152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROIBAR

0,7 laguntzak arautzen dituen Ordenantza.
Behin betiko onespena

Erroibarko Udalak 2018ko urriaren 29an egin bilkuran Erroibarko 0,7 laguntzak arautzen dituen Ordenantzaren aldaketa onetsi zuen hasiera batean. Espedientea jendaurrean hogeita hamar eguneko epean egon da eta ez denez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da eta haren testu osoa argitara eman, Nafarroako Toki Administrazioaren Foru Legearen 325 artikuluan ezarritakoa betez.

Ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu hortik aurrera.

Lintzoainen, 2019ko martxoaren 5ean.–Alkate-udalburua, Enrique Garralda Erro.

ERROIBARKO 0,7 LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN
ORDENANTZA

1.–Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Erroibarren, eskualdean edo Nafarroan helbidea duten pertsonek, elkarteek edo entitateek gizaldeko izaera duten jarduerak eta proiektuak sustatu eta laguntzeko Udalak ematen dituen dirulaguntzak arautzea.

2.–Diruz lagundutako proiektuak.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuak garapen bidean dauden edo zailtasun humanitarioak dituzten planetako edozein tokitako bizilagunei zuzendutako proiektu, jarduketa eta jarduerak izanen dira. Diruz lagunduko diren proiektuek urte bete iraunen dute, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

3.–Eskatzaileak.

Laguntzeko izaera duten partikularrek, elkarteek eta erakundeek dirulaguntza hauek eskatu ahalko dituzte, beti ere ibarrean, eskualdean edo Nafarroan kokatuta baldin badaude edo jarduten badute.

Dirulaguntzak jasotzeko honako baldintzak bete behar dira:

–Nafarroa mailan legez eratutako entitatea izatea edo ibarreko bizilaguna izatea.

–Helbidea ibarrean edukitzea edo helbide soziala Nafarroan edukitzea.

4.–Onuradunaren betebeharrak.

–Dirulaguntzak deialdiaren bidez onetsitako proiekturako baizik ez dira erabiliko.

–Erroibarko Udalak egin dezakeen egiaztapen jarduera guztiak onartzea.

–Diruz lagundu behar den proiekturako lortzen diren beste dirulaguntza edo laguntzaren berri ematea Erroibarko Udalari.

–Erroibarko Udalak eskatzen duen gisan frogatzea dirulaguntzaren xedea bete dela.

–Afixetan edo bestela, proiektuaren publizitatea egiten denean, ibarraren armarria ezarriko da edo ibarra aipatuko da, proiektuarentzako dirulaguntza eman duela adieraziz.

–Dirulaguntzak jasotzeko nahitaezkoa izanen da onuradunek beren tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik izatea, halakorik balego.

–Jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta egiaztatzen bada ez direla erabili laguntza lortu zuten proiektuetarako edo ez badira betetzen ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak.

5.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak Erroibarko udaletxean aurkeztuko dira irailaren 1etik abenduaren 1era, eta hurrengo urtean eginen diren proiektuentzako izanen dira, hau da, hurrengo urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra. Eskaera egiteko eskabide-orria aurkeztu behar da udaletxeko bulegoetan.

6.–Eskaerak eta dokumentazioa.

Eskabide orokorrarekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

–Eskatzailearen edo elkartea edo erakundea ordezkatzen duenaren izena, abizenak eta NAN, eta elkartearen edo erakundearen IFZ.

–Dirulaguntza eskatzen den epean eginen diren proiektuak.

–Jarduera bakoitzerako aurreikusi diren gastuen eta diru-sarreren azalpen xehatua.

7.–Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Borondatezko lankideen lan-sariak, etxebizitzen alokairua edo garraioa, proiektua ezagutzera emateko publizitatea eta proiektua gauzatzeko behar den materiala.

8.–Hautaketaren eta puntuazioaren irizpideak.

