86. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

244E/2018 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta merkataritzan ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onesten duena.

Gobernuak 2018ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Txikizkako Merkataritza Hurbila Bultzatzeko Plana (2018-2020) onetsi zen. Plana merkataritza sektorerako politika publikoak antolatzeko tresna da, eta bertan biltzen dira txikizkako merkataritzako sektorearen kezkei, beharrei eta interesei erantzuteko eta Nafarroa osoan merkataritza jardueraren garapen orekatuagoa sustatzeko behar diren ekintzak.

Plan horren helburu estrategikoetako batean beharrezkotzat jotzen da merkataritzaren lehiarako eta berrikuntzarako gaitasuna eremu eta sektore guztietan areagotzea, honako hauek eginez: Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak sartzearen bidez negozioen irudia eta kudeaketa hobetzea helburu duten ekintzak, merkataritzako azpisektoreen beharren araberako berariazko prestakuntza espezializatua, salmentari balio erantsia ematen dion kalitatearen kultura errotzea eta bideragarria izateko bermeak dituen belaunaldien arteko erreleboa sustatzea.

Halaber, aipatu planaren hirugarren programak (“Enpresa txiki eta ertainaren lehiakortasuna eta garapen teknologikoa”) eta zehazki 3.1 neurriak (“Kudeaketa eta garapen teknologikoaren hobekuntza”) sektorearen lehiarako gaitasuna handitzea du helburu, bide hauek erabiliz: haien negozio ereduen diagnostikoak egitea, negozioen kudeaketan teknologia berriak ezartzeko inbertsioak egitea, eta ekipamendua hobetzeko eta herriguneetan dauden saltegiak egokitzeko jarduketak gauzatzea.

Deialdiak saltegien eskualdaketaren kasu espezifikoa ere aurreikusten du, 3.4 jarduketa ildoan aurreikusitakoaren arabera (“Belaunaldien arteko erreleboaren sustapena”), erreleboa aurkitzeko orduan zailtasunak dituzten saltegiei jarraipena errazteko helburuz.

Gainera, deialdi honek badu merkataritzan ekintzailetza sustatzeko berariazko laguntza lerro bat, aipatu planaren laugarren programan (“Ekimena eta ekintzailetza”) ezarritakoa beteaz, txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak ezartzen dituzten enpresak sortzeko eta Nafarroan txikizkako merkataritzaren sektorean enplegua sortzen laguntzeko eta ekintzailetza sustatzeko.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzek norgehiagokako araubidea betetzen dute, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du diru-laguntzak emateko hurrenkera.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta merkataritzan ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 600.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretako hurrengo partidaren kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

830001-83130-7701-431402: Merkataritzako enpresa txiki eta ertainetarako diru-laguntzak. Lehiakortasuna hobetzea eta sorkuntza (PICMP)

2018

600.000

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko apirilaren16an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta merkataritzan ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko, sektore horretako enpresa-ehuna indartze aldera. Gainera, sektorean enpresa berriak sortzea dute helburu.

Diru-laguntza honen onura publikoa Nafarroako txikizkako merkataritza hurbilaren azpiegiturak hobetzea da, saltegiak berrituz, sektoreko enpresa txiki eta ertainen kudeaketa sistemak hobetuz, enpresa integrazioa sustatuz, eta, kontsumitzailearentzat kalitateko zerbitzua bermatzeko, informazioaren eta komunikazioaren tresna teknologiko berriak sartuz.

Txikizkako merkataritza hurbilaren lehiakortasunaren hobekuntza sendotzen da, halaber, honakoak sustatuz: saltegi txikientzako kalitate araua ezartzea, kontsumoko arbitraje sistemari atxikitzea eta merkatariak eskualdeko edo sektoreko merkatari elkarteetan biltzea, horrek herriguneetan kokatzen den hurbileko merkataritzaren enpresa-ehuna sendotzen baitu.

Halaber, diru-laguntza honen onura publikoa da txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak ezartzen dituzten enpresak sortzea, Nafarroan txikizkako merkataritzaren sektorean enplegua sortzen laguntzeko eta ekintzailetza sustatzeko.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 600.000 eurokoa da, honela zehaztuta, jarduera diruz lagungarrien moten eta merkataritza-establezimenduen kokapenaren arabera:

PROIEKTU MOTAK

SALTOKIAREN KOKAPENA

GUZTIRA

Iruña

Gainerako toki entitateak

A) Modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (MEP)

B) Berariazko proiektuak (BP)

C) Garapen teknologikoko proiektuak (GTP)

200.000

300.000

500.000

D) Merkataritza ekintzailetzako proiektuak

40.000

60.000

100.000

Guztira

240.000

360.000

600.000

Onartutako eskaerak azterturik, eskaera bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulaturik eta aurreko taulako kredituen banaketaren arabera ondorioztatutako diru-laguntza esleitu ondoren aipatu taulan aurreikusten diren lau kasuetako batean gerakinik badago, kreditu horiek honela banatuko dira:

Lehenengo eta behin, A, B eta C motako Iruñerako proiektuetako gerakinak gainerako toki entitateetarako mota bereko proiektuei erantzuteko erabiliko dira, eta alderantziz.

Era berean, D motako Iruñerako proiektuetako gerakinak gainerako toki entitateetarako mota bereko proiektuei erantzuteko erabiliko dira, eta alderantziz.

Bigarrenik, A, B eta C motako espedienteei dagozkien diru-laguntza guztiak esleitu ondoren gerakin erabilgarririk badago, D motako espedienteei erantzuteko erabiliko dira, eta alderantziz.

3. oinarria. Inbertsio diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

1. Diruz lagungarriak izanen dira 2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 16ra arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren inbertsioak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna izanen da gastua egin den eguna.

2. Inbertsio diruz lagungarrien ordainagiriek 2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 16ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

4. oinarria. Enpresa onuradunak, betebeharrak eta haien izaeraren frogabidea.

Txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar hauek ere betetzen badituzte:

1. Baldintza komunak.

Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:

–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.

–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).

Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko saltegi espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak, eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar izateagatik, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.

