121. ALDIZKARIA - 2019ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

61E/2019 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da toki entitateei dirulaguntzak emateko 2019ko deialdia, efizientzia energetikoa bultzatzeko, energia berriztagarriak inplementatzeko eta mugigarritasun elektrikoa sustatzeko. DDBN identifikazioa: 453059.

Nafarroako Energia Planak (2030) helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea eta energia berriztagarriak garraioan erabiltzeko portzentajea handitzea.

Horregatik, Nafarroako toki entitateentzako laguntzen deialdi honek deskribatu diren helburuak lortzen lagundu nahi du, hiru neurri mota hauen bidez hain zuzen: efizientzia energetiko handiagoa lortzearren kaleko argien instalazioak eta eraikin publikoen barneko argienak berritzea, energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egitea, eta mugigarritasun elektrikoa sustatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onesten da, toki entitateei dirulaguntzak emateko 2019an, efizientzia energetikoa bultzatzeko, energia berriztagarriak inplementatzeko eta mugigarritasun elektrikoa sustatzeko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

NEURRIA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

1

Partida: “820001 82200 7609 425200. Toki entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa”

2019

600.000

2

Partida: “820001 82200 7609 425200. Toki entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa”

2019

300.000

3

Partida: “820001 82200 7609 425200. Toki entitateentzako laguntzak. Plan energetikoa”

2019

100.000

Zenbateko horiek partiden artean transferitzen ahal dira, horietako bakoitzaren kreditu beharren arabera, deialdiaren 5. oinarri arautzailean ezarritako irizpideei jarraituz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 2an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Honako hauek dira Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2012ko urriaren 25ean efizientzia energetikoari buruz emandako 2012/27/EB Zuzentarauaren helburuak:

–Berotegi efektuaren gasen isurketa %20 murriztea 1990eko mailen aldean.

–Energiaren %20 iturri berriztagarrietatik lortzea.

–Efizientzia energetikoa %20 handitzea.

Deialdi honetako dirulaguntzek xede dute zuzentarau horretan aurreikusten diren eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin bat egiten duten helburuak eskuratzen laguntzea, kaleko argien eta eraikin publikoen barneko argien efizientzia energetikoa sustatuz, energia berriztagarriak inplementatuz eta mugigarritasun elektrikoa bultzatuz Foru Komunitateko toki entitateetan.

Horretarako, dirulaguntzak jaso ditzaketen jarduketa hauek zehaztu dira (haien ezaugarriak deialdiaren II. eranskinean ageri dira).

NEURRIAREN KODEA

NEURRIA

1

Kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoetako barneko argiteria berritzea

2

Inbertsioak energia berriztagarrien instalazioetan

3

Mugigarritasun elektrikoa

2. oinarria.–Onuradunak.

Lehenago deskribatutako helburuarekin lotura duten inbertsioak egiten dituzten Nafarroako toki entitateak izanen dira laguntza hauen onuradunak, bai eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2. artikuluan jasotako tokiko zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten entitateak ere.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak, lanak burutzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. II. eranskinean zehaztutako neurrietan aipatzen diren inbertsio eta gastuak izanen dira dirulaguntzen xede, Nafarroan eginak badira betiere.

Finantza errentamenduaren bidez (leasing-a eta energia zerbitzuen hornitzaileekin izenpetutako kontratuak) eskuratzen diren aktiboak dirulaguntzaren xede izan daitezke, betiere kontratuaren hasieratik eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik pagatzen bada eta, gainera, kontratu bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada kontratuan.

Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

2. Inbertsioak egiteko epea 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitartekoa izanen da. Epe horretan fakturaturik eta ordaindurik dagoenean joko da burututzat jarduketa.

3. II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza kasu hauetan handitu liteke:

a) Bi neurri motatarako laguntza ematen denean, %5 handituko da dirulaguntzaren portzentajea haietako bakoitzerako. Hiru neurritarako ematen denean, igoera hori %10ekoa izanen da haietako bakoitzerako.

b) Aintzat hartuko da toki entitateek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duten konpromisoa. Entitateei %5eko gehigarria emanen zaie baldin eta 2019an genero berdintasuna sustatzeko IV. eranskinean aipatzen diren neurrietakoren bat hartu dutela egiaztatzen badute.

Entitateei ez zaie gehigarri hori emanen baldin eta laguntzen 2017ko eta 2018ko deialdietan gehigarri hori eman bazitzaien.

Ez da gainditzen ahal II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako gehieneko laguntza, salbu eta 5.2 oinarrian adierazitako zirkunstantziak gertatzen badira. Onartutako dirulaguntzaren bati uko egiten bazaio, guztirako intentsitatea kalkulatuko da berriz, kontuan hartuz, betiere, azkenean zer neurri hartu diren.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa):

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16794/Convocatoria-de-ayudas-a-entidades-locales-para-la-promocion-de-la-eficiencia-energetica-la-implementacion-de-energias-renovables-y-el-impulso-de-la-movilidad-electrica-2019

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen eskaeran, adierazi egin beharko da toki entitateak ba ote duen deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jasotzeko helbide elektroniko (HEG) gaiturik. HEGa 8.2 oinarrian aipatutako moduan eskuratu daiteke.

4. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du, eta, neurri guztiak aipatuko ditu, hots, zer neurritarako nahi duen laguntza. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, agiri bereizietan eskaneatua eta izenarekin identifikatua, II. eranskinean neurri bakoitzerako zehaztutakoa izanen da.

5. Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate eskatzaileari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak (Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua) aurkezten diren eskaerak konparatuko ditu, II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideei jarraituz haien artean lehentasuna ezartzeko. Dena dela, neurri bakoitzerako baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei heltzeko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hori ezartzea.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio altuena lortu duten eskaerei aplikatuko zaie II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako laguntzaren intentsitatea, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte betiere:

NEURRIA

AURREKONTU-KREDITUA

1. Kaleetako argiteria publikoaren instalazioak eta eraikin publikoetako barneko argiteria berritzea

600.000 euro

2. Inbertsioak energia berriztagarrien instalazioetan

300.000 euro

3. Mugigarritasun elektrikoa

100.000 euro

2. Neurri batean aurkeztutako eskaera guztiei helduta, horretan kreditu erabilgarririk badago, honela erabiliko da:

a) Lehenik, beste neurrietako eskaerei heltzeko. Lehentasuna 3. neurriak izanen du, gero bigarrenak eta lehenbizikoak, ondoz ondo, neurri bakoitzean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

b) Bigarrenik, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak mugatu dituen eskaeren dirulaguntza handitzeko, muga hori izan ezean izan behar zuten dirulaguntzaren portzentajera arte, aurreko letran ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

3. Plan Estrategikoaren Atalak II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, eta, bertan, onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1. Onuradunek egindako inbertsioak justifikatu beharko dituzte 2019ko urriaren 31n beranduenez. Horretarako, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute 8.1 oinarrian adierazitako moduan:

a) Burututako jarduketen ordainketen fakturak eta ordainagiriak. Batzuek zein besteek onuradunaren izenean egon behar dute, non eta inbertsioa ez den errentamendu finantzarioko kontratu baten xede (zerbitzu energetikoen hornitzailearekiko kontratua edo leasing-a), kasu horretan enpresa errentatzailearen izenean egon beharko baitute. Berrikuspena errazteko, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Instalazioak errentamendu finantzarioko kontratu baten bidez egin badira (zerbitzu energetikoen hornitzailearekiko kontratua edo leasing-a), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Zerbitzu energetikoen hornitzailearekin izenpetutako kontratuaren kopia.

–Errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula.

Zerbitzu energetikoen hornitzailearekiko kontratua baldin bada, aurrekoaz gainera, ondokoa bete behar da:

–Zerbitzu energetikoaren prezioaren kalkulu zehatza aurkeztu, euro/kWh-tan adierazia.

–Errendimendu energetikoaren kontratuetan edo aurrezki-bermeko kontratuetan, aurrezki-bermeko zerbitzu energetikoen kontratuen erregistroan inskribatu beharko da kontratua. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez sar daiteke hara:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/6095/Aurrezpen-bermedun-energia-zerbitzuen-kontratuak-erregistratzea

–Zerbitzu energetikoen hornitzaileak inskribaturik egon behar du Zerbitzu Energetikoen Hornitzaileen zerrendan, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

c) Onuradunak deialdi honen aurretik instalatutako energia berriztagarria sortzeko instalaziorik baldin badu, instalazio horiek ongi funtzionatzen dutela egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko du, dirulaguntzaren xede den neurria edozein izanik ere.

d) II. eranskinean neurri bakoitzerako zehazten den dokumentazioa.

e) Dirulaguntza onesteko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Laguntzen organo kudeatzaileak onuradunek aurkeztutako justifikazio dokumentazioa aztertuko du, eta, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du aldez aurretik. Organo eskudunari, ondotik, ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio, zeinean jasoko baita onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela.

3. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du frogagiriak aurkezten direnetik bi hilabeteko epean.

4. Errentamendu finantzario bidezko inbertsioen kasuan, 7.1 oinarriko f) letran aurreikusitakoa gertatzen bada, letra horretan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) 3. eta 6. oinarrietan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

b) Instalazioaren jabetza mantendu behar du gutxienez bost urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Jasotako dirulaguntzaren berri emanen da udalaren webgunean, bai eta diruz lagundutako inbertsioak direla-eta onuradunak sortzen duen dokumentazioan ere.

e) Entitateak deialdi honen aurretik instalatutako energia berriztagarria sortzeko instalaziorik baldin badu, instalazio horiek ongi funtzionatzen dutela egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko du, dirulaguntzaren xede den neurria edozein izanik ere, 6. oinarrian ageri den bezala.

f) Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (zerbitzu energetikoen hornitzaileekin sinatutako kontratuak eta leasing-a), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa dirulaguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da. Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko dizkio laguntzak kudeatzen dituen organoari, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean betiere.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

h) II. eranskinean neurri bakoitzerako ezarritako betebehar berariazkoak.

2. Oinarri arautzaile hauetan, emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharren bat bete ezean, onarturiko dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) dagoen laguntzen fitxa erabiliz (Administrazio Publikoaren eremurako zerbitzuak).

