146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

329/2019 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Eskolen Sarea sortzeko oinarriak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 82. artikuluan ezartzen du hezkuntza-administrazioek kontuan hartuko dutela landa eskolaren berezitasuna, haren berariazko premiei erantzuteko beharrezkoak diren antolamendu-sistemak eta baliabideak emateko eta aukera-berdintasuna bermatzeko.

Nafarroako Parlamentuak 2016ko maiatzaren 5ean egindako osoko bilkuran Nafarroako Gobernua premiatu zuen neurri egokiak hartzera landa eskualdeko eskolak hezkuntza-erakunde gisa mantentzeko, beren antolamendu-egitura heterogeneo eta bereziarekin, bai eta beharrezkoak diren baliabideak liberatzera ere eskola horiek osatzen dituzten eskola-unitateen sarea mantentzeko eta ezartzeko.

2017an, Nafarroako Eskola Kontseiluak “Nafarroako landa eskola” izeneko monografia eman zuen argitara; landa eskolak Nafarroan gaur egun bizi duen egoera aztertzen da bertan. Argitalpen horretan adierazten da ezen, landa eskola berrirako proposamen gisa, “landa eskolen multzoak koordinazio sareak diseinatu behar ditu, askotariko eskualdeetan hezkuntzaren, ingurumenaren, kulturaren eta gizartearen arloan dauden baliabideak partekatzeko moduan, jarduera horiek beren hezkuntza proposamenetan txertatuz, eta eskualdeko baliabideak ustiatzeko, ikasleen gizarteratzea sustatzeko eta tokian tokiko erakundeekin lankidetzarako bideak ezartzeko bide emanez.”

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunean, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez argitaratutakoan, hamabi landa eskualde aipatzen dira, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2007-2011 aldirako itunean dagoeneko definitu zirenak; horiek baliabidez hornitzen joan dira, landa eskolek beraiek beren beharrei zati batean bederen erantzuteko egin dituzten proposamenak aintzat hartuz, bereziki koordinazioari eta eskolen arteko sareak sortzeari dagokienez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Landa Eskolen Sarea sortzeko oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzura, Langile Kontratatuak Kudeatzeko Atalera, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko Landa Eskolen Sarea sortzeko oinarriak

Lehena.–Landa eskolak.

Landa eskolak landa eskualdeetan dauden haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeak dira, 9 unitate baino gutxiago dituztenak eta gradu anitzekoak, zeinetan maisu edo maistra batek kurtso batean baino gehiagotan irakasten baitu aldi berean.

Bigarrena.–Landa eskualdeak.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunari buruzko 86/2018 Foru Aginduan jasotako landa eskualdeak berregituratzen ahalko dira eginkizunei dagokienez, ebazpen honetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Hirugarrena.–Eskualde bakoitzeko ikastetxeak koordinatzea.

1. Eskualde bakoitzeko ikastetxeek lan koordinaturako proiektu bateratua aurkeztu beharko dute.

2. Lan koordinaturako proiektuetan honakoak jaso beharko dira, gutxienez:

–Egoeraren analisia.

–Helburuak. Helburuak lortzeko ekintzak eta estrategiak.

–Giza baliabideak. Ardurak. Epeak.

–Baliabide materialak.

–Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak.

–Hobekuntza arloak.

3. Lan bateraturako proiektuaren koordinazioaz koordinatzaile bat arduratuko da. Eskualdeko koordinatzaile izena duen pertsona hori eskualdeko ikastetxeetako zuzendariek proposatuko dute.

4. Koordinatzailea ikastetxeetako zuzendariek izendatuko dute, baldintza hauek betetzen dituzten irakasleen artean, ahal dela:

–Maisu edo maistra funtzionarioa izatea, destinoa eskualdean duena, edo bitarteko izaera duen maisua edo maistra, eskualdeko eta inguruneko eskolak ezagutzen dituena.

–Landa eskoletan lan esperientzia izatea.

–EDUCA eskola kudeaketarako programa ezagutzea.

–Ibiltari aritzeko prest egotea.

5. Koordinatzaileak eta parte hartzen duten ikastetxeetako zuzendariek koordinazio taldea osatuko dute, eta aldian behin elkartuko dira lanerako proiektu bateratua prestatu eta gauzatzeko eta haren jarraipena egiteko.

6. Ikastetxeetako zuzendariek lagundu eginen diote koordinatzaileari bere eginkizunak betetzen.

7. Ahal den neurrian, koordinatzaileak gutxienez bi ikasturtetan aritzeko konpromisoarekin hartuko du lanpostua.

Laugarrena.–Landa Eskolen Sarea.

