguntzetatik aparte.

11.2. Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak:

Interesdunek Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoan edo horretarako gaituta dagoen bulegoan aurkeztuko dute dagokion dokumentazioa, hau da, etxebizitza arloko eskumena duen Departamentuak behin-behineko zaharberritzearen sailkapena izapidetzeko eskatutako dokumentazioa, gehi honako hauek:

1) Ordenantza honen araberako laguntza orokorren eskaria egiteko inprimakia, eta hari erantsita egiaztagiri hauek:

a) Obren Lizentzia egiteko baimena, edo obra-baimenaren kopia, baimen hori Ordenantza hau indarrean sartu aurretik eman bada, betiere obrak ordenantza honetan jasotako eskakizunak betetzen badituzte, eta laguntzak eskatzen diren egunean hasita ez badago diruz lagundu daitekeen jarduketaren egikaritza.

b) Etxejabeen komunitatearen egiaztagiria, komunitate horren barneko partaidetza-koefizientearekin, kontuan hartuta banaketa horizontala eta esleitutako obran bakoitzari dagokion kostua.

c) Etxejabeen Batzarraren akordio balioduna, edo erakunde kudeatzailearena, esanbidez adierazten duena obren egikaritzarako konpromisoa hartzen dutela.

d) Enpresa desberdinen hiru aurrekonturen kopiak edo Proiektuan edo Memorian jasotzen diren lanen kontratazioa egiteko hiru eskaintza/aurrekontu eskatzeko konpromisoa, diruz lagundu daitekeen gastua 40.000 eurotik goitikoa denean, bertan agertuz eskaintzarik onena baloratzeko Etxejabeen Komunitateak onartutako irizpideak (prezioa, epe laburra, etab.).

Eraikuntza-enpresa ordurako hautatu badute, esleipenaren arrazoiak eta erabilitako irizpideak azaltzen dituen txostena aurkeztu beharko dute.

e) Laguntza sartu behar den etxejabeen komunitatearen kontu korrontea adierazten duen bankuko agiria.

Etxejabeen Komunitateko partaideak izanik, Kalteberatasun Egoerarako laguntza bereziak eskatzen dituzten etxejabe edo gozamendunek aurkeztu beharreko dokumentazioa, berriz, honako hau da:

2) Kalteberatasun egoerarako laguntza berezia emateko eskariaren inprimakia, ordenantza honen 2. eranskinaren arabera, honako hauek egiaztatzeko agiriez lagunduta:

a) Zaharberritu beharreko higiezinaren/higiezinen gaineko jabetza, gozamena eta egiazko eskubideen egiaztapena, Jabetzaren Erregistroaren adierazpen edo egiaztagiri baten bidez.

b) Erroldaren ziurtagiria.

c) PFEZaren azken adierazpena.

Eta beharbada, familia-unitatean ordenantza honen 9. artikuluan jasotzen diren kalteberatasun egoeren taulan aipatzen diren inguruabar berezietako bat gertatzen bada:

d) Bono soziala eskatzeko inguruabar berezien egiaztagiria, Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuak emandakoa, edo inguruabar berezi horiek egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu nahiz egiaztagiria.

11.3. Ebazpena eta ebazteko eskumena.

EZABUk, edo horretarako gaituta dagoen bulegoak, eskabidea bere txosten teknikoarekin batera igorriko dio Udalari, honek eman dezan berariazko ebazpena; gehienez ere bi hilabeteko epean ebatzi behar da, eskabidea Udalaren erregistro orokorrean sartzen denetik, eta obren lizentzia emateko egintza administratiboarekin batera etor liteke. Hala ere, lehendik obren udal lizentzia zuten proiektuei ere ematen ahalko zaizkie laguntzak, betiere hasita ez badaude, eta hori EZABUk egiaztatuko du.

Udalaren aurrekontuan baliabide ekonomiko nahikoa izan behar da, egokitzen den ekitaldi ekonomikoaren kargura laguntzak eman ahal izateko. Eskaria aurkezten deneko urtean udalaren aurrekontuan baliabide aski ez bada, hurrengo urtean egokituko dira.

