78. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51E/2018 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Vodafone SAUk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 21. espedientea.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari komunikatu beharko diote planaren edukiaren edozein aldaketa, planean beharrezko eguneraketak eginez.

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 30eko 5E/2018 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Vodafone SAUk Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko 21. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaion Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari eta Ondare Zerbitzuari, bakoitzak bere eskumenen esparruan txostena egin zezan azpiegituren lurralde planeko aipatutako aldaketei buruz. Aipatu unitateek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak aipatu txostenak egin dituzte, dagozkien determinazioekin, eta ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuta egon diren aldian, alegazioak aurkeztu dira eta Araubide Juridikoaren Atalak horiei buruzko txostena eman du arrazoibide honekin:

“Jendaurrean egoteko aldian, eta AT–NA–BURLADA–CENTRO izeneko estazioari dagokionez, alegazioen 3 idazki aurkeztu dituzte Burlatako Kale Nagusiko 35eko eta Kale Berriko 1-3ko jabeen elkarteek, Teresa Cruchaga Archanco andreak eta Jesús Manuel Álvarez García jaunak.

Horien arrazoibideak antzekoak dira eta ondoko eragozpen hauetan oinarrituak daude:

1. Instalazioak bizitegi-erabilerako eraikinekin egiten du muga (11-20-28 metroko distantzia).

2. Instalazioa osasun etxetik, ikastetxeetatik eta aisiarako parkeetatik gertu dago.

3. Ikerketa zientifikoek erakutsi dute uhin elektromagnetikoen etengabeko eraginpean egotea kaltegarria izan daitekeela osasunarentzat.

4. Igorpen elektromagnetikoen neurketa egiteko, antenaren kokalekua ez den beste toki batean jarriz egin da.

Alegatzaileek, hortaz, honakoa eskatzen dute: haien alegazioak aintzat har daitezela, jarduera uztea dekreta dadila, instalazioa behera bota dadila eta emandako balizko lizentziak baliogabetu daitezela.

Alegazio horiei erantzuteko, ondoko ohar hauek eman dira.

Osasunaren gaineko balizko kalteei dagokienez, lehenik eta behin, adierazi beharra dago Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak dagoeneko eman duela bere iritzia herritarren osasunaren gaineko kalteei buruz, eta aldeko txostena eman duela espedienteari buruz; adierazi du ezen aurkezten den konponbidean oinarrituta teorikoki kalkulatu diren esposizio mailak telekomunikazioen arloko indarreko araudiak ezarritakoak baino txikiagoak direla.

Orobat, gogoan hartu behar da jendea eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeari buruzko Europar Batasuneko Ministro Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko 1999/519/EE Gomendioan jasotako osasun babesaren irizpideak bere egin dituela irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuak, zeinak jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoen aurreko osasun babeseko neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onesten baitu. Aipatu 1066/2001 Errege Dekretuarekin bat, operadoreak Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioan tramitatu behar ditu instalazio bakoitzari dagozkion proiektu erradioelektrikoak. Orobat, aipatu behar da Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak berak egiten dituela neurketak eta, ondorioz, telefonia mugikorreko estazioak baimentzeaz eta abian jartzeaz gain, hark egiten duela urtero neurketa horien kontrol zorrotza, urteko Ziurtagiri edo Auto-ziurtagirien bitartez.

Areago, eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteak osasunarentzat izan ditzakeen ondorio kaltegarrien kasuei dagokienez, beren erabakia hartu dute hainbat erakundek; besteak beste, Munduko Osasun Erakundeak, zeina ondorio hauetara iritsi baita eremu elektrikomagnetikoei eta osasun publikoari buruz: “Kontuan hartuta esposizioaren maila oso apalak eta orain arteko ikerketetan jasotako emaitzak, ez dago froga zientifiko sinesgarririk oinarrizko estazioetatik eta hari gabeko sareetatik datozen RF seinale ahulek eragin kaltegarririk dutenik osasunean.”