Enpresa onuraduna dela frogatzeko, 8. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2. Berariazko baldintzak, proiektu motaren arabera.

ETE (enpresa txiki eta ertain) eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte, diru-laguntzaren xede den proiektu motaren arabera:

2.1. Modernizazio eta eraberritze proiektuak (MEP) eta garapen teknologikoko proiektuak (GTP).

Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunaren aurreko bi urteetan edo gehiago aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan (ondorio horietarako, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emandako data hartuko da kontuan).

Epe horretan enpresak bere izena edo forma juridikoa aldatu badu, betebehar hori betetzen duela ondorioztatuko da. Era berean, aldatu dena enpresaren osaera baldin bada, berriz, baldintza hori betetzen dela ondorioztatuko da baldin eta enpresaren hasierako kideek segitzen badute kapital sozialaren edo jabetzaren erdiaren edo gehiagoren jabe izaten, eta argi eta garbi gelditzen bada txikizkako merkataritza jarduera berari eusten zaiola.

ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2.2. Berariazko proiektuak (BP).

Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunaren aurreko urtean edo gehiago aritu izana jarraian eta zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan (ondorio horietarako, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emandako data hartuko da kontuan).

Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, aurrekoan aipatutako 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Txikizkako merkataritza jarduera batean aritu izanaren betebeharra ez da aplikatuko 5.1.2 oinarri arautzailearen b) eta c) letretan zehaztutako berariazko proiektuetan.

2.3. Merkataritza ekintzailetzako proiektuak.

Mikroenpresek edo enpresa txikiek honelako proiektuetarako ezarritako diru-laguntzak eskuratzen ahalko dituzte; horretarako, kontuan hartuko da lehen aipatutako 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoa, eta, gainera, baldintza berariazko hauek bete behar dituzte:

a) Enpresa berri bat eratzea, Nafarroan kokatua eta helbide fiskala ere bertan duena, txikizkako merkataritzako enpresa jarduera berri bati ekiteko.

b) Laguntzatik kanpo daude lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

c) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urtean Nafarroan txikizkako merkataritza jardueraren batean ibili ez izatea bere kontura. Eskatzailea pertsona juridikoa edo sozietatea bada, baldintza hori bazkide guztiek bete beharko dute.

Enpresa eskatzaileek berariazko baimena emanen diote deialdia kudeatzen duen organoari diru-laguntzaren eskabidean, baldintza hori egiaztatzeko.

d) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, Nafarroako udalerriren batean, aurreko atalean jasotzen diren jarduera ekonomikoekin zuzeneko lotura duen txikizkako merkataritzari buruzko epigraferen batean.

e) Zerga horretan alta emateko egunak 2017ko azaroaren 18tik 2018ko azaroaren 16ra bitartekoak dira, biak barne.

f) Negozio berriak aldeko bideragarritasun plana edo enpresa plana izan beharko du. Agiri horrek identifikatu, deskribatu eta aztertzen du negozio aukera bat eta aukera ematen dio ekintzaileari bere proiektuaren errentagarritasun ekonomikoa ebaluatzeko eta horren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzakoa aztertzeko, negozio aukera hori enpresa-proiektu zehatz bat bihurtzeko behar diren prozedurak eta estrategiak garatuz.

5. oinarria. Proiektu motak, diruz lagungarriak diren inbertsioak eta gutxieneko inbertsioa.

Honako proiektu mota hauetan egiten diren inbertsioak izanen dira diru-laguntzen xede:

1.–Proiektu diruz lagungarriak.

Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:

1.1. Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP).

a) Lehendik dagoen saltegi bat modernizatu, eraberritu edo berritzeko proiektuak. Horrelako proiektuetan, diru-laguntzarako eskaera aurkezten den unean, merkataritzako establezimenduak bi urtetik gorako antzinatasuna izan beharko du txikizkako merkataritza jarduera batean.

b) Lehendik zegoen saltegi bat tokiz aldatzeagatik, lokala modernizatu, eraberritu edo egokitzeko egiten diren proiektuak, betiere merkataritza jarduera berak jarraituko duela bermatuta.

c) Saltegi berri bat kokatzeko asmoz, lokala modernizatu, eraberritu edo egokitzeko egiten diren proiektuak, betiere horren ondorioz txikizkako merkataritza enpresak dituen saltegien kopurua handitzen bada.

1.2. Berariazko proiektuak (BP).

Proiektu diruz lagungarriak hauek dira:

a) Enpresa Integrazioko Proiektuetan (EIP) parte hartzea. Elkarte gisa eratzeko edo enpresa-egituran integratzeko behar diren inbertsioak diruz lagungarriak dira, baita egitura horien irudi komun edo korporatiboari egokitzeko inbertsioek ere, honako hauek egiten dituztenak: erosketa-zentraletako enpresek edo enpresa integraziorako bestelako formuletan sartzen diren enpresek.

b) Toki entitateek edo beste administrazio publiko batzuek Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra SL (CEIN) enpresa publikoarekin batera sustatutako proiektuak azkartzeko programa. Diruz lagungarriak dira proiektu mota honetan parte hartu duten txikizkako merkataritzako ETEek egindako inbertsioak, negozio-ideia berritzaileak eta txikizkako merkataritza berezikoak garatzeko.

c) Saltegien eskualdaketa eta belaunaldien arteko erreleboa. Diruz lagungarriak dira txikizkako merkataritzako negozio bat erostearen ondorioz txikizkako merkataritzako ETEek egindako inbertsioak, lehendik dagoen jarduera ekonomiko baten jarraipena ziurtatzeko, baldin eta negozioa 2018ko urtarrilaren 1ean funtzionamenduan badago.

1.3. Garapen teknologikoko proiektuak (GTP). Diruz lagungarriak dira ETEen garapen digitalerako behar diren inbertsioak, negozioaren kudeaketa hobetzeko eta kontsumitzaileen erosteko ohituretara egokitzeko aukera ematen duten ekipamendua eta tresna teknologikoak sartzearen bidez.

1.4. Merkataritza ekintzailetzako proiektuak. Diruz lagungarriak dira txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak ezartzen dituzten enpresa berriek egindako inbertsioak.

2.–Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak.

