155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRO

Belaunaldi berriko Telekomunikazio Zerbitzuak eskuratzeko Sareak hedatzea arautzen duen Ordenantza. Behin betiko onespena

Erroibarko Udalak, 2019ko maiatzaren 8an egin bilkuran, Belaunaldi berriko Telekomunikazio Zerbitzuak eskuratzeko Sareak hedatzea arautzen duen Ordenantza onetsi zuen hasiera batean.

Espedientea jendaurrean egon den epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da eta haren testu osoa argitara emanen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hartuko du indarra eta behar diren ondorio juridikoak izanen ditu.

Lintzoainen, 2019ko abuztuaren 2an.–Alkate udalburua, Enrique Garralda Erro.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak formatu unibertsalean hedatzeko udal-ordenantza

Atarikoa

Ordenantza honek tokiko esparru normatibora ekartzen du, eta aplikatzea udalaren eskumenekoa den kontuetan, Europako zuzentarauetan eskatzen dena. Esate baterako, 2014/61/EE Zuzentarauan, abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareak hedatzearen kostuak murrizteko neurriei buruzkoan; 2002/19/EE, 2002/21/EE eta 2009/140/EE zuzentarauetan, komunikazio elektronikoen eta baliabide lotuen sareetara sarbidea izateari eta haien interkonexioari buruzkoetan. Aprobetxamendu partzialerako eskubideak garatzen ditu, Kataluniako Kode Zibilaren III. kapituluan, IV. izenburuan, Bosgarren Liburuan jasotakoak, telekomunikazioetara bideratutako baliabideen esparruan. Eta, 9/2014 Legean, Telekomunikazioetarako Lege Orokorrean, 36. eta 37. artikuluetan, jasotakoa aplikatzen du (hemendik aurrera, 9/2014 Legea).

Ordenantza honetan sartu nahi diren printzipio garrantzitsuenak argitzeko balio dezatela aipatu diren zuzentarau eta arauetako aipu hauek:

2014/61/EB Zuzentaraua, 1. artikulua:

«1. Zuzentarau honen asmoa da abiadura handiko komunikazio elektronikoen sareak hedatzea erraztea eta sustatzea, dauden azpiegitura fisikoen baterako erabilera eta beste berri batzuen hedatze eraginkorrena bultzatuta, sare horiek kostu txikiagoan hedatzea posible izan dadin».

2009/140/EB Zuzentaraua:

Kontsiderazioan (43):

«(...) Baliabideen erabilera partekatu hobe batek era esanguratsuan hobetu dezake lehia eta komunikazio elektronikoen azpiegiturak hedatzeko enpresetarako finantza- eta ingurumen-kostuak gutxitu ditzake, eta bereziki sarbidea izateko sare berriak hedatzekoetarakoak (...). Bereziki, erregelamentazioko agintari nazionalek exijitu ahal izango dute sareetako elementuen eta baliabide lotuen erabilera partekatua, hala nola hodiak, lurpeko ganberak, mastak, ikuskatze-ahoak, banatzaileak, antenak, dorreak eta euskarriko beste egitura batzuk, eraikinak edo eraikinetarako sarrerak, eta bai obra zibilen koordinazio hobea ere. Eskumena duten agintariek, eta bereziki tokiko agintariek, halaber, koordinaziorako prozedura egokiak ezarri behar dituzte, erregelamentazioko agintari nazionalekin lankidetzan arituta, obra publikoei eta beste edozein baliabide edo jabetza publikori dagokienean (...)».

2002/21/EB Zuzentaraua, 12. artikulua:

«Baterako kokapena eta sareetako elementuen eta baliabide lotuen erabilera partekatua komunikazio elektronikoen sareetako hornitzaileentzat.

1. (...) baliabide edo jabetza horien erabilera partekatua inposatu ahal izango dute, erabat aintzat hartuta proportzionaltasun-printzipioa, barne hartuta eraikinak, eraikinetarako sarrerak, eraikinetako kableak, mastak, antenak, dorreak eta euskarria emateko beste egitura batzuk, hodiak, lurpeko ganberak, ikuskatze-ahoak eta banatzaileak».

2002/19/EB Zuzentaraua, 12. artikulua:

«Sareetako berariazko baliabideetara sarbidea izateari eta haien erabilerari dagozkion betebeharrak.

1. (...) operadoreei exijitzea sareetako berariazko elementuetara eta baliabide lotuetara sarbidea izateko arrazoizko eskaerei erantzuteko, eta bai haiek erabiltzeari dagozkionei ere. Beste kasu batzuen artean, egoera hauetan: agintari horiek uste dutenean sarbidea ukatzea edo antzeko eragina izango duten eta arrazoizkoak ez diren baldintza batzuk oztopoa izan daitezkeela eskala minoristan eustekoa den merkatu lehiakor baten garapenerako edo uste dutenean ez dietela onurarik ekartzen azken erabiltzaileei.

Operadoreei ezarri ahal izango zaie, beste gauza batzuen artean:

(...)

f) baterako kokapena edo instalazioak partekatzeko beste modalitate batzuk errazteko, adibidez, hodiak, eraikinak eta mastak».

Eta 9/2014 Legea:

9. artikulua, herri-administrazioek komunikazio elektronikoen sare publikoak eta zerbitzuak hirugarrenei emateko araubidean instalatzeari eta esplotatzeari, eta emateari buruzkoa.

29. eta 33. artikuluen artekoak, jabari publikoak eta pribatuak okupatzeko operadoreek dituzten eskubideei buruzkoak.

34. eta 36. artikuluen artekoak, garapenari eragiten dion herri-administrazioen araudiari buruzkoak. 36. artikulutik, eta ordenantza honen eraginetarako, ondokoa aipatu behar da:

«36. artikulua. Komunikazio elektronikoen azpiegitura-aurreikuspena hirigintza-proiektuetan eta baliabide publikoekin finantzatutako obra zibiletan.