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, toki entitateen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbidean (http://notificaciones.060.es) eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

9. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondasun beretarako ematen dituen edonolako beste dirulaguntzekin. Zehazki, abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen bidez onetsi zen 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren ekarpenekin dira bateraezinak.

Dirulaguntza bateragarriak direnean, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak izateagatik, dirulaguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

II. ERANSKINA

Neurri diruz lagungarriak

1. NEURRIA–KALEETAKO ARGITERIA PUBLIKOAREN INSTALAZIOAK ETA ERAIKIN PUBLIKOETAKO BARNEKO ARGITERIA BERRITZEA

1.–Instalazio diruz lagungarriak.

Kaleko argien instalazioak eta eraikin publikoen barneko argienak berritzeko prozesuak, efizientzia energetiko handiagoa lortzeko asmoz, hauek biltzen ditu: ekipoak, linea eta instalazio elektrikoak berritzea, obra zibila eta obra-proiektua eta obra-zuzendaritza).

Laguntza hauen xede diren instalazioek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Auditoretza egina izatea, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerakoa, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Gutxieneko edukia:

–Instalazioaren diagnostikoa.

–Instalaziorako proposatutako alternatibak, tekniko eta ekonomikoki gutxienez hiru jarduketa azterturik.

b) Auditoretza-lana pertsona fisiko edo juridiko independente batek eginen du, planteatutako berrikuntza-lana prestatu eta gauzatzeko lizitazio fasean parte hartu ezin izanen duena.

c) Kaleko argien gaineko jarduketen kasuan, auditoretza-lana Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundeak ezarritako protokoloari jarraikiz egin beharko da.

2. Kaleko argien kasuan baino ez, luminaria berriek ezaugarri hauek bete behar dituzte: FHSinst < %1 eta kolore tenperatura ≤ 3000 K.

3. Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan xedatutakoa bete beharko da (abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), baita Kanpoko argiteriaren instalazioetan efizientzia energetikoa bultzatzeari buruzko Erregelamenduan eta jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) xedatutakoa ere (azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Eraikin publikoetako argien instalazioek Eraikuntzaren Kode Teknikoaren HE 1 Atala bete beharko dute (“Argi instalazioen efizientzia energetikoa”), baita indarra duten gainerako legeak ere.

4. Proiektu tekniko edo memoria tekniko batean, zer dagokion, aurreikusita egon behar dute, eta obra-zuzendaritza baten xede izan, betebehar hauekin:

a) Bien baturaren zenbateko osoa (diruz lagungarria) ezin da izan inbertsioaren zenbateko osoaren %10etik gorakoa.

b) Pertsona fisiko edo juridiko batek eginen du, zeinak ezin izanen baitu ondoko berrikuntza-lanaren lizitazioan parte hartu.

2.–Laguntzen zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuaren %60 izanen da laguntzaren zenbatekoa. Eskaera bakoitzeko, betiere, 30.000 euro jaso daitezke gehienez.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Hau da laguntza hau eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa, 4. oinarrian esandako epean eta moduan betiere:

a) Auditoretza, 1. apartatuko 1. puntuan eskatutakoa betetzen duena.

b) Toki entitateak 2021era bitarte eginen dituen jarduketen plangintza. Dokumentu honetan, toki entitateak eredu energetikoa aldatzeko urtean egin beharreko jarduketak deskribatuko dira. Jarduketetan lerro hauek beteko dira gutxienez:

1. Efizientzia energetikoa.

2. Energia berriztagarriak.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

c) Jarduketaren memoria, nahitaez hau zehazten duena gutxienez:

–Auditoretzan deskribatutako proposamenetatik hautatu den alternatiba.

–Energia aurreztearen justifikazioa, III. eranskinean deskribatutako metodologiari jarraikiz.

–Jarduketen aurrekontu xehatua, ongi bereiziz unitate prezioa kontzeptuka, bai eta proiektuaren kostua eta obra-zuzendaritzarena ere.

d) Horniduraren (edo horniduren) azken faktura, jarduketa egin behar den argi-instalazioarena alegia. Kontratatutako potentzia berriarekin energiaren horniduran zenbat aurreztuko den kalkulatzeko eskatzen da faktura hori –ikus 6. apartatuko a) letrako betebehar berariazkoa–.

e) Entitate eskatzaileak jatorriaren bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

Kontsumitutako energia elektrikoa %100ean berriztagarria dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate eskatzaileak. Honela frogatuko da:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatutako energia %100ean berriztagarria dela frogatzen duena, ITC/1522/2007 Agindua aldatzen duen maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz.

–Toki entitaterako merkaturatutako energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela adierazten duen faktura.

f) Toki entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3.3.b) oinarriko laguntza osagarria justifikatzen duena).

Deialdiaren 4.5 oinarrian esan bezala, eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ez da inola ere zuzentzen ahalko.

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Hona hemen honelako laguntzak emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Ratio energetiko-ekonomikoaren balorazioa: 80 puntura bitarte.

Hona ratio energetiko-ekonomikoa zer den: proposatutako berritzearekin kWh/urtean lortutako aurrezte teorikoaren eta eurotan egindako inbertsioaren arteko zatidura (BEZa barne).

