147. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

74/2019 FORU DEKRETUA, ekainaren 26koa, Kontratazio Publikorako Batzordea arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Kontratazio Publikorako Batzordea Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean sortu zen, organo aholku-emaile gisa, eginkizun nagusi batzuetarako: administrazioaren efizientzia hobetzea eta araua behar bezala garatzea.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen bitartez –haren bidez indargabetu da 6/2006 Foru Legea–, zenbait aldaketa egin dira organo horren osaeran eta eginkizunetan, eta, hortaz, horiek agerrarazi behar dira hura garatzeko araudian.

Batzordeari dagokionez, badira zenbait berrikuntza. Ohi bezala, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio gastu handiena duten departamentuak egonen dira, baita haren aplikazio eremuaren peko entitateen ordezkariak ere –orain gehiago izanen dira enpresa sektore publikoari tokia egiteko–. Baina, berrikuntza gisa, maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen bidez sortutako Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko burua ere batzordeko kide izanen da, baita sindikatuen ordezkariak ere.

Kontratazio Publikorako Batzordearen antolamenduaren arabera, osoko bilkura da batzordearen jarduketa lerroak ezarri eta erabaki garrantzitsuenak hartzen dituen organoa. Lanak egitea, aldiz, batzorde berariazkoei dagokie.

Batzorde berariazkoen artetik, batzorde iraunkorra azpimarratu beharra dago, duen garrantzia dela eta, txosten eta dokumentu teknikoak onesteko eginkizuna baitu.

Onestekoa den arauaren aldeko txostena eman du Kontratazio Publikorako Batzordeak, 2018ko azaroaren 21ean egindako bilkuran, baita Toki Araubideko Foru Batzordeak ere, 2018ko abenduaren 17an egindako bilkuran.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Kontratazio Publikorako Batzordearen izaera eta eginkizunak

1. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen izaera eta eginkizunak.

1. Kontratazio Publikorako Batzordea kide anitzeko organo bat da, bere eginkizunetan independentea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuari atxikia organikoki; Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 4. artikuluan aipatzen diren entitateek kontratazio publikorako duten sistemak ongi funtzionatzen duela zaintzea du eginkizun nagusia.

2. Bere eginkizunak gauzatzean, autonomia funtzional osoa du helburuak behar bezala betetzeko. Ez da, inola ere, jarraibide hierarkikoen mende egonen.

2. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen eginkizunak.

1. Kontratazio Publikorako Batzordeak, besteak beste, eginkizun hauek ditu:

a) Txostenak egitea eta, behar denean, kontratazio sistemaren alderdi administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak ukitzen dituzten arauak, neurriak edo jarraibideak proposatzea.

b) Esleipenerako irizpide eta baremoak prestatzea, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendeko pertsona eta entitateek erreferentzia gisa erabil ditzaten.

c) Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendeko pertsona eta entitateentzat eta kontratazio publikoak ukitzen dituen enpresa-, lanbide- eta sindikatu-erakundeentzat arlo horretako gaiei buruzko txostenak egitea, bere esku-hartzea eskatzen zaionean.

d) Kontratuen prestaketari, adjudikazioari eta aldaketari buruzko agirien eredu normalizatuak onestea proposatzea.

e) Txostenak ematea lizitazio baten emaitza argitaratu gabe uztearen bidezkotasunari buruz.

f) Ogasun Ministerioko Kontratazio Administratiboko Batzorde Aholku-emaileari erregelamenduz ezarritako kontratuen gainean eman behar zaion informazio estatistikoa zentralizatzea, nazioarteko arauak betetzeko.

g) Nafarroako Kontratazioaren Ataria, Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforma, Kontratuen Erregistroa eta Borondatezko Lizitatzaileen Erregistroa kudeatzea, gaurkotzea eta haien mantentze-lanak egitea.

h) Prezioen ezarpenaren inguruko arbitrajeak eta likidazioan desadostasuna dagoenean sortzen direnak ebaztea Administrazioaren obra kontratuetan.

i) Nafarroako Parlamentuan aurkeztea, horretarako zehazten den batzordean, urtealdiko txosten bat, zehaztuko dituena, batetik, zer esku-hartze izan dituen organo horrek, eta, bestetik, zer proposamen egiten dituen kontratazio-sistema efizientea izan dadin eta, hala, zama administratiboak sinplifikatzeko.

