86. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

15/2018 FORU DEKRETUA, apirilaren 11koa, maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu haren bidez, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren funtzioak, osaera eta funtzionamendua arautu ziren.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumena da, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (dekretu horren bidez, erakunde autonomo honen estatutuak onetsi ziren).

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren erakunde autonomo den Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikia dago. Haren araubide juridikoa hiru arauk ematen dute: Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituen maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta, haren osagarri gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren esperientziak erakutsi duenez, beharrezkoa da kontseiluaren beraren osaera eta funtzionamendurako araubidea gaurkotzea, batetik, herritarren ordezkaritza handituz Nafarroako Foru Komunitatearen pluraltasun eta dibertsitate adierazgarriaren ispilu izateko, eta, bestetik, kontseiluaren jarduketa sistema berria ezarriz lan iraunkorrago, egonkorrago eta espezializatuagorako bide diren lan batzordeak sortzeko.

Nafarroako Gobernuak herritarren parte-hartzea sustatzeko xedea du, eskubide eta betebeharren jabe diren aldetik, eta bideak erraztu nahi ditu emakumeek eremu publikoan eta erabakiak hartzeko guneetan parte har dezaten. Horregatik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren kide kopurua handitzeko ekimena hartu du, kontseiluak Nafarroako Foru Komunitatearen dibertsitatearen adierazgarria izan behar baitu.

Bestalde, kontseiluaren funtzionamenduak eraginkorragoa izan behar duela oharturik, lantaldeak proposatu dira kontseiluaren eginkizunak hobeki eta arinagoa bete daitezen. Araubide bat ezarri behar zaio kontseiluari lan berariazkoetarako lantaldeen sorrera errazteko.

Azkenik, gaurkotu beharrekoak dira gaur egun Nafarroako Berdintasunerako Institutua den honi buruzko erreferentziak.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatu beharra dago ondotik heldu den testuaren bitartez.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko apirilaren 11n egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatzea.

Maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatzen da, hots, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.

Bat.–4. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“4. artikulua. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren osaera.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak kide hauek izanen ditu: kontseiluko burua, bi buruorde, kontseilukideak eta idazkaria.

Kontseilukideen izendapena proposatzeko ahalmena duten entitateek haien ordezkoak ere proposatu beharko dituzte.

2. Kontseiluko burua emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularra izanen da, eta hark Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

Haren postua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta bestelako kasu justifikatuetan, lehenbiziko kontseiluburuordea ariko da haren ordez, edo, hori ere falta bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kide izanik Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideen artean hierarkian goren dagoena, edo antzinatasun edo adin handienekoa dena. Kideek kontseiluan duten hierarkiaz edo antzinatasunaz ari gara betiere.

3. Kontseiluko lehenbiziko buruordetza Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak beteko du, eta, hura ez dagoenean, aipatu erakundearen ordezkari direnen artetik hark hautatzen duen pertsonak. Bigarren kontseiluburuordea emakumeen elkarteen ordezkari diren kideek hautatuko dute beren artetik, baita ordezkoa ere. Kontseiluko buruordeek kontseiluko burua ordeztuko dute legeak ezarritako kasuetan, finkatu den hurrenkeraren arabera.

4. Honako hauek izanen dira kide:

a) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren hiru ordezkari, institutuak proposatuak.

b) Nafarroako emakumeen elkarteak ordezkatzen dituzten bederatzi emakume, “Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako zazpi eskualdeetakoak, bat eskualde bakoitzeko, Iruñerria izan ezik, Iruñerriak hiru ordezkari izanen baititu.

Eskualde bakoitzeko elkarteek, Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen zentsuan izena emanak betiere –Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikitako zentsuan–, titularra eta haren ordezkoa hautatuko dituzte aurkezten diren hautagaien artetik.

c) Emakume bat emakume adintsuen ordezkari, Nafarroako Adinekoen Kontseiluak proposaturik aktibo dauden adinekoen elkarte nafarren artetik.

d) Emakume bat emakume gazteen ordezkari, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak proposaturik aktibo dauden gazteen elkarte nafarren artetik.

e) Emakume bat emakume migranteen ordezkari, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak proposaturik aktibo dauden migranteen elkarte nafarren artetik.

f) Emakume bat desgaitasunen bat duten emakumeen ordezkari, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluak proposaturik desgaitasun mota desberdinak biltzen dituzten elkarte eta erakunde nafarren artetik.

g) Emakume bat emakume ijitoen ordezkari, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak proposaturik aktibo dauden ijitoen elkarte nafarren artetik.

h) Emakume bat landa eremuko emakumeen ordezkari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposaturik landa eremuko emakumeen elkarteen artetik (aktibo dauden eta ordezkaritza handiena duten elkarteen artetik).