Instalazioa bizitegi-erabilerako eraikinetatik, osasun etxetik, ikastetxeetatik eta aisiarako parkeetatik gertu dagoela dioen alegazioari dagokionez, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen II. eranskinean adierazten da ezen telekomunikazio azpiegituren 100 metroko erradioan arretazko erabilerako lekutzat jotako espazioak egonez gero, azpiegituraren jabeak emisio erradioelektrikoko mailak zehazten dituen azterlan berariazkoa aurkeztuko duela. Foru lege haren bidez antolatu ziren Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioaren oinarrizko estazioak. Zentzu horretan, instalazioaren titularrak aurkeztu ditu arretazko lekutzat jotako guneetan egindako neurketak eta den-denak daude aipatu foru legearen 1. eranskinean markatutako mugen azpitik; hortaz, ez dago eragozpentzat jo daitekeen ukipenik, ez ondoan dauden bizitegi-erabilerako eraikinei ez ikastetxeei ez eta osasun etxeei dagokienez.

Neurgailua antenarena ez den beste kokaleku batean jarri dela dioen alegazioaren kasuan, azpimarratzekoa da neurketak egiterakoan erradiazio mailak handiagoak diren lekuak testatzen direla eta egiaztapena, hain zuzen ere, toki horietan egiten dela. Are gehiago, antenen banaketa eta norabidea aintzat hartuta, neurketa horien oinarrian eginez gero, lortuko litzatekeen emaitza neurgailua metro batzuk urrunago jarrita eskuratuko litzatekeena baino txikiagoa izanen litzateke.

Horrenbestez, ondorioztatu da operadoreak emandako datuen arabera, estazioak betetzen dituela 10/2002 Legean ezarritako baldintza guztiak, eta bereziki, eremu elektromagnetiko ez-ionizatzaileen esposizioan onartutako gehieneko mailei dagokienez.

Azkenik, Burlatako Udalak idazki bat aurkeztu du Vodafone SAUk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 21. espedientea jendaurrean egon den aldiari buruz (espedientea Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian egon zen). Zentzu horretan, udalak adierazi du herritarrek maizago jotzen dutela udalak berak dauzkan hedabideetara Gobernu Irekiaren Atarira baino, eta eskaera egiten du etorkizunean horrelako ebazpenak udalerriari berari igor dakizkion hedapen handiagoa izan dezaten. Horri dagokionez, adierazi beharra dago posta elektronikoaren bidez jakinarazi zitzaiola udalari 2018ko otsailaren 1ean Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko espediente hau, Gobernu Irekiaren Atariaren esteka adierazita, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren irizpide orokorra baita ukitutako udal guztiei komunikatzea azpiegituren lurralde planaren aldaketa eta eguneraketa guztiak onesteko espedienteen hasiera, operadoreek aurkeztutakoak, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atariaren estekarekin, ahalik eta gehien zabaldu eta ezagut daitezen ukitutako kokalekuak.

Halaber, Burlatako Udalak eskatzen du Vodafone SAUk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 21. espedientea jendaurrean egoteko aldia luzatzeko.

Horri buruz, honakoa adierazi beharra dago: udalaren idazki hori Gobernu Irekiaren Atarian jendaurrean egondako aldiaren azken egunean igorri zenez, une honetan ezinezkoa da epe hori luzatzea, epe hori bukatu baita eta atarian parte hartzeko prozesua itxita baitago.

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, 10/2002 Foru Legean arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erabaki du telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela plan horiek.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Vodafone SAUk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 21. espedientea onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren kokapenak eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.

2. Ebazpen hau Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari igortzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak jakinaraztea Vodafone SAUri, Burlatako Kale Nagusiko 35eko eta Kale Berriko 1-3ko jabeen elkarteei, Teresa Cruchaga Archanco andreari, Jesús Manuel Álvarez García jaunari eta Burlatako Udalari, eta aditzera ematea, ez duenez administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen).

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko martxoaren 8an.–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusia, Mikel Sagüés García.

I. ERANSKINA

ESTAZIOAREN
KODEA

UDALERRIA

UTMX

UTMY

ESPEDIENTEA

AT–NA–BURLADA–CENTRO

Burlata

313032,85

4742387,12

21. aldaketa

* Koordenatuak Datum sisteman (ETRS-89, 30. EREMUA) eman dira.

II. ERANSKINA

Determinazio orokorrak

–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagokion udalean. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den tokian eginen dira (bertaratzerik bada), barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du lanak gelditu eta horren berri eman beharko zaiola, berehala, Arkeologiaren Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Foru Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta dakiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko da.

–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Operadoreak abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du, egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMX eta UTMY koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta aldaketarik ez duela izan adieraztea.

Iragarkiaren kodea: F1803560