49. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VIANA

Deialdia, familia langile lanpostua
oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

OINARRIAK

1.–Arauak.

1.1. Deialdi honen xedea da Vianako Udalaren zerbitzuko familia langile lanpostua oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Lanpostuak 3-03 kodeak ditu Udalaren plantilla organikoan eta Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ) aritzeko da. Orobat, zerrenda bat osatu nahi da aldi baterako kontratazioak egiteko, zerbitzuan gerta daitezkeen beharrei erantzutearren. Zerrenda hori erabili ahalko da lanpostu hutsak bitarteko kontratuez betetzeko, behin-behineko ordezkapenak egiteko, laneko bajak daudenean, oporretarako eta zerbitzuak indartzea eskatzen duten unean uneko zeinnahi premietarako.

Lanpostua etxeko laguntza zerbitzua ematean datza Vianako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen jarduketa eremuan dauden herri edo lekuetako etxe partikularretan. Horretarako, Vianako Udalaren Gizarte Zerbitzuen egoitzatik lana egiteko leku zehatzetarainoko joan-etorriak egin beharko dira, eta langile bakoitzak bere kabuz egin beharko du, Udala ez baita joan-etorriez arduratuko.

1.2. Lanpostu honen betetzea eginen da 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legean aldi baterako enplegua egonkortzeko ezartzen den tasa osagarria erabiliz.

Kontratatzen den langilea Vianako Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko da, D maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako ordainsari eta osagarriak jasoko ditu, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kide eginen da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.

1.3. Lanpostua Nafarroako Administrazio Publikoen D mailan sartu behar da, Eskola Graduatuaren pareko gutxieneko titulazioa beharrezkoa baitu, eta Udalaren plantilla organikoan onetsitako lansariak izanen ditu. Lanaldia izanen da lanaldi osoaren %81,82koa. Halaber, behar bezala arrazoiturik lanaldia osoa bilakatu ahalko da; ordutegia, oporrak eta gainerako baldintzak Vianako Udaleko langileei aplikatzekoa zaien araudiaren araberakoak izanen dira.

1.4. Beharrezkoa izanen da kontratatzen den pertsona bere kabuz mugitu ahal izatea, eta Nafarroako Gobernuak ezarritako kilometro-ordaina jasoko du.

1.5. Lanpostu kopurua handitzea.

Deialdiko lanpostuen kopurua handitu ahalko da dauden lanpostu hutsak bete arte, hain zuzen ere kalifikazio epaimahaiak, izangaien kalifikazioa bukatuta, jakinarazten duenean azken ariketa egiteko tokia, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta organo dei-egileari igortzen dionean izendapen proposamena, deitutako lanpostu kopuruaren araberako izangaien aldekoa.

Lanpostu hutsen kopurua handitzen bada, deialdiko lanpostu hutsen kopurua handitzen duen ebazpena argitara emanen da iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

–Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

–Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea, betiere eskatzen diren baldintzak betez gero.

–Karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez izatea.

–Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

–Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

–Honako titulu hauetariko bat edukitzea:

  • Etxean laguntza soziosanitarioa emateko ziurtagiri profesionala edo horren baliokidea.
  • Arreta soziosanitarioko teknikaria edo Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.
  • Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria, erdi maila edo horren baliokidea.

–B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie prozedurak iraun bitartean, Vianako Udalak izendatu arte edo kontratua sinatu arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Vianako Udaleko erregistro orokorrean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Deialdi honetako zazpigarren oinarriaren arabera epaimahaiak baloratu beharko dituen merezimenduak alegatu beharko dituzte izangaiek.

3.3. Alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira enpresa ziurtagiriekin, lan bizitzaren ziurtagiriarekin, lan-kontratuekin, eta agiri jatorrizkoak zein behar bezala konpultsatuak aurkeztu beharko dira, horrela egin ezean ez aurkeztutzat joko baitira. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.4. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

c) Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak, deialdi honen zazpigarren oinarrrian ezarritakoari jarraituz.

d) B-1 motako gidabaimenaren fotokopia.

e) Udalaren Diruzaintzan 7,20 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko. Azterketa eskubideengatik zenbateko hori ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

La Caixa: ES30 2100 4105 1922 0004 4759.

Nafarroako Rural Kutxa: ES64 3008 0061 5207 0236 6329.

Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Famil. langil. azterketa.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Vianako alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idatzia aurkezturik Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

Administrazio prozeduraren arauetan esku ez hartzeko aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: María Blanca Yolanda González García, Vianako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Carlos Javier Barragán García, Vianako Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: Nora García Morentin, Vianako Udaleko gizarte langilea.

Ordezkoa: Rosana Ruiz Martínez, Los Arcosko Mankomunitateko gizarte langilea.

Mahaikidea: Mercedes Bonilla Robledo, Mendabiako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia langilea.

Ordezkoa: Sonia Pascual Vergara, Mendabiako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia langilea.