1. Hirigintza-proiektuak egiten direnean, hirigintza-proiektu teknikoak obra zibileko azpiegitura-instalazioa aurreikusi beharko du, komunikazio elektronikoen sare publikoak hedatzea errazteko; horrez gain, sare pasiboko elementuak eta ekipamenduak jaso ahal izango ditu, artikulu hau garatzean onartzen den telekomunikazioen araudi teknikoan zehazten den baldintzetan.

Komunikazio elektronikoen sare publikoak hedatzea errazteko goiko lerrokadaren arabera instalatzen diren azpiegiturak hirigintza-obretatik lortzen den emaitzaren parte izango dira eta udalaren jabari publikoaren barnean egongo dira. Jabari publiko horren titular den herri-administrazioak interesa duten operadoreen eskura jarriko ditu azpiegitura horiek, berdintasuneko, gardentasuneko eta diskriminaziorik gabeko baldintzetan.

(...)

2. Baliabide publikoekin erabat edo partzialki finantzatutako obra zibiletan, komunikazio elektronikoen sare publikoak hedatzea errazteko lotutako baliabideak eta obra zibileko beste azpiegitura batzuk instalatzea aurreikusiko da, errege-dekretu bidez zehazten diren kasuetan eta baldintzetan. Baliabide eta azpiegitura horiek interesa duten operadoreen eskura jarriko dira, berdintasuneko, gardentasuneko eta diskriminaziorik gabeko baldintzetan».

37. eta 38. artikuluak, komunikazio elektronikoen sareak ostata ditzaketen azpiegituretara sartzeko aplikatzekoa den araudiari buruzkoak. 37. artikulutik, eta ordenantza honen eraginetarako, ondokoa aipatu behar da:

«3. atala

Komunikazio elektronikoen sare publikoak ostata ditzaketen azpiegituretara sartzea

37. artikulua. Komunikazio elektronikoen sare publikoak ostata ditzaketen azpiegituretara sartzea.

1. Komunikazio elektronikoen sare publikoak hedatzeko erabil daitezkeen azpiegituren titular diren herri-administrazioek azpiegitura horietarako sarbidea erraztuko dute; betiere, sarbide horrek ez baditu arriskuan jartzen titularrak azpiegitura horietan ematen dituen izaera publikoko zerbitzuen jarraitutasuna eta segurtasuna. Sarbide hori erraztu beharko dute baldintza objektiboetan, gardentasun-baldintzetan, eta komunikazio elektronikoen sare publikoak instalatzen edo ustiatzen dituzten operadoreak diskriminatu gabe. Inola ere ezin izango da lehentasunezko eskubiderik edo eskubide esklusiborik ezarri aipatutako azpiegituretarako sarbideari dagokionez, komunikazio elektronikoen operadore edo sare zehatz baten mesedetan. Zehazki, sare bat instalatzeko edo ustiatzeko azpiegitura horietarako sarbidea ezin izango da lizitazio-prozeduren bidez eman edo aitortu».

Laburbilduz, ezartzen da herri-administrazioek azpiegitura horietarako sarbidea erraztu behar dutela baldintza objektiboetan, gardentasunekoetan eta bereizkeria-ezekoetan, inoiz ez modu esklusiboan edo lehentasunekoan operadore jakin batentzat eta debekatuta sarbidea lizitazio-prozeduren bidez ematea.

Formatu unibertsalean hedatzea eta ordenantza honetan ezartzen den belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak hedatzeko izapidetze-forma, horrenbestez, aukera hori eta betebeharrak indarrean dauden esparru normatiboarekin era koherentean gauzatzeko bidea ematen duen formula da.

I. kapitulua

Ordenantzaren helburuak eta aplikazio-eremuak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak har ditzaketen azpiegituren aprobetxamenduarekin eta sare horiek hedatzearekin lotutako alderdiak arautzea.

2. artikulua. Aplikazioaren eremuak eta norainokoa.

Ordenantzak zehazten ditu, egokia denean, administrazio-izapidetzea eta erabilerak abiaraziko diren modua, norainoko hauen arabera:

a) Izapidetze-prozeduretan.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak hedatzeko administrazio-izapidetzerako prozedurak garatzen ditu, udalak administrazio-aldetik izapidetzeko eskumena duen udalerrian (1).

b) Formatua eta erabilerak zehaztean.

Udalak hedatzearen formatua (2) eta barne hartzen dituen erabilerak zehazteko eskumena duenean:

1.–Udalaren finantzaketa badagoenean.

Udalak erabat edo zati batean finantzatzen du belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak har ditzaketen azpiegiturak edo haiek hedatzea.

2.–Ez denean aurreikusten belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak herritar ororentzat eskuragarri egotea.

Hedatzen den belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak hasiera batean ez duenean aurreikusita erabilera guztiak hartzea –adibidez, pribatuek egiten dituztenak autozerbitzuz hornitzeko edo herritar ororentzat eskuragarri dauden zerbitzuak eskaintzen dituzten operadoreek egiten dituztenak– eta, hortaz, 9/2014 Legearen 29. eta 33. artikuluen artean jasota dagoenaren arabera jabari publikoak okupatzeko ahalmenik ez dagoenean, inbertsioa era berean egin ahal izatea ziurtatzeko formatua zehazten da, zeinahi inbertsio, definizioz, desiragarria baita, hartara, bateragarria izateko interes orokorrarekin eta inoiz baliatu ahal izateko beste erabilera batzuetarako, eta horrekin bidea emateko herritar ororentzat eskuragarri egongo diren zerbitzuak ere hartzea.