j) 2014/24 Zuzentarauak gobernantzaren arloan eskatzen dituen betebeharren berri ematea. Zehazki, ez-betetze berariazkoak edo arazo sistemikoak atzematen dituenean, bere baliabidez edo horren gaineko informazioa jaso duelako, egoera horren berri ematea Kontuen Ganberari, jurisdikzio-organoei, eskumena duten egitura nazionalei eta Nafarroako Parlamentuari.

k) Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kideen izendapena proposatzea.

l) Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegia osatzen duten pertsonak kentzeko espedientea izapidetzea, honako kasu hauetan: nazionalitatea galtzea, zereginak betetzeko izendatu ondoren ezgaitasuna sortzea, eginkizunak larriki ez betetzea, askatasunaz gabetzeko zigorra jasotzea edo delitu batengatik lan edo kargu publikoan aritzeko desgaitze erabatekoa edo berezia jasotzea.

m) Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean agintzen diren txosten eta irizpenak egitea, bereziki Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 100.2 eta 132. artikuluetan aipatzen direnak.

n) 10.000.000 eurotik gorako balio zenbatetsia (BEZik gabe) duten kontratuen kontratazio mahaietan parte hartzea.

o) Azterlan, txosten eta proposamenak egitea, Nafarroako administrazio publikoen eta haren erakunde publikoen, enpresen eta fundazioen kontratazioan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeari buruz.

p) Kontratatzeko debekua deklaratzen duten espedienteetan ebazpen proposamena prestatzea, legez aurreikusitako kasuetan, baita kontratazio organoek beren jarduketa-eremuetan adostutako kontratatzeko debekuaren ondorioak hedatzeko proposamena ere.

q) Kontratatzeko debekuak Nafarroako Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroan inskribatzea, eta Estatuko Kontratazio Administratiboko Batzordeari eta beste autonomia erkidego batzuetako organoei jakinaraztea Foru Komunitatearen esparruan emaniko zehapen eta ebazpen irmoak.

r) Urteko memoria prestatu eta onestea, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendeko erakundeek egindako kontratazio publikoaren kudeaketari buruz.

s) Kontratazio publikoaren sistema hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren azterlanak egitea, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoetako eta haren erakunde publikoetako, enpresetako eta fundazioetako langileak prestatzeko jardueretan parte hartzea.

t) Kontratazio publikoaren arloko arauen aplikazioari buruzko irizpideak finkatzea, bere eskumenen esparruan.

u) Foru Komunitateko Administrazioko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuari jakinaraztea jakiten duten edozein egitate, lehiaren defentsaren gaineko legeriaren urratzea izan daitekeena.

v) Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoari jakinaraztea jakiten duten edozein egitate, osotasun-printzipioan eragina izan dezakeena.

w) Bere ondorioen berri ematea Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen menpe dauden entitateei, eta/edo, izaera orokorrez, egoki diren gomendioak ematea kontratazio publikoaren gaineko azterlanen edo kontratu partikular baten ondorioz.

2. Edonola ere, Kontratazio Publikorako Batzordeak behar bezala zainduko du kontratu publikoei buruzko araudia zorrozki betetzen dela, eta, bereziki, tratu-berdintasun, bazterkeria-falta, elkarrenganako aintzatespen, proportzionaltasun eta gardentasun printzipioak errespetatzen direla eta Administrazioak egiten dituen kontratuetan prerrogatibak egoki erabiltzen direla. Horretarako, kontratazio publikoari buruzko egiaztapenak eta azterlanak egin eta gomendio orokorrak zein partikularrak ematen ahalko dizkie entitate kontratatzaileei, dagokion eskumenaren arabera, eta, bereziki, kontratazio arloko dokumentazio administratiboa homogeneizatu eta sinplifikatzeari buruz.

II. KAPITULUA

Kontratazio Publikorako Batzordearen antolamendua

3. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen osoko bilkura eta batzordeak.

1. Batzordeak osoko bilkuraren eta batzordeen bidez eginen du lan.

2. Batzordean batzorde iraunkor bat egonen da beti, eskumena izanen duena txostenak, agiri teknikoak eta osoko bilkuraren bileren artean Batzordearen jardunarekin jarraitzeko behar direnak onesteko. Batzorde iraunkorra honela osatua egonen da: Batzordeko buruordea, batzorde iraunkorreko buru arituko dena, osoko bilkurako kideek beren artean izendatutako batzordekide bat, eta Batzordeko idazkaria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloan eskumenak dituen departamentuko Ondare Zerbitzuari atxikitako pertsona bat ariko da batzorde iraunkorreko idazkari lanetan, hitzik eta botorik gabe. Batzordeko osoko bilkurak bere kideen artean izendatuko ditu batzorde iraunkorreko buruaren eta kidearen ordezkoak.

