124. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65/2019 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira eta zehazki haren onura publikoa aitortzen baita Ablitasko eta Ribaforadako udal-mugarteetako “Ablitas I” haize-parkerako eta horko energia ateratzeko azpiegituretarako.

2018ko apirilaren 24an, Eólica Navarra SLU enpresak eskatu zuen aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea eta zehazki haren onura publikoa aitortzea “Ablitas I” haize-parkerako, haren transformazio azpiestaziorako eta energia ateratzeko linea elektrikorako. Hori honako hauetan ezarritakoarekin bat egin zuen: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, zeinaren bidez arautu baitziren energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

2018ko ekainaren 4an, Eólica Navarra SLU eta Eólica Ablitas SLU enpresek Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari jakinarazi zioten Eólica Navarra SLU enpresak Eólica Ablitas SLU enpresari transmititu diola “Ablitas I” haize-parkeari eta harekin lotutako azpiegiturei dagokien espedientea.

Halaber, dokumentazio berria aurkeztu zuen, apirilaren 24an aurkeztutako dokumentazioa zuzentze aldera. Beste alderdi batzuen artean, instalatu beharreko aerosorgailuaren unitate-potentzia zuzendu zuten, 3,465 MW-ekoa baita, eta ez 3,3 MW-ekoa.

Ingurumen eraginaren adierazpena eta Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala:

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 10eko 863/2012 Ebazpenaren bidez, Ablitasko udal-mugartean (Nafarroa) Eólica Navarra SLU enpresak sustatutako “Ablitas I” haize-parkearen proiektuari dagokion ingurumen eraginaren adierazpena eman zen.

Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, onetsi egin zen Eólica Navarra SLU enpresak sustatutako “Ablitasko haize-parkea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala.

Hona hemen aurkeztutako proiektu teknikoen xehetasunak:

2.1. “Ablitas I” haize-parkea, Ablitasko udal-mugartean.

2018ko ekainaren 4an aurkeztutako eta Javier Sanz Osorio ingeniariak izenpetutako proiektuaren arabera, haize-parkeak 3,465 MW-eko unitate-potentzia izanen duten 4 aerosorgailu izanen ditu, gehieneko potentzia mugatua 14 MW-ekoa izanen delarik.

Proiektuan, 4 turbinak jartzeko eta bideen bidez elkarri lotzeko egin beharreko obra zibila jasotzen da, bai eta maniobra guneetarako, linea elektrikoentzako lubakietarako eta beharrezkoak diren gainerako azpiegituretarako egin beharrekoa ere. Alderdi elektrikoan, energia aerosorgailuetatik 66/30 kV-eko “Ablitas I” transformazio azpiestazioraino eramanen duten linea elektrikoen neurriak finkatu dira.

Aerosorgailuak honako koordenatu hauetan jarriko dira:

AEROS.

UTM X

UTM Y

AEROS. POTENTZIA

01

619.807

4.647.728

G132-3,465 MW

02

619.555,88

4.647.322,73

G132-3,465 MW

03

619.682

4.646.595

G132-3,465 MW

04

619.545

4.646.241

G132-3,465 MW

Neurketa dorrea

619.604

4.647.505

Aerosorgailuen abatzek 84 metroko garaiera izanen dute. Makina guztien errotoreek 132 metroko diametroa izanen dute, eta hiru pala izanen dituzte 120º-ko angeluz bereizita.

Parkea osatzen duten 4 makinak zirkuituan jarriko dira, honela multzokatuta:

–2. zirkuitua: 04, 05, 06 eta 07 aerosorgailuak.

“Ablitas I” haize-parkeko erdi-tentsioko zirkuitu elektrikoak 30 kV-ean jarriko dira, eta zuzenean lotuko dituzte turbina bakoitzaren transformadoreak 66/30 kV-eko “Ablitas I” transformazio azpiestazioarekin.

2.2. 66/30 kV-eko “Ablitas I” transformazio azpiestazioa, Ablitasko udal-mugartean.

2018ko ekainaren 4an aurkeztutako eta Javier Sanz Osorio ingeniariak izenpetutako proiektuaren arabera, azpiestazioak 40/50 MVA-ko (ONAN/ONAF) 66/30 kV-eko potentzia izanen duen transformadore bat izanen du, eta energia ateratzeko sarera (66 kV-ekoa) konektatuta egonen da; irteera lurpeko linean izanen du, eta gero aireko linea bihurtuko da 220/66kV-eko “La Serna” transformazio azpiestaziorako noranzkoan.