Esklusioz, hedatzea eta sarea hartzen duen azpiegitura operadoreen baliabideekin berekin eta pribatuekin egiten denean osorik eta herritar ororentzat eskuragarri egotea jada aintzat hartzen denean, egiten duen operadoreari egokituko zaio formatua zehaztea.

II. kapitulua

Administrazio-izapidetzea

3. artikulua. Udal-lizentziak.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak hedatzearekin lotutako jarduketetarako, zerbitzuak herritar orori eskaintzen dizkioten operadoreen konturakoetarako, ez da beharrezkoa udal-lizentzia lortzea, 9/2014 Legean, III. tituluan, II. kapituluan, 1. atalean (29. eta 33. artikuluen artean), jasota dagoenaren arabera hedatzerako baimena baitute, eta nahikoa da hedatzerako planak eta erantzukizun-aitorpenak aurkeztea.

Edonola ere, udal-lizentzia beharrezkoa izango da kasu hauetan:

a) Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareetako osagaiak hedatzetik harago, obra zibil adierazgarria egin nahi denean, edo eraikuntza berriko instalazioak izanik, eragina dutenean toki babestuetan, 9/2014 Legearen 34.7 artikuluan jasota dagoenaren arabera eta bai merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasota dagoenaren arabera ere.

b) Jarduketa pribatu batek edo erabilera pribatiboa egin nahi duen operadore batek egin nahi duenean, ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzu bat eman gabe eta, beraz, 9/2014 Legearen 29. eta 33. artikuluen artekoak aplikatzeko aukerarik izan gabe.

4. artikulua. Hedatze-plana.

Herritar ororentzat eskuragarri dauden sareetako operadoreek udalari egiten dioten komunikazioa da, belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak hedatzeko asmoa dutela jakinarazteko. Hartara, aplikatzekoak diren ordenantzen berri emango die udalak eta aginduzkoa den udal-lizentzia lortzeko proiektu bat idatzi behar duten edo ez edo nahikoa den erantzukizun-aitorpenaren komunikazioa egitearekin.

Hedatze-planak hauek hartu behar ditu, gutxienez eta funtsezko eran:

a) Noren izenean egiten den eta zein eginkizunekin.

Noren izenean egiten den. Nor izango den azpiegituraren azken titularra, azkenean operadore pribatu bateko aktiboa, ondasun komuna eta abar izango den jakiteko.

Alde batek baino gehiagok parte hartzea beharrezkoa denean, adibidez, pribatuek edo sarea herritar ororentzat eskuragarri jarriko ez duten operadoreek sustatutako hedatzeen kasuan, alde horiek zein diren identifikatu beharko da. Atal honetan aipatzen diren alde guztiek sinatu beharko dute argi eta garbi identifikatzeko aukera emango duen dokumentua, ezagutu eta onartzen dutela frogatzen duena, dagokien erantzukizuna onartzen dutela dioena eta gaitzea egiaztatzeko aukera ematen duena.

b) Oinarrizko deskribapena.

Deskribapena, eskemak, azaleko fotomuntaketak eta/edo bertikalak, hedatzea nondik igaroko den ikusteko (airean, fatxadetan, lurperatuta...).

Hasiera batean, nahikoa da oinarrizko deskribapen orokor bat egitea. Edonola ere, ez bada nahiko xehetasun ematen, hedatze-planaren ondorengo erantzukizun-aitorpenean gehitu beharko da.

c) Helburua eta aurreikusitako erabilera-mota.

Inguru horretan herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzu moduan (3), azpiegiturak banda zabala modu orokortuan emateko balioko duen erabakitzeko edo, gainerakoan, beste erabilera batzuetarako den, formatua zehaztu eta erabakitzea egokia den edo ez ebaluatzeko.

Era berean, erabilera pribatiboa eman nahi bazaio, operadoreen artean partekatutako herri-ondasunekoa, biak... Ez bada zehazten, erabilera pribatibo baterako dela ulertuko da (4).

d) Finantzaketa-mota.

Jakiteko azpiegitura osorik edo zati batean finantzatzen den diru publikoarekin, edo erabat pribatuarekin, gehiegizko inbertsioa saihestu ahal izateko eta ebaluatzeko nola den egokia formatua zehaztu eta erabakitzea.

5. artikulua. Erantzukizun-aitorpena.

a) Aurretiazko komunikazioa.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegiturak hedatzeko operadore batek hedatze-plana garatzeko egiten duen komunikazioa da erantzukizun-aitorpena.

Aurretik ez bada hedatze-plan bat komunikatu, hedatze-plan bateko informazioaren baliokidea dena eskatuko da.

Beharrezkoa denean, hedatze-planean eman dena baino xehetasun gehiago emango da deskribapenean (jarduketaren deskribapena, eskemak, azaleko fotomuntaketak edo bertikalak...) eta nondik iragoko den (airean, fatxadetan, lurperatuta...).

Jarduketa gauzatuko duena eta erantzukizun-aitorpena edo hedatze-plana sinatzen duena ez bada pertsona bera, adierazi egin behar da, bakoitzari dagokion erantzukizun-zatia identifikatu ahal izateko.

b) Nola gelditu den komunikatzea, emaitza.

Behin jarduketa egin denean, komunikatutako deskribapenean aurreikusita ez zegoen desadostasun txiki bat justifikatzen bada egin bitartean, baina hedatutako obren edo azpiegituren gainean administrazioak egin behar dituen erregistroei eragiten badie, edo, areago, desadostasunik egon gabe, edo erregistro horietarako eman behar bada jarduketa gauzatu aurretik eman ezin den xehetasun-maila, nola gelditu den, emaitza zein izan den, adierazten duen deskribapena eman behar da, eskatzen den xehetasun-mailarekin, bi asteko epe batean.