3. Batzordeek beren ebazpenen berri emanen diote osoko bilkurari, egiten den hurrengo bilkuran. Batzorde iraunkorrari edo osatzen diren beste batzuei berariaz agindu ez zaizkien jarduerak berretsi eta onartu beharko ditu osoko bilkurak.

4. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordeko osoko bilkuraren osaera.

1. Kontratazio Publikorako Batzordeko osoko bilkura honakook osatuko dute: batzordeburua, batzordeburuordea, idazkaria, eta artikulu honen 4. apartatuari jarraikiz hautatutako kideak. Kontratazio Publikorako Batzordeko osoko bilkuraren osaera Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da.

2. Kontratazio Publikorako Batzordeko kideek ez dute aldizkako ordainsaririk jasoko beren lanagatik. Nolanahi ere, dietak jasotzen ahal dituzte, deitutako eta egindako bileretara joateagatik, eta bai eta kalte-ordainak ere, kide gisa jarduteagatik, betiere Nafarroako Gobernuan kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak erabakitzen duen zenbatekoaren arabera.

3. Bai Batzordeko idazkariak bai kide kargua dutenek prestakuntza berezia izan behar dute kontratazio publikoaren arloan.

4. Honela osatuko da Kontratazio Publikorako Batzordea:

a) Batzordeburua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularra izanen da, edo titular horrek aldi baterako edo betiko horretarako gaitutako pertsona. Pertsona horrek, gutxienez, zuzendari nagusi izan behar du.

b) Batzordeburuordea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko Ondare Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

c) Kide bat Nafarroako Parlamentuak bere letratuen artean izendatuko du.

d) Kide bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzukoa izanen da, lehendakaritzan, justizian eta barne arazoetan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuko titularrak izendatutakoa.

e) Kide bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko Esku-hartze Ataleko burua izanen da.

f) Kide bat, toki administrazioaren arloan eskumena duen departamentuak izendatua.

g) Kide bat, hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuak izendatua.

h) Kide bat, osasun arloan eskumena duen departamentuak izendatua.

i) Kide bat, eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuak izendatua.

j) Kide bat, herri lanen arloan eskumena duen departamentuak izendatua.

k) Kide bat Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren ordezkaria izanen da.

l) Kide bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere funtzionarioen artean izendatua.

m) Kide bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak toki administrazioaren funtzionarioen artean izendatua.

n) Kide bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

ñ) Kide bat Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren ordezkaria izanen da.

o) Kide bat ETEen ordezkaria izanen da, eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatuko du.

p) Kide bat Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearen ordezkaria izanen da.

q) Kide bat, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko burua dena.

r) Kide bat, Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko burua dena.

s) Kide batzuk, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handienekotzat hartzen diren sindikatuak adina izanen direnak. Ordezkaritza handienekotzat hartzen den sindikatu bakoitzak pertsona bat izendatuko du bere ordezkari izateko.

t) Idazkaria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko Kontratazio Ataleko burua izanen da.

5. Kideek honako hauengatik utziko dute kargua:

a) Hartutako eginkizunak independentziaz bete ezinak bultzaturik uko egiten diotelako.

b) Izendatu zituen organoak kargutik kentzen dituelako.

c) Izendatu zituztenean zuten izaera galdu dutelako.

6. Aurreko apartatuan aipatutakoa gorabehera, gizarte interesak ordezkatzen dituzten entitateek proposatuta izendatutako batzordekideak edozein unetan ordezten ahalko dira, batzordeko idazkariari ordezkoaren izenaren egiaztapena aurkeztuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordeburutza.

1. Batzordeburuak eginkizun hauek izanen ditu: batzordea ordezkatzea, osoko bilkuraren bilerak deitu eta zuzentzea, eztabaidak gidatzea, erabakiak betearaztea, eta kide anitzeko organoei buruzko arau orokorrek lehendakariei esleitzen dizkieten gainerako eginkizunak betetzea.

2. Batzordeburua kanpoan edo eri dagoenean edo bestelako arrazoi justifikaturen bat duenean, buruordea arituko haren ordez. Batzordeburuordearen kargua bete gabe dagoenean, falta denean edo eri dagoenean, batzordeburuak kideen artetik hautatzen duena ariko da haren ordez, aldi baterako.

6. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordeko Idazkaritza.

1. Idazkaritza da Kontratazio Publikorako Batzordeak laguntzarako, ikerketarako eta aholkularitzarako duen organo iraunkorra. Idazkaritzan sartuko dira, funtzionalki, esleituta dituen eginkizunak betetzen laguntzearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko Ondare Zerbitzuari atxikitako langileak.

2. Idazkaritzaren zuzendaritza-lana idazkariari dagokio.

3. Kontratazio Publikorako Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Batzordearen osoko bilkuraren deialdiak egin eta igortzea, batzordeburuak eskatuta.

b) Kontratazio publikoaren arloko txosten eta dokumentu teknikoen proiektuak prestatzea.

c) Batzordearen urteko memoria egitea.

d) Gastu-aurrekontuko aurreproiektua egitea, batzordeburuaren zuzendaritzapean.

e) Gainerako batzordekideei laguntzea beren eginkizunetan.

f) Batzordearen dokumentazioa zaintzea eta agirien sarrera-irteerak erregistratzea.

g) Batzordeari laguntza administratiboa ematea, oro har.

h) Batzordeak kontratazioari buruz beharrezkotzat jotzen dituen azterlan eta ikerketak egitea.

i) Nafarroako Kontratazioaren Ataria, Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforma, Kontratuen Erregistroa eta Borondatezko Lizitatzaileen Erregistroa kudeatzea.

j) Batzordearen osoko bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

k) Laguntza unitate gisa dituen gainerako eginkizunak eta batzordeburuak agintzen dizkionak.

4. Idazkari kargua hutsik dagoenean, edo hura kanpoan edo eri dagoenean, Batzordeko buruordeak erabakiko du nor izanen den haren aldi baterako ordezkoa.

III. KAPITULUA

Kontratazio Publikorako Batzordearen funtzionamendua

7. artikulua. Bilkurak.

1. Batzordeko osoko bilkuraren eta haren batzordeen bilkurak eratzeko, deitzeko eta egiteko araubideak, erabakiak hartzeko prozesuak eta, oro har, kide anitzeko organo gisa duten funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraituko diote foru dekretu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian.

2. Batzordearen osoko bilkura gutxienez urtean behin bilduko da ohiko bilkuran, eta, ohiz kanpoko bilkuran, lehendakariak bere ekimenez dei egiten duenean edo kideen gehiengoak hala eskatzen duenean.

3. Batzordearen osoko bilkuretara, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko Ondare Zerbitzuari atxikitako pertsona bat joanen da, hitzik eta botorik gabe. Haren zeregina bilkuran azaldu dena eta erabakitakoa aktan jasotzea izanen da.

8. artikulua. Txostenak eskatzea.

Organo hauek eskatzen ahalko diote txostena Batzordeari:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrak, departamentuen izenean eta haiei atxikita edo haien zaintzapean dituzten erakunde, elkarte edo fundazio publikoen izenean.

b) Toki entitateen gobernu organoak, beren eskumenen esparruaren barnean.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea.

d) Batzordean ordezkariak dituzten enpresetako eta/edo sindikatuetako lehendakaria edo haren baliokidea.

e) Nafarroako Parlamentuko lehendakaria.

f) Kontuen Ganberako lehendakaria.

g) Kontratazio organoa, Kontratu publikoei buruzko Foru Legean espresuki hala ezarritako kasuetan.

9. artikulua. Erregelamenduzko xedapenak egiteko prozesua.

1. Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen garapenak eskatzen dituen erregelamenduzko xedapenen proposamenak Batzordeko Idazkaritzak egiten ahalko ditu edo, bestela, horretarako eratzen den batzorde txostengileak edo lantaldeak. Batzorde txostengilea edo lantaldea osatzeko agindua ematea eta hura eratzea Batzordeko buruaren zeregina izanen da.

2. Batzordeak osoko bilkuran xedapen proposamena onetsirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuari igorriko dio, hasiera eman diezaion dagokion onespen prozedurari.

10. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen urteko memoria.

Idazkariak prestatu behar du Kontratazio Publikorako Batzordeak Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuan horretarako erabakitzen den batzordeari urtero igorri behar dion memoria. Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendeko erakundeen kontratuzko jardueratik lortutako informazioan oinarrituko da memoria, eta osoko bilkuran onetsiko da.