Mahaikidea: María Ángeles López Juntas, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Carlos Naranjo Duque, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Mª Asunción Gil Barnó, Vianako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Imelda Ruiz de Larramendi Ruiz, Kodes Mendiko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez ere bi hilabeteren buruan hasiko da oposizioa. Alkatetzak ebazpen bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren; zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Udalaren iragarki-oholean eta webgunean ere.

Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak soilik emanen dira argitara Vianako Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu eskuratzen ahalko dira, gehienez, II. eranskinaren arabera eta honela banaturik:

Egindako zerbitzuak: 26 puntu gehienez.

Bestelako merezimenduak: 4 puntu gehienez.

7.2. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak, edozein unetan.

Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, Udalaren iragarki oholean eta web-orrian.

Lehiaketaldiko puntuazio osoa oposizioaldian lortutako puntuazioarekin batuko da, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketako puntuazio guztia.

8.–Oposizioaldia. Oposizioaldian gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira, honela banatuak.

8.1. Oposizioak bi proba izanen ditu:

Lehenbiziko proba: proba objektiboa, III. eranskinean jasotzen diren gaiei buruzko galdera motz edo test modukoei idatziz erantzun beharko zaie, gehienez ere ordu batean. Gehienez ere 30 puntu emanen dira.

Bigarren zatia: proba praktikoa:

Banakako proba praktiko bat egin beharko da, lanpostuko eginkizunekin zerikusia duena, 30 minutuan gutxi gorabehera. gehienez ere 40 puntu emanen dira.

8.2. Oposizioaldiko balorazioa, guztira, 70 puntukoa izan daiteke gehienez ere, honela banaturik:

–Lehenengo proba: gehienez ere 30 puntu.

–Bigarren proba: gehienez ere 40 puntu.

8.3. Oposizioko probak egun batean egiten ahal dira, epaimahaiak erabakitzen duen bezala egin ere.

8.4. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

9.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, agirien aurkezpena eta dokumentazioa eramatea.

9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioko ariketetan lorturiko kalifikazioak batuta, eta deialdiko lanpostuak betetzeko puntuaziorik altuena duten izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio organo dei-egileari.

9.2. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Vianako Udalaren iragarki oholean eta web-orrian, eta izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, alkate udalburuari igorriko dio, espediente osoarekin batera, hasierako lanpostuen kopurua handitzeari buruzko ebazpena eman dezan, hala behar izanez gero.

9.3. Alkate udalburuak lanpostua adjudikatuko du eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.4. Proposatutako lehiatzaileak izendapen proposamena Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean jabetu beharko du adjudikatutako lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

9.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, organo dei-egileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuan aipatzen den zerrendan agertzen diren izangaiekin. Erregelamendu hori ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak onetsi zuen. Izangai horiekin aurreko apartatuetan ezarritako moduan jokatuko da.

10.–Gainditu duten izangaien zerrendaren kudeaketa.

10.1. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrendak indarra izanen du kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta hala eginez gero, orduan eratzen den zerrendaren osagarria izanen da. Halakorik izan ezean, zerrenda onetsi eta gehienez ere 5 urtez egonen da indarrean.

11.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

11.1. Deitzea.

Izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiak aise atzeman ahal izateko, kontakturako telefono batzuk, posta elektronikoaren helbidea edo fax-a eman beharko dituzte, eta eguneraturik izan beharko dituzte, Udalari edozein aldaketaren berri emateko konpromisoa harturik.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie.

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari bi dei, bederen, eginen zaizkio emandako zenbakietan eta helbideetan, eta bi egunean.

Jendearekin harremanetan jartzeko ardura duen pertsonak fitxa bat beteko du, eman beharreko argibideekin eta telefono deiaren emaitzarekin. Honako informazioa hau emanen du: eskainitako kontratu mota, zer lanpostutan hasiko den, eginkizun eta eskumenen zerrenda laburra, lan baldintzen laburpen laburra eta zenbaterainoko iraupena kalkulatzen zaion kontratuari.

Horretarako betetzen den fitxan telefono deiaren emaitza agertuko da; hauetako bat izan daiteke:

1. Saiatuagatik ere huts egina: pertsonarekin harremanetan jarri ahal izan ez denean.

2. Saiatu eta arrakastaz: pertsonarekin harremanetan jarri ez ezik kontratazioa onartzen duenean. Edo harremanetan jarri baina uko egina: pertsonarekin harremanetan jarriagatik ere, kontratatzeko eskaintza onartzen ez duenean. Ukoa idatziz adierazi beharko du.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra egingo da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Bi saiakerak eginda ere haiekin harremanetan jarri ahal izan ez bada, interesdunek beren eskubideak galduko dituzte, eta kontratatzeko zerrendatik egotzi ahalko dira, uko justifikatu gabetzat hartuko baita.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 15 hilabetean udal berean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

11.2. Kontratazioa hobetzea.

Kontratazioa hobetzea da langileak indarra duen kontratu bati uko egitea, entitate berarekin kontratu berria sinatu beharrez. Halakoetan, ez zaio kontratu berririk eskainiko kontratatua dagoenari, inguruabar hauetariko bat gertatu ezean:

–Kontratatua izan ondoan, beste proba batzuk gainditu baditu bestelako kategoria edo lanpostuetan kontratatua izateko.