Nola gelditu den edo emaitza adierazten duen komunikazio hau teknikoki ingelesezko «As built» hitzekin adierazten den jarduketa bera da.

6. artikulua. Omisioak, ez-betetzea, arauzko arau-hausteak eta/edo faltsukeriak lizentziak lortzeko proiektuetan, hedatze-planetan edo erantzukizun-aitorpenetan.

Erantzukizun-aitorpenak komunikatzeak, 9/2014 Legearen 34.6 artikuluan jasotzen den moduan, ez du berekin ekartzen nahitaez aplikatzekoa den araudia betetzea, eta ez du mugatzen egiaztatzeko, ikuskatzeko, zehatzeko eta, oro har, administrazioak edozein mailatan kontrolatzeko administrazio-ahalmenak egikaritzea.

Zuzentzekoa den akats bat ikusten denean, erantzukizun-aitorpena egin duenari jakinaraziko zaio, gehienez ere bi asteko epean egiteko zuzenketa. Hartara, justifikazio arrazoitua beharko da, epe luzeagoa behar izanez gero. Epe horren ondoren, ez bada egin beharrezkoa zen zuzenketa, aitorpena eta erregistroko inskripzioa baliogabetzeko ebazpen bat eman ahal izango da.

Proiektu, hedatze-plan edo erantzukizun-aitorpen batean sartzen den edo harekin doan edozein datu, adierazpen edo dokumenturen zehaztasun-ezak, faltsukeriak edo omisioak berekin ekar dezake hedatzea ustiatzea ezinezkoa izatea erabakitzea edo kentzeko betebeharra izatea, alde batera utzirik eragin diren beste erantzukizun batzuk edo aplikatzekoak izan daitezkeen zehapenak.

III. kapitulua

Formatua eta erabilerak zehaztea

7. artikulua. Operadoreak libreki aukeratzen duen formatuan.

Merkatu libreko ekonomia batean berezkoa den moduan, operadoreen ekimenez eta osorik beren baliabideekin egindako belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegiturak edo sareak hedatzean, eta aurreikusten denean herritar ororentzat eskuragarri egongo diren zerbitzuak eskaintzea, operadoreak libreki erabakitzen duen formatuan ustiatu eta garatu ahal izango dira, eta administrazio-izapidetzearen kapituluan jasotako izapideak izango dira aplikatu beharrekoak (5).

8. artikulua. Formatu unibertsalean, gainerako kasu guztietarako.

Aurreko artikuluan aurreikusi ez diren kasu guztietan, eta inbertsioetan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko helburuarekin, inbertsioa eragin duen intereserako bakarrik balio ez izatea ziurtatuta, baizik eta bai interes orokorrerako ere, inbertsioetan bikoiztasunak eta gehiegizko inbertsioa saihestuta, aldi berean ustiapen-negozioaren edozein forma eta eredu ziurtatuta eta ez kanpoan uztea beren artean, hedatzea «Formatu unibertsalean hedatzea» (6), definizioaren arabera kudeatu eta ustiatuko da, hartara, jarduketa eragin duen helbururako erabiliko den azpiegituraz gain, beste erabilera batzuetarako eskuragarri gutxieneko egitura-unitateak ere gelditzeko moduan.

Formatu unibertsalari dagokion gutxieneko egitura-unitatea ezartzeko irizpidea praktikoena eta arrazoizkoena dena izango da, inbertsio arrunt baten aldean gainkostu esanguratsurik edo gehiegizkorik eragin gabe.

IV. kapitulua

Kudeaketa eta mantentze iraunkorra

9. artikulua. Operadoreen hedatze pribatiboetan.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak har ditzakeen azpiegituraren edo hedatutako sare baten operadore titularrak bere gain hartuko du kudeaketa- eta mantentze-kostua.

Mantentze-ezak edo operadoreari egoztekoak zaizkion betebeharrak ez betetzeak ustiatzeko ahalmena galtzea ekar dezake, erator daitezkeen beste erantzukizun batzuk alde batera utzita.

10. artikulua. Formatu unibertsaleko hedatzeetan.

Erabilera bakoitzaren erreserba-esparruaren barnean, onuradunek libreki kudeatuko dituzte, baina betiere beren definizioaren eta dagokien izaeraren arabera.

Erabilera bat beste alde bati dagokionerantz aldatzen bada, erreserba egiten den benetako erabilerari dagokion aldearena izatera igarotzen dela ulertuko da, erabileretako bakoitzerako gutxieneko egitura-unitateak gelditzen jarraitu behar dutela ulertuta, hartara, formatu unibertsalaren definizioaren arabera eutsita hedatzeari.

Azpiegituraren iraunkortasuna eta mantentzea erabiltzen duten guztien konturakoa izango da. Egoztekoak diren betebeharrak ez betetzeak edo mantentze-ezak erabilera galtzea ekar diezaioke eragileari, erator daitezkeen beste erantzukizun batzuk alde batera utzita.

a) Kostua ordaintzetik salbuetsita egotea udalaren autozerbitzurako.

Udalak belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak hedatzen dituenean autozerbitzua erabilita eta beste erabilera batzuekin batera dagoenean, udala salbuetsita egongo da mantentze- eta iraunkortasun-kostutik ezer hartzetik bere gain, ulertuta beste erabilerek aurreikusita eduki behar dutela ekarpen hori bera eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ekarpen gehigarria, diru publikoaren konturakoa, jada estalita badago. Era berean, eta arrazoi berberengatik, udalak ez du tasarik ezarriko kontzeptu horrengatik eta mota horretarako hedatzerako, hartara, belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen kostua murrizten laguntzeko eta gizartearen esku arrazoizko prezio batean jartzea errazteko.

b) Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen erabilera pribatiboa inplementatzea eta kudeatzea udalak.