2.1. Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP) eta Merkataritza ekintzailetzako proiektuak.

Honako jarduketa hauek dira diruz laguntzen ahal diren inbertsioak:

2.1.1) Merkataritzako establezimenduak zaharberritzeko eta egokitzeko obrak eta haien irudia berritzekoak. Honako jarduketa hauek onartuko dira: merkataritzako lokaletan egindako erreformak, kanpoko eta barneko errotulazioak, erakusleihoetan egindako erreformak, irisgarritasun arloko hobekuntzak, arkitektura oztopoak kentzea, aire girotuko, lapurreten aurkako edo segurtasun sistemak instalatzea, energia-hobekuntzarako eta argiteriako instalazioak efizientzia energetiko handiko teknologiak erabiltzen dituzten beste batzuekin ordezteko jarduketak, eta antzeko beste jarduketa batzuk.

2.1.2) Saltegietako merkataritzako ekipamendua.

Aktibo finko berriak erostea onartuko da, hala nola:

–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.

–Ekipamendu berariazkoa eta inbertsioak merkataritza jarduerarako beharrezkoak diren beste aktibo finko batzuetan.

2.1.3) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketei zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak; zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira soilik.

2.1.4) Negozio ereduen diagnostikoak. Diruz lagungarria da diagnostiko integralak egitea merkataritzako enpresako eremu guztietan (merkataritzako establezimenduaren baldintzak –bere ekipamenduarenak eta kokapenarenak barne–, garapen teknologikoaren analisia, digitalizazio maila, bezeroen kudeaketa, hornitzaileen eta stock-en kudeaketa, saltzeko bideak, bezeroari arreta ematea, berrikuntza, langileen prestakuntza, enpresa integrazioa, etab.), betiere diagnostikoek banakako jarduketa plan bat egitea ere ekartzen badute berekin, negozioaren kudeaketa hobetze eta optimizatze aldera.

Diagnostikoa aholkularitza-enpresek, profesionalek edo espezializaturiko entitateek egin behar dute, eta kontzeptu hau diruz lagungarria izanen da, soilik, deialdi honetan ezarritako epean gauzatzen badira diagnostikoaren ondoriozko banakako jarduketa planean aurreikusitako inbertsioak ere. Gastu diruz lagungarria gehienez ere 2.000 eurokoa izanen da kontzeptu honengatik.

Kontzeptu hau parekagarria da merkataritza ekintzailetzako proiektuen eskatzaileek bideragarritasun plana edo enpresa plana egitearekin, eta diruz lagungarria izanen da aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Halaber, kontzeptu hau diruz lagungarria da berariazko proiektuen (BP) eta garapen teknologikoko proiektuen (GTP) eskaeretan, lehenago zehaztutako baldintza beretan. Halere, diagnostikoaren kostua ez da zenbatuko proiektu mota bakoitzerako nahitaezkoa den diru-laguntzaren gutxieneko zenbatekoa zehazteko.

2.2. Berariazko proiektuak (BP): Diruz lagungarriak dira lehen deskribatutako jarduketak, eta, horiez gain, frankizietan, erosketa-zentraletan eta enpresa integraziorako beste formula batzuetan sartzeko kanonak ere.

Bigarren eskuko aktibo finkoetan eta ondasun erabilietan egindako inbertsioak saltegiak eskualdatzeko proiektuetan soilik izanen dira diruz lagungarriak.

2.3. Garapen teknologikoko proiektuak (GTP).

Diruz lagungarria da kudeaketa edo merkaturatze sistemetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) sartzearen bidez oinarritutako hobekuntzak egitea, jarduketa hauen bitartez gauzatzen badira:

2.3.1) Merkataritza elektronikoa ezartzea. Diruz lagungarria da funtzionaltasun hori duten web-orriak sortzea, edo lehendik sortutako web-orriak egokitzea on line salmentak sartzeko.

Merkataritza elektronikoa ezartzea:

Sistema estandarretan garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko du.

Enpresa eskatzailearen izenean egonen da merkataritza elektronikoa bere baitan hartzen duen domeinua.

B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

2.3.2) ETEa kudeatzeko esparruei loturiko kudeaketa sistemak, haren lehiakortasuna hobetzeari begira.

2.3.3) Ekipamendu digitala: salmenta-puntuko terminalak (SPT) eta salmenta prozesua kudeatzeko beharrezkoak diren informatikako beste ekipamendu batzuk, prezioak modu elektronikoan etiketatzeko sistemak, barra-kodeen irakurgailuak eta balantza digitalak.

2.3.4) Enpresaren heldutasun digitalari buruzko diagnostikoak: diruz lagungarria da diagnostikoak egitea ekipamendu teknologikoaren mailari buruz, negozioa kudeatzeko informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritutako kudeaketa sistemen erabilera mailari buruz, eta enpresako langileek aipatu teknologietan duten prestakuntza eta ezagutza mailari buruz, betiere diagnostikoek banakako jarduketa plan bat egitea ere ekartzen badute berekin, negozioaren kudeaketa hobetze eta optimizatze aldera.

Diagnostikoa aholkularitza-enpresek, profesionalek edo espezializaturiko entitateek egin behar dute, eta kontzeptu hau diruz lagungarria izanen da, soilik, deialdi honetan ezarritako epean gauzatzen badira 5.2.3 oinarri arautzailearen aurreko ataletako batean jasotako jarduketak ere. Gastu diruz lagungarria gehienez ere 2.000 eurokoa izanen da kontzeptu honengatik. Halere, diagnostikoaren kostua ez da zenbatuko proiektu mota bakoitzerako nahitaezkoa den diru-laguntzaren gutxieneko zenbatekoa zehazteko.

3.–Diruz lagungarria den gutxieneko inbertsioa.

3.1. Diruz lagungarria den proiektu motaren eta enpresaren tamainaren arabera, gutxieneko inbertsio diruz lagungarri hau eskatuko da saltegi bakoitzeko (BEZa kenduta):

a) Merkataritza-establezimenduak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP).

