42. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

467/2017 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Mahastien Erregistroari dagokionez 2016-2020 aldirako epeak ezartzen dituena.

2016ko urtarrilaren 1etik, mahastien landaketak baimenen emakidan oinarritutako sistema berri baten arabera erregulatuko dira; sistema hori indarrean egonen da 2030eko abenduaren 31 arte, Nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde bateratua sortzen duen eta 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) Erregelamenduak indarrik gabe uzten dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan ezartzen den bezala.

Honako arau hauek Europar Batasuneko araudia osatzera datoz: Batzordearen 2014ko abenduaren 15eko 2015/560 (EB) Erregelamendu Delegatua, mahastien landaketak baimentzeko araubideari dagokionez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua (EB) osatzen duena; eta Batzordearen 2015eko apirilaren 7ko 2015/561 (EB) Exekuzio Erregelamendua, mahastien landaketak baimentzeko araubideari dagokionez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

Horiez gain, aplikatzekoa da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa dena, eta Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena.

Aipatu araudia estatu mailan hasi da aplikatzen mahastietako ekoizpen ahalmena arautzen duen uztailaren 28ko 772/2017 Errege Dekretuaren onespenarekin batera. Dekretu horrek, jasotako esperientziatik abiatuta, aurreko erregulaziotik honetara hainbat aldaketa ezartzen ditu; bereziki, landatzeko baimen berriak eskatzeko betebeharrei eta baremoei dagokienez, horrek autonomia erkidegoei aukera ematen baitie zenbait prozeduratan epeak zehazki finkatzeko.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren 35. artikuluaren arabera, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko Nekazaritzako Erregistroen Atalari dagozkio Mahastien Erregistroari eta bere produkzio elementuei lotutako eskudantziak, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitatean Mahastien Erregistroarekin lotutako epe batzuk zehaztea da:

a) Landaketa berrirako baimena.

b) Erauzteko baimena.

c) Birlandaketarako baimena.

d) Landaketarako baimena eskubideen bihurketagatik.

2. artikulua. Landaketa berrirako baimena.

Landaketa egin ondoren, gehienez ere hiru hilabeteko epean eskatzaileak horren berri eman beharko dio Nafarroako Mahastien Erregistroari, eta betiere landaketa berria baimentzeko ebazpena iraungitzat jo baino lehen.

3. artikulua. Erauzteko baimena.

Mahastien kanpaina bakoitzerako, erauzteko eskaera abuztuaren 1etik martxoaren 15era bitarte aurkeztu beharko da.

Erauzketa egin ondoren, eskatzaileak horren berri eman beharko dio Mahastien Erregistroari, betiere erauzteko baimena eskatu zen kanpaina bereko apirilaren 30a baino lehen, beranduenez.

4. artikulua. Birlandaketarako baimena.

Landaketa egin ondoren, gehienez ere hiru hilabeteko epean eskatzaileak horren berri eman beharko dio Nafarroako Mahastien Erregistroari, eta betiere birlandaketa baimentzeko ebazpena iraungitzat jo baino lehen.

5. artikulua. Landaketarako baimena eskubideen bihurketagatik.

Landaketa egin ondoren, gehienez ere hiru hilabeteko epean eskatzaileak horren berri eman beharko dio Nafarroako Mahastien Erregistroari, eta betiere eskubideen bihurketagatiko mahastien landaketa baimentzeko ebazpena iraungitzat jo baino lehen.

6. artikulua. Erregistratzeko eskabide-orriak.

Eskaera ezberdinen eskabide-orriak Interneten eskura daitezke Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.eus), “Izapideak” atalean, “Mahastien Erregistroa” fitxan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Mahastien landaketak arautzen dituzten prozedurak tramitatzeko arau iragankorrak indargabetzea.

Indargabeturik gelditzen da 118/2015 Foru Agindua, urriaren 27koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean mahastien landaketak arautzen dituzten prozedurak tramitatzeko 2015eko arau iragankorrak ezartzen dituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko azaroaren 24an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1800477