80 puntu emanen dira baldin eta ratio energetiko-ekonomikoa 1,5etik gorakoa bada, punturik ez baldin eta ratioa zero bada, eta gainerakoa, bi balio horien arteko erregresio lineala kontuan hartuz.

b) Etengabeko eta urrutiko jarraipena bermatuko duen software bidezko monitorizazioa, energia kontsumoaren kontrola eta argiteriako instalazioen eragiketa eta mantentze-lanak errazteko asmoz: 10 puntu

c) Ingurumen jasangarritasuna: Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea deialdia eskatzeko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

2. Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azalduta dauden ordenari jarraituz. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.

5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.

Onuradunek, deialdiaren 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:

a) Obra-proiektua eta obra-zuzendaritza, 1. apartatuko 3. puntuan aipatutako erregelamenduetan eta indarrean dagoen legedia eskatutakoa zehaztuta (Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa, Kanpoko argiteriaren instalazioetan energia efizientzia bultzatzeari buruzko Erregelamendua eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren HE3 atala).

Aipatu proiektuan, gainera, egindako erreformaren argazkiak sartuko dira, baita inplementatutako materialaren fitxa teknikoak ere (1. apartatuan eskatutako betebeharrak justifikatzeko).

b) Behe tentsioko instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta instalazioaren erregistro zenbakian xedatutakoarekin bat.

c) Eskatzen diren egiaztapen ziurtagirien kopia, Kanpoko argiteriaren instalazioetan efizientzia energetikoa bultzatzeari buruzko Erregelamenduan zehazten denarekin bat.

d) KEB ikuskapenaren ziurtagiriaren kopia, bai Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren bai Kanpoko argiteriaren instalazioetan efizientzia energetikoa bultzatzeari buruzko Erregelamenduaren esparruan, baldin eta aplikatu beharreko araudiak eskatzen badu.

6.–Berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 7. oinarrian zehaztutakoaz gainera, betebehar hauek ere bete behar dituzte:

a) Ordaintzeko ebazpena jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, onuradunak argiteria publikoaren instalazioaren horniduraren kontratuaren kopia bat aurkeztuko du, aldez aurreko auditoretza-lanean zehaztutako potentzia kontratatuari dagokiona.

b) Dirulaguntza eman eta hurrengo bi urteetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, memoria-txosten bat aurkeztu beharko da, berritzearen aurreko instalazioa eta ondokoa konparatzeko. Txosten horretan, energiaren kontsumoak eta instalazioaren gastuak zehaztuko dira (prebenitzeko eta zuzentzeko mantentze-lanak, konponketak, etab.).

Aipatu dokumentuak telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren 8.1 oinarrian adierazitako moduan.

2. NEURRIA.–ENERGIA BERRIZTAGARRIEN
INSTALAZIOETAKO INBERTSIOAK

1.–Diruz lagungarriak diren instalazio eta gastuak.

1.1. Energia berriztagarriko instalazioak izanen dira diruz lagungarriak (sorgailuak, energia biltzeko sistemak, kontrol-sistemak, etab.), erabilera termikokoak izan edo elektrikokoak izan, betiere betebehar hauek betetzen badituzte:

a) Energia berriztagarriaren iturriaz baliatu (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko apirilaren 23ko 2009/28/EB Zuzentarauaren arabera).

b) Elektrizitatea sortzeko instalazioak baldin badira, honelakoak behar dute izan:

–Isolatuak edo sarera konektatu gabeak.

–Norberaren kontsumokoak, 244/2019 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

–Autokontsumo partekaturako instalazioak.

c) Lokal publiko bat hornitzen badute, dibulgazio panel behar izan beharko da, gutxienez informazio hau dakarrena:

–Elektrizitatea sortzeko instalatutako potentzia (kW).

–Eguneko produkzio metatua (kWh).

–Produkzio metatua, martxan jarri zenetik (kWh).

–Martxan jarri zenetik, zenbateko emisioa ekidin den guztira (kg CO2).

Instalatutako elementuak zein diren, laguntza onesteko ebazpenean aditzera emanen da dibulgazio panelaren ordez panel finko bat jar litekeela, parametro hauei buruz kalkulatutako balioak aipatuko dituena:

–Elektrizitatea sortzeko instalatutako potentzia (kW).

–Aurreikusten den eguneko produkzioa (kWh).

–Aurreikusten den urteko produkzioa (kWh).

d) Instalatutako elementuen ezaugarriak direla-eta teknikoki ezinezkoa bada aurreko baldintza betetzea, ez da beharrezkoa izanen dibulgazio panel bat jartzea neurtu beharreko parametroak bistaratzeko. Kasu horietan, panel finko bat jarri beharko da, eta, hartan, parametro hauei dagokienez kalkulatzen diren balioak jarri beharko dira, gutxienez ere:

–Elektrizitatea sortzeko instalatutako potentzia (kW).

–Aurreikusten den eguneko produkzioa (kWh).

–Aurreikusten den urteko produkzioa (kWh).

1.2. Gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz laguntzeko moduko inbertsioaren kostu osoa ez da izaten ahalko 1.500 eurotik beheitikoa (BEZa aparte). Zenbatekoan, hauek sartzen dira:

–Obra-proiektuaren kostuaren eta obra-zuzendaritzaren kostuaren batura, halakorik behar bazen, ez da inola izanen instalazioaren kostu osoaren %10etik goitikoa.