Udalaren jarduna belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak har ditzaketen azpiegiturak eraikitzetik harago badoa -9/2014 Legearen 37. artikuluaren 3. puntuan aipatzen direnak (hodiak, guneak, mastak...)-, belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen osagaiak berez esanak izanik (zuntzak, osagai elektronikoak...), udalaren eskumena gainditzen duen jarduera izango da, lehia libreko operadoreena izanik, 9/2014 Legeak 2. artikuluaren 1. puntuan jasotzen duen moduan.

Lehia librea eta formatu unibertsalean ustiatzea bermatzeko, eta erabilera pribatiboa ezartzeko bidea emateko, udalak bi aldaeraren bidez egin ahal izango du:

1.–Operadorea eratzen.

Eginkizun hori bere gain hartuta, udaletik independentea den operadore bat eratuta. Arautzeko ahalmena duen agintaritzari jakinaraziko zaio helburu hori duen operadorea sortu dela eta 9/2014 Legearen 9. artikuluak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

2.–Operadore baten esku uzten, erabilera partekatu baterako eta interes-gatazkarik gabe.

Deskribatzen dena bezalakoa den erakunde baten bidez, erabilera partekatuaren (7) gobernantzarako, beste operadore batzuekin interes-gatazkarik ez egoteko betebeharrak betetzeko bermeak egon daitezen eta, horrekin, baldintza objektiboen, gardentasunekoen eta bereizkeria-ezekoen arabera jokatzeko administrazioak dituen baldintzak betetzeko, 9/2014 Legearen 37. artikuluaren 1. puntuan jasotzen den moduan.

Kasu horretan, ulertzen da udalak ez duela hartzen bere gain operadore-eginkizuna. Eginkizun hori erabilera partekatuko operadoreari eskualdatu dio, artikulu honetako c) atalean (Erabilera partekatua edo komunena inplementatzea) jasotzen denaren arabera kudeatuko duena.

Gobernantza hau aplikatzeko agindua formalizatzea egin ahal izango da indarrean dagoen araudiaren arabera kasu bakoitzean aplikatzekoak diren formuletako edozeinen pean. Zehazki, formula haien artean hauek daude:

Hitzarmen bidez.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegitura operadoreen artean partekatu beharreko herri-ondasuntzat jotzen bada, hitzarmen bidez, ustiapen bat abiarazteko ardura bere gain hartuko duen erakunde batekin, 1372/1986 Errege Dekretuaren 3. atalean jasotzen denaren arabera (94. eta 108. artikuluen artean).

Lagatze bidez.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegitura jabari publikoko ondasuntzat edo ondare-ondasuntzat jotzen bada, lagatze bidez, 1372/1986 Errege Dekretuaren 109.2 artikuluan edo 336/1988 Dekretuaren 49.1.b artikuluan jasota dagoena bezalakoa, irabazteko asmorik ez duten eta onura publikoko edo interes sozialeko xedea duten erakunde pribatuetarako.

Lehiaketa publiko edo enkante bidez.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegitura jabari publikoko ondasuntzat edo ondare-ondasuntzat jotzen bada, aurreko ataletan deskribatutako bideak aplikatu ezin direnean edo indarrean dagoen araudiak hala eskatzen duenean, lehiaketa publiko edo enkante bidez, 9/2014 Legearen 30. artikuluan jasotzen denarekin gatazkarik eragiten ez duen bitartean.

c) Erabilera partekatua edo komunena inplementatzea.

Azpiegituraren kudeaketa- eta mantentze-gastua erabiltzen duten operadoreei ordainarazten zaie, eta bakoitzak egiten duen erabileraren proportzioan, gardentasunez, interes-gatazkarik eta bereizkeriarik gabe finkatutako irizpideak aplikatuta.

Baldintza horiek betetze aldera, erabilera partekatua edo komunena inplementatzea erakunde baten bidez egiten da, ordenantza honetan ematen den definizioaren arabera erabilera partekatu horren gobernantza aplikatzeaz arduratzen dena (8).

d) Udalak inbertsioa berreskuratzea.

Inbertsioa udalak egiten duenean, erabaki dezake, bere irizpidearen arabera, egin duen inbertsioa berreskuratu nahi duen erabilera pribatiboak hartu dituenaren kontura. Orduan, inbertsioa finantzaketa-mekanismo bihurtuko da, eta, hala, ulertuko da, behin osatu denean inbertsioa itzultzea, kudeatzen duen erakundearen aktibo bihurtuko dela, artikulu honetako b) puntuan aurreikusitako kasuen arabera, berari baitagokio itzultze hori inplementatzea.

Hala ere, eta nahiz eta hori hala gertatu, udalaren alde gozamena ezartzen da etengabe, honetan datzana: udalaren autozerbitzura bideratutako aldearen erabilera egiteko ahalmenari eutsiko dio eta azpiegitura formatu unibertsaleko irizpideen arabera kudeatzen jarraituko da.

e) Pribatuek eta operadoreek inbertsioa berreskuratzea.

Hedatu duenak erabilera egiten duen aldean, eta merkatuko ekonomia bati dagokion moduan, hedatzea egin duenak gauzatzen duen jarduera ekonomikoak eman behar du inbertsioa berreskuratzea, bere negozio-ereduaren bidez.

Formatu unibertsaletik eratorritako aprobetxamenduaren emaitza moduan, beste batzuek erabiltzen dituzten gutxieneko egitura-unitateen aldean, inbertsoreek, nahi izanez gero, inbertsioaren zenbatekoa berreskuratzeko eskubidea gauzatu dezakete, beste erabilera batzuk egiten dituztenen kontura.

f) Inbertsioa berreskuratzeko irizpide orokorrak.

