86. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24/2018 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareak informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntzak emateko 2018ko deialdiaren oinarriak.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua da eskumen hauek bere gain dituen erakunde autonomoa: gazteria; gazteentzako zerbitzuen eta jardueren garapena bultzatzea, gazteek gizartean parte hartzeko eta beren egoera alderdi guztietatik hobetzeko; genero berdintasuna; ohitura osasungarrien sustapena; balioak garatzea; gazteen arteko lankidetza eta elkartasuna; eta Nafarroako gazteen eskaerei erantzuten dieten gainerako arloak.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honako hau dio “Gazteriaren arloko berariazko politikak” izeneko 14. artikuluan: “Gazteentzako informazioa eta aholkularitza, hau da, gazteei orientazioa eta aholkuak modu integralean ematea, horrela aukera gehiago sortuz eta garapen pertsonalerako erabaki libre eta arduratsuak hartzen lagunduz. Hori guztia gazteentzako informazio zerbitzu onartuen bitartez”.

Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautu zen, eta onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuek diru-laguntzetarako deialdian parte hartzen ahalko dutela ezarri zen.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak, bere 23. artikuluan, Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atalari esleitzen dio Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea edo/eta beste informazio eta parte-hartze programa batzuk kudeatzea.

Onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarearentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriaren Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du foru agindu berri bat onestea zerbitzu horiek informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntzak 2018an emateko araubidea ezartzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuek informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntzen deialdia norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatzea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareari eman beharreko laguntzen garrantzia baloratzen duena.

Hortaz, bidezko da foru agindu bat onestea Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarearentzako diru-laguntzen araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareak informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko 2018ko deialdia onestea, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat.

2. 75.000 euroko gastua (hirurogeita hamabost mila euro) baimentzea ekipamendu horren erosketak eragindako gastuak zati batean ordaintzeko honako partida ekonomiko hauen kargura:

• 71.000 euro “(E) Toki entitateen menpeko gazteentzako informazio sarerako diru-laguntza” izeneko A-50003-A5220-7609-232100 partida ekonomikoaren kargura.

• 4.000 euro “Elkarteen menpeko gazteentzako informazio sarerako diru-laguntza” izeneko A50003-A5220-7819-232100 partida ekonomikoaren kargura.

Partida horiek guztiak Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretakoak dira.

3. Foru agindu hau eta 1. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskin eta inprimakiak www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian eskuratzen ahalko dira.

4. Foru agindu hau igortzea Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2018ko apirilaren 19an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareak informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

2. Helburua.

Deialdi honetako diru-laguntzen helburua da onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareari laguntzea 2018an informatikako ekipamenduko gastuak zati batean finantzatuz. Izan ere, onura publikokotzat jotzen da beren garapen pertsonalerako eta gizarte bizitzan txertatzeko eta bertan parte hartzeko behar duten informazioa eta orientazioa ematea gazteei. Beraz, gazteentzako informazio bulego eta guneetan punta-puntako teknologia informatikoa izatea onura publikoko kontua da.

3. Onuradunak.

3.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren onarpen ofiziala duten Gazteentzako Informazio Zerbitzuek (gazteentzako informazio bulego eta guneak) jasotzen ahalko dituzte deialdi honen xedeko diru-laguntzak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen duen abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuarekin bat.

3.2. Entitate horiek baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntza eskatzen den unean:

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori. (II. eranskina, 1. fitxa).

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntzaren eskabideak (deialdiaren II. eranskina) barnean du, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko baimena emateko aukera.

3.3. Baldintza horiek betetzen direla frogatuko da deialdiaren II. eranskinaren bidez.

4. Aurrekontuko kreditua.

Deialdiari aurre egiteko erabilgarri dagoen aurrekontu osoa bi multzotan banatzen da:

• 71.000 euro “(E) Toki entitateen menpeko gazteentzako informazio sarerako diru-laguntza” izeneko A-50003-A5220-7609-232100 partida ekonomikoaren kargura.