–Panelaren kostua, halakorik behar bada, ez da inola izanen instalazioaren kostu osoaren %10etik goitikoa.

b) Klimatizazio sareetako inbertsioetan, biomasa edo eguzki energia termikoa erabiltzen duten eraikinetako kanpoko sareak baizik ez dira izanen diruz laguntzekoak. Bezeroei zerbitzua egiteko harguneetan egindako inbertsioak diruz laguntzen ahal dira baldin eta laguntza eskatzen duenak haien kostua bere gain hartzen badu.

c) Bero-ponpak erabiltzen dituzten instalazioen inbertsioen kasuan, hornitutako energia berriztagarriaren eta ponpak emandako energia termiko erabilgarriaren arteko erlazioari dagokion inbertsioa baizik ez da izanen diruz lagungarria, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/28/EE Zuzentarauari jarraituz, zeinak jarraibideak ezarri baitzituen Batasuneko kide diren estatuek iturri berriztagarrietatik sortzen den energia kalkulatzeko. Ponpa martxan jartzeko lehen mailako energia guztia iturri berriztagarrietatik sortua bada, inbertsio guztia izanen da diruz lagungarria.

1.3. Ez dira diruz lagunduko energia berriztagarriko instalazioak (elektrikoak edo termikoak), baldin eta nahitaezkoak badira Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera. Hauek dira salbuespenak:

–Elektrizitatea sortzeko sistema elektrikoa bada, parte bat besterik ez da diruz lagunduko: aipatu araudian eskatutakotik gora instalatutako potentziari dagokiona.

–Instalazioa etxeko ur beroa sortzeko bada, diruz lagungarria izanen da baldin eta egindako inbertsioak berokuntzan eta/edo hozteko sisteman ere laguntzen badu osagarri gisa behinik behin. Kasu horretan instalazioaren kostu guztiaren %70 bakarrik izanen da dirulaguntzaren xede, ulertzen baita gainerako %30a dela aipatu araua betetzeko behar den inbertsioa.

2.–Laguntzen zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuaren %50 izanen da laguntzaren zenbatekoa, salbu eta biomasako instalazioetan, haietan %30ekoa izanen baita). Eskaera bakoitzeko, betiere, 50.000 euro jaso daitezke gehienez.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Hau da laguntza hau eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa, 4. oinarrian esandako epean eta moduan betiere:

a) Entitateak 2021era bitarte eginen dituen jarduketen plangintza. Dokumentu honetan, toki entitateak eredu energetikoa aldatzeko urtean egin beharreko jarduketak deskribatuko dira. Jarduketetan lerro hauek beteko dira gutxienez:

1. Efizientzia energetikoa.

2. Energia berriztagarriak.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

b) Aurreikusita dagoen jarduketa xehe azaltzen duen memoria:

–Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.

–Elektrizitatea sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

–Elektrizitatea biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

–Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.

–Dibulgazio panelaren ezaugarrien deskripzioa.

–Prozesuaren kronograma.

–Inbertsioen aurrekontua, kontzeptutan xehatua, behar bezala aipaturik bai dibulgazio panela, bai obra-proiektua eta obra-zuzendaritza, halako bat baldin badago.

c) Entitate eskatzaileak jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

Kontsumitutako energia elektrikoa %100ean berriztagarria dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate eskatzaileak. Honela frogatuko da:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatutako energia %100ean berriztagarria dela frogatzen duena, ITC/1522/2007 Agindua aldatzen duen maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz.

–Toki entitaterako merkaturatutako energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela adierazten duen faktura.

d) Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera nahitaezkoak diren instalazioetan, instalazioa dagoen udal edo kontzejuko idazkaritzak luzatutako ziurtagiria, zirkunstantzia hori egiaztatzen duena.

e) Sorgailuei buruzko fitxa teknikoa.

f) Toki entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3.3.b) oinarriko laguntza osagarria justifikatzen duena).

Deialdiaren 4.5 oinarrian esan bezala, eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ez da inola ere zuzentzen ahalko.

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Hona hemen honelako laguntzak emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1.1. Inplementatutako teknologia: gehienez ere 50 puntu.

a) Elektrizitatea sortzeko instalazio bakartua edo sare elektrikora konektatu gabea bada: 50 puntu.

b) Instalazioa norberaren kontsumo elektrikorako baldin bada 244/2019 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz: 30 puntu.

c) Autokontsumo elektriko partekaturako instalazioak badira: 10 puntu.

d) Mikrosare elektrikoa instalatzen bada: 20 puntu.

Honakoa da mikrosarea: kargez, sortze banatuko bi edo hiru elementu, biltegiratzeko elementuez eta kontroleko eta kudeaketako elementu eta sistemez osatutako multzoa; horiek lotune beraren bidez daude sare elektrikoari lotuta, eta energia kudeatzeko estrategia bat dute atxikirik. Mikrosare hauek sorkuntza berriztagarriko iturrien bidez elikatu behar dira.

e) Instalazioaren erregaia (erregai modura biomasa erabiltzen duten erabilera termikoko instalazioetan), 40 puntu bitarte:

–Instalazioa prestatua baldin badago egurrarekin eta ezpalekin funtzionatzeko: 40 puntu.

