71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22E/2018 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Altsasu-Etxarri I” eta “Altsasu-Etxarri II” izeneko 30 kV-eko lur azpiko linea elektrikoko proiekturako Altsasuko TAn, Altsasuko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribucion Electrica SA da.

2017ko abuztuaren 3an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektua honakoan datza: lur azpiko linea elektriko bat eraikiko da, zirkuitu bikoitza eta 30 kV-eko tentsio izendatua izanen dituena, Altsasuko TA eta berriki eraiki den aireko linea bat lotzeko. Proiektu honen xedea da Sakanan energia elektrikoaren hornidurarako baldintzak hobetzea, bezeroei hornidura bermatuz eta aukera emanez balizko hirigintza-garapenen edo industria-garapenen ondorioz areagotu litekeen energia elektrikoaren eskaria asetzeko. Lotura egiteko, lur azpiko bi linea berri eraikitzea proiektatu da, bigarren mailakoak eta 30 kV-ekoak. Xede horretarako proiektatuko den kanalizazio baten bidez zabalduko dira aipatu lineak. Abiaburua Altsasuko TAn izanen dute eta bukaera, berriz, aireko linea bihurtzen direnean, hain zuzen ere, “Altsasu-Etxarri 1” eta “Altsasu-Etxarri 2” izeneko 30 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko linearen 18.01 euskarrian, Altsasuko udal-mugartean. Linea 3,10 kilometro luze izanen da gutxi gorabehera.

Kanalizazioa 1,30 metroko sakoneran kokatuko da. Trazadura espaloitik edo ibilgailurik ez dabilen tokietatik igarotzen den tarteetan, hodiak hareaz estaliko dira eta zanga lur trinkotuarekin itxiko da, eta zoladura gerora berrezarriko da. Kanalizazioak galtzada edo ibilgailuak dabiltzan tokiak gurutzatzen dituenean, hormigoia erabiliz itxiko da kanalizazioa. N-240-A Iruña-Gasteiz autobiak Altsasu hegoaldean dauzkan bidegurutzeetarako eta trenbidearen eta Arakil ibaiaren bidegurutzerako, beharrezkoa izanen da zulaketa horizontala egitea piloteak sartuz (satorra).

Era berean, Arakil ibaia eta N-1 Iparraldeko Autobia gurutzatzeko, autobian dagoen zubi azpitik eginen da eta ibaiarekiko paralelo, Nilsaren kanalizazio baten ondoan. Abiaburuan, kanalizazioaren bukaeran, bai eta norabide aldaketak edo junturak dauden gune guztietan, kutxatilak eraikiko dira, loturakoak, junturakoak eta/edo angelukoak.

Espedientean jasota daude Altsasuko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Altsasu-Etxarri I” eta “Altsasu-Etxarri II” izeneko 30 kV-eko lur azpiko linea elektrikoko proiekturako Altsasuko TAn, Altsasuko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribucion Electrica SA da.

2. Baimenak Ingurumen ukipenen azterlanean sartutako neurri zuzentzaile guztiak hartzera behartzen du, baita baldintza hauek betetzera ere:

–Ingurumen arlokoak:

  • Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, materialak biltzeko eta makinak aparkatzeko gune osagarriak ez dira kokatuko ibarbasoen ondoan edo Ubaguako larrean, eta inor ez da ibiliko hoditeriaren korridore gisa ezarritako bidetik kanpo. Bide horren tamaina ez da izanen behar-beharrezkoa baino handiagoa.
  • Obren hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra), gero zangaren azaleko zatia betetzeko, eta soberako material desegokienak eta obra hondakinak baztertuko dira, zabortegi baimendu batera eramateko edo kudeatzaile baimendu baten esku jartzeko, haien izaeraren arabera.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak linea elektrikora lotzea.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari. Horri dagokionez, baimen espedientean bildutako txostenak erantsi dira.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Bereziki, lanak gauzatu aurretik sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, ADIFi eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari dagokion baimena eskatu beharko die.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Altsasuko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldea) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko otsailaren 15ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1802455