124. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 12an hartua, “Valtierrako ekaitz-biltegia hobetzea” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren azaroaren 13ko 927/2018 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren aipatu proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hamabost egunez.

Jendaurreko aldian ez denez alegaziorik aurkeztu, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, apirilaren 4ko 8485/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onespena eman zion aipatu proiektuari, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendari ere.

Presaz okupatu behar dira proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak, zeren eta konpondu behar baita herrian euria egiten duenean urak arindu beharrak sortzen duen ingurumen arazoa.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk (NILSA) alegatutako arrazoiak ikusita eta aurrekontuan balio justua ordaintzeko kreditu nahikoa badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Valtierrako ekaitz-biltegia hobetzea” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA) jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko ekainaren 12an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1908039