–Instalazioa prestatua baldin badago pelletekin funtzionatzeko: 35 puntu.

–Beste kasu batzuetan: 10 puntu.

f) Aerotermia, geotermia, hidrotermia, 10 puntu bitarte:

–Bero-ponparen energia primarioa oso-osorik iturri berriztagarrietatik eta autoekoitzietatik baldin badator: 10 puntu.

–Gainerako kasuetan: 5 puntu.

1.2. Biltegiratze energetikoa: gehienez ere 15 puntu.

a) Instalazioak energia potentzial hidrikoa biltzeko sistema baldin badu: 10 puntu.

b) Diruz lagundutako instalazioak energia elektrikoa biltzeko sistema baldin badu: 5 puntu.

1.3. Energia berriztagarriak noraino ezarri diren: gehienez ere 25 puntu.

a) Diruz laguntzen dena energia berriztagarriekin toki entitatean jartzen den lehenbiziko instalazioa bada: 25 puntu.

b) Toki entitateak, ordurako, energia berriztagarrien instalazio bat, bi edo hiru baldin baditu: 15 puntu.

c) Toki entitateak, ordurako, energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 0 puntu.

1.4. Ingurumen jasangarritasuna: toki entitate batek jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat baldin badu laguntza eskatzeko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

2. Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpideetako bakoitzean lortutako puntuazioa kontuan hartuz erabakiko da, irizpideak azalduta dauden ordenari jarraituz. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, laguntzaren eskaera zer egun eta ordutan egin zen izanen da irizpidea.

5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.

Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:

1. Memoria edo proiektua –kasua zein den–, eta, horretan, deskribaturik, egindako jarduketa, instalazioaren eta haren elementuen argazkiak, baita dagozkien fitxa teknikoak ere.

2. Araudia betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa:

a) Elektrizitatea sortzen duten instalazioen kasuan:

–Instalazioa bakartua izan edo norberaren kontsumokoa izan, instalazioaren erregistro zenbakia edo zerbitzuan jartzeko akta aurkeztuko da, kasua zein den, eta martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz tramitatuko da (60/2015 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek jarraitu beharreko prozedura arautzen duena, segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatzeko).

–Indarra duen araudiak norberaren kontsumorako instalazioak erregistratzeko eskatzen duen dokumentazioa (apirilaren 9ko 244/2019 Errege Dekretua).

b) Sorkuntza termikoko instalazioen kasuan, instalazioaren ziurtagiriaren kopia, halakorik behar badu.

6.–Berariazko betebeharrak.

Onuradunek, 7. oinarriko betebeharrak betetzeaz gainera, dirulaguntza jaso eta hurrengo bi urteetan, ekainaren 30a baino lehen, emaitzei buruzko txosten edo memoria aurkeztu beharko dute, eta, bertan 1.1. apartatuko c) eta d) letretan zehaztutako bistaratze-panelean erregistratutako datuak azalduko dira.

Aipatu dokumentuak telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren 8.1 oinarrian adierazitako moduan.

3. NEURRIA.–MUGIGARRITASUN ELEKTRIKOA

1.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Kontzeptu hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

1.1. Ibilgailuen erosketa, kategoria hauetakoak badira:

a) M eta N kategoriako ibilgailuak:

–M1 kategoria: motordun turismoak edo ibilgailuak, bereziki pertsonak eta haien bagajea garraiatzeko sortuak eta fabrikatuak, baldin eta, gidariaren eserlekuaz gain, beste zortzi badituzte.

–N1 kategoria: motordun furgonetak edo kamioi arinak, bereziki salgaiak garraiatzeko sortuak eta fabrikatuak, baldin eta haien gehieneko masa ez bada 3,5 tonatik gorakoa.

b) L kategoriako ibilgailuak:

–L1e kategoria: ziklomotorrak edo bi gurpileko ibilgailuak, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-tik gorakoa ez dutenak eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 4 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

–L2e kategoria: trizikloak edo hiru gurpileko ibilgailuak, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-tik gorakoa ez dutenak eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 4 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

–L3e, L4e eta L5e kategoriak: bi gurpileko ibilgailuak, edo ibilgailuaren luzetarako erdiko ardatzarekiko simetrikoak edo asimetrikoak diren hiru gurpilekoak, diseinuko abiadura 45 km/h-tik gorakoa dutenak.

–L6e kategoria: lau gurpileko ibilgailu arinak, hutsik egonik 350 kg-ko masa edo hortik beherakoa dutenak, baterien masa kanpo, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-koa edo hortik beherakoa dutenak eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 4 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

–Lau gurpileko ibilgailu astunak (L7e): lau gurpileko ibilgailuak hutsik egonik 400 kg-ko masa edo hortik txikiagoa dutenak, edo 550 kg-koa edo hortik txikiagoa, salgaiak garraiatzeko ibilgailuen kasuan, baterien masa kanpo, eta gehieneko etengabeko potentzia izendatua 15 kW-ekoa edo hortik beherakoa dutenak.

c) Motor elektrikoz lagundutako pedal bizikletak.