Azpiestazioak 66/30 kV-eko aterpez kanpoko parke bat izanen du, linea transformadore konfigurazioarekin eta 30 kV-eko barne sistema batekin. Eraikinean egonen dira SF6ko erdi-tentsioko kabina isolatuak eta babes koadroak, kontrola eta zerbitzu osagarriak.

Azpiestazioa Ablitasko udal-mugarteko 10. poligonoko 1374. herri-lurzatian egonen da.

2.3. 66 kV-eko aireko eta lurpeko linea elektrikoa, Ablitasko eta Ribaforadako udal-mugarteetan.

2018ko ekainaren 4an aurkeztutako eta María de la Soledad Luego Sousa ingeniariak izenpetutako proiektuaren arabera, linea elektrikoak “Ablitas I” azpiestazioa eta 66 kV-eko zirkuitu laukoitzeko “Cortes TAE-La Serna TAE” linea elektrikoan dagoen 30. euskarria (lotunea) lotuko ditu.

Lineak honako hauek izanen ditu:

–Lurpeko zati bat, 973 metrokoa, “Ablitas I” azpiestazioko arkupetik 1 PAS euskarrira arte.

–Aireko zati bat, 2.410 metrokoa, 1 PAS euskarritik 66 kV-eko zirkuitu laukoitzeko “Cortes TAE-La Serna TAE” linea elektrikoaren 30. euskarrira arte.

Garraio sarera sartzeko eta konektatzeko baimena:

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat, espedientean jasota dago 220 kV-eko La Serna azpiestaziorako (konexio iragankorra) garraio sarearen kudeatzailearen sarbide eta lotura baimenaren eguneratzea (erref.: DDS.DAR.19_2340), 2019ko apirilaren 30ekoa . Halaber, espedientean jasota dago 400 kV-eko La Serna azpiestaziorako (behin betiko konexioa) 2019ko apirilaren 30eko sarbide eta lotura baimenaren eguneratzea (erref.: DDS.DAR.19_2341).

Jendaurreko informaziorako izapidea, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren aldetik:

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125., 127., 144. eta 146. artikuluekin bat, jendaurrean jarri zen Eólica Ablitas SLUren eskaera. Errege dekretu horren bidez arautu ziren energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Hori horrela, iragarkia jarri zen 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2018ko uztailaren 5ekoan, bai eta Diario de Navarra egunkarian ere, 2018ko uztailaren 3koan. Halaber, Ablitasko eta Ribaforadako udalei helarazi zitzaien.

Ez zen alegaziorik jaso.

Proiektu teknikoen aldaketa:

2019ko martxoaren 4an, Eólica Ablitas SLU enpresak eranskin bat aurkeztu zuen Ablitas I eta II haize-parkeetako energia ateratzeko 66 kV-eko aireko eta lurpeko linea gauzatzeko proiektua aldatzeko. Hartan eskatzen zuen jarraitu zedila “Ablitas I” haize-parkerako eta haren gainerako azpiegituretarako aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta zehazki haren onura publikoa deklaratzeko aitorpena izapidetzen.

Aurkeztutako dokumentuaren arabera (Javier Sanz Osorio ingeniariak izenpetuta), aldaketa euskarrien okupazioak doitzean datza. Hegadak ez dira aldatzen.

Jendaurreko informaziorako izapidea, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren aldetik:

Energia ateratzeko 66 kV-eko aireko eta lurpeko linea gauzatzeko proiektua aldatzeko aurkeztutako eranskinean, Ablitas I eta II haize-parkeetako energia ateratzeko 66 kV-eko goi-tentsioko aireko eta lurpeko linea gauzatzeko proiektuko Ukitutako Ondasunen eta Eskubideen Zerrenda (UOEZ) jaso zen, zuzenduta.

Dena den, aldaketen ondorioz UOEZ horretan eguneratzeak egin baziren ere, okupazioei dagokienez, hasierako proiektuan ukitutako horiei eutsi zitzaien.

