71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17/2018 FORU AGINDUA, martxoaren 19koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez, egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dira, kirolean hasteko jarduerak egiteko heziketa eta kirol programak gauza ditzaten 2018an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 14.1 artikuluan, ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak eskolako umeentzako kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako heziketa administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen, halaber, eskolako umeentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza arloan behar bereziak dituzten eskolako umeen integrazioa aurreikusi eta sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduerak eta jarduera fisikoak Nafarroako gizarte osoan sustatzea, horretarako laguntzak eta diru-laguntzak emanez.

Kasu horretan, kirolean hasteko jarduerak bultzatuko ditu Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, heziketako eta kiroleko programen barnean.

Programa horiek helburu dute neska-mutilek trebetasun motorrak garatzea kirolean hasiz, gisa horretan norberaren segurtasunetik ekintzen kudeaketa autonomoa errazteko, eta, horrela, norberaren gaitasuna hobetzeko etorkizunean egin nahi dituzten kirol jarduera fisikoen ikasketetan proposatzen zaien edozein eginkizun motor betetzeko orduan.

Heziketako eta kiroleko programa horren babesean egiten diren jarduerak kasuan kasuko kirol modalitatean hastetik bideratu behar dira, norgehiagoka aurreikusi gabe.

Horretarako, bidezkotzat jotzen da egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea, kirolean hasteko jardueren heziketako eta kiroleko programak gauza ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak onestea. Diru-laguntza horien helburua da kirolean hasteko jarduerak egiteko heziketa eta kirol programak gauzatzea 2018an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Betiere, laguntzak emateko, dagokion aurrekontu-izendapena beharko da aurrekontuetan.

2. Deialdi honi aurre egiteko, 15.000,00 euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

• 5.000 euro Nafarroako 2017ko gastuen aurrekontuko “Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak” izeneko A50002-A5110-4819-336102 partidaren kargura.

• 10.000 euro aurrekontuko “Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak” izeneko 420000-42000-4709-322G02 partidaren kargura, otsailaren 1eko 19/2018 Ebazpenaren arabera.

3. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2018ko martxoaren 19an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak norgehiagokako araubidean ematea egun kirol zerbitzuak egiten dituzten Nafarroako enpresei eta irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol entitateei, kirolean hasteko jarduerak egiteko heziketa eta kirol programak egin ditzaten, unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako Nafarroako ikastetxe publikoei, pribatuei eta itunduei zuzenduta.

Diru-laguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzera kirolean hasteko jarduera fisikoen heziketako eta kiroleko programak antolatu, kontrolatu eta garatzeak sortutako defizitak. Programak 2017-2018 ikasturtean eskainiak eta eginak egonen dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta egun bateko jarduerak izan behar dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2.–Helburua.

2.1. Programa horiek helburu dute neska-mutilek trebetasun motorrak garatzea kirolean hasiz, gisa horretan norberaren segurtasunetik ekintzen kudeaketa autonomoa errazteko, eta, horrela, norberaren gaitasuna hobetzeko etorkizunean egin nahi dituzten kirol jarduera fisikoen ikasketetan proposatzen zaien edozein eginkizun motor betetzeko orduan.

2.2. Heziketako eta kiroleko programa horren babesean egiten diren jarduerak kasuan kasuko kirol modalitatean hastetik bideratu behar dira, norgehiagoka aurreikusi gabe.

2.3. Haste horren bitartez, kasuan kasuko kirolaren oinarrizko alderdi teknikoak garatuko dira. Eskolako umeen adinetara eta beharretara egokituko dira edukiak, metodologia, materiala eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ukitzen duten elementu guztiak, kirolean hasteari dagokionez.

2.4. Aurkezten diren programek, aurreko puntuan ezarritako xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatutako irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek eta egun kirol zerbitzuak egiten dituzten eta Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako batean inskribaturik dauden enpresek heltzen ahal diete deialdi honen xedeko diru-laguntzei.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren heziketako eta kiroleko programak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

4.1. Kirol zerbitzuak egiten dituzten enpresen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizialetako edozeinetan inskribaturik egotea.