1.2. Ibilgailu elektrikoak 2., 3. edo 4. moduan kargatzeko azpiegitura bakarra instalatzea (Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren ITC BT 52ren arabera zehaztutako estandarren arabera).

2.–Diruz laguntzeko moduko gastuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Garraiobideak:

a) Berriak izan, elektriko hutsak, eta Espainian matrikulatuak.

b) M eta N kategorietako ibilgailuek ondokoa bete behar dute:

I) Kargatzeko sistema bati loturik egon (lehengo sistema edo deialdi honen bidez diruz laguntzen zaiona), eremu publikoko aparkaleku publiko iraunkorretan.

II) Ibilgailuaren alboetan honakoa izan errotulaturik, A3aren pareko tamainan:

–Toki entitatearen logotipoa edo armarria.

–Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa, ele bitan.

–“Soy 100% Eléctrico” edo “%100 elektrikoa naiz”.

c) L kategoriako ibilgailuetan 70 km-ko autonomia izan behar dute gutxienez.

d) Motor elektrikoz lagundutako pedal bizikletek UNE-EN 15194:2009 Arauko aginduak bete behar dituzte.

2.2. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioek (ekipoak, linea eta instalazio elektrikoak berritzea, obra zibila eta proiektua eta obra zuzendaritza) abenduaren 12ko 1053/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute (ITC-BT-52 Jarraibide Tekniko Osagarria onetsi zuen dekretua).

Eremu publikoan kokatutako aparkaleku publiko iraunkorretan eginen da kargatzeko azpiegituraren instalazioa.

2. Laguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honakoa izanen da:

1. Garraiobideak: Kostu hautagarriaren %30, baina zenbateko hauek gainditu gabe:

a) M eta N kategoriako ibilgailuak: 32.000 euro.

b) L kategoriako ibilgailuak:

–L1e eta L2e kategoriak: 5.000 euro.

–L3e, L4e eta L5e kategoriak: 10.000 euro.

–L6e eta L7e kategoriak: 15.000 euro.

c) Motor elektrikoz lagundutako pedal bizikletak: 1.500 euro.

2. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituraren instalazioa: kostu hautagarriaren %60, baina zenbateko hauek gainditu gabe:

a) 2. karga-modua: 1.000 euro.

b) 3. karga-modua: 3.000 euro.

c) 4. karga-modua: 5.000 euro.

3.–Laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Hau da laguntza hau eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa, 4. oinarrian esandako epean eta moduan betiere:

a) Entitateak 2021era bitarte eginen dituen jarduketen plangintza. Plangintza gisako dokumentu horretan, toki entitatearen konpromisoa jasoko da, eta, horrez gainera, eredu energetikoa aldatzeko urtez urte eginen diren jarduketak deskribatuko dira. Lerro hauek jasoko dira gutxienez:

1. Efizientzia energetikoa.

2. Energia berriztagarriak.

3. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak.

b) Eskatzaileak kargatzeko azpiegitura bat baldin badu deialdia egin baino lehenagotik, hori frogatu beharko du behar den dokumentazioa aurkeztuz.

c) Garraiobide bat erosiz gero, haren fitxa teknikoa aurkeztu behar da, eta, hartan, honako hauek adierazi: ibilgailu elektriko bat dela, prezioa, errotulazioa barne, ibilgailuaren autonomia eta, bizikleten kasuan, UNE–EN 15194:2009 betetzen duela.

d) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura elektrikoa eta elektronikoa instalatzeko eskaeretan, haren ezarpenaren gaineko memoria bat aurkeztu beharko da, non eskatutako baldintzak justifikatuko baitira. Memoriak atal hauek jaso beharko ditu gutxienez:

1. Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.

2. Proposatutako elementuen eta sistemen deskribapena.

3. Proposatutako elementuen eta sistemen fitxa teknikoa.

4. Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.

5. Ibilgailu elektrikoa kargatzeko puntuaren instalazioaren deskribapena.

6. Gauzatzeko kronograma.

7. Inbertsioen aurrekontua, osagai nagusien eta beharrezkoak diren instalazio lagungarrien aurrekontuak bereizita.

8. Azpiegituraren kokagune zehatza (helbidea eta UTM koordenatuak adierazita).

e) Entitate eskatzaileak jatorriaren bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

Kontsumitutako energia elektrikoa %100ean berriztagarria dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate eskatzaileak. Honela frogatuko da:

–Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako ziurtagiria, kontratatu den entitate merkaturatzaileak merkaturatutako energia %100ean berriztagarria dela frogatzen duena, ITC/1522/2007 Agindua aldatzen duen maiatzaren 20ko IET/931/2015 Aginduari jarraikiz.

–Toki entitaterako merkaturatutako energiaren jatorria %100ean berriztagarria dela adierazten duen faktura.

f) Toki entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako hartutako konpromisoa frogatzen duen dokumentazioa (deialdiaren 3.3.b) oinarriko laguntza osagarria justifikatzen duena).

Deialdiaren 4.5 oinarrian esan bezala, eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ez da inola ere zuzentzen ahalko.

4.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Hona hemen honelako laguntzak emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Noraino sustatu den udalerrian mugigarritasun elektrikoa: Laguntza eskatzen bada kargatzeko azpiegitura bat instalatzeko edo ibilgailu bat eskuratzeko: 50 puntu.