Inbertsioak sartze-oztopo esanguratsurik ez sortzeko, negozio-ereduen bideragarritasuna ez baldintzatzeko, lehiari eragiten dioten baldintza desberdinik ez sortzeko edo espekulatzeko ez erabiltzeko, inbertsioa itzultzeko irizpideak ezartzeko orduan printzipio hauek hartu behar dira aintzat:

1. Gastua edo inbertsioa egin duenari ordaina ematen zaio.

2. Benetako gastua hartzen da kontuan, dudarik gabe justifikatuta.

3. Aplikatzekoak diren amortizazioak kentzen dira.

4. Merkatuko interesak eta prezio-emendatzeak gehitzen dira, etekinak sortzeko aukera emateko, baina betiere inbertsioaren balioaren proportziokoak eta merkatuko erreferentzia-balioak hartuta erreferentzia moduan (9).

5. Erabilitako gutxieneko egitura-unitate bakoitzeko berreskuratu beharreko kostuak inbertsio osoa dauden gutxieneko egitura-unitateen artean zatitzearen baliokidea izan behar du, hau da, ez du balio izan behar inbertsoreak jada erabiltzen dituen gutxieneko egitura-unitateen inbertsioa berreskuratzeko eta jardueran bertan oinarrituta berreskuratu behar dena (10).

6. Sartze-oztopoak eragin ditzakeen gastu garrantzitsu bat sortzen bada, itzultzea mailaka egingo da denboran, eta, ahal izanez gero, jarduera-bolumenari indexatutako zenbatekoen eta epeen arabera, prezio finkoen bidez baino gehiago (11).

g) Erabilerak eta gutxieneko egitura-unitateak berriro planteatzea.

Dela denentzat ahalmena beti eskuragarri egotea bermatzeagatik, ahitu baino lehen eta arrazoi horregatik azpiegitura edo erabilera baterako sarbideari ezezkoa eman baino lehen, dela eraginkortasun hobeak ahalbidetzen dituzten teknologia berriak agertzeagatik, bai udalak eta bai edozein operadorek ere erabileren formatua berriro planteatzeko eskatu ahal izango dute. Gutxieneko egitura-unitateak berriro planteatu ahal izango dira edo exijitu ahal izango da sarbidea ematea modu partekatuan.

Berriro planteatzean, adibidez, eskuragarri dagoen azken gutxieneko egitura-unitatearen gainean gutxieneko egitura-unitate txikiagoak definitu ahal dira, daudenak berregituratu edo daudenen ahalmena handitu, horretarako bidea ematen duten teknologiak sartuta.

Berriro planteatzeko proposamenei arrazoi objektiboengatik baino ezin zaie eman ezezkoa, besteak beste 2014/61/EE Zuzentarauaren 3. artikuluan, 3. puntuan, aurreikusita daudenengatik, eta kontuan hartu behar dute berriro planteatzearen kostua eta beharrezkoak diren aldaketak inplementatzearena eskatzen duenaren konturakoak direla.

V. kapitulua

Definizioak

11. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau interpretatzeko eraginetarako, definizio hauek dira aplikatzekoak:

1.–Operadorea.

9/2014 Legearen II. eranskineko 26. puntuan jasotzen denaren arabera, sare publikoen bidez herritar ororentzat (12) eskuragarri dauden komunikazio-zerbitzuak ematen dituen pertsona fisikoa edo juridikoa da, eranskin bereko 32. puntuan definitzen diren moduan, eta jarduera hori gauzatzea komunikatzeko jakinarazpen bat izapidetu duena dagokion agintariari.

2.–Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzua.

Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzutzat jotzen da denei eskaintzen zaien, hau da, oro har gizarteari eskaintzen zaion komunikazio elektronikoen zerbitzua, telekomunikazioen sare publikoei buruz Telekomunikazioetako Lege Orokorraren, 9/2014 Legearen, II. eranskineko 32. puntuko definizioaren arabera, eta merkatuko irizpideak dituen kostuaren batez bestekoan dagoen kostu batean (13).

«Orori» gehitzen da 9/2014 Legearen II. eranskineko 32. puntuan «herritarri» bakarrik egiten zaiolako erreferentzia, eta, lege horren beraren eta Europako zuzentarauen atarikoan azaltzen den moduan, nahi dena da denentzat askotarikoa den eskaintza agertzea merkatuko irizpideekin (ikusi hurrengo puntuko definizioa), lurralde-kokapena edo ahalmen ekonomikoa gorabehera, eta ez bakar batzuentzat bakarrik. Hartara, «herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzua» definizioak saihesten du publiko hautatu batentzat eta erosteko ahalmen handia duenarentzat mugatuta dagoen eskaintza bat ematera bideratuta dauden negozio-ereduak bakarrik garatzen dituzten operadoreak barne hartzeko moduan interpretatzea, gainerakoak baztertuta.

3.–Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzu baten merkatu-kostua merkatu-irizpideekin.

Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzu baten kostua merkatu-irizpideei dagokien edo ez erabakitzeko, Europako Batzordeak «Retail broadband access prices» edo «Basic Internet Access Cost» («BIAC») (14) izenekoei buruz argitaratzen duen azken azterlana hartuko da erreferentziatzat, edo antzeko eginkizun batekin etorkizunean ordezten duen kaleratutako edozein indize, ulertuta baldintza hori betetzen dela operadoreak kaleratzen duenean eta konpromisoa hartzen duenean belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareek berezkoak dituzten zerbitzuak emateko, azken erabiltzailearentzat antzeko zerbitzu baterako azterlanak kaleratzen dituenekin alderagarriak diren prezio batzuetan. Alderagarritzat jo behar da Europar Batasuneko estatu kideetan dagokien datuei dagokien tartearen barnean dagoena.