4.2. Irabazi-asmorik gabeko kirol entitateen kasuan, Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik egotea.

4.3. Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebeharrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izatea.

4.4. Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztu den heziketako eta kiroleko programari dagozkion gastuetarako bakarrik emanen da diru-laguntza, eta, zehazki, honako hauek ordaintzeko:

a) Kirolean hasteko jarduera fisikoen kostua.

b) Jardueretako monitoreen gastuak.

c) Materialaren alokairua.

d) Istripu-asegurua parte-hartzaileentzat (ikasleak eta irakasleak).

6.–Eskaeren aurkezpena.

6.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere.

Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskaera eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren sinadura elektronikoa beharko da, baita kasuan kasuko entitatearen sinadura elektronikoa ere.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

7.1. Eskaerak eskabide orokor baten bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura zuzenduta. Eskabidea, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateko buruak sinatu beharko du, edo irabazi-asmoa duen enpresako kudeatzaileak edo haren legezko ordezkariak. Eskabidearekin batera, eskaeraren inprimakia aurkeztuko da (IV. eranskina), behar bezala betea, baita hasierako dokumentazio hau ere:

7.1.1. Heziketako eta kiroleko programa. Alderdi hauek jasotzea:

A) Helburu orokorrak.

B) Edukiak:

B.1. Gorputz eta/edo kirol jardueren deskribapena.

B.2. Gorputz eta/edo kirol jardueren metodologia eta antolaketa.

C) Giza baliabideak:

C.1. Programa diseinatzen, antolatzen, kontrolatzen eta garatzen zuzenean parte hartzen duten langileen deskribapena (titulazioa eta esperientzia).

D) Baliabide materialak eta instalazioak.

E) Programan parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda, eta esleitutako datak. (Hasierako dokumentazioa aurkeztu arte esleitutako datak eta ikastetxeak).

F) Segurtasuna:

F.1. Instalazioetan eta jarduera bakoitza gauzatzean izanen diren segurtasun neurrien deskribapena.

F.2. Osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri den planaren deskribapena.

G) Programaren garapena baloratzeko jarraipena eta ebaluazioa, parte-hartzaileen bidez.

7.1.2. Heziketako eta kiroleko programaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua. (V. eranskina).

7.1.3. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Nafarroako Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

7.1.4. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

7.1.5. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana IV. eranskineko ereduaren arabera, adierazten duena entitatea ez dagoela diru-laguntzen onuradun izateko debeku egoeretan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

7.1.6. Gardentasunaren gaineko aitorpena, 16. oinarrian aurreikusten denari jarraikiz. Horretarako, IV. eranskin gisa erantsitako eredua erabiliko da.

7.1.7. Helbide elektroniko bat eta harremanetarako telefono bat, eskaera egin, osatu edo zuzendu ahal izateko, eta programaren garapenari buruzko informazioa eskatzeko, eta, orobat, deialdiaren gaineko ebazpenak bertan jasotzeko, komunikazio gisa bakar-bakarrik. (IV. eranskinaren arabera).

8.–Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Errekerimendua modu elektronikoan egiten ahalko da, mezu elektroniko bat bidaliz eskatzaileak eskaeran jarritako helbidera. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu, eskabide-orri orokorreko adierazpena sinatuz.

9.–Antolaketa eta instrukzioa.

9.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

9.2. Instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

9.3. Dokumentazioa osatu edo zuzentzeko aurreko paragrafoetan ezarri den errekerimendua komunikazio elektronikoaren bidez egiten ahalko da, eskaeran eskatzaileak adierazitako helbide elektronikora bidalita. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu eskabide orriko aitorpena sinatuz.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua interesdunari pertsonalki egin zaiola ulertuko da, legezko ondorio guztietarako, noiz eta hark emandako helbide elektronikora bidalitako mezu elektronikoa irekitzen den unean berean.