ENPRESAREN TAMAINA

GUTXIENEKO INBERTSIO DIRUZ LAGUNGARRIA MERKATARITZA-ESTABLEZIMENDU
BAKOITZEKO (BEZa KENDUTA)

Mikroenpresa

12.000 euro

Enpresa txikia

32.000 euro

Enpresa ertaina

120.000 euro

b) Berariazko proiektuak (BP) eta merkataritza ekintzailetzako proiektuak.

ENPRESAREN TAMAINA

GUTXIENEKO INBERTSIO DIRUZ LAGUNGARRIA MERKATARITZA-ESTABLEZIMENDU
BAKOITZEKO (BEZa KENDUTA)

Mikroenpresa

6.000 euro

Enpresa txikia

20.000 euro

3.2. Garapen teknologikoko proiektuak (GTP):

Proiektu bakoitzeko behar den gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 2.000 eurokoa da (BEZa barne).

“Ekipamendu digitala” deituriko kontzeptu diruz lagungarria, oinarri arautzaile honen 2.3.3) atalean ezarritakoa, enpresa eskatzaileak erabil dezake proiektu mota honetarako (GTP) eskatutako inbertsioaren gutxieneko zenbatekoa lortzeko edo modernizatu eta eraberritzeko proiektuetan (MEP), berariazko proiektuetan (BP) eta merkataritza ekintzailetzako proiektuetan nahitaezkoa den gutxieneko inbertsioa erdiesteko.

6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gehieneko diru-laguntzak.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoari (BEZa kanpo) oinarrizko diru-laguntzaren portzentaje batzuk aplikatuz kalkulatzen dena, honako honen arabera:

a) Merkataritza-establezimenduak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP) eta berariazko proiektuak (BP).

Proiektu bakoitzak lortutako puntuen arabera aplikatu beharreko diru-laguntzaren portzentajea oinarri arautzaile hauetako 1. eranskineko taulan xedatutakoa da. Puntuak baremoaren eta 9. oinarri arautzailean ezartzen diren balorazio irizpideen arabera emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

b) Merkataritza ekintzailetzako proiektuak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoari (BEZa kanpo) %35eko portzentajea aplikatuz zehazten dena.

Garapen teknologikoko proiektuak (GTP).

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, diruz laguntzen ahal den inbertsioaren zenbatekoari (BEZa kanpo) %60ko portzentajea aplikatuz zehazten dena.

2. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak.

Saltegi bakoitzeko, hauxe izanen da diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa:

a) Merkataritza-establezimenduak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP) eta berariazko proiektuak (BP).

Gehieneko diru-laguntza oinarri arautzaile hauetako 1. eranskineko taulan xedatutakoa da.

b) Merkataritza ekintzailetzako proiektuak.

Gehieneko diru-laguntza 6.000 eurokoa da saltegi bakoitzeko.

c) Garapen teknologikoko proiektuak (GTP).

Gehieneko diru-laguntza 6.000 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko.

7. oinarria. Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

1. Diruz lagungarriak diren inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan kokatuta eta herriguneetan integratuta dauden txikizkako saltegietan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian egotea, betiere lurzati horrek edo ondokoek, hau da, itsatsitakoek, nagusiki etxebizitzetarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta daudenak, baita mugaz haraindiko eremuetan daudenak ere.

b) Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa salbuesten da merkataritza ekintzailetzako proiektuak edo jarduera ekonomiko desberdinak aldi berean egiten dituzten negozioak sortzeko proiektuak badira, nahiz eta txikizkako merkataritza jarduera ez izan jarduera nagusia. Kasu horretan, inbertsio diruz lagungarriak zehaztearen ondorioetarako, hurrengo c) atalean xedatutakoa aplikatuko da.

Salbuespen hori aplikatzeko, proiektuak honako baldintzak ere bete beharko ditu:

–500 bizilagun baino gutxiagoko udalerri batean egotea. Horretarako, kontuan hartzen dena ez da kontzejuen populazio datuak, udalerrienak baizik.

–Proiektu berria kokatzen den udalerrian ez dira 3 saltegi baino gehiago egon behar funtzionamenduan eskaera aurkezten den egunean. Ondorio horietarako, merkataritzako establezimenduak dira deialdi honetan diruz lagungarritzat jotzen diren jarduera ekonomikoetako bat egiten duten negozioak.

–Enpresa proiektu berriaren merkataritza jarduerak udalerriko gainerako saltegiena ez bezalakoa izan behar du, merkataritzak udalerrian duen eskaintzaren aniztasuna zabaltze aldera.

c) Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz lagungarria den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.

d) Bereziki, elikagaiak eta edariak dastatzeko gune bat daukaten saltegiei ere laguntza ematen ahal zaie, betiere, gune hori ez bada saltegiko azaleraren %40 baino handiagoa. Dastaketa jarduera hori, edo dena delakoa, bigarren mailako jarduera bat izanen da, txikizkako merkataritzarekin alderatuta, eta hori frogatzeko jarduera ekonomiko bakoitzaren negozio zifraren bolumena edo salmentak hartuko dira kontuan.

e) Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, diru-laguntzaren xedeko saltegian bertan egon beharko dute eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.

f) Diruz lagundutako aktibo finkoak lehendabiziko aldiz erabili behar dira eta ezin zaizkie laga hirugarren pertsona fisikoei edo juridikoei. Halaber, ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.

g) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak jarduketa diruz lagungarrien epean abian jartzea, 3. oinarri arautzailean aurreikusitako salbuespenarekin.

2. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta enpresa eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.

b) Bigarren eskuko aktibo finko ukigarriak eta ondasun erabiliak. Halere, kontzeptu hau diruz lagungarria izanen da, soilik, 5.1.2.c) oinarri arautzailean aurreikusitako saltegi eskualdaketaren kasuan.

c) Negozio eskualdaketarako ordaindutako gastuak, aurreko atalean aurreikusitako kasua izan ezik.

d) Saltegia eta lurrak erosteko inbertsioak.

e) Garraio elementuak.

f) Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

g) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketak ezartzea.

h) Saltegien eta material suntsigarrien alokairu gastuak.

i) Leasing bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.

l) Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak.

m) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.

8. oinarria. Eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Turismo+ocio+y+cultura/Turismo/sector/) (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez; fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da eta ezin izanen da zuzendu, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.

–Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorrita scomerci@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.

c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko dira. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 16.8 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak.

d) 9. oinarri arautzaileko baremoan ezarritako balorazio irizpideen aplikazioa frogatzeko agiriak, baldin deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz aplikatzen ez baditu, nahitaez aurkeztu beharko dira diru-laguntza eskaerarekin batera, eta aipatu dokumentazioa ez da baloratuko eskaerak aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada, 8.2.3 oinarri arautzailean ezarritakoarekin bat.

e) Eskaera bakarra aurkeztuko da saltegi bakoitzeko eta enpresa batek eskaera bat baino gehiago aurkez ditzake.

2.–Eskatzen den dokumentazioa.

Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorrena, eskaneatuta aurkeztu behar da, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan. Hauxe da:

2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Nortasuna frogatzen duen agiria.

–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako dokumentazioa.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urte fiskaletan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako diru-laguntzen berri ematen duena.

–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptu berentzat eskatu eta hartutako beste diru-laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena enpresa txiki edo ertaina izateko baldintza betetzen duela, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

–Diru-laguntza eskaeraren xedeko saltegia jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafe guztietan altan egoteko agiriaren kopia.

Merkataritza ekintzailetzako proiektuen kasuan soilik, diru-laguntzarako eskaera aurkezteko unean ez badu dokumentu hori, enpresa planak ematen duen informazioa hartuko da kontuan, jarduera ekonomikoa dagokion CNAE-2009 delakoan sailkatu ahal izateko. Kasu horretan, enpresa eskatzailea deialdian aurreikusitako diru-laguntzen onuradun bihurtzen bada, 2018ko azaroaren 16a baino lehen aurkeztu beharko da jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta hartu izanaren aitorpenaren kopia, diru-laguntza jaso ahal izateko. Aitorpen hori da azkenik kontuan hartuko dena 4.2.3 oinarri arautzailean aurreikusitako ondorioetarako.

–Udaleko edo toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena enpresa eskatzaileak Nafarroan txikizkako merkataritza jarduera bat zuzenean egin izan duela gutxienez 2 urtez etengabe, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean kontatuta. Adieraziko da, orobat, jardueraren hasiera-eguna eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (lizentzia fiskala) zein epigrafetan izan den alta emana epe horretan.

Enpresa eskatzaileak ez daude beharturik dokumentazio hori aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori. Ulertuko da enpresa eskatzaileak kontsulta hori baimentzen duela, salbu berariaz kontra agertzen bada eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

2.2. Inbertsio proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Diru-laguntzaren xedeko proiektua azaltzen duen memoria teknikoa eta ekonomikoa, gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:

–Enpresaren aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektu gauzatzearekin lortu nahi diren helburuak.

–2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 18ra bitarte egindako edo epe horretarako aurreikusitako jarduketen azalpena.

–Proiektua gauzatzeko faseak, gauzatze egoera diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean eta gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen zenbateko zehaztuak edo horien finantzaketari buruzko informazioa.

–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltegia irekitzekoa.

–Saltegian egindako jarduera ekonomiko guztien azalpen zehaztua, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (lizentzia fiskala) zein epigrafetan dagoen alta emana, horiekin guztiekin bat.

b) Merkataritza ekintzailetzako proiektuen kasuan, aurreko atalean aipatutako memoriaren ordez, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

Bideragarritasun edo enpresa planaren kopia, onetsia, osoa eta bukatua.

Plan horrek aurreko atalean aurreikusitako memoria egiteko behar den informazioa jasoko du, eta, gainera, honako alderdi hauen berri emanen du:

–Ekintzailearen lanbide kualifikazioa eta egokitasunaren analisia.

–Merkatuaren eta lehiaren analisia, marketin plana eta ekonomia eta finantza-plana.

–Enpresaren antolaketa eta komertzializatu beharreko negozioaren eta produktuen definizioa.

–Proiektua gauzatzeko faseak, gauzatze egoera diru-laguntzaren eskabidea aurkezten denean eta gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

Behar bezala kualifikatutako entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek prestatu beharko du plana, eta diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak ezin izanen du egin, ezta prestatu ere. Plana nahitaez diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

c) Saltegian, aldi berean, txikizkako merkataritzakoa ez den jardueraren bat betetzen bada, frogatu beharko da saltegian betetzen den jarduera nagusia txikizkako merkataritzakoa dela, eta, horretarako, jarduera ekonomiko desberdinen negozio edo salmenten zifra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo horren frogagiria den beste edozein dokumentazio.

d) 2017ko azaroaren 16tik 2018ko azaroaren 16ra arte egindako edo epe horretarako aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza; honako agiri hauek ere aurkeztuz justifikatuko da:

–2017ko azaroaren 16tik diru-laguntzaren eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako inbertsioetarako: Egindako inbertsioen fakturen kopia.

–Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2018ko azaroaren 16ra arte egin gogo diren inbertsioetarako: Aurrekontuak, proformako fakturak edo gastu horiek zenbatesteko bide ematen duen bestelako dokumentazioa; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

Inbertsio diruz lagungarriaren bolumena zehazteko, honako hau hartuko da kontuan: diru-laguntzaren eskaerarako berariazko inprimakiko informazioa, atal honetan aipatutako zerrenda eta diru-laguntzaren xedeko proiektuaren memoria ekonomikoa. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.

e) Hala badagokio, negozio ereduaren diagnostikoaren kopia edo enpresaren heldutasun digitalari buruzko diagnostikoarena, banakako jarduketa planarekin batera, hobekuntza txostena eta baloratutako gomendioak barne.

f) Berariazko proiektuen kasuan (BP), dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

–”Enpresa integrazioko proiektuetan (EIP) parte hartzeko” proiektuak: Enpresa egituraren parte dela frogatzen duen dokumentazioa edo hartan integratzea eskatu izanarena.

–Toki entitateek edo beste Administrazio Publiko batzuek CEINen laguntzaz sustatutako proiektuak azkartzeko programa: Enpresa programa horretan hautatu dutela frogatzen duen dokumentazioa, bide ematen duena egiaztatzeko negozio ideiaren azalpena eta haren ezaugarriak, negozio hori berritzailetzat eta berezitzat hartzeko modukoa bilakatzen dutenak.