Aldaketa horiek ukitzen dituzten guztiekin sinatu ziren linea elektrikorako bide-zorrak baimentzeko akordioak, baimenak eta hitzarmenak, 6. euskarriaren jabearekin izan ezik, zehazki, Emiliana Sánchez Rodríguez andrearekin; izan ere, ezin izan zen harekin akordiorik adostu Ribaforadako 3. poligonoko 460. lurzatian euskarri bat jartzeko.

Lehen esandakoagatik, entzunaldia eman zitzaien aldaketek ukitutako pertsonei.

Horretarako, 2019ko martxoaren 11n, ofizio bana igorri zitzaien Ablitasko Udalari eta Emiliana Sánchez Rodríguez andreari; haietan jakinarazi zitzaien zein izanen ziren haien jabetzako lurzatien ukipen berriak, eta 20 eguneko epea eman zitzaien alegazioak aurkezteko.

Entzunaldiko izapidean aurkeztutako alegazioak:

Emiliana Sánchez Rodríguez andrea:

Emiliana Sánchez Rodríguez andreak alegazioak aurkeztu zituen 2019ko apirilaren 12an.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 126. eta 145. artikuluak aplikatuz, Eólica Ablitas SLUri igorri zitzaizkion alegazio horiek.

Hiru multzotan banatzen ahal dira Emiliana Sánchez andrearen alegazioak, Ribaforadako 3. poligonoko 460. lurzatiko ukipenei buruzkoak:

–1. multzoa. Alegazio-egileak honako hau dio: “Jakinarazten dut alegazio hauen xede den lurzatian badagoela jada elektrizitate poste bat. Lurzatiaren albo batean dago, hain zuzen ere. Proiektu eolikoko langileek diote beste bi poste jarri nahi dituztela, leku dezente hartzen dutenak, eta, gainera, lehendik dagoenaren alboan egonen direnak, baina ez mutur batean, jarraian baizik. Gainera, haien linea lehendik dagoenaren azpitik joanen da. Hori horrela, kableak oso baxu geratuko dira. Ez dakit sulfatatzeko makina edo uzta makina bat azpitik pasatzen ahalko diren”.

Horri dagokionez, Eólica Ablitas SLUk informazioa eman zuen Ablitas I haize-parkeko energia ateratzeko linearen trazaduraren justifikazio teknikoari buruz, Ribaforadako 3. poligonoko 460. lurzatirako proposatzen denari dagokionez:

Ablitas I haize-parkeko energia ateratzeko lineak Red Eléctrica de España SA enpresak han duen 220 kV-eko linearen azpitik igaro behar du derrigorrean. Beste alde batetik, eroaleen arteko eta lurzoruarekiko gutxieneko distantziak betetze aldera, euskarria gurutzamenduan jarri behar da, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuko ITC-LAT 07 jarraibide tekniko osagarriarekin bat. Jarraibideak honako hau dio:

–Linea elektrikoen gurutzamenduetan, altuera handiagoan jarriko da tentsio handiena duena.

–Ahal dela, linea garaienaren euskarrietako batetik gertu eginen da gurutzamendua.

–2. multzoa. Alegazio-egileak honako hau dio: “... linea elektrikorako bide-zorrari buruzko baimen bat aurkeztu zidaten, eta han zioten haiek edozein unetan saltzen edo transmititzen ahal zutela bide-zorra eratu den lurzatia, eta erabilera hirugarren bati lagatzen ahal ziotela, baita ere; normala denez, ez nago ados horrekin”.

Horri buruz, Eólica Ablitas SLUk jakinarazi zuen Emiliana Sánchez Rodríguez andreari igorritako akordio proposamenak ez zuela horrelakorik esaten, guztiz kontrakoa baizik. Hain zuzen ere, alegazio-egileari igorritako akordio proposamenak honako hau zioen:

5. Jabetzak edozein unetan saltzen edo transferitzen ahalko dio beste titular bati akordio honen xede den bide-zorra eratzen den lurzatia. Horrela eginez gero, une horretatik aurrera, titular berriak automatikoki subrogatuko du bide-zorrak dakartzan eskubide eta betebehar guztietan. Halaber, Jabetzak akordio honen xede den bide-zorra eratzen den lurzatiaren erabilera lagatzen ahalko dio hirugarren bati; hirugarren horrek akordio honek zer eskubide eta betebehar dakartzan jakin beharko du, eta bete egin beharko ditu.