Mezu elektronikoa irekitzearekin ondorioztatuko da jakinarazitako egintza administratiboaren edukia eskuratu dela eta interesduna dela eduki horretan sartu dena.

Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena jaso dela jakinda, hamar egun naturaleko epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

10.–Diru-laguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Diru-laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Baremoa, III. eranskinaren arabera, batetik, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateei aplikatuko zaie (A taldea), eta, bestetik, kirol zerbitzuak egiten dituzten enpresei (B taldea).

10.3. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak 5.000 euro bitarte bideratzen ahalko du irabazi-asmorik gabeko kirol entitateen A taldearen bitartez aurkeztu eta hautatuen programarentzat, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

10.4. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak 10.000 euro bitarte bideratzen ahalko du kirol zerbitzuak egiten dituzten enpresen B taldearen bitartez aurkeztu eta hautatuen programarentzat, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den diru-laguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 5.000 euro Nafarroako 2018ko gastuen aurrekontuko “Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak” izeneko A50002-A5110-4819-336102 partidaren kargura.

b) 10.000 euro aurrekontuko “Kirolean hasteko jarduerak, ikastetxeei zuzenduak” izeneko 420000-42000-4709-322G02 partidaren kargura, otsailaren 1eko 19/2018 Ebazpenaren arabera.

Kasuan kasuko diru-laguntza ematean, A taldearen bitartez, batetik, eta B taldearen bitartez, bestetik, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, horien artean lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Talde bakoitzean puntuaziorik handiena lortzen duen eskatzaileari esleituko zaio diru-laguntzaren zenbatekoa. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, A taldean nahiz B taldean puntuaziorik handiena lortu duen bigarren entitateari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori A eta B taldeetan errepika daiteke gainerako eskatzaileekin, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoan, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

10.5.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko beste deialdi batzuen diru-laguntza jasotzen duten programak bazter utziko dira.

11.–Ebazpena.

11.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak kasuan kasuko kontzesioaren ebazpena emanen du. Entitate interesdunei 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

11.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, deialdi honetan emandako diru-laguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.

12.–Justifikatzeko dokumentazioa eta programaren memoria.

12.1. Heziketako eta kiroletako programak justifikatzeko dokumentazioa horiek egin ondoan aurkeztuko da, eta 2018ko urriaren 1a baino lehenago. Agiri hauek sartu beharko dira:

–Heziketako eta kiroleko programa egitean sortutako diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua. Enpresako edo federazioko idazkariak sinatuko du emaitzen kontua, eta zuzendariaren edo buruaren ikus-onetsia izanen du.

–Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza.

–Diruz lagundutako jarduerengatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarriak) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna (VI. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

–Ordaindutako fakturen jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, emandako diru-laguntzaren zenbateko osoa jasota. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

–Beste diru-laguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (VII. eranskina).

–Azpikontratazioaren inprimakia, 17. oinarriaren arabera (VIII. eranskina).

–Hornitzaileak hautatzeko justifikatzeko inprimakia (IX. eranskina).

–Heziketa eta kirol programaren memoria teknikoa, atal hauek zehaztuta:

1.–Edukiak:

  • Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.
  • Partaidetzaren gaineko datuak: parte-hartzearen datuen taula, honako hauek zehaztuta: astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaile guztiak.

2.–Balorazio teknikoa.

2.1.–Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak jarduerei, jardueren monitoreei eta zerbitzuei (instalazioak eta materiala) dagokienez, ebaluazio txantiloietan oinarrituta.

2.2.–Hobetzeko puntuak.

3.–Egindako jardueren argazki bidezko euskarria.

4.–Publizitate betebeharrak bete izanaren frogak, esaterako, fotokopiak, argazkiak, etab., 15.5 oinarriaren arabera.