–Saltegien eskualdaketa: Negozioa eskuratzen duena ez bada txikizkako merkataritzan aritu gutxienez urtebetez diru-laguntzaren eskaera aurkezten den eguna baino lehenago, dokumentazioa aurkeztu beharko du, eskuratutako negozioa kudeatu eta zuzentzeko egokitasuna, gaitasuna eta kualifikazio profesionala aztertu direla frogatzen duena. Azterlan edo analisi hori behar bezalako kualifikazioa duen entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek egina beharko du, eta ezin du egin enpresa eskatzaileak berak. Kontzeptu honek balio bera izanen du diruz lagungarritzat hartua izateari begira, negozio ereduaren diagnostikoak edo bideragarritasun edo enpresa plana egiteko ezarritako betebehar berberekin, merkataritza ekintzailetzako proiektuen kasuan.

g) Obra bat gauzatzen den kasuetan (zaharberritzeko edo egokitzeko obrak edo irudia berritzekoak), gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, edo, laguntza teknikoko enpresek ekipamendu-ondasunen hornidura aholkularitzako edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan (aktibo finkoak eskuratzea, zerbitzu tekniko profesionalak kontratatzea, diagnostikoak egitea), 12.000 eurotik gorakoa, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Adierazpen hori diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartua dago.

Dokumentazio hori diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da, salbu gastua egin bada diru-laguntza eskaera aurkeztu aurretik, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago halakorik ematen duen entitate kopuru nahikorik.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

2.3. Balorazio irizpideak frogatzeko behar diren agiriak.

Bederatzigarren oinarri arautzailean ezarritako balorazio irizpideak, a), b), c), i), j), l), m) eta n) irizpideen kasuan, organo kudeatzaileak aplikatuko ditu ofizioz, eta kasu bakoitzari dagokion puntuazioa emanen du.

Gainerako irizpideak aplikatzeko (haietan aurreikusten den puntuazioa lortze aldera), beharrezkoa izanen da enpresa eskatzaileak hurrengo oinarri arautzailean eskatzen diren frogatzeko agiriak eskaerarekin batera aurkeztea. Dokumentazio hori eskaerak aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada, ez da inondik inora baloratuko.

9. oinarria. Diru-laguntzaren balorazio irizpideak eta hura emateko parametroak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta esleituko dira diru-laguntzak, jarraian ezartzen den baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari jarraituta (puntuazio altuenetik txikienera) eta aurrekontuko dirua bukatu arte.

a) Saltegia dagoen toki entitatearen populazioa: biztanleen kopurua Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren otsailaren 7ko 23/2018 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz zehaztuko da (agindu horrek Nafarroako kontzejuetako 2017ko urtarrilaren 1eko populazio kopuruak ofizial deklaratu zituen) eta, hori oinarri harturik, honako puntuazio hau emanen da:

a) 1.500 biztanle arteko toki entitateak

30

b) 1.501-2.500 biztanle arteko toki entitateak

25

c) 2.501-5.000 biztanle arteko toki entitateak

20

d) 5.001-10.000 biztanle arteko toki entitateak

15

e) 10.001-100.000 biztanle arteko toki entitateak

10

f) 100.000 biztanle baino gehiagoko toki entitateak

0

b) Enpresaren tamaina: diru-laguntza eskatzeko inprimakiarekin batean doan erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da, eta puntuazio ha emanen da:

a) Mikroenpresa

30

b) Enpresa txikia

20

c) Enpresa ertaina

10

c) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako merkataritzako enpresen lehiakortasuna hobetzeko tramitatutako diru-laguntzen deialdietan (2015., 2016. eta 2017. urteetan) enpresa eskatzaileari emandako diru-laguntzen arabera, honako puntuazioa emanen da:

a) Epe horretan diru-laguntzarik jaso ez bada

10

b) Guztira, 15.000 eurotik beherako diru-laguntzak jaso badira

5

c) Guztira, 15.000 euroko edo gehiagoko diru-laguntzak jaso badira

0

Baremoaren aplikazioaren ondorioetarako, enpresa batek, aipatu diru-laguntza deialdietan epe horretan diru-laguntzaren bat lortu ondoren, deialdietan ezarritako epean jakinarazten badio uko egiten diola, kasu horretan emandako diru-laguntza ez da kontuan hartuko; aldiz, epez kanpo jakinarazten bada ukoa, emandako diru-laguntzatzat joko da ondorio guztietarako.

d) Merkatarien elkarte bateko partaide izateagatik (elkarteak Garapen Ekonomikorako Departamentuko Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo antzeko beste erregistro ofizial batean inskribatua egon beharko du): 5 puntu.

Elkartearen lehendakariaren edo idazkariaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, frogatzen duena diru-laguntza eskatzen duen enpresa elkarte horretako bazkidea dela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik; adieraziko da, orobat, bazkide gisa duen antzinatasuna eta kuoten ordainketan egunean dagoela.

e) UNE 175001 kalitate araua (“Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitatea”) ezartzeagatik: 3 puntu.

Egiaztatzeko Entitate Nazionalak egiaztatutako enpresa baten ziurtagiria aurkeztuko da, abalatzen duena diru-laguntza eskatzen duen enpresak arau horri dagokion egiaztagiria lortu duela deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen, eta indarrean segitzen duela.

f) Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita egotea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik: 2 puntu.

Kontsumo arloan eskumena duen organoaren ebazpena, frogatzen duena enpresa sistema horri atxikita dagoela.

g) Eskaera aurkezteko egunean enpresariak oraindik ere 35 urte ez baditu: 5 puntu. Irizpide hau merkataritza ekintzailetzako proiektuei eta saltegien eskualdaketaren proiektu espezifikoari soilik aplikatzen zaie.

NANaren kopia aurkeztuko da datu hori frogatzeko.

h) 35 urtetik beherako pertsonen kontratazio mugagabea eskaera aurkezten den egunean. Irizpide honen balorazioa 6 puntukoa izanen da gehienez ere: 3 puntu lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko eta puntu bat lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko.