i) Emakume bat LGTBI taldeko emakumeen ordezkari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposaturik.

j) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuen ordezkari bana. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, langileen ordezkarien, enpresa batzordeetako kideen edo Administrazio Publikoetako organoetako kideen gutxienez % 10 izan behar dute.

k) Emakume bat Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten emakume enpresaburuen Nafarroako elkarteen ordezkari, haiexek proposatua.

l) Unibertsitateetako bi ordezkari, bata Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta bestea Nafarroako Unibertsitatekoa, haiexek proposatuak.

m) Nafarroako hezkuntza sistemaren ordezkari bat, Nafarroako Eskola Kontseiluak proposaturik unibertsitatez besteko irakasleen, ikasleen eta guraso-elkarteen ordezkari direnen artetik.

n) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, federazio horrek proposaturik.

ñ) Nafarroan eratutako Berdintasuneko Agenteen lanbide elkarteen ordezkari bat, elkarteek proposaturik.

5. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ordezkari bat izanen da idazkaria, Kontseiluko buruak izendaturik. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, kanpoan dagoenean, artikulu horretan xedatutakoaren arabera ordeztuko da.

6. Kontseilukide beren karguagatik ez direnen izendapena eta kargu-uztea, baita ordezkoena ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak eginen ditu”.

Bi.–5. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“5. artikulua. Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak urtean bitan eginen du bilkura arrunta, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak deitzen duenean, bere ekimenez edo ordezkaritza duten kideen heren batek gutxienez eskaturik. Kasu horretan, eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkurarako aurreikusitako data baino hogei egun lehenago gutxienez.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua bertaratuz zein urrutitik eratu daiteke, eta berdin-berdin bilkuretarako deia egin, bilerak berak egin, erabakiak hartu eta aktak egin.

2. Gutxienez urteko bi bilkura arruntetako bat –bertaratuz egiten den bilkura bada– txandaka eginen da “Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako eskualdeetako batean.

3. Bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzearen ondorioei dagokienez kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izanen da buruak, bi buruordeetako batek eta idazkariak edo haien ordezkoek parte hartzea, bertaratuz edo urrutitik, baita kontseiluan ordezkaritza duten kideen erdiek ere.

4. Kontseiluaren bilkuretako eguneko gai zerrendan landu beharreko gaiak sartzeko, ordezkaritza duten kideen herenaren proposamena beharko da gutxienez. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.

5. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak kontseiluburuaren botoarekin ebatziko dira. Urrutitik parte hartzen denean, erabakiak kide anitzeko organoaren egoitzan hartutzat joko dira, eta, halakorik ezean, Kontseiluko burua dagoen tokian hartutzat.

Kontseiluak ematen dituen irizpen eta txostenak aginduzkoak izanen dira, eta juridikoki ez lotesleak.

6. Kontseiluko buruak eskaera egin dezake eguneko gai zerrendan sartutako gaietan adituak diren pertsonek parte har dezaten bilkuretan. Horiek hitza izanen dute, baina ez botorik.

7. Kontseiluak bere dituen eginkizunak betetzeko, lan batzordeak sor litezke gai jakin batzuk aztertzeko. Haietan parte hartzeko gonbidapena egin dakieke adituei edo giltzarri izan daitezkeen zenbait eragileri. Kontseiluburuak, horretarako, lan batzorde bat sortzeko proposamena eginen die kideei. Bere ekimenez egin dezake, edo gutxienez kontseiluko kideen herenak eskaturik. Haien helburua, egitura eta osaera, dena dela, sortzen direnean erabakiko dira, helburuak bete daitezen bermatu nahian betiere.

8. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotarako, Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea kide anitzeko organoentzat honako arau hauetan ezarritakoa izanen da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, eta, osagarri gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Hiru.–7. artikuluko 2. apartatuari f), g), h) eta i) letrak gehitu zaizkio:

“f) Hautatua izan zen unean partaide zen elkarte, entitate edo erakundeko kide izateari utzi izana.

g) Hautatua izan zen unean partaide zen elkarte, entitate edo erakundea desegin izana.

h) Partaide zen elkarteak baja eman izana Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen Elkarteen Zentsuan.

i) Sindikatuak Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuetako bat izateari utzi izana.

Lehen xedapen gehigarria.–Aurreko institutuaren gaineko aipamenak.

Maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretua aldatzen da, hots, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituen maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuan “Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua” aipatzen den aldiro, honela jarriko da: “Nafarroako Berdintasunerako Institutua”.

Bigarren xedapen gehigarria.–Elkarteen kideak hautatzeko prozesuaren erregulazioa.

Elkarteen ordezkari izanen diren kideak emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak hautatuko ditu foru agindu bidez.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko apirilaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1804890