–Sinatu beharreko kontratu berria maila berekoa edo handiagokoa bada.

–Sinatu beharreko kontratu berriak bi aste baino gehiago irauten badu.

Klausula hori soilik aplikatuko zaie egungo kontratazio zerrenda osatzen duten pertsonei.

11.3. Uko egiteak.

a) Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geratuko da, salbu eta ondoko egoera batean dagoela frogatzen badu:

1. Vianako Udalaren izendapen, kontratu administratibo edo indarra duen lan kontratu batengatik horretara behartua badago.

2. Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3. Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

4. Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorren Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

b) Beste alde batetik, zerrenda honek indarra duen bitartean edozein administrazio publikotan familia langile gisa zerbitzu egiten ari direnak, Udal honek eskainitako kontratu bati uko egiten badiote, zerrendaren hondarrera igorriko dira eta ez zaie dei egiten ahalko harik eta aipatu kontratua iraungitzen den arte.

Hori bigarren aldiz gerta daiteke eta, horren ondotik, eskubide guztiak galduko dituzte Vianako Udalak eskainitako kontratu bati hirugarrenez uko egitean.

c) Aurreko a) apartatuan adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloak eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan dauden izangaiek bost eguneko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

d) Uko egiteko moduko arrazoiak dauden kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

11.4. Salbuespenak.

Izangaiak honako kasu hauetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

1. Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egiten badiote.

2. Sinatutako kontratuari uko egiten badiote.

3. Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez badute.

4. Udalak lanpostua eskaini eta hiru aldiz arrazoiz uko egiten bazaio, eskainitako kontratuak bi aste baino gehiago irauten badu.

11.5. Lan-kontratuak.

Familia langile izateko lanposturako izangaiei, zerrenda honen bitartez deitu eta aldi baterako lan-kontratua eskainiko zaie. Haren iraupena eta lanaldia dagoen beharraren araberakoak izanen dira eta haren araubide juridikoa indarrean den lan-araudiaren menpekoa izanen da.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den ekintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Vianako Udaleko alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoan.

Vianan, 2018ko otsailaren 23an.–Alkate udalburua, B. Yolanda González García.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.–Egindako zerbitzuak: atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 26 puntukoa izanen da.

a) Familia langile gisa toki entitateen etxeko laguntza zerbitzuetan lanaldi osoan lanean egindako urte oso bakoitzagatik: 2,3 puntu, lanaldi osoan egindako urte osoagatik. 26 puntu gehienez.

b) Zaharrendako eta/edo desgaitasuna dutenendako zuzeneko laguntzan, beste administrazio publiko, enpresa publiko, laguntzako entitate, fundazio edo enpresa pribatu batean, lanaldi osoan lanean egiazki egindako urte oso bakoitzagatik: 0,75 puntu.

Lanaldi osoan emandako zerbitzuei aplikatuko zaizkie puntuazio hauek eta proportzionalki baloratuko dira lanaldi partzialean lortutako merezimenduak.

Atal ezberdinetan sailkaturiko zerbitzuak aldi berean egin badira, puntu gehien ematen dituena besterik ez da kontuan hartuko aldi horretan.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

2.–Beste merezimendu batzuk: atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 4 puntukoa izanen da.

2.1. Prestakuntza ikastaroak.

Etxeko laguntzako familia langile baten berezko egitekoekin zuzeneko zerikusia duten prestakuntza ikastaroak egiteagatik:

–10 ordutik 20ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,25 puntu.

–20 ordu baino gehiagoko eta 40ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,50 puntu.

–40 ordu baino gehiagoko eta 100 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.

–100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko: puntu bat.

Ez dira kontuan hartuko ikastaroak, haien iraupen orduak frogatzen ez badira.

Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

III. ERANSKINA

Oposizioko ariketarako gaiak

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntza emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea.

3.–Viana aldeko Gizarte Zerbitzuak. Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.

4.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen ingurumarian. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntza zer egoeratan behar den. Gizartean eta familietan izaten ari diren aldaketen azterketa eta haien eragina Etxeko laguntza zerbitzuan.

5.–Familian langileak Etxeko laguntza zerbitzuan: lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen barrenean, informazio konfidentzialaren erabilera beste zerbitzu batzuekiko harremanetan.

6.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia langilearen lanean. Gatazka egoerak gobernatzea. Talde lana gizarte zerbitzuen barrenean. Familia langilearen koordinazioa lan taldeko profesionalekin.

7.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

8.–Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

9.–Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko beste gizarte eta familia egoera batzuk. Familia langilearen lana, esku-hartzea jasotzen duten familiek adingabeak dituztenean ardurapean.

10.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen sorospenak. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen moldatzea.

11.–Zaintzaileendako laguntza, etxeko laguntza zerbitzutik. Familia langilearen esku-hartzea eta haren eginkizunak.

Iragarkiaren kodea: L1802761