86. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, 79 Ofizial Administrari lanpostu barne-igoera
mugatuan betetzeko oposizio bidez

Giza Baliabideetako zuzendariak, 2018ko martxoaren 12an emandako ebazpen bidez onartu baitzuen, eta 2018ko apirilaren 27an emandako ebazpen bidez aldatutakoa, honako deialdia onetsi du, honako oinarriekin bat etorrita:

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek xedea du, Iruñeko Udaleko eta bere erakunde autonomoetako ofizial administrarien 79 lanpostu barne-igoera mugatuan betetzea, hautaproben bitartez.

1.2. Honako deialdia iragartzen da, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluaren babesean.

1.3. Deialdi honen hautaprobak gainditu ondoren izendatuko diren izengaiek, Ofizial Administrari lanpostua eskuratuko dute (C maila) karguaren jabetza hartu momentutik aitzina kontatuta, lehen zuten plaza amortizatu egingo delarik eta, horrenbestez, plantilla organikoaren lanpostu kopurua ez da handituko.

1.4. Mailaz igotzeko prozedura honetan parte-hartzeak ez du ezein kasutan ere berarekin ekarriko langileek lehenago zeukaten araubide juridikoa, dela funtzionarioena dela lan-kontratudunena, aldaraztea, eta, halaber, eskubide pasiboen araubidearekin jarraituko dute.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, administrari laguntzaileen lanpostu batean.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

Baldintza horiek betetzeaz gain, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauetako bat, bata edo bestea, bete beharko dute:

a) Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea, eta Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua dutela egiaztatzea.

b) Administrazio Publikoetan 8 urteko antzinatasun aitortua dutela egiaztatzea.

2.2. Aipatu baldintzak eskabideak aurkezteko mugaegunean bete beharko dituzte izangaiek, eta haien jabe izan hautatze-prozesua egin bitartean eta izendapenaren unera arte.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñeko Udaleko edozein Erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabiliz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Aurrez Aurreko Arreta bulegoan (Kale Nagusia, 2), Interneten (www.pamplona.es webgunean), eta deialdia argitaratzen duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Eskabidea posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, Postetxeko langileek eskabidean data eta zigilua jar ditzaten, hura ziurtatu eta Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrera igorri aurretik.

3.2. Desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu zer-nolako desgaitasuna duten eta eskatutako egokitzapenak.

3.3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia (aurkia eta ifrentzua).

b) Ziurtagiria honako hauek egiaztatzeko: Administrari Laguntzaile izateko izendapena eta lanpostuan bete duen antzinatasuna, bai eta administrazio-egoera ere, erakunde autonomoei atxikitako langileen kasuan.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak oposizioa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunetatik aitzina, erreklamazioak aurkezteko edo, hala badagokio, izan daitezkeen akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

5. oinarria. Oposizioaren garapena.

5.1. Oposizioa oinarri hauetan zehaztutako eran gauzatuko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ematen den ebazpenean bertan zehaztuko dira oposizioa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan izanen diren. Gainerako probetarako hurrengo iragarkiak argitara emanen dira Udaletxeko iragarki-taulan, eta eskuragarri egonen dira webgunean (www.pamplona.es) 48 ordu lehenago.

5.2. Probak. Hautapen-prozesuak bi parte edukiko ditu:

5.2.1. Lehenengo proba. Izangaiek proba teorikoan test erako galderak dituen galdetegi bati erantzun beharko diote idatziz, Epaimahaiak aurrez adierazitako gehieneko denboran. Galderak Deialdi honen II. eranskineko gaitegian agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. Hiru aukera egonen dira galdera bakoitzari erantzuteko, eta horietako bat baino ez da baliozkoa izanen.

Proba honek gehienez ere 40 puntuko kalifikazioa izanen du. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak aukera anitzeko erantzunak dituzten galderetan. Proba gaindituko dute ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (20 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek.

5.2.2. Bigarren proba. Proba praktikoa. Bi ariketa edo gehiago eginen dituzte, betetzeko lanpostuan egitekoak diren zerbitzuekin zerikusia daukaten gaiei buruzkoak, eta Epaimahaiak ezarri beharreoak. Ariketa horiek hona hemengo bat edo gehiago izan daitezke: idatziz garatu beharreko kasuak, ahozko aurkezpen bat edo informatika-probak.

Epaimahaiak zehaztuko du proba honetako ariketak egun bakarrean edo desberdinetan eginen diren, baita horien iraupena ere, ezarritako edukien eta egoki jotako gainerako zehaztapenen arabera.

Proba honetan gehienez ere 60 puntuko balorazioa emanen da. Probaren balorazio-irizpideak hura hasi aurretik zehaztuko dira. Proba praktikoan guztira ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 (30 puntu), gutxienez, lortzen duten izangaiek gaindituko dute.

5.3. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, AIZ edo pasaportea aldean dutela azalduko dira haietara. Agertzen ez diren edo nortasuna egiaztatzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

5.4. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

5.5. Proba bakoitza egin ondoren, izangai bakoitzaren emaitzak argitaratuko dira Udalaren webgunean eta iragarki-taulan, izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita.

