146. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Aldaketa, Pertsona eta/edo familientzako zuzeneko prestazio ekonomikoak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2019ko martxoaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Pertsona eta/edo familientzako zuzeneko prestazio ekonomikoak arautzen dituen udal ordenantza. 2019ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko xedatzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orkoienen, 2019ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

ALDAKETA, PERTSONA ETA/EDO FAMILIENTZAKO ZUZENEKO PRESTAZIO EKONOMIKOAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAN. BEHIN BETIKO ONESPENA

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da gizarte zerbitzuen arloetako dirulaguntzak emateko prozedura garatzea, banakako ebaluazio araubidean.

Zuzeneko prestazio ekonomikotzat hartuko dira larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei ematen zaizkienak.

Zuzeneko prestazio ekonomikoak puntualak eta subsidiarioak dira, dohaintza gisa ematen dira eta ez dira aldian behingoak; ezusteko larrialdi sozialeko egoeretarako dira, bizirauteko oinarrizko beharrak estaltzeko xedea dute, baldin eta bestelako prestazioek edo zerbitzuek ez badituzte asetzen, eta gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin bateragarriak dira.

Bizikidetza unitateak dira hauek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, horien seme-alabak eta bigarren maila arteko odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.

Oinarri hauen xedea da diruz laguntzea Orkoienen bizi diren pertsona edo familietatik ekonomiaren arloko eta/edo gizarte eta osasunaren arloko gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten horiek. Horretarako, prestazio ekonomikoen bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, bateragarriak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate honek ematen dituen programen jardun profesionalekin. Horren bidez, krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen. Izaera berezia izanen dute, ez baitira aldian behingoak baizik eta subsidiarioak beste prestazio batzuen aldera.

Laguntzen helburua da:

–Udalaren ardura baita gizartearen aldera, halako tresna berezi bat eskaintzea, zertarako eta arintzeko pobrezia endemiko nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta haien kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, gainerako gizarte prestazioen osagarri gisara erabil dadin.

–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

2.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunek eskabide sinatua aurkeztuko dute Udalaren Erregistro Orokorrean, betiere Udalak emanen duen eredu normalizatuari jarraikiz.

Eskabideak aurkezteko epea 2019ko lehen egun baliodunetik aurrera hasiko da, oinarri hauek lehenago argitaratu badira Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta, aurrekontu kontsignazioari eusten bazaio, 2019. urte osoa iraunen du.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu. Eskabideekin batera, 4. oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko da.

Eskaerak ez baditu betetzen oinarri hauetan ezarritako betekizunak, pertsona interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzenketa egin dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoarekin bat.

Zuzeneko prestazio ekonomikoak eskatzeko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen laguntza jasotzeko kasua hartzen duen profesionalak Alkatetzari igorriko dizkio bai eskabidea, bai dagokion gizarte txostena, laguntzaren beharra frogatzen duena, bai eta laguntza onetsi edo ukatzeko proposamena ere. Eskatzailea entitateren batekin zorretan badago, entitate horren izenean eginen den ordainketa helbideratua aurkeztuko da espedientearekin batera.

3.–Betebeharrak.

Ondoko baldintza hauek betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetza unitateek eskatzen ahalko dute prestazioa:

1. Orkoienen bizitzea eta bertan erroldatua egotea, gutxienez ere urtebete lehenagotik.

2. Udal honen oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak izatea eta esku hartze sozialeko prozesuren batean sartua egotea.

3. Ez izatea egoera horri aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko berezkorik, ezta gizartearen edo familiaren laguntzarik ere.

4. Nafarroako Gobernuaren laguntza berezien hartzaileak ez izatea. Hala balira, Administrazioaren beste esparru batzuetan eskatu beharko dituzte kontzeptu berberetarako dauden laguntzak/baliabideak.

5. Ezinbestean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:

–Banantzeak eta familiako etxea utzi behar izateak.