• 4.000 euro “Elkarteen menpeko gazteentzako informazio sarerako diru-laguntza” izeneko A50003-A5220-7819-232100 partida ekonomikoaren kargura.

5. Kontzeptu diruz lagungarriak.

5.1. Foru agindu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten gazteentzako informazio bulego eta guneek langileria eta funtzionamendu kontzeptuengatik hartzen ahalko dituzte diru-laguntzak.

Ekipamendu informatikorako gastutzat jotzen dira honako material hauek eskuratzeak sortzen dituenak:

Ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefono mugikorrak, argazki eta bideo makinak, USBak eta beste gailu digital batzuk. Erositako informatikako ekipamenduek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.

5.2. Diruz lagungarriak izateko, informatikako ekipamendua erostearen gastuak 2018an egin beharko dira eskabidea aurkezten den egunetik aurrera.

5.3. Bestelako ekipamendua erosteak eragindako gastu guztiak deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira.

6. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

6.1. Deialdiaren kreditu osoa bi multzotan banatzen da:

–Toki entitateek sustatutako gazteentzako informazio zerbitzuek informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntzak: eman beharreko gehieneko diru-laguntzak 71.000 eurokoak izanen dira gehienez.

–Elkarteek sustatutako gazteentzako informazio zerbitzuek informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntzak: eman beharreko gehieneko diru-laguntzak 4.000 eurokoak izanen dira gehienez.

6.2. Toki entitateek sustatutako gazteentzako informazio zerbitzuentzako diru-laguntzari dagokionez, entitate eskatzaile bakoitzak informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntza gisa jaso beharreko gehieneko diru kopurua kostuaren %75era artekoa izanen da, betiere gehieneko muga 2.750 euro izanda.

Elkarteek sustatutako gazteentzako informazio zerbitzuentzako diru-laguntzari dagokionez, elkarte eskatzaile bakoitzak informatikako ekipamendua erosteko diru-laguntza gisa jaso beharreko gehieneko diru kopurua kostuaren %75era artekoa izanen da, betiere gehieneko muga 2.000 euro izanda.

6.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz, horietako bakoitzean aurkeztutako eskabide kopurua ikusita, ezarritako multzoetako bakoitzerako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko diru-laguntzak emateko, diru hori diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den ehunekoan murriztuko dira.

6.4. Nolanahi ere, diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du behin ere gainditu ekipamendua erosteko kostua.

7. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskaera eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko entitatearen sinadura elektronikoa ere.

7.2. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan eta https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian jaso daitezke.

7.3. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.4. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Gazteriaren Zuzendariordetzari, mezu elektroniko bat igorriz juventud@navarra.es helbidera, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, posta bulegoan aurkeztu den eguna bertan adierazita. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada.

8. Eskaera eta dokumentazioa.

8.1. Diru-laguntzarako eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emanen duen eta/edo Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko den ereduaren araberako eskabidearen bidez aurkeztuko dira, agiri hauekin batera:

8.1.1. Eskabide-orri orokorra. Helbide elektroniko bat adieraziko da, eskaeran akatsik eginez gero balizko zuzenketa haren bidez eskatzeko. Laguntzak ematearen gaineko ebazpena ere helbide horretara igorriko da komunikazio gisa bakar-bakarrik (II. eranskina).

8.1.2. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

8.1.3. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

8.1.4. Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan diru-laguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik.

Deialdiaren 8.1 atalari dagokion dokumentazio administratiboan akats materialik atzematen bada, bost egun naturaleko epea emanen da zuzenketa egiteko, eta eskatzen den dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztu beharko da ezartzen den epean.

Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua komunikazio elektronikoaren bidez egiten ahalko da (horrela adieraziz gero deialdiaren II. eranskinaren barneko eskabide-orrian), informazio bulego edo guneak adierazitako helbide elektronikora bidalita.

8.2. Ekipamendu informatikoa erosteko eskaerekin batera, enpresa hornitzaileen aurrekontuak aurkeztuko dira, non azalduko baita erosi nahi den material informatikoa (II. eranskina, 2. fitxa).

9. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

9.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

9.2. 6. oinarrian ezarritako multzoetako bakoitzari (toki entitateek sustatutako gazteentzako informazio zerbitzuak eta elkarteek sustatutako gazteentzako informazio zerbitzuak) dagozkion diru-laguntzetarako eskaerak honako irizpide hauen arabera baloratzen dira:

a) Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren funtzionamenduaren txostena eta baldintzak, eta urteko aurrekontua. (30 puntu).

b) 2018an lortu beharreko helburuei buruzko txostena. (20 puntu).

c) Proposatutako helburu horiek 2018an gauzatzeko programazioa eta hobekuntza proposamenak. (50 puntu).

9.3. 60 puntuko gutxieneko balorazioa gainditzen duten informazio zerbitzu guztiek diru-laguntza jasoko dute.

10. Antolaketa eta instrukzioa.

10.1. Diru-laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

10.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKGIko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 5 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10.3. Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko paragrafoan aipatu den errekerimendua komunikazio elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora bidalita, apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat. Foru lege hura zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzekoa. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu II. eranskineko aitorpena sinatuz.

Mezu elektronikoa irekitzearekin ondorioztatuko da jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki horretan sartu dena.

Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

10.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere.

11. Diru-laguntza emateko ebazpena.

11.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Gazteriaren Zuzendariordetza), eskaeren ebaluazioa ikusita, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako balorazioaren hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak agertu beharko dira.

11.2. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea da. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere diru-laguntza eskuratzeko.

12. Egindako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute egindako jarduketa (diruz lagundutako gastuaren %100):

12.1. Beranduenez ere 2018ko irailaren 30ean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastuen faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, 5. eta 7. oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira.

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainketaren ziurtagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

12.2. Udal titulartasuneko gazteentzako informazio bulego eta guneei dagokienez, dokumentazio horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla frogatzen duena.

12.3. Aurkeztutako frogagiriak aski ez badira edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak dioen bezala.

Entitate onuradunak emandako posta elektronikoaren helbidera komunikazio elektronikoa igorriz eginen da errekerimendua, eskaera honetan ezarritako dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko.

13. Diru-laguntza ordaintzea.

13.1. Frogagiriak aztertuta, Gazteriaren Zuzendariordetzak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Bertan, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

13.2. Ordaintzeko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du bi hilabeteko gehieneko epean, 12. oinarrian frogagiriak aurkezteko adierazten den azken egunetik hasita.

13.3. Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, burutu den gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da diru-laguntza. Horretarako, onuradunak edo entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete behar ditu, eta bere konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarrera frogatu (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 35. artikulua).

13.4. Diru-laguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, ordaintzeko ebazpena onetsi eta gero.

14. Betebeharrak.

14.1. Diru-laguntzaren onuradunek dirua nahitaez diru-laguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

14.2. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

14.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, diru-laguntzen onuradunek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

15. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten zerbitzuek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten zerbitzuek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, alkate-udalburuak edo ordezkariak sinatua, diru-laguntza guztien batura egindako gastua baino txikiagoa dela adierazteko.

16. Ebazpenen publizitatea.

Deialdi honi loturik diru-laguntzak eman eta ordaintzeko ematen diren ebazpenak jendaurrean jarriko dira, informazioa emateko bakarrik, Gazteriaren Zuzendariordetzaren iragarki oholean, bai eta https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan ere.

17. Oinarriak onartzea.

Deialdi honetan parte hartzearekin haren oinarri guztiak onartzen dira.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

19. Gardentasun betebeharrak.

19.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

19.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 18. oinarrian ezarritakoak.

19.3. Atal honetan aipatzen den informazioa diru-laguntza onesteko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

19.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

19.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

19.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauei jarraikiz: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

21. Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua. 1. eta 2. fitxak (PDFa).

III. ERANSKINA

Frogagiriak (Excela).

Iragarkiaren kodea: F1805368