Udalaren batzordeak aurkeztutako proiektu guztiak berrikusiko ditu eta sustatzaileei eskatutako baldintza guztiak berrikusiko dira. Proiektu oro behar bezala aurkeztuta, batzordeak balorazioa eginen du ondoren aipatutako puntuazioaren arabera:

Puntuazioaren taula:

1. Sustatzailea nongoa den: 15 puntu (v.15, z.10, n.5).

2. Proiektuak eraginen dion jende kopurua: 30-35 puntu.

3. Proiektuaren xedea den populazioaren beharra: 30 puntu.

4. Sustatzaileak dituen baliabideak: 15 puntu.

5. Sustatzailearen fidagarritasuna frogatzen duen ibilbidea: 5 puntu.

9.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

Udalak aurrekontuan eskura zenbat diru duen eta zenbat eskaera jaso dituen kontuan hartuta, bidezko diren dirulaguntzak emateari ekinen dio, hautapen irizpideei jarraikiz.

Puntuaziorik altuenak lortzen dituzten proiektuak izanen dira dirulaguntza jasoko dutenak. Aurkeztutako proiektu guztientzako dirurik egongo ez balitz, puntuazio nahikorik ez duten proiektuak dirulaguntzetatik kanpo geldituko dira.

10.–Ordaintzeko ebazpenak eta epeak.

–Eskaerak jaso ondoren, Udalak hilabete eta erdiko epetik (45 egun) aurkezteko gehieneko epe bitartera (abenduaren 1a) ebatziko ditu.

–Udalak ez du ordenantzan ezarritako epez kanpoko proiektu eskaerarik onartuko, eta eskatzaileari oroitaraziko zaio hurrengo deialdietan eskaera noiz egin behar duen.

–Laguntza onetsi ondoren, onartutako dirulaguntzaren %50 ematen ahalko du Erroibarko Udalak, eta proiektua martxan jartzen den urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 1era ordainduko da.

–Onartutako dirulaguntzaren gainerako %50 iraila eta abendua bitartean ordainduko da.

11.–Egindako proiektuen justifikazioa.

Proiektua frogatzeko agiriak Erroibarko udalean aurkezten ahalko dira irailaren 1etik urriaren 15era.

Diruz lagundutako proiektuaren kostua frogatzen duen memoria ekonomikoa.

–Gastuak erakutsiko dira jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak eta horien ordainagiriak aurkeztuta.

–Jarduerarako lortutako laguntzen zinpeko deklarazioa, haien zenbatekoa aipatuta, edo, halakorik ezean, deklarazio negatiboa.

Dokumentazio hori Erroibarko Udalak ezarritako epeetan aurkeztu eta, beharrik bada, osatu ondoren, dirulaguntzaren gainerakoa ordainduko da, edo, halakorik egin beharra badago, kontura eman den zenbateko osoa edo haren zati bat itzultzeko eskatuko zaie eskatzaileei.

11.1. Bukatutako proiektua:

Proiektua bukatuta dagoenean, haren sustatzaileak diruz lagundutako proiektua egina dagoela frogatzen duten proba eta agiriak aurkeztuko beharko ditu. Dokumentazio grafikoa eta bisuala aurkeztuko da, Udalak erakutsi eta ezagutzera eman ahal izateko.

12.–Zehapenak.

Hurrengo lau urtean dirulaguntzak jasotzeko eskubidea kenduta zehatuko ditu Erroibarko Udalak jardueren finantzaketari buruzko datuak faltsutzen edo ezkutatzen edo dirulaguntzak behar bezala egiaztatzen ez dituzten pertsonak, elkarteak, entitateak edo erakundeak.

13.–Ordenantza honen indarraldia.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko onespenaren iragarkia argitaratzen den egunean hartuko du indarra ordenantza honek, eta, handik aurrera, baliogabetua geratuko da ordura arte indarra zuen ordenantza, bai eta haren edukiaren aurkakoa den beste edozein arau, maila berekoa edo beheragokoa bada.

Iragarkiaren kodea: L1909722