–Prestazioa eskatzearen xede nagusia ez diren aparteko gastu frogatuak edo eritasunak direla eta, alternatiba baten zain egotea.

–Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, eritasunak, aparteko egoerek sortutako zor frogatuak.

6. Udalarekiko eginbehar guztiak eguneratuak izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Bestela, eskatuko zaio horiek geroago ordaintzeko konpromisoa har dezala.

Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren esku dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

Salbuespenez, eta kasua hartu duen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen profesionalak txosten baloratua eman ondoan, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko dira oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, salbu eta erroldatua izatearena.

4.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea, beteta, Udalak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) Eskatzailearen NANa/pasaportea edo lan/bizileku baimena eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena.

c) Prestazioa eskatu aurreko 6 hilabeteetan bizikidetza unitateak izan dituen diru sarrera guztien (nominak, pentsioak, prestazioak, eta abar) eta etxebizitzako gastuen frogagarria. Etxeko langile moduan lan egin bada, kontratugileen frogagiria aurkeztuko da, jasotako diru sarrerak azaltzeko.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko.

e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten beste agiri interesgarri batzuk.

Eskatzen diren agiriak jada Udalaren esku badaude, erantzukizunpeko adierazpena emanen da haien ordez. Adierazpen horretan zehaztuko da zer egunetan eta zer programatan aurkeztu ziren, zeinek eman zituen edo non dauden, baldin eta bost urte baino gehiago igaro ez badira horiek emateko prozedura burutu zenetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak ezin badu dokumentua eskuratu, eskatzaileari aurkezteko eskatzen ahalko zaio edo, bestela, dokumentuan aipatzen diren baldintzak beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko, laguntza emateko edo ukatzeko proposamena egin aurretik. Ezinezkoa denean zenbait egoera frogatzea berariazko dokumentazioa aurkeztuz, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez ordeztuko da.

Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak bertan erroldaturik daudela. Orobat, egiaztatuko dira familia unitateko kide bakoitzaren izenean Udal Katastroan agertzen diren ondasunak, eta zerga arloko betebeharrak eguneratuta daudela.

5.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Dirulaguntza bildu ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat heldu diren gastuek. Diruz lagunduko den erosketaren kostua ezin da merkatuko balioa baino handiagoa izan.

Laguntza ekonomiko hauek eskatzen dituzten familiak kontzeptu horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako kontsignaziorik dagoen bitartean. 2019an 1.300 euro artekoak izan daitezke gehienez.

Salbuespenez eta kasua hartu duen Udaleko profesionalak txostenean arrazoituta, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko da gehieneko zenbatekoa handitzea, betiere aurrekontuan horretarako dirurik badago.

Eskatzailearen mantenuarekin, ostatu ematearekin eta ohiko etxebizitzari eustearekin ikusteko duten egoerak hartuko dira kontuan, ondoan deskribatzen diren baldintzetan.

5.1. Mantenua.

Prestazio ekonomiko honek familia unitateko kideen egunero eta behar bezala elikatzeko oinarrizko beharra estaltzea du xede.

Ondoko taula honetan ezartzen da zein den hizpide dugun kontzeptu horregatik eman daitekeen prestazioaren gehieneko zenbatekoa –bi hilabetez emanen da, gehienez ere–:

BIZIKIDETZA UNITATEA

EURO HILEAN

Pertsona bat

200

Bi pertsona

300

Hiru pertsona

400

Lau pertsona edo gehiago

500

5.2. Ostatu ematea.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak (baldin eta Nafarroako Gobernuari ezin badakizkioke eskatu, Gobernuak berak bere laguntzetarako ezarri dituen eta indarrean dauden irizpideen arabera, edo dagoeneko eskatu badira):

–Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-mailegua ordaintzea edo partekatutako etxebizitzan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, baldin eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada.

–Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada, hasierako ordainketa berezia dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik gehienez 700 euro emanen dira urtean, eta partekatutako etxebizitzan gela ordaintzeko kasurako, aldiz, 400 euro urtean gehienez.