12.2. Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran tramite horri uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola justifikazio agiriak aurkezterakoan. Errekerimenduetarako, entitate parte-hartzaileek eskabidean (IV. eranskina) adierazten duten helbide elektronikoa erabiliko da.

12.3. Deialdi honetan aipatzen diren eranskinetako eredu guztiak eskura daude Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan, bere web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean: www.nafarroa.eus.

13.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da diru-laguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da gehienez ere hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik hasita, eta, nolanahi ere, 2018ko abenduaren 31 baino lehen.

14.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15.–Bete beharrekoak.

15.1. Diru-laguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

15.3. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

15.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.5. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

15.6. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

15.7. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera.

15.8. Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16.–Gardentasun betebeharrak.

16.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

16.2. Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

16.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren kirol entitate edo enpresen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita. Bestela, ezinezkoa izanen da ordainketa hori ebazpenarekin batera egitea.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateek gardentasun betebeharra bete behar ez badute, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du (IV. eranskina). Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.–Kirol entitate hornitzaileen azpikontratazioa eta kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Entitate onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Entitateek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako diru-laguntzaren %20 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

17.2. Kirol entitate hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipamendu ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago.

18.–Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

19.–Errekurtsoak.

19.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

19.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdia onesten duen foru agindua aplikatzeko ematen dituen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

20.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Ezaugarriak

1.–Alderdi orokorrak.

Honako alderdi orokor hauek izan behar dituzte oinarri kirolean hasteko jarduerak egiteko heziketa eta kirol programek:

Parte-hartzaileak: 8 urtetik 17 urtera bitarteko eskola-haurrak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxekoak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne. Ikastetxeko irakasle batek lagunduta egonen dira, 5.4 atalaren araberako ratioarekin.

Tokia: Nafarroako Foru Komunitatean.

Programaren iraupena, guztira: 2017-2018 ikasturtean eskainiko da, Aste Santuko oporrak kenduta.

Eskainitako jardueren iraupena: Programaren barrenean eskainitako jarduera guztiek egun bateko iraupena izanen dute: goizez, arratsaldez, edo goizez eta arratsaldez.

2.–Edukiak.

Heziketako eta kiroleko programek dagokion modalitatean hastera bideraturiko gorputz eta/edo kirol jarduera bat edo batzuk izanen dituzte, eskolako umeen adinetara egokituak, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialekin, giza baliabideekin eta azpiegiturekin.

3.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

3.1. Heziketako eta kiroleko programetako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

3.2. Uretako jardueren kasuan, parte-hartzaileek ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen dute igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerarik egiteko igerian ez dakitenei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.

3.3. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.

3.4. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek.

3.5. Nahitaezkoa izanen da larrialdi kasuetan jarduteko protokolo bat izatea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuarekin koordinatuta.

4.–Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.

4.1. Honako hauek izanen dira heziketako eta kiroleko programa egiteaz arduratzen direnak:

–Koordinatzaile 1, antolaketaren, kontrolaren eta programa egitearen arduraduna.

–Kirol eta/edo gorputz jardueretako monitoreak, berariazko prestakuntza izanen dutenak, zuzentzen duten jarduera zein den.

4.2. Jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko prestakuntza izan behar dute beren kirol eta/edo gorputz modalitatean.

4.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko jardueren monitore ratioa ezarriko da, egin beharreko jardueraren, arriskuaren eta egiteko tokiaren arabera.

4.4. Programa garatu bitartean hainbat lanetan aritzen diren programako langileek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

5.–Parte-hartzaileak.

5.1. Programa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta hitzartuei dago bideratua. 8 urtetik 17 urtera bitarteko eskola-haurrak izanen dira parte-hartzaileak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne. Ezin da murrizketarik egin kirol eta gorputz jarduerak egiteko gaitasunengatik.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuen ondorioz. Desgaitasunak dituzten ikasleak hezkuntzako sistema normalizatuan sartzeko ahalegina islatu behar da programan parte hartzeko aukera emanez. Hori betetzen ez bada, diru-laguntza galduko da.