2017ko azaroaren 16tik eskaera aurkezten den egunera arte formalizatutako kontratu guztien kopia aurkeztuko da.

i) Saltegien eskualdaketaren proiektu espezifikoa izatea: 5 puntu.

j) Garapen Teknologikoko Proiektua (GTP) izatea: 5 puntos.

k) Prestakuntza espezializatua. Baloratuko da bai titularrak bai langileek txikizkako merkataritzaren sektorearekin zuzenean loturiko araututako titulazioren bat, profesionaltasun ziurtagiriren bat edo gaitasun unitateren baten ziurtagiria izatea, betiere Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko “Merkataritza eta Marketing” deituriko lanbide arloan badago. Gainera, aipatutako lanbide arlokoa ez den profesionaltasun ziurtagiriren bat edo gaitasun unitateren batena izatea ere baloratuko da, betiere ziurtagiri horiek txikizkako merkataritza jarduerarekin zuzenean loturiko okupazioei eta lanpostuei eragiten badiete.

Irizpide honen balorazioa 6 puntukoa izanen da gehienez ere: profesionaltasun ziurtagirien kasuan, 2 puntu langile bakoitzeko, eta frogatutako gaitasun unitateen kasuan, puntu bat langile bakoitzeko.

Titulu ofizialen, frogagirien eta ziurtagirien kopia aurkeztuko da.

l) Iruñeko Merkataritzako Plan Estrategikoaren (2017-2021) ondoriozko jarduketak, Iruñeko auzoen dentsitate komertzialaren arabera. Puntu hauek emanen dira saltegiaren kokapenaren arabera, epe horretan auzo bakoitzean saltegi kopuruak izandako bilakaeraren alderantzizko proportzioan:

Alde Zaharra

1

Zabalguneak

1

Iturrama

2

Donibane

2

Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea

2

Etxabakoitz

3

Arrotxapea

3

Sanduzelai

3

Azpilagaña

3

Arrosadia

4

Txantrea-Orvina

4

Mendillorri

4

m) Iruñeko Merkataritzako Plan Estrategikoaren (2017-2021) ondoriozko jarduketak, 2011-2016 epean Iruñeko auzoetako saltoki kopuruaren bilakaeraren arabera. Puntu hauek emanen dira saltegiaren kokapenaren arabera, epe horretan auzo bakoitzean saltegi kopuruak izandako bilakaeraren alderantzizko proportzioan:

Azpilagaña

1

Zabalguneak

2

Iturrama

2

Etxabakoitz

2

Sanduzelai

2

Alde Zaharra

3

Donibane

3

Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea

4

Arrotxapea

4

Arrosadia

4

Txantrea-Orvina

4

Mendillorri

4

n) Iruñeko Merkataritzako Plan Estrategikoaren (2017-2021) ondoriozko jarduketak, hirigintzako garapen berritzat jotzen diren auzoetan eginak. Puntu hauek emanen dira saltegiaren kokapenaren arabera:

Buztintxuri

8

Lezkairu

8

Erripagaña

8

ñ) Genero berdintasunaren eta berdintasun planen arloko prestakuntza berariazkoa. Enpresak berdintasun planak ezarri dituela edo berdintasunaren arloan prestakuntza berariazkoa egin duela frogatzen badu: 3 puntu.

Plan horiek ezarri direla edo prestakuntza berariazkoa egin dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da.

Berdinketarik badago, lehenbizi, titularrak azkeneko 3 urteetan jaso dituen merkataritzako diru-laguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten titularrek izanen dute lehentasuna. Oraindik ere berdinketa izanez gero, kontuan hartuko da inbertsioaren proiektuaren tamaina, eta zenbateko handieneko proiektuek izanen dute lehentasuna.

10. oinarria. Izapidetzea eta deialdiaren ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, enpresa interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

2. Behin egiaztatuta eskaera osorik eta zuzen dagoela eta 5. oinarrian ezarritako proiektu diruz lagungarri bati dagokiola, espedientea 9. oinarrian ezarritakoari jarraituz barematuko da. Lehentasun ordena lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da, altuenetik txikienera, eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Eskaerak barematurik, haiei dagozkien diru-laguntzak 2. oinarri arautzailean aurreikusitako kredituei jarraikiz esleituko dira.

Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz, funtsak eskaera bati dagokion diru-laguntza adinakoak ez direnean, organo kudeatzaileak ondoriozko diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntzaren proposamena onartzeko edo ukatzeko, hala badagokio:

–Enpresak ez badu jakinarazten epe horretan hura onartu edo ukatzen duen, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.

–Enpresak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.

Ez da inoiz 1.000 eurotik beherako diru-laguntzarik emanen.

Diru-laguntzak lehen adierazitakoari jarraituz banatzearen ondorioz deialdiaren aurrekontuko baliabideak agortzen direnean, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.

3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua deialdiaren organo kudeatzailea da, eta behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

4. Diru-laguntzak emateko ebazpenaren gaineko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Diru-laguntzak emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.

5. Diru-laguntza emateko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

11. oinarria. Enpresa onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen enpresa onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da enpresa onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Inbertsioak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.

Inbertsioen frogagiriak 2018ko azaroaren 16tik aurrera aurkeztuz gero, emandako diru-laguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da. Era berean, egindako inbertsioengatik aurkezten diren frogagiriek erakusten badute diruz lagunduriko aurrekontuaren %70 baino gehiago gauzatu gabe dagoela, horretarako bidezko arrazoi justifikaturik izan gabe, diru-laguntza emateko xedea ez dela bete ulertzen ahalko da, eta, kasu horretan, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak abian jartzea edo, kasua bada, saltegia 2019ko uztailaren 1a baino lehen irekitzea jendearentzat eta, hala egin ezean, jasotako zenbateko guztiak itzultzea eskatuko da, dagokion berandutze-interesarekin batera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari diruz laguntzen diren jarduketak ez direla egin behar deialdian ezarritako epearen barrenean eta, beraz, uko egiten zaiola diru-laguntzari. Betiere, enpresa onuradunak horren berri jakin bezain laster jakinarazi beharko du, epe horren zain egon gabe.