1. Eskualdeetako landa eskolek Landa Eskolen Sarea osatuko dute, zeinetan parte hartuko baitu, halaber, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak.

2. Landa eskolek zeinek bere koordinatzailearen bitartez parte hartuko dute Sarean.

3. Landa Eskolen sarean parte hartzen duten eskualdeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

–Sarean parte hartzen duten gainerakoekin partekatzea sareko kide diren landa eskolen lan bateraturako proiektuak, esperientzia pedagogikoak eta jarduerak.

–Landa eskoletako irakasleentzako trebakuntza plan berariazko bat prestatzen parte hartzea.

–Landa eskoletarako trebakuntza plan berariazkoaren jardueretan parte hartzea.

–Sareko eskolek segimendurako eta esperientzia trukaketarako egiten dituzten topaketetan edo jardunaldietan parte hartzea.

4. Sareko kideek gutxienez hiru bilkura eginen dituzte ikasturtean. Hezkuntza Departamentuak, kideen proposamenak entzun ondoren, kasuan kasuko deialdiak eginen ditu eta parte hartuko du Sarearen lan planaren antolaketan.

Bosgarrena.–Koordinatzailearen eginkizunak.

1. Koordinatzaileak koordinazio taldearen laguntzaz eta lankidetzaz beteko ditu bere eginkizunak.

2. Koordinatzailearen eginkizun batzuk pedagogikoak dira, eta beste batzuk ikastetxeen antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutakoak. Honako hauek dira, besteak beste, eginkizun horiek:

2.1. Eginkizun pedagogikoak:

–Landa eskolara aurrenekoz iristen diren irakasleei beharrezko informazioa eta baliabideak ematea, baldintza onenetan lan egin dezaten ziurtatzeko.

–Urteko programazio orokorra eta eskualdeko landa eskolen amaierako memoria bateratua prestatzeko lanetan parte hartzea.

–Dagokion eskualdeko koordinazio taldearen lana koordinatzea.

–Eskualdeko landa eskola guztiek batera egiteko lantegiak eta eskolaz kanpoko jarduerak diseinatu eta antolatzea.

–Eskualdeko eskoletako esperientzia pedagogikoei buruzko dokumentazioa jasotzea eta Landa Eskolen Sareari horien berri ematea.

2.2. Antolaketa eta kudeaketa eginkizunak:

–Koordinazio taldeak erabakitako lanerako proiektu bateratua prestatzea.

–Eskualdeko eskoletako zuzendariei laguntza ematea ikastetxearen antolaketan eta karguak atxikiak dituen zeregin administratiboetan.

–Ikastetxeetako zuzendariei laguntza eta aholkua ematea EDUCA kudeaketa programari dagozkion gaietan.

–Ikastetxeetako zuzendarien ordezkari izatea Hezkuntza Departamentuarekiko eta beste entitate batzuekiko bileretan.

–Eskualdeko irakasleen trebakuntza beharrak jasotzea eta Irakasleari Laguntzeko Zentroarekin eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalarekin koordinatzea, horiek bideratzeko.

–Eskualdeko irakasleen lan bateratua sustatu, dinamizatu eta kudeatzea.

–Herriko eta eskualdeko hezkuntza komunitateen arteko harremanak sustatzen dituzten jarduerak diseinatu eta bultzatzea.

–Landa eskolei buruzko jardunaldi edo topaketak antolatzen parte hartzea.

–Landa Eskolen Sarean aktiboki parte hartzea.

3. Koordinazio taldeak berariazko eginkizunak esleitzen ahalko dizkio koordinatzaileari, eskualdeko eskolen beharren araberakoak.

4. Berak bete beharreko eginkizunetarako, koordinatzaileak ordu kopuru bat izanen du, eskualde bakoitzean aldez aurretik zehaztuko dena.

5. Koordinatzailearen eginkizunak betetzea Hezkuntza Departamentuak ezarritako moduan aitortuko da.

Seigarrena.–Landa Eskolen Sareari jarraipena egin eta laguntza ematea.

1. Landa Eskolen Sareko eskolek laguntza hauek izanen dituzte:

–Hezkuntza Departamentuko 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalaren aholkularitza eta jarraipena.

–Irakasleek lehentasunez parte hartzea prestakuntza jardueretan, aurkeztutako lanerako proiektu bateratuarekin edo landa eskoletan eginkizunak betetzearekin lotura zuzena dutenean.

–Departamentuak eta Sareko kide diren gainerako eskolek prestatutako baliabide bankuak eta material didaktikoak eskuragarri izatea.

2. Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartzen du berak jartzeko eskualdeko koordinatzaileari dagozkion orduak, bere eginkizunak betetzeko behar dituenak eranskin honen bosgarren oinarriko 4. puntuan ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1907957