5.3. Ikasle guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun, eta taldeak antolatzen laguntzeaz arduratuko dira. Joan-etorrietan, egin beharreko jardueretan eta ezartzen diren atsedenaldietan egonen dira eskolako haurrekin. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete.

5.4. Ikastetxeko irakasle laguntzaileen ratioa, parte hartzen duten ikasle arrunten kopuruaren arabera, hau izanen da: 15 ikasleko, irakasle bat.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, taldearen beharren arabera ezarriko da ratioa.

6.–Baliabide materialak eta azpiegiturak.

Heziketako eta kiroleko programaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko beharrezko eta berariazko material guztia jarriko dute entitate onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren eskura.

Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.

7.–Baimenak.

Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla heziketako eta kiroleko programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

8.–Laguntza teknikoa.

Entitate onuradunak beste entitate batzuekin lankidetzan aritzen ahalko dira zerbitzuetako edozein egiteko: garraioa, materialaren alokairua eta gorputz eta/edo kirol jarduerak egitea, I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.

9.–Osasun laguntza.

Parte-hartzaile guztientzako istripu asegurua kontratatu behar dute entitate onuradunek. Horretaz gain, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

III. ERANSKINA

Baremoa. Balorazio irizpideak

Aurkeztutako eskaerak barematzeko ezarritako balorazio irizpideak, batetik, irabazi-asmorik gabeko kirol entitateek aurkeztutako programei (A taldea) aplikatuko zaizkie, eta, bestetik, irabazi-asmoa duten enpresek aurkeztutako programei (B taldea). Hona hemen:

Programaren alderdi teknikoak

1. Programaren helburuak: 5 puntu gehienez.

–Ikasleen adinetara eta ezaugarrietara egokituak: 5 puntu gehienez.

2. Giza baliabideak:

–Kirolean hasteko jardueretako monitore bakoitzaren lan esperientzia. 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu 1 esperientzia urte bakoitzeko.

–Monitore bakoitzaren berariazko titulazioa, irakasten duen jarduerarekin lotura izan behar duena: 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko.

–Monitoreen ratioa talde/jarduera bakoitzeko: 6 puntu gehienez.

  • Monitore 1 / 5 parte-hartzaile = 6 puntu.
  • Monitore 1 / 7 parte-hartzaile = 4 puntu.
  • Monitore 1 / 9 parte-hartzaile = 2 puntu.

3. Baliabide materialak: 20 puntu gehienez.

–Programako jardueretako eskura dagoen materiala, parte-hartzaileen kopuruaren arabera: 15 puntu gehienez.

–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako materiala eta instalazioak: 5 puntu gehienez.

4. Programako parte-hartzaileen kopuru osoa (ikasleak eta irakasleak): 10 puntu gehienez.

–200 parte-hartzaile gehienez: 2 puntu.

–201 eta 400 arteko parte-hartzaile: 4 puntu.

–401 eta 600 arteko parte-hartzaile: 6 puntu.

–601 eta 800 arteko parte-hartzaile: 8 puntu.

–801 parte-hartzailetatik gora: 10 puntu.

5. Segurtasuna: 20 puntu gehienez.

–Jarduera eta instalazio bakoitzean ezarritako segurtasun neurrien kalitatea: 15 puntu gehienez.

–Osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planak: 5 puntu gehienez.

IV. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena egiteko inprimakia

V. ERANSKINA

Heziketako eta kiroleko programaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua

VI. ERANSKINA

Diruz lagundutako jarduerengatik ordaindutako gastu guztiak dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza

VII. ERANSKINA

Beste diru-laguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia

VIII. ERANSKINA

Azpikontratatzearen inprimakia, 17. oinarriaren arabera

IX. ERANSKINA

Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude, VI. eranskina izan ezik, Excel bat baita.

Iragarkiaren kodea: F1804002