5.3. Eskatzailearen ohiko etxebizitza mantentzea.

Prestazio ekonomikoa, ondoko zor mota hauek ordaintzeko:

–Edozein hornidura (argia, gasa, ura, telefonoa), zerbitzua eteteko abisua dakarrenean eta puntuala denean.

–Altak energia edo ur horniduren kontratuetan, sustapen publikoko etxebizitza berrietan edo ezaugarri berdintsukoetan.

Kontzeptu horiengatik dirulaguntzak jaso ahal izanen dira, posible ez bada Gizarte Gaietako Departamentuari eskatzea, departamentu horrek bere laguntza berezietarako ezarri eta egun indarrean dauden irizpideekin bat etorriz. Gizarte Gaietako Departamentuari eskaera egin badakioke, biei eginen zaie eskaera: Udalari eta Departamentuari, kontura itzultzeko eskatuz.

Kontzeptu honengatik, urtean, 250 euro emanen dira, gehienez, energia horniduraren zorretarako (argia eta gasa); 150 euro, ur horniduraren zorretarako, eta 100 euro, telefono gastuetarako.

Hornidura kontratuetan alta emateari dagokionez, argi, gas, ur eta/edo telefono kontratuetan alta emateko adina emanen da, betiere oinarri hauetan ezartzen diren gehieneko mugak kontuan hartuta.

5.3.1 Garraio publikoetarako laguntzak.

Urtean 100 euro emanen dira, gehienez ere, garraio publikoa erabiliz Orkoienera joan eta etortzeko gastuak estaltzeko.

5.4. Urteko gehieneko zenbatekoa eskaera bakoitzeko.

Honako hauek zehaztuko dute eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa:

–Bizikidetza unitatearen baliabide ekonomikoak eta baliabide horien egonkortasuna.

–Kontzeptu bakoitzeko 5. oinarrian ezartzen den gehieneko zenbatekoa.

–Eskatutako zenbatekoa.

Hilabeteko errendimendu garbia kalkulatzeko, bizikidetza unitatearen diru sarrera gordinei etxebizitza, alokairu edo hipotekaren gastuak kenduko zaizkie (hilabetean 600 euroko muga edukita).

3.3 oinarrian jasotakoari dagokionez, nahikoa baliabide ekonomiko berezkorik ez dagoela joko da baldin eta hilabeteko etekin garbiek ez badituzte gainditzen, bizikidetza unitateko kideen arabera, taulan ezarritako zenbatekoak:

KIDE KOPURUA

HILABETEKO ETEKIN GARBIAK

Kide bat

450 euro

Bi kide

750 euro

Hiru kide

830 euro

Lau kide

900 euro

Bost kide

1.000 euro

Sei kide edo gehiago

1.100 euro

Goiko taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen badira, dirulaguntza ukatuko da, hura emateko ezarri diren baliabide ekonomikoak gainditzen direlako.

6.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Oinarri hauetako dirulaguntzen eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1. Nahikoa baliabide ekonomiko berezkorik ez izatea (5. oinarriko taularen arabera), eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea, ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko (3. oinarrian adierazi bezala).

2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskatzen duten dokumentazioa aurkeztea.

3. Seme-alabak eskolatuak daudenean, jantokiko laguntza jasotzen badute, oinarrietan elikaduraren kontzeptuagatik ezartzen den zenbateko osoa ez da jasoko.

4. Laguntza emateak behin-behinekoz arinduko du krisia. Handik gutxira (2 hilabete), beste erantzun egonkorrago bat emanen da, epe luzera begira.

5. Salbuetsita daude eritasunen ondorioz sortutako egoerak eta zehazten zailak diren beste egoera batzuk.

Honako hau lehenetsiko da:

a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen erabiltzaile izanik eskaera egin dutenak, esku hartze sozialeko prozesu baten barnean badaude.

b) Familia kargak dituztenek lehentasuna izanen dute bakarrik bizi diren pertsonen aldean, haien adina edozein izanda ere.

c) 35 urtetik goitikoek lehentasuna izanen dute, adin horretatik beheitikoen aldean.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalak uste baldin badu oinarri hauetan zehazturiko baldintzak betetzen ez direla, edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez denean, ez da prestaziorik emanen.