2. Inplementatutako teknologia, 10 puntu bitarte:

a) Inplementatutako teknologia 4. karga-modukoa bada: 10 puntu.

b) Inplementatutako teknologia 3. karga-modukoa bada: 5 puntu.

c) Inplementatutako teknologia 2. karga-modukoa bada: 0 puntu.

3. Kargatzeko azpiegituraren instalazioa hiri-altzariren batean integratua badago (kale-argietan, esate baterako): 15 puntu.

4. Ingurumen jasangarritasuna: Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea deialdia eskatzeko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

5. Kargatzeko azpiegituraren instalazioa monitorizatuta badago edo teleneurketa badu: 15 puntu.

Eskatzaileei emandako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, laguntzaren eskaera zer egunetan eta zer ordutan egin den, horrexen arabera ordenatuko dira.

5.–Inbertsioak justifikatzeko dokumentazio berariazkoa.

Onuradunek, 6. oinarrian deskribatutakoaz gainera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute egindako inbertsioak justifikatzeko:

a) Ibilgailuaren, kargatzeko instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak.

b) Instalazioaren erregistro zenbakia, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 60/2015 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat tramitatua (2015eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).

6.–Berariazko betebeharrak.

Neurri honen onuradunek, 7. oinarrian zehaztutako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eman eta hurrengo bi urteetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, memoria-txosten bat aurkeztu behar dute honako hauen berri emateko: kargatzeko azpiegituran erregistratutako datuak, egindako karga kopurua eta karga bakoitzean hornitutako energia.

b) Onuradunak ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura bat instalatu badu, horren zabalkundea egin beharko du herritarren artean, haren erabilera sustatzeko.

c) Onuradunak ibilgailu bat erosi badu, hura toki entitateko langileen eskura jarri beharko du, ohiko erabilerako eta sustapena egiteko.

Aipatu dokumentuak telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren 8.1 oinarrian adierazitako moduan.

III. ERANSKINA

Hauxe da aurrezki energetikoa kalkulatzeko erabiliko den metodologia:

–Lehenbizi, aurreko bi urteetako fakturazio datuak bilduko dira, eta urte bakoitzean kontsumitutako kWh-ak batuko dira.

1. urteko kWh kopurua:

2. urteko kWh kopurua:

Batez besteko kontsumoa = (1. urteko kWh kopurua + 2. urteko kWh kopurua) / 2 [1]

–Obraren ondorioz instalatutako potentzia kalkulatuko da, honela:

  • P guztira: 1. lanpararen P × lanpara kopurua + 2. lanpararen P × lanpara kopurua + ... .... + n lanpararen P × lanpara kopurua [2]

–Instalazioa zenbat orduz dagoen potentzia osoan eta zenbat orduz erregulazioa aplikatuta:

  • Zenbat orduz dagoen potentzia osoan: [3]
  • Zenbat ordu dagoen erregulazioa aplikatuta: [4]

Urteko guztirako orduen kopurua ez da 4.300dik gorakoa izanen.

–Erregulazio-ekipoarekin lortutako potentzia-murrizketa adieraziko da.

  • Erregulazio sistemarekin hasierako potentzian lortu den murrizketa (%) [5]

–Datu horiekin aurrezkia kalkulatuko da, formula hau aplikatuz:

  • [1] - (([2] x [3]) + ([2] x [4] x [5]))

IV. ERANSKINA

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko zenbait neurri

1. Berdintasun Plan bat izatea edo berdintasunerako neurrien konpromiso idatzi bat izatea.

2. Genero berdintasuneko bikaintasunaren marka.

3. Etengabeko prestakuntzarako planean berdintasunerako ekintzak izatea.

4. Hizkera idatzia eta ikusizkoa sexista ez izateko jarraibide idatziak.

5. Sexuaren arabera informazio bereizia sortzeko jarraibide idatziak.

6. Entitateak duen kalitatea egiaztatzeko sisteman berdintasuna gehitzea, kalitateko faktorea den aldetik.

7. Berdintasunarekiko konpromisoaren ikusgarritasun maila (balio edo printzipio gidarien artean, webgunean, liburuxketan, publizitate-kanpainetan eta abarretan aipatuta).

8. Erantzunkidetasun neurriak antolatzea.

9. Berdintasuna babestea, kanpoan sustatzeko politikan berdintasun ekintzak sustatuz.

10. Aurrekontuaren urteko portzentaje bat izatea barneko berdintasuna lortzeko.

11. Berdintasun erakundeekiko eta berdintasuna sustatzen duten entitateekiko lankidetza.

12. Entitate hornitzaileekiko harremanetan berdintasuna sartzea.

13. Erakundean emakumeak eta gizonak horizontalki (arloka) zein bertikalki (erabakiak hartzeko lanpostuak) modu orekatuan-edo agertzea.

14. Emakumeen presentziak kontratazioan duen bilakaera.

15. Berdintasunean adituak diren langileak izatea, berdintasuna lan prozesu guztien kudeaketan sartzen dela bermatzeko.

16. Laguntzak kudeatzen dituen organoari egokia iruditzen zaion beste edozein neurri, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko baldin bada.

Iragarkiaren kodea: F1906217