4.–Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareak edo «ultra-azkarrak» (BBTZES).

Zuntz optikoan oinarritutako telekomunikazio-sareak dira, edo kidekoak, oro har herritarrentzat eskuragarri dauden zerbitzuetarako sarbidea eman dezaketenean, 100 Mbps edo gehiagoko banda zabal simetrikoko zerbitzuetarako, gizarteari oro har eta zerbitzu publikoei.

«BBTZES» erabiltzen da laburtzeko (gaztelaniaz, «RASTNG»).

5.–Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegiturak.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen edozein azpiegitura edo osagai, dela haiek har ditzakeelako (besteak beste, 9/2014 Legearen 37. artikuluan aipatzen direnak: hodiak, zutoinak, mastak, kaxak, ganberak, armairuak edo haiek hartzeko beharrezkoa den beste edozein baliabide kideko), dela osagaia delako (zuntzak, osagai elektronikoak, antenak...).

6.–Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen erabilerak.

a) Udalaren autozerbitzua.

Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegiturak «SMART» zerbitzu publiko adimendunei komunikazioak edo egoitza publikoen artean emateko.

Udalak, nahi izanez gero, erabilera horri uko egin diezaioke, besteen erabiltzaile izanez.

b) Pribatiboa.

Azpiegitura era pribatiboan ustiatzea, operadore batek eginez beste batzuei zerbitzuak emateko (beste operadore batzuk edo azken hartzaileak) edo operadorea ez den pribatu batek, bere buruari zerbitzua emateko.

Operadore batek bere erabilera pribatiboa partekatzen badu beste batzuekin baina partekatzeko baldintzak erabakitzeko eskubidea bere eginez, hori ere erabilera pribatibotzat jotzen da. Partekatze horri ‘partekatze bertikal’ edo ‘birsalmenta’ ere esaten zaio, eta ez da nahastu behar herri-ondasunekoarekin edo operadoreen artean partekatutakoarekin.

c) Operadoreen artean partekatutako herri-ondasunak.

Operadoreen artean azpiegitura bera partekatzea eta modu eraginkorrean, interes-gatazkarik ez izatea bermatzen duen gobernantza baten bidez, gardentasuneko baldintzetan eta baldintza-berdintasunekoetan parte hartu nahi duen edozein operadore gaiturentzat irekia den baten bidez. Hartara, espazio partekatu bat sortzen da (komunena, neutroa edo irekia ere esaten zaio), eta bertan elkarlaneko ekonomia bat sortzen da, non kudeaketa- eta mantentze-gastuak proportziozko moduan ordaintzen diren belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegitura partekatzen duten operadoreen artean eta egiten duten erabileraren arabera.

L1910362_0.pdf

1. irudia: Aldeen hasierako erreserba, zuntz optikoko kable batean, formatu unibertsalean, zuntzen hodiak erabilita gutxieneko egitura-unitate moduan:

Lehenik eta behin, hiru alde egin behar dira, bakoitzak gutxieneko egitura-unitate bat duela (zuntzen hodia), erabilera bakoitzerako erreserbatuta.

Jarraian, alde bakoitza handitu egin ahal izango da gutxieneko egitura-unitateen bidez, libre daudenak erabilita, dudarik gabe egiaztatzen duen heinean izendatuta dituenak modu eraginkorrean ahitu dituela.

Berariaz interes-gatazka dagoela ulertzen da, gobernantza inplementatzen duen erakundetik edo hura kudeatzen duten pertsonen aldetik jarduera bera gauzatzen bada, edo akzioen partaidetza dagoenean, edo interesen antzeko loturak lehian egon daitezkeen beste operadore batzuekin, belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sarearen egiturazko elementuak ustiatzeko interesean, zerbitzuak azken erabiltzaileei eskaintzeko, nahiz eta lehia hori beste toki edo udalerri batzuetan gauzatu.

Ez da nahikoa asmoen edo balioen adierazpena: gobernantza era eraginkorrean abiarazi behar da, xede hori duen eta legez eratu den erakunde baten bidez, eta definizio honetan aipatutako baldintzak beteko dituen baten bidez.

7.–Formatu unibertsalean hedatzea.

Aurreko atalean deskribatutako hiru erabilerak (udalaren autozerbitzua, pribatiboa eta operadoreen artean partekatutako herri-ondasunena) aldi berean gauzatzeko bidea ematen duen hedatzea da.

Hori egiteko, hiru zatitan banatzen da, bat erabilera bakoitzeko, eta zati bakoitzak, hasteko, gutxieneko egitura-unitate bat du (15). Libre dauden gainerako gutxieneko egitura-unitateak eskatzen duen aldearen zabalkundeetarako eskuragarri geldituko dira, hasiera batean erreserbatuta zuen ahalmena ahitu duela dudarik gabeko moduan egiaztatuta.

Erabilerak ez lirateke inoiz ahitu behar, beti erabilera partekaturako gutxieneko egitura-unitate bat utzi behar dela kontuan izanda, hartara, bertan sartu ahal izateko era berean gainerako erabilerak.

Ahitzen dena ahalmena bada, eta hori saihesteko, orduan 10. artikuluko (Formatu unibertsaleko hedatzeetan) g) puntuan (Erabilerak eta gutxieneko egitura-unitateak berriro planteatzea) jasotako berriro planteatzea da aplikatu beharrekoa.

Ikusi jarraian ageri den irudia, zuntz optikoko kable baten erabilera-erreserben hasierako banaketaren adibide moduan. Banaketa hiru zatitan eginda dago (udalaren autozerbitzua, pribatiboa eta operadoreen artean partekatutako herri-ondasunena), zuntzen hodiak gutxieneko egitura-unitate gisa erabilita.