Oro har, eta ordenantza honetan bereziki bildurik ez dauden tramitazioko inguruabar berezi guztietarako, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko Dekretua aplikatzean, Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen irizpideari jarraituko zaio.

Ordenantza honen aplikazioari dagokion orotan, EZABUk edo horretarako gaitua dagoen bulegoak udalaren irizpideak bete beharko ditu Tokiko Gobernu Batzordearen bitartez, hori izanen baita, ondorio guztietarako, udal organo eskuduna, ordenantza behar bezala betetzen dela zainduko duena, berau sortzea justifikatzen duten helburuak lor daitezen.

12. artikulua. Dirulaguntzak emateko modua eta epeak.

1. Udalaren esanbidezko ebazpenean jasotzen diren laguntzen zenbatekoa eta portzentajea ezin izanen dira gorantz berrikusi, errekurtso bidean edo ofiziozko berrikuspen bidean izan ezik.

2. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen likidazio efektiboa obrak behar bezala bukatzen direnean gertatuko da, betiere interesdunak aginduzko “Obra Bukaeraren Orria” aurkeztu eta bi hilabeteko epean, eta ados heldu badira lizentziarekin, dagokion dokumentu teknikoarekin eta aplikagarri den gainerako araudiarekin.

Udalaren eskumena da aurreratzea, eskatuz gero, udal laguntzen kopuruaren %25eraino, dirulaguntza hartuko duten obren udal lizentzia ematen den unetik aurrera.

3. Onuradunak justifikatu behar du lagundu den jarduketa egin egin dela, laguntza ordaindu aitzin, horretarako honako hauek aurkeztuz:

–Obra amaierako ziurtagiria, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia.

–Obren azken kostua, fakturak eta gastua egiaztatzen duten dokumentuak.

–Etxejabeen komunitatearen egiaztagiria, partaidetza-koefizientea azalduz, kontuan hartuta banaketa horizontala, egindako gastuak eta lortutako diru-sarrerak, ordenatua eta guztirakoa azalduta, kontzeptuak bereziz.

4. Obra egiterakoan, kalifikaziorako bide eta oinarri izateko aurkeztu den proiektu teknikoa oso-osorik errespetatu beharko da. Esan nahi baita ez dela aldaketarik egiten ahal (bereziki kalitate arkitektonikoan, materialetan edo egin beharreko tratamenduetan) aldez aurretik Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko zerbitzu teknikoak horretarako baimena ematen ez badu. Bestela, espedientea deskalifikatu eginen da.

5. Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko zerbitzu teknikoek, lizentziaren gaineko aurrekariak eta espedientean jasotako dokumentazioa aztertuta, obrak ikuskatuko dituzte, dirulaguntzaren xedeari egokitzen zaizkiola eta obra-lizentziaren arabera egin direla egiaztatzearren, baita eskatutako dokumentazioa zuzen aurkeztu ote den ikusteko ere.

6. EZABUk prestatuko du aginduzko txosten teknikoa, obrak bukatu ondoren, behar bezala eginak direla egiaztatzeko, Udalak espedientean jasota dauden gainerako laguntzen likidazioa egin dezan. Gainera, hari dagozkio espedientearekin loturik dauden alderdi guztien jarraipena eta kudeaketa, hasieratik bukaera arte, hala nola, onuradunek hartu dituzten laguntzen erabateko eraginkortasuna bermatzea.

7. Dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

8. Edonola ere, dirulaguntzak ematen dituen organoak eskatzen duen bestelako edozein dokumentazio aurkeztu beharko da, egindako jarduketak justifikatzeko.

9. Laguntza hartu ondoren, Ordenantza honetan jasotzen diren laguntzak ezin izanen dira berriz eskatu bost urteko epean. Salbuespena izanen da eraikin katalogatuen eta zaharberritzeak zailtasun berezia aurkezten duen kasuan. Kasu horretan, zaharberritzea fase diferentetan onartzen ahalko da, betiere EZABUren aldeko txostenarekin eta Udal Batzarraren onespenarekin.

13. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Udalaren laguntza ekonomikoen muga ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako aurreikusitako irizpideen aplikazioak ezarriko du.

2. Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituen dirulaguntzen eta helburu horretarako espedientean jasotzen diren beste edozein laguntzaren osagarriak izanen dira.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez hemen zehazten den dirulaguntza bera bakarrik kontatuta, ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabideak gehituta, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere.

4. Entitate publikoetatik hartutako dirulaguntzetan soberakina sortzen denean, proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, bateragarriak izan arren, onuradunak soberakina eta berandutzaren interesak itzuli beharko ditu, dagokion justifikazioari ordainketa-gutunak gehituta. Sor litekeen soberakin hori laguntza ematen duten entitateei itzuliko zaie, haietako bakoitzak eman duen laguntzaren proportzioan.

Dena dela, finantzaketaren soberakinaz Administrazioa bera ohartzen denean, soberakina osorik berari itzultzeko eskatuko du, eman duen diru-laguntzaren kopurura iritsi arte.

14. artikulua. Laguntzen publizitatea.

Tuterako Udalak zehaztuko ditu laguntzei publizitatea emateko hartu beharreko neurriak, eta lagundutako jarduketaren araberakoak izan beharko dute, bai formari bai iraunaldiari dagokienez. Izan liteke Udalaren irudi instituzionala sartzea, finantzaketa publikoari buruzko aipamenak eginez kartel, plaka oroigarri, inprimatutako material, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo komunikabideetan egiten diren aipamenetan.

Jarduketak beste finantza-iturri batzuk dituenean, eta onuraduna inguruabar hori jakinaraztera behartua denean, dirulaguntzari publizitatea emateko erabiltzen diren bitartekoak eta haien garrantzia beste finantza-iturriak plazaratzeko erabilitakoen antzekoak izanen dira.

15. artikulua. Laguntzen xedea.

Dirulaguntzen onuradunak laguntza eskatzean aipatu zituen helburu zehatzetarako erabili beharko ditu ondasunak, gutxienez bost urteko epean.

Xedearekiko betebehar hori betetzen ez bada, ondasuna besterenduz edo kargatuz gertatuko baita, itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako moduan; ondasuna itzulketari atxikiko zaio, jabea edozein dela ere, Erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat denean izan ezik, edo ondasunen bereganatzea justifikatzen denean, fede on eta bidezko tituluarekin.

Xedearekiko betebeharra ez da kontsideratuko bete ez dela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.5 artikuluan jasotako kasuetan, hala nola Nafarroako Gobernuak 276/2001 Foru Dekretuan eta 204/2002 Foru Dekretuan jasotzen duen kasuetan, eta orobat Udal Batzarrak onartzen dituen kasuetan ere.

16. artikulua. Laguntzak galtzea edo/eta itzultzea.

1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira, eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsu aurkeztuz gero, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espediente horretan izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko dira; gainera, jasotakoak itzuli beharko dira, legezko interesak gehituta, jaso ziren unetik kontatuta. Indarra duen legean diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez egin daiteke ordainarazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusten diren arrazoietako bat gertatuz gero, edo aplikagarriak izan daitezkeen dirulaguntza nahiz laguntza publikoei buruzko gainerako ebazpenetan ageri denen bat gertatuz gero ere.

2. Jabeen komunitateen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, jabeen elkarteko kideetatik bat bakarra bada betebeharrari huts egiten diona, edo taldeka, ez betetzea elkarteari berari egozten ahal baldin bazaio.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Laguntza arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako egintza eta omisioak, eta hartan ezarritako prozeduraren arabera eta aipatu Legea garatzen duen araudiari jarraituz zehatuko dira.

18. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honen indarraldia mugagabea da, eta indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

1. ERANSKINA

“Tudela Renove” proiektuaren eremuaren mugapen-planoa (PDFa).

Oharra: Eremuaren mugapena “Tudela Renove” proiektuaren karietara egindako txosten sozioekonomiko, tekniko eta energetikoan ezarritako lehenengo fasearen arabera egin da. Tuterako Udalak egokitzat jotzen badu, eremu hori zabaldu edo aldatu dezake.

2. ERANSKINA

Laguntza orokorren ordainketaren eskabidea (PDFa).

3. ERANSKINA

Kalteberatasun egoeretarako laguntza bereziak ordaintzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1909541