6. oinarria. Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.

Epaimahaiburua: Iñigo Anaut Peña jauna, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Gerardo Hurtado Jauregui jauna, Iruñeko Udaleko Ogasun, Gizarte Ekonomia, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Carlos Erice Azaza jauna, ANIMSA-ko Proiektu sorkuntzaren espezialitateko teknikaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Eduardo Tuñón Gonzalo jauna, ANIMSA-ko Alorra teknikoaren zuzendaria.

Epaimahaikidea: Iñaki Carranza Eneriz jauna, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Epaimahaikide ordezkoa: Manuel Iribarren Aguerri jauna, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Epaimahaikidea: Marta Martínez Llobet andrea, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Juanjo Hualde Martínez jauna, Iruñeko Udaleko ofizial administraria kudeatzaile eginkizunetan.

Epaimahaikide-idazkaria: Xabier Burgui Vergara jauna, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Paula Unanua Albéniz andrea, Iruñeko Udaleko legelaria.

6.2. Epaimahaia Epaimahaiburuak deituta eratu beharko da, probak hasi baino lehenago.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

6.4. Epaimahai kalifikatzaileko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen bada.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituak deitu ahalko ditu proba batzuetarako zein guztietarako. Aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan bakarrik ariko dira, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria. Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Hautatze-prozesua amaitutakoan, Epaimahaiak gainditu duten izangaien aldeko izendapen-proposamena egin eta Giza Baliabideetako zuzendariari igorriko dio.

8. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Ofizial Administrari (C maila) izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposamenean jasotako izangaiak, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute karguaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten zaienetik aitzina kontatuta. Izangairen batek ez badu lanpostuaren jabetza hartzen aipatu epean, Ofizial Administrarien izaera hartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kausetan salbu.

9. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Aipatu errekurtsoren bat jartzen bada, Udalaren webgunean argitaratuko da horren iragarkia eta errekurtsoaren gaineko ebazpena, prozeduran interesdun diren gainerakoei jakinarazpena egiteko.

Iruñean, 2018ko martxoaren 12an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Iñigo Anaut Peña.

1. ERANSKINA

Eskabidea, ofizial administrari lanposturako barne-igoera mugaturako deialdian parte hartzeko (PDFa).

2. ERANSKINA

1. gaia.–Tokiko administrazioaren organoak. Kide anitzeko organoen funtzionamendua:

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, III. Titulua, I. Kapitulua (73. artikulutik 87.era).

Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legea, apirilaren 2koa. X. Titulua, Biztanle kopuru handiko udalerrien antolakuntzako araubidea (I. eta II. kapituluak).

2. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabide motak eta ordainarazpen guztien amankomuneko xedapenak (I. Titulua, I. eta II. kapituluak).

3. gaia.–Udal-zergak: Lurraldeko Kontribuzioa, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga edo Lizentzia Fiskala, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga edo Zirkulaziokoa, Eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga, eta Hiri-lurren Balioa Handitzearen gaineko Zerga edo Gainbaliokoa. (2/1995 Foru Legearen II. Titulua).

4. gaia.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kudeatzeko arauak.

5. gaia.–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki-erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugapenaren Araudia onesten duena: Biztaleriarena eta Erroldarena. (1690/1986 Errege Dekretuaren II. Titulua).

6. gaia.–Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa: Diru-laguntza publiko guztietarako xedapenak. Diru-laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. (Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Atariko Tituluaren II. Kapitulua eta I. Titulua).

7. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak (IV. Titulua). Administrazio errekurtsoak (V. Titulua, II. Kapitulua).

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak (Atariko Titulua, I. Kapitulua).

6/1990 Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Gora jotzeko helegitea Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aitzinean (IX. Titulua, II. Kapitulua, 2. saila).

Printzipioak eta aplikazio-esparruak. Administrazio-prozeduraren faseak. Administrazio-isiltasuna. Errekurtso administratiboak eta jurisdikzionalak Tokiko Administrazioaren esparruan.

8. gaia.–Informatika-kontzeptuak: Word testuen tratamendua, Excel kalkulu orriak, Espedienteen kudeaketa, Internet eta posta elektronikoa.

9. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: aplikazio-esparrua. Toki-erakundeen zerbitzuko langileak. Karrerako funtzionarioendako xedapen orokorrak eta xedapen komunak. Hautaketa eta lanpostuen hornidura. Lan-kontratuko eta behin-behineko langileendako xedapen komunak.

251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I., II., III. eta IV. Tituluak.

6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa (7. Tituluko I. Kapitulua).

10. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. Foru legearen xedea eta helburuak (Atariko Titulua). Administrazioak eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan eta diziplina urbanistikoan duen esku-hartze lana (V. Titulua).

Oharra: Aipatu gai horiek eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratu eta orduan indarrean diren testuekin bat.

Iragarkiaren kodea: L1805725