Halaber, EN enpresak libreki lagatzen ahalko dio hirugarren bati, edozein unetan, akordio hau edo haren zati bati; hark automatikoki subrogatuko du, une horretatik aurrera, akordioak dakartzan eskubideetan eta betebeharretan”.

Hori horrela, Emiliana Sánchez andreak bere alegazio idazkian adierazitakoa ez bezala, eta aurreko paragrafoan ikusten den eran, Jabetzak, hau da, Emiliana Sánchez Rodríguez andreak, saltzen edo transferitzen ahal du edozein unetan lurzatia, edo hirugarrenei lagatzen ahal die haren erabilera (eta ez parkearen enpresa sustatzaileak edo titularrak).

–3. multzoa. Alegazio-egileak, bukatzeko, honako hau dio: “Ikusten dut lurzatia ezin izanen dela nekazaritzarako erabili ia”.

Horri dagokionez, Eólica Ablitas SLU enpresak jakinarazi zuen Emiliana Sánchez andreak, enpresarekin izandako elkarrizketetan, lurzati osoa Eólica Ablitas SLU enpresari saltzeko nahia adierazi zuela, baina, merkatuko prezioak kontuan izanda, prezio izugarri altuan. Eólica Ablitas SLU enpresak ez du lurzati osoa erosi nahi, eta are gutxiago jabeak adierazitako prezioan.

Esandakoa kontua hartuta, atzera bota dira Emiliana Sánchez Rodríguez andrearen alegazioak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko beste organo batzuen txostenak:

Honako txosten edo baimen hauek daude espedientean jasota:

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena, 2018ko irailaren 11koa (Ablitas I haize-parkea, Ablitas II haize-parkea, Cabanillas II haize-parkea eta Cabanillas II azpiestazioa), eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena, 2018ko azaroaren 12koa (Cabanillas II eta Ablitas I parkeetako energia ateratzeko linea).

–172E/2018 Ebazpena, abuztuaren 6koa, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren zuzendariarena, 2018ko uztailaren 18ko txosten teknikoa (VP074/18) atxikitzen duena (Ablitas I haize-parkea).

–744/2018 Ebazpena, abuztuaren 16koa, Herri Lanen zuzendari nagusiarena, lehendik dagoen sarbidea aldatzeko baimena ematen duena (AOP 2018/314).

Ingurumen eraginaren adierazpenaren eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa:

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 273E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena eman zen Eólica Ablitas SLU enpresak sustatutako “Ablitas haize-parkea” Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketari buruz, eta “Ablitas I” haize-parkearen aldeko txostena eman zen, hain zuzen ere.

Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Eólica Navarra SLU enpresak sustatutako “Ablitasko haize-parkea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea.

Ebazpen proposamena:

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatzen du Eólica Ablitas SLU enpresaren eskaera onartzea, kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoa, bai eta Energia elektrikoa energia iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Eólica Ablitas SLU enpresari “Ablitas I” haize-parkerako eta horko energia ateratzeko azpiegituretarako.

2. Eraikitzeko administrazio baimena ematea aipatutako instalazio horiek gauzatzeko, hasierako proiektuei eta energia ateratzeko 66 kV-eko aireko eta lurpeko linea gauzatzeko proiektua aldatzeko eranskinari jarraikiz; bi urteko epea ematen da obrak egiteko.

3. Zehazki instalazioaren onura publikoa aitortzea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

4. Emiliana Sánchez Rodríguez andreak aurkeztutako alegazioak ezestea, lehen azaldutako arrazoiak direla medio.

5. Eólica Ablitas SLU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

6. Aurkeztutako proiektuari eta aldaketa eranskinei jarraikiz gauzatu beharko dira instalazioak, eta bat etorri beharko dute Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

7. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzeko akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

8. Eraikitzeko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

9. Ebazpen hau helaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Zainketa Zerbitzura, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Ingurune Naturalaren Zerbitzura.

10. Hori guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

11. Ebazpen hau Eólica Ablitas SLUri eta ukitutako ondasunen eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Hartan, espediente zenbakia adierazi beharko da.

12. Ebazpen hau Ablitasko Udalari eta Ribaforadako Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Edonola ere, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiten ahalko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 17an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1906910