242. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

928E/2018 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita diru-laguntza honetarako gastua: “Enpresentzako diru-laguntzak, 30 urtetik beherako langabeak praktiketarako kontratatzeko”. DDBN identifikazioa: 425696.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat diru-laguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, betiere, oinarri arautzaileak 2018. urtea baino lehenago onetsitakoetarako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da hainbat diru-laguntzatarako 2018ko gastua baimentzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 23ko 1496/2017 Ebazpenaren bidez arautu ziren 30 urtetik beherako langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak.

Apirilaren 16ko 47E/2018 Ebazpenaren bidez, arautu ziren 30 urtetik beherako langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak. Baina garai hartan baimendutako kreditua ez da aski izan aurkeztutako eskaeretarako; hortaz, komeni da ekitaldi berbererako gastu deialdi berri bat onestea.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, foru dekretu haren bidez onetsi baitziren Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak,

EBATZI DUT:

1. 2018ko Gastuen Aurrekontuen kargura baimentzea 30 urtetik beherako langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen gastua; hain zuzen, 500.000 euro, aurrekontuko partida honen kargura: “Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241205 partida. Diru-laguntza horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 23ko 1496/2017 Ebazpenaren bidez arautu ziren (Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 425696 zenbakia).

2. 2018ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura bideratzea apirilaren 16ko 47E/2018 Ebazpeneko deialdian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerak.

3. Argitaratu eta biharamunetik bost egun naturaleko epea dago deialdi honetan eskaerak egiteko.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko azaroaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1814584