IV. KAPITULUA

Prezioak ezartzeko Arbitraje Batzordea

11. artikulua. Prezioak ezartzeko arbitraje prozedura.

Obren kontratu administratibo bat aldatzearen ondorioz proiektuan aurreikusi ez ziren obra-unitateak edo aurreikusitakoekin zerikusirik ez dutenak sartzen badira, kontratistak, behar den negoziazioa burutu ostean, administrazioak hasiera batean proposatutako prezioak onartzen ez baditu, eskubidea izanen du unitate berriak ez egiteko edo prezioak ezartzeko arbitraje prozedura bat has dadila eskatzeko. Azkeneko kasuan, obra egiten jarraitu beharko du.

12. artikulua. Arbitraje prozeduraren tramitazioa.

1. Administrazioak prezioen hasierako proposamena egin eta gero, kontratistak, prezioak adosteko, hamar egun balioduneko epea izanen du proposamena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Arbitraje eskaera kontratazio organoari aurkeztuko zaio. Kontratistak, horrekin batera, prezioen proposamena eta mahaikide teknikoarena ere aurkeztu behar ditu.

3. Kontratazio organoak, eskaera jaso eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, Kontratazio Publikorako Batzordeari igorriko dio, agiri hauekin batera betiere: prezioen hasierako proposamena, kontratistak eginiko prezioen proposamena, kontratazio organoak eta kontratistak mahaikide teknikoa izendatzeko eginiko proposamena eta kontratuaren espedientearen kopia osoa.

4. Hasteko eskaera jaso ondoren, Kontratazio Publikorako Batzordeko buruordeak prozeduraren hasiera ebatziko du. Horretarako, eskaera batzordearen eskumenen esparruaren barnean dagoela egiaztatu beharko du. Hasteko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.

5. Arbitraje Batzordea izendatu ondoren, batzordeburuak batzordea eratzeko bilerarako deia eginen du, gutxienez bost egun lehenagotik.

13. artikulua. Arbitraje Batzordearen osaera.

1. Prezioak kontraesaneko prozedura bidez ezarriko ditu arbitraje batzorde batek. Batzorde hori Kontratazio Publikorako Batzordeko buruordeak izendatuko du, aldiro, eta honela osatuko da:

a) Kontratazio Publikorako Batzordeko idazkaria edo Ondare Zerbitzuko Kontratazio Atalari atxikitako administrazio publikoko (arlo juridikoa) teknikari bat, batzordeburu arituko dena.

b) Prestakuntza teknikoa duen pertsona bat, arbitraje prozeduran parte den kontratazio organoak proposatua.

c) Prestakuntza teknikoa duen pertsona bat, arbitraje prozeduran parte den kontratistak proposatua.

d) Prestakuntza teknikoa duen pertsona bat, Kontratazio Publikorako Batzordeak izendatua.

e) Idazkaria, hitzik eta botorik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuko Ondare Zerbitzuari atxikitako pertsona bat izanen dena.

2. Batzordean parte hartzen dutenak aplikatzekoa den araudian abstentziorako eta errekusatzeko aurreikusitako kausen menpe egonen dira.

3. Arbitraje Batzordeko kideek ez dute aldizkako ordainsaririk jasoko beren lanagatik. Nolanahi ere, dietak jasotzen ahal dituzte, deitutako bileretara joateagatik, bai eta kalte-ordainak ere, kide gisa jarduteagatik, betiere kontratazio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak erabakitzen duen zenbatekoaren arabera.

14. artikulua. Ebazteko epea eta erabakia.

1. Arbitraje Batzordeak hilabete izanen du, eratzen den egunetik aitzina, erabakia hartzeko. Arrazoiak emanez hartu beharko du erabakia, prezioak ezartzeko sortutako gorabehera guztiak ebatziko ditu, eta haien berri emanen die interesdunei. Arbitraje Batzordearen ebazpena loteslea izanen da bai kontratatzailearentzat bai kontratistarentzat, eta amaiera emanen dio administrazio bideari.

2. Epea iraganik Arbitraje Batzordeak erabakia hartu ez badu, berretsitzat emanen dira kontratistak hasiera batean proposatutako prezioak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kontrataziorako Batzordearen eraketa

Foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean, Kontratazio Publikorako Batzordea eratzeko bilkurarako deia eginen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuak Kontratazio Publikorako Batzordeaz dituen xedapenak, Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautu zituen foru dekretuarenak, alegia.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean sartzea

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko ekainaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1908893