8.–Gutxieneko egitura-unitatea.

Erabilera bakar bati modurik praktikoenean izendatu ahal zaion gutxieneko unitatea da. Hartara, ahalbidetzen du era berean azpiegitura bera erabilera ugari desberdinetarako kudeatzea, formatu unibertsalaren ereduaren arabera. Adibide moduan:

a) Hodi anizkunetan eta hiru hodikoetan.

Hodia.

b) Hodi bakartuetan.

Azpi-hoditeria bideragarria denean, azpi-hodia.

c) Zuntzak hodietan multzokatzen diren zuntzezko kablean.

Hodiak (16).

d) Hodi baten zuntzetan edo zuntz biluzietan (mikro-hodietan puztuak).

Zuntza.

e) Zuntz bakartuan.

Zuntz beraren multiplexatzea bideragarria denean uhin-luzera zenbaitetan, norabide biko komunikazioa ahalbidetzen duten uhin-luzeren parea.

f) Datuen zirkuitu berean edo sare fisikoan.

Zirkuitu desberdinak edo sare birtualak (VLAN edo VPN) definitzen zirkuitu fisiko beraren gainean.

g) Edozein kasutan.

Modurik sinpleenean, bideragarrienean eta praktikoenean erabilerak banatzeko bidea ematen duen unitatea erabiliko da, aurreko puntuetan aplikatutako irizpideen antzekoekin. Ez badago bakar bat ere, erabilera partekatu egingo da, ahal bada, formatu partekatuaren edo komunenaren bidez, hark era naturalean aurreikusi behar baitu gutxieneko egitura-unitate beraren erabilera partekatua gardentasuneko eta bereizkeria-ezeko baldintzetan, eta egokia edozein erabileratarako.

9.–Gehiegizko inbertsioa edo gehiegizko eraikitzea.

Beharrezkoa den belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen azpiegitura baino gehiago hedatzean datza, inbertsioak bikoiztuta edo biderkatuta.

Ingelesez «overbuilding» ere esaten zaio. Ondorioa da inbertsioetan eraginkortasun-eza izatea, eta, gainera, baliteke ezkutatzea, egiten duenaren aldetik, lehiakide izan daitezkeenen bideragarritasunean eragiteko benetako xedea; izan ere, gutxitu egiten du inbertsioaren erretornua lortzeko gaitasuna, eta horrekin, eta epe luzera, eskaintzaren aukera murriztea ekar dezake, erabiltzaileei benetan aukeratzeko askatasuna ahalbidetuko diena.

Ordenantza honen helburua inbertsioen eraginkortasuna maximizatzea den heinean, eta, aldi berean, eskaintza askotarikoa eta kalitatekoa ziurtatzea bereizkeriazkoak ez diren baldintzetan, udalak egiten duenean inbertsioa zati batean edo osorik, edo baliabide publikoekin, ahal den neurrian ekiditen saiatuko da.

OHARRAK:

(1) Ikusi II. kapitulua. Administrazio-izapidetzea.

(2) Ikusi III. kapitulua. Formatua eta erabilerak zehaztea.

(3) Ikusi “herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzuaren” definizioa, 11. artikuluan (Definizioak), 2. puntuan (Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzua), V. kapituluan, definizioetan.

(4) Ikusi “erabileren” definizioa, 11. artikuluan (Definizioak), 6. puntuan (Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeko sareen erabilerak), V. kapituluan, definizioetan.

(5) Ikusi II. kapitulua. Administrazio-izapidetzea.

(6) Ikusi «Formatu unibertsalean hedatzearen» definizioa, 11. artikuluan, 7. puntuan (Formatu unibertsalean hedatzea), V. kapituluan, definizioetan.

(7) Ikusi «erabilera partekatuaren» definizioa, 11. artikuluan (Definizioak), 6. puntuan (Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeok sareen erabilerak, Operadoreen artean partekatutako herri-ondasunak), V. kapituluan, definizioetan.

(8) Ikusi «erabilera partekatuaren edo komunenaren» definizioa, 11. artikuluan (Definizioak), 6. puntuan (Belaunaldi berriko telekomunikazio-zerbitzuak eskuratzeok sareen erabilerak, Operadoreen artean partekatutako herri-ondasunak), V. kapituluan, definizioetan.

(9) Merkatuko erreferentzia-balioak dira, adibidez, 11. artikuluan (Definizioak), 3. puntuan (Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzu baten merkatu-kostua merkatu-irizpideekin) («BIAC» izenekoen arabera), V. kapituluan, definizioetan, ageri direnak edo kontsumorako prezioen indizea («KPI»).

(10) Ikusi aurreko puntua Pribatuek eta operadoreek inbertsioa berreskuratzea.

(11) Itzulerako prezio finko batek, edo epe finko batek, ekar dezake jarduerako dentsitate baxuko eremuetan hedatzea ez izatea bideragarria, eta, horrekin, bereizkeria eragitea, lurraldeko kokapenaren ondorioz.

(12) Ikusi «Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzua», 11. artikuluan, 2. puntuan.

(13) Ikusi «Herritar ororentzat eskuragarri dagoen zerbitzu baten merkatu-kostua merkatu-irizpideekin», 11. artikuluan, 3. puntuan.

(14) Erreferentziazko dokumentuen adibideak, 2015ekoak:

https://ec.europa.eu/digital-single-market/en/news/study-retail-broadband-access-prices-february-2015

http://ec.europa.eu/newsroom/dae/document.cfm?action=display&doc_id=11183

(15) Ikusi «Gutxieneko egitura-unitatearen» definizioa, 11. artikuluan, 8. puntuan.

(16) Ikusi hedatze unibertsalaren definizioaren irudia, aurreko puntuan.

Iragarkiaren kodea: L1910362