7.–Onuradunen betebeharrak.

a) Erreferentziazko profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, dirulaguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.

b) Gizarte Zerbitzuei frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

c) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideen berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

d) Hartutako dirua itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutze interesa ordaindu, honako hauek gertatzen direnean:

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

–Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea dirulaguntza.

–Dirulaguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

–Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean dirulaguntzak oker eskuratu edo erabili direla.

e) Emandako dirulaguntzen harira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten dituzten egiaztapen jarduketei eta finantza kontrolekoei men egitea.

8.–Arau hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, arau hauste administratiboak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Dirulaguntza edo laguntza lortzea, hura eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Dirulaguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, aldez aurretik errekerimendurik egin gabe.

c) Dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta.

d) Jasotako funtsak nola erabili diren ez justifikatzea.

Aipatu jokabideak dituzten onuradunak arau hausteen erantzule izanen dira.

Arau hausteengatik isuna ezarriko da: behar ez bezala lortutako, behar ez bezala aplikatutako edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Laguntza eman duen administrazioaren dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.

Zehapenak ezartzeko, administrazio espedientea irekiko da, eta bertan, nolanahi ere, interesdunari entzunen zaio, behar den erabakia hartu aurretik; espedientea Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuarekin bat tramitatuko da.

Jardunak utzi dituzten pertsona juridikoek itzuli beharreko zenbatekoen eta ordaindu beharreko zehapenen erantzule subsidiarioak izanen dira horien administratzaileak.

9.–Dirulaguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan kasua hartzen duen profesionala izanen da dirulaguntzen prozedura irekitzeko organo eskuduna. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz.

Batzorde bat sortuko da horretarako, eta hari igorriko zaio ebazpen proposamena. Batzorde horretako kide izanen dira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikari ordezkari bat, hizpide dugun arloaren ardura duen zinegotzia, eta Orkoiengo Udaleko alkatea. Organo horrek izanen du ebazpena emateko eskumena.

Alkateak onetsi behar du prestazio ekonomikoak onesteko edo ukatzeko ebazpena.

10.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Gehienez ere, 20 egun balioduneko epea izanen da ebazpena eman eta jakinarazteko. Epea kontatzen hasiko da eskaera Udalaren erregistro orokorrean sartzen denetik aurrera.

Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsi dela joko du eskatzaileak.

11.–Ordainketa eta justifikazioa.

Kontu hartzailetzak ikus-onetsirik eta laguntza emateko ebazpenarekin bat etorriz, 10 egun balioduneko epean ordainduko da, gehienez ere, prestazio ekonomikoa, laguntza hauek azkar ematekoak baitira. Epe hori laguntza emateko ebazpena onesten den egunean hasiko da zenbatzen.

Oinarri hauetan zehazten diren egoerak gertatzen direlako ematen baldin badira prestazio ekonomikoak, egiaztapen teknikoa beste justifikaziorik ez dute beharko. Egiaztapen hori egiteko eskaera jaso duten udal teknikariek eskatu, egiaztatu eta balioztatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Horrekin batera, aurkeztuko dira egoera frogatzen duen gizarte txostena eta egoera horri dagokion eskaera, kontzesioaren aurretikoa, dirulaguntza jaso duen onuradunaren egoera egiaztatzen duena.

Hala ere, prestazio ekonomikoak emanen dira baldin eta kreditu erabilgarria badago Orkoiengo Udalaren indarreko aurrekontuan.

12.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan jasotzen ez den orotan honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, eta horien ordez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legea eta arlo horretan aplikatzen ahal den gainerako araudia.

13.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko dira, aukeran:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu, eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1907792