5. Diruz lagunduriko inbertsio proiektuan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.

6. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso duen enpresa onuradunak aurten eta aurreko bi zergaldietan, eta, kasua bada, zer beste diru-laguntza lortu duen diru-laguntzaren xedeko kontzeptu berengatik.

Aurreko 4., 5. eta 6. ataletako jakinarazpenak posta elektronikoaren bidez eginen dira, scomerci@navarra.es helbidera idatziz.

7. Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 3 urtez eta etenik gabe edukitzea enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Inbertsioak abian jartzen direnetik hasiko da epe hori kontatzen.

Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, diru-laguntza jasotzen duen enpresak diru-laguntzaren xedeko saltegiko merkataritza jarduera utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko baldin eta bermatzen baldin bada saltegi horretan txikizkako beste merkataritza jarduera batek jarraituko duela (deialdian diruz laguntzeko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu atal honetan ezarritakoaren arabera dagokion epea bukatu arte.

Garapen teknologikoko proiektuen ondorioz diru-laguntzak jaso badira, diru-laguntza jasotzen duten merkataritza elektronikoaren plataformak eta IKT soluzioak jardunean mantendu behar dira gutxienez ere 3 urtez, ordaintzea ebazten denetik aurrera.

8. Publizitatean behar bezala adieraztea diru-laguntza honen xede diren jardueren finantzabidea publikoa dela, eta zehazki:

a) Modernizatu eta eraberritzeko proiektuen (MEP), berariazko proiektuen (BP) eta merkataritza ekintzailetzako proiektuen ondoriozko inbertsioen kasuan, saltegian kartel bat ezarriko da aise ikusteko moduko toki batean 3 urtez, egindako jarduketen justifikazioa aurkezten denetik aurrera; laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa izanen da kartel hori.

b) Garapen teknologikoko proiektuen ondoriozko inbertsioen kasuan, laguntza eman dela zabaldu behar da enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du, txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta merkataritzan ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdiaren ondorioz”.

9. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, laguntzari buruzko fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ondorio horietarako, oinarri arautzaile honen 7. atalari dagokionez, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.

12. oinarria. Egindako inbertsioak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikatzeko epea eta modua.

a) Edozein unetan aurkeztuko da egindako ekintzen justifikazioa, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2018ko azaroaren 16an.

b) Justifikazioa 8.1 oinarri arautzailean eskabideak aurkezteko aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

c) Diru-laguntzaren eskaeraren xede diren jarduketa guztiak amaituta, fakturatuta eta ordainduta baldin badaude, eta inbertsioa abian jarrita eskaera aurkezten den egunean, dagokien justifikazioa diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da.

2. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazio komuna.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, laguntzari buruzko fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan eskaneatuta:

Azken txostena, egindako jarduketa guztiak eta proiektua gauzatzearen amaierako kostua xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren enpresa onuradunaren izenean jaulki beharko dira.

100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

Saltegiaren eskualdaketaren kasuan, fakturan fakturatutako kontzeptu guztiak jaso beharko dira banan-banan (merkataritza funtsa, instalazioak, altzariak, izakinak, etab.) eta horrekin batera peritu baten edo tasazio enpresa baten txostena erantsi beharko da, horren frogagarri.

d) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.

Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz, eta diru-laguntzaren enpresa onuradunak banku kontuaren titularra izan beharko du ordainketak egiten diren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.

Ez da onartuko eskudirutan ordaintzea, eta, ondorioz, hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrerak ere ez dira kontuan hartuko.

e) Adierazpena, diru-laguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira diru-laguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako diru-laguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso izanaren berri ematen duen publizitate betebeharra bete dela frogatzen duten argazkiak edo agiriak, 11.8 oinarrian ezarritakoarekin bat.

2. Berariazko dokumentazioa modernizazio eta eraberritze proiektuetan eta merkataritza ekintzailetzako proiektuetan egindako inbertsioak justifikatzeko:

Saltegiaren kanpoko nahiz barneko argazkiak, aurreko egoera eta jarduketak egin ondokoa egiaztatzeko aukera ematen dutenak, bai eta diruz lagundutako aktibo finkoenak ere.

13. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta enpresa onuradunak diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da diru-laguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.

Diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, egindako inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela, horien justifikazioa zuzena dela alderdi guztietan eta diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren.

Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak abian jarri behar badira diruz lagundutako jarduketak egin direla justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren, edo saltegia ireki behar bada, kasu horretan diru-laguntza ordaindu eginen da baldin eta saltegia 2019ko uztailaren 1a baino lehen irekitzen bada jendearentzat, edo diru-laguntzaren xede diren inbertsioak abian jarri data hori baino lehenago.

14. oinarria Diru-laguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak diruz lagungarriak diren inbertsio beretarako ematen duen beste edozein laguntzarekin.

Halere, bateragarriak dira beste diru-laguntza batzuekin, izanik horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

16. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

1. ERANSKINA

Saltegiak modernizatu eta eraberritzeko proiektuak (MEP) eta berariazko proiektuak (BP)

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEAK, BAREMOAREN ARABERA LORTUTAKO PUNTUAK KONTUAN HARTUZ

ENPRESAREN TAMAINA

10-15

16-20

21-25

26-30

31-35

36-40

41-45

46-50

51-55

56-60

61-65

66-70

71-75

76-80

>80

Mikroenpresa

%35

%36

%37

%38

%39

%40

%41

%42

%43

%44

%45

Enpresa txikia

%23

%24

%25

%26

%27

%28

%29

%30

%31

%32

%33

%34

%35

Enpresa ertaina

%8

%9

%10

%11

%12

%13

%14

%15

%16

%17

%18

%19

%20

%21

%22

DIRU-LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOAK, BAREMOAREN ARABERA LORTUTAKO PUNTUAK KONTUAN HARTUZ

10-15

16-20

21-25

26-30

31-35

36-40

41-45

46-50

51-55

56-60

61-65

66-70

71-75

76-80

>80

34.000

35.000

36.000

37.000

38.000

39.000

40.000

41.000

42.000

43.000

44.000

45.000

46.000

47.000

48.000

Iragarkiaren kodea: F1805106