247. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

105/2018 FORU DEKRETUA, abenduaren 19koa, zeinaren bidez zehazten baitira epeen zenbaketarako baliogabeak izanen diren egunak, Nafarroako Foru Komunitatean, 2019. urtean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.7 artikuluak ahalmena ematen die autonomia erkidegoei epeen zenbaketarako egun baliogabeen egutegia zehazteko, bakoitzak bere lurraldean. Epeen zenbaketarako baliorik gabeko egunak ezartzerakoan, lan egutegi ofizialari jarraitu beharko zaio. Halaber, autonomia erkidego bakoitzeko toki entitateen egun baliogabeak ere sartuko dira egutegian.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 312/2018 Ebazpenaren bidez, ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2019ko jaiegunen egutegi ofiziala.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak abenduaren 11n emandako 730/2018 Ebazpenaren bidez ezarri dira herrietako 2019ko jaiegunak, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez direnak.

Aipatutako xedapenak ikusirik eta aldez aurretik Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena eginda, bidezko da, epeen zenbaketarako, 2019. urtean baliogabeak izanen diren egunak zehaztea.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko abenduaren 19ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Egun baliogabeak Foru Komunitatearen esparruan.

2019. urtean, Nafarroako Foru Komunitatean, honako egun hauek izanen dira baliogabeak epeen zenbaketarako: larunbat eta igande guztiak, urtarrilaren 1a eta 7a; martxoaren 19a; apirilaren 18a, 19a eta 22a; maiatzaren 1a; abuztuaren 15a; urriaren 12a; azaroaren 1a; eta abenduaren 3a, 6a eta 25a.

2. artikulua. Egun baliogabeak Nafarroako Toki Administrazioko entitateen esparruan.

Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten entitateen esparruan, aurreko artikuluan aipatutako egunez gain, herrietako jaiegunak gehituko dira; jaiegun horiek arau honen bidez ezarri ziren: abenduaren 11ko 730/2018 Ebazpena, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko abenduaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1815476